Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2022ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
4412

AGINDUA, 2022ko urriaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Hezkuntza Administrazioaren zerbitzura dauden ikuskatzaileen kidegoetako funtzionarioen eta Hezkuntzako ikuskatzaileen estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari atxikitako Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuak betetzeko.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.3 xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenen arabera, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko plazen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituenak, betebehar bat ezartzen die Hezkuntza Administrazioei, hau da, bi urtez behin estatu mailako lekualdatze-lehiaketak iragartzea. Lehiaketa horietan karrerako funtzionario diren irakasle guztiek parte hartu ahal izango dute, dena dela dagokien Hezkuntza Administrazioa edo sartzeko bide eman diena, baldin eta horretarako eskakizunak betetzen badituzte, betiere. Hala, interesdunek lehiaketa guztietan parte hartu ahal izango dute ekintza bakarraren bitartez, eta, horien ebazpenaren ondotik, destino bakarra lortuko dute kidego bakoitzean.

Bestalde, 2022-2023 ikasturtean deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketei aplikatu behar zaizkien prozedura-arauak onartu dira. Era berean, deialdi honen II. eranskineko merezimenduen baremoari dagokionez, kontuan hartu behar da Auzitegi Gorenaren oraintsuko jurisprudentzia, zeinaren arabera ezin diren desberdin baloratu karrerako funtzionario edo langile finko gisa eta bitarteko funtzionario edo iraupen jakineko langile gisa egindako zerbitzuak, baldin eta lanpostu berberetakoak badira eta eginkizunak berdinak edo antzekoak badira. Izan ere, bestela, EBJAren jurisprudentziaren arabera, diskriminazio-tratua egongo litzateke, zeina Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EE Zuzentarauak debekatzen baitu. Zuzentarau horrek iraupen jakineko lanari buruzko Europako Sindikatuen Konfederazioaren (ESK), Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren (UNICE) eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren (CEEP) Esparru Akordioa jasotzen du.

Horrenbestez, aipatutako araudian xedatuaren babesean eta Hezkuntzako Ikuskaritzan lanpostu hutsak daudenez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

1.– Hezkuntza Administrazioaren zerbitzura dauden ikuskatzaileen kidegoetako funtzionarioen eta seigarren, zazpigarren eta zortzigarren oinarrietako egoeretan dauden Hezkuntzako ikuskatzaileen estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da.

2.– Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 7a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

OINARRIAK
SUMARIOA

I. kapitulua.– Oinarri orokorrak.

II. kapitulua.– Eskakizunak eta parte hartzearen ezaugarriak.

III. kapitulua.– Borondatezko parte-hartzea.

IV. kapitulua.– Nahitaezko parte-hartzea.

V. kapitulua.– Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea.

VI. kapitulua.– Parte hartzeko eskabideak.

VII. kapitulua.– Merezimenduen baremoa aplikatzea.

VIII. kapitulua.– Prozeduran onartua izateari eta puntuazio-emateari buruzko ebazpenak.

IX. kapitulua.– Destinoak esleitzeko ebazpenak eta lanpostuaz jabetzea.

X. kapitulua.– Datu pertsonalak.

I. eranskina.– Ikastetxeen zerrenda.

II. eranskina.– Merezimenduen baremoa.

OINARRIAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

Lehenengoa.– Deialdia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioko Ikuskatzaileen eta Hezkuntza Administrazioaren zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoetako karrerako funtzionarioen estatu-mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia iragartzen da. Era berean, kidego horietako praktiketako funtzionarioen estatu-mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da.

2.– Lehiaketa honetan, xedapen hauek bete behar dira: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua; Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legea, aipatutako estatutuaren arau bidezko garapena eman arte indarrean jarraitzen duten artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legea; urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasleen kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituena; abenduaren 11ko 343/2001 Dekretua, Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuetarako hizkuntza-eskakizunak eta eskakizun horien derrigortasuna esleitzeko araubide berezia ezartzen duena; azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzekoa; EFP/834/2022 Agindua, 2022-2023 ikasturtean zehar deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketetan aplikatzekoak diren prozedurazko arauak ezartzen dituena. Oro har, aplikatu behar diren gainerako xedapenak eta deialdi honetan ebatzitakoa.

Bigarrena.– Eskaintzen diren lanpostuak.

1.– Lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuak behin-behinean eta behin betiko finkatuko dira Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Behin-behinean, destinoen behin-behineko esleipenaren ebazpena eman baino lehen finkatuko dira, eta, behin betiko, destinoak behin betiko esleitzeko ebazpena eman baino lehen. Ebazpen horiek argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ webgunean eta https://hezigunea.euskadi.eus webgunean

2.– Eskaintzen diren lanpostuen artean sartuko dira 2022ko abenduaren 31n dauden lanpostu hutsak eta lehiaketaren ebazpena ematean geratzen direnak. Gainera, nahitaezko erretiroen ondorioz 2022-2023 ikasturtearen amaierara arte sortzen diren lanpostu hutsak ere sartu ahalko dira. Batzuk zein besteak hezkuntza-plangintzan haien funtzionamenduaren jarraitutasuna aurreikusita dagoenean eskainiko dira, eta ikastetxe berean irakasleen egonkortasunerako ezartzen diren irizpideen arabera.

3.– Hutsik geratzen diren lanpostuen definizioan akatsen bat gertatzen bada edo eskolako plangintzan aurreikusi gabeko jarraitutasuna duen lanposturen bat bada, dagokion akatsen zuzenketa argitaratuko da.

II. KAPITULUA
ESKAKIZUNAK ETA PARTE HARTZEAREN EZAUGARRIAK

Hirugarrena.– Eskakizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahalko dute lehenengo oinarrian aipatzen diren eta urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 10. artikuluan jasotako eskakizunak betetzen dituzten langileek –zeinaren bidez arautzen baitira Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk–, bai eta deialdi honetan oro har aipatzen direnek ere.

2.– Aurreko 1. apartatuan aipatutako baldintzak eskabideak aurkeztean bete behar dira, eta lanpostuaz jabetu arte eutsi beharko zaie.

Laugarrena.– Parte-hartzearen ezaugarriak.

1.– Parte-hartzea nahitaezkoa izango da zazpigarren eta zortzigarren oinarrian jasotako egoeretan.

2.– Parte-hartzea borondatezkoa izango da seigarren oinarrian jasotako egoeretan.

Bosgarrena.– Hizkuntza-eskakizuna.

1.– Hurrengo apartatuan azaldutako salbuespenarekin, derrigortasun-data beteta duten hizkuntza-eskakizuneko (HE2) lanpostuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea, edo azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan (uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuak aldatua) aipatzen diren hizkuntza-tituluak edo -ziurtagiriak izatea (297/2010 Dekretua, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzekoa).

2.– Ez da eskakizun, titulu edo akreditazio baliokiderik egiaztatu behar, baldin eta egiaztatzen bada 47/2012 Dekretuaren –apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzen eta euskarazko tituluekin eta ziurtagiriekin egiaztatzeko salbuespenak ezartzen dituena– 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak gertatzen direla, dekretu horretan ezarritako eran.

III. KAPITULUA
BORONDATEZKO PARTE-HARTZEA

Seigarrena.– Borondatezko parte-hartzea.

1.1.– Deialdi honetan eskaintzen diren lanpostuetan borondatez parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikita dauden karrerako funtzionarioek, baldin eta jarraian adierazten diren egoeretako batean badaude:

a) Zerbitzu aktiboan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetan behin betiko destinoarekin, baldin eta, aurtengo ikasturtearen amaierarako, gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik.

b) Aitortutako zerbitzu berezietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetan, baldin eta, aurtengo ikasturtearen amaierarako, gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik.

c) Aitortutako borondatezko eszedentzia mota ezberdinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetan.

Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 89.1 artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitakoaren arabera, norbere edo familiaren interesagatik borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, ikasturte honen amaierarako, eszedentziara igaro zirenetik bi urte iragan izana ezinbesteko izango dute parte hartu ahal izateko.

d) Aitortutako eginkizun-gabetzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetan, betiere aurtengo ikasturtea amaitzen denean eginkizun-gabetzeko diziplina-zigorraren iraunaldia bukatu bada eta gutxienez urte bi pasatu badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik.

1.2.– 1.1 apartatuan aipatzen diren parte-hartzaileek, era berean, gainerako hezkuntza-administrazioek egindako deialdiei dagozkien lanpostuak eska ditzakete, bakoitzaren oinarrietan ezarritako irizpideei jarraikiz.

2.– Beste Hezkuntza Administrazio batzuei atxikitako funtzionarioak:

Deialdi honi dagozkion plazak eskatu ahalko dituzte beste hezkuntza-administrazio batzuei atxikitako funtzionarioek, baldin eta betetzen badituzte agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak. Eginbehar izango da funtzionario horiek lehenengo behin betiko destinoa lortu izana hautatuak izan ziren deialdiko Hezkuntza Administrazioaren kudeaketa-eremuan, non eta deialdi horretan ez den ezartzen eskakizun hori bete beharra.

Eskabide-ereduaren arabera eta beren destinoari dagokion Hezkuntza Administrazioak egindako deialdian zehazten den organoari egin beharko diote parte hartzeko eskabidea langile horiek.

IV. KAPITULUA
NAHITAEZKO PARTE-HARTZEA

Zazpigarrena.– Nahitaezko parte-hartzea.

Lehiaketa honetan nahitaez parte hartu behar dute jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden funtzionarioek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetan 2022-2023 ikasturtean behin-behineko destinoa duten funtzionarioek.

Lehiaketa honetan parte hartuko ez balute, edo, parte hartuta ere, nahikoa lanpostu huts eskatuko ez balute, ofizioz eman ahalko zaie behin betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskaritzako zentroetan, behin-behineko jarduna duten lurralde historikoko ikastetxeetan, I. eranskinean ikuskaritza zentroak argitaratuta dauden hurrenkerari jarraituz.

b) Eszedentziatik edo destinoko behin betiko lanpostua galtzea eragin dion eginkizun-gabetzetik etorrita, deialdi hau argitaratzen den eguna baino lehen, zerbitzu aktibora itzuli diren eta itzulera hori dela-eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa-eremuren batean behin-behineko destinoa lortu duten funtzionarioek.

Lehiaketa honetan parte hartuko ez balute, edo, parte hartuta ere, nahikoa lanpostu huts eskatuko ez balute, behin-behineko jarduna izan duten lurralde historikoan dauden ikastetxeetan eman ahalko zaie ofizioz behin betiko destinoa, I. eranskinean ikuskaritza zentroak argitaratuta dauden hurrenkerari jarraituz, edo bestela, destinoa eman zain geratuko dira.

c) Nahitaezko eszedentzian edo destinoko lanpostua galtzea eragin dion eginkizun-gabetze irmoan dauden funtzionarioek, zigorra bete eta gero behin-behinean itzultzerik lortu ez badute, eta egoera hori aitortu bazaie Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako ikastetxeren batean.

Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, parte hartu arren, behar beste lanpostu eskatzen ez badute eta, hala, behin betiko destinorik lortzen ez badute, borondatezko eszedentzian geldituko dira, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 89.1.a) artikuluan aurreikusten den moduan.

d) Behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioek, epaia betetzeagatik edo errekurtsoari emandako ebazpena betetzeagatik, edo behin betiko betetzen zuten lanpostua ezabatu zaielako.

Parte hartuko ez balute, ofizioz esleitu ahal izango zaie behin betiko destinoa, behin-behinean zerbitzuak ematen dituzten lurralde historikoaren barruan, galdegiten diren eskakizunak betetzen dituzten lanpostuetan jarduteko, I. eranskinean argitaratutako ikuskaritza-zentroen hurrenkerari jarraituz.

e) Behin betiko lanpostua galduta, beren kidegoan zerbitzu aktiboan mantenduz administrazioko beste lanpostu batzuk izatera pasa ziren funtzionarioek, hura utzi eta behin-behineko destinoa lortu badute gaur egun Hezkuntza Sailari atxikitako lanpostuetan, betiere.

Lehiaketa honetan parte hartuko ez balute, edo, parte hartuta ere, nahikoa lanpostu huts eskatuko ez balute, ofizioz eman ahalko zaie behin betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskaritzako zentroetan, behin-behineko jarduna duten lurralde historikoko ikastetxeetan, I. eranskinean Ikuskaritza zentroak argitaratuta dauden hurrenkerari jarraituz.

Zortzigarrena.– Praktiketako funtzionarioen parte-hartzea.

1.– Praktiketako funtzionario izendatutako pertsonak, halakorik badago, behartuta daude lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzera, baita deitzen diren hurrengoetan parte hartzera ere, harik eta autonomia-erkidego honetan behin betiko lehen destinoa lortu arte.

2.– Pertsona horien destinoak esleitzeko, praktiketako funtzionario izendatzeko Hezkuntzako sailburuaren Aginduan agertzen den hurrenkera-zenbakia kontuan hartuko da bakarrik; beraz, ez dute merezimenduen egiaztagiririk aurkeztu behar.

3.– Eskabidea aurkezten ez dutenei edo, aurkeztu arren, behar adina plaza eskatzen ez dutenei, praktikaldia egiten ari diren lurralde historikoko ikuskaritza-zentroetan esleituko zaie behin betiko destinoa edo, hori ezinezkoa bada, ikuskaritza-zentroetan, Agindu honen I. eranskinean agertzen den hurrenkeraren arabera.

4.– Zortzigarren oinarri honetan aipatzen diren pertsonak, aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera behin betiko destinoa lortzen ez badute, behin-behineko destinoan geratuko dira 2022-2023 ikasturtean praktikaldia egin duten lurralde historikoan.

5.– Dena den, praktikaldia gainditu eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionario izendatu izanak baldintzatuko du haiei dagokien destinoa.

V. KAPITULUA
HERRI EDO BARRUTI BATERAKO LEHENTASUN-ESKUBIDEA

Bederatzigarrena.– Egoerak eta baldintzak.

Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango dute jarraian adierazten diren egoeraren batean dauden eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaileek, zerrendan jasotako hurrenkeran:

a) Ikastetxe batean betetzen zuten behin betiko lanpostua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, lehentasun-eskubidea izango dute lanpostu bat lortzeko plaza edo lanpostua ezabatu den herri bereko beste ikastetxe batean edo, hala badagokio, lanpostua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe batean.

b) Administrazio Publikoan beste lanpostu bat betetzera pasa direnek, behin betiko betetzen zuten irakasle-lanpostua galduta, eta azken lanpostua utzi badute, betiere.

c) Senitartekoak edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentzia eskuratu ostean –urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 89.1.c) artikuluan aurreikusia–, betetzen zuten behin betiko lanpostua galdu dutenek aplikatu beharreko araudiak zehaztutako lanpostua gordetzeko aldia amaitzeagatik, eta zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira.

d) Betetzen zuten behin betiko lanpostua galdu dutenek, epaia bete beharra edo administrazio-errekurtsoaren ebazpena bete beharra dela-eta.

e) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro aitortuta eduki ondoren, zerbitzu aktiborako birgaitu diren funtzionarioek.

Karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean aurreko apartatuetan adierazitako egoeran, merezimenduen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio lanpostua. Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz ebatziko da, hurrenez hurren. Hala ere, berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz. Bi kasuotan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da izan baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa, ezta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatu bat sartuta dagoen apartatuaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiapartatuetako puntuazioak. Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.

Apartatu honetan adierazitako egoeretan egonda lehentasun-eskubideaz baliatu nahi duten funtzionarioek, kidegoan behin betiko destinoa izan zuten azken herri edo barrutirako erabili ahal izango dute.

Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideren batez baliatzen diren parte-hartzaileek hau adierazi beharko dute parte hartzeko eskabidean:

1) «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» epigrafean, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidea izateko arrazoia ere.

2) Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko espezialitatearen (plaza-mota) + hizkuntza-eskakizunaren (bertako hizkuntza) kodea ezarriko da. Lehentasun hori kontuan hartuko da herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.

3) Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-ordenaren arabera, «Eskatzen diren plazak» idazpuruan, eskubidez dagozkion herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira, eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeran eskatutako herrietako ikastetxe guztiak, herriak bloke homogeneotan multzokatuta. Herriaren kodea bakarrik adieraziz gero, lanpostuak hutsik dituzten bertako edozein ikastetxetan emango zaio destinoa. Aitzitik, ez baditu eskatzen eskubidez dagozkion herriko ikastetxe guztiak, edo, barrutiko lehentasun-eskubidea izanda, aukeran eskatutako herrietako ikastetxe guztiak, lanpostu hutsak dituzten herri horietako gainerako ikastetxeetan eman ahal izango zaio destinoa, I. eranskinean jasotako zerrendaren hurrenkeran.

Herri edo barruti bateko lehentasun-eskubideaz baliatuta herri, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, lekualdatze-lehiaketan lehentasun-eskubiderik gabe parte hartzen duten gainerakoen arabera lortuko dute destinoa ikastetxe jakin batean, baremoan lortutako puntuazioaren arabera.

VI. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEAK

Hamargarrena.– Eskabideak.

Lehiakideak eskabide-orri bakarra aurkeztuko du. Elektronikoki betetzeko eskabide hori interneteko helbide honetan egongo da: https://hezigunea.euskadi.eus

1.– Lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko, borondatez (seigarren oinarria) zein nahitaez (zazpigarren eta zortzigarren oinarriak), https://hezigunea.euskadi.eus helbidean eskuragarri dagoen eskabidea bete beharko da, eta, ondoren, erabiltzailea eta irakasleen posta elektronikoaren (https://hezigunea.euskadi.eus) pasahitza idatziko dira, edo, halakorik eduki ezean, NAN zenbakia eta aipatu gunera sartzeko pasahitza. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, aipatutako helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke, «Pasahitza ahaztu duzu» apartatuan.

Pasahitza sartu ostean, Ikuskatzaileen Lekualdatze-lehiaketak – Onarpen-eskabidea gunera jo behar da.

2.– Eskabidea osorik bete ondoren, sinatu eta eskaneatu egin beharko da, https://hezigunea.euskadi.eus helbidean aurkezteko. Ondoren, merezimendu bat edo batzuk baloratzea nahi baduzu, aipatutako helbidean: https://hezigunea.euskadi.eus Dokumentuak izeneko esteka aurkituko duzu.

3.– Lanpostuen eskaerak «Eskatzen diren lanpostuak» idazpuruan adieraziko dira; ikastetxe eta/edo herri jakin baterako egin daitezke, eta bi modalitateak bateragarriak dira. Azken kasu horretan, lanpostu hutsa edo erresulta duen herriko lehen ikastetxea esleituko da, oinarri hauen I. eranskinean adierazitako hurrenkera berean. Lanpostu-eskabide bakoitza zentroaren eta/edo herriaren, espezialitatearen eta bertako hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna) gehiketaren/konbinazioaren emaitza da. Ikusi III. eranskina.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionarioek beste hezkuntza-administrazio batzuek egindako deialdietako lanpostuak eskatu ahal izango dituzte deialdi horiek ezartzen dituzten irizpideei jarraikiz, betiere haien lehenengo behin betiko destinoa adierazitako Hezkuntza Sailaren kudeaketa-eremuan lortu badute, salbu eta sartu zireneko deialdiak ez dienean ezartzen eskakizun hori bete beharra.

Langile horiek lehentasunaren arabera eskatuko dituzte lanpostuak, eskuratu nahi dituzten herrien edo zentroen kodeak eta lanpostu motarenak (espezialitatea) nahiz bertako hizkuntzarenak (hizkuntza-eskakizuna) ezarriz, agindu honen eranskinetan agertzen diren moduan, eta, beharrezkoa izatekotan, deialdia egiten duten beste hezkuntza administrazio batzuen lekualdatze-lehiaketen deialdien eranskinetan ageri diren bezala.

5.– Eskabideak oinarri hauen I. eranskinean ageri diren ikuskaritza zentroetan egin beharko dira.

6.– Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek eskabideetan adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak eskatu direla hartuko da kontuan. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen, osatu gabeak badira edo bat ez badatoz langile parte-hartzaileak eska ditzakeen lanpostuekin, baliogabetu egingo dira. Aurreko arrazoiengatik eskabide guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko litzateke, hargatik eragotzi gabe deialdi honetan destinoa ofizioz esleitzeko aurreikusten diren egoerak.

7.– «Adingabearen babesa» izeneko apartatua bete beharko dute eskabidean lehiakideek, delitu hauetakoren bategatik epai irmoaren bidez zigorrik ez dutela jaso egiaztatzeko: sexu-askatasun eta -osotasunaren aurkako delituak –sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa, sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea– eta gizakien salerosketagatiko delituak. Apartatu hori betetzen duenean, izangaiak adieraziko du ea baimena ematen dion Hezkuntza Sailari, hautatua izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko bere izenean. Baimenik ematen ez badio eta esleipenduna bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena.

Dena den, baimena lehenago eman dutenei ez zaie apartatu hau erakutsiko eskabidean.

Hamaikagarrena.– Merezimenduak eta aurkeztu beharreko beste dokumentu batzuk alegatu eta egiaztatzea.

1.– Laugarren apartatuan jasotako kasuan izan ezik, lehiakideak, merezimenduren bat baloratzea nahi badu, «Merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko orria» bete eta aurkeztu beharko du, eta, orri horretan, puntuak jaso ditzaketen merezimendu guztiak aipatuko ditu, bakoitzari dagokion II. eranskineko (merezimenduen baremoak) epigrafe zehatza adierazita. Horrez gain, dagokion epigrafean adierazitako egiaztagiriak erantsiko dizkio orri horri, kasu hauetan izan ezik: epigrafe horrek berariaz adieraztea merezimendua ofizioz zenbatuko dela eta merezimendu hori eskatzaileari dagokion Langileen Erregistroan jasota egotea; ondorio horietarako, eskatzaileak egiaztatu beharko du erregistroan jasota dagoela, hirugarren apartatuan adierazitakoaren arabera. Merezimendua Langileen Erregistroan jasota ez badago, aipatutako orrian alegatu beharko du, eta merezimendu hori egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu. Agiriak eta Merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko orria aurkezteko lekua hamabigarren oinarrian adierazitakoa da: (https://hezigunea.euskadi.eus).

2.– Argitalpenei dagokienez (4.1 apartatua), jatorrizko alearen ordez, azalaren kopia eta argitalpenaren lehen 10 orrialdeak aurkeztu ahal izango dira, baita ISBNaren eta egilearen datuak agertzen diren orria ere. Beharrezkoa izanez gero, argitalpena geroago eskatuko da.

3.– Langileen Erregistroan dagoen informazioa kontsultatzeko, honako helbide honetara jo beharko da: https://hezigunea.euskadi.eus (sartu erabiltzailea eta pasahitza) – Espediente pertsonala. Eta, ondoren, apartatu hauek kontsultatu ahalko dira:

Zerbitzu-orria.

Tituluak.

Ikastaroak.

Zuzendaritza-karguak.

4.– Praktikak egiten ari diren funtzionarioek ez dute aurkeztu beharko merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko dokumenturik.

5.– Gaztelania edo euskara ez den beste hizkuntza batean emandako dokumentuekin batera, dagokion itzulpen ofiziala aurkeztu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean, dagokion kontsulatuak edo bulego diplomatikoak zinpeko edo baliozkotutako itzultzaile batek egina. Salbuespen izango dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailak egiaztatzen dituzten hizkuntza-ziurtagiriak eta titularren argitalpenak.

6.– Edonola ere, Administrazioak behar diren azalpen eta dokumentuak eskatu ahal izango dizkie lehiakideei, merezimenduei dagokienez sortutako zalantzak eta erreklamazioak ebazteko.

Eskatzaileak izango dira aurkeztutako dokumentuen egiatasunaren erantzuleak. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

7.– Parte-hartzaileek eskubidea izango dute aurkeztu dituzten jatorrizko dokumentuak berreskuratzeko (II. eranskineko 4.1 apartatuan –«Argitalpenak»– barematzeko aurkeztutako dokumentuak). Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehazten duen lekuan eta epean jaso ahal izango ditu, lekualdatze-lehiaketa amaitu ondoren, betiere parte-hartzaileren batek errekurtsorik aurkezten ez badu; halakorik egingo balu, egiaztapen edo froga gisa atxiki ahal izango dira dokumentuak.

8.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira alegatutako merezimenduak. Ez dira kontuan hartuko eskabidearekin batera merezimenduak alegatzeko aurkeztu behar den orrian alegatu ez diren merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epean agiri bidez egiaztatu ez direnak ere.

Hamabigarrena.– Eskabideak formalizatzeko epea. Galdegiten diren eskakizunen egiaztagiriak eta merezimenduak alegatzeko orria eta horien egiaztagiriak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak formalizatzeko eta dokumentuak aurkezteko epea.

2022ko urriaren 17tik azaroaren 7ra bitartekoa izango da, biak barne, eskabideak formalizatu eta dokumentuak aurkezteko epea.

Adierazitako epe hori amaitzen denean, ez da onartuko ez eskabiderik, ez egindako eskabideetako aldaketarik, ez aurkeztutako merezimenduei buruzko dokumenturik.

Parte hartzeko eskakizun guztiak, hargatik eragotzi gabe agindu honetako seigarren oinarrian ezarritakoa, bai eta alegatutako merezimenduak ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den datan eskuartean beharko dira, eta esleitutako lanpostuaren jabetza hartu arte eutsi beharko zaie.

2.– Dokumentuak aurkezteko tokia:

Betekizunak eta/edo merezimenduak Interneteko helbide honetan aurkeztuko dira: https://hezigunea.euskadi.eus (NAN/AIZ + pasahitza edo XLNets-en erabiltzaileak), edo «Eremu pertsonala – Izapideak langileen sailarekin – Ikuskatzaileen lekualdatze-lehiaketa – onartzeko eskabidea». Barematu nahi duzun atal bakoitzari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko duzu, eta, azkenik, «Amaitu dokumentazioa entregatzea eta erregistratzea» sakatu behar duzu, https://hezigunea.euskadi.eus webgunean. Aplikazio informatikoaren bidez, entregatu izanaren egiaztagiria lor daiteke, erregistro-datarekin. Atalei dokumentuak gehitzen bazaizkie baina prozesua ez bada amaitzen «Amaitu dokumentazioa entregatzea eta erregistratzea» atalean klikatuta, dokumentaziorik entregatu ez dela ulertuko da. Nolanahi ere, baldintzak eta merezimenduak entregatzeko aplikazio informatikoan zehaztuko diren jarraibideak bete beharko dira.

VII. KAPITULUA
MEREZIMENDUEN BAREMOA APLIKATZEA

Hamahirugarrena.– Merezimenduen baremoa aplikatzeaz arduratuko diren unitate eta organoak.

Lehiakideek adierazi dituzten merezimenduak ebaluatzeko, merezimenduen baremoko 3. eta 4.1 apartatuei dagokienez, batzorde-barematzailea izendatuko du Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak. Batzorde horietan, horren kontrako oinarri sendoko arrazoirik ez bada adierazten, gizonek zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkaritza izango dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatzen duen Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Honako kide hauek osatuko dute batzorde-barematzailea:

Batzordeburua: Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoko funtzionario bat.

Bokalak: Hezkuntzako Ikuskatzaileen kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoko 4 funtzionario, jardunean daudenak.

Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du batzorde-barematzaileko burua; bokalak, aldiz, zozketaz izendatuko dira aurrez. Era berean, idazkari-lanak egiteko, aurrez zozketaz izendatutako bokalen artetik batzordeburuak proposatzen duen pertsona izendatuko du Langileak Kudeatzeko zuzendariak.

Ordezkaritza handiena duten erakunde sindikalek ordezkari bat izendatu ahal izango dute batzorde bakoitzean, begirale-lanak egiteko.

Batzorde-barematzailea izendatzeko irizpide berberei jarraituz izendatu ahal izango dira ordezko batzordekideak. Baremazio-batzordeen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoari lotuko zaio, eta lege horren 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta errefusatzeari buruz ezarritako arauak aplikatuko zaizkie batzordekideei.

Langileak Kudeatzeko zuzendariak gaian espezialistak diren bi aholkulari sartu ahalko ditu hala egitea beharrezkoa dela iritzitako batzordeetan.

Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren (26ko EHAA) 6. eta 16. artikuluetan xedatzen diren ondorioetarako, ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan (28ko EHAA) –zerbitzuarengatiko ordainketengatik eman behar diren kalte-ordainen zenbatekoak gaurkotzen dituena eta aipatutako 16/1993 Dekretua hirugarrenez aldatzen duena– xedatuaren arabera ordainduko dira bidaia-gastuei dagozkien kalte-ordainak.

Batzorde-barematzailearen osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila eta https://hezigunea.euskadi.eus

Dagokion administrazio-unitateak emango du baremoaren gainerako apartatuetan lehiakideei dagokien puntuazioa.

VIII. KAPITULUA
PROZEDURAN ONARTUA IZATEARI ETA PUNTUAZIO-EMATEARI BURUZKO EBAZPENAK

Hamalaugarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin-behineko ebazpena.

1.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan batzorde-barematzaileen aktak eta langile-unitateek esleitutako puntuazioa jaso ostean (barematu behar dituzten merezimenduei dagokienez), ebazpena emango du Langileak Kudeatzeko zuzendariak, eta behin-behinean onetsiko dira onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak; azken kasu horretan, baztertzeko arrazoia zein den adieraziko du. Gainera, baremoko apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa jakinaraziko du.

Ebazpena eta behin-behineko zerrendak interesdunei jakinarazte aldera, sail honen Interneteko helbidean emango dira argitara: https://hezigunea.euskadi.eus

Era berean, aipatutako behin-behineko zerrenda horiekin batera, lehiakide bakoitzak parte-hartzailearen fitxa jasoko du, zeina parte hartzen duen pertsonalaren eskura egongo baita Langileak Kudeatzeko zuzendariaren aipatu ebazpenean ezartzen den epean. Han, ikusgai jarriko dira parte-hartzaile bakoitzaren identifikazio-datuak, parte-hartzea, merezimenduak eta eskatutako lanpostuak.

2.– Lehiakideek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte behin-behineko ebazpen horren aurka, eta, horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, adierazitako Interneteko helbidean argitaratzen denetik aurrera.

3.– Epe horretan bertan zuzendu ahal izango dira forma-akatsak dituzten merezimenduak, eta onartuen zerrendekin batera argitaratuko dira. Interesdunak ez badu zuzentzen kanpoan uztea eragin duen akatsa edo beste akats batzuk zuzentzen ez baditu adierazitako epean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hamabosgarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin betiko ebazpena.

1.– Aurkeztutako erreklamazioak aztertuta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak behin betiko onesteko; baztertutakoen zerrendan, baztertzeko arrazoia zein den adieraziko du. Gainera, baremoko apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa ere jakinaraziko du.

Ebazpena eta behin betiko zerrendak interesdunei jakinarazte aldera, sail honen Interneteko helbidean emango dira argitara: https://hezigunea.euskadi.eus

2.– Behin betiko ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote sail honetako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda adierazitako Interneteko helbidean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

IX. KAPITULUA
DESTINOAK ESLEITZEKO EBAZPENAK ETA LANPOSTUAZ JABETZEA

Hamaseigarrena.– Destinoak behin-behinean esleitzea.

1.– Eskainitako lanpostu hutsen eta, hala badagokio, erresulten behin-behineko esleipena honako hurrenkera honen arabera egingo da:

a) Lehenik, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideari dagozkion eskaerak, bederatzigarren oinarrian zerrendatutako kasuetako hurrenkerari jarraituz, eta, kasu bakoitzaren barruan, aipatutako baremoa aplikatuz lortutako puntuazio handienak emango du lehentasun-ordena. Eskubide hori baliatzen den herrian edo barrutian plaza huts nahikorik ez badago eskatzen duten lehiakide guztientzat, bakoitzaren puntuazioa gorabehera, plaza hutsetako bat bermatuko zaio lehentasun-eskubidea duen parte-hartzaileari, eta, beraz, parte-hartzaileak lehentasuna izango du destinoa lortzeko puntuazio handiagoa duen parte-hartzaile baten aurretik. Hala eta guztiz ere, aurretik esandakoa ezertan eragotzi gabe, lehentasun-eskubidea dela-eta herria edo barrutia eta espezialitatea bermatuta, ikastetxe jakin bat esleitzeko, eskubide hori baliatzen duen parte-hartzailea bere kidego eta espezialitate bereko gainerako parte-hartzaileekin lehiatuko da, merezimenduen baremoaren arabera emandako puntuazioari jarraikiz.

b) Bigarrenik, gainerako parte-hartzaileen eskaerak esleituko dira, praktiketako funtzionarioenak izan ezik, eta plazak esleitzeko lehentasun-hurrenkera merezimenduen baremoa aplikatuta lortutako puntuazio handienak emango du.

c) Aipatutako esleipenak egin ondoren, praktiketako funtzionarioei esleituko zaie destinoa, praktiketako funtzionario izendapenean agertzen diren ordena kontuan hartuta.

2.– Deialdia aurreko lehentasun-hurrenkeran ebatziko da, aurreko apartatuetako bakoitzean parte hartzen dutenen aldeko lanpostu hutsak eta erresultak esleitzeko lehentasunaren arabera. Horrela, ezingo zaio plazarik esleitu horietako batean parte hartzen duen eskatzaile bati, baldin eta aurreko apartatuan eskubide hobea duen eskatzaile bat badago; hori guztia, alde batera utzi gabe lehentasun-eskubidea baliatzen dutenei plaza zehatz bat esleitzeari dagokionez xedatzen dena, deialdi honen bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

3.– Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, destinoen behin-behineko esleipena onartuko da, lortutako puntuazioari eta parte-hartzaileen eskabideen lehentasun-ordenari jarraituta, eta ebazpen hori, esleipenaren behin-behineko zerrendekin batera, sail honen https://hezigunea.euskadi.eus webgunean argitaratuko da, interesdunei jakinarazteko.

4.– Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz ebatziko da, hurrenez hurren.

Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.

Bi kasuotan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da izan baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa, ezta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatu bat edo gehiago dagokien apartatuaren puntuaziorik altuenera iristen badira, ez dira kontuan izango gainerako azpiapartatuetan izandako puntuazioak.

Beharrezkoa balitz, kidegoan sartzeko oposizioak egin zituzten urtea hartuko litzateke kontuan azken irizpide gisa, zaharrena lehenetsiz berrienaren aurrean, eta urtearen barruan, prozesuan lortutako puntuaziorik altuena lehenetsiz baxuenaren aurrean.

Hamazazpigarrena.– Erreklamazioak eta uko-egiteak.

Lehiakideek behin-behineko esleipena dela-eta erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte, esleipen hori Hezkuntza Sailaren Interneteko helbidean https://hezigunea.euskadi.eus argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 5 egun balioduneko epean. Lehiakide boluntarioek, epe horretan bertan, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari uko egin diezaiokete, eta ulertuko da horrek parte hartzeko eskabidean idatzitako eskaera guztiei eragiten diela.

Horren ondorioetarako, kontuan izan behar da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez duela adierazi nahi behin betiko ebazpenean lortuko ez denik.

Hemezortzigarrena.– Lanpostu hutsen behin betiko esleipena.

Erreklamazioak aztertuta eta, hala badagokio, aurreko oinarrian aurreikusitako uko-egiteak onartuta, destinoen behin betiko esleipena onartzeko agindua emango du Hezkuntzako sailburuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, aginduan, lehiaketako destinoen behin betiko zerrendak non eta noiz argitaratuko diren jakinaraziko da.

Destino-esleipena hamaseigarren oinarriko 1. apartatuan lanpostu hutsak esleitzeko ezarritako ordenaren arabera egingo da, aintzat hartutako eskaeren eta merezimenduen arabera.

Lekualdatze-lehiaketako destinoen behin betiko esleipenaren aurkako errekurtsoak, parte hartu den Hezkuntza Administrazioa dena dela ere, errekurtsoaren xede den lanpostuari dagokion Hezkuntza Administrazioari zuzendu beharko zaizkio, eta Hezkuntza Administrazio horrek ebatzi beharko ditu.

Hemeretzigarrena.– Zerbitzu aktibora itzultzea.

Eszedentzian dauden eta lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren ikuskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte dagokien Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan (esleitutako destinoa dagoen lurraldearen arabera):

1.– Eszedentziarako aginduaren kopia.

2.– Irakaskuntzarekin bateraezina den gabezia edo gaixotasun fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duen medikuaren ziurtagiri ofiziala.

3.– Zinpeko aitorpena edo hitzematea, non adierazten baita diziplina-espedientearen arabera, ez dagoela Estatuko, tokiko edo Autonomia Erkidegoko Administrazioaren inongo kidegotatik bereizita eta ez dagoela funtzio publikoetan jarduteko desgaituta.

Hala ere, lehiaketa honetan destinoa lortu duten baina beste irakasleen kidego batean zerbitzu aktiboan daudenek ez dituzte aurkeztu beharko aipatutako dokumentuak.

Nolanahi ere, hurrengo oinarrian adierazitako jabetze-eguna baino lehen aurkeztu beharko dira agiriak.

Hogeigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

2023ko irailaren 1ean hartuko dira jabetzan destino berriak, eta aurreko destinoak 2023ko abuztuaren 31n utziko dira.

Hogeita batgarrena.– Destinoei ezin uko egitea.

Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.

Hogeita bigarrena.– Ordainsariak.

Destinoa lortzen duten eremuari dagozkion ordainketa arauen arabera jasoko dute euren ordainsaria oinarri hauen babespean araututako deialdiaren bidez euren jatorriaz bestelako kudeaketa eremu batean behin betiko destinoa lortu duten funtzionarioek.

X. KAPITULUA
DATU PERTSONALAK

Hogeita hirugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Parte-hartzaileek aurkeztutako datuak dagokien prozeduran edo jarduketan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.

Datu horiek ez dituzte hirugarrenek erabiliko, eta laga ere ez zaizkie lagako, ez bada interesdunaren baimen argi eta garbirik, edo ez bada Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 6.2 eta 11.2 artikuluetan jasotako kasuren batean (1999ko abenduaren 14ko BOE, 298. zk.).

Aipatutako 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, datuak lagatzen dituen pertsonak, une oro baliatu ahal izango ditu, eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta aurka egiteko eskubideak, erregelamenduan zehaztuko den moduan.

Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenetara egokitu beharko da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala