Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2022ko urriaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
4411

AGINDUA, 2022ko urriaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita estatu-mailako lekualdatze-lehiaketa unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat, lanpostuak betetze aldera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren mendeko ikastetxeetan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.3 xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenen arabera, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko plazen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituenak, betebehar bat ezartzen die hezkuntza-administrazioei: bi urtez behin estatu mailako lekualdatze-lehiaketak deitzekoa. Lehiaketa horietan karrerako funtzionarioak diren irakasle guztiek parte hartu ahal izango dute, edozein dela ere mendekoak diren edo sartu diren hezkuntza-administrazioa, baldin eta horretarako betekizunak betetzen badituzte. Hala, interesdunek lehiaketa guztietan parte hartu ahal izango dute ekintza bakarraren bitartez, eta ebazpenaren ondotik kidego bakoitzean destino bakarra lortuko dute.

Bestalde, 2022-2023 ikasturtean deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketei aplikatu behar zaizkien prozedura-arauak onartu dira. Era berean, deialdi honen I. eranskineko merezimenduen baremoari dagokionez, kontuan hartu behar da Auzitegi Gorenaren oraintsuko jurisprudentzia, zeinaren arabera ezin diren desberdin baloratu karrerako funtzionario edo langile finko gisa eta bitarteko funtzionario edo iraupen jakineko langile gisa egindako zerbitzuak, baldin eta lanpostu berberetakoak badira eta eginkizunak berdinak edo antzekoak badira. Izan ere, bestela, EBJAren jurisprudentziaren arabera, diskriminazio-tratua egongo litzateke, zeina Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EE Zuzentarauak debekatzen baitu. Zuzentarau horrek iraupen jakineko lanari buruzko Europako Sindikatuen Konfederazioaren (ESK), Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren (UNICE) eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren (CEEP) Esparru Akordioa jasotzen du.

Horrenbestez, aipatutako araudian xedatuaren babesean eta Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan lanpostu hutsak badaudenez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

1.– Iragartzea estatu-mailako lekualdatze-lehiaketa unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat, lanpostuak betetze aldera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren mendeko ikastetxeetan.

2.– Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 7a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

OINARRIAK
SUMARIOA

I. kapitulua. Oinarri orokorrak.

II. kapitulua. Parte hartzeko betekizunak eta izaera.

1. atala: Orokorrak.

2. atala: Maisu-maistren kidegoa.

3. atala: Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoak.

4. atala: Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa.

5. atala: Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen eta irakasleen kidegoak.

III. kapitulua. Borondatezko parte-hartzea.

IV. kapitulua. Nahitaezko parte-hartzea.

V. kapitulua. Lehentasun-eskubideak.

VI. kapitulua. Konkurrentzia-eskubidea.

VII. kapitulua. Parte hartzeko eskabideak, dokumentazioa eta barematzeko aukerak.

VIII. kapitulua. Merezimenduen baremoaren aplikazioa.

IX. kapitulua. Prozeduran onartzeari eta puntuazio-emateari buruzko ebazpenak.

X. kapitulua. Destinoak esleitzea, destinoari uko egitea eta destinoaz jabetzea.

XI. kapitulua. Datu pertsonalak.

I. eranskina. Merezimenduen baremoa.

II. eranskina. Ikastetxeen zerrenda.

III. eranskina. HHEko ikastetxeei buruzko informazioa.

IV. eranskina. Espezialitateak.

V. eranskina. Kidegoen, lurraldeen eta hizkuntza-eskakizunen kodeak.

I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

Lehenengoa.– Deialdia.

1.– Hamargarren eta hamaikagarren oinarrietako kasuetan dauden unibertsitatez kanpoko irakasleen kidego hauetako karrerako funtzionarioen estatu-mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da:

a) Maisu-maistrak.

b) Bigarren Hezkuntzako irakasleak.

c) Lanbide Heziketako irakasle teknikoak.

d) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak.

e) Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleak.

f) Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleak.

g) Bigarren Hezkuntzako katedradunak.

h) Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunak.

i) Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak.

j) Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunak.

2.– Lehiaketa honetan parte hartzeko deialdian sartzen dira, baita ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-administrazioko irakasle kidegoetan sartzeko hautaketa prozesuetan aukeratuak izanik, ikasturte honetan praktikak egiten ari direnak.

3.– Lehiaketa honetan, honako xedapen hauek bete behar dira: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua; Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legea, aipatutako estatutuaren arau bidezko garapena eman arte indarrean jarraitzen duten artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legea; urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituena; martxoaren 9ko 47/1993 Dekretua, irakaspostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-egunak zehazteko irizpideak ezartzen dituena; martxoaren 10eko 42/1998 Dekretua, irakaspostuetarako hizkuntza- eskakizunak eta derrigortasun-egunak zehazteko irizpideak finkatzen dituen dekretua aldatzeko dena; urriaren 6ko 263/1998 Dekretua, Euskararen Gaitasun Agirien baliokideak eta irakasleen hizkuntza-eskakizunak ezarri, eguneratu eta berresten dituena; azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzekoa (uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren bidez aldatua); maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretua, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena (eta 2022ko ekainaren 16ko Agindua, dekretu horren eranskina eguneratzekoa); abuztuaren 2ko EFP/834/2022 Agindua, 2022-2023 ikasturtean deitu behar diren estatu-mailako lekualdatze-lehiaketei aplikatu beharreko prozedura-arauak ezartzen dituena; oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenak, eta deialdi honetan ebatzitakoa.

Bigarrena.– Eskaintzen diren lanpostuak.

1.– Lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuak behin-behinean eta behin betiko finkatuko dira Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Behin-behinean, destinoen behin-behineko esleipenaren ebazpena eman baino lehen, eta, behin betiko, destinoak behin betiko esleitzeko ebazpena eman baino lehen. Ebazpen horiek argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ webgunean eta https://hezigunea.euskadi.eus helbidean.

2.– Eskaintzen diren lanpostuen artean sartuko dira 2022ko abenduaren 31n dauden lanpostu hutsak eta lehiaketaren ebazpena ematean geratzen direnak. Gainera, nahitaezko erretiroen ondorioz 2022-2023 ikasturtearen amaierara arte sortzen diren lanpostu hutsak sartu ahalko dira. Batzuk zein besteak eskainiko dira hezkuntza-plangintzan haien funtzionamenduaren jarraitutasuna aurreikusita dagoenean, eta ikastetxe berean irakasleen egonkortasunerako ezartzen diren irizpideen arabera.

3.– Hutsik geratzen diren lanpostuen definizioan akatsen bat gertatzen bada edo eskolako plangintzan aurreikusi gabeko jarraitutasuna duen lanposturen bat bada, dagokion akatsen zuzenketa argitaratuko da.

4.– 2022-2023 ikasturterako lanpostuen zerrendaren arabera, langileak destinoa lortzen duen zentroak berari atxikitako beste herri batzuetako zentroetan eskolak emateko aukera eskaintzen badu, eskatutako lanpostuari atxikitako edozein herritan eman beharko du zerbitzua. Lanpostuen zerrendan adierazi egiten da zein diren egoera horretan dauden lanpostuak, «ibiltari» izenarekin (maisu-maistren eta Helduen Hezkuntzako ikastetxeetako-HHI Hezkuntza Orientazioko espezialitateko lanpostuetarako, eta Irakaskuntza Ertainetako irakasleen kidegorako).

5.– Dagokion ikasturterako eta irakasle-kidegoetarako lanpostuen zerrendak onartzen dituzten dekretuetan zehaztutakoa izango da deialdian jasotako lanpostuen berariazko osagarria. Lanpostuen zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen dira.

II. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK ETA IZAERA
1. ATALA
OROKORRAK

Hirugarrena.– Betekizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahalko dute lehenengo oinarrian aipatzen diren eta urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuko 10. artikuluan jasotako betekizunak betetzen dituzten langileek –errege-dekretu horrek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen ditu–, baldin eta bosgarren oinarrian aurreikusitako hizkuntza-eskakizunaren betekizunak eta kapitulu honetako ataletan eskatzen direnak betetzen badituzte lehiatzen deneko kidegoari eta espezialitateari edo lanpostu motari dagokienez.

Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegoetako funtzionarioek dagozkien mailetako irakasleen kidegoetako funtzionarioekin batera hartuko dute parte, lanpostu huts berak lortzeko, hargatik eragotzi gabe aipatutako katedradunen kidegokoak izateagatik aplikatu beharreko merezimendu espezifikoak aplikatzea.

2.– Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzerako bete beharko dira, eta lanpostua jabetzan hartu arte eutsi beharko zaie.

Laugarrena.– Parte-hartzearen izaera.

1.– Parte-hartzea borondatezkoa izango da hamargarren oinarrian jasotako kasuetan.

2.– Parte-hartzea nahitaezkoa izango da hamaikagarren oinarrian jasotako kasuetan.

Bosgarrena.– Hizkuntza-eskakizuna.

1.– Hurrengo apartatuan jasotako salbuespenarekin, derrigortasun-eguna beteta daukaten hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea edo, bestela, martxoaren 10eko 42/1998 Dekretuak eta urriaren 6ko 263/1998 Dekretuak aldatutako martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian (apirilaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) eta Euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin baliokidetzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan –uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuak aldatua– aipatutako titulu edo hizkuntza-egiaztapenen jabe izatea.

2.– Ez da beharrezkoa hizkuntza-eskakizuna edo titulu edo egiaztagiri baliokiderik egiaztatzea, baldin eta egiaztatzen bada Euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzen eta euskarazko tituluekin eta ziurtagiriekin egiaztatzeko salbuespenak ezartzen dituen apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak (dekretu horretan ezarritako eran) eta otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuaren bidez egindako aldaketan aurreikusita daudenak gertatzen direla.

2. ATALA
MAISU-MAISTREN KIDEGOA

Seigarrena.– Maisu-maistren kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte hartzeko betekizunak.

1.– Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako lanpostuak, espezialitate hauetan: Haur Hezkuntza; Lehen Hezkuntza; Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa; Atzerriko Hizkuntza: Frantsesa; Gorputz Hezkuntza; Musika; Pedagogia Terapeutikoa, eta Entzumena eta Hizkuntza.

Lanpostu horiek eskatu ahalko dituzte espezialitateko titulartasuna egiaztatzen duten maisu-maistrek, kidegoan sartzeko kasuko hautapen-prozedura gainditu ondoren edo azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan aurreikusitako bideen bitartez. Eskatu ahal izango dituzte, halaber, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera horietarako gaituak izan direnek aipatu Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera, edo gaitasun hori azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren arabera aitortua dutenek.

2.– Lehen Hezkuntzako euskarazko lanpostuak.

Lanpostu horiek eskatu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen duten maisu-maistrek:

a) OHOko Euskal Filologiaren arloko lanpostuetan aritzeko gaituta egotea, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera.

b) 2. hizkuntza-eskakizuna edo hizkuntza-eskakizun horren hizkuntza-ziurtagiri homologatu edo baliokideetakoren bat lortzera bideratutako probak gainditu izana, bosgarren oinarrian adierazitako araudiaren arabera.

3.– Lehen Hezkuntzako aholkulari lanpostuak.

Lanpostu horiek eskatu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen duten maisu-maistrek:

a) Aholkulari lanpostua betetzeko gaituta egotea, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera.

b) Hezkuntza Bereziko Arloan edo Pedagogia Terapeutikoan gaikuntza dakarten titulazioetako baten jabe izatea edo, era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren arabera, aipatutako arloan gaikuntza dakarten egoeretako batean egotea (1993-11-23ko EHAA).

c) Honako lizentzia, gradu edo titulu baliokide hauetako baten jabe izatea: Psikologia; Pedagogia; Psikopedagogia; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, psikologiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, pedagogiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, hezkuntza-zientzien alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, psikologiako espezialitatean; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, hezkuntza-zientzien espezialitatean; Filosofia eta Letrak, psikologiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, pedagogiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, hezkuntza-zientzien alorrean.

d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu edo homologatutako aholkulari ikastaroren bat gainditu izana. Ikastaro horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren IV. eranskinean zerrendatutakoak dira (1993-11-23ko EHAA).

4.– Helduen Hezkuntzako lanpostuak (HHE).

Helduen Hezkuntza-Hasierako Ikasketak, Helduen Hezkuntza-Ingelesa eta Helduen Hezkuntza-Frantsesa lanpostuak eskatu ahalko dituzte Lehen Hezkuntza, Ingelesa edo Frantsesa espezialitateak hurrenez hurren dauzkaten maisu-maistrek. Eskatu ahal izango dituzte, halaber, 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera espezialitate horietarako gaituak izan direnek, aipatutako errege-dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera, edo gaitasun hori azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren arabera aitortua dutenek.

5.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetarako lanpostuak.

Lanpostu horiek eskatu ahalko dituzte maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren lehenengo xedapen iragankorrean ezarrita dagoenaren arabera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako lanpostuetara behin betiko atxikita dauden maisu-maistren kidegoko funtzionarioek.

Era berean, lanpostu horiek eskatu ahal izango ditu aurreko paragrafoan aipatzen den atxikipen-baldintza bete eta lanpostua ezabatzeagatik galdu duenak, baldin eta gerora ez badu behin betiko destinorik lortu beste irakaskuntza batzuetan.

Nolanahi ere, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluarekin bat etorriz, dagokion gaikuntza duten espezialitateetako lanpostuak soilik eskatu ahal izango dituzte.

Aipatutako atxikipen horretaz gainera, honako hau eskatuko da:

a) Erantsitako zerrendako eskuineko zutabean jasotako espezialitateetako lanpostuak eskatzeko, ezkerreko zutabean aipatutako gaikuntza egiaztatu beharko dute:

(Ikus .PDF)

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Teknologia arloko lanpostuak eskatu ahalko dituzte ondoren aipatzen diren betekizunak betetzen dituzten maisu-maistrek:

– Honako titulazio hauetakoren bat edukitzea: goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Fisika, Kimika edo Zientzietako Lizentzia, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa, Itsasgintza Zibileko Diploma, edo haiei dagozkien graduak, edo bigarren graduko lanbide heziketa edozein arlotan, administraziokoa, osasunekoa edo etxekoa izan ezik, edo goi-mailako teknikari baliokidea, edo

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak antolatutako edo homologatutako Oinarrizko Teknologia Ikastaroetan, 250 ordu edo gehiagokoetan, parte hartu izana.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Plastika- eta Ikus-hezkuntza arloko lanpostuak eskatu ahalko dituzte ondoren aipatzen diren betekizunak betetzen dituzten maisu-maistrek:

– Honako titulazio hauetakoren bat edukitzea: goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Arte Ederrak, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo haiei dagozkien graduak, edo Bigarren graduko Lanbide Heziketa, Delineazio arloa edo goi-mailako teknikari baliokidea.

6.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetarako Pedagogia Terapeutikoko lanpostuak.

Lanpostu horiek eskatu ahal izango dituzte Pedagogia Terapeutikoko espezialitateko titulartasuna egiaztatzen dutenek eta 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera horretarako gaituak izan direnek, aipatu errege dekretua indarrean jarri aurreko araudiari jarraituz, bosgarren apartatuko lehen lerrokadan adierazitako mugapena eduki gabe, hau da, DBHko lehen bi mailetako lanpostuetara behin betiko atxikita egoteko baldintza bete behar izan gabe.

7.– Espezialitate berriak aitortzea. Maisu-maistren kidegoa

Azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluaren b) eta c) kasuetako batzuetan egoteagatik espezialitate berri bateko lanpostuak eskatu nahi dituztenek espezialitate berriaren aitorpena izan beharko dute. Horretarako, eskaera aurkeztu beharko dute EIZUko Enplegatuaren Atariaren bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari zuzenduta. Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak dagokion ebazpena emango du, eskaera onartzeko edo ezesteko. Espezialitatea edo espezialitateak aitortzeko eskaera lekualdatze-lehiaketa honetako eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen egin behar da.

3. ATALA
BIGARREN HEZKUNTZAKO KATEDRADUNEN ETA IRAKASLEEN KIDEGOAK

Zazpigarrena.– Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte hartzeko betekizunak.

1.– II.2 eranskineko zentroetan eskaintzen diren irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak. IV.4 eranskinean adierazten dira espezialitateak.

Dagokion espezialitateetan titularra denak eskatu ahal izango ditu lanpostu horiek.

2.– Curriculum aniztasuna: Hizkuntza eta Gizarte arloko lanpostuak (IV.5 eranskina).

Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Alemana, Latina, Euskara eta Euskal Literatura.

3.– Curriculum aniztasuna: zientzia eta matematika arloko lanpostuak (IV.5 eranskina).

Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika eta Teknologia.

4.– Helduen Hezkuntzako lanpostuak (IV.5 eranskina).

a) Komunikazio arloa. Ingelesa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Ingelesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.

b) Komunikazio arloa. Frantsesa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Frantsesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.

c) Komunikazio arloa. Gaztelania. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Gaztelania eta Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.

d) Komunikazio arloa. Euskara. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Euskara eta Euskal Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.

e) Gizarte arloa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte Geografia eta Historia espezialitateko titularrak diren irakasleek.

f) Zientzia eta teknologiaren arloa. Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika, Teknologia eta Informatika.

5.– Kultura Klasikoko lanpostuak (IV.5 eranskina).

Lanpostu horien titularrek Latina eta Grekoa espezialitateak irakatsi ahal izango dituzte, urriaren 6ko 1635/1995 Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

Lanpostu horiek behar bezala bereizita agertuko dira ikastetxeko lanpostu-zerrendan, eta, era berean, aipatutako bi espezialitateetako batean titularrak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek eta katedradunek eskatu ahal izango dituzte. Lanpostuak eskuratzen dituztenek Latineko zein Grekoko espezialitateari atxikitako irakasgaiak eman beharko dituzte nahitaez.

6.– Hizkuntza indartzeko lanpostuak (IV.5 eranskina).

Lanpostu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Latina, Euskara eta Euskal Literatura, Filosofia eta Alemana.

7.– Ingelesez eta/edo frantsesez irakasteko lanpostuak.

Ingelesez eta/edo frantsesez irakasteko lanpostuak aukeratzeko, IV. eranskinean jasotako espezialitateren bateko irakasle titularra izan behar da, eta maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren 2. artikuluan (eta dekretu horren eranskina eguneratzen duen 2022ko ekainaren 16ko Aginduan) jasotzen diren honako titulu, gaikuntza edo ziurtagiri hauetakoren bat egiaztatu behar da (73/2012 Dekretua, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats- arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza- gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena):

– Filologiako, Filosofia eta Letretako (Filologia atala) edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentzia, eskatutako hizkuntzan; edo gradu baliokidea.

– Itzulpengintza eta Interpretazioko diploma, eskatutako hizkuntzan.

– Eskatutako hizkuntzan atzerriko hizkuntzako gaikuntza edo espezialitatea duen maisu-maistra.

– Eskatutako atzerriko hizkuntzan Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila edo hori baino maila handiagoa duela egiaztatzea, 73/2012 Dekretuaren eranskinean jasotako titulu edo ziurtagiri baten bidez (2022ko ekainaren 16ko Aginduak eguneratutako eranskina).

Ingelesez eta/edo frantsesez irakasteko lanpostuak eskatzeko interesa duenak eskabidean Elebitasuna ataleko 1. Frantsesa eta/edo 2. Ingelesa aukera hautatu beharko du, hemezortzigarren oinarriko 5. apartatuan adierazten den bezala.

4. ATALA
LANBIDE HEZIKETAKO IRAKASLE TEKNIKOEN KIDEGOA

Zortzigarrena.– Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko funtzionarioentzako lanpostuak eta parte-hartzeko betekizunak.

1.– II.3 eranskineko zentroetan eskaintzen diren irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak. IV.6 eranskinean adierazten dira espezialitateak.

Dagokion espezialitateetan titularra denak eskatu ahal izango ditu lanpostu horiek.

2.– Zereginen Ikaskuntzarako Gelako lanpostuak, kodea 250 (IV-7 eranskina).

Edozein espezialitate izanda eskatu ahal izango dira lanpostu horiek.

5. ATALA
HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALETAKO, MUSIKAKO ETA ARTE ESZENIKOETAKO ETA ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO KATEDRADUNEN ETA IRAKASLEEN KIDEGOAK

Bederatzigarrena.– Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen eta irakasleen kidegoetako funtzionarioentzako lanpostuak eta parte-hartzeko betekizunak.

1.– Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.

II.4 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.8 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak eskatu ahal izango ditu dagokion espezialitateko titularra denak.

2.– Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.

II.5 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.9 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak eskatu ahal izango ditu dagokion espezialitateko titularra denak.

3.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.

II.6 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.10 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak eskatu ahal izango ditu dagokion espezialitateko titularra denak.

III. KAPITULUA
BORONDATEZKO PARTE-HARTZEA

Hamargarrena.– Borondatezko parte-hartzerako baldintzak eta prozedura.

1.– Lehiaketa honetan borondatez parte hartu ahal izango dute jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden karrerako irakasle funtzionarioek:

a) Jarduneko egoeran daudenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan behin betiko destinoarekin, baldin eta behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaierara arte gutxienez bi urte iragan badira.

Ondorio horietarako, katedradunen kidegoetako karrerako funtzionarioei kontuan hartuko zaie dagokion irakasle-kidegoko karrerako funtzionario gisa lanpostu berean aurretik egin duten denbora.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan aitortutako zerbitzu berezietako egoeran daudenek, baldin eta behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaierara arte gutxienez bi urte iragan badira.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeetan aitortutako borondatezko eszedentzia-egoeraren edozein motatan daudenek.

Norberaren interesengatik edo familia elkartzeagatik borondatezko eszedentzian daudenen kasuan, funtzionarioek soilik parte hartu ahalko dute, baldin eta ikasturte hau amaitzean egoera horretara pasa zirenetik bi urte iragan badira.

Senitartekoak zaintzeko eszedentzian daudenen kasuan, funtzionarioek soilik parte hartu ahalko dute, baldin eta behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez bi urte iragan badira.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxeek deklaratutako eginkizun-gabetzearen egoeran daudenek, betiere aurtengo ikasturtea amaitzen denean eginkizun-gabetzearen diziplina-zehapenaren iraunaldia bukatu bada eta behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik gutxienez bi urte iragan badira.

e) Beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuan daudenek, baldin eta gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz lehiaketa bidez jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte.

2.– Lehiaketa honetan norberaren borondatez parte hartzeko, 1. apartatuan aipatutako langileek parte hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, VII. kapituluan aipatutako moduan eta epean.

3.– Beste hezkuntza-administrazio batzuen menpe dauden karrerako irakasle funtzionarioak:

Deialdi honi dagozkion lanpostuak eskatu ahalko dituzte beste hezkuntza-administrazio batzuen mendeko karrerako irakasle funtzionarioek, baldin eta agindu honetan ezartzen diren betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte eta beren lehenengo behin betiko destinoa lortu bazuten hautatua izan zireneko deialdiari zegokion hezkuntza-administrazioaren esparruan, salbu eta deialdi horretan betekizun hori eskatzen ez zen kasuetan.

Langile horiek eskabide-ereduaren arabera egin beharko dute eskabidea, destinoko zentroari dagokion hezkuntza-administrazioak egiten duen deialdian zehazten den organoaren aurrean.

IV. KAPITULUA
NAHITAEZKO PARTE-HARTZEA

Hamaikagarrena.– Parte hartzeko kasuak eta nahitaez parte hartzeko prozedura.

1.– Lehiaketan parte hartzera behartuta daude jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden langileak:

a) Behin-behineko destinoa izan eta sail honen menpe dauden ikastetxeetan 2022-2023 ikasturtean zehar zerbitzuak betetzen dihardutenak.

Langile horiek honako baldintza hauen arabera eskatu behar dituzte lanpostuak: titular diren espezialitateen eta egiaztatzen duten hizkuntza-eskakizunaren arabera, edo, maisu-maistren kidegoko langile funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiko gaikuntzaren arabera.

Aitzitik, oraindik bere behin betiko lehen destinoa lortu ez duten langile funtzionarioek eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren babespean deitutako sarrerarako hautapen-prozedurak gainditu dituztenek, hautatu zuten espezialitatearen lanpostua dagoen tokian lortu beharko dute beren betiko lehen destinoa. Horretarako, espezialitate horri dagozkion lanpostuak eskatu beharko dituzte, Latineko eta Grekoko espezialitatekoak diren langile funtzionarioen kasuan izan ezik. Horiek Latineko eta Grekoko espezialitatekoak ez ezik, Kultura Klasikoko lanpostuak ere eskatu eta lortu ahalko dituzte. Bestalde, Entzumena eta Hizkuntza eta Pedagogia Terapeutikoa espezialitateetako funtzionarioek hauek eskatu eta lortu ahal izango dituzte: Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzakoak (36 eta 37), eta DBHko lehen ziklokoak (60).

Lehen behin betiko destinoa oraindik lortu ez dutenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko lanpostuen artean soilik hautatu ahal izango dute.

b) Eszedentzia-egoeratik edo eginkizun-gabetzetik etorri eta behin betiko destinoa galdu dutenak, zerbitzu aktibora itzuli badira eta behin-behineko destino bat lortu badute sail honen mendeko zentro batean, deialdi hau argitaratu zen eguna baino lehen.

c) Nahitaezko eszedentziaren egoeratik edo eginkizun-gabetze irmo batetik etorri edo behin betiko destinoa galdu duenaren egoeratik lanpostu batera berriz sartzekotan daudenak, baldin eta egoera horiek sail honen mendeko ikastetxe batek aitortu baditu.

d) Atzerriko lanpostuetara atxikita egon ondoren, 2023-2024 ikasturtean sail honen kudeaketa eremura itzuli behar dutenak edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenak.

e) Epai edo errekurtso bati emandako ebazpena betetzeagatik edo behin betiko izaeraz betetzen zuten lanpostua espresuki ezabatu zaielako, behin betiko destinoa galdu dutenak.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle kidegoetan sartzeko hautaketa prozesuetan aukeratua izanik, ikasturte honetan praktikak egiten ari direnak.

g) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean, zerbitzu aktiborako birgaituak izan direnak.

2.– Lehiaketa honetan parte hartzera behartuta dauden langileek parte hartzeko eskabidea aurkeztuta eska ditzakete eskainitako lanpostuak, VII. kapituluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Eskabiderik aurkezten ez bada edo eskatutako lanpostuetako bat ere lortzen ez bada, hamahirugarren oinarrian aurreikusitako ondorioa izango da.

Hamabigarrena.– Praktikak egiten ari diren funtzionarioak.

Praktikak egiten ari diren funtzionario langileek beren behin betiko lehen destinoa Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren menpe dauden lanpostuetan eta aukeratuak izan diren espezialitatean soilik eskatu eta lor dezakete eta hamaikagarren a) oinarriko hirugarren paragrafoan adierazitako zehaztapenekin.

Praktiketako funtzionarioei karrerako funtzionarioen ondoren esleituko zaie destinoa, hautatuak izan diren deialdiaren urtea (zaharrenari, eta ez berrienari, emango zaio lehentasuna) kontuan hartuta, eta deialdi bakoitzaren barruan lehentasunezko txanda hauek ezarriko dira, aipatzen diren hurrenkera beraren arabera:

1.– Talde bereko kidegoetara sartzea.

2.– Goi-mailako talde bateko kidegoetara sartzea.

3.– Txanda librea eta desgaitasuna dutenentzako txanda.

Txanda bakoitzaren barruan, kontuan hartuko da funtzionarioaren edo praktiketako funtzionarioaren izendapenean zein ordenatan ageri den.

Dagokien destinoa, praktika-aldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu izanak baldintzatuko du.

Hamahirugarrena.– Parte hartzera behartuta dauden pertsonek parte ez hartzearen ondorioak eta esleipena, edo eska ditzaketen lanpostu guztiak eskatu ez dituztenenak.

1.– Hamaikagarren oinarriko a), b), c), f) eta g) letren kasuetan parte hartzera behartuta daudenek parte hartzen ez badute edo eska ditzaketen lanpostu guztiak eskatzen ez badituzte, ondorio hauek izango dituzte:

a) Hamaikagarren oinarriko a), b) eta g) letretan aipatzen diren nahitaezko parte-hartze kasuetan, behartutako pertsonari behin betiko destinoa eman ahalko zaio ofizioz titular den espezialitateen eta egiaztatzen duen hizkuntza-eskakizunaren arabera bete ditzakeen lanpostuetan edo, Maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik zegoen araudiko gaikuntzaren arabera emango bete ditzakeen lanpostuetan, oraindik beren behin betiko lehen destinoa lortu ez duten langile funtzionarioen kasuan izan ezik eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren babespean deitutako sarrerarako hautapen-prozedurak gainditu dituztenen kasuan izan ezik, horientzat hautatu zuten espezialitatearen araberako lanpostua soilik eman ahal izango baita, ofizioz.

b) Hamaikagarren oinarriko c) letran aipatzen diren nahitaez parte hartzeko kasuetan, behartutako pertsona, lehiaketa horretan behin betiko destinoa lortzen ez badu, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren (EPOELTB) 89. artikuluko 1.a) apartatuan adierazitako borondatezko eszedentziako egoeran geratuko da.

c) Hamaikagarren oinarriko f) letran aipatzen den nahitaezko parte-hartzearen kasuetan, behartutako pertsonari ofizioz eman ahal izango zaio behin betiko lanpostua, hautatua izan den espezialitateko lanpostuen artetik.

2.– Hamaikagarren oinarriko d) eta e) letren kasuen arabera parte hartzera behartuta dauden pertsonek parte hartzen ez badute, ondorio hauek izango dituzte:

Hamaikagarren oinarriko d) eta e) letretan aipatzen den nahitaezko parte-hartzearen kasuan dagoen pertsonak lehiaketa horretan parte hartzen ez badu, ofizioz eman ahal izango zaio behin betiko destinoa, titularra den espezialitateen eta ziurtatua duen hizkuntza-eskakizunaren arabera bete ditzakeen lanpostuen artetik; edo, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurreko araudiaren arabera gaituta dagoen lanpostuen artetik. Eska ditzakeen lanpostu guztiak eskatu gabe parte hartzen duenari, berriz, ez zaio ofizioz esleituko behin betiko destinoa.

3.– Hamaikagarren oinarriko a), b) eta g) letretako kasuetan dagoen parte-hartzaileak «Nahitaez parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» izeneko epigrafea bete beharko du. Bertan, lehentasun-ordenaren arabera, deialdi honetan ezarritakoaren arabera aukera ditzakeen lanpostu-moten (espezialitatea) eta hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna) kodeak adierazi beharko ditu, eta kode horiek hartuko dira kontuan ofizioz behin betiko destinoa esleitzeko, baldin eta borondatez eskatutako lanpostuetako batean ere destinorik lortu ez badu.

II. eranskinean argitaratutako zentroen hurrenkerari jarraituz egingo da ofiziozko esleipena.

4.– Halaber, hamaikagarren oinarriko a), b), f) eta g) letretako kasuetan dagoen parte-hartzaileak «Nahitaez parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» epigrafean hautatu ahal izango du ofiziozko esleipenean kontuan hartu beharreko lurralde historikoa edo lurralde historikoak –lurralde bat baino gehiago adieraztekotan, lehentasun ordenan–.

Parte hartzen ez badu edo lurralde historikoaren apartatua betetzen ez badu, 2022-2023 ikasturtean behin-behinean edo praktiketan zerbitzuak bete dituen lurralde historikoan soilik esleitu ahal izango zaizkio lanpostuak ofizioz. Behin-behineko destinoa eduki ezean, azken destinoa izan zuen lurralde historikoan egingo zaio esleipena.

Aipatutako idazpuruan 2022-2023 ikasturtean behin-behinean zerbitzua ematen ari den edo praktika-aldian dagoen lurraldeaz bestelako lurralde historiko bat aukeratzen den kasuan, adierazitako lurralde historiko horretako lanpostuak soilik esleitu ahal izango zaizkio ofizioz.

Aurreko hiru lerrokadetan xedatutakoa ez da aplikatuko Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioen kasuan; izan ere, ofizioz eta behin betiko esleitu ahal izango zaizkie honako lanpostu hauek: dituzten espezialitate eta hizkuntza-eskakizunen arabera euren aukerakoen artekoak direnak; betiere II-5 eranskinean argitaratutako ikastetxe guztien ordenari jarraituz.

5.– Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioei ofizioz ez zaizkie inolaz ere esleituko honako hauei dagozkien lanpostuak:

Helduen Hezkuntza.

Zereginen Ikaskuntzarako Gelak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako lanpostuak.

Lanpostu ibiltariak.

6.– Inolaz ere ez zaizkie ofizioz esleituko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Katedradunen Kidegoetako eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetako langile funtzionarioei honako hauei dagozkien lanpostuak:

Helduen Hezkuntza.

Zereginen Ikaskuntzarako Gelak.

Curriculum aniztasuna.

Hizkuntza indartzea.

Ingelesezko edo frantseseko irakaskuntza (elebiduna).

Lanpostu ibiltariak (Hezkuntza Orientabidea espezialitatea HHEn).

V. KAPITULUA
LEHENTASUN-ESKUBIDEAK

Hamalaugarrena.– Lehentasun-eskubideaz baliatzeko moduak, kasuak eta baldintzak.

Ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituen parte-hartzailea ikastetxe baterako lehentasun-eskubideaz eta/edo herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatu ahalko da, eta hala jasoko du parte-hartzeko eskabide-orrian.

Ikastetxerako lehentasun-eskubidea erabiltzeak destinoa lortzeko lehentasuna dakar herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabiltzen dutenen aurrean.

Hamabosgarrena.– Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea.

1.– Behin betiko destinoa duen edo izan duen ikastetxe berean lanpostu berri bat lortzeko lehentasun-eskubidea izango du, adierazitako kasuren batean dagoen eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituen parte-hartzaileak, kasuak zerrendatzen diren lehentasun-ordenari jarraituz:

a) Ikastetxean behin betiko moduan betetzen zuen lanpostua ezabatzeagatik, harik eta behin betiko beste destino bat lortzen duen arte.

b) Ikastetxean behin betiko moduan betetzen zuen lanpostua aldatzeagatik, harik eta behin betiko beste destino bat lortzen duen arte.

c) Behar adina irakastordu izan ez eta, bere ikastetxetik lekualdatua izateagatik.

d) Espezialitate berri bat eskuratzeagatik, lehentasun-eskubidea izango du eskuratutako espezialitate berri horretan lanpostu bat lortzeko, behin betiko destinoa duen ikastetxean. Eskubide horretaz baliatu ahal izango dira Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen kidegoetako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak. Lanpostu berria lortu ostean, eskubide hori beste espezialitate berri bat eskuratzerakoan soilik erabili ahal izango da.

2.– Aurreko apartatu bakoitzean adierazitako egoeran karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean lanpostu bererako, lanpostua merezimenduen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio. Puntuazioetan berdinketak gertatuko balira, berdinketa horiek hausteko lehen irizpide gisa ikastetxean karrerako funtzionario gisa jarduneko egoerako benetako zerbitzuetan denbora gehien daramana lehenetsiko da, eta, beharrezkoa balitz, merezimenduen baremoan (I. eranskina) aurreikusitako gainerako irizpideak erabiliko dira bertan agertzen diren ordenan.

3.– Eskabidea nola bete:

Ikastetxe baterako lehentasun-eskubide hori erabili nahi duen irakasleak parte hartzeko eskabidean («Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan), eskubide hori erabiltzeko hautatu den ikastetxearen kodea eta eskubideaz baliatzeko arrazoia adierazi beharko ditu. Halaber, adierazi beharko du eskubide hori zein lanpostu-motatan (espezialitatea) eta hizkuntzatan (hizkuntza-eskakizuna) baliatu nahi duen, lehentasun-ordenan. Gainera, Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek ibiltaritza-apartatua aukeratuko dute, ibiltari izaera duten lanpostuak nahi badituzte.

Ikastetxerako lehentasun-eskubidea baliatzen dutenek, halaber, eskubide hori baliatzen ez duten beste lanpostu batzuk eskatu ahal izango dituzte, eta, horretarako, parte hartzeko eskabidearen «Eskatzen diren lanpostuak» epigrafea bete beharko dute. Bertan, hirugarren oinarriaren 1. puntuan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten lanpostu guztiak sartu ahal izango dituzte.

Hamaseigarrena.– Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea.

1.– Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango du jarraian adierazten diren egoeretakoren batean dagoen eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituen parte-hartzaileak, zerrendatzen diren lehentasun-ordenan:

a) Ikastetxe batean behin betiko izaeraz betetzen zuen lanpostua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, lehentasun-eskubidea izango du plaza edo lanpostua ezabatu den herri bereko beste ikastetxe bateko edo, hala badagokio, lanpostua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe bateko lanpostu bat lortzeko.

b) Behar adina irakastordu ez izateagatik bere ikastetxetik lekualdatu dituztenen kasuan, ezabatutako lanpostuetako titularren baldintza beretan, behin betiko destinoa duten herrian edo, hala badagokio, barrutian dauden lanpostu hutsekiko lehentasun-eskubideaz baliatu ahal izango dute.

c) Behin betiko betetzen zuten irakasle-lanpostua galduta Herri Administrazioan beste lanpostu bat betetzera pasa direnak, betiere lanpostu hura eten badute.

d) Behin betiko betetzen zuten lanpostua galdu dutenek urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 89.1.c) artikuluan aurreikusitako familiarteko edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentzia-egoeran egoteagatik eta zehaztutako lanpostu-erreserbaren denbora-tartea amaitzeagatik, betiere zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira.

e) Kanpoan irakasle-lanpostuetara atxikita egon ondoren, 2023-2024 ikasturtean sail honen kudeaketa eremura itzuli behar duten funtzionarioek edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenek.

f) Azken behin betiko destinoa galdu dutenek, epaia dela eta edo administrazioarekiko errekurtsoaren ebazpena dela eta.

g) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean, zerbitzu aktiborako birgaituak izan direnak.

2.– Lanpostu berera karrerako bi funtzionario edo gehiago aurkezten badira eta lehentasunezko kasu berean badaude, merituen baremoa aplikatzean puntuazio handiena lortzen duenari esleituko zaio lanpostua. Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz. Hala ere, berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz. Bi kasuotan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatu bat edo gehiago sartuta dauden apartatuaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiapartatuetan izandako puntuazioak. Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.

Hamaseigarren oinarri honetan adierazitako kasuren batean egonda, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak, herrian ala barrutian erabiltzearen artean aukeratu beharko du.

Baldin eta herri edo barruti batean destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi bada, parte hartu beharko da, eskubide hori erabiliz, deitzen diren lekualdatze-lehiaketa guztietan, harik eta destino hori lortu arte. Hala egin ezean, lehentasun-eskubidea indargabetu egingo zaio.

3.– Eskabidea nola bete:

Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatzen diren irakasleek, parte hartzeko eskabidean honakoa adierazi beharko dute:

– «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidearekin parte hartzeko arrazoia zein den ere.

Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko espezialitateen (plaza-mota) + hizkuntza-eskakizunaren (bertako hizkuntza) kodeak adieraziko dira, lehentasun-ordenaren arabera. Gainera, maisu-maistren kidegoko funtzionarioek ibiltaritza-apartatua aukeratuko dute, ibiltari izaera duten lanpostuak nahi badituzte. Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoaren kasuan, ibiltaritza Hezkuntza Orientazioko espezialitateko (018) lanpostuetarako soilik erabil daiteke Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan (HHI). Lehentasun hori kontuan hartuko da herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.

Lehentasun-eskubideaz baliatuta herri, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten gainerakoekin batera merezimenduen baremoan lortutako puntuazioaren arabera lortuko dute ikastetxe jakin bateko destinoa.

Beraz, eskubide hau erabiliz hautatzen den herrian eskaera egiten duten lehiakide guztientzako nahiko plaza huts ez balego, bakoitzaren puntuazioa alde batera utzita, lehentasunezko eskubidea duen parte-hartzaileari plaza huts horietako bat bermatuko zaio. Hortaz, partaide horrek lehentasunezko destino bat lortu ahal izango du puntu gehiago dituen beste partaide baten aurretik. Behar adina lanpostu huts badago, herria eta plaza mota ziurtatuta (espezialitatea/lanpostua eta hizkuntza-eskakizuna/hizkuntza), zentro zehatz bat esleitzeko, eskubide hori duen parte-hartzailea kidego, espezialitate eta hizkuntza-eskakizun berberak betetzen dituzten gainerako partaideekin batera lehiatuko da, merezimenduen baremoan lortutako puntuak kontuan hartuta.

– Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-ordenaren arabera, «Eskatzen diren plazak» idazpuruan, eskubidea egikaritzea dagokion herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira, eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeraz eskatutako herrietako ikastetxe guztiak; herriko kodea bakarrik –edo herri batzuetakoa, barrutirako lehentasun-eskubidearen kasuan– adieraziz gero, lanpostuak hutsik dituzten hautatutako herriko edo herrietako edozein ikastetxetako destinoa emango zaio; ikastetxe jakin batzuk adieraziz gero, horiek herrien araberako bloke homogeneotan multzokatu behar dira. Eskubidea izanda herriko ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, edo, gune baterako lehentasun-eskubidea izanda, aukeraz eskatu diren herrietako ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, horietako batean lanposturen bat hutsik badago, Administrazioak, libreki, aipatu herriko gainerako edozein ikastetxetako lanpostu batean eman ahal izango dio destinoa, dagozkion eranskinetan kidego bakoitzari lotuta agertzen diren ordenan.

Lehen adierazitako egoera guztietan, lehentasun-eskubide hori baliatuta lehiaketara aurkezten denak «HLE» –lehentasun-eskubidea– siglak adierazi beharko ditu eskatutako ikastetxeko «plaza-mota» izeneko kodeari dagozkion laukitxoetan. Hala eginez gero, «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan adierazitako parte hartzeko eskatutako espezialitate guztiak hartuko dira kontuan.

Herri baterako lehentasun-eskubidea baliatzen dutenek, halaber, eskubide hori baliatzen ez duten beste lanpostu batzuk eskatu ahal izango dituzte, eta, horretarako, parte hartzeko eskabidearen «Eskatzen diren lanpostuak» epigrafea bete beharko dute. Bertan, hirugarren oinarriaren 1. puntuan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten lanpostu guztiak sartu ahal izango dituzte.

VI. KAPITULUA
KONKURRENTZIA-ESKUBIDEA

Hamazazpigarrena.– Konkurrentzia-eskubidea.

1.– Konkurrentzia-eskubide gisa hartzen da behin betiko destinoa duten irakasleen kidego bereko karrerako hainbat funtzionariok lehiaketan parte hartzeko baldintza gisa lurralde historiko jakin bateko ikastetxe batean edo batzuetan destinoa lortzea jartzen dutenean.

2.– Eskubide hori baliatzeko, honako arau hauek bete beharko dira:

a) Parte-hartzaileek, beren eskabideetan, lurralde historiko bakarreko ikastetxeak adieraziko dituzte, berdina konkurrentzia-talde bakoitzerako.

b) Talde bakoitzean, gehienez ere, lau pertsonak hartuko dute parte, eta derrigorrezkoa izango da eskatzaile bakoitzak eskabidea bereizita aurkeztea. Eskabide bakoitzean beteko da eskubide horri dagokion apartatua, eta aipatuko da zein diren eskatzailearekin batera doazen pertsonak.

c) Destino-esleipena bete beharreko lanpostu hutsen artean egingo da, agindu honen bigarren oinarrian xedatutakoaren arabera, eta agindu honen I. eranskinean jasotako merezimenduen baremoa aplikatuta zehaztuko da.

d) Parte hartzeko modu horren helburua da talde bereko parte-hartzaileek lurralde historiko bereko ikastetxe batean edo batzuetan destinoa aldi berean lortzea. Horietako baten batek ezin izango balu plaza edo lanpostu bat lortu, bide horren bidez taldeak eginiko eskabide guztiak ezetsiko lirateke.

VII. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEAK, DOKUMENTAZIOA ETA BAREMATZEKO AUKERAK

Hemezortzigarrena.– Eskabidea nola bete.

1.– Lekualdatze-lehiaketan borondatez (hamargarren oinarria, 1. apartatua) zein nahitaez (hamaikagarren oinarria) parte hartzeko, https://hezigunea.euskadi.eus helbidean eskuragarri dagoen eskabide elektronikoa bete beharko da, eta, ondoren, NAN eta kontuari lotutako pasahitza idatziko dira. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, aipatu helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke, «Pasahitza ahaztu duzu» apartatuan.

Pasahitza sartu ostean, Eremu pertsonala–Izapideak langileen sailarekin–Lekualdatze-lehiaketa –Onartzeko-eskabidea gunera jo behar da.

2.– Lehiakide bakoitzak eskabide bakarra egingo du irakasleen kidego bakoitzeko, eta eskabide horretan sartuko dira lanpostu-eskaera guztiak.

3.– Eskabidea osorik bete ostean, «ontzat emanez» itxiko da, behar bezala baliozkotua eta erregistratua gera dadin. Ondoren, eskabidearen gordekina inprimatu beharko da.

Eskabidea «ontzat emanez» ixten ez bada, eskabide hori egin gabe geratuko dela ulertuko da, pertsona hori parte hartzera behartuta egon eta behar bezala itxitako beste eskabiderik aurkeztu ez duen kasuan izan ezik. Kasu horretan, egindako baina itxi gabeko eskabidea eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan itxiko da automatikoki, eta ordura arte gordetakoa hartuko da kontuan esleipena egiteko.

4.– Lanpostuen eskaerak «Eskatzen diren lanpostuak» idazpuruan adieraziko dira; ikastetxe eta/edo herri jakin baterako egin daitezke, eta bi modalitateak bateragarriak dira. Azken kasu horretan, lanpostu bat hutsik duen herriko lehen ikastetxea edo oinarri-arauen II. eranskinean adierazitako hurrenkera berean azaltzen dena esleituko da. Lanpostu eskaera bakoitza zentroaren eta/edo herriaren, espezialitatearen, hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna), elebitasunaren eta ibiltaritzaren (maisu-maistren kidegorako eta HHEko ikastetxeetako Hezkuntza Orientazioko espezialitatea bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan) gehiketa/konbinazioaren emaitza da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren menpe dauden irakasle funtzionarioek beste hezkuntza administrazio batzuek egindako deialdietako lanpostuak eskatu ahal izango dituzte deialdi horiek ezartzen dituzten irizpideei jarraiki, betiere haien lehengo behin betiko destinoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kudeaketa-eremuaren baitan lortu badute, sartu zireneko deialdiak baldintza hori betetzea eskatzen ez zien kasuetan izan ezik.

Langile horiek lehentasunaren arabera eskatuko dituzte lanpostuak, eskuratu nahi dituzten herrien edo zentroen kodeak eta lanpostu motarenak (espezialitatea) nahiz hizkuntzarenak (hizkuntza-eskakizuna) ezarriz, agindu honen eranskinetan agertzen diren moduan, eta, beharrezkoa izatekotan, deialdia egiten duten beste hezkuntza administrazio batzuen lekualdatze-lehiaketen deialdien eranskinetan ageri diren bezala.

5.– Lanpostu bakoitzaren eskaera zentroaren eta/edo herriaren, espezialitatearen, hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna), elebitasunaren eta ibiltaritzaren (maisu-maistren kidegorako eta HHEko ikastetxeetako Hezkuntza Orientazioko espezialitatea bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan) gehiketa/konbinazioa dela kontuan izanik, lanpostuen eskaerak ondoren adierazitakoa kontuan izanik egin beharko dira:

– Zentro edo herri berean lanpostua espezialitate batengatik edo gehiagorengatik eskatzen bada, beharrezkoa da zentroa edo herria errepikatzea eskatzen den espezialitate bakoitzeko, espezialitate bakoitzeko lanpostuaren kodifikazioa ezberdina baita.

– Zentro edo herri eta espezialitate bereko lanpostua eskatzen bada hizkuntza-eskakizunean aukera ezberdinak erabiliz, zentroa edo herria eta espezialitatea behar adina aldiz errepikatu beharko dira, jarraian hizkuntza-eskakizunari dagokion aukera diferente bakoitza adieraziz (V. eranskina).

– Lanpostu elebidunak eskatuz gero, eskabidearen Elebitasuna atalean, 1. eta/edo 2. aukera adierazi beharko da, «Frantsesa» eta/edo «Ingelesa», hurrenez hurren.

– Zentro edo herri berean lanpostu jakin bat eskatzen bada elebidun modalitatean nahiz modalitate ez-elebidunean, zentroa edo herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna errepikatu beharko dira eta Elebitasuna atalean adierazi, lehen kasuan «1. Frantsesa eta/edo 2. Ingelesa» aukeratuz eta bigarren kasuan «0. elebitasunik ez» aukeratuz.

– Frantses, Ingeles edo Aleman hizkuntzetarako espezialitateei dagozkien eskaerek ez dute inoiz eramango elebitasun-koderik: «0. Elebitasunik ez» izango dira.

– Ibiltaritza duten lanpostuak eskatzen dituzten maisu-maistren kasuan, «BAI» adierazi beharko da «ibiltaritza» apartatuan. Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoaren kasuan, ibiltaritza duten lanpostuak Hezkuntza Orientazioko espezialitatera (018) mugatuta daude HHEko ikastetxeetan.

– Zentro edo herri berean lanpostu jakin bat eskatzen bada «ibiltaritza» modalitatean nahiz «ibiltaritzarik ez» modalitatean, zentroa edo herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna errepikatu beharko dira eta «ibiltaritza» apartatuan adierazi «BAI» «ibiltaritza» modalitaterako eta «EZ» «ibiltaritzarik ez» modalitaterako.

– Helduen Hezkuntzako mailako espezialitateetako lanpostuak eskatzen badira (IV-2 eranskina), maisu-maistren kasuan, edo curriculum-aniztasuna eta HHE, eremu guztietan (IV-5 eranskina), HHEko ikastetxeak soilik hautatu beharko dira.

– HHEko ikastetxeak eskatzen badira, Helduen Hezkuntzako mailari dagozkion espezialitateak (IV-2 eranskina) aukeratu beharko dira, maisu-maistren kasurako, edo Curriculum-aniztasunekoak edo HHEkoak, hainbat arlotarako, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegorako.

– Helduen Hezkuntzako ikastetxeetako lanpostuak EZ dira ibiltariak, bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoko HHEko ikastetxeetako Hezkuntza Orientazioko (018) espezialitateko lanpostuak izan ezik.

6.– Zentroa aukeratzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak hamabosgarren oinarrian xedatutakoa kontuan hartuz bete beharko du eskabidea, eta herria edo barrutia aukeratzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak, berriz, hamaseigarren oinarrian xedatutakoa kontuan hartuz.

7.– Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak eskatu direla hartuko da kontuan. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen edo parte-hartzaileak eska ditzakeen lanpostuekin bat ez badatoz, baliogabetu egingo dira. Aurreko arrazoiengatik eskaera guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko litzateke, hargatik eragotzi gabe destinoak ofizioz esleitzea, deialdi honetan aurreikusten den eran.

8.– «Adingabearen babesa» deritzon apartatua bete beharko dute eskaeran lehiakideek, egiaztatzeko epai irmoaren bidez zigorrik jaso ez dutela delitu hauetakoren bategatik: sexu-askatasun eta -osotasunaren aurkako delituak –sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa, sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea– eta gizakien salerosketagatiko delituak. Apartatu hori betetzen duenean, izangaiak adieraziko du ea baimena ematen dion Hezkuntza Sailari, hautatua izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko izangaiaren izenean. Baimenik ematen ez badio eta esleipenduna bada, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena.

Dena den, baimena lehenago eman dutenei ez zaie apartatu hau eskaeran erakutsiko.

Hemeretzigarrena.– Lehiaketara aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Laugarren apartatuan jasotako kasuan izan ezik, lehiakideak, merezimenduren bat baloratzea nahi badu, «Merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko orria» bete eta aurkeztu beharko du, eta, orri horretan, puntuak jaso ditzaketen merezimendu guztiak aipatuko ditu, bakoitzari dagokion I. eranskineko (merezimenduen baremoak) epigrafe zehatza adierazita. Horrez gain, dagokion epigrafean adierazitako egiaztagiriak erantsiko dizkio orri horri, kasu hauetan izan ezik: epigrafe horrek berariaz adieraztea merezimendua ofizioz zenbatuko dela eta merezimendu hori eskatzaileari dagokion Langileen Erregistroan jasota egotea; ondorio horietarako, eskatzaileak egiaztatu beharko du erregistroan jasota dagoela, hirugarren apartatuan adierazitakoaren arabera. Merezimendua Langileen Erregistroan jasota ez badago, aipatutako orrian alegatu beharko du, eta merezimendu hori egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu. Agiriak eta merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko orria aurkezteko lekua hogeita bigarren oinarriaren 2. puntuan adierazitakoa da: (https://hezigunea.euskadi.eus).

2.– Ingelesez eta/edo frantsesez irakasteko lanpostuak eskatzekotan, zazpigarren oinarriko 7. apartatuan ezarritako titulu, gaikuntza edo ziurtagiriren bat edukitzeari buruzko egiaztagiriak, salbu eta langileen erregistroan badaude.

3.– Langileen Erregistroan dagoen informazioa kontsultatzeko, honako helbide honetara jo beharko da: https://hezigunea.euskadi.eus (sartu erabiltzailea eta pasahitza) –Eremu pertsonala–Nire datu laboralak. Eta ondoren, honako apartatu hauek kontsultatu ahalko dira:

Zerbitzu orria.

Tituluak, gaikuntzak eta ziurtagiriak.

Zuzendaritza-karguak.

Prestakuntza-jardueren kasuan, Eremu Pertsonala –Nire prestakuntza– atalean sartu beharko da.

4.– Praktikak egiten ari diren funtzionarioek ez dute aurkeztu beharko merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko dokumentaziorik.

5.– Gaztelaniaz edo euskaraz ez dauden agiri guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera egindako itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira, zinpeko itzultzaileak egina edo, bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua, honako kasu hauetan izan ezik: Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko hizkuntza-ziurtagiriak eta argitalpen horiek aurkezten dituzten hizkuntza modernoko espezialitateren baten titularrek aurkeztutako argitalpenak (6.1).

6.– Parte-hartzaileek beren gain hartzen dute aurkeztutako dokumentazioaren egiazkotasunaren erantzukizuna. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

Edonola ere, Administrazioak behar diren azalpen eta agiriak eskatu ahal izango dizkie lehiakideei, merezimenduei edo betekizunei dagokienez sortutako zalantzak eta erreklamazioak ebazteko.

7.– Parte-hartzaileek eskubidea izango dute aurkeztu dituzten jatorrizko dokumentuak berreskuratzeko (I. eranskineko 6.1 apartatuan –«Argitalpenak»– barematzeko aurkeztutako dokumentuak). Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehazten duen lekuan eta epean jaso ahal izango ditu, lekualdatze-lehiaketa amaitu ondoren, betiere parte-hartzaileren batek errekurtsorik aurkezten ez badu; halakorik egingo balu, dokumentuak atxiki egin daitezke, egiaztapen edo froga gisa.

8.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira alegatutako merezimenduak. Ez dira kontuan hartuko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko merezimenduak alegatzeko orrian alegatu ez diren merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epean agiri bidez egiaztatu ez direnak ere.

Hogeigarrena.– Hezkuntza-administrazio honen lanposturen batean egonda, azken hamabi lekualdatze-lehiaketetako batean parte hartu dutenen merezimenduak.

1.– I. eranskineko 3.1.3, 3.1.4, 4.3, 6.1, 6.3, 6.4 eta 6.6 apartatuei eta gainerako apartatuei dagokienez (langileen erregistroan jasota ez agertzeagatik ofizioz zenbatzen ez diren kasuetan), eta administrazio-izapideak murriztu eta errazte aldera, 2010-2011 lekualdatze-lehiaketan –2010eko azaroaren 16ko Aginduaren bidez iragarria (2010eko azaroaren 22ko EHAA)– edo ondorengoetan parte hartu zutenek, guztiak ere hezkuntza-administrazio honek iragarriak, eskabidean honako hauen artean aukeratuko beharko dute:

– Parte hartu zuten azkeneko lehiaketako puntuazioari eustea.

– Merezimendu berriak gehitzea.

– Baremazio berria.

2.– Dena den, ofizioz zenbatzen diren merezimenduak, I. eranskinean adierazten direnak eta eskatzailearen Langileen Erregistroan jasota agertzen direnak, ofizioz gaurkotuko dira, egindako aukera zein den alde batera utzita.

Aipatutako I. eranskinean adierazten da zein diren ofizioz zenbatesten diren merezimenduak (ez da dokumentaziorik aurkeztu behar) eta zein ofizioz zenbatesten ez direnak (dokumentazioa aurkeztu behar da).

3.– Adierazitako aukerek honako ondorio hauek dauzkate:

a) Parte hartu zuten azken lehiaketan (2010-2011, 2011-2012, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015, 2015-2016, 2016-2017, 2017-2018, 2018-2019, 2019-2020, 2020-2021 edo 2021-2022) hogeigarren oinarrian, 1. puntuan, adierazitako apartatuetan lortu zuten puntuazioarekin ados egon eta hari eutsi nahi diotenek, eskabidean, «Parte hartu zuen azken lehiaketako puntuazioari eustea» markatu beharko dute. Kasu horretan, ez dute inolako dokumentaziorik aurkeztu behar izango adierazitako apartatuetako merezimenduei dagokienez.

b) Parte hartu zuten azken lehiaketan (2010-2011, 2011-2012, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015, 2015-2016, 2016-2017, 2017-2018, 2018-2019, 2019-2020, 2020-2021 edo 2021-2022) hogeigarren oinarrian, 1. puntuan, adierazitako apartatuetan lortu zuten puntuazioarekin ados egon eta puntuazio horri azken lehiaketan barematutakoen ondorengo beste merezimendu batzuk erantsi nahi dizkiotenek «Beste merezimendu batzuk gehitu» markatu beharko dute eskabidean. Kasu horretan, parte hartu zuten lekualdatze-lehiaketako eskabideak aurkezteko epe-amaieraren ondotik lortutako eta amaitutako merezimenduak aurkeztu beharko dituzte (kasuaren arabera, 2010eko abenduaren 15etik, 2012ko urtarrilaren 28tik, 2012ko azaroaren 23tik, 2013ko abenduaren 21etik, 2014ko azaroaren 25etik, 2015eko abenduaren 22tik, 2016ko azaroaren 29tik, 2017ko abenduaren 14tik, 2018ko azaroaren 28tik, 2019ko abenduaren 20tik, 2020ko azaroaren 27tik edo 2021eko abenduaren 2tik aurrera).

«Beste irakaskuntza-funtzio batzuetako» merezimenduaren kasuan (I. eranskineko 4.3 atala), b) letran adierazitako denbora-erreferentzia ez da eskaerak aurkezteko epearen amaiera, baizik eta parte hartu zuen azken lekualdatze-lehiaketan barematu zen azken hilabetea. Adierazitako apartatu edo azpiapartatuetako batean puntuen gehienekora iritsi badira, ez da beharrezkoa izango kasuko apartatuan edo azpiapartatuan merezimendu berriak gehitzea.

Apartatu horietako merezimenduak adierazitako daten aurrekoak badira, ez dira barematuko. Aitzitik, beste apartatu edo azpiapartatu batzuei dagozkien merezimenduak aurkeztu ahal izango dituzte.

c) Parte hartu zuten azken lehiaketaren aurretiko merezimenduak –hogeigarren oinarrian (1) adierazitako apartatuetakoak– barematzea nahi dutenek edo apartatu horietan egindako baremazioarekin ados ez daudenek «Baremazio berria» markatu beharko dute eskabidean. Kasu horretan, aipatutako apartatu guztien ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, hemeretzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

2010-2011 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2010eko abenduaren 15a baino lehenagoko merezimenduak izango lirateke: 2011-2012 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2012ko urtarrilaren 28a baino lehenagokoak; 2012-2013 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2012ko azaroaren 23a baino lehenagokoak; 2013-2014 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2013ko abenduaren 21a baino lehenagokoak; 2014-2015 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2014ko azaroaren 25a baino lehenagokoak; 2015-2016 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2015eko abenduaren 22a baino lehenagokoak; 2016-2017 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2016ko azaroaren 29a baino lehenagokoak; 2017-2018 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2017ko abenduaren 14a baino lehenagokoak; 2018-2019 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2018ko azaroaren 28a baino lehenagokoak; 2019-2020 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2019ko abenduaren 20a baino lehenagokoak, 2020-2021 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2020ko azaroaren 27a baino lehenagokoak edo 2021-2022 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2021eko abenduaren 2a baino lehenagokoak.

Hogeita batgarrena.– Zer kasutan den ezinbestekoa «Baremazio berria» hautatzea.

Hogeigarren oinarriko 3 c) letran adierazitako kasuez gainera, eskabidean «Baremazio berria» aukera markatu beharko da honako kasu hauetan:

– Hogeigarren oinarriko 1. apartatuan adierazitako inongo deialditan parte hartu ez dutenak.

– 2022ko irailaren 1etik aurrerako ondorioekin karrerako funtzionario izendatuta egon eta oraindik destinorik lortu ez dutenak.

– Beste autonomia-erkidego batzuetako karrerako funtzionarioak, autonomia-erkidego honetan destinoa lehen aldiz lortu zutenak estatu mailako lekualdatze-lehiaketa batean eta harrezkero lekualdatze-lehiaketa batean parte hartu ez dutenak.

– Praktiketako funtzionario izanik lekualdatze-lehiaketan destinoa lortu zuten karrerako funtzionarioak, harrezkero lekualdatze-lehiaketa batean parte hartu ez dutenak.

Kasu horietan, ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, hemeretzigarren oinarrian adierazitakoaren arabera.

Hogeita bigarrena.– Eskabideak formalizatzeko epea. Eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak aurkezteko eta merezimenduak alegatzeko orria eta horien egiaztagiriak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskabideak formalizatzeko eta agiriak aurkezteko epea.

Eskabideak formalizatu eta agiriak eta merezimenduak alegatzeko orria aurkezteko epea 2022ko urriaren 17tik azaroaren 7ra bitartekoa izango da, biak barnean direla.

Eskabidea Internet bidez bete behar denez, gomendatzen da behar adina denborarekin betetzen hastea, eskatzaileak izan ditzakeen zailtasunak direla eta.

Adierazitako epe hori amaitu eta gero ez da egindako eskaeretan aldaketarik onartuko, ez eta merezimenduei buruzko dokumentaziorik ere.

Azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan aurreikusitako bideak –b) eta c) kasuak– erabiliz maisu-maistrek espezialitate berri bat eskuratzen badute, eta, ondorioz, hari loturiko lanpostu bat eskatzeko aukera badute, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen aintzatetsita egon behar du espezialitateak, interesdunak aldez aurretik hala eskatuta.

2.– Agiriak aurkezteko tokia:

Betekizunak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa eta merezimenduak Interneteko helbide honetan entregatuko dira: https://hezigunea.euskadi.eus. (NAN/AIZ + pasahitza edo XLNets-en erabiltzailea) «Eremu pertsonala – Izapideak langileen sailarekin – Lekualdatze-lehiaketa – Merezimenduak entregatzea». Atal horretan sartzean erakutsiko den inprimakia bete beharko da, dagokion dokumentazioa erantsi eta «Amaitu dokumentazioa entregatzea eta erregistratzea» atalean klik egin. Aplikazio informatikoaren bidez, entregatu izanaren egiaztagiria lor daiteke, erregistro-datarekin. Atalei dokumentuak gehitzen bazaizkie baina prozesua ez bada amaitzen «Amaitu dokumentazioa entregatzea eta erregistratzea» atalean klikatuta, dokumentaziorik entregatu ez dela ulertuko da. Nolanahi ere, baldintzak eta merezimenduak entregatzeko aurreikusitako aplikazio informatikoan zehaztuko diren jarraibideak bete beharko dira.

VIII. KAPITULUA
MEREZIMENDUEN BAREMOAREN APLIKAZIOA

Hogeita hirugarrena.– Merezimenduen baremoa aplikatzeaz arduratuko diren unitate eta organoak.

1.– Honela jardungo da I. eranskineko merezimenduen baremoaren 5.1, 5.2, 6.1, 6.2 eta 6.3 apartatuetako merezimenduak ebaluatzeko:

a) Maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bakoitzean batzorde barematzaile bat edo batzuk osatuko dira parte-hartzaile kopuruaren arabera. Batzorde barematzaile horietako kideak Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu, eta honako hauek izango dira:

Lehendakaria: hezkuntza ikuskatzaileen kidegoko funtzionario bat.

Bokalak: lurralde-ordezkaritza bakoitzari dagokion lurralde historikoko zentroetan destinatuta dauden karrerako lau irakasle funtzionario gutxienez.

Bokal gazteena idazkari izendatuko da, Batzordeak beste irizpiderik jartzen ez badu.

b) Gainerako irakasle-kidegoetako funtzionarioen kasuan, sail honetako Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu beharrezkoak diren batzorde barematzaileak, espezialitateen arabera edo espezialitateak multzokatuta.

Batzorde barematzaileek honako kide hauek izango dituzte:

Lehendakaria: hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionario bat edo, batzordea zein irakasle-kidegotarako izendatzen den, kidego horretako funtzionario bat.

Bokalak: batzordea izendatzen den kidegoko karrerako lau irakasle funtzionario gutxienez.

Halaber, bokal gazteena idazkari izendatuko da, Batzordeak beste irizpiderik ezartzen ez badu.

Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du b) apartatuko batzorde barematzaile bakoitzeko lehendakaria; bokalak, aldiz, zozketaz izendatuko dira aurrez.

c) Kidego guztietan, ordezkaritza zabalena duten sindikatuek ordezkari bat izendatu ahal izango dute batzorde bakoitzean, begirale-lana egiteko.

d) Batzordekideek, deitutako lanpostuetarako beharrezko diren titulazio-multzo berekoak edo altuagokoak izan behar dute. Batzorde barematzailea izendatzeko irizpide berberei jarraituz, ordezko batzordekideak izenda daitezke.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentziorako eta errekusatzeko kausei lotuta egongo dira batzordekideak. Era berean, batzorde horien funtzionamendua lege horretan aurreikusitakoaren mende egongo da.

e) Gizonek zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkapena izango dute batzordeetan, horren kontrako arrazoi sendorik adierazi ezean, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez aldatutako Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

f) Hauek geratuko dira oinarri honetan aurreikusitako batzordeetako kideak zozketaz izendatzeko prozesutik at, balorazio-batzordea osatzeko lehiaketako espezialitateetakoren batean behar adina irakasle ez dauden kasuetan izan ezik: 2022-2023ko ikasturtean zuzendariaren, ikasketa-buruaren edo idazkariaren karguak betetzen dituzten funtzionarioak, lanera ez joateko erabateko liberazioa dakarren sindikalismoan aritzeagatik baimena dutenak eta 2021eko azaroaren 5eko Aginduaren bidez (2021eko azaroaren 12ko EHAA) iragarritako lekualdatze-lehiaketaren batzorde barematzaileetan parte hartu dutenak.

g) Lehiaketaren xede diren espezialitateetakoren batean batzordea osatzeko nahikoa irakasle ez badago, bokalak antzeko irakasgaietako irakasleen artean edo gai horretako adituen artean izendatuak izango dira. Era berean, parte-hartzaile kopurua txikia denean, zenbait espezialitate biltzen dituen batzorde bat izendatu ahal izango da.

h) Beharrezkoa ikusten den batzorde barematzaileetan, haiek hala eskatuta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak izenda ditzake, aholkulari gisa, arlo horretako bi aditu, eginkizunak aurrera ateratzen lagunduko dietenak, batzordeetan parte hartuko ez badute ere.

i) Bidaia-gastuen kontzeptuagatik soilik ordainduko zaie kalte-ordaina batzorde barematzaileetako kideei. Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren (26ko EHAA) 6. eta 16. artikuluetan xedatzen diren ondorioetarako, janari- eta bidaia-gastuei dagokienez zerbitzuarengatiko ordainketengatik eman behar diren kalte-ordainen zenbatekoak gaurkotzen dituen ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan (28ko EHAA) –aipatutako 16/1993 Dekretua hirugarrenez aldatzen du– xedatzen denaren arabera ordainduko dira bidaia-gastuei dagozkien kalte-ordainak.

j) Batzorde barematzaileen osaera argitara emango da sail honen webgunean https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ eta https://hezigunea.euskadi.eus webgunean.

2.– Sail honetako langileen administrazio-unitateek jarriko dute zer puntuazio dagokien lehiakideei baremoaren gainerako apartatuetan.

IX. KAPITULUA
PROZEDURAN ONARTZEARI ETA PUNTUAZIO-EMATEARI BURUZKO EBAZPENAK

Hogeita laugarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin-behineko ebazpena.

1.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan Batzorde Barematzaileen aktak eta langile-unitateek esleitutako puntuazioa jaso ostean (barematu behar dituzten merezimenduei dagokienez), ebazpena emango du Langileak Kudeatzeko zuzendariak, eta, behin-behinean, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak onetsiko dira; azken kasu horretan, baztertzeko arrazoia zein den adieraziko du. Gainera, baremoko apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa jakinaraziko du.

Ebazpena eta behin-behineko zerrendak interesdunei jakinarazte aldera, argitara emango dira, sail honen Interneteko helbidean: https://hezigunea.euskadi.eus.

Halaber, aipatutako behin-behineko zerrendekin batera, webgune horretan –https://hezigunea.euskadi.eus– argitara emango da parte-hartzailearen fitxa, norberak kontsultatu dezan, erabiltzailea eta pasahitza sartuz. Han, ikusgai jarriko dira parte-hartzaile bakoitzaren identifikazio-datuak: parte-hartzea, merezimenduak eta eskatutako lanpostuak.

2.– Lehiakideek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte behin-behineko ebazpen horren aurka ebazpenean bertan adierazten diren tokietan edo, bestela, hogeita bigarren oinarriaren 2. puntuan adierazitako tokietan, eta, horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, aipatutako Interneteko helbidean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Epe horretan bertan zuzendu ahal izango dira forma-akatsak dituzten merezimenduak; onartuen zerrendekin batera argitaratuko dira merezimenduak. Interesdunak ez badu zuzentzen zerrendatik baztertzea eragin zuen akatsa edo beste akats batzuk adierazitako epean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hogeita bosgarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin betiko ebazpena.

1.– Aurkeztutako erreklamazioak aztertuta, ebazpena emango du Langileak Kudeatzeko zuzendariak, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak behin betiko onesteko; azken kasu horretan, adieraziko du zein den baztertzeko arrazoia. Gainera, baremoko apartatu bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa ere jakinaraziko du.

Ebazpena eta behin betiko zerrendak interesdunei jakinarazte aldera, argitara emango dira, sail honen Interneteko helbidean: https://hezigunea.euskadi.eus.

2.– Aipatutako behin betiko zerrenda horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote sail honetako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda Interneten argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

X. KAPITULUA
DESTINOAK ESLEITZEA, DESTINOARI UKO EGITEA ETA DESTINOAZ JABETZEA

Hogeita seigarrena.– Destinoak behin-behinean esleitzea.

1.– Eskainitako lanpostu hutsen eta, hala badagokio, erresulten behin-behineko esleipena honako hurrenkera honen arabera egingo da:

a) Lehenik, ikastetxerako lehentasun-eskubideari dagozkion eskaerak, hamabosgarren oinarriko 1. apartatuan zerrendatzen diren kasuetako lehentasun-ordenan, eta, kasu bakoitzaren barruan, agindu honen I. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz lortutako puntuazio handienak emango du lehentasun-ordena.

b) Bigarrenik, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideari dagozkion eskaerak, hamaseigarren oinarriko 1. apartatuan zerrendatutako kasuetako lehentasun-ordenan, eta, kasu bakoitzaren barruan, aipatutako baremoa aplikatuz lortutako puntuazio handienak emango du lehentasun-ordena. Eskubide hori baliatzen den herri edo barrutian plaza huts nahikorik ez badago lehiakide eskatzaile guztientzat, bakoitzaren puntuazioa gorabehera, plaza hutsetako bat bermatuko zaio lehentasunezko eskubidea duen parte-hartzaileari, eta, beraz, parte-hartzaileak lehentasuna izango du destinoa lortzeko puntuazio handiagoa duen parte-hartzaile baten aurretik. Hala eta guztiz ere, ikastetxe jakin bat esleitzeko, lehentasun-eskubidea dela-eta herria edo barrutia eta espezialitatea bermatuta, eskubide hori baliatzen duen parte-hartzailea bere kidego eta espezialitate bereko gainerako parte-hartzaileekin lehiatuko da, merezimenduen baremoaren arabera emandako puntuazioari jarraikiz.

c) Hirugarrenik, gainerako parte-hartzaileen eskaerak esleituko dira, praktiketako funtzionarioenak izan ezik, eta plazak esleitzeko lehentasun-hurrenkera merezimenduen baremoa aplikatuta lortutako puntuazio handienak emango du.

d) Aipatutako esleipenak egin ondoren, praktiketako funtzionarioei destinoa esleituko zaie, praktiketako funtzionario izendapenean agertzen diren ordena kontuan hartuta.

2.– Deialdia aurreko lehentasun-hurrenkeran ebatziko da, aurreko apartatuetako bakoitzean parte hartzen dutenen aldeko lanpostu hutsak eta erresultak esleitzeko lehentasunaren arabera. Horrela, ezingo zaio plazarik esleitu horietako batean parte hartzen duen eskatzaile bati, baldin eta aurreko apartatuan eskubide hobea duen eskatzaile bat badago; hori guztia, alde batera utzi gabe lehentasun-eskubidea gauzatzen dutenei plaza zehatz bat esleitzeari dagokionez xedatzen dena, deialdi honen hamabosgarren eta hamaseigarren oinarrietan ezarritakoaren arabera.

3.– Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, destinoen behin-behineko esleipena onartuko da, lortutako puntuazioaren eta parte-hartzaileen eskaeren lehentasun-ordenaren arabera, baina kontuan hartuta esleipenean lehentasuna dutela ikastetxe baterako lehentasun-eskubideaz eta herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatzen direnek, hurrenkera horretan. Ebazpena eta esleipenaren behin-behineko zerrendak interesdunei jakinarazteko, argitaratu egingo dira, sail honen Interneteko helbide honetan: https://hezigunea.euskadi.eus

4.– Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz, betiere apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz.

Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.

Bi kasuotan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatu bat edo gehiago sartuta dauden apartatuaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiapartatuetan izandako puntuazioak.

Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautaketa-prozesuaren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.

5.– Erreklamazioak.

Lehiatzen diren pertsonek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote behin-behineko esleipenaren ebazpenari, sail honen Interneteko helbide honetan erakusgai jarri eta hurrengo egunetik aurrera 5 egun balioduneko epean: https://hezigunea.euskadi.eus; ebazpenean horretarako ezarritako tokietan ere aurkeztu ahal izango dira erreklamaziook, edo, bestela, hogeita bigarren oinarriko 2. puntuan zehaztutako tokietan.

Hogeita zazpigarrena.– Behin-behinean esleitutako destinoari uko egitea.

Borondatezko lehiakideek, erreklamazioak aurkezteko aurreko oinarrian finkatutako 5 egun balioduneko epean, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari uko egin ahal izango diote, eta uko egite horrek eskabidean egin dituzten eskaera guztietan eragina duela ulertuko da. Uko egiteko eskaerak aurkezteko lekuak erreklamazioetarako adierazitako berberak izango dira.

Horren ondorioetarako, kontuan izan behar da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez duela adierazi nahi behin betiko ebazpenean lortuko ez denik.

Hogeita zortzigarrena.– Destinoak behin betiko esleitzea.

1.– Erreklamazioak aztertuta eta, hala badagokio, aurreko oinarrian aurreikusitako uko egiteak onartu eta gero, destinoen behin betiko esleipena onartzeko agindua emango du Hezkuntzako sailburuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, aginduan, lehiaketako destinoen behin betiko esleipenaren zerrendak non eta noiz argitaratuko diren jakinaraziko da.

2.– Destino-esleipena hogeita seigarren oinarriko 1. apartatuan lanpostu hutsak esleitzeko ezarritako ordenaren arabera egingo da, aintzat hartutako eskaeren eta merezimenduen arabera.

3.– Hainbat espezialitatetako lanpostuetan lehiatuta ere, kidego berean, destino bakar bat lortu ahal izango da.

Hogeita bederatzigarrena.– Behin betiko esleitutako destinoari ezin uko egitea.

Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.

Aitzitik, irakasle-kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2023-2024 ikasturtetik aurrera zein destinotan jardun nahi den hautatu beharko da, hamar egun naturaleko epean, destinoen behin betiko esleipenaren agindua EHAAn argitaratzen denetik hasita. Hala egin ezean, zerbitzu aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion destinoa hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak hustzat joko dira, eta hezkuntza-administrazioak erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.

Aukera hori baliatzeko, Langileak Kudeatzeko zuzendariari idazki bat bidali behar zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako edozein bide erabiliz.

Hogeita hamargarrena.– Zerbitzu aktibora berriz sartzen direnek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eszedentzia aldian egon eta gero lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren irakasleek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte dagokien Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan (esleitutako destinoa dagoen lurraldearen arabera):

a) Eszedentziarako aginduaren kopia.

b) Medikuaren ziurtagiri ofiziala, irakaskuntzan aritzeko gaixotasunik edo beste muga fisiko nahiz psikikorik ez duela adierazten duena.

c) Zinpeko aitorpena edo agindua, diziplina espediente bidez Estatuko Administrazioaren, toki administrazioaren edo autonomia-erkidegoren bateko administrazioaren kidego edo eskala batetik ere kanporatua izan ez dela egiaztatzeko eta, era berean, funtzio publikoak betetzeko gaitasuna kendu ez diotela egiaztatzeko.

Nolanahi ere, hogeita hamabigarren oinarrian adierazitako jabetze-eguna baino lehen aurkeztu beharko dira agiriak.

Hogeita hamaikagarrena.– Baldintzak eta merezimenduak betetzeko epea.

Deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak eta I. eranskineko merezimenduak, ofizioz alegatu edo barematu daitezkeenak, beteta edo aitortuta eduki behar dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta esleitutako destinoaz jabetu arte eutsi beharko zaie, salbuespen hauekin:

– Ikasturte honen amaiera-data erreferentziatzat hartzen duten parte-hartze kasuak (hamargarren oinarria, 1. puntua).

– Praktikak gainditzeko eta karrerako funtzionario izendatzeko data (hamabigarren oinarria).

Hogeita hamabigarrena.– Destinoaz jabetzea.

Destino berriak 2023ko irailaren 1ean hartuko dira jabetzan, eta aurreko destinoak 2023ko abuztuaren 31n utziko dira.

XI. KAPITULUA
DATU PERTSONALAK

Hogeita hamahirugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Parte-hartzaileek aurkeztutako datuak dagokien prozeduran edo jarduketan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (2018ko abenduaren 6ko BOE, 294. zk.) xedatutakoaren arabera arautuko dira datuak tratatzea, hirugarrenei lagatzea eta datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak.

Aipatutako lege organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenetara egokitu beharko dira fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala