Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2022ko urriaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4329

EBAZPENA, 2022ko irailaren 2koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Azkoitiko (Gipuzkoa) arau subsidiarioen barruko bosgarren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2022ko ekainaren 14an, Azkoitiko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Azkoitiko arau subsidiarioen barruko bosgarren aldaketa puntualari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko uztailaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Azkoitiko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesa zuen edonork izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Erantzuteko legezko epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Azkoitiko arau subsidiarioen barruko bosgarren aldaketa puntuala abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azkoitiko arau subsidiarioen barruko bosgarren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea. Hona edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Azkoitiko plangintzako arau subsidiarioak (aurrerantzean, AS) 2007ko ekainaren 19ko bilkuran onartu ziren behin betiko (GAO, 193. zk., 2007ko urriaren 2koa). Ondoren, ASen barruan lau aldaketa egin dira.

ASen barruko 5. aldaketa puntualean proposatutako aldaketen muina, funtsean, eraikigarritasun babestua transferitzea da, eta horrek honako hirigintza-esparru hauetako bakoitzeko lurzati bati eragiten dio: Txalon Erreka izeneko 10. sektoreko bati eta Insausti izeneko 13. eremuko beste bati. Horrez gain, Araudi Orokorra dokumentuko bi manuri eragiten die: 49. eta 57. artikuluei.

Hala, aldaketaren helburuak honako hauek dira:

1.– Txalon Erreka izeneko 10. sektorearen ekialdean eta Insausti izeneko 13. eremuan aldaketa bat egitea:

Insausti izeneko 13. eremua bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatuta dago, 2008ko irailaren 15ean behin betiko onartutako Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren bidez (GAO, 180. zenbakia, 2008ko irailaren 19koa); Txalon Erreka izeneko 10. sektorea, berriz, lurzoru urbanizagarri sektorizatua da, eta plan partzial aldatu bat du, 2012ko uztailaren 5ean behin betiko onartua (GAO, 153. zenbakia, 2012ko abuztuaren 10ekoa).

Indarrean dagoen hirigintza-araubidearen arabera, Txalon Erreka izeneko 10. sektoreak 3 lurzati ditu; horietako bat, «A.10.1.A.a» lurzatia, etxebizitza libreei lotua; Insausti izeneko 13. eremua, berriz, babes publikoko etxebizitzen erabilerara zuzenduta dago oso-osorik.

ASen barruko 5. aldaketak honako hau planteatzen du: Insausti izeneko 13. eremuko 13.1 egikaritze-unitatean (EU) kokatutako «B.4.1.b» lurzatiko (bereizi ondoren 328,09 m2-ko azalera) babes publikoko etxebizitzei lotutako 16 etxebizitza-unitateren eraikigarritasuna Txalon Erreka izeneko 10. sektoreko «A.10.1.A.a» lurzatiari transferitzea (506,40 m2-ko azalera); azken hori, gaur egun, etxebizitza libreetara zuzenduta dago. Horrela, Azkoitiko Udalak, Azkoitia Lantzen SA udal-sozietateak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila) Azkoitiko Txalon Erreka izeneko 10. sektorean babes publikoko etxebizitzak sustatzeko egindako lankidetza-hitzarmenean sinatutakoa beteko litzateke. Ondorioz, Insausti izeneko 13. eremuko «B.4.1.b» lurzatiak etxebizitza libreetara bideratutako lurzatiei dagokien erregimena izango du aurrerantzean.

2.– Araudi Orokorra dokumentuko 49. eta 57. artikuluen aldaketa:

a) 49. artikuluaren aldaketa. Eraikuntza-aprobetxamendua neurtzeko irizpideak.

Etxebizitzen baldintza berriak, teknikoak eta dimentsionamendukoak, finkatuko dituen Eusko Jaurlaritzaren etorkizuneko dekretu berriari jarraituz. Eraikinetako espazio irekien (balkoiak, terrazak, ataripeak eta hegalak, oro har) azaleraren % 50a neurketan barne hartzeari utziko zaio, eta, horren ordez, elementu horiek, hirigintza-ondoreei dagokienez, eraikigarritasun fisikoa neurtzeko inolako kalkulutan ez sartzeko irizpide berri bat ezarriko da. Nolanahi ere, eraikigarritasuna kalkulatzeko, hirigintza-ondoreetarako, horiek kontuan ez hartzea bat dator Hirigintza-estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritako zehaztapenekin ere.

b) 57. artikuluaren aldaketa. Estalkiak.

Bizilagunen komunitateei erabilera eta instalazio gehiago emateko, eraikinen estalki lauetan, eraikineko instalazio komunetako elementu osagarriez gain (igogailu-etxola, tximiniak, antenak, argi-zuloak, etab.), eraikinari zerbitzu emango dioten aisialdirako eta kirolerako instalazioak ere jarri ahal izango dira, hala nola solariumak, igerilekuak eta abar.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak Insausti izeneko 13. eremuko «B.4.1.b» lurzatiko eta Txalon Erreka izeneko 10. sektoreko «A.10.1.A.a» lurzatiko etxebizitza-araubideak aldatu besterik ez du egiten, bi eremu horietan onartutako antolamendu xehatuan aldaketarik eragin gabe. Era berean, ASetako araudi orokorreko bi artikulu aldatuko dira, eraikuntza-aprobetxamenduaren neurketari eta bizitegi-eraikinetako estalkiei buruzkoak. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekiko.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Garapen berriek energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzakete barnean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, lurzoruaren eta uren babesari, uholde-arriskuari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

ASen aldaketa honen ardatza bi eremu dira: Insausti izeneko 13. eremuko 13.1 egikaritze-unitatean (EU) kokatutako «B.4.1.b» lurzatia, 328,09 m2-ko azalerakoa, eta Txalon Erreka izeneko 10. sektorean kokatutako «A.10.1.A.a» lurzatia, 506,40 m2-koa. Era berean, ASen Araudi Orokorraren artikuluetan aldaketa bat egitea proposatzen da, zeinak udalerriko bizitegi-garapenean eragina izango duen. Nolanahi ere, araudi hori aldatzeak izan dezakeen ingurumen-irismen txikia kontuan hartuta, ingurunearen azterketan Insausti izeneko 13. eremua eta Txalon Erreka izeneko 10. sektorea baino ez dira kontuan hartuko aldaketa-eremu gisa.

Gaur egun, Insausti izeneko 13. eremuan industria-erabilerako eraikinak daude; Txalon Erreka izeneko 10. sektorea, berriz, landa-eremu bat da, baserri sakabanatuz eta baratzez osatua.

Hidrologiari dagokionez, aztergai dauden eremuak Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Urolako Unitate Hidrologikoari dagozkio. Txalon Erreka izeneko 10. sektorea, izenak dioen bezala, Txalon errekak zeharkatzen du hego-ekialdetik mendebaldera. Insausti izeneko 13. eremuaren ekialdeko mugatik Urola ibaia igarotzen da.

Lurpeko hidrologiari dagokionez, Azkoitiko herrigunearen zatirik handiena, baita 13. eremua ere, Izarraitz ur-masaren gainean daude. Herrigunearen hego-mendebaldeko eremua eta 10. sektorea Iparraldeko Antiklinorioko masaren gainean daude. 13. eremua, herrigunearen zati handi batekin batera, Interes Hidrogeologikoko Eremu gisa identifikatuta dago.

13. eremua urbanizatuta dago eta zati batean industria-eraikinak eta -instalazioak daude; beraz, nagusiki, landaredi erruderal-nitrofiloa eta industrialdeko lorategi-guneetako espezie apaingarriak baino ez daude. Eremuaren ekialdeko mugan, Urola ibaiaren ondoan, ibaiertzeko basoa dago. 10. sektorean, hiri-periferiako landa-eremuetako habitat bereizgarriak agertzen dira; zehazki, belardiak, hostozabalen heskaiak, baratzeak eta laboreak daude. Sektore horretan 6510 Batasunaren intereseko habitata dago (artzaintzarik gabeko sega-belardi atlantikoa).

Aztergai dagoen eremuan, fauna gehienbat hiri-ingurunekoa edo hiri-periferiakoa da; beraz, bertan ez dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartutako espezierik, ezta fauna mehatxatuarentzako interes bereziko eremurik ere.

Ez Azkoitiko hiri-eremua, ez aztergai den eremua ez dira ezein naturagune babesturen parte, ezta ezein natura-intereseko lekurena nahiz korridore ekologikoena ere.

Azkoitiko ASek interes historiko-artistiko eta naturalistikoko ondarearen eta ondare arkeologikoaren katalogo bat dute, eta, barne hartzen dituen askotariko elementuen artean, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: Hirigune historikoa, Monumentu Multzo deklaratua, urtarrilaren 25eko 17/2005 Dekretuaren bidez (EHAA, 2005-02-04). Txalon Erreka izeneko 10. sektorearen zati batean, Azkoitiko Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoko 1. eremua dago, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean Kultura Ondare gisa inskribatua, Monumentu Multzo kategoriarekin, Kulturako sailburuaren 1998ko ekainaren 3ko Aginduaren bidez (EHAA, 1998-07-02). Hala ere, ASen aldaketak ez du eraginik eremu horretan.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, Insausti eremu osoan Urola ibaiak uholdeak sortzeko arriskua dago; 10 eta 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua, hain zuzen. Era berean, Txalon Erreka izeneko 10. sektorearen azalera txiki batean Txalon errekak uholdeak sortzeko arriskua dago; 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde arriskua, hain zuzen. Bi ur-ibilguak, aztergai dugun eremuan, ES017-GIP-URO-04 Azkoitia UAHEaren barruan sartzen dira.

Insausti izeneko 13. eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten zazpi lurzati daude, guztiak industria-jatorrikoak eta honako kode hauen bidez identifikatuak: 20017-00084, 20017-00085, 20017-00086, 20017-00087, 20017-00088, 20017-00089 eta 20017-00090.

Insausti izeneko 13. eremua akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko eremu batean dago; Txalon Erreka sektorea, berriz, kalteberatasun ertaineko eta oso txikiko eremu batean.

Salgai arriskutsuak garraiatzeagatiko arriskuari dagokionez, GI-631 errepideak oso arrisku txikia du, eta bi eremuak 600 metroko afekzio-bandaren barruan daude, baina Txalon Erreka izeneko 10. sektorearen zati bat 200 eta 100 metroko afekzio-bandaren barruan ere badago.

Egoera akustikoari dagokionez, Azkoitiko Zarataren Mapa Estrategikoaren arabera (CECORek 2017an egina), gaur egun, 13. eremuan, goizez eta arratsaldez, zarata-maila 65 dB(A)-tik beherakoa da; 10. sektorean, berriz, 60 dB(A)-tik beherakoa. Gauez, 13. eremuko eta 10. sektoreko maila akustikoak 55 dB(A) eta 50 dB(A)-tik beherakoak dira, hurrenez hurren.

Planean biltzen diren jarduketen inpaktuak honako hauen ondoriozkoak izango dira batez ere: Insausti izeneko 13. eremuko industria-instalazioen eraistea, bizitegi-eraikin berrien eraikuntza- eta urbanizazio-obrak, lurzorua okupatzea, landaredia moztea eta kentzea, hondakinak sortzea, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei eragitea, makinen joan-etorriak, lurzoruak eta urak istripuzko isurien bidez kaltetzea, herritarrei eragozpenak sortzea emisioen eta zaraten ondorioz, eta abar. Horiek horrela, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa.

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Ildo horretan, aurretik adierazi bezala, Planak Insausti izeneko 13. eremuko «B.4.1.b» lurzatiko eta Txalon Erreka izeneko 10. sektoreko «A.10.1.A.a» lurzatiko etxebizitza-araubideak aldatu besterik ez du egiten, bi eremu horietan onartutako antolamendu xehatuan aldaketarik eragin gabe. Era berean, ASetako araudi orokorreko bi artikulu aldatuko dira, eraikuntza-aprobetxamenduaren neurketari eta bizitegi-eraikinetako estalkiei buruzkoak.

Uholde-arriskuei dagokienez, aurreikusitako jarduketak bateragarria izan beharko du Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren indarreko araudian xedatutakoa betetzearekin, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako araudi espezifikoan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan xedatutakoarekin ere, betiere alde batera utzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

Bestetik, Insausti izeneko 13. eremuan kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati batzuk daude; hortaz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa kontuan hartu beharko da.

Zaratari dagokionez, ez da espero eremuen egoera akustikoa aldatuko denik Planaren Aldaketa garatzearen ondorioz. Nolanahi ere, bizitegi-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Azkoitiko arau subsidiarioen barruko bosgarren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen Ebazpen honetan adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoari jarraikiz.

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak lotuta egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

– Hautemandako ingurumen-arriskuekin lotutako neurriak:

• Uholde-arriskua: Planak kontuan izan behar ditu indarreko Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako berariazko araudian xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa ere, alde batera utzi gabe, betiere, administrazio hidrauliko eskudunak Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

Planak edo, bestela, planaren garapenak barne hartuko ditu bildutako ur-bolumena jatorrian murrizteko prebentzio-neurriak, azalera iragazgaitzak mugatuz eta drainatze jasangarriko sistemak ezarriz, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAPen E.4 epigrafean eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 126.ter artikuluaren 7. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea) uholde-arriskua duten eremuetan, uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

• Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak: Insausti izeneko 13. eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dauden lurzatietako jarduketei dagokienez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.

Kokagunean materialak hondeatu behar izanez gero, hondeaketa-plan bat idatzi beharko da, ingurumen-organoak onartu beharrekoa. Plan horrek hondeatu beharreko materialak kudeatzeko bide egokia zehaztu beharko du, eta, kanpokoa bada, ezaugarritzearen bidez egin beharko du hori, aintzat hartuz Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua.

Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten funtsezko zantzuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Azkoitiko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

• Ustiaketako zarata: Txalon Erreka izeneko 10. sektorearen azalera txiki bat Gipuzkoako errepideen zortasun akustikoko eremuaren barruan dago, beraz, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura hori kudeatzen duen organoaren txostena beharko da nahitaez.

Beste alde batetik, Planetik eratorritako jarduketek gune akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko dituzte, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Ingurune hidrikoa babesteko neurriak:

• Ibilguen zaintza-eremuan eta jabari publiko hidraulikoan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren administrazio-baimena beharko da.

• Jabari Publiko Hidraulikoan eta hura babesteko zortasun-eremuan ez da eragingo zuzeneko afektaziorik, ez eta zeharkako afektaziorik ere, sor litezkeen solido esekien edo arrastatutako edo jariatutako kutsatzaileen ondoriozkorik. Beharrezkoa izanez gero, jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, eta/edo dekantazio-putzuak, horien bitartez ingurune hidrikora askoz ekarpen solido gutxiago egiteko.

• Hiriko drainatze-azpiegituren bidez biltzen diren euri-urak, jabari publiko hidraulikoa kutsatu badezakete, hondakin-urak dira, eta Administrazio hidraulikoaren aurrean isurketak baimentzeko prozedura bete beharko dute.

– Ekologia-lehengoratze eta -integrazioari buruzko neurriak:

• Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak, solidoak ibilguetara arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ekiditeko. Espezie autoktonoak erabiliko dira, harizti azidofiloaren konplexuaren ezaugarriak lehenetsiz, oro har, eta, ibilguen inguruan, haltzadi kantauriarraren ezaugarriak. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren.

• Espazio libreak diseinatzeko, landareztatzea «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioen eta neurrien arabera egingo da. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ondu zuen.

• Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko neurriak hartu behar dira, espezie horiek deuseztatzeko eta eremuetan zabaltzea saihesteko. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; besteak beste, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

• Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar. Behar diren neurriak hartu beharko dira, bestalde, jarduketek eraginik izan ez dezaten lurzoruan eta lurpeko uretan.

• Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineriaren parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, ibaien ibilbideetatik urrun. Ahal dela, makineriarik ez da ipiniko iragazgaiztu gabeko eremuetan.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, lanetan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berriak inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek gutxienez arlo hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argiaren emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Azkoitiko arau subsidiarioen barruko bosgarren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Azkoitiko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Azkoitiko arau subsidiarioen barruko bosgarren aldaketa puntuala onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 2a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala