Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2022ko urriaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4328

EBAZPENA, 2022ko irailaren 2koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gueñes udal-mugarteko (Bizkaia) eraikuntzako eta eraispeneko hondakin geldoak jaso, tratatu eta balorizatzeko Andaroleta instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2022ko ekainaren 14an, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Bizkaiko Ordezkaritzako Meategi Atalak eskabide bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Gueñes udal-mugarteko (Bizkaia) eraikuntzako eta eraispeneko hondakin geldoak jaso, tratatu eta balorizatzeko Andaroleta instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko ekainaren 29an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila jasoa bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen E9) taldeko 9.B epigrafean xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie «hondakinak deuseztatzeko edo balioztatzeko instalazioei, jarduera aire zabalean edo industrialdeetatik kanpo egiten bada». Txosten honen xede den proiektua Gueñesko Andaroleta harrobiaren egungo instalazioetan hondakin geldoak balorizatzean datza.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gueñes udal-mugarteko (Bizkaia) eraikuntzako eta eraispeneko hondakin geldoak jaso, tratatu eta balorizatzeko Andaroleta instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honela:

A) Proiektuaren xedea eraikuntza- eta eraispen-obretako hondakin geldoak (EEH) kudeatzea da; hau da, EEHak jaso eta onartzea, ondoren agregakin birziklatu gisa balorizatzeko, birrinduta eta bahetuta. Horretarako, Andaroleta harrobian kareharria erauzteko eta agregakin naturalak tratatzeko eta ekoizteko gaur egun dauden instalazioak erabiliko dira. Halaber, zepak tratatzeko hondakinen kudeaketa eta balorizaziotik eratorritako agregakin siderurgikoa behin-behinean pilatzea aurreikusten da.

B) Gueñes udal-mugarteko (Bizkaia) eraikuntzako eta eraispeneko hondakin geldoak jaso, tratatu eta balorizatzeko Andaroleta instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren helburua eraikuntza- eta eraispen-obretatik (EEH) datozen hondakin geldoak kudeatzea da. Kudeaketa hori eraikuntzako eta eraisketetako hondakinak jaso eta onartuz hasiko da, ondoren agregakin birziklatu gisa balorizatzeko (haiek birrinduz eta bahetuz). Horretarako, Andaroleta harrobiko egungo instalazioak erabiliko dira (kareharria erauzteko eta agregakin naturalak tratatzeko eta ekoizteko da). Halaber, zepak tratatzeko hondakinen kudeaketa eta balorizaziotik eratorritako agregakin siderurgikoa behin-behinean pilatzea aurreikusten da.

Eremuan indarrean dagoen plangintza Gueñesko udalerriko Arau Subsidiarioak dira (1756/2006 Foru Agindua, azaroaren 21ekoa). Bertan, harrobiko lursailak lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzen dira, eta erauzketa-jarduerak baimentzen. Halaber, Garraioetako eta Hirigintzako foru-diputatuaren maiatzaren 26ko 774/2011 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onartu zen Arau Subsidiarioak Gueñesko udalerriko Andaroleta harrobia handitzeko aldatzea.

Meategiaren ustiapenak 1992ko urriaren 20ko ingurumen-inpaktuaren adierazpena dauka (1992ko abenduaren 31ko EHAA, 254. zk.), Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 2015eko maiatzaren 12an aldatua, kutsatzaileak izan daitezkeen jarduerak garatzeko baimena eman baitzuen (AKDJ).

2011ko ekainaren 9ko Ebazpenaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak baimena eman zuen egungo ustiapen-proiektu orokorra eta ukitutako espazioa lehengoratzeko plana egiteko.

Industria, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Bizkaiko ordezkariak harrobia lehengoratzeko plana onartu zuen 2021eko azaroaren 5ean.

Halaber, harrobiak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren isurketa-baimena du.

Harrobiaren egungo egoera kontuan hartuta, agregakin naturalak fabrikatzeko behar diren azpiegiturak ditu harrobiak, eta EEHak tratatzeko ere balio izango dute. Metalak hondakinetatik kentzeko sistema gehigarri bat (bereizgailu magnetikoak) ezarri behar da.

Ezarri beharreko jarduera berriak (meatze-jarduerarekin batera egongo da), 150.000 t/urte (90 t/h) EEH kudeatzeko gaitasuna izango du, gutxi gorabehera. Gueñes udalerrian eta eskualde mugakideetan (20 km inguruko akzio-eremuan) sortutako EEH hondakinak kudeatuko dira. Kudeatutako hondakinak geldoak izango dira, jatorrian sailkatuta (EEH garbiak). Jarraian, hona hemen instalazioan onartutako hondakinak, Europako Hondakinen Zerrendaren (EHZ) arabera:

– EHZ 17.01.01: Hormigoia.

– EHZ 17.01.07: 17.01.06 kodean zehaztutakoak ez diren hormigoiz, adreiluz, teilaz eta zeramika-materialez egindako nahasteak.

– EHZ 10.02.01: Zepak tratatzeko hondakinen kudeaketatik eta balorizaziotik eratorritako agregakin siderurgikoa (20.000 t/urte).

Lortutako produktuak batez ere (% 93) askotariko granulometrietako agregakin birziklatuak izango dira (EEH garbietatik datoz). Neurri txikiagoan, EEHen aldez aurreko baheketa-prozesutik eratorritako errefus-lurrak lortuko dira (% 5), bai eta metalezko elementuak ere, hala nola burdina eta altzairua (EHZ 17.04.05) edo balorizatu ezin diren inpropioak (plastikoa, egurrak, metalak, igeltsua, hondakin arriskutsuak, etab.), onartutako hondakinekin batera agertuta (% 2).

Jarraian, hona hemen instalazioaren eremuak eta ekoizte-prozesua:

– Harrera-, pisatze- eta kontrol-eremua: Harrobira BI-636 errepidetik sartzen da ibilgailuz, asfaltatutako bide batetik.

– Bulegoen, aldagelen eta jantokiaren eremua.

– Langile eta bezeroentzako aparkalekuen eremua.

– Deskargatu eta sailkatzeko eremuak: EEHak eta agregakin siderurgikoak tratatu aurretik biltegiratuko dira, bereiz, zabor-zola trinkotu eta hormigoizko 20-30 cm-ko lauza batez iragazgaiztutako plataformen gainean. EEHen metaketak 4.652 m2-ko azalera hartuko du, eta agregakin siderurgikoak 2.000 m2-koa. 5 m3-ko edukiontziak jarriko dira balizko inpropioak biltegiratzeko, eta 1 m3-koak, hondakin arriskutsuetarako.

– Tratamendu-eremua: Bertan, lehenik eta behin, elikatzeko eta birrintzeko eremu primario bat dago (bereizgailu magnetikoa du), eta, ondoren, inpaktu-errotaren eta sailkapen-baheen eremu bat (bereizgailu magnetikoarekin), eta, azkenik, agregakinak metatzeko eremuak.

– Errefusak eta agregakin birziklatuak biltzeko eremuak: Amaitutako produktuak 50m3-ko 10 silo itxitan biltegiratzen dira; silo horiek ehotze- eta sailkatze-instalazioetan integratuta daude. Ekoizpenak siloen edukiera gainditzen badu, agregakin birziklatuak aire zabalean bilduko dira, granulometriaren arabera bereizita. Agregakin birziklatuak pilatzeko, guztira, 10.648 m2-ko azalera aurreikusten da.

Jarduera instalatzeko behar diren obrei dagokienez, pilaketak hartzen dituzten plataformak baino ez dira sortuko. Horrela, 8.180 m3 induskatuko dira, eta antzeko betetze-bolumena egongo da +120 kotan kokatutako plataformarako. +97 eta +94 plataformetan 5.380 m3 induskatuko dira, antzeko betetze-bolumenarekin.

Jariatze-ura metatu ez dadin, plataformek malda txiki bat izango dute, jariatze-ura harrobiko drainatze-sarera ebakuatu ahal izateko. Sare hori dekantazio-putzuen sistema batean amaitzen da, eta horren soberakina Zaramillo auzorantz jaisten den kolektore batera doa. Metaketek alboko itxiturak izango dituzte, eta, tipologiaren arabera, ez dute lixibiaturik sortuko.

Instalazioan EEHen tratamendu- eta balorizazio-jarduera amaitzen denean, agregakin naturalak fabrikatzeko baino ez da erabiliko. Jarduera bertan behera utzi ondoren, lehengoratzea harrobirako baimendutako lehengoratze-planaren arabera egingo da. Errefus-materialak balorizatu ahal izango dira meategiak lehengoratzeko erabiliz, zabortegirik sor ez dadin.

Aukerei dagokienez, 0. aukera, jarduera ez ezartzea, eta 1. aukera, proiektuak garatutakoa, aztertu dira. 0 aukera baztertu da, Gueñesen inguruan sortutako EEHen balorizazioa bultzatu nahi baita, eta horien garraio-distantzia eta sor daitezkeen ingurumen-inpaktuak murriztu.

1. aukera hartzea justifikatzen da; izan ere, Andaroleta harrobiak eta bere instalazioek badituzte EEHak balorizatzeko instalazioaren funtzionamenduak behar dituen eremu eta eskakizun tekniko guztiak; ondorioz, ez da obra berririk egitea mugatzen da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren eremua Andaroleta harrobian dago, Zaramillon, Gueñesko udal-mugartean. Jarduera egungo meatze-ustiapenak eragindako lursailen barruan ezarriko da; hortaz, dagoeneko eraldatutako azalera da, ingurumen-baliorik gabea.

Proiektuaren esparrua ez dago naturagune babestu baten barruan kokatuta, ez eta natura-intereseko leku batean ere, eta bertan ez dago fauna- eta flora-espezie mehatxaturik. Halaber, ez da interes geologikoko tokirik identifikatzen, ez dago jasota LAGen natura-intereseko eremuen zerrendan, eta ez dago EAEko Korridore Ekologikoen Sareko elementu bakar batean ere. Ez da interes arkeologiko edo arkitektonikoko elementurik identifikatu.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun ertaineko eremu batean dago harrobia. Zehazki, Hego Antiklinorio lurpeko ur-masaren interes hidrogeologikoko zonan batean dago.

Aldea ez dago uholde-arriskuko eremuan, eta ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, pilaketetarako plataformak gauzatzeko obren fasean sortuko dira inpakturik adierazgarrienak. Nolanahi ere, gaur egungo meatze-ustiategiak EEHak balorizatzeko jarduera garatzeko behar den azalera du, azalera berriei eragin beharrik gabe.

Jarduera berria Andaroleta harrobiaren onura-instalazioen aldi baterako erabilera da; hori horrela, kareharria agregakin naturala egiteko erabili ordez, jatorrian sailkatutako hormigoizko hondakin geldoak (EEH garbiak) erabiliko dira agregakin birziklatua fabrikatzeko, eta horrek ez dakar lantegiko jarduerak gaur egun ingurumenean dituen inpaktuak aldatzea.

Halaber, emandako informazioaren arabera, instalazioaren funtzionamenduak ez du ekarriko ur-beharrak handitzea, ezta isurketaren ezaugarriak aldatzea ere. Hondakin gehiago sortuko dira, halere, eta, horien izaeraren arabera, lurzatiaren kanpoaldera eramango dira (kudeatzaile baimendua) edo zabortegian utziko dira.

EEHen tratamendu- eta balorizazio-jarduera amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien zuzendariak 2021eko azaroaren 5ean onartu eta baimendutako Lehengoratze Plana aplikatuko zaio eremuari.

Ezarri beharreko jarduera berria kutsa dezaketen jardueratzat hartzen da urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren arabera. Dekretu horrek lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen ditu. Hori horrela, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Gueñes udal-mugarteko (Bizkaia) eraikuntzako eta eraispeneko hondakin geldoak jaso, tratatu eta balorizatzeko Andaroleta instalazioaren proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Proiektuan neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak jasoko dira, baita ingurumena zaintzeko programa ere, 2011ko apirilaren 14ko 764. zenbakiko Foru Aginduan definitutakoa. Agindu horren bidez, Gueñesko Arau Subsidiarioak Andaroleta harrobia handitzeko aldatzearen ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen.

Gainera, honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gainera, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:

Egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Instalaziotik datozen euri-urak drainatze-azpiegituren bitartez bildu beharko dira. Azpiegitura horiek isurkinaren izaerara egokitutako arazketa-gailuak eta beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen araberako neurriak izango dituzte, solidoak ahalik eta hobekien atxiki ahal izateko, isurketa lokalizatua izateko eta isurkinak kolektorera isurtzeko nahitaezko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoekin bat datozela bermatzeko.

– Ura isurtzeari dagokionez, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 2007an harrobiaren jarduerarako horretarako eman zuen baimenean ezarritako mugak eta kontrolak betetzeaz gain, arazteko sistemaren mantentze-lanak egingo dira, behar bezala funtzionatzeko behar den maiztasunarekin. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.

– Ez da eraginik izango Aguayaga eta Aguasfrías erreketako uren kalitatean, ezta Cadagua ibaiarenean ere.

– Erauzketa-lanek ez dute eraginik izango Saratxo iturburuan.

– Lehengaiak eta balorizatutako materialak horretarako prestatutako kokalekuan bakarrik biltegiratuko dira, eta bertako hormigoizko zola egoera ezin hobean egongo da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arrisku-eremurik gabe.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak edukiko dituzte. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.

– Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Jarduera berria Lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda ezartzen duen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren barruan dago; beraz, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

Sustatzaileak EEHak balorizatzeko proposatutako jarduerei jakinarazi beharko dio (horretarako prestatutako bitartekoen bidez) Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzako Aire Zerbitzuari, zuzendaritza horrek egoki deritzen oharrak egin diezazkion Andaroleta harrobiko instalazioari emandako atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako (AKDJ) baimenari.

Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerak honako hauek bete behar ditu: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa eta Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan zehazten diren betebeharrak.

AKDJ baimenean ezarritako baldintzak betetzeari kalterik egin gabe, kutsatzaileak aireratzea minimizatu beharko dira, bai konfinatuak, bai lausoak, ahal den neurrian teknika erabilgarri onenak aplikatuz. Bereziki, hauts-itxurako materialaren zamalanetan, garraioan eta pilatze-lanetan sortutako emisio lausoak ahalik eta gehien murrizteko neurriak aplikatuko dira. Horretarako, neurri hauek hartuko dira aintzat:

– Emisioak biltzeko sistemak behar bezala mantenduko dira, eta instalazioa garbi eduki beharko da (sarbideak, igarobideak eta kamioien zamalanetarako guneak). Ibilgailuen eta makinen bideak eta zirkulazio-eremuak garbituko dira, eta ibilgailuen abiadura mugatuta da.

– Zamalanak ahalik eta gutxien egingo dira, eta horiek egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortuz jardungo da; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.

– Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

– Klima-baldintza txarretan (haize bolada handiak, euriteak eta abar), ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko aire zabalean.

– Pilaketa-eremua hezetzeko eta kamioiak igarotzen diren eremuak ureztatzeko sistemak izango dira.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

– Plantaren instalazioen plangintzak, ikuskapenak eta mantentze-lanak egingo dira aldian behin, arestian deskribatutako prebentzio-neurrien betetze-maila egiaztatzeko.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden hots-kalitatearen helburuak ez gainditzeko moduan.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, hala nahastea ekiditeko, nola, obran edo instalazioan bertan ez badira berrerabiliko, kudeatzaile baimendu bati entregatzeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Jarduera uztea.

– Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Harrobiko eremua lehengoratzeko, indarrean dagoen Andaroleta harrobia lehengoratzeko planari jarraituko zaio. Alde horretatik, azpimarratu behar da Acacia dealbata espezieko aleak kendu beharko direla, eta Saratxo inguruan mintegi bat sortuko da bildutako espezieen haziekin, baso autoktonoa modu eraginkorrean zabalduko dela bermatzeko. Landareztatuko den azalera harrobia handitzeak ezabatutako baso-azaleraren bikoitza izango da.

– Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo adierazgarririk sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Hanson Hispania SAU enpresak Gueñes udal-mugarteko (Bizkaia) eraikuntzako eta eraispeneko hondakin geldoak jaso, tratatu eta balorizatzeko Andaroleta instalazioaren proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 2a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala