Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2022ko urriaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4275

EBAZPENA, 2022ko abuztuaren 11koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi eta aldatzen baita Sertego Servicios Medioambientales SLUri emandako ingurumen-baimen integratua, ontzi-hondakinak kudeatzeko eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeko jarduerarako Asparreneko udal-mugartean.

EGITATEAK

1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen zaio Sertego Servicios Medioambientales SLUk Asparreneko udal-mugartean (Araba) ontzi-hondakinak kudeatu eta aldi baterako biltegiratzeko sustatu duen instalazioari.

2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez, aldatu eta eraginkor bihurtu zen honako honetarako ingurumen-baimen integratua: Sertego Servicios Medioambientales SLUri Asparreneko udal-mugartean (Araba) ontzi-hondakinak kudeatzeko eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeko jarduera; halaber, 16-I-01-000000000378 baimen-zenbakia esleitu zitzaion baimen horri.

3.– 2016ko abuztuaren 22an, Sertego Servicios Medioambientales SLUk bere baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, 2016ko apirilean instalazioan erregistratutako sutearen ondoren pabilioia –erortzear zegoena– eraistean zetzana, eta organo honek aldaketa hori ez-funtsezkotzat berretsi zuen 2016ko irailaren 2an.

4.– 2017ko urtarrilaren 18an, Sertego Servicios Medioambientales SLUk bere baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, ontziak tratatzeko pabilioia eraitsi ondoren berreraikitzean zetzana, eta organo honek aldaketa hori ez-funtsezkotzat berretsi zuen 2017ko otsailaren 22an.

5.– 2018ko ekainaren 5ean, Sertego Servicios Medioambientales SLUk bere baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, kutsatutako plastikoa birrintzeko eta garbitzeko linea berri bat instalatzean zetzana, sutearen ondoren linea zaharra ezabatuz, eta organo honek aldaketa hori ez-funtsezkotzat berretsi zuen 2018ko ekainaren 7an.

6.– 2018ko abuztuaren 17an, Sertego Servicios Medioambientales SLUk bere baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, hondakin arriskutsuak soltean deskargatzeko bi eremu bereiz instalatzean zetzana, eta organo honek aldaketa hori ez-funtsezkotzat berretsi zuen 2018ko urriaren 17an.

7.– 2020ko ekainaren 17an eta 2021eko otsailaren 19an, Sertego Servicios Medioambientales SLUk bere baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen, honako honetan zetzana: instalazioan kudeatu beharreko Europako Hondakin Zerrendako (EHZ) kode berriak txertatzea, R12, R13 eta D15 kodea sartzea hondakinak fardeletan edo soltean aldi baterako biltegiratzeko kudeatutako hondakin guztietarako, eta ingurumen-baimen integratuan sartzea BOEn argitaratutako EHZ kode berriak (27/2021 Errege Dekretua, urtarrilaren 19koa, bi errege-dekretu hauek aldatzen dituena: 106/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Pila eta metagailuei, eta horien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa, eta 110/2015 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, Gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzkoa).Organo honek aldaketa hori ez-funtsezkotzat berretsi zuen 2018ko urriaren 18an.

8.– 2021eko uztailaren 15ean, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Sertego Servicios Medioambientales SLUri: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko bestelako dokumentuak.

9.– 2021eko uztailaren 26an aurkeztu zituen Sertego Servicios Medioambientales SLUk ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zizkioten agiriak.

10.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko irailaren 10eko Iragarkiaren bidez, Sertego Servicios Medioambientales SLUren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, eta, horrenbestez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2021eko urriaren 6an.

11.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena jendaurrean jartzeko izapideak amaitutakoan, alegaziorik ez dela aurkeztu egiaztatu da.

12.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Asparreneko Udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari, 2021eko abenduaren 2an.

13.– 2021eko abenduaren 30ean eta 2022ko otsailaren 2an, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Asparreneko Udalak txostenak bidali zituzten, eta espedientean dago jasota emaitza.

14.– 2022ko uztailaren 22an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Sertego Servicios Medioambientales SLUren esku utzi zen espediente osoa, eta espedientean dago jasota emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

3.– 2018ko abuztuaren 17an, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu zen Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakia (EB), hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren industria-isuriei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

4.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

5.– Ingurumen-baimen integratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko Sailburuordearen 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren kondizioak, ebazpen horren laugarren apartatuan ezarritakoari eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen BREF dokumentu hauen edukiak hartu dira kontuan: Biltegiratzeko BREF («Reference Document on Best Available Techiniques on Emissions from Storage»), 2006ko uztailekoa; eta hondakinen tratamendurako MTD («Best available techniques conclusions for waste treatment»), 2018ko abuztukoa.

7.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikuluan, izapideen kontzentrazioari buruzkoan, xedatutakoa aplikatuko da: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioari jarraikiz, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

8.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak Ebazpen hau emateko eskumena du, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

9.– Aipatutako legeria, eta, oro har zein berariaz, gai honetan aplikagarri diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sertego Servicios Medioambientales SLUri Asparreneko udal-mugartean (Araba) ontzi-hondakinak kudeatzeko eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua berrikustea. Baimen hori 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez eman zen, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakian (EB) jasotako baldintzetan.

Bigarrena.– Aldatzea Sertego Servicios Medioambientales SLUri emandako ingurumen-baimen integratua, 2015eko uztailaren 7ko Ebazpenaren bidez emana, ontzi-hondakinak kudeatzeko eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeko jarduerarako, eta, ildo horretan, ebazpen horren Lehenengo, Bigarren, Laugarren eta Seigarren apartatuak aldatzea. Honela geratu da idatzita:

«Lehenengoa.– Sertego Servicios Medioambientales SLUri (helbidea: Camino de las hormigueras, 171, Madril; IFK: B-83667725) ingurumen-baimen bateratua ematea Asparreneko udal-mugartean hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazio baterako, Ebazpen honen bigarren apartatuan ezarritako baldintzekin.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa) 1. eranskineko 5.6 kategorian dago sartuta jarduera hori:

«5.6.– Ontzi-hondakinak kudeatzea eta 5.5 paragrafoan bildu ez diren hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea, 5.1, 5.2, 5.5 eta 5.7 paragrafoetan adierazitako tratamenduetako bat aplikatu arte, 50 tonatik gorako edukierarekin, jasotzeko zain dagoen bitartean sortu den lekuan bertan aldi baterako biltegiratzea alde batera utzita.»

Instalazioan bi jarduera egiten dira: ontzi-hondakinen amaierako kudeaketa eta hondakinen aldi baterako biltegiratzea, fardeletan edo soltean.

Instalazioa Barizeta kaleko 8. zenbakian dago, Asparrena-Donemiliagako industrialdean, eta bi pabilioiz osatuta dago:

– Ekoizpen-pabilioia, 2.300 m2ko azalera duena. Bertan, kutsatutako plastikoa birrintzeko eta garbitzeko linea (R12) dago, baita solteko hondakinak aldi baterako biltegiratzeko tokia (R13) eta bulego-eraikina ere.

– Biltegiratze-pabilioia, 1.418,75 m2ko azalera duena. Bertan, hondakinak aldi baterako biltegiratzen dira fardelean, eta tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak (TEEHak) aldi baterako biltegiratzen dira.

Plastiko kutsatua birrintzeko eta garbitzeko linea (R12 kudeaketa-eragiketa):

Birrindu beharreko materiala birrintze-unitatearen (errota) gainean jarritako elikadura-tobera baten bidez elikatzen da. Errotak funtzionatzen duen bitartean, ura sartzen du toberatik, birrintzetik has dadin garbiketa-prozesua.

Birrindutako materiala garraiagailura erortzen da. Zulatutako ehun metaliko bat du, ura garraiagailuaren azpian dagoen andelera isuriz joan dadin, eta zentrifugagailura bideratzen da.

Garraiagailutik ateratzen den materiala hurrengo ekipoko toberaraino bideratzen da, hau da, garbitzeko eta dekantatzeko putzura. Materiala garraiatzen den bitartean, metalezko partikulak overband baten bidez ezabatzen dira (garraiagailuaren parte integratzaile da overbanda), eta metalak ontzi indibidual batean uzten dira.

Putzuan materiala irabiatuz garbitzen da. Zikinkeriaren zati bat putzuaren hondora joaten da, eta han torloju amaigabeko garraiagailu horizontal batetik harrera-kaxa bateraino bideratzen da, eta han, geroago, ateratzeko beste torloju batek jasotzen du.

Plastiko garbia torloju amaigabeko garraiagailu batetik bideratzen da zentrifugagailura. Garraiagailu horrek iragazki bat du azpian soberan dagoen ura biltzeko eta sistemara birbideratzeko.

Zentrifugagailuan plastikoa lehortu egiten da eta soberako ura leheneratzen da sisteman sartzeko. Zentrifugagailuak autogarbiketa-sistema bat du, aldizkako karrakaketa bidez.

Zentrifugagailuan sortutako hondakinak zikloi bidez xurgatzen dira eta big-bagetan biltegiratzen dira.

Lineak modulu hauek ditu eta 2.850 tona/urteko tratamendu-edukiera du:

– Elikadura-uhala.

– Errota birrintzailea.

– Uhal garraiatzailea.

– Garbiketa-putzua.

– Zentrifugoa.

– Zakuratzeko gunea.

Ontziak fardeletan edo soltean aldi baterako biltegiratzea (D15/R12/R13 kudeaketa-eragiketa):

Hondakinak fardeletan edo soltean biltegiratzen dira, izaeraren arabera eta beste EHZ kode bat duten hondakinekin nahastu gabe:

– Fardeletan biltegiratzea: hondakin solidoen biltegiratze-edukiera 551 tonakoa da, eta likidoena, berriz (60 tonako 5 andeletan biltegiratzen dena) 250 tonakoa da, segurtasun-arrazoiengatik horiek ez baitira inoiz osorik betetzen.

Honako eragiketa hauek egiten dira:

– Sailkapena (likidoak, likido sukoiak, solidoak).

– Banaketa: nolakotasun eta EHZ desberdina duten hondakinak ez dira nahasten.

– Ontziratzea.

– Multzokatzea.

– Hondakinak aldi baterako biltegiratzea:

– 1. eremua: hondakin likidoen biltegiratzea (sukoiak eta ez-sukoiak).

– 2. eremua: hondakin solidoen biltegiratzea. Ontziak.

– 3. eremua: hondakin solidoen biltegia. Ontziak ez diren hondakinak.

– Solteko salgaien biltegiratzea: 4 hobitan egiten da, eta biltegiratu beharreko hondakinen dentsitatearen arabera, 200 tonarainoko edukiera izan dezake, eta bi silo edo troje, beste 50 tonako edukierarekin. Batez ere, hondakin arriskutsuak biltegiratzeko da gune hori, baina hondakin ez-arriskutsuak biltegiratzeko ere erabil daiteke, betiere aldez aurretik garbitu eta kutsadura kentzen bazaio.

Gauzatzen diren eragiketak:

– Sailkapena (likidoak, likido sukoiak, solidoak).

– Banaketa: nolakotasun eta EHZ desberdina duten hondakinak ez dira nahasten. Instalazioak 60 m3ko 5 biltegi ditu.

– Ontziratzea.

– Multzokatzea.

– Hondakinak aldi baterako biltegiratzea:

– Hondakin ez-arriskutsuen kanpo-biltegiratzea: instalazioak 3 edukiontzi ditu kanpoaldean, 30 m3koa bakoitza, kartoi, zur (biltegiratze-instalazioaren eskuinaldean) eta plastikozko hondakinetarako, kolpe-leungailuetarako eta txatarrerako (baskula handiaren kanpo-korridorearen atzealdean).

Kudeatu beharreko hondakinak honela sailkatzen dira:

– Hondakin arriskutsuak:

• Hondakin sukoiak.

• Hondakin erregarriak.

• Hondakin likido ez-sukoi eta ez-erregarriak.

• Hondakin solidoak.

– Hondakin ez-arriskutsuak.

• Hondakin erregarriak.

• Hondakin ez-erregarriak.

TEEHak jaso eta aldi baterako biltegiratzeko zentroa (R1201/ R1301 kudeaketa-eragiketa).

TEEHak aldi baterako biltegiratzeko zentroak 55 tonako biltegiratze-edukiera du.

Euri-urak, hidrokarburo-bereizgailu batetik igaro ondoren, 130.000 litroko edukiera duen andel batean biltegiratzen dira. Ur horiek plastiko kutsatua birrintzeko eta garbitzeko linean erabiltzen dira.

Plastiko kutsatua birrintzeko eta garbitzeko prozesuan sortutako hondakin-urak kudeatzaile baimenduari bidaltzen zaizkio. Prozesuko urak putzu eta kutxatila batzuetan jasotzen dira eta biltegi bertikal batean biltzen dira, gero baimendutako kudeatzaile baten bidez kudeatzeko.

Sortutako hondakin arriskutsuak zein ez arriskutsuak ontziak tratatzeko jardueretatik datoz, nagusiki.

Sertego Servicios Medioambientales SLU enpresaren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, honako BREF txosten europarretan jasota daudenak:

– Hondakinen tratamendurako BREF txostena (2018ko abuztuko «Reference Document on Best Available Techniques for the Waste Treatments»).

– Biltegiratzeari buruzko «Reference Document on Best Available Techniques on Emissions from Storage» BREF txostena, 2006ko abuztukoa.

Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko Betearazpen Erabakia betetzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta antolaketakoak daude instalazioan. Erabaki horren bidez, hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dira, eta ondorio horietatik honako hauek aplikatu behar dira: MTD1, MTD2, MTD3(1), MTD4, MTD5, MTD11, MTD14, MTD18, MTD19, MTD21, MTD24.»

«Bigarrena.– Sertego Servicios Medioambientales SLUk Asparreneko udal-mugartean (Araba) hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko sustatu duen jarduera ustiatzeko baldintza eta betekizun hauek ezartzea:

A) Gutxienez seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta leheneratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Ehun eta laurogeita hamasei mila zortziehun eta berrogeita hamaika (196.851) euroko fidantza jartzea, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 23. artikuluaren 5.b) letran xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera zehazten da.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Sertego Servicios Medioambientales SLUk utzitako fidantza ez da itzuliko Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek hondakin arriskutsuak kudeatzeko jardueraren bukaera baimendu arte edo bere egunean jarduera bukatzeko ezarritako baldintzak bete arte; baldintza horien artean beti ere egon beharko dute lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezarri ahalko diren betekizunak.

C) Sertego Servicios Medioambientales SLUk Administrazioarekiko harremanen goi-mailako tituludun arduradunari buruz emandako datuen edozein aldaketaren berri emango dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.

D) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala ezarriko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Hondakinak onartu, hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak ondorengo apartatuetan daude zehaztuta, behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.

D.1.1.– Hondakin onargarriak.

Sertego Servicios Medioambientales SLUk ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu goian aipatutako tratamendu-sistemen bidez. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betez). Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina, zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena. Hortaz, ondoren adierazten diren hondakin hauek baino ez dira onartuko:

a) R12/R13/D15 jaso eta aldi baterako biltegiratzeko zentroa.

(Ikus .PDF)

Halaber, zamalanak baimentzen dira, eta, behar izanez gero, hondakin horien berrontziratze-eragiketak.

– Baimen honen esparrutik kanpo geratuko dira betiere leherkariak, erregarriak eta hondakin infekziosoak (azken horiei HP1, HP2 eta HP9 arriskugarritasun-kodeak dagozkie, hurrenez hurren), H12 arriskugarritasun-multzoko hondakinak, eta bifenilo polikloratuak edo terfenilo polikloratuak izan edo osagai horiekin kutsatuta daudenak (C32 osagai-kodedunak).

– Halaber, pilen eta metagailuen hondakinak otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatu beharko dira (Pilen eta metagailuen hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko Errege Dekretua).

– Sertego Servicios Medioambientales SLUk industrian sortutako etxeko zaborrak eta merkataritza-hondakinak kudeatu ahal izango ditu (20. taldeko EHZ kodea duten hondakinak), ebazpen honetan adierazi direnak, baldin eta dagozkion udal-ordenantzen arabera ez bada beharrezkoa hondakinok hondakinen kudeaketa-sistema publiko bati entregatzea.

b) TEEHak jaso eta aldi baterako biltegiratzeko zentroa (R1201/ R1301).

(Ikus .PDF)

– Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak eta hodi fluoreszenteak kudeatuko dira Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko 110/2015 Errege Dekretuan –otsailaren 20koan– xedatutakoaren arabera.

c) Kutsatutako plastikoa birrindu eta garbitzeko linea (R12).

(Ikus .PDF)

D.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

Instalaziora balioztatzeko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzekin bat etorriz, instalazioan onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honen I. apartatuan ezartzen dena betetzea.

Kudeatzaile baimenduekin akordioak egingo dira TEEHak prestatzeko eta berrerabiltzeko.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Sertego Servicios Medioambientales SLUk onarpenaren agiria bidaliko dio hondakinaren titularrari, non baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, epemuga ezarriko baitira. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluari jarraikiz.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen barneko hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Birziklatu edo balorizatu daitezkeen hondakinak helburu horietara bideratuko dira, eta Sertego Servicios Medioambientales SLUk betetako onarpen-agirietan jasoko da gertaera hori.

Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako onarpen-agiri baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du agiri hori. Ezingo da Sertego Servicios Medioambientales SLUk kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso aldez aurretik onarpen-agiria organo honek baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 eguneko epean egin beharko da, agiria jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, ez bada izan berariazko posizionamendurik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko onarpen-agirian, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen identifikazioa eta iraungitze-data, baldin eta hondakinik ez bada entregatzen.

Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:

– Baztertzeko arrazoia.

– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.

– Beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, nahitaezkoa izango da dagokion onarpen-agiria aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

– Ekoizleari itzultzen bazaio, kontrol- eta jarraipen-agiriko gorabeheren apartatuan jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Sertego Servicios Medioambientales SLUk hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu uneoro.

Baimendutako EHZ kodea duen hondakin bat onartzerik ez badago, ezezko onarpen-agiria egin beharko da, hondakin hori kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

Hondakina lehen aldiz atera aurretik, baimendutako kudeatzaileak emandako dagokion onarpen-agiria aurkeztu beharko du organo honen aurrean. Proposatutako kudeatze-bideetan edo hondakinak hartuko dituen kudeatzailearengan izandako aldaketak ingurumen-organo honi jakinarazi behar zaizkio; haiek egin aurretik, eta, jakinarazpen horrekin batera, onarpen-agiri berria igorriko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, hura baliozkotu dezan.

D.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko.

b) Instalazioan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu emisio lauso edo kontrolaz kanpokorik, edo bestela, emisiook ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipamenduen estankotasuna ziurtatzea.

c) TEEHak jasotzeko eta garraiatzeko baldintzek TEEHak eta horien osagaiak prestatzea eta berrerabiltzea ahalbidetu behar dute, eta ez dira apurtu behar, ezta gehiegi pilatu ere, substantziarik isuri edo materialik galdu behar, eta oliorik eta likidorik isuri behar. Behar bezala beteko dira horiek jaso eta garraiatzeko baldintza espezifikoak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotzen direnak.

d) Aurrez manipulatu diren, hondatuta dauden edo osagai guztiak ez dituzten TEEHak jasotzen badira, gertakari hori behar bezala jakinarazi beharko da D.1.5. apartatuan aipatzen den fitxategi kronologikoan.

D.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinen gehieneko biltegiratze-epea bi urtekoa izango da hondakinak arriskugabeak badira, eta sei hilekoa arriskutsuak badira.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta izan litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzetik eratorritako arriskuak murrizte aldera, Sertego Servicios Medioambientales SLUk hondakinok gune bereizi batean biltegiratu beharko ditu. Gune hori estalita egongo da eta lurzoru estankoak izan beharko ditu.

d) Plantan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

e) Hautsezko hondakinak eta soltean jasotakoak pabiloiaren barruan gorde beharko dira, multzotan edo gelaxketan, harik eta tratatzen diren arte.

f) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahasiz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

g) Baldin eta hondakinak desagertu, galdu edo eskapatuko balira, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Asparreneko Udalari.

– Aurrekoez gain, TEEHen kasuan honako hauek bete beharko dira:

h) Instalazioak hondakinak pisatzeko baskula izango du.

– TEEHak bereizita bildu beharko dira, gutxienez, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1. taulan aurreikusten diren zatikiak kontuan hartuta: «GEEen kategorien, TEEHen bilketa-frakzioen eta EHZ-TEEH kodeen arteko baliokidetasunak».

– Halaber, TEEHak biltegiratzeko eremu berezi bat sortu beharko da, berrerabiltzeko prestatzeaz arduratzen diren eragileek ikuskatzeko baldintza egokiekin.

i) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Sertego Servicios Medioambientales SLUk D.1.1 apartatuan adierazitako hondakinak jasotzeko zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.

j) Ontzien hondakinak tratamendua jaso arte biltegiratu egin behar dira; eduki dituzten hondakin, substantzia edo prestakin motari buruzko identifikazioa izan beharko dute. Helburu horretarako, aurretiazko etiketa mantenduko da bertan jasotzen baziren ezaugarri hori eta egotz dakiokeen arrisku-motaren piktograma. Bestela, indarreko arauen arabera etiketatu beharko dira.

k) Aldi baterako biltegiratzean eta ontziak xukatu, prentsatu eta briketatzeko eragiketetan sortutako hondakin likido oro, gaika bildu eta euren artean bateragarriak diren hondakinetarako biltegietara eraman behar dira. Horiek sistema bat izango dute gainezkaldien edo estankotasuna galtzearen ondorioz izan litezkeen isuriak atxikitzeko. Biltegiratu beharreko hondakin-mota bakoitzerako nahikoa edukiera eta ontzi eduki beharko dira.

l) Biltegi horietara bideratuko dira, halaber, biltegiratzeko eta tratatzeko instalazioak garbitzean sortutako efluenteak.

Hondakin likido horiek, helburu horretarako baimendutako hondakin arriskutsuen kudeatzaileari bidaliz kudeatu behar dira.

m) Sertego Servicios Medioambientales SLUk hondakin, substantzia edo prestakin arriskutsuak dituzten edo horiekin kutsatuta dauden metalezko ontziz osatutako hondakin arriskutsuak biltegiratzeko guneak iragazgaiztu beharko ditu, epoxi pintura edo polietileno-xafla baten inprimazioaren bidez.

D.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.

Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan ezarritakoari bat jarraikiz, Sertego Servicios Medioambientales SLUk fitxategi kronologikoa izan beharko du, formatu fisiko edo telematikoan. Fitxategian, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, helmuga eta tratamendu-metodoa. Hala dagokionean, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertutako hondakina sortzen duen enpresa, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken helmuga eta beste gorabehera batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Fitxategi kronologiko hori gutxienez hiru urtez gorde beharko da.

Ebazpen honetako D.1.2. apartatuan aipatutako kontrolen emaitzak apartatu honetan arautzen den erregistroan jasoko dira, baita Sertego Servicios Medioambientales SLUk gauzatu ditzakeen egiaztapenenak ere.

Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluari jarraikiz, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da fitxategi kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

TEEHak kudeatzeko, fitxategi kronologikoak jarraiki egin beharko dio 110/2015 Errege Dekretuaren XI. eranskinean bildutakoari, eta hiru urtez gordeko da gutxienez. Era berean, urteko memoria sortuko da. Hark otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XII. eranskineko gutxieneko edukiari erantzun beharko dio, eta ingurumena zaintzeko programaren barruan aurkeztu beharko da.

Fitxategi kronologikoa eta jasotako TEEHei buruzko urteko memoria plataforma elektronikoan kargatuko dira erabilgarri dagoenean, 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aurreikusitako terminoetan. Plataforma elektroniko horren bitartez, fitxategi kronologikoari eta urteko memoriaren lanketari dagozkion obligazioak bete ahal izango dira.

Aipatutako plataforma elektroniko hori martxan jarri bitartean, TEEHen fitxategi kronologikoa eta horien urteko memoria Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi igorriko zaizkio urtero, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Aurreko apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

D.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

TEEHen kudeatzaileei dagokienez, TEEH horiek Europar Batasuneko herrialdeetara nahiz Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetara lekualdatzeari buruzko informazioa kargatuko da 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aipatzen den plataforma elektronikoan.

Horrez gain, aurreikusten bada zabortegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

D.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

D.1.1 apartatuan adierazten diren hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintza eta kontrolei kalterik egin gabe, Sertego Servicios Medioambientales SLUk ondorengo tratamendu-lineetarako ondorengo baldintza hauek betetzen direla bermatu beharko du:

Jaso eta aldi baterako biltegiratzeko zentroa.

a) Aldi baterako biltegiratze-jardueraren barruan honako hauek sartuko dira: multzokatzea, produktua edukiontziz aldatu gabe, lantegian horretarako gaitutako tokian, baita haren zama, hustuketa eta berrontziratzea ere beharrezkoa izanez gero, eta ez da ontzien barruko aldearen edo ontzietan gordetzen diren hondakinen gainean eragina daukan bestelako manipulaziorik aintzat hartzen.

b) Hondakin solteen kasuan, batera biltegiratu ahal izango dira homogeneoak direnak beren izaera, osaketa eta kodifikazioarekiko; alabaina, aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da, ziurtatzeko ezen batera biltegiratzeak ez dakarrela arriskua areagotzerik, ezta azken buruko kudeaketa zailtzerik.

c) Halaber, nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak.

Halaber, Europako Hondakinen Zerrendan –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– ezarri kodearen arabera identifikatu beharko dira hondakinak. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

d) Hondakinak aldi baterako biltegiratzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezkoak diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

e) Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazioak estalkia izan beharko du, ez dadin iragaz prezipitazio atmosferikorik bat ere. Halaber, lurzoru estankoak izango ditu, eta behar diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, isuriok kutxatila itsurantz edo bilketa-putzurantz bideratzeko. Gainera, aurreikus daitezkeen hondakin arriskutsuen balizko isurien adinako edukiera izango dute horiek.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratutako hondakinek likido sukoiak eta erregaiak eta likido korrosiboak biltegiratzearen inguruan indarrean dagoen arautegian ezartzen diren exijentziak bete beharko dituzte, baita suteen prebentzio- eta babes-arauak ere, eta behar bezala identifikatu beharko dira ezagutu eta bereizi ahal izateko.

g) Isuriak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuak kubeta independenteetan biltegiratuko dira, eta, betiere, elkarrekin bateragarriak diren hondakinak dituzten ontzietara bideratuko da kubeta bakoitza. Isuriak biltzeko kubetek zoru eta horma iragazgaitzak izango dituzte, erabat estankoak direnak. Kutxatila horietan jasotako efluenteak kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio.

h) Baimen honi loturiko hondakin ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta. Hondakin onargarriak biltegiratzeko gehieneko edukiera honako hau izango da:

– 3 tona, hondakin sukoien kasuan.

– 53 tona, hondakin korrosiboen kasuan.

– 495 tona, hondakin ez-sukoi eta ez-korrosiboen kasuan.

– 300 m3 soltean jasotako likidoen kasuan (60 m3ko bost biltegi ):

• 1. biltegia: erabilitako olioaren biltegiratzea.

• 2. biltegia: erabilitako olioaren biltegiratzea.

• 3. biltegia: izotz-kontrakoen biltegiratzea.

• 4. biltegia: ur hidrokarburatuen biltegiratzea.

• 5. biltegia: substantzia arriskutsuak dituzten bestelako hondakinen biltegiratzea.

i) Gehienez ere 55 tona TEEH biltegiratuko dira, betiere tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz.

j) Berrerabilpena barne hartuko duten akordioak sinatuko dira. Horretarako, TEEHak norako horretarako berrikusiko dira, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren IX.A eranskineko irizpideekin bat etorriz.

k) Hondakin arriskutsuak ezingo dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

l) Aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur beltzak izan ezik, bereizita jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

m) Indarraldiaren arabera, Sertego Servicios Medioambientales SLUk eta enpresak igorritako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako onarpen-kontratu edo -gutunen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren aurrean. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainiako Estatuan kokatuak, mugaz gaindiko lekualdatzeak arautzen dituen araudi komunitarioa bete beharko da.

Plastiko kutsatua birrintzeko eta garbitzeko linea (R12 kudeaketa-eragiketa):

Ekoizpen-edukiera: 2.850 tona/urteko.

Linearen tratamenduaren zain dauden hondakinak linearen elikatzegunetik gertu biltegiratuko dira, eta tratatutako materialak eremu jarraituan biltegiratuko dira tratamendu-linearen amaieran, bidali zain.

Hondakin arriskutsuak ezingo dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

D.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

Sertego Servicios Medioambientales SLUren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren isurketek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea, giza osasuna eta ingurumena zainduta, betiere.

Prozesuan zehar atmosferara botatzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Emisio ez-konfinatuek ez dute arau orokor hori bete beharrik izango, horiek biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz segurtasun publikorako arriskutsuak ez izateko. Efluente gaseosoak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

D.2.2.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Sertego Servicios Medioambientales SLUren instalazioak, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuko eranskinaren arabera B 09 10 09 50 kodea duen jarduerari dagokionak (Biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak gauzatzea, tartean, hondakin ez-metalezkoak edo metalezko hondakin hautsezkoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikiagotzea, material horien gaineko manipulazio-edukiera >= 500 t/egun-ekoa izanik, eta hondakin arriskutsuena >= 10 t/egun-ekoa), honako foku hauek ditu, atmosfera babesteko indarreko araudiari jarraikiz:

(Ikus .PDF)

Era berean, baldin eta urte jakin batean foku sistematiko baterako baldintza horietako bakar bat ere betetzen ez bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren gaineko kontrolik egitea; kontrola hurrengo urtean egin beharko da, betiere, kontroletik salbuesteko baldintzek beren horretan jarraitu ezean. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

D.2.2.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira emisioen muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

Kondizio hauekin lotuta daude balio horiek: 273 K-eko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

D.2.2.4.– Gasak bildu eta husteko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuaren D.2.2.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta laginketa-guneen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipamenduak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

D.2.3.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

D.2.3.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea:

(Ikus .PDF)

D.2.3.2.– Isurketaren muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten diren isurketen parametroak Asparreneko hondakin-urak isurtzeko eta arazteko araudian finkatutakoak izango dira –instalazioak horra egiten ditu isurketak– eta zerrenda honetan jasota daude, horietako bakoitzerako zehaztutako gehieneko mugak barne:

(Ikus .PDF)

Ezin izango dira diluzio-teknikak erabili isurpenen muga-balioak lortzeko.

D.2.4.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmuga egokiena zehazteko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatu dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –Ebazpen honetan daude jasota–, orientagarriak dira soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014/EB Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Baldin eta hondakinak desagertu, galdu edo eskapatuko balira, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Aparreneko Udalari.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluari jarraikiz.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakin arriskutsuak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren hondakinen lekualdaketei buruzko 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

D.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Honako hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute kode horiek. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Euskadiko 2030 Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, leheneratzea edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuririk gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespenezko kasuetan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko direla bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzen dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Sertego Servicios Medioambientales SLUk fitxategian erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Sertego Servicios Medioambientales SLUk Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko ditu sortutako erabilitako industria-olioa.

i) Tresna elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Sertego Servicios Medioambientales SLUk PCB eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak eta errege-dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Sertego Servicios Medioambientales SLUk, leheneratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Sertego Servicios Medioambientales SLUk urtero adierazi beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

m) Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Sertego Servicios Medioambientales SLUk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

n) Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluari jarraikiz, fitxategi kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori hiru urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, Sertego Servicios Medioambientales SLU enpresak hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gutxienez lau urtetik behin, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Sertego Servicios Medioambientales SLU hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

p) Baldin eta Sertego Servicios Medioambientales SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako e) eta f) apartatuetan (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta l), m) eta n) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Sertego Servicios Medioambientales SLUk 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikuluan), amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.4.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Bigarren apartatuaren D.2.4. azpiapartatuan xedatutakoari jarraikiz, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika eta behar bezala bereizi, eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, leheneratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Sertego Servicios Medioambientales SLUk tratamendu-kontratuak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu, eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da hondakin ez-arriskutsua lekualdatu aurretik, Hondakinak zabortegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Sertego Servicios Medioambientales SLU Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Granja Uriagereka SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin ez-arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

i) Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluari jarraikiz, fitxategi kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Fitxategi hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

j) Apartatu honetako d) eta e) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta f) eta g) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

D.2.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluko 2. apartatuari jarraikiz, lurzoruaren egoeraren txostenak aurkeztu beharko dira, gutxienez, 5 urtean behin, lege hori indarrean jartzen denetik aurrera.

Era berean, aurreko paragrafoan aipatutako araudian, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarrita dauden lurzorua babesteko betebeharrak betetze aldera, sustatzaileak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

– Oinarrizko txostena, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 20. artikuluan aipatutako epeak eta maiztasunak beteta.

– Lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak jasoko ditu hor (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak). Emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar diren bakoitzean, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denari jarraikiz, induskatu beharreko materialak (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta leheneratzeko akreditatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura egikaritu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketa sustatuko duen pertsona fisikoaren edo juridikoaren eta jarduketa burutuko duen kontratistaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan, erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurren karakterizazioaren emaitzak adierazi beharko dira; horrez gain, induskatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidaliburuan jasotzen diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gidaliburu hori:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

f) Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

g) Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta leheneratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

h) Lur garbitzat hartuko dira ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak baino balio txikiagoak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelanerako.

i) Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin, betiere.

D.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Beharrezkoak diren neurri guztiak ezarriko dira, indize akustiko hauek gainditu ez daitezen:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko behar den altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

E.1.– Atmosferara eginiko emisioak kontrolatzea.

a) Sertego Servicios Medioambientales SLUk isurien kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan zerrendatutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, eta edozelako maiztasunarekin, emisioen iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.

d) Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua, eta Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

E.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren idatzi-zatiko D.2.3.2 azpiapartatuan ezarritako mugak.

E.3.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

E.4.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen bigarren apartatuko D.2.5 azpiapartatuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren gorabeherak, substantzia arriskutsuak direla eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolatak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– ez ezik, larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela ere egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Ekipamenduak eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen dituen edo, hala badagokio, horietan hautemandako gabetasunak azaltzen dituen berariazko adierazpena izan beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzak aztertzean zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –agindu horrek Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Sertego Servicios Medioambientales SLUk lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu urak ezaugarritzeko, ateratako lurzoru-zutabea ezaugarritzeko eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

E.5.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduaren inguruko parametro-adierazle nagusien urteko segimendua egingo du, ingurumenean duten eraginarekin lotuta, eta dagokion urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztu beharko du.

(Ikus .PDF)

E.6.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus.

Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, beti martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbide posibleak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.

E.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, egiaztatu ahal izateko adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna (ingurumen-adierazleak).

F) Ezohiko egoeretan, kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

F.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren isurketen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak bigarren apartatuko D.2.4 azpiapartatuan («Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari jarraituz kudeatu beharko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

F.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa, eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Sertego Servicios Medioambientales SLUk jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera utzi baino lehen, Sertego Servicios Medioambientales SLUk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen bigarren apartatuaren D.2.4 azpiapartatuan ezarritakoari jarraikiz.

F.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, Industriako isurpenen erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Sertego Servicios Medioambientales SLUk, aldi baterako etetearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du instalazioa jardunik gabe egonda ere, aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izateko arriskua dakarren isurketa edo emisio oro saihesteko.

F.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen egoera orori aurrea hartzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako emisioak eta isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lineara bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

b) Halaber, erregistro bat eduki beharko da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzakete. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako baldintzetan ezen ezin izango baitira ingurunean sakabanatu.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakizun batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen jarioak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehatz daitezkeenak)

– Berehala aplikatutako zuzenketa-neurriak edo eusteko neurriak.

– Sortutako ondorioak.

– Hala badagokio, epe laburrera aurreikusitako jardunak.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ezusteko isuri edo emisioren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Asparreneko Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako zuzenketa-neurriak.

– Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketen bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gorabehera edo arazo posibleak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu izango dela, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

G) Baldin eta hala egitea gomendatzen badute araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren maiztasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

H) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehen, aurreko urtean atmosferarako eta uretarako isurketei eta sortutako hondakin-mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Sertego Servicios Medioambientales SLUk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuari jarraikiz.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenei jarraikiz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

l) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo horren onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, bat etorriz urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoarekin, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutako irizpideekin.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko dute, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz».

«Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioaren muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteagatik gehiegizko kosturik sortu gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legerian ezarritakoaren arabera, irizten badio badirela ingurumen-baimen integratua berrikustea justifikatzen duten inguruabarrak, Estatuaren Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen arroetako jabari publiko hidraulikora isurtzeari dagokionez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuspen-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legeriak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, egiaztatzen bada ez direla nahikoak ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan».

«Seigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:

– Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen bosgarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen, behar bezala justifikatuz, epea luzatzeko eskatzen.

– Ez betetzea sei hileko epea, foku berri bat ezartzea dela-eta ILEren hasierako txostena bidaltzeko ezarritakoa (D.2.2.1 apartatua).

– Sertego Servicios Medioambientales SLUren nortasun juridikoa azkentzea, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan».

Hirugarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ontzi-hondakinak kudeatzeko eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Sertego Servicios Medioambientales SLUk Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Sertego Servicios Medioambientales SLUri, Asparreneko Udalari, ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Seigarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 11

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala