Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2022ko urriaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4272

AGINDUA, 2022ko irailaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bitartez aldatzen baita 2021eko urriaren 13ko Agindua, EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horretarako deialdia egiten duena.

2021eko urriaren 21ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko urriaren 13ko Agindua, EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horretarako deialdia egiten da. Dirulaguntzen xedea da EAEn hondakinen kudeaketa hobetzeko behar diren inbertsioak bizkortzea, eta udal-hondakinen eta ontzien eta ontzi-hondakinen kudeaketaren arloan Europar Batasunak ezarritako helburu berriak betetzen direla bermatzea.

Deialdia Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR C12.I3) barruan dago. Plan hori NextGenerationEU Europako funtsekin batera finantzatzen da, hamahiru milioi laurehun eta hamalau mila, ehun eta bost euro eta laurogeita hamalau zentimo (13.414.105,94).

2022ko ekainaren 20ko Ingurumeneko Konferentzia Sektorialean, 176.500.000,00 euroko kreditu berriak banatzeko eta lurraldean banatzeko irizpideak onartzen dituen erabakia hartu zen. Kreditu horiek 2022an Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren hondakinen araudia ezartzen laguntzeko planari dagozkio, udal-hondakinen kudeaketa hobetzeko programari eta PIMA Economia Circular programari. Horietatik Euskal Autonomia Erkidegoari, berriz, 4.589.550,58 euro dagozkio.

Konferentzia Sektorialaren Akordio horretan berariaz jasotzen da autonomia-erkidegoek 2021ean onartutako oinarri arautzaile berberak erabili ahal izango dituztela, 2022rako kreditua handituta, betiere oinarri horiek oinarri berrietan ezarritako baldintzetako bat ere urratzen ez badute; kasu horretan, ezin izango da 2022an banatutako kredituen kontura finantzatu kontraesana gertatu den kontzeptu finantzagarria.

2022ko ekainaren 20ko Konferentzia Sektorialaren Akordioaren xede diren jarduera-ildoak eta finantzaketa-helburua bat datoz 2021eko urriaren 13ko Agindua onartzeko gaikuntza eman zuen Konferentzia Sektorialaren Akordioan jasotako laguntzen xede diren proiektuen edukiarekin. Agindu horrek arautzen duen deialdiaren ebazpena oraindik ez da eman.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legearen 29.1 artikuluaren arabera, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planari lotutako ordainketa-kredituak ekitaldian zehar handitu ahal izango dira.

Bestalde, Administrazio honetan onartutako tresna juridikoak eman aurretik argitaratu zen 2021eko urriaren 13ko Agindua, NextGenerationEU funts europarrekin finantzatutako jardueren kudeaketa, jarraipen eta kontrol, informazio, publizitate eta egiaztapenerako aplikagarri den Europako eta Estatuko araudian jasotako eskakizunak behar bezala aplikatu ahal izateko.

Ondorioz, aldatu egin behar da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko urriaren 13ko Agindua, EAEn hondakinei buruzko araudia ezartzen laguntzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko oinarri arautzaileak ezarri eta dirulaguntza-deialdia egiten duena, kredituen zenbateko osoa handitzeko eta NextGenerationEU funtsekin finantzatutako dirulaguntzei aplikatu beharreko betebehar espezifikoak sartzeko.

Horregatik guztiagatik, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluak esleitutako eskumenak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan ezarritakoarekin lotuta, bai eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan agindutakoarekin bat etorriz ere. Dekretu horren bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen da.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Aldatzea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko urriaren 13ko Aginduaren, EAEn hondakinei buruzko araudia ezartzen laguntzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko oinarri arautzaileak ezarri eta dirulaguntza-deialdia egiten duenaren, 6. artikulua, eta, hartara, eduki hau izango du:

«6. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Dirulaguntza-deialdi honetarako aurrekontu-zuzkiduraren zenbateko osoa hemezortzi milioi hiru mila seiehun eta berrogeita hamasei euro eta berrogeita hamabi zentimokoa (18.003.656,52) da, eta honela banakatuko da:

• 1. ildoa.– Bereizitako bilketa berriak abian jartzea, bereziki biohondakinena, eta egungoak hobetzea. Sei milioi bederatziehun eta hogeita hamaika mila eta berrehun eta berrogeita bost euro eta zortzi zentimo (6.931.245,08).

• 2. ildoa.– Bereiz bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea. Bi milioi bederatziehun eta hogeita bederatzi mila ehun eta laurogeita hamalau euro eta laurogeita hamabi zentimo (2.929.194,92).

• 3. ildoa.– Bereiz bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzeko instalazio berriak eraikitzea. Zazpi milioi berrehun eta hogeita hamabi mila ehun eta laurogeita hamasei euro eta laurogeita hamazazpi zentimo (7.232.196,97).

• 4. ildoa.– Bilketa (garbiguneak, kasurako), triajea eta sailkapena (ontziak, papera, etab.) egiteko instalazioetako inbertsioak, egungo tratamendu mekaniko-biologikoen instalazioak eta berreskuratutako erregai solidoak prestatzeko instalazioak hobetzea. Bederatziehun eta hamaika mila eta hemeretzi euro eta berrogeita hamabost zentimo (911.019,55).»

2. artikulua.– Aldatzea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko urriaren 13ko Aginduaren, EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horretarako deialdia egiten duenaren, 8. artikulua, eta, hartara, eduki hau izango du:

«8. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, betiere hautatutako proiektu bakoitzerako jasotako finantzaketaren zenbateko osoa ez bada diruz lagundu beharreko proiektuaren kostu osoa baino handiagoa. Gainera, emandako laguntzek ezin izango dituzte, inola ere, deialdi honen bidez finantzatutako kostu berberak estali. Horrela izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Hondakinen laguntza horiek emandako finantzaketa ez da bateragarria Ekonomia Jasangarrirako Karbono Funtsaren (FES-CO2) bidez sustatutako Klima Proiektuekin.

Funts publikoen hartzaileak erakunde juridiko pribatuak diren kasuetarako, deialdi honen xede diren dirulaguntzei Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuko zaie (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu zen, 2014ko ekainaren 26an), horren arabera bateragarri jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Dirulaguntzek aipatutako Erregelamenduaren I. eta II. kapituluetan ezarritakoa bete behar dute, eta erregelamendu horretako 47. artikuluan daude sartuta.»

3. artikulua.– Aldatzea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko urriaren 13ko Aginduaren, EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horretarako deialdia egiten duenaren, 14. artikulua, eta, hartara, eduki hau izango du:

«14. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

Hauek izango dira balorazio-epaimahaiko kideak: epaimahaiburu gisa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria; eta, epaimahaikide gisa, aipatutako zuzendaritzako bi funtzionario, lehen aipatutako zuzendariak izendatuak.

Balorazio-epaimahaia osatzen duten pertsonek berariaz adieraziko dute interes-gatazkarik dagoen ala ez. Organo hori osatzen duten pertsonetako batek gatazkarik antzemanez gero, ordeztu egingo da.

Epaimahaiak kasuan kasuko ebazpen-proposamen egokia egingo du, esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dirulaguntza lor dezaketen proiektuak zehaztuko dituena, bai eta laguntzen zenbatekoak ere, hala nola ezetsitako eskariak, horretarako arrazoiekin batera. Proposamen hori Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari helaraziko zaio, eta hark, dagokion ebazpenaren bidez, deialdia ebatziko du.»

4. artikulua.– Aldatzea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko urriaren 13ko Aginduaren, EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horretarako deialdia egiten duenaren, 18. artikulua, eta, hartara, eduki hau izango du:

«18. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

a) Esleitutako dirulaguntza onartu behar du, eta horrek agindu honetan jasotzen diren baldintza eta arau guztiak onartzea dakar, aldi berean. Alde horretatik, dirulaguntza egokitu zaiola dioen jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera hamar egun naturaletan dirulaguntzari espresuki uko egiten ez bazaio, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betez eskatzen dieten informazio oro ematea, eta organo emaileak datuak egiaztatzeko egin beharreko ekintzei men egitea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazio oro emanez.

c) Proiektuan edozein arrazoi dela medio aldaketak eginez gero, lehenbailehen jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, aldaketa horien onarpena eskatzeko. Era berean, dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, erakunde emaileari horren berri jakinarazi beharko zaio.

d) Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetan ezarritako epeetan.

e) Dirulaguntza zertarako eman den, xede jakin horretarako erabiltzea, betiere 19. artikuluan, baldintzak aldatzeari buruzkoan, finkatutakoa aplikatu behar ez bada.

f) Egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez gauzatzea proiektuak.

g) Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan ondorengo hamar egun balioduneko epean, horren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoa zein diren.

h) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea proiektuan jasotako informazio teknikoa, pedagogikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea, sailaren informazio-sistemetan txerta ditzan eta haren zabalkundea edo argitalpena egin dadin edozein baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duen beste edozeinetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan jasotako moduan, publizitatea emateko betebeharra betez, erakunde onuradunek laguntzen deialdi honen bitartez lortutako babesaren berri emango dute jendaurrean:

– Beren webgunean diruz lagundutako proiektua deskribatuz.

– Gutxienez kartel bat jarriz, agindu honek araututako dirulaguntza lortu izana aipatuko duena. Gainera, proiektuari buruzko informazioa jasoko du. Gutxienez A3 neurrikoa izango da eta jendeak ongi ikusteko moduko tokian egongo da, eraikinean sartzeko atearen edo ateen burutik gertu, edo jarduketa egiten den toki zehatzean. Kartel hori 2 hilabetez egongo da ikusgai gutxienez, dirulaguntza ematea jakinarazten denetik aurrera, eta 2 hilabete gehiagoz proiektuaren amaierako justifikazioa aurkezteko unean.

j) NextGenerationEu funtsen babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan eta prentsa-komunikazioetan, baita publizitatean ere. Hedapen-kartel eta -material guztietan, eta egiten den publizitate guztietan, eta, bereziki, diruz laguntzen diren obra, ibilgailu edo ekipamenduetan, funts horiekin lotutako logotipoak jarri beharko dira.

k) Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.

l) Jarduerak herritarrekin harremanetan egotea eskatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta hizkuntza horietan artatuak izateko aukera eman beharko zaie herritarrei.

m) Argitalpenik eginez gero, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari bidali beharko zaio euskarri digitalean.

n) Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.

o) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea erakunde onuradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzako eta sektoreko legediak eskatutako moduan.

p) Dirulaguntza horiekin lotutako kontabilitate-sistema berezi eta espezifiko bat mantentzea, edo kontabilitate-kode egoki bat, diruz lagundu daitezkeen gastuekin lotutako transakzio guztiei dagokienez, dirulaguntza horien bidez finantzatutako gastuen jarraipena egin ahal izateko, nahitaez bete beharreko kontabilitate-arauen kalterik gabe.

q) Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak eta aplikatu beharreko araudiak ezarritako betebehar espezifikoak betetzea, eta, bereziki, honako hauei dagokienez:

I.– DNSH -Do Not Significant Harm -Printzipioa (ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa) erabat betetzen dela bermatzea, honako hauetan aurreikusitakoarekin bat etorriz: Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana, Kontseiluaren Betearazpen Erabakia, Espainiako berreskurapen eta erresilientzia planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoa (Council Implementing Decision -CID); 2021/241 Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena; eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren, bidez, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana eta hura garatzeko araudia kudeatzeko sistema eratu zen, 5. artikulua. Berme hori proiektuak diseinatzeko eta gauzatzeko fase guztietan eta jarduera bakoitzerako banaka gauzatu beharko da. Nolanahi ere, erakunde onuradunek printzipio hori betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak eta ezarpena ziurtatzeko neurri zuzentzaileak aurreikusiko dituzte, eta horren berri emango dute dirulaguntza justifikatzeko memorian.

II.– Interes-gatazkarik, iruzurrik eta ustelkeriarik ez dagoela bermatzea, bai eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Iruzurraren aurkako Neurrien Plana baldintzarik gabe eta inolako erreserbarik gabe onartzea ere. Plan horren xedapenetara erabat behartuko da, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitu, antzeman eta zuzentzeari buruzko autonomia-erkidegoko, estatuko eta Europako araudia erabat errespetatuz, bai eta Europar Batasuneko finantza-erakundeen babesari buruz ematen diren erabakien arabera ere.

III.– Funtsen hartzailearen identifikazioari buruzko informazioa formatu elektroniko batean ematea, bilaketak egin ahal izateko, eta datu-base bakar batean: funtsen hartzailearen izena, hala badagokio jaiotze-data, laguntza gisa edo kontratista eta azpikontratista gisa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2015/849 Zuzentarauaren 3. artikuluko 6. puntuan zehazten den bezala, eta Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministeritzak zehazten duen bezala, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan ezarritakoa betetzeko.

IV.– Europako Batzordeak, Iruzurraren aurkako Borrokarako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak ezarritako kontrolak onartzea. Horretarako, organo horiei emango zaie dirulaguntzari buruz eskatutako informazio guztia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Horretarako, baimena eman beharko diote berariaz Batzordeari, OLAFi, Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari Finantza Erregelamenduko 129. artikuluko 1. paragrafoan aitortzen zaizkien eskubideak baliatzeko.

Betebehar hori berreskuratze- eta erresilientzia-planean sartutako erreformak eta inbertsio-proiektuak aplikatzeko neurrietarako ordaindutako funtsen azken jasotzaile guztiei aplikatuko zaie, edo hura aplikatzen esku hartzen duten gainerako pertsona edo erakunde guztiei.

V.– Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak zaindu eta gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduerak egin ahal izan daitezen, bost urteko epean, edo, finantzaketaren zenbatekoa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada, hiru urteko epean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikulua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluaren arabera.

VI.– Sistema informatikoan etengabe eguneratuta edukitzea dagozkien mugarriak eta helburuak betetzeari buruzko informazioa, irailaren 29ko HFP/1031/2021 Aginduan ezarritakoaren arabera. Agindu horren bidez, Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Erakundeek eman beharreko informazioaren prozedura eta formatua ezartzen dira, mugarrien eta helburuen betetzearen jarraipena egiteko, eta Eraldaketa-, Berreskuratze- eta Berreskuratze-Planaren osagaien neurrien aurrekontua eta kontabilitatea betearazteko.

r) Laguntza emateko ebazpenean ezar daitekeen beste edozein betebehar betetzea, hala badagokio.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 21a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala