Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2022ko irailaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4141

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 27koa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen baitzaio Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak Legutioko (Araba) udal-mugarteko Goiaingo industrialdean (Zabaldea kalea 3. eta 5. zenbakiak) sustatutako hondakinak kudeatzeko instalazioari.

AURREKARIAK

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko otsailaren 26ko Ebazpenaren bidez, Legutioko (Araba) Goiaingo industrialdeko Zabaldea kaleko 3. eta 5. lurzatietako lurzoruaren kalitatea deklaratu zen, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozedurarekin bat.

2020ko apirilaren 21ean, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak idatzi bat bidali zuen tramitazio-epea ez eteteko eskatuz –hala zegoen aurreikusia martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian (alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko)–.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko maiatzaren 15eko Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak Legutioko udal-mugarteko Goiaingo industrialdean (Zabaldea kalea 3. eta 5. zenbakiak) hondakinak kudeatzeko jarduera hasteari dagokionez.

2020ko ekainaren 17an, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat, hondakinak kudeatzeko instalaziorako, Legutioko udalerrian (Araba).

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko azaroaren 16ko idazkiaren bidez, Legutioko Udalari eta Araba Garapen Agentziari eskatzen zaie adieraz dezatela idazkia jasotzen dutenetik 10 eguneko epean, eskaera nahikoa den, beren eskumenen esparruaren arabera.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko abenduaren 9ko Iragarkiaren bidez erabaki zen Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak sustatutako proiektua jendaurrean jartzea 30 egun balioduneko epean, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Horretarako, proiektu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratu zen, 2021eko urtarrilaren 18an.

Jendaurrean jartzeko epea amaitu ostean, lau alegazio aurkeztu direla egiaztatu da. Haiei ebazpen honetan erantzuten zaie.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2021eko martxoaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Legutioko Udalari, Araba Garapen Agentziari, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari.

2021eko martxoaren 22an, 2021eko apirilaren 14an, 2021eko apirilaren 29an eta 2021eko maiatzaren 13an jaso ziren aurrez aipatu diren txostenak, hau da, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Legutioko Udalari eta Araba Garapen Agentziari eskatutakoak.

2021eko urriaren 1ean, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak Legutioko Udalaren hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena igorri zuen, 2021eko uztailaren 21ekoa.

2022ko maiatzaren 31n, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak hasierako eskaeraren edukia egokitzeko eta eguneratzeko eskaera bidali zuen, hura urtarrilaren 19ko 27/2021 Errege Dekretura egokitzeko. Errege-dekretu horrek aldatu egiten ditu otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretua, pilei eta metagailuei eta horien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa, eta otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretua, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoa.

2022ko uztailaren 18an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresaren esku utzi zen espedientea, bertan jasotako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean eta Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. Testu bateginaren 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplikatu behar duten instalazio guztietan berau betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularren administrazio-kargak arintzeko. Era berean, indarrean dagoen legerian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: saneamendu-sarera isurtzeko baimena, atmosferara emisioak egiteko baimena, hondakinak kudeatzeko baimena eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak sortzeari dagozkion baimenak eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, nahitaezko txostenak emanda.

Aipatu Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatuaren arabera, ingurumen-baimen integratua emateko prozedura gailenduko zaie administrazio eskudunek herritarren jardunean esku hartzeko balia ditzaketen gainerako administrazio-bitartekoei, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egiteko garaian. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da toki-agintarientzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edota neurri zuzentzaileak ezartzeko bada, baita 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko guztian ere.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, behar diren neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Adierazitako preskripzioak aplikatzeko, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresarekin lotutako ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran, otsailaren 27ko 3/1998 Legean aurreikusitako izapide guztiak sartu dira.

Orduko Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko uztailaren 22ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua aldatu beharra eragiten duen instalazio-aldaketa ez-funtsezkotzat jotzen da Deydesa 2000 SLk jakinarazitako aldaketa-proiektua, Zabaldeko instalazioetan metalak bereizteko lineak abian jartzekoa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoa aplikatuz, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak Legutioko (Araba) udal-mugarteko Goiaingo industrialdean (Zabaldea kalea 3. eta 5. zenbakiak) sustatzen duen hondakinak kudeatzeko instalazioaren kasuan, Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen duen Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko maiatzaren 15eko Ebazpenean jasotzen den bezala, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresaren hondakinak kudeatzeko instalazioaren proiektuari.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien balioak zehazteko, bai ingurumena bere osotasunean ahalik eta gehien babesteko helburuarekin, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Bereziki kontuan izan da Europako Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakia. Erabaki horren bidez ezartzen dira hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta eta espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak sustatutako jarduerari aplikatu beharreko baldintzak.

Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta entzunaldi-izapidea bete da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen dena.

Honako hauek ikusi dira: Sailburuordetza honen 2022ko uztailaren 18ko Ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurumena babestekoa; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru kutsatuena; otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz,

HONAKO HAU EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresari –egoitza soziala: Legutioko Goiaingo industrialdeko San Antolin kaleko 16. zenbakia; IFK: A-48129969– ingurumen-baimen integratua ematea Goiaingo industrialdeko (Zabaldea kalea 3. eta 5. zenbakiak) hondakinak kudeatzeko instalaziorako, ebazpen honen bigarren apartatuan ezarritako baldintzekin.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

«5.4.– Hondakin arriskugabeen balorizazioa, edo balorizazioaren eta ezabatzearen nahasketa, instalazioek egunean 75 tonatik gorako ahalmena badute eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badute, abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretuan (hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikatu beharreko arauak ezartzen dituena) jasotakoak izan ezik:

b) Errausketa edo baterako errausketa aurreko tratamendua».

Instalazioa Legutioko udalerriko Goiain industrialdeko Zabaldea kaleko 3. eta 5. zenbakietan dago; instalazioak 25.725 m2-ko azalera du guztira. Horietatik 13.541 m2 5. lurzatiari dagozkio (I. pabiloia) eta 12.274 m2 3. lurzatiari (II. pabiloia).

Ebazpen honen bidez baimentzen den instalazioan sartzen dira Deydesa 2000 Slren instalaziorako 2020ko uztailaren 22ko Ebazpenaren bidez baimendutako metalak bereizteko lineak.

Biltegiratze-eremuak.

Prozesatzeke eta prozesatze bidean dauden solteko material pilatu eta biltegiratu guztiak estalita egon beharko dira instalazioaren eraikuntza amaitzen den unean eta jarduerari ekin aurretik, zazpigarren apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

Deskontaminatzeko dauden GEEHen kasuan, haiek ere estalkipean biltegiratuko dira beti, II. pabiloiaren barruan, epoxiz margotutako zolata iragazgaitzarekin eta isurketak biltzeko kutxatila itsuen sistema batekin. Gainazalak inklinazio bat du, eta, isurketarik izanez gero, isurketa horiek kutxatiletarantz bideratzen dira.

Hondakin arriskutsuak estalkipean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitz baten gainean.

Biltegiratzeen edukiera honako hau izango da:

– GEEHak: 10 tona.

– Material polimerikoak: 100 tona.

– Metalak: 650 tona.

Tratamendu-ahalmen globalari dagokionez, kopuru hauek aurreikusten dira:

– Hondakin arriskutsuak: 2.000 tona/urte.

– Hondakin arriskugabeak: 235.000 tona/urte.

I. pabiloia (5. lurzatia) – Metalen bereizketa (R4/R12, R4ren aurretik).

Urtean 135.000 tona tratatzeko ahalmena izango da, eta galdatze eta fintze eragiketetara bideratuko diren nahasketa metalikoak lortuko dira; tratatu beharreko metal nahasketak hainbat hondakin solido konplexuren tratamenduaren bidez lortzen dira, besteak beste, deskontaminatutako gailu elektriko eta elektronikoen hondakinetatik eta tara konplexuetatik.

Aplikatu beharreko prozesuan, bereizketa magnetikoa egiten da lehen etapan, aleazio ferrikoak (altzairua eta altzairu herdoilgaitz magnetikoak) bereizteko.

Eragiketa hori egin ondorengo etapan, sailkapen granulometrikoa egiten zaie metal ez-magnetikoei, hainbat granulometriatako hiru metal-korronte lortzeko, zeinak ondoren egingo diren bereizketa-etapetan landuko baitira.

Tamainen arabera sailkatutako metal ez-magnetikoen korronte bakoitzari bereizketa magnetiko aldakorra egiten zaio bereizgailuak erabilita, kable nahasketez, material herdoilgaitzez eta metalikoak ez diren hondakinez osatutako errefus-korronteak bereizteko. Horiek enpresa elkartu espezializatu batera bideratuko dira, non kobre eta altzairu herdoilgaitzeko edukia duten kableen frakzio balorizagarriak lortuko baitira.

Granulometria handieneko bi metal-korronteek hiru etapa igaroko dituzte. Etapa horietan, X izpien bidez detektatu eta eiekzio pneumatikoaren bidez bereiziko dira. Prozesu horretatik, metal-nahasketa homogeneoak lortu, eta kontzentratu metaliko gisa merkaturatuko dira, haiek galdatzen eta fintzen jarduten diren enpresentzat. Bereizketa-etapa horiek eskuzko bereizketa-eragiketekin osatzen dira.

Prozesu horrek metalen korronte bereiziak sortuko ditu; haien balorizazio materiala galdaketan eta finketan diharduten enpresa espezializatuetan egingo da.

Metalaren pabiloian, xurgagailu bidez, materialen transferentzia-eremuetako hauts-emisioak atzituko dira, eta bereizte-makinetan bertan zikinkeria pilatzea saihesteko da.

II. pabiloia (3. lurzatia).

a) GEEHak biltegiratzea eta horien deskontaminazioa.

110/2015 Errege Dekretuaren XVI. eranskinean adierazitakoaren arabera, mota hautako tratamendu-eragiketak egiten dira:

– R1201 GEEHak sailkatu, bereizi edo taldekatzea.

– R1202 GEEHak desmuntatzea.

– R1203 GEEHen osagaiak bereiztea, barne hartuta substantzia arriskutsuak kentzea eta jariakinak, likidoak, olioak eta nahasteak ateratzea XIII. eranskinaren arabera.

– R1301 Hondakinak bilketaren eremuan biltegiratzea, transferentzia-instalazioak barne.

– R1302 Hondakinak modu seguruan biltegiratzea tratatu aurretik.

GEEHen deskontaminazio-lerroaren tratamendu-ahalmena urtean 2.000 tonakoa da. Prozesu horretatik hondakin arriskutsuak eta material arriskugabeak lortuko dira, eta horiek Reydesaren San Antolingo lantegian tratatuko dira.

GEEHak deskontaminatzeko, gutxi gorabehera 5 m2-ko mahai bat izango da, bai eta GEEHetan dauden osagai arriskutsuak deskontaminatzeko eskuzko tresnak ere; indarrean dagoen legeriak zehaztutako osagai arriskutsuak bereiziko dira.

Kalkuluen arabera, urtean 1.700 tona GEEH deskontaminatuko dira, eta urtean 200 tona hondakin arriskutsu eta 100 tona hondakin arriskugabe sortuko dira.

Zabaldeko Reydesa Recycling enpresaren instalazioetan soilik G1 eragiketa (tratamendu orokorreko eragiketa) egingo da, eta zehazki honako fase hauek:

– 0. fasea. Gailuak jasotzea eta aldez aurretik desmuntatzea.

– 1. fasea. Osagaiak, substantziak eta nahasketak erauztea.

– 2. fasea. Gainerako frakzioak bereiztea.

Gainerako GEEHen kasuan, biltegiratzea legeztatuko da, baina ez da tratamendu-eragiketarik egingo. GEEHen biltegiratzea ez da 49 tonatik gorakoa izango.

b) EEIetatik eratorritako hondakin astun eta arinetatik material polimerikoak bereiztea (R12, R3ren aurretik).

Erabiltzen ez diren ibilgailuen zatiketaren frakzio astun eta arinen tratamendutik lortutako material polimeriko balorizagarriak bereizteko eragiketak egiten dira.

Urteko 100.000 tonako tratamendu-ahalmena duen eragiketa horretatik, urtean 25.000 tona material polimeriko inguru lortzen dira –balorizazio materialerako– eta urtean 75.000 tona bideratzen dira hondakinetatik eratorritako erregaia fabrikatzeko lerrora. Aplikatu beharreko prozesuaren lehen etapan, sailkapen granulometrikoa egiten da; etapa horretan baztertu egingo dira bereizketa dentsimetriko heze bidez bereizi ezin diren muturreko tamaina duten materialak.

Tarteko granulometria duten frakzioek aire bidezko sailkatze etapa bat igaroko dute; hala, sigi-saga ekipo baten bidez baztertuko diren itxurazko dentsitate txikiko materialak baztertuko dira.

Lortutako frakzio astuna hurbileko erradiazio infragorria baliatzen duen bereizgailu batera bideratuko da, ondorengo tratamendu-etapak oztopatu ditzaketen zur hondarrak bereizteko. Horrela lortutako material polimerikoen nahasketa urarekin garbituko da hurrengo etapan, eta, ondoren, garbitzeko erabilitako ur hori kendu egingo da.

Horrela lortutako material polimerikoen nahasketari dentsitate kontrolatuko bereizketa dentsimetriko hezea aplikatzen zaio segidako hainbat etapetan, material polimerikoen familia bateragarriak bereizteko, eta ondoren, horiek balorizatu ahal izateko.

Bereizketa dentsimetrikoko eragiketa horietan lohiak sortzen dira; lohi horiei, kudeatu aurretik, sobera duten ura kentzen zaie.

Prozesu horretan material polimerikoen korronteak sortuko dira (25.000 tona/urtean). Horiekin grantzak ekoitziko dira, ondoren eraldatu ahal izateko; hondakinen beste zati bat (75.000 tona/urtean) erregaiak prestatzeko erabiliko da. Era berean, prozesuko uren efluente bat sortuko da, isuri aurretik tratatu beharrekoa.

c) Hondakinetatik eratorritako erregaiak (HEE) prestatzea, EEIetatik eratorritako hondakin arin eta astunetatik PVCa ebaki eta bereiztea (R12, R1en aurretik).

Prozesu horren bidez urtean 75.000 tona material polimeriko trata daitezke. Prozesu horretan xurgagailua eta mahuka-iragazkia izango dituen ebaketa-makina bat erabiliko da. Horrez gain, prozesuak PVCa bereizteko etapa bat izango du; horretarako, x izpi bidezko detekzioa eta eiekzio pneumatikoa dituen ekipo bat erabiliko da. % 1etik beherako kloro-edukia duen material polimerikoen frakzio bat sortuko da (45.000 tona/urte), HEEak prestatzera bideratuko dena, bai eta % 1etik gorako kloro-edukia duen beste frakzio bat ere (30.000 tona/urte); frakzio hori ezabaketara zuzenduko da.

Balorizazio energetikora bideratutako material polimerikoen nahasketan dagoen PVCa bereizteko eragiketan datza prozesua. Erabiltzen ez diren ibilgailuen zatiketaren ondoriozko frakzio astun eta arinak tratatzeko eragiketetan sortutako material polimerikoen nahasketak dira.

Ondoren, birrintze-etapa dator; partikularen tamaina murrizteko eragiketa bat da, balorizazio energetikora bideratutako zati polimerikoari aplikatu beharrekoa, injekzio-sistema erabiliz erregai mota hori erabiltzen duten instalazio batzuetan onar daitekeen gehieneko tamainaren espezifikazioa betetzeko. Partikulak biltzeko gaitasuna duen ekipoa da.

Plastikoen pabiloian, xurgapen bidez bilduko da ehotze-instalazioak sortutako hautsa, eta plastikoak dentsimetrikoki bereizi aurreko egokitzapen-instalazioetako emisioak ere xurgapen bidez jasoko dira.

Instalazioak gasolio-depositu bat du; gasolio hori pala kargatzaileetan erabiltzen da. Gordetzeko, 5.000 litroko gainazaleko depositu bat erabiltzen da. Depositu horrek kanpoko geruza bikoitza du; horrenbestez, ez da nahitaezkoa atxikipen-kubeta bat izatea.

Instalazioak 3.200 kVA-ko potentzia izango du, 1.600 kVA-koa pabiloi bakoitzean. Metalen pabiloiko (I. pabiloia) potentzia instalatua 1.000-1.200 kW ingurukoa izango da, eta plastikoen pabiloikoa (II. pabiloia) berriz, 1.200-1.400 kW ingurukoa.

Erradioaktibitatea detektatzeko portiko bat izango da, eta bi panel izango ditu, bana galtzadaren aldeetan, eta bina detektagailu aldeetan. Baskula bat ere izango da.

Aireratzen diren kutsatzaile nagusiak bi ekoizpen-pabiloietako emisioak dira; horiek kanpora hustu aurretik xurgatu eta tratatu egiten dira.

Instalazioan sortutako hondakin-uren artean honako hauek daude: prozesuko urak (plastikoen bereizketa hezetik datozenak), kanpoko biltegiratzetik datozen urak (ur-kanoietatik datozenak), euri-urak eta ur beltzak (bainugeletatik eta aldageletatik datozenak). Kanoietatik datozen urak eta pabiloien arteko gainazaleko euri-urak batera bideratzen dira.

Bainugeletako eta aldageletako urak zuzenean isurtzen dira kolektorera; gainerako isurketa-fluxuak instalazioetako araztegian tratatuko dira, eta, jarraian, haiek ere industrialdeko kolektorera isuriko dira.

Arazketa-sistema kargen bidezkoa da, eta honako hauek ditu: 35 m3-ko erreaktore bat, erredox sistemarekin, eta pistoi-ponpadun iragazte-sistema bat, metal astunak hauspeatzeko. Lohiak prentsa-iragazki batean deshidratatuko dira.

Instalazioak bi emisio-foku sistematiko ditu, bata metalen pabiloian eta bestea, berriz, plastikoen pabiloian. Bi kasuetan, tratamendu-sistema mahuka-iragazki bat da.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta hondakin arriskugabeak batez ere honako hauetatik datoz: hondakinetatik eratorritako erregaiak prestatzeko prozesuetatik, EEIetatik eratorritako hondakin astun eta arinen PVCak ebaki eta bereizteko prozesuetatik, metalen bereizketatik eta GEEHak deskontaminazio-prozesuetatik.

Ekoizpen-prozesuetan, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakian jasotzen diren teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira –erabaki horren bidez, hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dira–, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat etorriz.

Instalazioak aipatutako dokumentuan jasotako teknika hauek ditu:

(Ikus .PDF)

Era berean, instalazioa martxan jarri ondoren, honako teknika hauek ezartzea eta martxan jartzea aurreikusten da:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileez gain, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak kontuan hartu beharko ditu Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2020ko maiatzaren 15eko Ebazpenean adierazitako neurriak eta baldintzak, Ebazpen horren bidez egiten baita hondakinak kudeatzeko jarduera berriari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena.

Hirugarrena.– Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak Legutioko udalerrian (Araba) sustatzen duen hondakinak kudeatzeko jarduera gauzatzeko eta bertan behera uzteko, honako baldintzak eta eskakizunak ezartzea:

A) Erantzukizun zibileko asegurua.

Gutxienez seiehun mila euroko (600.000) erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz hondatzen den ingurumena konpondu eta leheneratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen (KPI) arabera handituz.

B) Fidantza.

Berrogeita hamazazpi mila eta bostehun (57.500) euroko fidantza jartzea, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 23. artikuluaren 5.b) letran xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa zehazten da, hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Jarritako fidantza ez da itzuliko, harik eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek baimentzen ez duen arte Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak sustatutako hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera bertan behera uztea, edo bere garaian jarduera uzteko finkatutako baldintzak betetzen ez badira; baldintza horiek, betiere, lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezartzen diren betekizunak barne hartuko dituzte.

C) Ingurumen-erantzukizuna.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresa 3. lehentasun mailako operadore gisa dago sailkatuta ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera. Agindu horren bidez ezartzen da, hain zuzen ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen azken xedapenetako laugarrenean aurreikusten diren eta APM/1040/2017 Aginduak aldatzen duen ministerio-aginduak onartzeko lehentasun-ordena eta egutegia.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (zeinaren bidez onartzen baita Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, bat etorriz 26/2007 Legearen 24. artikuluarekin. Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, agintaritza eskudunari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio, zeinetan IV.2 eranskinean jasotako informazioa jasoko baita gutxienez.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

D) Administrazioarekiko harremanen erantzule.

Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik badago, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak aldaketa horien berri emango du.

E) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala beteko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta honako apartatu hauetan ezarritakoari jarraituz:

E.1.– Hondakinak onartu, hartu, manipulatu eta gordetzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak ondorengo apartatuetan daude zehaztuta, behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.

Lantegian tratatu beharrekotzat jotzen den hondakin-jatorri bakoitzeko, eragileak hondakin hori onartzeko eskabidea bidali beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara, horrek onets dezan, eta, behar izanez gero, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena erantsiko da.

Hondakin jakin bat onar daitekeela egiaztatu ondoren, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak dokumentu horren titularrari onarpena ziurtatzen duen agiria igorriko dio, onarpen horren baldintzak ezarrita. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.

E.1.1.– Hondakin onargarriak.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu goian aipatutako tratamendu-sistemen bidez. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EB Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EB Zuzentarauan xedatutakoa betez). Hortaz, ondoren adierazten diren hondakin hauek baino ez dira onartuko:

I. pabiloia (5. lurzatia) – Metalen bereizketa (R12, R4ren aurretik).

(Ikus .PDF)

Gehieneko tratamendu-gaitasuna: 135.000 tona/urte.

Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.

II. pabiloia (3. lurzatia).

a) GEEHak biltegiratzea eta horien deskontaminazioa.

– GEEHen deskontaminazioa (R1201, R1202, R1203) (G.1 Tratamendu orokorreko eragiketa).

(Ikus .PDF)

– GEEHak biltegiratzea (R1301).

(Ikus .PDF)

– GEEHen osagaiak biltegiratzea (R1302).

(Ikus .PDF)

Gehieneko tratamendu-ahalmena 2.000 tona/urtekoa da, eta zentroan jasotzen diren GEEH guztiak berrerabiltzeko prestatu ahal izango dira; kasu horietan, GEEHak tratamendu horretarako baimendutako kudeatzaile bati bidaliko zaizkio.

b) EEIetatik eratorritako hondakin astun eta arinetatik material polimerikoak bereiztea (R12, R5en aurretik).

(Ikus .PDF)

Gehieneko tratamendu-gaitasuna: 100.000 tona/urte.

c) Hondakinetatik eratorritako erregaiak (HEE) prestatzea, EEIetatik eratorritako hondakin arin eta astunetatik PVCa ebaki eta bereiztea (R12, R1en aurretik).

(Ikus .PDF)

Gehieneko tratamendu-gaitasuna: 75.000 tona/urte.

Instalazioan inola ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edota, hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.

Hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

E.1.2.– Hondakinen sarrera kontrolatzea.

Instalaziora balorizatzeko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzekin bat instalazioan onargarriak direla bermatzeko.

Kontrol horretan, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak onartutako tratamendu-kontratuan ezarritako egiaztapena egin beharko da. Agiri horretan, onarpen-parametro mugatzaile eta baldintzatzaileak ezarriko dira. Egiaztatze hori sarrera-kontroleko agiri batean erregistratuta geratuko da.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, hondakin mota gehiago kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, eta ebazpen honen I. apartatuan ezartzen dena betetzea.

Kudeatu beharreko hondakinen zerrenda (EHZ) handitzeko eskaeran, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak hondakin berri horiek nola kudeatuko diren adierazi beharko du, eta lekualdatze-operadorearekin egindako tratamendu-kontratua aurkeztu beharko du. Proposatutako kudeaketa-bidean izandako aldaketa oro organo honi jakinarazi beharko zaio aldez aurretik, eta, jakinarazpen horrekin batera, tratamendu-kontratu berria igorriko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi hura baliozkotu dezan.

Hondakinen hierarkiaren printzipioa aplikatuz eta gailu elektrikoen edo elektronikoen, horien osagaien, azpimultzoen eta kontsumigarrien hondakinak berrerabiltzeko prestatzea lehenetsiz, hondakinak deskontaminatzeko prozesuan tratatzen diren GEEH hondakinak instalazioan tratatu ahal izango dira, baldin eta berrerabiltzeko prestaketa-prozesu batean baztertu badira eta egiaztatzen bada R12 kudeaketa-eragiketa batetik igaro direla, non jariakin mota guztiak –olioak, lubrifikatzaileak eta abar– kendu zaizkien, eta materialen eta osagaien gaikako tratamendua izan dutela, arau aplikagarrietan ezarritakoaren arabera.

Kudeatzaile baimenduekin akordioak egingo dira GEEHak berrerabiltzeko prestatzeko.

Plantan tratatuko den hondakin oro hondakina lekualdatzeko operadorearen eta Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresaren artean egindako tratamendu-kontratu batean agertu beharko da. Tratamendu-kontratuak Estatuaren lurralde barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoa bete beharko du, eta, besteak beste, honako alderdi hauek jaso beharko ditu: hondakinei emango zaien tratamendua, hondakin horiek onartzeko baldintzak eta alderdiek dituzten betebeharrak hartzaileak hondakina baztertzen badu.

Hondakinak lekualdatzeko, ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua bete beharko da, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena ere.

Aurrekoarekin bat etorriz, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen barneko hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Edonola ere, birziklatu edo balorizatu daitezkeen hondakinak helburu horietara bideratuko dira, eta Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak betetako tratamendu-kontratuetan jasoko da hori.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak bere artxibo kronologikoan sartu beharko du lekualdaketari buruzko informazioa, eta hiru urtez gordeko du hondakinak entregatu eta onartu direla adierazten duen identifikazio-agiri sinatuaren kopia.

Aldez aurretik jakinarazi beharreko hondakinen lekualdaketak identifikatzeko dokumentuen kasuan, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak hondakina jasotzen denetik gehienez 30 eguneko epea izango du identifikazio-agiri hori organo eskudunari bidaltzeko. Bidalketa hori gauzatzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen-informazioa kudeatzeko sistema baliatuko du.

Hondakin bat baztertzen bada nahiz eta tratamendu-kontratuan aurreikusitakoaren arabera hondakin horren EHZ kodea baimendutako hondakinen artean egon, berehala bidaliko zaio jakinarazpen bat organo honi (ippc@euskadi.eus helbidera), honako hau helarazteko:

– Baztertzeko arrazoia.

– Lekualdaketaren operadoreak hondakin baztertua kudeatzeko aukeratu duen bide alternatiboa.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakin bat ezin bada onartu, zeinaren EHZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

E.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zolata iragazgaitza izango dute, eta, orobat, behar diren maldak eta balizko jarioak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Zamalanak egitean, gai arriskutsuak manipulatzeko eskatutako segurtasun-baldintzak bete beharko dira.

c) Instalazioan egiten diren hondakinen zamalanek eta manipulazioek, baita ekipamenduen estankotasunak ere, emisio lausoak edo kontrolik gabeak saihestu beharko dituzte, edo, saihestu ezin denean, ahalik eta gehien txikitu.

d) TEEH hondakinak jasotzeko eta garraiatzeko baldintzek TEEH hondakinak eta horien osagaiak prestatzea eta berrerabiltzea ahalbidetu behar dute, eta ez dira apurtu behar, ezta gehiegi pilatu ere, substantziarik isuri edo materialik galdu behar, eta oliorik eta likidorik isuri behar. Merkurioa duten lanparak biltegiratuz gero, behar bezala beteko dira horiek jaso eta garraiatzeko baldintza espezifikoak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VII. eranskinean jasotzen direnak.

Aurrez manipulatu diren, hondatuta dauden edo osagai guztiak ez dituzten gailuak jasotzen badira, gertakari hori behar bezala jaso beharko da E.1.5 apartatuan aipatzen den artxibo kronologikoan.

E.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinen gehieneko biltegiratze-epea bi urtekoa izango da hondakinak arriskugabeak badira, eta sei hilekoa arriskutsuak badira.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta izan litezkeen ihes edo isurketei eusteko gai izango dira, eta biltegiratze-gune bereiziak izango dituzte onar daitezkeen hondakin mota generiko bakoitzerako.

c) Hondakin arriskutsuak biltegiratzearen ondoriozko arriskuak murrizte aldera, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak gune bereizian biltegiratu beharko ditu hondakinok. Gune horrek estalita egon beharko du eta lurzoru estankoak izan beharko ditu.

d) Plantan onartutako hondakinak biltegiratzeko orduan, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

e) Hautsezko hondakinak eta soltean jasotakoak pabiloiaren barruan gorde beharko dira, multzotan edo gelaxketan, harik eta tratatzen diren arte.

f) Instalazioak hondakinak pisatzeko baskula izango du.

g) GEEHak bereizita bildu beharko dira, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskineko 1. taulan aurreikusten diren zatikiak kontuan hartuta bederen: «GEEen kategorien, GEEHen bilketa-frakzioen eta EHZ-GEEH kodeen arteko baliokidetasunak»

h) Halaber, GEEHak biltegiratzeko eremu estali berezi bat sortu beharko da; eremu horrek baldintza egokiak izango ditu berrerabiltzeko prestatzeaz arduratzen diren eragileek ikuskatu ahal dezaten.

i) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistema horiek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: jarioren bat gertatu eta nahasiz gero, nahasketa horren arriskugarritasuna handitzen bada edo kudeaketa zailtzen bada.

j) Baldin eta hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihesen bat balego, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Legutioko Udalari.

k) Instalazioaren etenaldi teknikoko egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak E.1.1. apartatuan adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eraman daitezen.

E.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.

Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak artxibategi fisiko edo telematiko bat izan beharko du, esku hartu duen jarduera guztiak ordena kronologikoan jasotzeko. Aipatutako fitxategi kronologikoan sartuko da, orobat, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa, eta bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira:

a) Onartutako hondakinen jatorria (jatorria eta prozesua, enpresa sortzailea eta enpresa garraiolaria).

b) Hondakin horien kantitateak, izaera, konposizioa eta identifikazio-kodea.

c) Hondakin-partida bakoitzaren onarpen- eta harrera-data, eta, hala dagokionean, ematean sortutako kontrol- zein segimendu-agiria.

d) Onartu ez diren hondakin-partidei buruzko datuen erregistroa (jatorria, kopurua, enpresa garraiolaria, ez onartzeko arrazoiak eta ordezko helmuga).

e) Biltegiratutako hondakinak instalazioko zer tokitan dauden.

f) Hondakinak aldez aurretik egokitzeko edo multzokatzeko eragiketak, hondakin-partiden datak, parametroak eta haiei buruzko datuak, hondakinen ondorengo helmuga eta partida bakoitzari emandako EHZ kodea.

g) Instalazioko kudeaketa-lanen datak edo azken kudeatzaile baimenduari bidalketa egin zaionekoa, kudeatzaile horren identifikazio-datuak, eta, hala badagokio, sortutako identifikazio agiriarenak.

h) Bereizitako hondakin arriskutsuen mota bakoitzaren izaera eta pisu-frakzioa.

Artxibo kronologiko hori bost urtez gorde beharko da gutxienez eta urtero bidali beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honetara, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluarekin bat etorriz, urte bakoitzeko martxoaren 1 baino lehen aurkeztu beharko da artxibo kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

GEEHak kudeatzeko, artxibo kronologikoak bat etorri beharko du 110/2015 Errege Dekretuaren XI. eranskinarekin, eta, bertan, gutxienez honako datu hauek jasoko dira ordena kronologikoan:

A) Sarrera.

a) GEEHa noiz sartu den.

b) GEEHa entregatu duen erabiltzailearen edo erakundearen identifikazioa (kasuan-kasuan aplikatzen denaren arabera): GEEHen partikular/banatzaile/garbigune/ekoizle-sare/ekoizle profesionala.

c) Izena (sozietate-izena), helbidea, autonomia-erkidegoa, IFZ, ingurumeneko identifikazio-zenbakia, Hondakinen Ekoizpen eta Kudeaketa Erregistroko inskripzio-zenbakia.

d) Garraiolaria (halakorik balego): Izena (sozietate-izena), IFZ, helbidea, autonomia-erkidegoa eta kudeatzailearen kodea.

e) Entregatutako gailu mota eta marka.

f) Pisua.

g) EHZ-GEEH kodea.

h) Erabilera (etxekoa/profesionala).

i) Serie-zenbakia (ahal den guztietan).

j) GEEHaren etiketaren edo instalazioan GEEHak gordetzen diren edukiontziaren erreferentzia-zenbakia.

k) Oharrak eta gorabeherak, adibidez funtzionamendu-egoerari buruzkoak, berriz erabiltzeko aukerari buruzkoak, beterik dagoen, etab.

Gailu txikiei eta lanparei dagokienez, sarrerako banakako informazio hori ez da beharrezkoa izango, eta horren ordez frakzio horretarako berariazko edukiontzien identifikazioa beharko da.

B) GEEHak edukiontzi edo kaiolatan ateratzea.

a) Edukiontzia edo kaiola instalaziotik irteteko data.

b) EHZ-GEEH kodea.

c) Edukiontzi-erreferentzia, GEEHen irteera-pisua, edukiontzia.

d) Garraiolariaren identifikazioa.

e) Helmuga (hondakinak kudeatzeko instalazioaren datuak).

1) Helbidea eta autonomia-erkidegoa.

2) Mota: Berrerabiltzeko prestatzeko zentroa (BPZ), kargaren transferentzia- edo bilketa-zentroa, tratamendu espezifikorako instalazioa.

3) Ingurumeneko identifikazio-zenbakia.

4) IFZ.

5) Ekoizpen- eta kudeaketa-erregistroko inskripzio-zenbakia.

f) Bildu eta kudeatzen duen erakundeari buruzko informazioa (esleipen-bulegoa edo biltzeko instalazioak kontratatutako kudeatzailea).

g) Esleipen-bulegoaren bilketaren erreferentzia-zenbakia.

h) Biltzeko instalaziotik bilketa finantzatzen duen erantzukizun hedatuko sistema.

Artxibo kronologiko horrek, deskontaminazioaren pean jartzen diren GEEHen kasuan, informazio hau ere jasoko du:

a) Tratamendu-lanak, datak, kontrol-parametroak eta prozesuari buruzko datuak.

b) Aldi baterako biltegiratutako hondakin arriskutsuak, gailu elektriko edo elektroniko deskontaminatuetakoak: mota, identifikazio-kodeak, kopuruak eta ontziratze-datak, instalazioko kokapena.

c) Kudeatzaile baimenduari entregatutako hondakin arriskutsuak: mota, identifikazio-kodea, kopuruak, entrega-datak, kudeatzailearen identifikazio-datuak eta entrega bakoitza egiaztatzen duen identifikazio-dokumentuaren zenbakia.

d) Berrerabiltzeko merkaturatutako gailu elektriko eta elektronikoen piezak eta osagai desmuntatuak: kopuruak pisuaren arabera, motak.

e) Hondakin arriskugabeen kudeatzaile baimenduari birziklatzeko entregatutako gailu elektriko eta elektronikoen piezak eta osagaiak: mota, identifikazio-kodea, kopuruak, entrega-datak eta hartu dituen kudeatzailearen identifikazio-datuak, kasu bakoitzean.

Laburpen-memoriak ekitaldi bakoitzaren amaieran behin-behinean biltegiratutako hondakinen eta hondakin kopuruen zerrenda ere jasoko du, lantokian tratatzeko onartuta baina oraindik tratatzeke dauden hondakinena bai eta sortutako hondakinena ere.

GEEHen kudeaketa-jarduerarako, urteko memoriak otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XII. eranskineko gutxieneko edukia jaso beharko du.

Artxibo kronologikoa eta jasotako GEEHei buruzko urteko memoria plataforma elektronikoan kargatuko dira erabilgarri dagoenean, 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Plataforma elektroniko horren bitartez, artxibo kronologikoari eta urteko memoriaren lanketari dagozkion obligazioak bete ahal izango dira.

Aurreko apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

E.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

GEEHen kudeatzaileei dagokienez, GEEHak Europar Batasuneko herrialdeetara nahiz Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetara lekualdatzeari buruzko informazioa kargatuko da 110/2015 Errege Dekretuaren 55. artikuluan aipatzen den plataforma elektronikoan.

Horrez gain, aurreikusten bada hondakindegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen helmugako instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

E.1.7.– Hondakinetatik eratorritako erregaia (HEE) merkaturatzeko baldintzak.

Parametro hauek ezartzen dira prozesuan zehar lortu den hondakinetatik eratorritako erregaia merkaturatzeko.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresan sortu den hondakinetatik eratorritako erregaiak zehaztapen teknikoak eta kalitatezkoak bete beharko ditu, UNE-EN 15359:2012 Arauaren arabera 1., 2. eta 3. mota gisa sailka daitekeen erregaia lortzeko.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresan sortu den hondakinetatik eratorritako erregaia merkaturatzeko parametro hauek ezartzen dira:

– Kloro-edukia = % 0,6 edo = % 0,1 (oinarri lehorrean).

– Merkurio-edukia = 0,08 mg/MJ.

– Berotze-ahalmen garbia = 15 MJ/kg.

Gutxienez hilero kontrolatuko dira sortutako produktuaren kalitate-parametro horiek.

Zehaztapenen orri bat eduki beharko da, eta bertan, gutxienez, honako informazio hau jaso beharko da: partikularen tamaina, errauts-edukia, hezetasuna, PCI, kloro, merkurio eta beste metal astunen edukia.

Hondakinetatik eratorritako erregai merkaturatuak adostasun-adierazpena izan beharko du.

Hondakinetatik eratorritako erregaia, lehentasunez, erregai gisa erabiltzeko merkaturatu beharko da. Hilero kontrolatuko da sortutako hondakinetatik eratorritako erregaiaren osaera. Osaeraren analitika egingo da, eta erregai horren merkaturatzea baldintza dezaketen osagaien balioak adieraziko dira. Horretarako, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak neurtu beharreko parametroen eta neurketaren aldizkakotasunaren proposamena aurkeztu beharko du, ingurumen-organoak onar dezan.

Goian adierazitako kontrolen emaitzak erregistratuko dira. Erregistro horietan, hemen ezarritako muga-balioak gainditzen ote diren adierazi beharko da.

Nolanahi ere, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak justifikatu beharreko inguruabar bereziengatik ezin bada merkaturatu hondakinetatik eratorritako erregai-partidaren bat, erregai-partida hori berriro prozesatu beharko da edo, bestela, horretarako baimendutako kudeatzaileari entregatu beharko zaio. Nolanahi ere, hondakinak balorizatzea dakarten bideak joko dira egokientzat, eta hondakinak ezabatzeko alternatiben aurretik lehenetsiko dira. Azken kudeaketa-bidea hondakinak uztea edo ezabatzea izanez gero, hondakinen partida bakoitzerako balorizatu ezina justifikatu beharko da, eta hori partida horiek hustu aurretik egin beharko da.

Era berean, bidali den hondakinetatik eratorritako erregai kantitatea erregistratuko da, baita zehaztapenetatik kanpoko produktuen kantitatea eta helmuga ere.

E.1.8.– Bereizitako metalen bizitza amitutzat jotzeko bete beharreko baldintzak.

Kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko, altzairuzko eta aluminiozko txatarren eta horien aleazioen kasuan, dagozkien adostasun-deklarazioak egin direla egiaztatu beharko da, Europako Kontseiluaren 2011ko martxoaren 31ko 333/2011 (EB) Erregelamenduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Erregelamendu horretan, txatar mota jakin batzuek hondakin izateari noiz uzten dioten zehazteko irizpideak finkatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera.

Kudeaketa-prozesuaren ondoriozko kobre-txatarren eta horien aleazioen kasuan, dagozkien adostasun-deklarazioak egin direla egiaztatu beharko da, Europako Kontseiluaren 2013ko uztailaren 25eko 715/2013 (EB) Erregelamenduaren 4. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Erregelamendu horretan, kobre txatar mota jakin batzuek hondakin izateari noiz uzten dioten zehazteko irizpideak finkatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera.

Gainerako metalen kasuan, hala nola zinkaren kasuan, aipatutako erregelamenduetan ezarritako parametro berak betetzen direla ziurtatuko da, edo, halakorik ezean, egiaztatuko da kudeaketa E.2.4 apartatuan ezarritakoaren arabera egiten dela.

E.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

E.2.1.– Instalazioan tratatutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak

E.1 apartatuan adierazten diren hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintza eta kontrolei kalterik egin gabe, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak bermatu beharko du tratamendu-lerro hauetarako baldintza hauek betetzen dituela:

Tratamendu mekanikoa.

Manipulazio- eta tratamendu-eragiketak beti zoladura iragazgaitz baten gainean egingo dira.

Transferentzia-zentroa - GEEHak aldi baterako biltegiratzea.

a) Gehienez 49 tona GEEH biltegiratuko dira, betiere gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz.

b) Ahal den guztietan berrerabilera barne hartzen duten akordioak sinatuko dira. Horretarako, GEEHak norako horretarako berrikusiko dira, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren IX.A eranskineko irizpideekin bat etorriz.

c) GEEHei ezingo zaie R4 eragiketarik egin, kudeatzaile baimenduaren tratamendu espezifikorik jaso ez badute. Tratamendu horretan, gutxienez, mota guztietako jariakinak kendu beharko dira, olioak, lubrifikatzaileak eta bestelakoak barne, eta material eta osagaien tratamendu gaikakoa egin beharko da, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XIII. eranskinean xedatutakoari jarraikiz. Era berean, GEEHak ezingo dira prentsatu, zatitu edo trinkotu, baldin eta aurretik igaro ez badute dagokion tratamendu espezifikoko prozedura.

d) Hondakin arriskutsuak ezingo dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

e) Aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur beltzak izan ezik, bereizita jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

f) Indarraldiaren arabera, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak eta enpresa horrek bidalitako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako tratamendu-kontratuen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren aurrean. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainian kokatuta, mugaz gaindiko lekualdatzeak arautzen dituen Europar Batasuneko araudia bete beharko da.

GEEHak tratatzeko lerroa (G1).

Tratatu beharreko gailu elektriko eta elektronikoen hondakinen gehieneko biltegiratze-gaitasuna 625 m2-koa izango da. Gainazal iragazgaitzeko eremuetan biltegiratuko dira. Horietan, isuriak biltzeko instalazioak egongo dira, eta gaitasuna izango dute espero diren karga guztiak hartzeko, betiere, pabiloi estalian, aire zabaletik babesteko.

Manipulazio- eta tratamendu-eragiketak beti pabiloi estalian egingo dira; pabiloiak zoladura iragazgaitza izango du eta isurketak jasotzeko sistemez hornituta egongo da.

Bereizita jasotako gailu elektriko eta elektronikoetatik gutxienez honako osagai, substantzia eta prestakinak atera beharko dira, ingurumenera heda ez daitezen:

– Poliklorobifeniloak (PCB) dituzten kondentsadoreak.

– Merkurioa duten osagaiak, esaterako, etengailuak edo hondo-argiztapena duten bonbillak.

– Erremintarik erabili gabe, gailutik atera daitezkeen pilak eta metagailuak.

– Telefono mugikorretarako, oro har, eta bestelako gailuetarako zirkuitu inprimatuen txartelak, zirkuitu inprimatuen txartelaren azalera 10 zentimetro koadrokoa baino handiagoa baldin bada.

– Toner-kartutxoak, likidoa eta orea, baita koloretako tonerra ere.

– Olioak.

– Material piroatzeratzaile bromatuak dituzten plastikoak.

– Izpi katodikodun hodiak.

– Gasezko deskarga-lanparak.

– 100 cm2 baino gehiagoko azalera duten kristal likidozko pantailak (armazoiarekin batera, hala badagokio) eta hondoko argiztapen gisa gasezko deskarga-lanparak dituzten guztiak.

– Amiantoa duten osagaiak.

– Kanpoko kable elektrikoak.

– Zeramikazko zuntz erregogorrak dituzten osagaiak.

– Substantzia arriskutsuak dituzten kondentsadore elektrolitikoak (altuera > 25 mm, diametroa > 25 mm edo antzeko bolumena).

Gailu elektriko eta elektronikoetatik bereizitako hondakin arriskutsu tratatuak biltegiratzeko gehieneko gaitasuna 20 m3-koa da.

E.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

E.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresaren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak hauek dira: atmosferarako emisioek ez gainditzea Ebazpen honetan ezarritako muga-balioak, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Emisio ez-konfinatuek ez dute arau orokor hori bete beharrik izango, horiek biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.

Neurri egokiak hartuko dira istripuzko emisioen probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz segurtasun publikorako arriskutsuak ez izateko. Efluente gaseosoak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Une oro beteko dira atmosferaren kutsadura prebenitzeko proiektuan aipatutako neurriak, bereziki, hautsa ez aireratzeko direnak.

Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta guneen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako ILE txosten bat eman beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

E.2.2.2.– Iturriak identifikatzea. Katalogazioa.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresaren hondakin-kudeaketarako instalazioak urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren –atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenaren eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituenaren– katalogoan bildutako 09 10 09 02 jarduerari lotutako honako foku konfinatu hauek ditu:

(Ikus .PDF)

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko gisa funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

Hala ere, prozesua nolakoa den ikusita, partikulen emisio lausoak gerta daitezkeenez, horiek ahalik eta gehiena murriztuko dira teknika erabilgarri onenen bidez, aipatutako arauaren 6. artikuluan xedatutakoarekin bat. Era berean, emisio lausoak minimizatzeko protokolo bat dago.

Horretaz gain, emisioen kontrolari eta dispertsioari buruzko xedapenak betetzeko behar diren elementuek eragingarri egon behar dute instalazioa osorik edo partzialki martxan jartzen denean, eta dabilen bitartean.

E.2.2.3.– Emisioen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren emisioetan ez dira muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

Baldintza hauekin lotuta daude balio horiek: 273,15 K-eko tenperatura, 101,3 kPa-eko presioa eta gas lehorra.

Aurreko emisioen muga-balioak errespetatzen direla joko da, baldin eta gutxienez 30 minutuko segidako hiru neurketen batez besteko balioak ez baditu emisioen muga-balioak gainditzen. Ondorio horietarako, laginketa-aldiko batez besteko balioa honela kalkulatuko da: gutxienez 30 minutuko ondoz ondoko hiru neurketaren batezbestekoa, neurketa bakoitzari baimen honetan zehaztutako metodoari dagokion konfiantza-tartea kenduta.

Nolanahi ere, neurtutako emaitza bakarraren % 95eko konfiantza-tarteen balioek ez dute gaindituko emisioen muga-balioen ehuneko hau: partikulak guztira % 30.

E.2.2.4.– Gasak bildu eta husteko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuaren E.2.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta guneen segurtasuna eta zerbitzuak.

E.2.3.– Isurketak egiteko baldintzak.

E.2.3.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Jarduera: Materialak bereizi eta sailkatzea.

ESJN: 3831.

(Ikus .PDF)

E.2.3.2.– Isurketaren muga-balioak.

Saneamendu-sarera egiten diren isurketen parametroak Goiaingo industrialdeko Isurketak eta Hondakin-uren Arazketa Arautzeko Erregelamenduan finkatutakoak izango dira –instalazioak horra egiten ditu isurketak– eta zerrenda honetan jasota daude, horietako bakoitzerako zehaztutako gehieneko mugak barne:

(Ikus .PDF)

Ezin izango dira diluzio-teknikak erabili isurketen muga-balioak lortzeko.

Baimen honek ez du babesten jardueran zehar sor daitezkeen eta baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzia batzuk isurtzea.

E.2.3.3.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Industria-instalazio guztietarako arazteko instalazioak edo hondakin-uren neurri zuzentzaileak enpresa eskatzaileak aurkeztutako agirietan araberakoak izango dira, eta elementu hauek izango dituzte funtsean:

Instalazioa kargen bidezko araztegi bat da (aldizkakoa); 35 m3-ko erreaktore bat du, erredox sistemarekin, eta pistoi-mintzezko ponpa bidezko iragazte-sistema bat. Sistemak osagai hauek ditu:

– Hondakin-urak arazteko sistema.

– Irakuzketak metatzeko deposituak.

– Metal astunen arazketa eta hauspeatzea.

Arazketa-sistemetatik eratorritako lohiak kudeatzaile baimendu batek kenduko ditu.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak II. pabiloiari dagokion isurketa-puntuan baino ez ditu isurtzen prozesuko urak; hori dela eta, puntu horretan soilik instalatu du isurketak kontrolatzeko kutxeta. Etorkizunean, prozesuko urak Goiaingo industrialdeko saneamendu-kolektore nagusira ere isuriko badira –I. pabiloiari dagokion isurketa-puntutik–, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak puntu horretan ere isurketak kontrolatzeko kutxatila bat jarri beharko du.

Kanpoko material-pilaketa guztiak estalita egon behar dira, saneamendu-sare orokorrera joan daitezkeen arrastatzeak edo lixibiatuak saihesteko.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresatik edo bertara materiala garraiatzen duten kamioiek babestuta eraman beharko dute beren karga, Goiaingo industrialdeko urbanizazioan inolako isurketarik gerta ez dadin; istripuz isurketaren bat gertatzen bada, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresa arduratuko da isuritako materiala garbitzeaz eta behar bezala kudeatzeaz.

Kontrol-kutxatila bat jarriko da hondakin-ur mota baimendu bakoitzerako; kutxatila horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko eta arazketa-instalazioen errendimendua egiaztatzeko behar diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxatilak zuzeneko sarbidea duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ikuskatu ahal izan ditzan.

Hartutako neurriak nahikoak ez direla ikusiz gero, erakunde titularrak, baimenean ezarritako baldintzak betetzeko arduraduna den heinean, behar diren aldaketak egin beharko ditu arazketako instalazioetan, isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio aldez aurretik.

E.2.4.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helmuga egokiena zehazteko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin guztiak balorizatu egin behar dira, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, hondakin horiek instalazio haietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatu egingo dira, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituen Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda deuseztatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitateak –Ebazpen honetan daude jasota– orientagarriak dira soilik; kantitate horiek kalkulatzeko kontuan hartu dira jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru iragazgaitza izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak lehen aldiz atera aurretik, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014/EB Erregelamendua, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (hondakinei buruzko zuzentarau horrek zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta hura izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Baldin eta hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihesen bat balego, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Legutioko Udalari.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruan hondakinak lekualdatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, bat etorriz Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluarekin.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.5 artikuluan aurreikusitako eta martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan hondakinak lekualdatzeari buruz ezarrita dagoena bete beharko da.

E.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Honako hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodetzea, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030eko Planean ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren tratamendu-kontratuetan jasotako informazioa organo horrek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen tratamendu-kontratuetan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta, duten tipologia dela eta, isurketak gertatuz gero eta nahastuz gero, arriskutsuagoak badira edo kudeatzeko zailagoak badira.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak jariatuta edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu, eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraiobideak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Gailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak; besteak beste, lanpara fluoreszenteenak. Halaber, pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pilen eta metagailuen hondakinek. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu, betiere. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde beharko dira gutxienez.

j) Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak PCBak eduki ditzaketen gailuak dituenez, gailuon kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak (errege-dekretu haren bidez, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dira) eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak –ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoak– adierazten dituen substantziak baditu, berreskuratu egingo dira, alderdiek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu gailuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak urtero adierazi beharko du Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

m) Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

n) Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 5 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

o) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, hau da, mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzeko, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 18.7 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere betebehar horretatik salbuetsita ez badago.

p) Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresa Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea baldin bada, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egiteko ardura du, eta, beraz, ontzia hura kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

q) Apartatu honetako e) eta f) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta l), m) eta n) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

r) Amiantoa duten hondakinak atzemanez gero, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak bete egin beharko ditu Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) ezarritako eskakizunak. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

E.2.4.2.– Hondakin arriskugabeak.

Sustatzaileak hondakin arriskugabe hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

Era berean, kudeaketa-prozesuetako hondakin hauek sortu ahal izango dira:

(Ikus .PDF)

a) «Arazketa-opilak» izeneko hondakinaren kasuan, hondakin horrek ispilu-sarrera du gaur egun indarrean dagoen Europako hondakinen zerrendan. Horrenbestez, horiek hondakin arriskugabetzat hartuko dira, baldin eta lehenengo aldiz ebakuatu baino lehen karakterizatzen badira; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako E.2.4.1 apartatuan zehazturikoa aplikatu beharko da.

b) Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez bigarren apartatuko E.2.4 azpiapartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizatu egin beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina balorizatzeari.

c) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereiziko dira, eta lehenak eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzailea), berriro erabili ahal izateko, eta bigarrenak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati.

d) Hondakin horiek ezabatzeko badira, ezin izango dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.

e) Oro har, kanporatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honen hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

f) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik identifikazio-agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

g) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 31.2 artikuluaren arabera.

h) Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresa Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritzarako edo industriarako ontzi baten azken jabea baldin bada, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresa ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, berau kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

i) Ekonomia zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 65. artikuluan zehazten denari jarraikiz, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria eta kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen laburpen-memoria. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko ditu datu horiek.

j) Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 64. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak eta hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 5 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

k) Apartatu honetako d) eta e) letretan (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta f) eta g) letretan adierazitako agiriak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

E.2.5.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

E.2.5.1.– Baldintza orokorrak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako betebeharrak betez eta haren gomendioekin bat etorriz, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Era berean, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko otsailaren 26ko Ebazpenean ezarritako baldintzak bete beharko ditu –Ebazpen horren bidez, Legutioko (Araba) Goiaingo industrialdeko Zabaldea kalean dauden 3. eta 5. zenbakiko lurzatiei dagokien lurzoruaren kalitatea deklaratzen da–, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozedurari jarraikiz.

Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko Legegintzako Errege Dekretuan lurzorua babesteari buruz ezartzen diren betekizunak betetzearren, sustatzaileak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan aipatzen diren instalazioei buruzko dokumentazioa entregatu beharko du. Agindu horren bidez onartu zen Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatzen dena interpretatu eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egin beharrari dagokionez.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da. 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan ezarritako edukiei, epeei eta entrega-maiztasunei jarraitu beharko zaie une oro, baita dokumentua egiteari buruzkoei ere.

E.2.5.2.– Lur-mugimenduak.

Sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denari jarraikiz, induskatu beharreko materialak (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, ekintza kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzen eta berreskuratzen egiaztatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa egingo duen kontratistaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean, lurzatia eta jarduketa-gunea zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipenerako lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan, erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa hasteko aurreikusitako datak.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egikaritu ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak eta horien azken helmuga adierazi beharko dira, baita induskatutako materiaren berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere. Indusketaren bolumena 100 m3-tik gorakoa bada, erakunde egiaztatu batek egingo ditu ingurumen-jarraipenerako lanak eta txostena.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren eta jarraian adierazten diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/argitalpenak/kutsatutako-lurzoruetan-indusketa-selektiboak-egiteko-gida

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak –hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak– ezarritakoari jarraikiz ezaugarrituko dira hondakinak. Oro har, laginketa gauzatzeko, abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean eta gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-lana diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideak beteko dira.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako EBA-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta zehazten baita erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa.

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako EBA-A ebaluazioko balio-adierazleak eta TPHetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lurzoru garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz), eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoruaren arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Horrez gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek hartu beharreko neurriak ezar ditzan, bat etorriz aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuarekin, betiere.

E.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak behar diren neurriak hartuko ditu, instalazioak kanpoko ingurumenera zabaldu ez ditzan urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean jasotako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

1.– Muga-balio horiek aplikagarriak dira orobat ezein eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako; balioak eraikinaren garaiera orotan leihodun fatxada guztietara iristen den soinuari dagozkio.

Kanpoaldeko muga-balioek lurzoruaren mailatik 2 metroko altuerari eta, fatxada leihodunen kanpoaldean, eraikuntzaren altuera guztiei egiten diete erreferentzia.

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da baldin eta, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, baldintza hauek betetzen badituzte ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean:

– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak.

– Lkeq, Ti indizearen batez besteko balioek ez dituzte 5 dB-etan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentiberatasun akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

Adierazitako muga-balioak betetzen direla egiaztatzeko, jarduerari lotutako zarata-fokuen modelizazio bat aurkeztu beharko da instalazioa martxan jarri aurretik, betetzen direla ziurtatzeko.

Gainditzerik izanez gero, gainditze posibleak zuzentzeko neurri zuzentzaileen proposamena aurkeztu beharko da. Neurri horietako bakoitzaren jarduketa-egutegia proposatu beharko da, egikaritzearen arduraduna izendatuta.

F) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

F.1.– Atmosferara eginiko emisioak kontrolatzea.

F.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak emisioak kontrolatu beharko ditu, honako informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan zerrendatutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, eta edozelako maiztasunarekin, emisioen iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.

F.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

F.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen diren aldian egingo dira beti.

c) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketaren lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

d) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela joko da, baldin eta parametro guztiek ebazpen honen bigarren ataleko E.2.3.2 azpiatalean ezarritako mugak betetzen badituzte.

e) Kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:

– Araba Garapen Agentzia SAri

– Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko F.7 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

f) Parametroek baimendutako mugak gainditzen badituzte, analisiekin batera ez-betetze horiek zuzentzeko hartutako neurriak bidaliko dira.

g) Organo honek, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurketen emari eta parametroek muga baimenduak gainditzen ez dituztela egiaztatzeko, eta, halaber, tokatzen bada, arazketa-instalazioen errendimendua begiratzeko. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahalko dio titularrari.

F.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren inguruko parametro-adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

F.4.– Zarataren kontrola.

a) Urtero, Indize akustiko hauen ebaluazioak egin beharko dira: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.

b) Urtero, Lkeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da; horretarako, jarduera egiten den lurzatiaren kanpoaldean neurketak egingo dira, zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen eremuan.

c) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, bat etorriz urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

d) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Jasangarriko Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

e) Sustatzaileak proposamen zehatz bat landu beharko du, ebaluazio-puntu zehatzak jasoko dituena.

F.5.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen D.2.5 apartatuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren gorabeherak, substantzia arriskutsuak direla eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolatak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– ez ezik, larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela ere egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Ekipoak eta gainazalak egoera onean daudela egiaztatzen duen edo, hala badagokio, horietan hautemandako gabetasunak azaltzen dituen berariazko adierazpena izan beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduari dagokionez jakinarazitako baldintzak aztertzean zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –agindu horrek Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu urak ezaugarritzeko, ateratako lurzoru-zutabea ezaugarritzeko eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

F.6.– Ingurumeneko finantza-bermearen kontrola, Ingurumena Zaintzeko Programaren (IZP) barnean.

Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da IZPn, IZP entregatzeko prozedura telematikoan xede horretarako prestatutako dokumentu-ereduak baliatuz:

– Ingurumen Arriskuen Analisia (IAA) eta erantzukizunpeko adierazpena.

– Finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-bermearen motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

– Ingurumeneko finantza-bermea eratzetik salbuetsita egonez gero, eta 300.000 eta 2.000.000 euro bitarteko zenbatekoarekin konpon daitezkeen kalteak eragin ditzaketen operadoreak izanez gero (Ingurumen erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 28.b artikulua), erakunde independente batek emandako ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da; erakunde horrek etengabe atxikirik egon behar du Batasunaren Ingurumen Kudeaketako eta Ikuskaritzako Sistemara (EMAS) edo indarrean den UNE-EN ISO 14001 Ingurumen Kudeaketarako Sistemara.

– Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) eguneratuko du egoki irizten badu, eta, betiere, jardueran, instalazioan edo oinarrizko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera. Ingurumen-arriskuen azterketaren eguneraketak IZPren dokumentazioaren barnean aurkeztuko dira.

F.7.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta azterketen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidali, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-a2inguru/eu/

Horrela, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren.

Ezarritako baldintzak urratzen diren kasuetan bakarrik bidali beharko zaio berehalako jakinarazpena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honi, gertatutakoaren berri izan ondoren, betiere; horretarako helbide elektronikoa: ippc@euskadi.eus

Horrez gain, urtean behin baino gehiagotan egiten diren kontrolak kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, beti martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan jasoko dira babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbide posibleak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik hala egin ez bada.

F.8.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du, eta bertan aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduko ditu. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, egiaztatu ahal izateko adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna (ingurumen-adierazleak).

G) Prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ohiz kanpoko egoeretan.

G.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko lanak eta mantentze-lanetarako programatutako lanak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sortuko diren isurketen eta hondakinen zenbatespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko E.2.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

G.2.– Jarduera etetea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (37. epigrafea, birziklatzea), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak jarduera-uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatzen duenari jarraikiz.

Jarduera eten baino lehen, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren atalaren E.2.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

G.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, Industriako Isurketen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuan ezarritako kontrolak eta eskakizunak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

G.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere istripuzko jarioak edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, fabrikako kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko jarioak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen egoera orori aurrea hartzeko.

Halaber, atmosferara egindako emisioak eta uretara egindako isurtzeak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan sortutako hondakin solidoak eta lohiak behar den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibilgura edo kolektorera isuriko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Hala badagokio, hondoan hustubiderik ez duten depositu iragazgaitzetan gordeko dira. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Instalazioek lohien tratamendua badute, lohi horietatik hustutako ura berriro bideratu beharko da arazketa-instalazioaren sarrerara, tratatu dadin.

Instalazioetan sortutako lohiak eta hondakinak baimendutako zabortegira eraman beharko dira edo, bestela, baimendutako hondakin-kudeatzaileak haiek eraman egin beharko ditu, haien izaera eta osaera kontuan hartuta.

Pabiloien barruan zolatak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «bypass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «bypass» bidezko isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuta. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki beharko da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta istripuzko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak eta efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, lantegian sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatiaren gainazal guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Araba Garapen Agentzia SAri berehala jakinarazi beharko zaizkio, telefonoz, instalazioetan gertatzen diren arazo guztiak, baldin eta, arazo horien ondorioz, baimendutako mugak gainditzen dituen isurketa bat badago edo tratatu gabeko nahiz zati batean tratatutako uren «bypass» bat egin behar bada.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek eskakizun batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezkoak diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Ontzien hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura bat edukiko dute. Bertan, instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen jarioak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren inguruan kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren), horretarako gaitutako helbidearen bitartez: ippc@euskadi.eus. Jakinarazpenean, alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta arrazoiak (unean-unean zehatz daitezkeenak).

– Berehala aplikatutako zuzenketa-neurriak edo eusteko neurriak.

– Sortutako ondorioak.

– Hala badagokio, epe laburrera aurreikusitako jardunak.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo istripuzko isurketa edo emisioren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Legutioko Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaie Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari eta Araba Garapen Agentzia SAri, baldin eta gorabehera hori isurketa izan bada. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako zuzenketa-neurriak.

– Arazoa berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketen bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen orekari modu larrian kalte egin badiezaioke, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean eta ingurumenaren arloan ardurak dituzten organismoei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu izango dela, prozesu etengabe batekoa bada, baita aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak ere, ahalik eta denbora-tarte handienarekin.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

H) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahalko dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

I) PRTR jakinarazpena.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak aurreko urteko emisio atmosferikoei eta uretara egindako isurketei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

J) Instalazioa aldatzea.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

https://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo horren onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Industriako isurpenen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatua.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa egikaritu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Laugarrena.– Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak ustiatutako instalazioari 16-I-01-000000000404 erregistro-kodea esleitzea. Instalazio horren helbidea Zabaldea kalea 3. eta 5. zenbakiak, Legutio (Araba) da, eta kokapena honako hau: UTM (ETRS89) 30N, X: 528.700, Y: 4.753.900.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako emisioen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murriztu badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteagatik gehiegizko kosturik sortu gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela-eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Instalazioari aplikatu behar zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

e) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

f) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

g) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

h) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Seigarrena.– Ingurumeneko finantza-bermea.

a) Ingurumeneko finantza-bermea.

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa (IAA) egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (zeinaren bidez onartzen baita Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, bat etorriz 26/2007 Legearen 24. artikuluarekin. Finantza-bermea eratu ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, agintaritza eskudunari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio, zeinetan IV.2 eranskinean jasotako informazioa jasoko baita gutxienez.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa edozein dela ere, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik ez bada ere, Ingurumen-erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

Seigarrena.– Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresari eskatzea honako alderdi hauei erantzun diezaiela, jarraian zehaztutako epeetan:

Instalazioaren eraikuntza amaitu eta jarduera abiarazi aurretik:

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko jarduera noiz hasiko den eta ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela.

– «As built» proiektua; emisio atmosferikoen fokuen datuak (altuera, diametroa eta koordenatuak) eta uretara isurtzeko puntuen koordenatuak sartu beharko dira.

– Obra-amaierako ziurtagiria eta txostena, eskumena duen teknikariak emana.

– Erantzukizun zibileko asegurua eta fidantza, hirugarren ataleko A eta B azpiataletan ezarritakoaren arabera.

– Zarata kontrolatzeko ebaluazio-puntuen proposamena.

Sortutako «araztegiko opilak» hondakinen lehen kudeaketa egin aurretik:

– Hondakinen arriskugarritasunik eza egiaztatzeko arriskugarritasun-ezaugarriak karakterizatzea.

Jarduera hasi eta 6 hilabeteko epean:

– Sortutako hondakin arriskugabeen eta arriskutsuen kudeaketa egiteko baimendutako kudeatzaile batek emandako tratamendu-kontratuak.

– Ingurumen-arloko finantza-bermea, Ebazpeneko hamargarren apartatuan zehazten denari jarraikiz.

– Sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, Hirugarrena E.2.5 apartatuan aipatzen dena, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen diharduen erakunde ezagun batek egina, eta aipatutako txostenak jasoko ditu (lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol- eta jarraipen-dokumentuak).

– Emisio atmosferikoen fokuei buruzko ILEren txostena.

– Zarataren kontrolaren txostena.

– Hondakinetatik ateratako erregaia merkaturatuaren zehaztapen-orria.

– Prozesuan sortu den hondakinetatik ateratako erregaiaren adostasun-adierazpena, aztertu beharreko parametroen proposamena eta kontrolaren aldizkakotasuna.

Zortzigarrena.– Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hondakinak kudeatzeko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-eskualdaketa oro jakinarazi beharko dio Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Bederatzigarrena.– Baimen hau baliogabetzat jotzeko arrazoitzat hartuko dira honako hauek:

– Epean ez bada egiaztatzen ebazpen honen zazpigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian jasotako kasuetan.

Hamargarrena.– Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio ebazpen honetako seigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla.

Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta Ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aurrez aipaturiko ikuskapenaren aurretik, sustatzaileak «as built» proiektua eta teknikari eskudunak alderdi horiek bete direla adieraziz emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dizkio Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari.

Hamaikagarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua), eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hamabigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresari, Legutioko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Hamahirugarrena.– Deydesa 2000 SLren Ebazpena aldatzea, Zabaldeko instalazioetako metalak bereizteko linea kenduta.

Hamalaugarrena.– Ingurumen-baimen integratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamabosgarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 27a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA
ALEGAZIOEN ANALISIA

Reydesa Recycling SL (Reydesa Zabaldea) enpresak Legution sustatutako jarduerarako ingurumen-baimen integratua izapidetzeko egindako entzunaldian hainbat alegazio-idatzi jaso dira. Horiek hemen jaso dira modu laburtuan, ingurumen-organoak alegazioen inguruan egindako gogoetekin batera.

Alegazioa:

Reydesa Recycling SL enpresaren instalazioan (San Antolin) dauden nekazaritza-lurren balizko kutsadurari buruz azterlan independentea egiteko eskaera.

Reydesa Recycling SL enpresaren instalazioko (San Antolin) emisio atmosferikoen fokuen eta horiek giza osasunean izan dezakeen eraginaren azterketa independentea egiteko eskaera.

Reydesa Recycling SL enpresaren instalaziotik (San Antolin) datorren zaratari buruzko azterlan independente bat egiteko eskaera.

Reydesa Recycling SL enpresaren instalazioko (San Antolin) hezetze-prozesuetan isuritako uren azterketa independente bat egiteko eskaera.

Erantzuna:

Alegazioa sustatzaile berak San Antolin kalean dituen instalazioei buruzkoa da; instalazio horietan metalak berreskuratzeko hondakinen tratamendu-jarduera gauzatzen da (R4 kudeaketa-eragiketa).

Adierazi behar da izapidetze honek Zabaldea kalean instalazio bat ezartzeko eskaera bati erantzuten diola, eta instalazio horren jarduera nagusia zatikatze-errefusak aldez aurretik tratatzea dela (R12 kudeaketa-eragiketa).

Bi instalazioen artean sinergiak dauden arren, eta ezarpen berriari esker San Antolingo instalazioa ingurumen aldetik hobetu ahal izango den arren, bi instalazio eta bi baimen independente dira.

Hala eta guztiz, erregistratutako alegazio horiek organo honek San Antolingo instalaziorako hasitako eta egun izapidetze bidean den baimenaren berrikuspen-prozesuan sartu dira.


Azterketa dokumentala