Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2022ko irailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4092

AGINDUA, 2022ko irailaren 14koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira gizarte-ekonomiako enpresen inter-lankidetzarako laguntzen deialdirako oinarriak eta horien deialdia egiten baita 2022. urterako.

Gizarte-ekonomiaren eremuan aplikatutako doktrinaren arabera, gizarte-ekonomiako enpresen arteko inter-lankidetza da era honetako sozietateen nortasun-balioetako bat. Hala, bere egiten du seigarren printzipio kooperatiboa. Agindu honek enpresen arteko itunak sustatu eta babestu nahi ditu, itun horiek azaltzen dituzten berezko bi arrazoien arabera: alde batetik, gizartearekiko etikoki konprometituta dauden enpresen arteko elkartasuna eta elkarrekiko laguntza; eta bestetik, gizarte-ekonomiako enpresen arteko kooperazio zuzenean negozioak egitearen ondorioz eskuratzen diren onura ekonomikoak.

Ekitaldi honetarako diruz lagungarriak dira baterako lanak egiteko eremuak ikertzen dituzten azterlanak, bai eta horiek egingo dituzten erakunde berrien lana ere. Era berean, jasangarritasunaren eta ingurumenaren arloan enpresen arteko sinergiek bat egiteko bultzada ematen jarraituko da. Halaber, gizarte-ekonomiako erakundeak fusionatu ostean sortutako inter-lankidetzako enpresa berrietan bazkideak sartzeagatiko laguntza-lerroak ere jarraituko du. Aurreko ekitaldietan, baliabide publikoekin babestu ziren fusio zehatz batzuk, batez ere nekazaritzako elikagaien sektorean. Lortutako emaitzak aztertuta, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak era honetako dirulaguntzak finkatzearen alde egitea erabaki du.

Laguntza-lerro berri bat abiarazi da familiek partekatutako erronkak identifikatuko dituzten inter-lankidetzako jarduerak martxan jartzeko eta Gizarte Ekonomiako familia desberdinek gizartean duten eragin positiboa ezagutzera emango duten mezuen hedapena programatzeko.

Deialdi hau Lan eta Enplegu Sailaren 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Plana https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/lan-enplegu-saila/ webgunean argitaratuta dago.

Horrenbestez, abenduaren 23ko 11/2021 Legea (Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, bat etorriz Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin, eta urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak (Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) ematen dizkidan eskumenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da gizarte-ekonomiako erakundeek enpresen inter-lankidetzako ekintzak egiteko Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, 2022ko ekitaldian emango dituen laguntzetarako deialdia egiteko oinarriak onartzea, eta 2022. urterako deialdia egitea.

2. artikulua.– Dirulaguntzarako jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:

a) Elkar-lankidetzako proiektu bat egitea eta ezartzea.

Lankidetza-akordioak egiteko aukeraren eta bideragarritasunaren inguruan egindakoak hartuko dira lankidetza-proiektutzat eta, besteak beste, gai hauei buruzkoak izango dira: ondasun eta zerbitzuen salerosketari buruzko lankidetza-tresnak ezartzea, berrikuntzarako estrategiak elkarrekin diseinatzea, kostua murriztea eta kalitatea hobetzea, teknologia elkarrekin erostea, baterako finantzaketa-tresnak erabiltzea, ingurumen-jasangarritasuneko neurriak ezartzeko lanak koordinatzea eta, oro har, zerbitzuak batera kontratatzea.

b) Akordioak prestatzea eta formalizatzea, bai eta enpresak nahiz enpresak elkar-lankidetzan aritzeko egiturak sortzea ere.

c) Gizarte-ekonomiako enpresen fusioa prestatzea eta formalizatzea.

d) Gizarte-ekonomiako erakundeen fusioaren ostean enpresaren batean langile bazkide gisa sartu diren pertsona fisikoek kapital sozialera ekarpenak egitea. Fusionatutako edo xurgatutako erakundetik ez datorren kapital soziala soilik hartuko da kontuan.

e) EAEn gizarte-ekonomiako erakunde ordezkagarri nagusiek beren bazkideentzako elkar-lankidetzako jarduerak garatzea, 2.1.a) artikuluan azaldutako helbururen bat egiteko aukerak edo erraztasunak ematen dituztenak, bai eta bazkideen artean lankidetzan diseinatutako mekanismo eta tresnak ezartzea ere.

f) Familiek partekatutako erronkak identifikatuko dituzten inter-lankidetzako jarduerak martxan jartzeko eta Gizarte Ekonomiako familia desberdinek gizartean duten eragin positiboa ezagutzera emango duten mezuen hedapena programatzeko jarduerak garatzea.

2.– Aurten hasi behar dute agindu honen indarrez dirulaguntza izan dezaketen jarduerek, eta 2023ko ekainaren 30a baino lehenago amaitu.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun eta hirurogeita zazpi mila (167.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: ehun eta hogeita bost mila berrehun eta berrogeita hamar (125.250) euroko ordainketa-kreditua, 2022ko ekitaldirako; eta berrogeita bat mila zazpiehun eta berrogeita hamar (41.750) euroko konpromiso-kreditua, 2023ko ekitaldirako.

2.– Laguntzak esleitzean, lehiarik gabeko aldi bereko prozedura jarraituko da, garaiz eta modu egokian egiten diren eskabide guztietan, betiere berariaz egiaztatzen badute bete egiten dituztela eskatzen diren baldintza objektibo eta subjektiboak. Hala, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko muga portzentualak eta kuantitatiboak kontuan hartuta.

3.– Artikulu honen lehen paragrafoan adierazten den hornidura ekonomikoa aski bada hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, aurreko atalean adierazitakoaren arabera, zenbateko baliokideen ziozko dirulaguntzak esleituko dira. Hala ez bada, murrizketa lineala aplikatuko da kalkulatutako zenbatekoetan, harik eta hornidura hori aski izan arte dena batera estaltzeko.

4. artikulua.– Erakunde eta pertsona onuradunak.

Baldintzak betetzen dituzten erakunde edo pertsonek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) 2.1.a), 2.1.b) eta 2.1.c) artikuluan aurreikusitako jardueretarako: sozietate kooperatiboak, lan-sozietateak eta gizarte-ekonomiako enpresen inter-lankidetzako egiturak, beren jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutenak.

b) 2.1.d) artikuluan jasotako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresen fusio-prozesuan xurgatzen diren erakundeetako bazkideak.

c) 2.1.e) artikuluan jasotako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen familia desberdinak gehien ordezkatzen dituzten elkarte-erakundeak, beren jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutenak.

d) 2.1.f) artikuluan jasotako jardueretarako: federazioak, kooperatiba-konfederazioak, behar bezala eratu eta inskribatutako gizarte-ekonomiako beste elkartze-egitura batzuk, gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkarte-erakundeak eta lan-sozietateen taldeak.

Agindu honen ondorioetarako, «gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkarte-erakundetzat» joko dira honako baldintza hau betetzen duten elkarte-egiturak: Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legeak araututakoaren arabera, elkarteak izatea, eta euren kideak ere bai.

5. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, pertsona eta erakunde onuradunek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte, hala badagokio:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ekonomia eta Ogasun Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz. Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean azter dezan erakunde edo pertsona eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, harik eta onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

d) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

e) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako bestelako laguntzak zein egoeratan dauden adierazteko (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

f) Berdintasun-plan bat izatea indarrean, baldin eta beharrezkoa bada Estatuko araudiaren arabera. 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ezarrita edukitzea sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

2.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

3.– Erakunde eskatzaileari dirulaguntza izateko eskubidea aitortzen bazaio, behar diren zabalkunde-neurriak hartuko ditu era egokian iragartzeko agindu honen kargupeko jardueren finantzaketa publikoa dela eta, era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko ditu. Beharrezkoa da egindako jardueren justifikazio-memoria bat egitea, nahitaezkoa baita dirulaguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko; memoria horretan betebeharrak gauzatzeko hartu diren neurriak adieraziko ditu esplizituki.

6. artikulua.– Erakunde eta pertsona eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, pertsona eta erakunde onuradunek adierazi behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Kasu honetan, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, adierazpenean aipatutako betekizunak betetzen direla eta bertan jasotako datuak benetakoak direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko eskatuko da, aurreko artikuluko a), c) eta f) atalen kasuan.

2.– Eskabidea aurkezten bada, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari baimena ematen zaio zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrei lotutako baldintzak betetzen diren, baldin eta berariaz horren aurka agertzen ez bada. Izan ere, egiaztapen horren aurka agertuz gero, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu frogagiriak, bai Ogasuneko bai Gizarte Segurantzako administrazio-agintaritza eskudunek egindakoak. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, harik eta onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntzaren erakunde edo pertsona onuradunak baimen espresua uka dezan organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ditzaten. Kasu horretan, pertsona edo erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko agiriak.

7. artikulua.– Bitarteko elektronikoak eta aurrez aurrekoak erabiltzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta bat datozen bestelakoetan adierazitakoaren arabera, 2.1.d) artikuluan jasotako laguntzak eskuratzeko eskabideek aurrez aurreko bitartekoa nahiz elektronikoa baliatu ahal izango dute, indarreko araudian ezarritakoaren arabera. Gainerako jardueretarako eskabideak soilik bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1011709. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskabidea egiteko inprimakia.

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, ordezkaritza inskribatu ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1011709

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Pertsona eta erakunde interesdunek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten moduan. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Nahitaezko agiriak.

1.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c), 2.1.e) eta 2.1.f) artikuluan aurreikusitako jardueretarako:

– Proiektuaren edo inter-lankidetzako jardueraren azalpen-memoria, hauek adierazita:

– Jarduera-mota: azterlana, akordioak formalizatzea, enpresa-lankidetzako egiturak sortzea eta bat-egitea.

– Parte hartzen duten enpresak, eta horietako bakoitzaren bazkide-kopurua.

– Kalkulatutako aurrekontua.

– Kostuetako partaidetza-portzentajeak.

– Faseak, iraupena, metodologia eta, bat-egiteen kasuan, bat egindako erakundeen xedea betetzeko lankidetza-era horrek duen egokitasun handiagoaren azalpena.

– Aholkularitza-erakunde batek parte hartzen badu: aholkularitza-enpresaren datuak, azterlana egiten lankidetzan aritzeko akordioa eta agindu honen 11.5 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Dagokion 2.1.d) artikuluarekin lotutako jardueretan:

– Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, non zehaztuko baita noiz hartu den behin betiko eta eskubide osoko bazkide-izaera.

– Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotari eta hasierako ekarpenari buruzko kopuruak.

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileari dirulaguntzarako eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntza horren abonua jasotzeko, Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (emanda ez badauka edo datuak aldatu nahi baditu). Altak edo aldaketak helbide honetan egin daitezke: https://www.euskadi.net/hirugarrenak

10. artikulua.– Eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

Baldin eta dirulaguntzen eskaeren termino guztiak ez badaude beteta edo ez badatoz bat nahitaezko dokumentazioarekin, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskaeran. Administrazioak eskaera horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

11. artikulua.– Dirulaguntzak jaso ditzaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira, 2.a) artikuluko kasuetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokitzen direnak.

Bestetik, 2.b) eta 2.c) artikuluko kasuetarako, goian aipatutako 31. artikuluan jasotakoez gain, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira lege- edo ekonomia-arloko aholkularitzaren minutaren gastuak eta akordioak formalizatzeko notario- eta erregistro-kostuak; lehendik diruz lagundutako egiturak eta akordioak finkatzeari dagokionez (artikulu horretan jasotakoak), diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira finkatze hori egiteko behar direnak.

2.d) artikuluko kasuetarako, fusionatutako elkartetik datorren sozietate xurgatzaileko bazkide berriak sinatutako jatorrizko ekarpenera gehitu den kapitala.

2.e) artikuluko kasuetarako, beharrezkoak direnak, diruz lagundutako ekintza garatzeko barneko kostuak barne.

2.f) artikuluko kasuetarako, erronka partekatuak identifikatzeko eta mezuen hedapena programatzeko beharrezkoak direnak.

2.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeari zuzenean lotutako kostu garbien % 50eraino emango du Lan eta Enplegu Sailak, muga hauekin:

a) 2.a) artikuluko jarduerak: hamabi mila eurora arte (12.000).

b) 2.b) artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila eurora arte (30.000).

c) 2.c) artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila eurora arte (30.000).

d) 2.d) artikuluko jarduerak: mila eta bostehun eurora arte (1.500).

e) 2.e) artikuluko jarduerak: hamabi mila eurora arte (12.000).

f) 2.f) artikuluko jarduerak: laurogei mila eurora arte (80.000).

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak izango dira, 2.1.a) artikuluaren kasuan, honako hauek:

a) Tamaina, bazkideen eta esku hartzen duten sozietateen kopuruaren arabera; tamaina txikienekoei emango zaie lehentasuna.

Proiektuan bigarren mailako kooperatiba-sozietate batek edo elkarte batek esku hartzen badu, irizpidea beste bat izango da: proiektuak ukitutako pertsona fisikoen kopuruarekiko batezbestekoa.

b) Esku hartzen duten sozietateen kopurua; parte hartzaile gisa enpresa gehien dutenek izango dute lehentasuna.

c) Esku-hartzaileen inplikazio-maila, parte-hartzaile bakoitzak egin beharko duen ekarpenaren muntaren arabera.

d) Proiektuaren iraupena; iraupen luzeena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

e) Lankidetzaren nolakotasuna; integrazio-maila handiena duten proiektuek izango dute lehentasuna.

4.– 2.1.e) artikuluan jasotako elkar-lankidetzako proiektuen eta langile bazkideek kapitalean duten partaidetza eskualdatzea errazten duten mekanismoak lankidetzan diseinatu eta prestatzeko proiektuen kasuan, artikulu honetako bigarren atalean aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 75eraino igoko da.

5.– 2.1.f) artikuluan jasotako erronka partekatuak identifikatzeko elkar-lankidetzako jardueren kasuan, artikulu honetako bigarren atalean aipatzen den diruz laguntzeko moduko portzentajea % 100eraino igoko da.

6.– 2.a) eta 2.c) artikuluko jarduerak egitean aholkularitza-erakunderen batek parte hartzen badu, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea edo lantokiren bat bertan edukitzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dituen lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, eta tituludun haiek enpresa-kudeaketako lankidetza-sistemen gaineko azterlanetan eta ezarpenean esperientzia egiaztatua izatea.

c) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia daukala ziurtatzea.

7.– Agindu honen arabera onuradun bakoitzak lortu ditzakeen eta 11.2.a, 11.2.b, 11.2.c eta 11.2.e artikuluan jasota dauden dirulaguntzen kopuruaren muga orokorra hogeita hamar mila (30.000) eurokoa izango da.

12. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo erakunde publikok arrazoi eta xede bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoak ere.

2.– Baldin eta agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera erakunde onuradunak arrazoi eta xede bereko beste laguntzaren bat jasotzen badu beste administrazio publiko edo ente publiko batetik, eta laguntzak batuta gainditzen bada laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 11.2 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa, deklaratuko da soberakin hori bateraezina dela, eta murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpen baten bidez: alde batetik, agindu honen babesean, zer erakundek jaso duten dirulaguntza, eta zenbateko laguntza jaso duten; bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua eta justifikazioa.

1.– Deialdi honen babespean emandako dirulaguntzen ordainketa, 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c) y 2.1.e) eta 2.1.f) artikuluko jardueren kasuan, honela egingo da:

a) Lehenengo zatia, hau da, guztirako dirulaguntzaren % 75, dirulaguntza ematea erabakitzen denean.

b) Bigarren ordainketa, gainerako % 25a, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, eta kontu horrek informazio hau jasoko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta horietatik eratorritako interesak ere.

3.– Dirulaguntza eman duen organoak, erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien laginak hartuz, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatuko ditu; hain zuzen ere, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela frogatzeko arrazoizko zantzuak ematen dituztenak. Horretarako, hautatutako gastuaren frogagiriak bidal ditzatela eskatuko die erakunde onuradunei.

4.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera.

5.– 2.d) artikuluko jardueren kasuan emandako dirulaguntzak ordaintzeko igorpen bakarra egingo da laguntza onartu ondoren edo jakinarazpenetik hamabost egun igarotakoan, berariazko salaketarik egon ez bada.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Xedea bete denean, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketaren bat izanez gero, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– 2.1.a), 2.1.b), 2.1.c) eta 2.1.e) eta 2.1.f) artikuluko jardueren kasuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, honako hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 baino gehiago erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen edo faseen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduera berri bat.

3.– Hauek dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorrak jarriz zehatuko dira eta, hala dagokionean, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiako zuzendariak, ebazpen bidez, jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio onuradunari egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiako zuzendariak ebazpena emango du, eta, horren bitartez adieraziko du, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Laguntzak itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabeteko epean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenek ezartzen dutenaren arabera.

18. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1011709

XEDAPEN GEHIGARRIA

De minimis araua.

Onuradunak kooperatiba-sozietateak edo lan-sozietateak direnean bakarrik, Europako Batzordeak ezarritako de minimis arauari lotzen zaio dirulaguntzen araudi hau (Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa). Hortaz, Lan eta Enplegu Sailak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako de minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak aintzat hartuta.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako lege orokorra).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 14a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala