Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2022ko irailaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4027

AGINDUA, 2022ko abuztuaren 30ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022. urtean kultura eta gizarte arloetako bitartekaritza- eta berrikuntza-proiektuetarako dirulaguntzak onetsi eta haien deialdia egiten duena (Bitartez deialdia).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14.1.e) artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek musikaren, arte eszenikoen, liburuen, ikus-entzunezkoen, ikusizko arteen eta kultura- eta sormen-industrien arloetan gauzatzea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu dio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren 12.1 artikuluak (dekretu horrek Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du).

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat abiarazi behar da, hain zuzen ere bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketa, berrikuntza eta arte garaikidearekin konprometituta dauden proiektuak sustatzeko. Horrela, garatu ahal izango dugu desberdinen arteko kolaborazioa eta talentua, gure inguruko sortzeko gaitasuna ahal den gehiena garatzearren, elkarlan moduak areagotzeko lan-inguruak, hartzaileengana jotzeko modu berriak, hartara bizipen esanguratsu, bereizgarriagoak eragitearren eta oro har praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak.

Agindu hau, halaber, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2021-2024 aldirako onetsitako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 18ko Aginduak onetsia) eta 2022. urterako onetsitako Urteko Dirulaguntza Planean (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduak onetsia) bildua da.

Bada nahikoa kreditu, eta egokia, deialdi honek onesten dituen dirulaguntzak hornitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legearen arabera.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketarekin, berrikuntzarekin eta kultura-arloko adierazpen garaikideekin konprometituta dauden kultura eta gizarte arloetako bitartekaritza- eta berrikuntza-proiektuei bideratutako dirulaguntzen deialdia egitea.

2. artikulua.– Proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuek honetarako lagungarri izan beharko dute:

– Sektore, arlo, eragile, ikuspegi eta abar desberdinen arteko elkarrizketa, kolaborazioa, baterako sorkuntza nahiz hibridazioa eta talentua sustatzeko, gure inguruko sortze-gaitasuna ahal beste garatzearren.

– Lurralde berean bizi diren pertsona eta talde desberdinen arteko komunikazioa, harremana eta integrazioa hobetzea.

– Lan-inguruak eta plataforma teknologikoak erabiltzea, elkarlan-moduak, ikerketa eta ekoizpena areagotzeko.

– Hainbat hartzaile eta ikus-entzulerengana jotzeko moduko harreman- eta bitartekaritza-modu berriak sortzea, hartara bizipen esanguratsu, bereizgarri eta kualitatiboagoak eragitearren.

– Praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak garatzea.

2.– Proiektuek kultura- edo sormen-sektore bati lotuak izan beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura edo musika).

3.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute, 2022. urtean hasiak eta 2023ko urtarrilaren 31rako amaituak izango diren proiektuak.

4.– Gutxienez % 20ko autofinantzaketa maila aurreikusi beharko du aurrekontuak, halakotzat harturik iturri publikoetatik ez datozen diru-sarrerak: laguntza pribatuak, mezenasgoa, jarduerak berak eragindako diru-sarrerak eta eskatzaileak finantzatutako zatia, alegia.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta dirulaguntzen mugak.

1.– Dirulaguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 500.000 eurokoa da. Horietatik 250.000 2022ko aurrekontuari lotuak dira, eta 250.000 2023ko aurrekontuari.

2.– Proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 40.000 euro izango da, eta ez du inoiz gaindituko gastu-aurrekontuaren % 70.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Agindu honi dagokionez, diruz lagundutako jarduera motari erantzuten dioten gastuak izango dira lagungarriak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan, laguntzak emateko ebazpenean eta haren aldaketetan ezarritako epean gauzatzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango, sekula ere, merkatu-balioa baino handiagoa. Diruz lagun daitezkeen gastuek, halaber, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53.5 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

1.– Aurkeztutako jarduera-proiektuaren barruan sortzen diren gastu hauek izango dira dirulaguntza jasotzeko modukoak:

a) Langile-gastuak:

– Kudeaketa-, zuzendaritza- nahiz koordinazio-langileen gastuak.

– Artisten, teknikarien, administrazio-langileen eta garbiketa-langileen gastuak.

b) Hirugarrenen kontratazioak (ikuskizunen katxetak, azpikontratatutako zerbitzuak...).

c) Ostatu eta joan-etorrien gastuak.

d) Aktibitaterako materialen gastuak.

e) Sustapen-gastuak.

f) Argia, ura, telefonoa, gasa, Internet.

g) Dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten bestelako gastuak.

3.– Agindu honi dagokionez, dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako lege horren Erregelamenduaren 83. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

4.– Diruz lagun daitekeen gastu baten zenbatekoa 15.000,00 euro baino handiagoa bada (BEZik gabe), onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu beste hainbeste hornitzaileri, delako zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik betiere, non eta kontratu-gaiaren izaera bereziaren ondorioz merkatuan ez dagoen behar beste hornitzailerik edota gastua ez den dirulaguntza baino lehenago gauzatua. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera efizientziaren eta ekonomiaren arabera egingo da, eta, baldin eta hautua ez bada eskaintza merkeena, berariaz justifikatu beharko da. Eskaintzak justifikazioari gehitu beharko zaizkio.

5.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, gastu gisa egotzi ahal izango den zenbatekoa justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

5. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– 1. artikuluarekin bat datozen proiektuak gauzatzen dituzten, agindu hau argitaratzen den egunean gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa duten eta, edozein delarik ere haien eraketa juridikoa, baldintza hauek betetzen dituzten eta nortasun juridiko propioa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek baizik ezin izango dituzte eskatu deialdi honetako dirulaguntzak:

a) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea beren jarduerari dagokion epigrafean. Betekizun hau beterik atxikitzea ezinbesteko baldintza izango da onuradun izateari eusteko eta, beraz, esleipena egitean zein ordainketak egitean egiaztatuko da.

b) Zerga-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Betekizun hau beterik atxikitzea ezinbesteko baldintza izango da onuradun izateari eusteko eta, beraz, esleipena egitean zein ordainketak egitean egiaztatuko da.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea, dekretu honen xedapen gehigarriarekin bat etorriz: 1/2021 Dekretuarena, urtarrilaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duena.

2.– Ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak jaso:

a) Administrazio publikoek zein horietako baten sektore publikoko erakundeek.

b) Xede bererako Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorrean dirulaguntza izendunen bat esleitua dutenek.

c) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko zigor administratiboa edo penala duten eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako ezein egoeratan dauden pertsona edo entitateak.

6. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren dirulaguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, 13. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Dirulaguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, proiektuen dimentsioa aintzat hartuta haien kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatzeko moduko onuradunak hautatuko dira. Hala, ez da emango eskatzaileek eskatutako kopuruaren % 65era iristen ez den dirulaguntzarik.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko hilabeteko epea izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

Aurrez aurre: eskabideak Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan (hitzordua eskatuta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimendu zein bulegoetan aurkeztu ahal izango dira.

Bide elektronikoa erabiliz: artikulu honetako 4. apartatuan adierazitako helbidean aurkeztu ahalko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat edo bestea –aurrez-aurrekoa edo elektronikoa- erabiltzeak ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren hurrengo izapideetan; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidea.

3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, hurrengo puntuan adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033405

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak barne, honako helbide honetan egingo dira: «Nire karpeta», EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean.

EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, elektronikoki edo paperean. Horretarako, ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, https://www.euskadi.eus/ordezkariak helbidean. Nolanahi ere, izapideak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen interesdun bat ordezkatzen dutenean.

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskabidean, besteak beste, adieraziko da zein administrazio-organo, -zentro edo -unitateri zuzentzen zaion eta zer identifikazio-kode duen hark.

7.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla dakar; horrek ez du kentzen arautu moduan aurkaratu ahal izatea.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

Aurrez aurre izapidetuz gero bakarrik, eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzea, NANaren kopia aurkeztuta. Aurkeztu ezean, organo eskudunak telematikoki egiaztatuko du identitatea.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeek eskabidean adieraziko dute zer erregistrotan dauden, eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharko.

Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute beren nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkariaren identitatea eta daukan ordezkaritza-ahalordea, honako dokumentazio hauen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridiko eskatzailearen legezko ordezkariaren identitatea akreditatzea NANaren kopia aurkeztuta, edo, bestela, ordezkariaren identifikazio fiskaleko zenbakiaren txartelaren kopia aurkeztuta. NANaren kopia aurkeztu ezean, organo eskudunak telematikoki egiaztatuko du identitatea. Halaber aurkeztuko dira ordezkaritza-ahalordearen egiaztagiriak.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa. Dokumentazio hau formatu elektronikoan aurkeztuko da, ahal dela:

– Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren alderdiak azalduko ditu, agindu honetako 13. artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan ezarritako irizpideekin bat. Eskatzaileak justifikatu beharko du dirulaguntza beharrezkoa dela, proiektua proposatutako ezaugarriekin gauzatu ahal izateko.

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Aurreikusitako egutegia, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

3.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonek 5. artikuluaren a) eta b) ataletan esandako baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Hala ere, interesdunek horren aurka egin ahal izango dute berariaz, baina, kasu horretan, beraiek lortu eta aurkeztu beharko dituzte esandako egiaztagiriak.

4.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edozein izanik ere, ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira, horrelakoak daudenean. Bestelako kasuetan, ahal bada dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

5.– Interesdunek dokumentu horiek lehenago ere aurkeztuak baldin badituzte, ez dituzte zertan berriz aurkeztu, baina zein organotan, zer prozeduratan eta noiz aurkeztu zituzten adierazi beharko dute.

9. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira, hasiera batean, betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.

– Ez izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako ezein debeku-kasutan.

– Laguntza hauen onuradun izateko indarrean diren arauetan ezarritako betekizunak konplitzen dituztela adieraziko dute halaber eskatzaileek.

Hasiera batean erantzukizunpeko adierazpenen bidez akreditatutako betekizunak agiri bidez frogatu beharko dituzte onuradun izateko proposatzen direnek, deialdia ebatzi aurretik.

10. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela; horretarako, aurrez ebazpena emango da.

2.– Pertsona juridiko batek eskaera aurrez aurre egiten badu, aurkezpen elektronikoaren bitartez egin dezala adieraziko zaio eta, horri dagokionez, aurkezpen elektronikoa egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

12. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Hauek izango ditu kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Bokalak: agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik Kulturako sailburuordeak izendatutako 3tik 5era arteko bokal.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek jardungo du idazkari gisa, zuzendariak izendatuta. Hitza izango du baina botorik ez.

Era berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio Batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek; hitza izango dute, baina botorik ezin izango dute eman.

2.– Beste eginkizunen artean, idazkariak Balorazio Batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko ditu.

3.– Balorazio Batzordean izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

4.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

5.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

6.– Batzordeak ezarrita dauden esleipen-irizpideetan oinarrituta adostuko du Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dion dirulaguntzak ebazteko proposamena. Proposamenean adieraziko da zer eskabide onartu diren, zein ez eta zergatik ez diren horiek onartu; halaber, onuradunen identitatea, proiektuen balorazioa, egindako eskaerak onartu diren ala ez eta esleitutako dirulaguntzen zenbatekoa, urteka. Batzordearen eztabaida eta erabakiak akta batean bilduko dira.

Proposamenean ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean horiei uko egitea. Kasu horretan, ordezkoak jasoko duen dirulaguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari eman zaiona bera izango da. Uko-egileari emandako dirulaguntza ordezkoari dagokiona baino handiagoa bada, muga horretaraino murriztuko da laguntza.

7.– Balorazio Batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.

13. artikulua.– Hautatzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, onartzeko baldintzak betetzen dituzten analizatuko du eta erabakiko du zein onartuko diren eta zein ez diren onartu behar. Hurrena, onartutakoak jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu. Lehenik, aurkeztutako proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

a) Proiektuaren kalitatea eta berritzeko gaitasuna. Kontuan hartuko dira proiektuen izaera berritzailea, berezitasuna eta kalitatea (30 puntu gehienez: kalitatea, 20 puntu gehienez; berritzeko gaitasuna, 10 puntu gehienez).

b) Proiektuaren interes publikoa. Kontuan hartuko dira parte hartzen duten eragileen kopurua eta dibertsitatea, bai proiektuaren diseinuan eta kudeaketan, bai proiektuaren garapenean, eta publiko hartzailearen kopurua eta dibertsitatea; genero-ikuspegia eta kulturartekotasuna zenbateraino sustatzen diren ere aintzat hartuko da (25 puntu gehienez).

2.– Aurreko bi irizpideen balorazioan gutxienez 40 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Beste proiektuak baloratuak izango dira, bigarrenik, hurrengo irizpideen arabera:

a) Proiektuaren diziplinarteko izaera eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera (15 puntu gehienez). Zeharkakotasuna eta bitartekaritza balioetsiko dira.

b) Aurrekontuaren egokitasuna, proiektuan erabilitako enpresa-baliabideak eta proiektuaren kalitate-prezio erlazioa aproposa izatea (10 puntu gehienez). Aurrekontua orekatua, objektiboa, arrazoizkoa eta proportzionatua izatea balioetsiko da.

c) Euskararen erabilera (10 puntu gehienez). Aintzat hartuko da proiektuaren hartzaileei euskaraz zuzentzea, komunikazioa eta publizitatea euskaraz egitea eta material idatzi zein entzutezkoa euskaraz izatea.

d) Sortze- eta erabakitze-prozesuetan emakumezko sortzaile eta eragile kulturalek parte hartzea (10 puntu gehienez). Aintzat hartuko da sortzaileen arteko eta eragile kulturalen arteko emakume proportzioa zein erakunde eskatzaileen erabakitze-organoetako emakume proportzioa. Puntuazio gorena paritateari emango zaio.

3.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio osotik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 3.1 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, prozedura honi jarraikiz:

a) Puntu gehien bildu dituen proiektutik hasita, hari dirulaguntza esleituko zaio, betiere muga hauek aplikatuta: (a) eskatutako kopurua, (b) 40.000 euro (3.2 artikuluak ezarritakoa) eta (c) aurrekontuaren % 70 (3.2 artikuluak ezarritakoa). Hiru mugetan txikiena esleituko zaio eskatzaileari.

b) Prozedura errepikatu egingo da, artikulu honen 5. apartatuan aipatzen den irizpidea gainditzen duten gainerako proiektu hautatuekin, lortu duten puntuazioaren arabera handitik txikira antolatuta, harik eta aurreikusitako zuzkidura agortu arte. Horretarako, aurreko puntuan aipatu diren mugei faktore proportzional bat aplikatuko zaie, faktore hori izanik dirulaguntza kalkulatzen ari zaion proiektuak jaso duen puntuazioaren eta puntuazio handienaren arteko arrazoia.

5.– Eskatzaileek hainbat proiektu aurkezteko aukera badute ere, proiektu bana besterik ezin izango da diruz lagundu. Eskatzaile batek proiektu bat baino gehiago aurkezten baldin badu, balorazio-irizpideak aplikatuta puntu gehien eskuratzen duen proiektuari emango zaio dirulaguntza.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzei buruzko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusi ondoren, eta banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei. Ebazpenean adieraziko da zer eskabide onartu diren, zein ez eta zergatik ez diren horiek onartu; halaber zeini esleitu zaien dirulaguntza eta zeini ez, proiektuen balorazioa, eskatutako dirulaguntzak onartu diren ala ez eta laguntzen zenbatekoa, urteka banakatuta. Aldez aurretik, onuradun izateko proposatutako eskatzaileek agiri bidez frogatu beharko dute hasiera batean erantzukizunpeko adierazpenez akreditatutako betekizunak betetzen dituztela, 9. artikuluan xedatu bezala.

2.– Ebazpenaren jakinarazpen elektronikoa Egoitza Elektronikoaren ‘Nire karpeta’ gunearen bitartez egingo da.

Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, interesdunei jakinarazteko eta herritar guztiek haren berri izateko.

3.– Ebazpen horretan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek epearen barruan dirulaguntzari uko egitea, 12. artikuluko 6. apartatuan xedatutakoarekin bat.

4.– Ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Eskaerak ebazteko eta interesdunei jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, deialdi-agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Ebazteko epea inolako jakinarazpenik egin gabe amaituz gero, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritako ondorioetarako.

6.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hura amaitu egin beharko da onuradunari dirulaguntzak zein laguntzak esleitu zein ordaindu ahal izateko. Halaber, ezin izango da dirulaguntzarik ez esleitu, ez ordaindu, baldin eta dirua itzultzeko prozedura bat amaituta dirua itzuli behar dela ebatzi bada eta ez bada diruaren itzulketa gauzatu. Baldin eta borondatez ordaintzeko epea amaitu eta ez bada itzulketa egin, baldintzapean esleitutako dirulaguntza indarrik gabe geratuko da, onuradun izateko debeku-kasu batean izateagatik.

15. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak emandako dirulaguntzekin –ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko–, dirulaguntzak izendunak, zeharkakoak nahiz musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezko, ikusizko arte, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak izanagatik. Berariaz adierazten da Sorgune deialdiko dirulaguntzekiko bateraezintasuna.

16. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan onetsitako dirulaguntzak jasotzen dituztenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia) 50.2 artikuluak araututako jardunbideari loturik geratuko dira. Nolanahi ere, betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badiote bideragarritasun ekonomikoari eragiten. Aldaketa horiek idatziz komunikatuko zaizkio Kulturako sailburuordeari eta hark jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik egin gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

e) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea Estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio-, publizitate-, sustapen-ekintza guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan obrak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (elektronikoki izapidetu beharra duten pertsonak halaxe egin beharko dute), dagokion zerbitzuaren bidez, baita egoitza elektronikoan ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Agindu honen kargura esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 50, esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako % 50a, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, dirulaguntza osoa artikulu honen 3. apartatuan azaltzen den moduan justifikatu ondoren.

3.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari, zergari buruzko arauek hala xedatzen dutenean.

4.– Dirulaguntza jasotzen duten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean, betiere 2023ko apirilaren 27a baino lehen, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.

– Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea behin betiko exekuzio-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez badago eta, betiere, 2.2 artikuluan ezarritako muga gainditzen ez bada.

– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen dituen dokumentuen zerrenda, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera. Ez da tiket bidezko justifikaziorik onartuko.

– Izandako gastu guztia justifikatzen duten egiaztagiri eta fakturak, jarduera osoari dagozkionak. Gastu bat gauzatutzat jotzeko ez da beharrezkoa izango justifikatzeko epea amaitu aurretik ordaindua izatea.

– Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

5.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan (aldez aurretik hitzordua eskatuta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimendu eta bulegoetan.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.

6.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

7.– Justifikazioak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak, izapidetze presentzialerako zein elektronikorako, euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honetako 7.4 artikuluan adierazitako helbideetan.

8.– Laguntzaren onuraduna erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere banku-datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren alta eskatu beharko du.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntza ordaindu ahal izateko.

18. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira onuradunak dirulaguntza jaso duen proiektua bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

3.– Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako lege orokor horren Erregelamenduaren 68. artikuluan ezarritako muga eta betebeharrak aplikatuko zaizkie.

19. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo kasu guztietan beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera badago, horrek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere laguntza arautzen duen xedapenak ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira. Horretarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

20. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzeko kausak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluak xedatutakoari dagokionez, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo dirulaguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Dirulaguntzekin lotutako xedapen orokorretan, bereziki Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Onuraduna nabarmen hurbiltzen bazaio proiektua erabat betetzeari eta haren jarduna zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzera zuzendua dela frogatzen badu, itzuli beharreko kopurua izandako ez-betetzeak aintzat hartuko dituzten graduazio-irizpideen araberakoa izango da, eta horrela kalkulatuko da zer kopuru ordaindu behar zaion azkenik onuradunari edo, bestela, hark itzuli beharreko zenbatekoa. Irizpide horiek proportzionaltasun-printzipioari erantzungo diote.

3.– Baldin eta esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak gainditzen badu –dela bera bakarrik, dela beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera nahiz baliabideekin batera– lagundutako jardueraren kostua, bidezkoa izango da kostuarekiko gehiegiz ordaindutako kopurua itzultzea, bai eta dirulaguntzen arloan egokitzen zaion berandutze-interesa ere.

4.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan egokitzen zaizkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

21. artikulua.– Datu pertsonalei buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak tratamendu-jarduera honen babespean tratatuko ditugu: kultura- eta sormen-eremura bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburuaren deskribapena: kultura- eta sormen-sektoreko laguntza ekonomikoak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzearen alde egindako misio bat betetzeko.

Hartzaileak: gai horretan eskumena duten administrazio publikoak.

Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du bere datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: honako web helbide honetan kontsulta dezakezu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehigarria: https://www.euskadi.eus/informazioklausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 30a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala