Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2022ko irailaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4026

AGINDUA, 2022ko irailaren 8koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, «Zaldibarko Zabortegiko larrialdi-obren As Built proiektua» delakoaren eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea eta desjabetze-espedientea hastea erabakitzen duena.

Sail honek jarraian argitaratzen den Agindua eman du gaur:

Aztertu da «Zaldibarko Zabortegiko larrialdi-obren As Built proiektua» delakoari dagokion espedientea.

AURREKARIAK

2020ko otsailaren 6an, lerradura gertatu zen, eta, horren ondorioz, Verter Recycling 2002, SL enpresak ustiatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegiak su hartu zuen. Zoritxarrez, bi pertsona desagertu ziren, eta gertakari horrek ingurumen-inpaktu larriak eragin zituen ingurunean.

Gertaeren larritasuna kontuan hartuta, Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko otsailaren 10eko Ebazpenaren bidez, urgentziazko neurriak ezarri ziren, Verter Recycling 2002, SL enpresaren titulartasuneko hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako luiziari dagokionez. Izan ere, zabortegiaren lerradurak eragindako egoera urgentziazkoa eta salbuespenezkoa da, eta ebazpen horrek, besteak beste, administrazio publikoari berari agintzen dizkio atzeratu ezin diren zenbait jarduketa, gertakariaren lehen faseei aurre egiteko.

Egun berean, 2020ko otsailaren 10ean, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpena sinatu zen, eta zabortegia ustiatzen duen enpresari jakinarazi zitzaion. Ebazpen horren bidez, gertaturiko lerradurari buruzko zenbait jarduketa urgentziaz egitea agindu zen.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko otsailaren 13ko Aginduaren bidez, Zaldibarko udal-mugartean zabortegian izandako lerradurari buruzko urgentziazko neurriak hartzea erabaki zen. Agindu horretan, urgentziazko neurri hauek hartzea ebazten da:

– Euri-urak, prezipitazio zuzenekoak edo kanpoko arroetatik datozenak, irristatutako eta irristatu gabeko hondakin-masaren gainean sartzea prebenitzeko neurriak.

– Irristatutako masa egonkortzearekin lotutako neurriak.

– Segurtasunarekin, desagertutako pertsonen erreskatearekin edo bestelakoekin lotutako beste helburu batzuetara bideratutako neurri gehigarriak.

– Lixibiatuak biltzeko, garraiatzeko eta kudeatzeko neurriak.

– Zabortegiko gasaren errekuntza eta sortutako sua kontrolatzeko eta eteteko neurriak.

– Obrako sarbideak, plataformak eta instalazioak irekitzeari buruzko neurriak, urgentziazko ekintzak gauzatzeko.

– Urgentziazko ekintzei buruzko dokumentuen, ingeniaritzaren, planen eta proiektuen diseinuarekin, kalkuluarekin eta garapenarekin lotutako neurriak.

– Hondakinak kudeatzeari lotutako neurriak, baldin eta –iragazgaiztutako segurtasun-biltegiaren kanpoaldera irristatu direlako edo lekuz aldatu behar direlako– instalazioko isurketa-ontzia bera ez den beste kokaleku edo instalazio batzuetara eraman behar badira.

2020ko otsailaren 13ko Agindu horren bigarren ebazpen-zatiak ezartzen du hartu beharreko neurri zehatz guztiak eta EAEko Administrazio Orokorraren jarduketak iraungo duen denbora izango direla gertakariaren ondoriozko hasierako larrialdi-fasea konpontzeko eta ingurumeneko kalte edo afekzio berriak sortzeko arriskua minimizatzeko behar diren gutxienekoak eta behar-beharrezkoak direnak, eta Administrazioak zuzenean gauzatuko dituela Verter Recycling 2002, SL enpresaren kontura, modu proportzionalean eta zabortegiko operadorearentzat kostu txikiagoko beste aukerarik ez dagoen neurrian.

Ondoren, hasierako larrialdi-fasea gainditu ondoren, zabortegia ustiatzen duen enpresak –lehengoratze-ekintzak egiteko betebeharra eta erantzukizuna duen aldetik– bere gain hartuko du, oso-osorik, prebentzio-neurriak, kalte berriak saihesteko eta gauzak berrezarri edo aurreko egoerara itzultzeko neurriak gauzatzea, baldin eta bere aldetik proposatu eta EAEko ingurumen-administrazioko organo eskudunek teknikoki baliozkotzen badituzte.

Gobernu Kontseiluaren martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren bidez, Zaldibarko udal-mugartean (Bizkaia) dagoen zabortegiaren ingurunean hondakinen segurtasun-biltegiak urgentziaz eraikitzea onartu zen, dekretu horren I. eranskin gisa erantsi den deskribapen-proiektuarekin bat etorriz.

Martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren laugarren apartatuak honako hau jasotzen du: Zabortegiaren inguruko hondakinen segurtasun-biltegiak urgentziaz gauzatzeko proiektuak eragindako ondasun eta eskubideak onura publikokotzat eta gizarte-interesekotzat deklaratzea, eta urgentziazkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek aldi baterako okupatzea. Dekretu honen II. eranskinean dago horien planoa.

2020ko martxoaren 30ean, jabeei jakinarazi zitzaien Gobernu Kontseiluaren 35/2020 Dekretua onartu zela.

Ingurumeneko sailburuordearen 2020ko martxoaren 4ko Ebazpenaren bidez, Verter Recycling 2002, SL enpresari, Zaldibarko zabortegiaren titularra den aldetik, ingurumen-erantzukizuna eskatzeko ERM-2020-001 espedientea hastea erabaki zen.

Administrazio-egintza horretan, otsailaren 10ean, otsailaren 13an eta martxoaren 3an Verter Recycling 2002, SL enpresari ezarritako behin-behineko neurriak berretsi ziren (Gobernu Kontseiluaren 35/2020 Dekretua), Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 23. eta 44. artikuluetan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ekainaren 30eko 83/2020 Dekretuaren bidez, baietsi egin zen Verter Recycling 2002, SL enpresak 35/2020 Dekretuaren aurka jarritako aukerako berraztertze-errekurtsoa. Horren bidez, haren I. eranskina aldatu zen, eta, hala, hondakinen lehenengo biltegia handitzeko proposamena txertatu zen, operadoreak planteatutakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lehenago onartutako bigarren segurtasun-biltegiaren ordez.

Ekainaren 30eko 83/2020 Dekretuaren bigarren apartatuak ezarri zuen martxoaren 3ko 35/2020 Dekretuaren lehenengo, bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren ebazpenetako xedapenak hondakinen lehenengo segurtasun-biltegia (DS1) handitzeko proiektura hedatzea.

2020ko uztailaren 22an, jabeei jakinarazi zitzaien Gobernu Kontseiluaren 83/2020 Dekretua onartu zela.

Ingurumen Sailburuordetzaren 2021eko urtarrilaren 20ko Ebazpenaren bidez, Zaldibarko hondakin ez-arriskutsuen zabortegian 2020ko otsailaren 6an gertatutakoen ondoriozko ingurumen-kalteen izaera adierazgarria zehaztu zen, Verter Recycling 2002, SL enpresari esleitu zitzaion, hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren titular gisa, ingurumen-erantzukizuna, ERM-2020-001 eskakizun-espedientearen baitan, eta kalteak konpontzeko proiektua aurkezteko agindu zitzaion.

Bosgarren apartatuak Verter Recycling 2002, SL enpresari agintzen dio Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen aurreikuspenak bete ditzan, baldin eta prebentzio- edo saiheste-neurriak hartzeko haren titulartasunekoak ez diren lursailak okupatu behar badira.

Ondorioz, zabortegia ustiatzen duen Verter Recycling 2002, SL enpresak, lehengoratze-ekintzen behartua eta arduraduna den aldetik, 2021eko otsailaren 16an, nahitaezko desjabetze-prozedura hasteko eta desjabetzearen onuraduntzat hartzeko eskaera aurkeztutzat jotzeko eskatu zuen. Eskaerarekin batera, «Balorazio-txostena: desjabetzearen balio justuaren kalkulua. Lehenengo segurtasun-biltegia handitzeko proiektua (DS1). Eitzaga 48250 Zaldibar auzoa (Bizkaia)» dokumentua aurkeztu zen (erref.: BI-01452-20-2W). Bertan, zerrenda zehatza eta banakatua dago; horren bidez, desjabetu beharrekotzat jotzen dituen alderdi guztiak, materiala eta juridikoa, ondasunak eta eskubideak deskribatzen dira.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen 2021eko apirilaren 9ko Ebazpenaren bidez, interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Ondoan, S Coop erakundeak egindako «Ingurumen-kalteak konpontzeko proiektua» dokumentua onartu zen. Verter Recycling 2002, SL enpresak aurkeztu zuen dokumentu hori 2021eko otsailaren 19an, instalazioaren operadorea den aldetik, Zaldibarko udalerrian dagoen hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako lerradurarengatik konpondu behar diren ingurumen-kalteek eragindako erantzukizunaren ondoriozko betebeharrei erantzuteko. Ondoren sute bat eragin zuen zabortegiko gertakari horrek.

Aipatutako 2021eko apirilaren 9ko Ebazpenean jasotakoaren arabera, konkurtsoan dagoen Verter Recycling 2002, SL enpresak Ondoan, S Coop erakundeak egindako ingurumen-kalteak konpontzeko proiektuan jasotako jarduketak egin behar ditu, bertan jasotako epeetan. Horrela, gainera, Ondoan, S Coop erakundeak egindako dokumentuan jasotako neurrien gauzatzeak bat etorri behar du dokumentu horretan planteatutako gaiekin, baita Ebazpenaren bigarren apartatuan jasotako baldintza eta betekizunekin ere.

Aipatutako 2021eko apirilaren 9ko Ebazpenean, konkurtsoan dagoen Verter Recycling 2002, SL enpresari berriro ematen zaio agindua, ebazpen bidez onartutako prebentziozko edo kalte berriak saihesteko neurriak hartzeko eta kalteak konpontzeko, bere titulartasunekoak ez diren lursailak okupatu behar badira, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen aurreikuspenak bete ditzan, 2021eko urtarrilaren 20ko Ebazpenean jasotako baldintzetan.

2021eko apirilaren 9ko Ebazpenak amaiera ematen dio 2020ko martxoaren 4ko Ebazpenaren bidez hasitako ingurumen-erantzukizuna eskatzeko prozedurari, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoaren arabera.

2021eko apirilaren 9ko Ebazpen horren aurka, gora jotzeko zenbait errekurtso jaso dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean, bai Verter Recycling 2002, SL enpresak eta Zaldibarko Udalak jarritakoak, bai prozeduran interesa duten beste alderdi batzuek jarritakoak. Gora jotzeko errekurtso horiek organo eskudunak ebatzi ditu; beraz, 2021eko apirilaren 9ko Ebazpena irmo bihurtu da administrazio-bidean.

2021eko irailaren 17ko Aginduaren bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak erabaki zuen 2020ko otsailaren 13ko Aginduaren bidez erabakitako urgentziazko neurriak amaitzea. Horiek Zaldibarko udal-mugartean dagoen hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako lerradurari buruzkoak dira eta ingurumen-erantzukizuna eskatzeko ERM-2020-001 espedientearen baitan daude.

2021eko azaroaren 25ean, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen idatzi bati sarrera eman zitzaion. Horren bidez, Zaldibarko zabortegian lerradura gertatu ondoren hartutako jarduketek eragindako partzelak nahitaez desjabetzeko prozedurei hasiera emateko agintzen zaio Sail honi. Desjabetze hori konkurtsoan dagoen Verter Recycling 2002, SL enpresaren aldekoa da, eta, gainera, egindako jarduketen As Built proiektuari, enpresak aurkeztutako tasazio-txostena erantsi zaio. Txosten horretan, eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda eta enpresak desjabetze-prozedura honen kostuei aurre egiteko kreditu nahikoa duela adierazten duen konpromisoa jasotzen dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen xedea operadoreek ingurumen-kalteak prebenitu, saihestu eta konpontzeko duten erantzukizuna arautzea da, Konstituzioaren 45. artikuluarekin, prebentzio printzipioekin eta «kutsatzen duenak ordaindu egiten du» delakoarekin bat.

Horrela, 9. artikuluak, operadoreen erantzukizunari dagokionez, xedatzen du lege horretan jasotako jarduera ekonomiko edo profesionalen operadoreak behartuta daudela ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartzera eta exekutatzera, eta neurri horien kostuak ordaintzera, horien zenbatekoa edozein dela ere, horien erantzuleak direnean.

Verter Recycling 2002, SL enpresak 2021eko otsailaren 19an aurkeztutako eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak 2021eko apirilaren 9ko Ebazpenaren bidez onartutako konponketa-proiektuak, ingurumen-erantzukizuna eskatzeko prozeduran, kalteak konpontzeko neurri gisa aurreikusten du, besteak beste, iragazgaiztu gabeko eremuetan utzitako hondakin guztiak kentzea eta zabortegiaren inguruan eraikitako segurtasun-biltegietan induskatutako hondakinak kudeatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak gauzatu ditu aipatutako segurtasun-biltegiak, konkurtsoan dagoen Verter Recycling 2002, SL enpresaren kontura egindako ingurumen-kalteak prebenitu, saihestu eta konpontzeko jardueren baitan; beraz, «Zaldibarko Zabortegiko larrialdi-obren As Built proiektua» delakoan jasotzen dira.

Zabortegiaren inguruan eraikitako segurtasun-biltegiek titulartasun pribatuko ondasunak eta eskubideak hartzen dituzte, eta konkurtsoan dagoen Verter Recycling 2002, SL enpresaren alde desjabetu behar dira, Aurrekarietan azaldu den bezala.

Bigarrena.– Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen Lehenengo Xedapen Gehigarriak onura publikoko eta gizarte-intereseko deklaratzen du, nahitaezko desjabetzeari buruzko legeriaren ondorioetarako, hondakinak biltegiratzeko, balorizatzeko eta ezabatzeko instalazioak ezartzea edo handitzea.

Hirugarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 5. artikuluan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, konkurtsoan dagoen Verter Recycling 2002, SL enpresak Onuradun izaera hartuko du.

Laugarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, nahitaezkoa da jendaurrean jartzea desjabetze-prozedurak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Aztertu dira aipatutako lege-aginduak, horiekin bat datozenak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

XEDATZEN DUT:

1.– «Zaldibarko Zabortegiko larrialdi-obren As Built proiektua» egikaritzeak eragindako ondasun eta eskubideak okupatzeko nahitaezko desjabetze-espedientea hastea. Desjabetzea edo zortasunak ezartzea xede duten obrak onura publikokoak direla deklaratzea inplizitutzat joko da, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Ildo horretatik, konkurtsoan dagoen Verter Recycling 2002, SL enpresak onuradun izaera hartuko du desjabetze-espedientean.

2.– Aipatutako espedienteak eraginpean hartutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hamabost egun balioduneko epean, legeak adierazitako azken argitalpenetik zenbatzen hasita, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko, zerrenda horretako akatsak zuzentze aldera. Hori guztia bat dator Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17. artikuluak, hurrengoek eta lege horren Erregelamenduan bat datozenek xedatutakoarekin, baita Eusko Legebiltzarraren Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 178. artikuluak ezarritakoarekin ere.

Epe horretan, ondasun eta eskubideen zerrenda Zaldibarko udaletxeko iragarki-oholean ere egongo da ikusgai, adierazitako ondorioetarako.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 8a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala