Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2022ko irailaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3983

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 21ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Behe Boroaren (Finanzauto) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2022ko apirilaren 29an, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Behe Boroaren (Finanzauto) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko maiatzaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Behe Boroaren (Finanzauto) Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; bertan, ezartzen da zer plan eta programak behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehazteko plan edo programak ez duela ingurumenean eragin nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edota plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Behe Boroaren (Finanzauto) Hiri Antolamenduko Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:

Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Behe Boroako (Finanzauto) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren helburua da garai batean Finanzauto SA merkataritza-sozietatearen instalazioak zeuden (eraitsita baitaude) lurzatiaren antolamendu xehatua zehaztea, udalerriko egungo hirigintza-araudiaren aurreikuspenak garatuz (2001eko urtarrilaren 29ko BAO, 20. zk.). Horrela, lurzatian berreraikitzea arautuko duten xehetasun-parametroak zehazten ditu.

Eremua Boroako enpresa-parketik gertu dago, aipatutako parkearen hego-ekialdean, iparraldean Bizkaia Energiarekin muga egiten duela (Boroako ziklo konbinatuko zentral termikoa), eta hiri-lurzoru finkatu industrial gisa sailkatuta dago.

Behe Boroa (Finanzauto) eremurako egungo udal-arauetan aurreikusitako antolamenduak 32.403 m2-ko azalera duen eremu bat zedarritzen du (32.532 m2, benetako neurketa topografikoaren arabera), sestra gaineko 22.682,00 m2-ko eraikigarritasunarekin eta 19.442,00 m2-ko gehieneko okupazioarekin. Aurrekoa gorabehera, industrialde horretako bide-sistema hobetze aldera, eta Trafikoko Azterlanean jasotzen den bezala, beharrezkotzat jotzen da berriro zedarritzea, betiere Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 145. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Beraz, eremuari gehitu zaizkio hauek: lurzatirako egungo sarbideak aldatzeko eremua, BI-4342 errepidean kokatuko baitira, bai eta etorkizunean foru-bidegorri bat eta AP-8 autobideko ordainlekurako sarbide-errei berri bat ezartzeko behar den okupazio-eremua ere.

Hala, eremuaren mugaketa berriaren ondorioz, eremuan bide-sare bat eta espazio libreak sartu dira, eta orain 47.417 m2-ko azalera du, indarreko plangintzan ezarritako eraikigarritasuna, gehieneko okupazioa eta eraikuntza-profila lehengo berak direla. Plan Bereziak berdeguneetarako azalera handitu du indarrean dagoen plangintzaren aldean, eta, beraz, zertxobait murriztu da industria-lurzatiaren azalera.

Esparru horretan zentro logistiko bat garatzea aurreikusten da. Etorkizunean eraikina hartuko duen lurzati pribatua eremuaren erdialdean dago, eta 29.322,00 m2-ko azalera aurreikusten da lurzati horretarako.

Halaber, eremuan 11.721,00 m2-ko azalera duen bide-sare bat sartzea aurreikusten da. Bide-sare horrek tokiko bide-sistemarako 8.292,00 m2 izango ditu, eta 3.429,00 m2 bide-sistema orokorrerako. Tokiko bide-sareek, guztira, 1.564,00 m2 gehiago izango dituzte.

Azpizona publikoei dagokienez, hondarreko espazio libreetarako 4.760 m2 xedatzen dira hegoaldeko mugan; alegia, eremuaren iparraldeko muturretik lekualdatutako hondarreko espazio libreen jatorrizko eremuarenak. Gainera, espazio libreen estandar berritako 1.603,00 m2 sortu dira; horietatik, 1.016,00 m2 eremuaren iparraldeko mugan daude, eta gainerako 587,00 m2 lurzati pribatuaren hego-ekialdeko muturrean. Espazio libreetan, gutxienez 170 zuhaitz landatzea proposatzen da.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Behe Boroa eremua handitu egin da, hurbileko bide-sarea hobetzeko jarduketak egiteko eta bertan espazio libre batzuk sartzeko. Eremu berriak 47.417 m2-ko azalera du, eta gaur egun oso eraldatuta eta zati batean urbanizatuta dagoen hiri-lurzoru industriala da. Planak ez dakar indarreko plangintzan ezarritako eraikigarritasuna, gehieneko okupazioa eta eraikuntza-profila aldatzea. Hala ere, berdeguneetarako azalera pixka bat handitu da, eta, beraz, industria-lurzatia zertxobait doitu. Ezaugarriak kontuan hartuta, Planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da bateraezintasunik aurkitu hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

c) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak barne hartzeari dagokionez. Aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatuta dagoen lurzoru eraldatua okupatu behar da, eta garapen berriek energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak gehi ditzakete.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Estatuko ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Plan Bereziko Behe Boroako eremuak, mugaketa berriarekin, 47.417 m2-ko azalera du eta Boroako enpresa-parketik hurbil dago. Parke horren hego-ekialdearekin egiten du muga, eta, iparraldean, Bizkaia Energiarekin (Boroako ziklo konbinatuko zentral termikoa). Eremua oso eraldatuta dago gaur egun, eta zati batean urbanizatuta. Horiek horrela, ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman eremuan.

Hidrologiari dagokionez, Behe Boroa eremuak ez du ibilgu iraunkorrik, eta hurbilen dagoena Basarrate erreka da, 2.500 metroko luzera duena eta Ibaizabalen isurtzen den Garatondoren adarra dena. Ibaizabal ibaia, hain zuzen, eremuaren ekialdetik 100 bat metrora dago. Eremuaren hegoaldean, industria-jarduerarako hondeatutako ur-putzu bat dago.

Lurpeko hidrologiari dagokionez, eremua Bizkaiko ur-masa sinklinorioaren gainean dago, eta ez dago ezein interes hidrogeologikoko eremutan.

Eremuaren zatirik handiena urbanizatuta dago; beraz, funtsean, landaredi erruderal-nitrofiloa eta industrialdeko lorategi-eremuak baino ez daude. Gainera, espezie inbaditzaileen masa adierazgarriak aurkitu dira, zehazki Cortaderia selloana espeziearenak. Eremuan ez dago Batasunaren intereseko habitatik, baina hegoaldean 4030 Txilardi lehor europarrak habitatarekin egiten du muga.

Aztergai den eremuan, fauna gehienbat hiri-ingurunekoa da; beraz, bertan ez dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartutako espezierik.

Aztergai den eremua nahiz haren ingurune hurbila ez dira ezein gune babesturen zati, ezta ezein natura-intereseko lekurena nahiz korridore ekologikoena ere.

Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzatia lurzorua kutsa dezakeen jarduketa bat izan duten edo duten kokaguneen inbentarioan sartuta dago (Geoiker 48003-00104 kodea, industria motakoa). Ildo horretan, orduko Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko azaroaren 27ko Ebazpenaren laburpen bat dago ingurumen-dokumentuan. Ebazpen haren bidez, industria-erabilerarako eraldatutako lurzoru gisa deklaratzen da lurzatia, eta, beraz, aurreikusitako industria-erabilerarekin bateragarria da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Salgai Arriskutsuen Garraioaren Fluxuaren Maparen arabera, eremuarekin muga egiten duen AP-8 autobidea arrisku ertaineko gisa deskribatzen da istripuek sor ditzaketen inpaktuen aurrean, eta Behe Boroa lurzati osoa, beraz, haren 600 metroko afekzio-zerrendan sartuta geratzen da; hegoaldeko muturra, berriz, 100 metroko afekzio-zerrendan dago, eta erdialdea, berriz, 200 metroko zerrendan.

Eremuak ez du beste ingurumen-arriskurik, ez eta uholde-arriskurik ere, ibilgu oro urrun duelako, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

Eremuko egoera akustikoari dagokionez, eremua Bizkaiko foru-errepideetako Zortasun Akustikoko Eremuaren (ZAE) eraginpean dago (4523/2013 Foru Agindua); zehazki, aipatutako AP-8 eta BI-4342 errepide-azpiegituren eraginpean. Amorebieta-Etxanoko Behe Boroa (Finanzauto) eremurako inpaktu akustikoari buruzko azterlana oinarri hartuta (2021eko urtarrilean egin zen, eta ondorio nagusiak IDEn jasota daude), kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira egungo egoeran, bai kanpoaldean, bai fatxadan, aldi guztietarako (goiza, arratsaldea, gaua) etorkizuneko b) industria-eremu akustikorako.

Planean biltzen diren jarduketen inpaktuak honako hauen ondoriozkoak izango dira batez ere: jarduketa ekonomikoen instalazio berrien eraikuntza- eta urbanizazio-obrak, lurzorua okupatzea, landaredia moztea eta kentzea, hondakinak sortzea, lur-mugimenduak eta soberakinak sortzea, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei eragitea, makinen joan-etorriak, lurzoruak eta urak istripuzko isurien bidez kaltetzea, herritarrei eragozpenak sortzea emisioen eta zaraten ondorioz, eta abar. Horiek horrela, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa.

Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren emaitzak aintzat hartuta, ikusi da etorkizuneko egoeran, kanpoaldean zein fatxadan, betetzen direla industria-erabilerako etorkizuneko eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak aztertu diren hiru aldietan (goiza, arratsaldea eta gaua).

Bestalde, Planaren eremua kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati batean dago, Geoikerren industria-jarduerari dagokiona (48003-00104 kodea); beraz, kontuan hartu beharko da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa.

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Ildo horretan, eta lehen esan bezala, Planak eremuaren azalera handitzen du inguruneko bide-sarea hobetzeko, eta, nolanahi ere, indarrean dagoen plangintzan ezarritako eraikigarritasuna, gehieneko okupazioa eta eraikuntza-profila mantentzen ditu. Berdeguneetarako azalera zertxobait handitu da indarrean dagoen plangintzarekin alderatuta, eta, beraz, murriztu egin da industria-lurzatiaren azalera.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Behe Boroaren (Finanzauto) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ingurumen Txosten Estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta esparruaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz.

Aplikatu beharreko neurrien artean, plana garatzeko proiektu eta jarduketetatik eratorritakoak nabarmentzen dira. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak:

Lurzatian egin daitezkeen jarduketei dagokienez (lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dago), ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa.

Kokagunean materialak hondeatu behar izanez gero, hondeaketa-plan bat idatzi beharko da, ingurumen-organoak onartu beharrekoa. Plan horrek hondeatu beharreko materialak kudeatzeko bide egokia zehaztu beharko du, eta, kanpokoa bada, ezaugarritzearen bidez egin beharko du hori, aintzat hartuz 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten funtsezko zantzuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Amorebieta-Etxanoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

Lehengoratze eta integrazio ekologikoari buruzko neurriak:

Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak, solidoak ibilguetara arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ekiditeko. Espezie autoktonoak erabiliko dira, harizti azidofiloaren ezaugarriak lehenetsita. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren.

Espazio libreak diseinatzeko, landareztatzea «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioen eta neurrien arabera egingo da. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ondu zuen.

Plan Bereziak urbanizazio-proiektuan espezie inbaditzaileak kontrolatzeko neurriak sartzeko beharra jaso beharko du, Cortaderia selloana espeziearen hondakinak zein eremua ager daitezkeen gainerako espezie inbaditzaileak tratatzeko, deuseztatzeko eta hedatzea ekiditeko. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak eta lurzoruak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar. Behar diren neurriak hartu beharko dira, bestalde, jarduketek eraginik izan ez dezaten lurzoruan eta lurpeko uretan.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten jarduketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako kalteak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritakoa gorabehera, jarduketak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari. Hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurriok, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Behe Boroaren (Finanzauto) Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Amorebieta-Etxanoko (Bizkaia) Behe Boroaren (Finanzauto) Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 21a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala