Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2022ko irailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3970

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 12koa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita EAEko adikzioen arloko jardunbide egokien 2022-2024 aldirako aintzatespenen deialdia.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, Adikzioen arloko jardunbide egokien eta ibilbide profesionalaren aintzatespenak sortu eta zehazten dituen urtarrilaren 21eko 5/2020 Dekretua kontuan hartuta, adikzioen arloko jardunbide egokien 2022-2024 aldirako aintzatespenen deialdia egiten du.

Horregatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Adikzioen arloko jardunbide egokien 2022-2024 aldirako aintzatespenen deialdia egitea, ebazpen honen eranskinean adierazita datozen oinarrien arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.

Hirugarrena.– Ebazpen honetan aurreikusi ez den orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

Laugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 12a.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,

ITZIAR LARIZGOITIA JAUREGUI.

ERANSKINA
EAE-KO ADIKZIOEN ARLOKO JARDUNBIDE EGOKIEN 2022-2024 ALDIRAKO AINTZATESPENEN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea da adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan proiektuen, esperientzien, metodologien edo zerbitzuen bidez agerian jarritako jardunbide egokiak eta ekimen eta erakunde berritzaileak bultzatzea eta sustatzea.

Jardunbide egokitzat jotzen da testuinguru jakin batean emaitza onak lortu dituzten jarduketen multzo koherentea, bai eta, antzeko testuinguruetan, emaitza positibo berak eskuratu ditzaketen jarduketen multzoa ere. Gainera, kalitate-irizpide tekniko jakin batzuk hartu behar ditu barnean.

Ekimen berritzailetzat hartuko dira adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren eremuan ideia, ezagutza, antolakuntza-egitura, jarduketa eta esperientziak sortzen eta ezartzen laguntzen duten ekimenak.

Erakunde berritzailetzat hartuko da bere funtzionamenduan eta jardueretan ikuspegi berritzaileak eta sortzaileak ezartzearen alde egiten duena.

Bigarrena.– Aintzatespenen ezaugarriak.

Epaimahaiak, bere iritzian oinarrituta, aintzatespen bat eta gehienez hiru ohorezko aipamen eman ahalko ditu, eta sariduna bakarra edo bat baino gehiago izan ahalko dira. Honako hauez egongo da osatua aitortza: adikzioen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoak diseinatutako saria, ziurtagiria eta aintzatespen publikoa. Aipamenen kasuan ere, egiaztagiria eta aintzatespen publikoa izango dira. Aintzatespenaren eta aipamenen pertsona edo erakunde jasotzaileek horiek jaso izana aditzera eman ahalko dute beren komunikazio-ekintzetan eta izaera profesionaleko inprimakietan, aintzatespena edo aipamena emateko ebazpena ematen den egunetik beretik aurrera, beti aipatuta aintzatespena edo aipamena zein urtetan eman zaien.

Hirugarrena.– Izangaiak.

Aintzatespena eta aipamenak jasotzeko izangai izan ahalko dira EAEko pertsona fisiko eta juridiko, erakunde publiko eta pribatu, eta administrazio nahiz instituzio publiko hauek:

– Jardunbide egokiak, egitasmo berritzaileak eta ikerketa-proiektuak egin edo sustatzen dituztenak adikzioen arloan, zehazki, prebentzioan, asistentzian, gizarteratzean, prestakuntzan eta ikerketan.

– Aipatu proiektua edo praktika Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutenak.

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Hautagaitzak aurkezteko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragai: euskadi.eus: https://www.euskadi.eus/servicios/1099303

2.– Aintzatespenak eta aipamenak lortzeko hautagai izan nahi duten pertsona eta erakundeek beraiek edo beste edozein pertsona fisiko zein juridikok nahiz erakunde publiko zein pribatuk aurkeztu ahalko dituzte hautagaitzak. Hautagaiak bitarteko elektronikoz aurkeztuko dira, aipatutako euskadi.net egoitza horren bidez. Hautagaitzak aurkezteko, deialdi-ebazpenaren I. eranskineko inprimakia bete beharko da.

3.– Hautagaitza bakoitzak, gutxienez, dokumentazio hau aurkeztu beharko du, I. eranskineko ereduaren arabera:

a) Hautagaitza-formularioa.

b) Jardunbide egokia edo egitasmo berritzailea identifikatzeko memoria deskribatzailea, epigrafe hauekin:

b.1.– Jardunbide, ekimen edo esperientzia onaren izenburua: zehatza eta esanguratsua.

b.2.– Planarekin bat etortzea.

b.3.– Izaera berritzailea: ikuspegi edo metodologia berriak aplikatzea, esku-hartze sortzaileak eta esperientziaren transferigarritasuna.

b.4.– Gaitasun teknikoa eta kalitatea: hasierako diagnostikoa, proiektuaren plangintza eta garapena, metodologia efektiboa, jasangarritasuna, sektoreartekotasuna, beste eragile edo erabiltzaile batzuen inplikazioa.

b.5.– Ebaluazioa: ebaluazio- eta jarraipen-sistema, helburuen betetze-maila eta lortutako emaitzak.

b.6.– Genero-ikuspegia.

b.7.– Oharrak.

b.8.– Eranskinak eta estekak: proiektuari buruzko material interesgarriak, esaterako, webguneak, sare sozialak, argitalpenetarako edo ikus-entzunezko aurkezpenetarako (10 minutukoak gehienez) estekak.

c) Hala egokituz gero, hautagaiak aurkezten dituenaren abal edo atxikimenduak, proposatutako erakundearen, pertsonaren edo pertsonen alde, hautagai-aurkezlea bera ez bada aintzatespenera presentatzen.

Proiektuen dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahalko da, edo bietan.

4.– Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, osatugabea edo akastuna bada, erakunde edo pertsona interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Hautagaitzak bi hilabeteko epean aurkeztu behar dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

6.– Hautagaitza aurkeztuz gero, berariaz eta formalki onartzen dira deialdiaren ebazpenean adierazten diren betekizunak eta baldintzak.

7.– Hautagaitza-formularioetan agertzen diren datu pertsonalen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz egingo da.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/087600-capa2-es.shtml

Bosgarrena.– Aintzatespenen kudeaketa.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza arduratuko da aintzatespena emateko kudeaketa-lanez, bai eta aintzatespen hori emateko ekitaldi publikoaren deialdia egiteaz ere. Prozedura eta lan guztietan, emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak desagerrarazteko eta berdintasuna lortzeko helburua betetzen ari dela zainduko du zuzendaritza horrek.

Seigarrena.– Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako hautagaitzak aztertzeko, epaimahai bat eratuko da, hauek osatua:

Lehendakaria:

– Rodrigo Joaquín Oraa Gil, Osakidetzako Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Adikzioen Zerbitzuko burua.

Ordezko lehendakaria:

– Natalia Mendiola Muñoa, Osakidetzako Arabako Osasun Mentaleko Sareko Adikzioen Orientazio eta Tratamendu Zentroko (COTA) psikiatra.

Kidea:

– Ana Bazterrica Mancebo, Vitoria-Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko zerbitzuburua.

Ordezkoa:

– Myriam Beltran de Heredia Perez de Mendiguren, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udaleko prebentzio-teknikaria.

Kidea:

– Salvia Hierro Zatón, Etorkintza Fundazioko zuzendari kudeatzailea.

Ordezkoa:

– Begoña Río García, Etorkintza Fundazioko Proiektu eta Prebentzio zuzendaria.

Idazkaria:

– Álvaro Moro Inchaurtieta, Drogamenpetasunen Deustuko Institutuko zuzendaria.

Ordezko idazkaria:

– Raquel Sanz Álvarez, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren azterketa-teknikaria.

Aurkeztutako hautagaitzak ebaluatzeko, epaimahaikideek adikzioen eta generoaren arloetako teknikari adituen laguntza jaso ahal izango dute.

2.– Posturen bat hutsik geratzen bada, edo epaimahaikideren bat bertaratzen ez bada edo gaixotzen bada, edo bestelako legezko arrazoiren bat dela medio, epaimahaikide titularren ordezkoek hartuko dute haien lekua, epaimahaiaren idazkaritzaren aurrean ordezkapena egiaztatuta.

3.– Bilkurak eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzeari dagokionez epaimahaiaren eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da, gutxienez, hiru kide bertaratzea, eta haien artean presidentea eta idazkaria egotea, edo haien ordezkoak.

4.– Erabakiak botoen gehiengoaren bidez hartuko dira. Botoetan hainbana gertatuz gero, lehendakariak ebatziko du bere kalitatezko botoaz. Hartutako erabakiak baliozkoak izateko, presidentea eta idazkaria bertan egon beharko dira, edo haien ordezkoak, eta, edonola ere, kideetatik hiru.

Epaimahaiaren idazkariak egin eta hartuko diren jarduera eta erabaki guztien akta jasoko du, eta sarien epaia arrazoituko duen irizpena agertu beharko da.

5.– Epaimahaiko kideak abstenitu egin beharko dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan.

Zazpigarrena.– Balorazio- eta adjudikazio-irizpideak.

1.– Epaimahaikideek, adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespena jasotzera aurkeztu diren hautagaitzak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dituzte kontuan:

a) Berritzailea izatea: 30 puntu.

a.1.– Adikzioen maneiuan aurrerapenak eta hobekuntzak ekartzen dituzten ekintza eta metodologia berri edo sortzaileak garatzea.

a.2.– Transferigarritasuna: zabaltzeko edo erantzuteko aukera.

a.3.– VII. Euskadiko Adikzioen Planeko helburuak lortzeko egindako ekarpena: hobekuntza EAEko adikzioen arloan, zehazki, prebentzioan, asistentzian, gizarteratzean, prestakuntzan eta ikerketan.

a.4.– Herritarrek diseinuan, ebaluazioan eta ezarpenean parte hartzea sustatzea.

b). Proiektuaren edo ekimenaren fidagarritasuna eta kalitate teknikoa. 30 puntu.

b.1.– Diagnostikoa: egitasmoa edo proiektua identifikatu den behar baten ondorio da, baita hasierako ebaluazio zehatz eta helburu errealista baten fruitu ere.

b.2.– Plangintza eta garapena: planteamendu orokorra, egituraketa, egutegia, zabalpena eta parte-hartzea, xede-hartzaileengana iristeko komunikazioa, eta proiektua sendotzea.

b.3.– Ebidentzian oinarritutako metodologia.

b.4.– Jasangarritasuna: denboran luza liteke, eta eragin iraunkorrak izan ditzake, etorkizunera begirako jarduera-proiektuen bitartez.

b.5.– Sektoreartekotasuna eta beste eragile batzuekin elkarlanean aritzea; sare-lana eta auzolana.

c) Ebaluazioa: 30 puntu.

c.1.– Ebaluatzeko eta jarraipena egiteko sistema.

c.2.– Helburuen betetze-maila eta lortutako emaitzak.

c.3.– Gizartean duen eragina neurtzea eta kudeatzea.

d) Genero-ikuspegia: 10 puntu.

d.1.– Genero-ikuspegia barne hartzea, genero-berdintasunaren aldeko helburuak ezarrita, edo berdintasun-politiketan aplika daitekeen ezagutza, batik bat, adikzioen arloan.

Irizpide bakoitzean baloratuko da informazioa argia, ondo definitua eta egituratua izatea, bai eta eranskin gisa aurkeztutako dokumentazio gehigarria ordenatuta egotea eta proiektuarekiko koherentea izatea ere.

2.– Saria eskuratzeko, gutxienez, 60 puntu batu beharko dira.

Zortzigarrena.– Epaimahaiaren epaia.

1.– Epaimahaiak, hautagaitza guztiak aztertu eta baloratu ondoren, aintzatespenaren eta gehienez hiru aipamenen ebazpena emango du, hartutako erabakiaren arrazoiak adierazita. Ebazpena emateko epea, gehienez, lau hilabetekoa izango da, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epaimahaiak epaia eman ondoren, Osasun Publikoko zuzendariak aintzatespena eta aipamenak esleitzeko ebazpena emango du, edo, hala badagokio, ez ematekoa.

2.– Aurkeztutako hautagaitzak ez badira kalitatezkoak edo, aintzatespenaren eta aipamenen xedearen eta ezaugarrien arabera, ez badauzkate behar diren merezimenduak, epaimahaiak erabaki dezake aintzatespena eman gabe geratzea.

3.– Epaimahaiaren erabakia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari jakinaraziko zaio ebazpen baten bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, eta ezingo da errekurtsorik jarri haren aurka.

Bederatzigarrena.– Saria onartzea.

Pertsona edo erakunde saridunak hamar eguneko epea izango du, emakida-ebazpena jakinarazten den datatik hasita, aintzatespenari edo aipamenari idatziz eta berariaz uko egiteko. Epe hori igarota, onartutzat hartuko dira.

Hamargarrena.– Aintzatespen publikoa.

1.– Aintzatespena eta aipamenak horretarako antolatuko den ekitaldi publiko batean emango dira. Baldin eta justifikatutako arrazoiren batengatik sariduna (pertsona fisikoa edo pertsona juridikoaren edo erakundearen legezko ordezkaria) ezin bada joan ekitaldi publiko horretara, beste pertsona bat izendatu beharko du, aurretiaz, bere ordez joan eta saria bere izenean jaso dezan.

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aintzatespenaren edo aipamenaren xede diren pertsonen edo erakundeen identitatea eta proiektu eta ekimen aipagarriak zabaldu ahalko ditu, egokien iruditzen zaion bidearen bidez –Internet barne–, eta denbora-mugarik gabe. Halaber, berariaz aipatuko dira lanen pertsona edo erakunde egileak nahiz proiektuen arduradunak.

3.– Aintzatespenak eta aipamenak jasotzen dituzten pertsonek eta erakundeek horiek jaso izana aditzera eman ahalko dute beren komunikazio-ekintzetan eta izaera profesionaleko inprimakietan, aintzatespena edo aipamena emateko ebazpena ematen den egunetik beretik aurrera, beti aipatuta aintzatespena edo aipamena zein urtetan eman zaien.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala