Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2022ko irailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3967

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bermeoko (Bizkaia) Bermeo 30/13 kV-eko transformazio-azpiestazioa handitzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2022ko maiatzaren 10ean, Bermeoko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Bermeoko (Bizkaia) Bermeo 30/13 kV-eko transformazio-azpiestazioa handitzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko ekainaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Bermeoko Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskura egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin.

Bermeoko (Bizkaia) Bermeo 30/13 kV-eko transformazio-azpiestazioa handitzeko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bermeoko (Bizkaia) Bermeo 30/13 kV-eko transformazio-azpiestazioa handitzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremuak barne hartzen ditu Bermeo banaketako transformazio-azpiestazioa (1.214,63 m2) eta aurrekoarekin mugakide diren 263. eta 264. landa-lurzatiak (7.387 m2). Eremuak, orotara, 8.601 m2-ko azalera du.

Bermeoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, HAPO) 2011ko urriaren 20an onartu zen behin betiko (BAO, 2012/04/24), eta lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzen du aztergai den eremua. Lur horiek Urdaibaiko Biosfera Erreserban sartzen direla kontuan hartuta, espazio horren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean (aurrerantzean, EKZP) ezarritakoa gailentzen da (139/2016 Dekretua, irailaren 27koa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duena). EKZPren arabera, Planaren eremua «Sistemen Eremuak» (T4.AZ) eta «Trantsizioko Landa Paisaiako Eremuak» (T1.TLP) kategorietan sartzen da.

Planaren helburua da egungo Bermeo transformazio-azpiestazioa handitzea, hala azaleran, nola ahalmen elektrikoan eta tentsioan, eremu horretako 30 kV-eko sarea hobetzeko, eta, bereziki, Bermeo transformazio-azpiestaziotik elikatzen den Mungia-Euba 30 kV-eko zirkuitu bikoitzeko linea.

Zehazki, instalazioa handitu nahi da, 30 kV-eko sarera FPL (Flexible Power Link) sistema bat akoplatzeko, potentzia-elektronikokoa, balizko deskonpentsazioak egoki kudeatuko dituena. FPL sistema eta hari lotutako 30/6,6 kV-eko bi potentzia-transformadore berriak egungo transformazio-azpiestaziotik elikatuko dira, transformazio-azpiestazioaren egungo 30 kV-eko sistema gelaxka-eraikin berri batean trinkotuz.

Handitzearen lurzati berriek malda handia dute, eta transformazio-azpiestazioa baino beherago daude. Hori dela eta, horiek garatzeko, euste-sistemak, indusketak eta betelanak egin beharko dira, dagozkien ezpondekin. Plataforma berriak lehendik dagoen urbanizazio-kotaren antzekoa izango du, eta FPL sistema eta haren hozkailuak izango ditu iparraldean, elementu transformatzaileak bi muturretan eta 30 kV-eko sistema berria eta kontrol-, babes-, laguntza- eta telekomunikazio-armairuak zabalkundearen hegoaldean. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, plataforma berriak ez ditu okupatuko handitzearen xede diren landa-lurzati guztiak.

Jarraian, Planak baimendutako eraikinei eta egiturei buruz ezarritako zehaztapenak laburbiltzen dira:

– Ustiategiari lotutako eraikinen ezarpen askea onartzen da, baldin eta sestra gaineko gehieneko eraikigarritasuna 1.000 m2 (e) bada.

– Eraikuntza-profila gehienez sestra gaineko 2 solairukoa izango da, eta sestrapeko bi solairukoa.

– Eraikinen gehieneko altuera 12 m-koa izango da, dauden lursailaren sestratik neurtuta.

– Eraikinez bestelako dorreen eta instalazio osagarrien ezarpen askea onartzen da. Horiek ez dira kontuan hartuko eraikigarritasunaren zenbaketan, ez sestra gainekoan, ez sestrapekoan, eta gehieneko altuera 35 m-koa izango da, kokatuta dagoen lursailaren sestrarekiko.

Alternatibei dagokienez, 0 alternatibaz gain (edo esku ez hartzekoaz gain, zonaren ahalmen eta hornidura elektrikoa hobetzeko beharragatik baztertzen baita), lehen deskribatutako 1. alternatiba aukera bideragarri bakartzat aztertu da, eta haren kokapen posibleak baztertu dira, dituzten mugak kontuan hartuta (beste azpiegitura batzuk egotea, edo dagoen transformazio-azpiestaziotik urrun dauden lekuak izatea).

Dokumentazioaren arabera, ez da esku-hartze urbanizatzailerik behar, lurzatiaren barruan egiten diren esku-hartzeez gain; beraz, ez da hirigintza-kudeaketarako tresnarik behar hura garatzeko. Lanak eta instalazioaren muntaketa 2023ko urtarriletik azarora bitartean egitea aurreikusten da.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendean jarri behar den ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren eremua da egungo Bermeo transformazio-azpiestazioa eta haren mugakide diren bi landa-lurzati (guztira, 8.601 m2-ko azalera). Eremua Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak (EKZP) araututako lurzoru urbanizaezinean dago, batez ere «Trantsizioko Landa Paisaiako Eremu» (T1.TLP) gisa kategorizatutako lurzoruan; beraz, proposatutako handitzea bat dator aipatutako EKZPren zehaztapenekin. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du beste plan edo programa batzuetan ingurumen-eragin nabarmenik izango. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afekzio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Almika auzoaren iparraldean dago, Bermeoko saihesbidearen (BI-631) tunelaren hegoaldean, Bermeo udalerrian. Alde batetik, Bermeo transformazio-azpiestazioak okupatutako lursailak dira; 1.214,63 m2-ko azalera dute eta azpiestazioaren instalazioek okupatzen dituzte. Bestalde, handitzeko proposatutako lursailak 7.387 m2 dira, transformazio-aspiestazioarekin zuzenean mugakide direnak ipar-mendebaldean, eta landa-izaera dute, eta laborantza-belardiak dituzte.

Aztergai den eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Okako Unitate Hidrologikoan dago. Zehazki, Artika ibaiaren arroan sartzen da, Artigas-A ur-masa gisa identifikatuta. Eremuan ez da ur-ibilgu iraunkorrik identifikatu. Artika ibaia ekialdetik igarotzen da, 100 metrora baino gehiagora; eta Etxebarrierreka erreka, ipar-mendebaldetik 200 metrora baino gehiagora.

Eremua iparraldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago. Artikaren trazadura eta inguruak Interes Hidrogeologikoko Zona gisa identifikatzen dira. Hala ere, Planaren eremua hortik kanpo geratzen da, 40 bat metro mendebaldera.

Eremua Bermeoko ikuspen-arroaren barruan dago, eta paisaia-balio ertaina edo txikia du.

Eremuan dagoen landaredia, batez ere, belarkara da, labore-soroetakoa; 6510 Batasunaren intereseko habitata: «Altitude baxuetako sega-belardi elkorrak» (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis).

Aipatu behar da Artika eta Etxebarrierreka ibilguak «Hobetu beharreko tarte» gisa identifikatzen direla bisoi europarrarentzat. Galzorian dagoen espeziea da eta babes-neurri espezifikoak behar ditu. Hala, Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onetsi zen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez. (2006/07/06ko BAO). Nolanahi ere, eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da aurreikusten eremuan fauna-espezie mehatxaturik egotea.

«Gernikako Antiklinala» Geologia Interesdun Lekua eremutik hurbil dago, ekialdean, eta aztergai den eremua haren eragin-eremuaren barruan dago. Bestalde, Urdaibaiko Ibai Sarea kontserbazio bereziko eremua (KBE) identifikatzen da (ES213006 kodea) (358/2013 Dekretua, ekainaren 4koa, zeinaren bitartez Kontserbazio Bereziko Eremu –KBE– izendatzen baitira Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren Garrantzizko 4 Leku, eta onartu egiten baitira KBE horien eta Urdaibaiko itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak) eta bere mugaketarik ez da sartu plan-eremuan. Ez da hauteman natura-intereseko eremurik edo EAEko korridore ekologikoen sareko gunerik, ezta hezegunerik ere. Esan bezala, eremua Urdaibaiko Biosfera Erreserban sartzen da.

Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.

Eremua ez da lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko ezein lurzatiren zati. Hala ere, Bermeo transformazio-azpiestazioa kutsagarria izan daitekeen jarduera da, eta, beraz, inbentarioko lurzatiei aplikatzen zaizkien baldintza berak aplikatuko zaizkie.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Salgai Arriskutsuen Garraioaren Fluxuaren Maparen arabera, Bermeoko herrigunetik igarotzen den BI-631 errepidea istripu-arrisku oso txikikoa da, eta Planaren eremua haren 600 metroko eragin-zerrendan sartuta dago zati batean.

Horiek horrela, plana garatzearen ondoriozko balizko efektuak handitzeko obrenak dira; lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, emisio atmosferikoek eta zaratek eragindako ondoezak, landaredia kaltetzea eta abar.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, deuseztatuko den 6510 BIHren azalera kontuan hartuta, ez da aurreikusten jarduketek habitat horretan kalte nabarmenik eragingo dutenik. Bestalde, proposatutako paisaia-integrazioko neurriak kontuan hartuta (ezponden hidroereintza eta handitzearen landare-pantailak), ez da espero paisaia-inpaktua handia izatea.

Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat natura- eta kultura-ondareari, paisaiari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.

Energia elektrikoa potentzia-transformadoreekin edo erreaktantziekin banatzeko azpiestazioak lurzorua kutsa dezaketen jardueratzat hartzen dira, eta, beraz, egungo transformazio-azpiestazioaren lurzatian esku hartzeko, jarraipen berezia egin beharko da kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak zuzen kudeatzeko.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak aplikatuz gero, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmena izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Bermeo 30/13 kV-eko transformazio-azpiestazioa handitzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak egikaritzeko:

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Garapen-proiektuak jaramon egin beharko die Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren zehaztapenei (139/2016 Dekretua, irailaren 27koa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onestekoa).

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, makina-parkea, lan-txabolak, obrako materialak eta landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan eta, zehazki, ekidin egingo da drainatze-sare naturalari, Urdaibaiko Ibai Sarea KBEri (ES213006 kodea) eta bisoi europarraren biziguneei kalterik eragitea.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da. Espezie autoktonoak erabiliko dira, harizti/baso mistoaren ezaugarriak lehenetsita.

– Belardi, labore eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren gainazaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretik aparte pilatu behar da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.

– Makinen, materialen eta abarren erabilerak eragindako belardi eta laboreen eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Larreak berriz erein ahal izateko, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo biratu beharko da lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.

– Hala badagokio, eragindako laboreak birlandatuko dira, dagozkien kalte-ordainekin, eta itxiturak eta lurzatietan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (drainatzeak eta abar) eta eragindako laboreak lehengoratuko dira.

Hautemandako arriskuekin lotutako neurriak:

– Kutsatuta egon daitezkeen kokaguneak: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da Bermeo transformazio-azpiestazioko lurzatiko jarduketa orotan. Hortaz, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutakoarekin bat, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, aipatutako 4/2015 Legeak araututako prozeduraren arabera.

Kokagunean materialak hondeatu behar izanez gero, hondeaketa-plan bat idatzi beharko da, ingurumen-organoak onartu beharrekoa. Plan horrek hondeatu beharreko materialak kudeatzeko bide egokia zehaztu beharko du, eta, kanpokoa bada, ezaugarritzearen bidez egin beharko du hori, aintzat hartuz 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Bermeoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako kalteak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ahal dela, iragazgaiztu gabeko eremuetan ez da egingo makineria mantentzeko lanik.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari. Hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrak egunez egingo dira.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Bermeo 30/13 kV-eko transformazio-azpiestazioa handitzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Bermeoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Bermeo 30/13 kV-eko transformazio-azpiestazioa handitzeko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 20a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala