
173. zk., 2022ko irailaren 9a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (103 KB - 1 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3948
EBAZPENA, 2022ko irailaren 2koa, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita transexualen dokumentazio administratiboari buruzko Dekretu-Proiektua.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak «transexualen dokumentazio administratiboari buruzko dekretu-proiektua» prestatu du, eta Xedapen Orokorrak egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearekin bat etorriz izapidetu behar da.
Lege horretan xedatutakoa betetze aldera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, 2020ko martxoaren 12an, agindu bat eman zuen, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio goian aipatutako dekretu-proiektua prestatzeko prozedurari; gerora, 2021eko ekainaren 23an, dekretu-proiektuaren testua aldez aurretik onartzeko agindua eman zuen, behin artikuluak idatzi ondoren.
Aipatu 8/2003 Legearen 8.1 artikuluaren arabera, xedapen orokorrak jendaurrean jarri behar dira, baldin eta herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten badiete –kasu honetan eragiten die– eta xedapenen izaerak hala eskatzen badu.
Horretarako, jendaurrean jartzen da «transexualen dokumentazio administratiboari buruzko dekretu-proiektua», hogei egun baliodunez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Azaldutako guztiagatik, dekretu-proiektu hori prestatzen hasteko prozedurari hasiera ematen dion Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2020ko martxoaren 12ko Aginduaren ebazpen-zatiaren hirugarren apartatuarekin bat etorriz, eta aintzat hartuta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 17.b artikulua, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea «transexualen dokumentazio administratiboari buruzko dekretu-proiektua», hogei (20) egun baliodunez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bigarrena.– Goragoko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izateko, delako dekretu-proiektua eskuragarri izango da honako leku honetan: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua I eraikina, 1. solairua) eta Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taulan, www.euskadi.eus webgunean.
Hirugarrena.– Alegazioak Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzan aurkez daitezke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan ezarritako lekuren batean, eta Familia eta Haurren zuzendariari zuzendu behar zaizkio.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 2a.
Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.
RSS