Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2022ko irailaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3912

AGINDUA, 2022ko abuztuaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeei eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2022-2023 ikasturtean.

Hezkuntza-sistemak behar diren estrategiak eta baliabideak izan behar ditu, ikasle ijitoak, eskola-arrakasta lortzeko, gainontzeko ikasleen egoera berberetan egon daitezen.

Eskolak biztanleria guztia hartzen du, derrigorrezko eskolaldian behintzat. Eta eskolaldi hori nahitaezko izanik, honako konpromiso hau du: pertsona guztiei beren ahalmen-gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten erraztea, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera izan dezaten berdintasun-baldintzetan.

Helburu horiek lortu eta ijito-herriak zor zaion lekua izan dezan, kulturarteko hezkuntza-proiektu bat behar du eskolak, indarra jar dezan desberdintasunak gainditzeko eta ikasle bakoitzaren premiak kontuan hartzeko. Segregazio-proposamenak alde batera utzita, eskola inklusiboaren esparrua funtsezkoa da helburu horiek lortzeko gizarte-kohesioko eta berdintasuneko testuingurua lortzeko, betiere desberdintasuna errespetatuz.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 urtetik aurrera bermatzen da hezkuntza, eta derrigorrezkoa da 6 urtetik 16 urtera bitartean. Dena den, haurrak adin zehatz batzuetan eskolatze hutsak ez du, hezkuntzari begira, berdintasuna bermatzen.

Nahiz eta haien eskolaratzeari dagokionez, aurrerapen handiak izan azken urteetan, ikasle ijitoen eskola-arrakasta ez dago gure erkidegoko ikasle gehienek duten maila berean. Honako oztopo hauek daude oraindik:

– ijitoen kulturarekiko ezjakintasuna eta ijito-herriaren egiazko egoerari eta ijito-familien garapena oztopatzen duten dinamikei edo barrerei, eta, oro har, egungo gizartean berdintasun-ezak areagotzen dituzten dinamikei buruzko hausnarketarik eza;

– ijitoei buruzko aurreiritzi eta estereotipo ugari egotea, ia beti negatiboak, eta

– itxaropen gutxi egotea ikasteko aukerei edo interesari begira, eta horrek era negatiboan eragitea ikasleen itxaropenei, baita eskolari eta prestakuntza orokorrari begira dauden jarrerei ere.

Oztopo horiek gainditzeko, Hezkuntza Saila Ijito Herriarekiko Euskal Estrategiarekin (2022-2026) lan egiten ari da, era berean, kolektibo horri beste neurritan, programetan eta abarretan parte harrarazi nahi dio ikasle guztien aniztasunari erantzun bat emateko helburua duena.

Testuinguru horretan, dei egiten zaie ikastetxeekin lankidetzan arituz 2022-2023 ikasturtean garatu beharreko hezkuntza-jardueren proiektuak aurkezteko interesa duten erakundeei.

Deialdi hau administrazio publikoen dirulaguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz. Aginduan, proiektu horiek aurkezteko mekanismoak eta epeak eta berauen artean aukeratzeko prozesuak finkatzen dira, eta argitara ematen dira irizpideak eta aukeratze horren arduradunak.

Agindu honen bidez araututako deialdia Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2022ko otsailaren 4ko Aginduaren bidez onartu baitzen. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago argitaratuta, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-a2kulsus/eu/

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuan eta dekretu hori aldatzen duen martxoaren 29ko 39/2022 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak emateko moduari buruzkoa– xedatutakoaren arabera, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin bat etorriz – zeinaren bidez azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen baita – eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean onartutako kredituen arabera, eta aintzakotzat izanik aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da diruz laguntzea irabazi-asmorik gabeko erakundeek 2022-2023 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko aurkezten dituzten proiektuak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta esku hartzeko eremuak:

1.– Deialdi honetara laurehun eta laurogeita bost mila zortziehun eta laurogeita hamar (485.890) euroko zenbatekoa bideratzen da, honela banatuta esku-hartze eremu bakoitzeko:

a) 1. eremua: Araba: 81.814 euro.

b) 2. eremua: Gipuzkoa: 95.221 euro.

c) 3. eremua: Bizkaia: 154.427,5 euro.

d) 4. eremua: Bizkaia: 154.427,5 euro.

2.– Eremu bakoitzerako, lehentasunezko ikastetxeak (XI. eranskina) eta artatu beharreko ikasle ijitoen gutxieneko kopurua ezartzen dira:

a) 1. eremua: Araba.

Ikastetxeak: Lurraldeko ikastetxe guztiak (Lehentasunezko ikastetxeen zerrenda XI eranskinean).

Artatu beharreko gutxieneko ikasleak: 234.

b) 2. eremua: Gipuzkoa.

Ikastetxeak: lurraldeko ikastetxe guztiak (Lehentasunezko ikastetxeen zerrenda XI eranskinean).

Artatu beharreko gutxieneko ikasleak: 272.

c) 3. eremua: Bizkaia.

Barakaldo: CEIP Munoa HLHI eta CEIP Gurutzeta HLHI; Bilbao: IES Zorroza BHI, CEIP Elejabarri HLHI, CEIP Pío Baroja HLHI, CEIP Iruarteta HLHI, IES Rekaldeberri BHI, CEIP Tomás Camacho HLHI, IES Martín De Bertendona BHI eta IES IBAIZABAL BHI; Portugalete: CPI ANTONIO TRUEBA IPI eta CEIP Virgen De La Guía HLHI; Santurtzi: IES Kantauri BHI eta IES Axular BHI.

Artatu beharreko gutxieneko ikasleak: 441.

d) 4. eremua: Bizkaia.

Abanto Zierbena: CEIP El Casal HLHI eta IES Dolores IbarrurI BHI; Basauri: CPI Soloarte IPI; Bilbao: IES Txurdinaga Behekoa BHI, CEIP Otxarkoaga HLHI; IES Gabriel Aresti BHI, CPIFP Innovación Social Diego Berguices-Otxarkoaga LHIPI, IES Artabe BHI, CEIP Miribilla HLHI eta CEIP Artatse HLHI; Ortuella: IES Ortuella BHI, Sestao: CEIP Vista Alegre HLHI, CEIP Markonzaga HLHI, CEIP Kueto HLHI eta IES Ángela Figuera BHI.

Artatu beharreko gutxieneko ikasleak: 441.

3.– Erakunde bakar batek ezin izango du deialdian ezarritako laguntza osoaren (485.890 €) % 55 baino gehiago jaso.

4.– Dirulaguntza lerro bakoitzean adierazitako zuzkidurak alde batera utzi gabe, eskabiderik ez dagoelako, baldintzak betetzen ez dituztelako edo eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutelako lerro batean ezarritako zuzkidura ekonomikoa agortzen ez bada, Ebaluazio Batzordeak beste lerro batean ezarritako zuzkidura handitzea proposatu ahal izango du, betiere kontuan hartu beharreko lerroa oraindik ebatzi gabe badago. Lerrokako soberakinak esleitzeko irizpidea eremuen erronkarekiko modu proportzionalean handitzea izango da, betiere erakunde parte-hartzaileek gutxienez aurreikusi baino ikasle gehiago egiaztatu badituzte.

5.– Erakunde bakoitzaren proposamenak aurrez ezarritako eremuetako ikastetxeetara egokituko dira. Ikastetxeen behin betiko zerrenda lurralde bakoitzeko Hezkuntza Berriztatzeko arduradunek gainbegiratuko dute, esku-hartzea Hezkuntza Sailarentzat lehentasunezkoak diren ikastetxeetan egin dadin.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan garatzen diren guztiak izango dira, ikastetxeko zuzendaritza-taldearen zuzendaritzapean eta dagokien irakasleekin koordinatuta, ikasle ijitoen eskola-arrakasta areagotzeko eta ikasle ijitoak dauden ikastetxeetan kulturarteko bizikidetza hobetzeko.

2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eskola-ordutegian zein eskolaz kanpoko ordutegietan garatuko dira eskola-egutegiaren barruan, irakasleekin lankidetzan. Jarduera horiek alderdi hauek barne hartuko dituzte:

a) Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzekoak:

I.– Irakasleek gainbegiratuta eta diseinatuta, zeharkako gaitasunak eskola-inklusioaren ikuspegitik garatzen lagunduko duten ekintzetan laguntzea, betiere talde-ikasgela barruko lanari lehentasuna emanez.

I.I.– Lankidetza-estrategiak: talde interaktiboak, hizketaldiak, dinamikak...

I.II.– Taldeko tutoretzak, tutoreek eskatuta.

I.III.– Ikasleen banakako jarraipena, irizpide inklusiboei jarraituz behar diren banakako tutoretzetan parte hartzea barne.

I.IV.– Ijito Herriari ikastetxearen barruan ikusarazten laguntzen dioten jarduerak.

I.V.– Ikasle ijitoen arrakasta-egoerak sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak, hala nola ikastetxean eskola-arrakasta lortu duten ijitoak egotea edo ikasle ijitoekin topaketak egitea Tutoretza Ekintzako Planaren esparruan.

II.– Ikastetxearekin lankidetzan aritzea ikaskuntza hobetzen laguntzen duten eskola-programetan eta eskolaz kanpoko programetan, ikasle ijitoek programa horietan gehiago parte har dezaten (Bidelaguna, ikastetxeko eta auzoko liburutegiak, tailer sozioedukatiboak, eskolaz kanpoko jarduerak...).

b) Hezkuntza-komunitatean kulturarteko bizikidetza hobetzera zuzendurikoak:

I.– Familiak seme-alaben hezkuntza-prozesuan inplikatzea sustatzen duten jarduerak, erantzukizuna, ahalegina eta ikasteko eta lan egiteko ohiturak garatzen laguntzeko.

• Senideentzako prestakuntza-ekintzetan laguntzea ikastetxearekin.

II.– Bizikidetza hobetzen laguntzen duten jarduerak, hezkuntza-komunitatearen inplikazioarekin (ikasleak, irakasleak, senideak, gizarte-eragileak...).

• Ikastetxearekin lankidetzan aritzea gatazkak konpontzeko.

III.– Ikastetxeek eskolarik gabeko uneetan ijitoen erakundeek zuzenean laguntzen duten jarduerak.

• Senideekin egiten diren topaketetan laguntzea.

3.– Hiru esku-hartze mota ezarriko dira: unean unekoa, sistematiko orokorra eta sistematiko intentsiboa.

• Unean uneko esku-hartzetzat hartzen dira noizbehinkako egoera baten aurrean eta ikastetxearen eskaera jakin baten ondorioz sortzen direnak. Denboran mugatuak diren esku-hartzeak dira.

• Esku-hartze sistematiko orokortzat jotzen dira ikasle ijitoekin oro har gauzatzen diren aldizkako ekintzak (asterokoak, hilekoak...); adibidez, jolas-orduetan, otordu osteko jolas-orduetan, beste testuinguru masibo batzuetan, aurreko atalean definitzen den bezala.

• Esku-hartze sistematiko intentsibotzat hartzen dira ikasle ijitoen talde espezifiko bat inplikatzen duten aldizkako ekintzak (asterokoak), hau da, esku hartuko den ikasle zehatzak ezagutzen dira.

Esku hartzeko proposamenak esku-hartze sistematiko intentsiboaren modalitateko jarduketen % 75 islatuko du.

4.– Astean gutxienez egun bat emango da familiekin koordinatzeko, irakasle tutoreekin koordinatzeko, erakundearen barne-koordinaziorako, erakundearen eta zuzendaritzaren arteko koordinaziorako, ikastetxeetako batzordeekin bilerak egiteko (BAT taldea, hezkidetza), proiektuaren hiru hilean behingo jarraipena egiteko ikastetxean...

5.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira artikulu honetan aipatutako jardueren ondorioz sortutakoak. Horrela, langileak kontratatzetik datozen gastuak, errefortzu- eta prestakuntza-jarduerei dagozkien gastuak (garraio-dietak, ez guztien % 5 baino gehiago), baliabide didaktikoak eta bibliografikoak ematen dituzten metodologia berritzaileak ezartzeko sortutako gastuak eta programari lotutako erakundearen funtzionamendu- eta egitura-gastuak (ez guztien % 10 baino gehiago).

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen gutxieneko eskakizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta eta alta emanda egon behar dute eskola esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2022-2023 ikasturtean Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan adierazitako egoera batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

3.– Zergen arloko betekizunak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betekizunak ordainduta izatea. Baldintza horiek dirulaguntza likidatu arte bete behar dira, eta horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza eman eta ordainketak egiten diren uneetan.

4.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik ez izatea, eta ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenarekin bat.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

6.– Jarduerak egiteko proposatutako pertsona guztiek izan beharko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren gutxieneko titulazio akademikoa edo baliokidea.

7.– Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik epai irmo bidez kondenatua ez izatea, ezta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketaren edozein deliturengatik ere. Horretarako, lanbide, ofizio edo jarduera horietara sartu nahi duenak egoera hori egiaztatu beharko du Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuz.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitako zenbatekotik (180.303,64 eurotik gora) aurrerako ordainketa aurreratua bermatuko dute onuradunek.

5. artikulua.– Eskakizunak nola egiaztatu.

1.– Ofizioz egiaztatuko da erakunde eskatzaileak legez eratuta ote dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta dauden.

2.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo emaileari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela. Egiaztapen hori dirulaguntza emateko eta ordainketak egiteko unean egiaztatuko da eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak eskabidea aurkeztatzerakoan, arrazoiak adieraziz, baimenaren kontra egin dezake, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du eskabidea egin eta aurkeztean. Gainera, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan egin beharko da.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabideetan berariaz adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 eta 50.5 artikuluak betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

a) Edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, jaso izanez gero, jaso direla.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla.

c) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.

e) Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

f) Eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan. Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

g) Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik eta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketako edozein deliturengatik epai irmoz kondenatua izan ez dela egiaztatzen duen agiria. Horretarako, lanbide, ofizio edo jarduera horietan sartu nahi duenak sexu-delitugileen erregistro zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko du egoera hori egiaztatzeko.

h) Erakunde eskatzaileak berdintasun-plan bat izan beharko du indarrean Estatuko araudiaren arabera, eta 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatu beharko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

5.– Begiraleen gutxieneko titulazioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulu ofizialaren edo baliokidearen kopiaren bidez egiaztatuko da.

6.– Konturako ordainketak aldez aurretik egingo direla bermatzeko, bermeek laguntzaren nominala gehi urtebeterako interesak barne hartu beharko dituzte, eta nominalaren ehuneko hamabosteraino balizko erreklamazio judizialaren edo judizioz kanpokoaren kostu eta gastuetarako. Halaber, fidantzek eta abalek nahitaez jaso beharko dute fidatzaileak edo abal-emaileak onuradunarekin Administrazioaren aurrean duen betebehar solidarioaren klausula.

7.– Arestian adierazitako betekizunak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, eta, hori ez bada behar bezala egiten, 8. artikuluan aurreikusten den zuzenketa izapidetzearen bitartez.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte, Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean araututakoaren arabera. Zehazki, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak /0042508

2.– Eskabidea egin ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

3.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Jabetzearen Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/ordezkariak

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

1.– Eskabideak, 2022-2023 ikasturtean eremu zehatzera egokitutako jarduera-proiektuarekin batera (I. eta II. eranskinak), bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira https://www.euskadi.eus Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea amaituko da epemugako hilabetean argitaratu zen egun berean; epemugako hilabetean egun baliokiderik ez badago, epea iraungitzat joko da. Hilaren azken eguna baliogabea bada, epea lehen egun baliodunera luzatuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

2.– Eskaerarekin batera, jarduera-proiektu pertsonalizatu bat aurkeztu beharko da, esku hartzen den eremu bakoitzerako (II. eranskina), eta atal hauek jaso beharko ditu:

• Esku hartzeko eremua, zein udalerri eta zentrotan jardungo den.

• Helburuak.

• Eremu horretan garatu beharreko jardueren deskribapena, mota (ikasle ijitoen eskola-arrakasta areagotzeko edo kultura arteko bizikidetza hobetzeko), esku-hartze tipologia (unean unekoa, sistematiko orokorra eta sistematiko intentsiboa).

• Denboralizazioa: gauzatzeko egutegia, ordutegia.

• Arduradunak.

• Lorpen-adierazleak.

• Ebidentziak: jarduketaren garapen optimoa egiaztatzeko erabiliko den dokumentazioa (bileren aktak, bertaratze-kontrolak, deialdiak...)

• Ikastetxean proposatzen diren jardueren % 75 sistematiko intentsibokoak direla egiaztatzea.

• Esku-hartzearen hartzaile izango diren ikasleen aurreikuspena.

• Eremu horretan esku-hartzea garatzeko baliabide pertsonalak, titulazioa, aurreikusitako esku-hartze orduak eta horiek ijito-komunitatearekin duten lotura.

3.– Gainera, proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua sartuko da, langile-gastuak eta bestelako funtzionamendu-gastuak zehaztuta.

4.– Esku hartzen den zonetako ikastetxeek bere gain hartuko dute erakundeak aurkezten duen proiektua, eta hura ezartzen lagunduko dute. Honako hauek ezarriko dituzte, besteak beste: tutoreekin koordinatzeko uneak, ikastetxeko zuzendaritzaren eta erakundeko arduradunen arteko koordinazioa, banakako tutoretzarako espazioak eta uneak. Ikastetxeek sinatutako dokumentu bat aurkeztuko dute, ikastetxeak bere gain hartzen dituen konpromisoak jasotzen dituena (III. eranskina). Dokumentu hori lan egin beharreko eremua esleitu ondoren entregatuko da.

5.– Erakundeek bermatu beharko dute proiektu honen garapena bere gain hartzen duten langileek proiektuari aurre egin ahal izateko behar den gaitasun digitala dutela.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da eskabidea (I eranskina), helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak /0042508

7.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

8.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, honako hau eskatuko zaio erakunde interesdunari: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Baldin eta epe horretan ez badute zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, dagokion ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezartzen duenaren arabera.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean.

4.– Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena baztertutzat hartuko da, eta, izapidea, gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoa hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

9. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta «Hezkuntza berriztatzeko dirulaguntzak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: Hezkuntzaren Berriztatzea finantzatzea eta laguntzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, dirulaguntzei buruzko Orokorra.

– 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Araudi Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal content/ES/TXT/HTML/ ?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

Datu Pertsonalen Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Ebaluazio-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du deialdi honetako IV eranskinean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkio ikasle ijitoen eskolaratzearen arduradunari.

2.– Ebaluazio-batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Aniztasunari Erantzuteko Zerbitzuaren arduraduna edo hark izendatzen duena.

b) Bokalak:

I.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako hezkuntza berriztatzeko arduradunak.

II.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendariak izendatutako Aniztasunari Erantzuteko Zerbitzuaren teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.

III.– Laguntza-zerbitzuetako pertsona bat, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendariak izendatua.

3.– Emandako txostenak eta eskabideen balorazioa kontuan izanik, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu, eta Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendariari igorriko dio. Proposamen horrek jasoko du zer ekintza hautatu diren, eta zer diru-hornidura proposatzen den ekintza bakoitzerako. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.

4.– Deialdiaren xede diren prozeduretako bakoitzean aurkeztutako eskaerak baloratu ostean, batzordeak Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen dirulaguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen dirulaguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren banaketa, urteka. Ukatu nahi dituen eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu edo baztertu den adieraziko du.

12. artikulua.– Esleitzeko eta baloratzeko irizpideak.

1.– Aurkeztutako hezkuntza-jardueren proiektuak balioesteko, IV. eranskinean ezarritako baremoa hartuko da kontuan.

2.– Proposamenak gaitzat joko dira a) atalean 7 puntu edo gehiago eta guztizko baturan 17 puntu edo gehiago lortzen badituzte.

3.– Gaitzat jo diren proiektuak baino ez dira diruz lagunduko. Izaera hori gainditzen duten proiektuek diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren % 100erainoko dirulaguntza jaso ahal izango dute.

4.– Ezarritako baremoan puntuaziorik handiena lortu duen erakundeari esleituko zaio esku hartzeko eremu bakoitza.

Berdinketa gertatuz gero, honako hurrenkera honen arabera erabakiko da: baremoaren proiektuaren zehaztasun-maila atalean lortutako puntuazio handiena; bestela, Genero-ikuspegia atalean lortutako puntuazio handiena; bestela, Euskarazko titulazioa atalean lortutako puntuazio handiena; eta, bestela, Erakundearen memoria atalean lortutako puntuazio handiena.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak, ebaluazio-batzordearen proposamenez, ebatzi beharko ditu agindu honen 2.2 artikuluak aipatzen dituen deialdiaren prozedurak. Dagokion ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, erakunde onuradunen nortasuna, finantzatutako jarduera-programak, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntza horren urtekako banaketa adierazi beharko dira. Ukatutako eskabideei dagokienez, erakunde eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

2.– Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, agindu hau argitaratu eta sei hilabeteko epean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

3.– Gehienezko epea amaitu eta prozeduraren ebazpena jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal dute eskabidea ukatu zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluaren ondorioetarako.

4.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraiki izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.

5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

6.– Ebazpen horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, ezingo da dirulaguntzarik ez esleitu, ez ordaindu itzulketa-prozeduraren batetik eratorritako dirulaguntzaren bat itzuli ez dutenei.

14. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

1.– Erakunde onuradun bakoitzeko, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak jarraipen-batzorde bat izendatuko du. Batzorde horretako kide izango dira hezkuntza berriztatzeko lurralde-arduraduna, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak izendatutako funtzionario bat edo bi, eta erakunde onuradunaren ordezkari bat.

2.– Batzordearen eginkizunak honako hauek izango dira:

a) Ikastetxe bakoitzean aurreikusitako jardueren helburuen eta garapenaren jarraipena.

b) Proiektuan jasotako jarduera guztien ebaluazioa.

c) Ikastetxeen mapa eguneratzea, sailak egokitzat jotzen dituen beharren arabera.

3.– Batzorde horretarako deialdia hezkuntza berriztatzeko lurralde-arduradunak egingo du. Ikasturte bakoitzean gutxienez bi bilera egingo dira. Bilera bakoitzaren akta egingo da.

15. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira erakunde onuradunak Hezkuntza Sailaren edo beste erakunde publiko edo pribatu baten aldetik jaso dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin, onartzen diren hezkuntza-jardueretarako, betiere jasotako guztiak benetan jasandako kostuaren guztizkoa gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta 46. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz). Onuradun erakundeek ekintza honekin lotutako dokumentazio guztietan (proiektuaren memoria, akta partzialak...) Eusko Jaurlaritzaren logoa jarri beharko dute.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 eta 50.5 artikuluetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

a) Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Laguntza eman dien erakundearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari (V. eranskina).

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.

f) Erakunde eskatzaileak Estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-plan bat izan behar duela adieraztea; eta 50 langiletik gorako enpresetan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituela egiaztatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

4.– Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

5.– Hezkuntza-jarduerak ikastetxeetan garatzea.

6.– Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

7.– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funts publikoak itzultzea.

17. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, eta honela egingo dira ordainketak:

a) Lehenengo ordainketa, dirulaguntzaren % 20, emandako laguntza onartu eta berehala egingo da.

• Erakundeak bere eremuan aurreikusitako gutxieneko ikasleekin lan egingo duela egiaztatu duen (VI. eranskinean, lan egingo duten ikastetxeen eta ikasleen zerrenda), eta erakunde onuradunak gutxienez lehen ordainketari dagokion zenbatekoaren % 50 justifikatu duen.

b) Gainerakoa, dirulaguntza osoaren % 80, garatzen ari den proiektuaren garapena jasotzen duen tarteko memoria aurkeztu ondoren ordainduko da (VII. eranskina). Memoria hori 2023ko urtarrilaren 7tik 31ra bitartean entregatuko da, egun hori barne, dokumentu bakar batean.

c) 2023ko uztailaren 31 baino lehen, ijito-erakundeekin lankidetzan aritu diren ikastetxeek ebaluazio-inprimaki bat beteko dute (VIII. eranskina), egindako esku-hartzearen gogobetetze-mailari buruz. Balorazio hori lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzura bidaliko da.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora zuzendu beharko duzu bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

18. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– 2023ko ekainaren 30ean hasi eta 2023ko abuztuaren 31ra arte, egun hori barnean dela, erakunde onuradunek «Gastuaren justifikazioa» (IX. eranskina) izeneko formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, eta, horri erantsita, hezitzaileen nominak eta TC2 agiriak eta gainerako gastuen faktura eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.– Agiri horiekin batera, programaren emaitzak ebaluatzeko azken txostena (X. eranskina) aurkeztu beharko dute, honako hauek bilduko dituena:

a) Ikastetxe bakoitzeko esku-hartzearen fitxa, ikastetxearekin adostutako lan-plangintzaren garapen-maila eta horren balorazioa jasotzen dituena.

b) Emaitzen analisia, proiektuaren egokitasuna eta egin beharreko aldaketak zehaztu ahal izateko.

3.– Justifikazioak eta memoria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0042508

19. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –dirulaguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere–, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 20. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.

20 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko 1. zenbakian adierazitako egoera batean egotea, edo Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotakoren batean.

b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.

c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.

d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

e) Ez betetzea, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan araututako laguntzek EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako betebehar guztiak ez dituzte betetzen, hortaz, ez dira Estatuaren laguntzak eta Europar Batzordeari jakinarazpenik edo notifikaziorik ez zaio egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko auzitegi nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala