Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2022ko irailaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3881

AGINDUA, 2022ko abuztuaren 18koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten baita lanpostu hutsak betetzeko, Justizia Administrazioaren kidego eta eskala hauetako funtzionarioen artean: Prozesu eta Administrazio Kudeaketa, Prozesu eta Administrazio Izapidetzea eta Laguntza Judiziala.

Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako lanpostu generikoetan lanpostu hutsak daude Euskal Autonomia Erkidegoan, eta aurrekontuetan diruz hornituta daude. Lanpostu horiek betetzea egokitzat jotzen denez gero, deialdia egiten da lekualdatze-lehiaketaren bitartez, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Legearen VIII. tituluan eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta hurrengoetan eta xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoaren arabera (1451/2005 Errege Dekretua, Justizia Administrazioaren zerbitzupeko funtzionario berriak hartzeari, funtzionario horien lanpostuak hornitzeari eta lanbide sustapenari buruzkoa).

Horregatik guztiagatik, sail honek erabaki du lekualdatze-lehiaketarako deialdia egitea, I. eranskinean biltzen diren lanpostuak betetzeko, betiere honako oinarri hauen arabera:

Lehenengoa.– Eskatu daitezkeen lanpostuak.

1.– Lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek I. eranskinean bilduta dauden lanpostu hutsen artetik edozein eskatu ahal izango dute, betiere eskabideak aurkezteko amaiera-datan eskatzen diren baldintza orokorrak eta deialdi honetako betekizunak biltzen badituzte eta deialdiari buruzko behin betiko ebazpena ematen den arte guztiei eusten badiete, destinoko herriagatiko mugarik ezarri gabe.

2.– Plantilla organikoan hutsik dauden plazak organo judizialaren hurrenkera-zenbakiarekin identifikatuko dira. Organo judizial baten hurrenkera-zenbakia bakarrik eskatzen bada, ulertuko da organo horretan hurrenkera-zenbaki horretan argitaratu diren kidegoko lanpostu huts guztiak eskatzen direla eta baita sor daitezkeen erresulta guztiak, argitaratu diren kasu horietan.

3.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik geratzen diren plazak ere eskatu ahal izango dituzte. Lanpostu horiek erresulta-kontzeptupean gehituko zaizkie eskaintzen diren lanpostu hutsei, honako kasu hauetan izan ezik: behin-behinean atxikitako funtzionario titularrenak badira; amortizatu nahi badira, plantilla organikoa aldatzeko proiekturen bat dagoelako edo efektiboen birbanaketa edo berrantolaketa dagoelako; edo organo judizial bati atxikitako dotazioa funtzionario titular batez edo gehiagoz beteta badago, kasu horietan ez baita dena delako kidegoaren plazei dagokien erresulta bakar bat ere sortuko. Plaza bati behin-behinean atxikita egonik, lehiaketa honetan parte hartu eta behin betiko lanpostua lortzen dutenek ere ez dute sortuko erresultarik. Tartekatuta eskatu ahal izango dira lanpostu hutsak eta erresultak.

Plantilla organikoaren plazen kasuan, erresulta posible bezala bakarrik iragartzen diren lanpostuak ere organo judizialaren hurrenkera-zenbakiaren arabera identifikatuko dira. Organo judizial bateko hurrenkera-zenbakia eskatze hutsarekin ulertuko da dagokion kidegoan hurrenkera-zenbaki horretarako sor litezkeen erresulta guztiak ere eskatzen direla.

Bulego Judizial Berrian hutsik dauden plazak, ordea, lanpostu eta dotazio zenbakiarekin identifikatuko dira. Hori dela eta, eskarian adierazi beharko da zer plaza eskatu nahi diren.

Ez dira erresultatzat hartuko honekin batera egiten diren beste lehiaketa batzuetan parte-hartzaileek bete gabe uzten dituzten plazak.

Egon litezkeen eskatzaileek deialdiaren ebazpenaren ondorioz sortutako erresultak eskatzeko aitortzen zaien eskubidea gauzatu ahal izateko, agindu hau argitaratzen denetik aurrera, eta eskabideak aurkezteko epeak irauten duen bitartean, Justizia Ministerioaren web-orrian (www.mjusticia.gob.es EAEko Justizia Administrazioaren atarian (www.justizia.eus) eta Justiziako Langileen Atarian jarriko da Justizia Administrazioko organo judizialen, fiskalen eta zerbitzuen zerrenda, hau da, deitu diren organoen izaera bera dutenena eta eska daitezkeenena organo horien hurrenkera-zenbakia adierazita.

Parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute haien eskabideetan zehazten dituzten hurrenkera-zenbakiak bat datozela lehiaketa honetarako argitaratu direnekin, bai I. eranskinean bai erresulteetan, beste lehiaketa batzuetan erabili diren kodeak erabili ez daitezen.

4.– Hainbat lanpostutan azaltzen diren EAI siglek esan nahi dute organo judizial horiek bateragarri egingo dituztela arlo penalari eta zibilari dagozkien eginkizunak eta emakumearen aurkako indarkeriari buruzko gaiak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2005eko ekainaren 22ko Osoko Bilkuran hartutako Erabakiaren arabera (2005-06-28ko BOE). Izena eta ATP zutabeetan agertzen diren gainerako siglek honako hau esan nahi dute: AV (biktimentzako laguntza); CP (presondegia); DE (dedikazio berezia); GU (guardiak); HE (ordutegi berezia); ML (lege-medikuntza).

5.– Urtero eta erresulten arabera egiten den lehiaketa horretan, plaza hutsak eta erresultak batuta, eskatu ahal izango den organo judizialen gehienezko kopuruak ezin izango du hurrenkeraren araberako 200 zenbakia gainditu. Nolanahi ere, ulertuko da hurrenkeraren zenbaki bakoitzak kasuan kasuko organo judizialaren argitaratutako lanpostu hutsak eta erresultak (baldin badaude) biltzen dituela. Erabakian muga hori ezarri da deialdia arintzeko, eta, betiere, hain zuzen ere abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 42. artikuluak ematen duen ahalmenari jarraikiz. Izan ere, funtzionario askok parte hartuko du, eta, gainera, deialdi orokor honek hiru kidego edo eskalei eragiten die, betiere Justizia Ministerioak eta bitarteko pertsonalen eta materialen eskumenen lekualdatzea jaso duten Autonomia Erkidegoek sinatutako Esparru Akordioan ezarritakoaren arabera.

6.– Ez da onartuko inolako aldaketarik egindako destino-eskaeran, eskabideak aurkezteko epea igaro eta gero. Era berean, ez da onartuko, lehiaketa behin betiko ebatzi eta gero, lortutako destinoari uko egitea, arrazoia edozein dela ere, ezta ere lehiakideak eskabidean hurrenkera-ordena betetzerakoan akatsik eginez gero. Beraz, lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute eskatzen dituzten deialdiko hurrenkera-zenbaki guztiak bat datozela zehazki eskaintzen diren organo judizialen izenekin.

7.– Lehiaketan parte hartzeari uko egitea onartu ahal izango da, behar bezala justifikatutako kasuetan; horretarako epea behin-behineko ebazpenari alegazioak egiteko azken egunera artekoa izango da.

8.– Salbuespen gisa, lanpostu huts edo erresulta gisa iragarritako plaza batzuk kendu ahal izango dira, horretara behartzen duen zirkunstantziaren bat gertatzen bada.

9.– Justizia Ministerioaren lurralde-eremuko barruti judizialen batean jurisdikzioak banantzen badira, deialdi honen I. eranskinean iragarritako lanpostuak eta horien erresultak izen berria duten organo judizialei dagozkiela ulertuko da.

Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak eta baldintzak.

1.– Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, eta Justizia Administrazioaren Prozesu eta Administrazio Kudeaketako eta Prozesu eta Administrazio Izapidetzeko eta Laguntza Judizialeko Kidegoetako edo Eskaletako organo judizialetako lanpostu hutsak eskatu ahal izango dituzte kidego edo eskala horietako funtzionarioek (edozein izanik ere funtzionario horien administrazio-egoera), honako hauek izan ezik: aurreko lehiaketa batzuetan destinoa lortu zutenek, eta eman zitzaien destinoa oraindik hartu ez dutenek, irmo etenda daudenek (eteteak irauten duen bitartean) eta nahitaezko lekualdatzearekin zigortuek, zigorra ezarri zitzaien herri bereko destinoa lortzeko, hutsegitea larria edo oso larria izan den kontuan hartuta, hurrenez hurren urte bat edo hiru igaro arte; kasu horretan, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43.2.c artikuluan aurreikusitakoaren arabera zenbatuko dira epeak.

Zerbitzu aktiboan diren funtzionarioek egoera horri eutsi beharko diote, harik eta lehiaketa behin betiko ebatzi arte. Zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentzian direnak, erreserbatutako lanpostura itzultzen badira, ez dira baztertuko lehiaketan parte hartzetik. Halaber, zerbitzu aktiboan dauden funtzionarioak, zerbitzu berezietara edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentziara pasatzen direnak, ez dira baztertuko.

Lehiaketan parte hartzetik kanpo geratuko dira zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo senideak zaintzeko borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioak, baldin eta, lehiaketa ebazteko prozesuan zehar, honako egoeretara pasatzen badira: sektore publikoan zerbitzuak egiteagatiko borondatezko eszedentziara; interes partikularrengatiko eszedentziara; familia elkartzeagatiko borondatezko eszedentziara edo behin betiko eginkizun-gabetzera.

Ordezko letradu-lanetan aritzeagatik borondatezko eszedentzian dagoen funtzionarioak lehiaketan parte hartzen badu berriro sartzeko eskatuz, eta lehiaketa aldian, behin-behinean atxikitzen bazaio Kudeaketa Kidegoari, ez da ulertuko bere administrazio-egoera aldatzen denik lehenengo oinarriaren 1. puntuan aurreikusitako ondorioetarako. Administrazio-egoera aldatzeagatik ez litzateke salbuetsiko, orobat, behin-behinean Kudeaketa Kidegoari atxikitako funtzionarioa, ordezko letradu lanetan aritzeagatik borondatezko eszedentzian egon dena, baldin eta, eskabideak aurkezteko epea bukaturik, berriro ordezko letradu izendatzen badute.

2.– Kudeaketako, Izapidetzeko eta Laguntzako Kidegoetako edo Eskaletako funtzionarioek honako kasu hauetan bakarrik hartu ahal izango dute parte lanean ari diren kidego edo eskalan: eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bi urteko epea igaro bada funtzionarioak behin betiko azken destinoa (parte hartzen duen kidegoan edo eskalan) lortu zuen lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zuen ebazpena eman zenetik, edo funtzionario berrien kasuan, behin betiko destinoa eman zion ebazpenetik zenbatzen hasita. Urteak zenbatzeko, ebazpena eman zen urte naturala joko da lehenengo urtetzat, ebazpenaren data kontuan hartu gabe. Bigarren urtea, berriz, hurrengo urte naturala izango da (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikulua).

3.– Behin-behineko atxikipenaren bidez zerbitzu aktibora berriro itzuli diren funtzionarioek (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.c artikulua), indarreko araudiaren arabera lehiaketetan nahitaez parte hartu behar dutenek, ez dute bete beharko oinarri honetako 2. atalean aurreikusitako denbora-muga. Funtzionario horiek atxikita dauden probintziako kidegoari edo eskalari dagozkion plaza guztiak eskatu beharko dituzte, izan lanpostu hutsak zein lehiaketaren ondorioz sortu litezkeenak. Behin-behineko atxikipenaren ondoren deitutako lehenengo lehiaketan parte hartzen ez badute, interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia egoerara igaroko dira. Atxikitako probintzian lanpostuak izanik, lanpostu guztiak ez baditu eskatzen edo beste probintzia bateko lanpostuak eskatzen baditu, eta destinorik lortzen ez badu, transferitutako autonomia erkidegoko organo eskudunak edo atxikita dagoen esparruko ministerioaren organo eskudunak behin betiko esleituko dio plaza bat, behin-behinean atxikita dagoen probintzian eta, halakorik ezean, autonomía erkidegoaren esparruan.

Behin betiko destinoa lortzen ez badute eta behin-behinean betetzen duten lanpostua betetzen bada, probintzia horretan edo lehiaketarako lanpostu hutsak elkartu diren lurralde-eremu berean dagoen edozein bulego judizialetan edo destinoko lantokian dagoen lanpostu huts bati atxikiko zaizkie behin-behinean. Hurrengo lehiaketan behin betiko destinoa lortzen ez badute, lehiaketa horretan edozein lurralde esparrutan hutsik geratzen diren lanpostuetako edozein atxikiko zaie behin-behinean (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 69. artikulua). Une horretan beren funtzioak betetzen dituzten lanpostuari behin-behinean atxikitzeko F1R dokumentuaren fotokopia aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.

4.– Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa (sektore publikoan jarduteagatik emandako eszedentzia) aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506.d artikuluan ezarritako nahitaezko eszedentzia-egoeretan dauden funtzionarioek lehiaketan parte hartu ahal izango dute, inolako denbora-mugarik gabe, egoera horretan dauden kidegoan berriz lanean jarduteko.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa (familia biltzeko eta interes partikularragatiko eszedentzia) aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506. artikuluaren e eta f hizkietan ezarritako borondatezko eszedentzia-egoeretan dauden funtzionarioek lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan gutxienez bi urte igarota izan beharko dira adierazitako egoerarako baimena eman ziotenetik.

5.– Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 509. artikuluan ezarritakoaren babesean (lege hori abenduaren 23ko 19/2003 Legeak aldatu zuen) senideak zaintzeko eszedentzia-egoeran dauden funtzionarioek abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikuluan ezarritako bi urteak igaro badira soilik parte hartu ahal izango dute lehiaketan.

6.– Behin-behinean atxikita dauden behin betiko gabetuek (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.e artikulua) lehiaketa honetan parte hartu beharko dute behin betiko lanpostua eskuratzeko. Lehiaketa horretan parte hartzen ez badute, edo eskatutako lanpostua lortzen ez badute, gainerako lehiakideei eman ez zaizkien lanpostuetako bat emango zaie, hala badagokio, betiere langile horiek atxikita dauden lurralde-eremuan.

7.– Prozesu eta Administrazio Kudeaketa Kidegoko funtzionarioek, baldin eta behin-behinean atxikita badaude ordezko letradu-kargua utzi izanagatik, lehentasun eskubidea izango dute atxikita dauden udalerrian lanpostu orokorrak betetzeko orduan, lehiaketara ateratzen diren lehen aldian, hala ezarrita baitago abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 70.3 artikuluan. Lehentasun hori ez dute galduko, berriro ordezko letradu izendatzen badituzte ere, eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren. Ezin badituzte lanpostu horiek bete, beste funtzionario batzuek ere lanpostu horiek lehentasunezko eskabidez betetzeko aukera dutelako, behin-behineko atxikipen-egoeran jarraituko dute, harik eta ondorengo lehiaketetan parte hartu izanaren ondorioz, eta atxiki beharreko herrian dauden lanpostu huts guztien eskaria egitearen ondorioz, behin betiko lanpostu bat eman ahal zaien arte.

Adierazitako lehentasuna eskatu ezean edo lehiaketan parte hartu ezean edo atxikita dauden herriko I. eranskineko plaza hutsak eskatu ezean nahiz eta behin behinean atxikita dauden plaza ez iragarri, eta hortik ondorioztatzen bada lanposturik ez lortzea, esleitu gabeko lanpostuetatik edozeinetan emango zaie behin betiko destinoa, esleitutako autonomía erkidegoko edo atxikita dauden Ministerioko eremuko organo eskudunaren eskutik, behin betiko, esleitu ez diren postuetatik edozeinera.

Behin behineko atxikipen hori eskaerak aurkezteko epearen barruan egin bada, ez dute lehiaketan parte hartzeko betebeharrik.

8.– Berariazko lehiaketa bidez eskuratutako lanpostu bati uko egin dion funtzionarioak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.a) artikulua), behin behinean jarduteko lanpostu bat esleitu arren, lehentasunezko eskubidea izango du, lehiaketara ateratzen den lehenengo aldian, lanpostu-uztea gertatu zenean lanean ari zen udalerrian dagoen lanpostu bat eskuratzeko, eta udalerri horretan deitzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. artikuluan xedatutakoa betez. Lehiaketa honetan parte hartu ezean, behin betiko esleituko zaio esleitu gabeko edozein lanpostu.

Izendapen askeko sistemaren bidez eskuratutako lanpostu bati uko egin dion edo lanpostu horretatik kendu egin duten funtzionarioak (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 62. eta 68.a artikuluak), behin-behinean jarduteko lanpostu bat esleitu arren, lehentasunezko eskubidea izango du, lehiaketara ateratzen den lehenengo aldian, lanpostutik kentzea gertatu zenean lanean ari zen udalerrian dagoen lanpostu bat eskuratzeko, eta udalerri horretan deitzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa honetan parte hartu ezean, edo eskatutako destinorik lortu ezean, behin betiko esleituko zaio esleitu gabeko edozein lanpostu.

9.– Lehentasun-eskubidea arautzea oinarri honetako 7. eta 8. puntuetan adierazitako udalerrirako.

9.1.– Lehentasunaren ondorioak herri jakin batean dauden hurrenkera-zenbaki guztietara hedatzen dira. Horrek ez du esan nahi interesdunak eskabidean eskatutako lehen hurrenkera-ordena esleituko zaionik, arauak ezartzen baitu eskubide hori duen lehiakideak herri jakin batean dauden edozein hurrenkera-zenbakian lortuko duela destinoa, hurrengo puntuetan agertzen diren baldintzekin. Beraz, eskubide hori baliatzeko nahitaezkoa izango da lehentasuneko herrian eskaintzen diren deialdiko hurrenkera-zenbaki guztiak –I. eranskinean agertzen direnak– eskatzea, eta eskatutako horiek eskabideko lehentasun-hurrenkerako lehen zenbakietan biltzea. Deialdiko gainerako zenbakiak, lehentasunik gabe eskatutakoak, jarraian ordenatuko dira, eta horien artean ere lehentasunez eskatzen den udalerrian lehiaketaren ondorioz sortutako gainerako hurrenkera-zenbakiak ere eskatu ahal izango dira, eskatzailearen borondatez. Dagokien eskabidean era berean eskatu beharko dute, eta atxikita dauden destinoaren herria zehaztu beharko dute P-1 atalean, eta lehentasun hori egiaztatzen duten dokumentuen fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte (behin-behineko atxikipena) laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

9.2.– Lehentasunez aukeratu den udalerrian eskatutako deialdiko hurrenkera-zenbakietako batean destinorik lortu ezean, eta udalerri bererako lehentasuna baliatu duen eta puntuazio handiagoa lortu duen beste funtzionariorik ez badago, puntuazio txikiena duen lehiakideak lortu duen I. eranskineko udalerri horretako hurrenkera-zenbakia esleituko da, eta lehiakide bat baino gehiagoren arteko berdinketa badago, eskalafoiaren zenbakiak erabakiko du. Orduan, hurrenkera-zenbaki horretan destinoa lortzeko eskubidea galduko du horrek, baina parte hartzeko eskabideak agertzen diren hurrengoetarako aukera izango du.

9.3.– Lehentasuna ez da kontuan hartuko honako baldintza hauek betetzen ez badira: I. eranskineko dagokion udalerriko deialdiko hurrenkera-zenbaki huts guztiak eskatzea eskabidearen lehentasuneko lehenengo postuetan; eskariaren P-1 atalean esanbidez adieraztea zein udalerritarako lehentasuna eskatu nahi den, eta 9.1 puntuan adierazitako dokumentuen fotokopia konpultsatuak aurkeztea.

10.– Abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 68.f artikuluan eta 72. artikuluaren 2. atalean aipatzen den funtzionarioak –birgaitua, eta behin-behingoz atxikia– deitzen den lehenengo lekualdatze-lehiaketan parte hartu beharko du lanpostu bat lortzeko. Lehiaketa horretan parte hartzen ez badu, edo eskatutako lanpostua lortzen ez badu, gainerako lehiakideei eman ez zaizkien lanpostuetako bat emango zaio, edozein lurralde-eremutan.

11.– Otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuak onartu zuen Justizia Administrazioko Ofizial, Laguntzaile eta Agenteen Kidegoetako Arautegi Organikoaren 52. artikuluan aurreikusitako langileen berrantolamendua dela-eta lanpostua nahitaez esleitua duen funtzionarioak lekualdatze-lehiaketan parte hartu ahal izango du, nahiz eta legez ezarritako epea igaro ez. Horretaz gain, behin bakarrik bada ere, lehentasunezko eskubidea izango du bere lantokiko beste lanpostu bat lortzeko (otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 51. artikulua), baldin eta lehiaketa arruntera ateratzen bada eta lehiaketa horretan parte hartzen badu.

Eskubide hori baliatzeko, ondoren azaldutakoak bete beharko ditu:

Lehenetsi nahi duen lantokiko lanpostuak eskatzea, eskabidearen lehentasun hurrenkeraren aurreneko postuetan.

V-3 marka duen eskabide-ereduaren P-2 atalean adieraztea lehentasunez zer lantoki eta herri nahi duen.

P-2 atalean adierazten diren lantokirako eta herrirako egin zen nahitaezko izendapenaren fotokopia konpultsatua aurkeztea.

Aurreko hiru paragrafoetan zehaztu diren jarraibideak betetzen ez badira, arestian adierazitako 52.c artikuluak aitortzen duen lehentasunezko eskubidea galduko da lehiaketa honetarako.

12.– Funtzionario bati lanpostua nahitaezko izendapen prozesuaren bidez esleitu bazaio – abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 67. artikuluan xedatua, lekualdatze-lehiaketetan parte hartu ahal izango du, erregelamendu bereko 46.1 artikuluan legez ezarritako epea igaro ez bada ere. Era berean, lehentasunezko eskubidea izango du lanpostua bere jatorrizko lantokian eskuratzeko, zentro horretako plazak eskaintzen diren lanpostu generikoen lehenengo lehiaketan.

Eskubide hori baliatzeko, ondoren azaldutakoak bete beharko ditu:

Lehenetsi nahi duen destinoko lantokiko lanpostuak eskatzea, eskabidearen lehentasun hurrenkeraren aurreneko postuetan.

V-3 marka duen eskabide ereduaren P-2 atalean adieraztea lehentasunez zer lantoki eta herri nahi duen.

P-2 atalean adierazten diren lantokirako eta herrirako egin zen nahitaezko izendapenaren fotokopia konpultsatua aurkeztea.

Aurreko hiru paragrafoetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, 67. artikuluak aitortzen duen lehentasunezko eskubidea galduko da lehiaketa honetarako.

13.– Berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askez bereziturik dagoen lanpostua betetzen ari diren funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostua jabetzan hartu zutenetik urtebetez gutxienez bete badute betiere (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikulua).

14.– Funtzionarioak eskatuta lortutako destinoei uko egin ezin zaienez gero, lanera itzuli den langileak destino bat lortzen badu lekualdatze-lehiaketaren bitartez, jardunean ari zen kidegoan eszedentzia-egoeran geratuko da automatikoki. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa bidez lanpostu bat lortu duten funtzionarioek uko egin ahal izango diote, baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen, lehiaketa honetan behin betiko destino bat lortu badute; hala gertatuz gero, interesdunak horren berri jakinarazi beharko dio erakunde deitzaileari. Jakinarazi ezean, esleitutako lehenengo destinoaz jabetu beharko da, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Berariazko lehiaketa ebazten baldin bada lehiaketa arruntaren behin betiko ebazpena baino lehen –betiere berariazko lehiaketaren destinoaz jabetzeko epea ere kontuan hartuta–, eragindako funtzionarioak berariazko lehiaketan lortutako destinoaz jabetu beharko dira, eta galdu egingo dute lehiaketa arrunterako aukera. Baina, berariazko lehiaketa geroago ebazten bada lehiaketa arrunta baino, eta azken horretan destinoez jabetzeko epea igarota badago, eragindako funtzionarioek berariazko lehiaketarako aukera galduko dute.

Hirugarrena.– Baremoak.

Lanpostuak esleitzeko merezimenduak balioesteko, honako hauek kontuan hartuta egingo da: batetik, antzinatasuna balioesteko ezarritako baremoa (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 48.1.a artikulua) eta, bestetik, autonomía erkidegoetako berezko hizkuntza ofizialaren ezagutza (adierazitako artikuluaren b atalean ezarritakoaren arabera).

1.– Antzinatasuna. Parte hartzen duen kidegoan edo eskalan karrerako funtzionario gisa gauzatutako egiazko zerbitzuengatik bi puntu emango dira zerbitzuak gauzatutako urte oso bakoitzeko; aldi laburragoak, berriz, proportzioz zenbatuko dira (0,00555556 eguneko). Horretarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak izango dira, eta 60 puntu emango dira gehienez.

2.– Autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialak jakitea, ahoz eta idatziz. Euskal Autonomia Erkidegoko lanpostuetan, euskara ahoz eta idatziz jakinez gero, jakintza hori behar bezala egiaztatu beharko da Autonomia Erkidegoaren ziurtagiri ofizialen bidez, edo aurkeztutako titulua eta titulu horri dagokion maila homologatuz. Hamabi puntu emango dira gehienez, egiaztatutako jakite-mailaren arabera, honako era honetan:

2.1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan:

1) B2 mailaren edo 2. hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiria, edo titulu homologatuak: lau puntu.

2) C1 mailaren edo 3. hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiria, edo titulu homologatuak: zortzi puntu.

3) C2 mailaren edo 4. hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiria, edo titulu homologatuak: hamabi puntu.

Aurkezten diren dokumentuak –hizkuntzaren jakintza hori egiaztatzen dutenak fotokopia konpultsatuak izango dira, eta baldintza hori betetzen ez dutenak ez dira balioetsiko.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean balioetsiko dira merezimenduak. Ziurtagiri horiek ez dira metatuko, eta, beraz, lehiakideak maila bat baino gehiagoko tituluak baditu, gorenekoa bakarrik balioetsiko da.

Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.

Inskribatze eskabidearen eredua II. eranskinean ageri da, eta agindu honetan dago argitaratua. Eredu horrek ez dauka baliozkotasunik aurkezteko, ez bada jasotzen dituen atalei buruzko datuak emateko. Izan ere, oinarri honetako 7. puntuan adierazitako bitartekoen bidez baino ezingo da egin eta aurkeztu.

1.– II. eranskina. V-1 laukia: Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntzako kidego eta eskaletako lanpostuetan behin betiko dauden funtzionarioek, eta zerbitzu berezietan edo eszedentziatan daudenek (senideak zaintzeko), lanpostua gordeta, lurralde nazionalean kokatzen badira eta esleitutako eskumenik ez badute, II. eranskineko V-1 laukia seinalatuz bete beharko dute eskabidea, eskatzen zaizkien atal guztiak betez, 2022ko irailaren 5aren eta 16aren arteko epean (biak barne) aurkeztuta, oinarri honen 7. puntuan aipatutako mekanismoaren arabera.

2.– II. eranskina. V-2 laukia: Destinoa Justizia Administrazioaren edo beste administrazio batzuen kidegoetako eta eskaletako lanpostuetan duten funtzionarioek, baldin eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 506.d artikuluan azaltzen den eszedentzia-egoeran badaude Kudeaketa, Izapidetzea edo Laguntzako kidego edo eskaletan, lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuak eskatu ahal izango dituzte; horretarako, II. eranskineko V-2 laukia seinalatuz bete beharko dute eskabidea, eskatzen zaizkien atal guztiak betez, 2021eko urriaren 14aren eta 21eren arteko epean (biak barne) aurkeztuta, oinarri honen 7. puntuan aipatutako mekanismoaren arabera.

3.– II. eranskina. V-3 laukia: honako egoera hauetakoren batean dauden eskatzaileak:

– Familia elkartzeko edo interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia-egoeran daudenak.

– Behin-behinean atxikita daudenak, behin betiko eginkizun-gabetze egoeratik berriro itzuli direlako.

– Behin-behinean atxikita daudenak, birgaituta berriro itzuli direlako.

– Behin-behineko atxikipena duten parte-hartzaileak, lanpostua gordeta izan gabe zerbitzu aktibora itzuli direlako.

– Izendapen askearen bidez lortutako lanpostua utzarazi edo lanpostu horri uko egiteagatik edo berariazko lehiaketaren bidez lortutako lanpostuari uko egiteagatik behin-behinean atxikita daudenak.

– Behin-behinean atxikita daudenak, ordezko letradu-kargua utzita berriro itzuli direlako.

– Efektiboak berrantolatzeko egoeran daudenak (otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 52.c artikulua), edo nahitaezko izendapenean daudenak (abenduaren 7ko 1451/2012 Errege Dekretuaren 67. artikulua).

II. eranskineko V-3 laukia seinalatuz bete beharko duten beren eskaria, eskatzen zaizkien atal guztiak betez, 2021eko urriaren 14aren eta 21eren arteko epean (biak barne) aurkeztuta, oinarri honen 7. puntuan aipatutako mekanismoaren arabera.

4.– Interes partikularragatiko borondatezko eszedentzian daudenek, eskariarekin batera, administrazio publikoetatik bereizi ez izanaren adierazpena aurkeztu beharko dute, biak PDF formatuko dokumentu berean.

Botere Judizialaren Lege Organikoko 506.d artikuluan xedatutakoaren arabera sektore publikoan zerbitzuak emateagatik borondatezko eszedentzia hartzen dutenek eginkizun-gabetze irmoaren egoeran ez daudela adierazten duen adierazpena aurkeztu beharko dute lehiaketan parte hartzeko eskabidearekin batera.

5.– Lehiaketa honetan parte hartzen duen funtzionario bakoitzak eskabide bakarra egingo du, nahiz eta transferitutako eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako lurraldean dauden lanpostuak eskatu, eta transferitze horren ondorioz, gobernu autonomoek egindako deialdietan ere azaldu lanpostu horiek eta dagozkien autonomia-erkidegoetako aldizkari ofizialetan argitaratu.

Era berean, eskaera bakarra aurkeztuta aukeratu beharko dute jardunean dauden kidegotik parte hartu nahi duten, ala eszedentzian dauden beste kidego batean jarduneko zerbitzura itzuli nahi duten. Bi kidegotan eta eskalatan destinoa eskatzeko eskabideak aurkezten badituzte, bi eskabideak baliogabetu egingo dira eta, hortaz, funtzionarioak ezin izango du lehiaketan parte hartu.

6.– Norbaitek lehendik aurkeztutako eskabidea zuzendu nahi badu beste eskabide bat bete eta aurkeztu ahal izango du, eskabideak aurkezteko epearen barruan, parte hartzen zuen kidego/ eskala bererako, eta azken eskabideak aurrekoa automatikoki ezeztatuko du, oinarri honen 7. puntuan adierazitakoaren arabera.

Eskariak aurkezteko epea amaitutakoan, aukera egongo da, halaber, lehiaketan parte hartzeari uko egiteko, betiere behin-behineko ebazpenari alegazioak egiteko epea bukatu baino, lehenengo oinarriaren 7. puntuan adierazitakoari jarraikiz.

7.– Eskariak egiteko eta aurkezteko mekanismoa.

A) Eskariak Egitea.

V1, V2 eta V3 ereduen eskabide guztiak bide telematikoz egingo dira, inskripzioa egiteko laguntzailearen bidez.

Kudeaketa, Izapidetzea eta Laguntza kidegoetako funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketa honetan Espainia mailan parte hartzen duten funtzionarioek bide telematikoz bete beharko dute eskabidea, Justizia Ministerioaren webgunean, honako helbide honetan: https://www.mjusticia.gob.es/es/ciudadania /empleo-publico/concursos-traslados/concurso de traslados ordinario Gestion, Tramitacion y Auxilio 2022.

Webgune horretan sartutakoan, «GTA Concurso de traslados» izena daukan lotura klikatuko dute, eta sistemak gidatuko ditu eskaria egiteko prozesuan, adieraziko zaizkien jarraibideen arabera. Aukera izango dute, halaber, kontsulta egiteko, aipatu webgunean argitaratutako eskuliburu honetan: Manual del Asistente de Inscripción Web. Gainera, zalantzarik izanez gero, dei egin dezakete erabiltzailearentzako arreta-telefono honetara: 91 390 46 05.

Horrela, kodeak transkribatzean egin litezkeen akatsak saihestea lortuko da. Izan ere, lehiakideek grabatutako datuak automatikoki biltegiratuko dira sistema informatikoan.

Inskripzioa egiteko laguntzailean sartu aurretik, lehiakideak elektronikoki identifikatu beharko dira, Cl@ve plataformak eskaintzen dituen sistemetako bat erabiliz:

NAN elektronikoa.

Ziurtagiri digitala.

Cl@ve Pin 24 h.

Cl@ve iraunkorra.

B) Eskabideak aurkeztea.

Eskabideak aurkezteko sistema honen oinarrian Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea dago (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa), hain zuzen ere 10.1, 10.2.c) eta 36.1 artikuluak.

V1, V2 edo V3 eskabide-eredua duten estatu-mailako lehiakide guztiek inskripzioa egiten laguntzeko eskuliburuan azaldutako jarraibideen arabera grabatu eta aurkeztuko dituzte eskabideak.

Funtsean, honako hauek hartuko dituzte kontuan:

Lehiaketan parte hartzeko eskabiderik ez da aurkeztuko paperean.

Inskripzioa egiteko laguntzailea ez da eskabidea egiteko bakarrik, inskripzioa egiteko prozesu oso bat baizik; hau da, eskabidea laguntzailean grabatu eta berretsi ondoren, ezarritako epearen barruan, eskabidea dagoeneko aurkeztuta egongo da Justizia Ministerioko dagokion sailean.

Berretsitako eskabide bat aldatu nahi badu eskatzaileren batek, eskabideak aurkezteko epearen barruan, inskripzioa egiteko laguntzailearen bidez beste eskabide bat sortu eta berretsi ahal izango du.

Inskripzioa egiteko epearen barruan, nahi adina eskabide sortu eta berretsi daitezke, kontuan hartuta aurkeztutako azken eskabideak bakarrik izango duela balioa lehiaketan; hau da, lehen eskabidea grabatu eta berretsi ondoren, egindako ekintza berri bakoitzak (grabatutako eta berretsitako eskabide berria, edo lehiaketan parte hartzeari uko egitea) aurretik egindako ekintza ezeztatuko du, eta, beraz, azkena bakarrik geratuko da aktibo.

Eskabidearekin batera, beharrezko dokumentuak aurkez daitezke, hala eskatzen den kasuetan.

Baztertuta geratuko dira bide telematikoz eta inskripzioa egiteko laguntzailearen bidez egin ez diren eskabideak.

C) Uko egitea.

Eskabideak aurkezteko epean, parte-hartzaileek egoki iritzitako eskabide guztiak aurkeztu ahal izango dituzte, eta lehiaketan parte hartzeari uko egin ahal izango diote. B puntuan adierazi den bezala, egindako azken ekintza bakarrik geratuko da aktibo.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, lehiaketan parte hartzeari uko egin ahal izango diote, lehen oinarriaren 7. puntuan adierazitakoaren arabera, baina hori ezin izango da egin inskripzioa egiteko laguntzailearen bitartez, aldaketak egiteko itxita egongo delako. Beraz, sinatuta eta eskaneatuta bidali beharko dute IV. eranskina (alegazioen eredua), uko-egite hori justifikatzeko dokumentazioarekin batera, helbide elektroniko honen bidez: concursos.admonjusticia@mjusticia.es

Posta elektronikoa bidaltzerakoan, UKO EGITEA adieraziko dute «Gaia» atalean, eta fitxategi bakarra bidaliko dute. Fitxategiaren izenburuan, interesdunaren izena, abizenak, IFZ eta eskabide-eredua adieraziko dira (adibidez: «Luis Pérez 00000000K V1»).

Bosgarrena.– Baldintzapeko eskaerak.

Kidego/eskala bereko edo desberdinetako bi funtzionariok udalerri, barruti judizial edo probintzia baterako iragartzen diren lanpostu hutsak lortu nahi badituzte, aukera izango dute beren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, biek destinoa udalerri, barruti judizial edo probintzia berean lortzeko eskaera egin dezakete, eta horrela gertatu ezean, baldintzapeko eskaerak baliogabetu egingo dira. Horretaz baliatzen diren funtzionarioek euren eskabideko C atalean adierazi egin beharko dute, baldintzatzen duen pertsonaren izen-abizenak eta IFZ aipatuz, eta beste funtzionarioaren eskabidearen fotokopia aurkeztu beharko dute. Lehiakideetako batek C atalean ezer adierazten ez badu, bi eskabideak ezeztatu egingo dira.

Eskabideko C atala betetzen bada, Funtzionarioen sarrerari eta lanpostuak betetzeari buruzko Arautegiaren 48.2 artikuluan aurreikusitako eskabide baldintzatua egiten dela ulertuko da, eskatutako hurrenkera-zenbaki guztietan.

Seigarrena.– Izapidetzea.

Justizia Ministerioak egingo du baremazioa, bulego horietan dauden antzinatasunari eta hizkuntzari buruzko datu-baseen eta eskabideetan agertzen diren datuen arabera, eta informazio osagarria eskatu ahalko die autonomia-erkidegoei, baldin eta eskumen eskuordetuak badituzte eta beharrezkoa bada.

Zazpigarrena.– Esleipenak.

1.– Lanpostuak emateko lehentasun-hurrenkera deialdi honetako hirugarren oinarrian ezarritako baremoen arabera lortzen den guztizko puntuazioak emango du.

2.– Guztizko puntuazioa batuta (hizkuntza barne) berdinketa gertatuz gero, lanpostua nori eman behar zaion erabakitzeko, kasuan kasuko kidegoan antzinatasun handiena nork duen hartuko da aintzat, eta hala eta guztiz ere, berdinketa badago, kidego horretan sartzeko hautatze-prozesuan lortutako hurrenkera hartuko da kontuan.

Zortzigarrena.– Behin-behineko ebazpena.

1.– Deialdi hau behin-behinean ebatziko da, transferitutako eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin koordinatuta. Era horretan, ebazpenak batera argitaratuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean, Justizia Ministerioaren Atarian, EAEko Justizia Administrazioaren webgunean (www.justizia.eus) eta Justiziako Langileen atarian.

2.– Behin-behineko ebazpenak interesdunen eskura jarriko ditu parte-hartzaile guztien III. eranskinak, baztertuen zerrenda –baztertzeko arrazoiak adierazita– eta esleipenen zerrenda, hurrenkera alfabetikoan, honako toki hauetan: Justizia Ministerioaren webgunean (www.mjusticia.gob.es EAEko Justizia Administrazioaren webgunean (www.justizia.eus) eta Justiziako Langileen atarian.

III. eranskina lehiakidearen eskaera da, datu pertsonalak, egoera administratiboa, hurrenkera-zenbakia eta izena emateko laguntzailean grabatutako destinoen izena adieraziz, interesdunak nahi duen lehentasunarekin. Gainera, merezimenduen baremoari buruzko informazioa, behin-behinean esleitutako destinoa, hala badagokio, eta baztertutako hurrenkera-zenbakiak eta arrazoia ere jasoko dira. III. eranskin hori interesdun bakoitzarentzat soilik egongo da ikusgai, baina ez gainerako lehiakideentzat, pertsona fisikoek datu pertsonalak babesteko duten oinarrizko eskubidearen arabera. Eskubide hori Espainiako Konstituzioaren 18.4 artikuluak babesten du, eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak garatzen du. Bertan, pertsona fisikoen datu pertsonalen tratamenduan konfidentzialtasun-betebeharra gordetzeko betebeharra adierazten da.

3.– Behin-behineko ebazpenaren, III. eranskinaren eta baztertu-zerrendaren aurkako alegazioak: ebazpenean bertan jartzen du zer egunetatik aurrera eta noiz arte aurkeztu daitezkeen. Horretarako, epe horretan IV. eranskina –arrazoiak azalduta, sinatuta eta eskaneatuta– eta dagokion agiri-froga aurkeztu behar dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 73. artikuluaren arabera, concursos.admonjusticia@mjusticia.es helbide elektronikoaren bitartez, eta «Gaia» atalean ABIZENAK, IZENA ETA IFZ jarri behar dira. Bai IV. eranskina bai dokumentazioa fitxategi bakar batean bidali behar dira, eta fitxategiaren izenburuan abizenak, izena, IFZ eta eskabide-eredua adieraziko dira. Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da eskatzailea ados dagoela eta bildutako datuak, baremazioa eta behin-behinean emandako destinoa onartzen dituela.

Alegazioak egiaztatu egingo dira, zuzenbidearen arabera ebatzi, eta emaitza jaso egingo da lehiaketaren behin betiko ebazpenean; hori dela-eta, ez zaie banan-banan jakinaraziko interesdunei.

Erresulten araberako lehiaketa denez gero, behin-behinean emandako destinoak aldatu ahal izango dira behin betiko ebazpenean, eskabideen kudeaketan egin litezkeen zuzenketen ondorioz. Nolanahi ere, behin-behinean emandako destinoek ez dute eskubiderik ematen, lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.

Bederatzigarrena.– Behin betiko ebazpena eta lanpostuaz jabetzeko epea.

1.– Alegazioak ebatzitakoan, behin betiko ebatziko da deialdi hau, transferitutako eskumenak dituzten gainerako autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin koordinatuta.

2.– Lehiaketaren ebazpenak kidegoen arabera bereizi ahal izango dira, funtzionario parte-hartzaileen lanpostu-uzteak pixkanaka-pixkanaka egin ahal izateko, baldin eta Administrazioaren iritziz lanpostu-uzte horien metatzea kaltegarria izan badaiteke zerbitzu publikorako.

3.– Ez bada lortzen agindua aldi berean argitaratzea autonomia-erkidegoetako aldizkari ofizialetan, epeak zenbatuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Lanpostuaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun baliodunekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu; eta hogei egun baliodunekoa, autonomia-erkidegoz aldatu behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa; kasu horietan epea hilabetekoa izango da, bai irletako nahiz hirietako lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada.

Lanpostuaz jabetzeko epe hori lanpostua utzi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da. Hain zuzen ere, lehiaketaren behin betiko ebazpenean adierazten diren egunetan utzi beharko da lanpostua.

5.– Funtzionarioak baliatzen ari diren oporrak, baimenak edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira zenbatzen lanpostuaz jabetzeko epeak, salbu eta lizentziak edo baimenak eteteko edo baliogabetzeko adinako salbuespenezko zirkunstantziak behar bezala justifikatuta badaude.

Hamargarrena.– Esleitutako destinoen izaera.

1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko Errege Dekretuan (maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuan) aurreikusitako ondorioetarako.

2.– Ezin izango zaie uko egin behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei.

Hamaikagarrena.– Lehiaketan parte hartu ahal izateko muga.

Lehiaketa honetan behin betiko destinoa lortzen duten funtzionarioek ezin izango dute kidego edo eskala bererako beste lekualdatze-lehiaketa batean parte hartu, harik eta abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 529.3 artikuluan eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 46.1 artikuluan ezarritako epeak igaro arte (19/2003 Lege Organikoaren bidez, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen da).

Hamabigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da dagokion administrazioarekiko auzien organoan, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 9. artikulua; agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak zenbatzen.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abuztuaren 18a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala