Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2022ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3821

AGINDUA, 2022ko uztailaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskadiko kirol federazioen 2022ko kirol programetarako aurkeztutako dirulaguntza eskabideak ebazten dituena.

AURREKARIAK

1.– Ondorengo lege-xedapenetan ezarritakoaren babesean aurkeztutako eskabideak ikusi dira: Euskadiko kirol federazioetarako kirol programen gaineko dirulaguntzak emateko modua arautzen duen abenduaren 26ko 287/2000 Dekretua eta Euskadiko Kirol Federazioen 2022ko kirol-programetarako dirulaguntzak emateko modua arautzen duen 2022ko otsailaren 23ko Agindua.

2.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 23ko Agindua eta goian aipatutako Dekretuaren 7.1 artikulua kontuan izanda, Kalifikazio-Batzordeak Vitoria-Gasteizen 2022ko maiatzaren 16an bildu eta aurkeztutako eskaeren gaineko ebazpen-proposamena egin zuen, ondoren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari aurkeztu ziona.

Horiek horrela, eta Kalifikazio Batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusirik, aipatu Dekretuak 7.2 artikuluan ematen didan ahalmena erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.– I. eranskinean jasota dauden Euskadiko Federazioei bertan zehazten diren kopuruko dirulaguntzak ematea. Kopuru horiek urteko gehienezko dirulaguntzarenak dira, hau da, lehen aipaturiko Dekretuaren 5. artikuluak ordaintzeko moduari buruz ezarritakoari jarraituz 2022. urteko dirulaguntzaren kontura federazioek aldez aurretik jaso dituzten diru-kopuruak horren barruan direla ulertuko da. Aipatutako dirulaguntzak finantzatzeko bideratu den zenbatekoa guztira 2.200.000 eurokoa izan da.

Bigarrena.– Ezestea II. eranskineko eskabideak, bertan agertzen den arrazoia dela eta.

Hirugarrena.– Aipatutako Aginduaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskadiko kirol federazioen kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzak zati batean ordainduko dira. Horretarako, emandako dirulaguntza osoari aldez aurretik emandako kopuruak kendu ondoren geratzen den kopurua ordainduko da, betiere aldez aurretik emandako diru kopuruak justifikatu ondoren.

Laugarrena.– Dirulaguntzaren bat jaso duten federazioek diru hori 2022ko otsailaren 23ko Aginduan eta dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako helburuetarako erabili dela egiaztatu eta justifikatu behar dute 2023ko urtarrilaren 31 baino lehenago. Horretarako, ondoren jasotzen diren agiriak aurkeztuko dituzte:

a) Gauzatu den kirol jardueraren gaineko memoria eta, horrekin batera, eskabidean jasotzen diren jarduerak garatu izanaren frogagiriak; datu guztiak sexuaren arabera bereiziko dira.

b) Batzar Nagusiak onartutako 2022ko aurrekontuaren likidazioa. (VI. eranskina).

c) Gastua justifikatzeko, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira. Fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako agirien bidez egiaztatuko dira gastuak, arauz ezarritako moduan. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.

Faktura eta frogagiri guztiak espediente elektronikora igo behar dira. Aurkezten diren fakturek emandako dirulaguntza osoa justifikatu behar dute.

d) Egindako gastuen zerrenda zehatza, jardueraren zenbateko osoaren baliokidea (VIII. eranskina edo agiri baliokidea).

e) Helburu bererako emandako beste edozein laguntzaren zerrenda, eskabideak aurkezteko unean haren eraginkortasunaren berri izan ez bada.

f) Eskabidea aurkeztean bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa adierazi duten federazioek erabilera hori egiaztatzen duten sortutako agirien aleak ere aurkeztu beharko dituzte.

g) Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria eta presidenteak sinatua, federazioaren dokumentazio ekonomiko hau jasotzen duena:

1) Balantzea 2022ko abenduaren 31n.

2) Diruzaintza garbia 2022ko abenduaren 31n.

3) Finantza-erakundeekiko zorrak 2022ko abenduaren 31n.

4) Azken bi ekitaldietako mozkin eta galeren kontua.

Dokumentazio guztia bide telematikoen bitartez aurkeztuko da.

Bosgarrena.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du. Hala badagokio, ebazpen horretan bertan jasoko da, dagoeneko ordainduta egon arren, itzuli beharreko kopurua. Kopurua itzuli beharra izanez gero, bi hilabeteko epea egongo da hori egiteko, likidazio-ebazpena jasotzen den egunetik zenbatzen hasita.

Seigarrena.– Dirulaguntzaren baldintzak ez betetzea:

a) Jasotako dirulaguntza 287/2000 Dekretuan aurreikusitako jarduerak egiteko barik, beste batzuk egiteko erabiltzea.

b) Emandako dirulaguntza ez justifikatzea.

c) Aurkeztutako eskaeran edo dokumentazioan jasotako edozein datu egiazkoa ez izatea.

d) Kirol Federazioak ez jakinaraztea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari kirol programak egiteko beste laguntza batzuk jaso dituela.

e) Bestelakoren bat, baldin eta ezargarri den bestelako xedapenen batean ezarritakoaren aurka badoa.

Dirulaguntza ematea ebatzi zenean hori egiteko kontuan izan ziren baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzen bada, jasotako diru-kopuru eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, bai azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, bai abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen duenaren arabera eta modu-moduan.

Zazpigarrena.– Honako ebazpen hau interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio.

Zortzigarrena.– Dirulaguntza guztiak eta onuradunak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen eta, horrenbestez, badago gorako errekurtsoa aurkezterik Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, jasotzen den hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean, hala adierazten baitu urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa betez.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 22a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala