Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2022ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3816

AGINDUA, 2022ko uztailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdia egiten baita EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuentzat, 2022-2023ko ikasturtean STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak garatzeko.

UNESCOk Science Education izeneko programan ezarri du zientziaren eta teknologiaren arloko gaikuntza funtsezko elementua dela ekonomia eta gizartea garatzeko. Hori horrela, gaikuntza hori eraikitzeko, ezinbestekoa da, haren ustez, zientziaren eta teknologiaren arloko hezkuntza sustatzea, hezkuntza-maila guztietan, bai eta gizarte osoaren alfabetatze zientifikoa hobetzea ere. Nabarmentzen du, halaber, gazteak –bereziki neskak– bultzatu beharra dagoela zientziaren eta teknologiaren arloko karrera profesionalak egin ditzaten.

2020rako Europako esparruak (Horizon 2020) ezarritako berrikuntza eta garapenerako ildo estrategikoak elkartzeko asmoari erantzuten dio hezkuntza-eredu pedagogikoaren esparruak, hezkuntza eta prestakuntzari dagokienez, aldi berean, gure testuinguruaren berezko hezkuntza-erronkak ditu kontuan eta konpetentziak eskuratzea sustatzen du. Horizon Europe, 2021-2027 aldirako EBren Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programa, Horizon 2020 programaren luzapena da, eta hiru oinarri nagusi ditu: lehenengoa, zientzia bikaina; bigarrena, munduko erronka nagusiei aurre egitea, osasunaren, zahartzearen, segurtasunaren, kutsaduraren eta klima-aldaketaren arloetan, eta hirugarrena, berrikuntza sustatzea.

Oinarri horiek aintzat hartuta, abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak (Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena) oinarrizko konpetentzien garapena jasotzen du, zeharkakoena zein diziplinazkoena, eta, berrikuntzaren aldeko apustu eginez, STEAM proiektuak garatzea proposatzen du, berrikuntza, sormena, diseinua eta arazoak konpontzea xedetzat hartuta, STEAM (Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematika) diziplinei dagozkien konpetentziak errazago garatzeko eta zeharkako konpetentzia guztiak eskuratzeko.

2018ko ekainean, STEAM Euskadi hezkuntza-estrategia aurkeztu zen, zeinaren bitartez helburu hauek sustatzen baitira:

– Heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea hezkuntza-etapa guztietan, horretarako eragile sozioekonomikoak ere inplikatuz.

– Bokazio eta helburu profesionalak inspiratzea STEAM esparruan, arreta berezia jarriz neska ikasleengan, etorkizuneko erronken aurrean prestakuntza egokia jaso dezaten.

– Euskal herritarren artean dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.

STEAM estrategia horren helburua diziplinarteko proiektuak garatzea da, ikasgai horien curriculum-edukiak aldi berean eta era integratuan ikasi ahal izateko eta zeharkako konpetentziak garatzen direla bermatzeko, dagozkien diziplinakoez gain, pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura sustatzeko eta ikasleak bultzatzeko erabakiak hartzeko ebidentzian oinarritutako arrazoiketa erabiltzera, diziplina horiekin lana sustatzeko eta ikaslea ardatz duten hezkuntza-prozesu sortzaile eta berritzaileak gauzatzeko beharrezkoa den aldaketa metodologikoa sustatzeko. Horretarako, metodologia aktiboak baliatuko dira, hala nola lankidetza, arazoen konponketa eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (PBL/POI), eta ekintzailetza, pentsamendu kritikoa eta sormena sustatzeko ahalegina egingo da.

STEAM ekimenek edo proiektuek diziplinarteko ikuspegia garatu nahi dute irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan, ikasgai horien curriculuma garatzea ahalbidetzen duten eta ikasleentzat adierazgarriak diren eguneroko bizitzako testuinguruak eta egoerak txertatuz, eta beharrezkoak diren tresna digitalak eta teknologikoak erabiliz, baita pentsamendu konputazionala ere; izan ere, azken horrek konputazio-zientziak eta pentsamendu kritikoa baliatuta arazo konplexuak ebaztea ahalbidetzen du.

Orain arte sustatutako neurriak eta konpetentzia zientifiko eta matematikoko emaitzak hobetzeko neurriak kontuan hartuta (PISA ebaluazioa eta diagnostikorako ebaluazioak), Hezkuntza Sailak STEAM proiektuak aurkezteko deia egiten die itunpeko ikastetxe pribatuei, helburu hauekin: pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura suspertzea, eta ikasleak, erabakiak hartzeko orduan, ebidentzietan oinarritutako arrazoimena erabil dezaten bultzatzea, arazoak ebatziz (PBL) eta lan kooperatiboa erabiliz.

Sailaren 2022rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzen duen Hezkuntzako sailburuaren aginduan sartzen dira agindu honetan araututako dirulaguntzak.

Horiek horrela, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako xedapenekin, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin ere (EAEko herri-administrazioaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan), eta EAEko 2022ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekontu-zuzkidura nahikoa badagoenez, eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuei dei egitea, 2022-2023ko ikasturtean STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak egin ditzaten.

2. artikulua.– Onuradunak.

Honako hauek izango dira deialdi honetan jasotako dirulaguntzen onuradunak: Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan eskolak ematen dituztenak.

3. artikulua.– Deialdiaren kreditua.

1.– Helburu hori lortzeko, 343.750 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.

2.– Zuzkidura hori honela banakatuta geratzen da, horiek gauzatuko diren lurralde historikoen arabera: 55.000 euro Araban, 175.312,50 euro Bizkaian eta 113.437,50 euro Gipuzkoan.

3.– Nolanahi ere, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak lurraldeen araberako banaketa alda dezake, aukeratutako eskaerei emateko laguntzen batura ez bada iristen aurreikusitako esleipenera lurraldeetako batean. Kasu horretan, sobera dagoen dirua puntuazio orokor altuena duen ikastetxeari/duten ikastetxeei emango zaio/zaie, aurrekontu guztia amaitu arte.

4. artikulua.– Ikastetxeen baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 7. artikuluan xedatuarekin bat etorriz.

2.– Honako egoeraren batean dauden ikastetxeek ezin izango dute laguntza eskatu, eta ezin izango dira erakunde onuradun izan:

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa dutenak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

– Ikastetxe eskatzaileek egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak; betekizun hau eskatuko da bai onuradun bihurtzeko bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten segitzeko.

Hori dela eta, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

3.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek eman dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteaz batera eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke aurka baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, dirulaguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

5.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

– Ez dela eskuratu helburu bererako inolako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik ezein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa ez duela, edo horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta ez dagoela, sexuagatiko diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

– Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako agirietan adierazitako edukiak.

– Ikastetxeak betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko betekizunak, betiere indarrean den legedian jasotzen direnak.

– Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretako batean.

– Eskabidea egin duen ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak badakiela zer proiektu aurkeztu den eta onartu egin duela.

– Proiektuaren datuak bete dituela hemen: https://www.euskadi.eus/informazioa/deialdiak-esperientziak-proiektuak-programak-hezkuntza-zientifikoa/web01-a3htreba/eu/

6.– Deialdiko dirulaguntzen onuradun bihurtzeko eskatutako betekizunak bete egin behar dira emandako dirulaguntza likidatu arte; beraz, egiaztatuko da bete egiten direla dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan.

5. artikulua.– Proiektuaren ezaugarriak.

1.– Ikastetxe bakoitzak STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektu bakarra aurkeztuko du, eta bost diziplinetako gutxienez bitan hainbat ikuspegi hartu ahal izango ditu modu bateratuan, STEAM ereduko bokazioak eta helburuak genero-ikuspegiarekin sustatuz.

STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektuek oinarri hartuko dituzte bizitzaren eremuei (pertsonala, soziala, globala eta lanekoa) lotuta erronka edo arazo bat sortzen duten egoerak; eta, ahal den neurrian, honako printzipio hauek kontuan hartu beharko dituzte: irakasgaien irakaskuntza integratua, STEAM ereduarekin lotutako konpetentziak garatzea, ikerketan oinarritutako ikaskuntza, genero-ikuspegia eta berdintasuna, eta STEAM erako bokazio eta nahi profesionalak sustatzea.

Hortaz, STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektuek generoen arteko berdintasuna sustatu beharko dute eta ikasgeletan hainbat modutara txertatu beharko dute genero-ikuspegia, hala nola rolak era berdinean banatuz, zientziaren zein ingeniaritzaren arloko lanbideen inguruko estereotipoak deseginez, genero-berdintasuna bultzatuz, haurrei era berdinean garatzeko aukera ematen dieten espazioa sortuz, etab.

STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektuak adierazi beharko du zein irakaslek parte hartuko duten proiektuan, eta zer diziplina ematen duten.

Proiektu bakoitzak gutxienez 30 ordu izango ditu aurreikusita garatzeko eta gauzatzeko. Irakasleek horri eskainitako ordu kopurua zehaztuko du eskabideak, eta horretarako kontuan izango dira ikasleekin proiektua garatzeko behar diren orduak zein koordinazio eta ebaluaziokoak.

Hezkuntza Sailak STEAMGUNE web-orria jarri du ikastetxeen esku. Orri horretan informazio interesgarria ematen da STEAM hezkuntzako berrikuntza-proiektuak diseinatzeko: https://steamgune.euskadi.eus/eu/inicio

2.– Proiektuan puntu hauek sartuko dira:

a) Proiektuaren edukiaren, ikasgaien curriculum-edukien eta landu beharreko konpetentzien definizioa.

b) Erabili beharreko estrategia metodologikoa.

c) Proiektua garatzeko etapen, zikloen edo ikasturteen definizioa.

d) Lortu nahi diren helburuen planteamendua.

e) Ikasleen oinarrizko konpetentzien garapenean lortutako mailaren eta proiektuko helburuen betetze-maila ebaluatzeko ereduaren definizioa.

f) Erabili beharreko material eta baliabide pedagogikoen plangintza eta justifikazioa.

g) Sistemaren deskribapena eta proiektuaren beraren jarraipen- eta ebaluazio-irizpideak, baita lorpenen adierazleak eta horien tenporalizazioa ere (kronograma).

h) Neska ikasleengan STEAM arloetako bokazio zientifikoak sustatzeko prestatutako jardueren eta ekintzen deskribapena.

i) Ikasleengan oro har STEAM arloetako bokazio zientifikoak sustatzeko prestatutako jardueren eta ekintzen deskribapena.

j) Proiektua garatzeko, ikastetxeak aurreikusitako koordinazio- eta antolakuntza-ekintzen zehaztapena. Proiektuaren koordinatzailea zergatik izendatu den azaltzen duten arrazoiak (prestakuntza, esperientzia, ikastetxearen ezagutza eta STEAM konpetentziekin lotutako merezimenduak).

k) Ikastetxean eta gizartean proiektuaren zabalkundea egiteko eta hezkuntza-komunitatearen eta familien partaidetza aktiboa sustatzeko neurriak.

l) Proiektua egiteko aurreikusitako gastuak zehazten dituen aurrekontua (ikus 6. artikulua).

3.– COVID-19aren epidemiak eragindako egoeraren eboluzioa ezin da zehatz-mehatz aurreikusi, eta, horregatik, nahitaezkoa da ikastetxeek proiektua irakaskuntza ez-presentzialera egokitzeko aukera aurreikustea.

4.– Hezkuntza zientifiko eta teknologikorako eta ekintzailetzarako berrikuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontu-datuak behar bezala bete beharko dira, ikastetxeek esteka honetan eskura duten aplikazio informatikoan: https://www.euskadi.eus/informazioa/deialdiak-esperientziak-proiektuak-programak-hezkuntza-zientifikoa/web01-a3htreba/eu/

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Zuzkidurak zer proiektu finantzatzeko eman diren kontuan hartuta, proiektu horiek garatzeari eta gauzatzeari zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko soil-soilik baliatuko dira diru-kopuruak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua beteko dute.

2.– Gastu gisa egotzi ahal izango dira proiektua egiteko ezinbestekoak diren materialak erosteko gastuak, betiere, proiektuan landutako arloren batekin edo guztiekin lotuta daudenak.

3.– Informazio- eta komunikazio-gailuak (IKT) erostea egotz daitekeen gastutzat onartuko da, baldin eta gailu horiek erabiltzea ezinbestekoa bada proiektua garatzeko, eta ikastetxeak aurkeztutako proiektuan hala azaltzen bada berariaz. Nolanahi ere, egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, eta ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

4.– Halaber, gastutzat egotzi ahal izango dira ikastetxeak berak edo STEAM diziplinekin zerikusia duten beste erakunde batzuek antolatutako zientzia-dibulgazioko azoka, jardunaldi, lehiaketa edo topaketak antolatzeko gastuak edo horietan proiektuan parte hartzen duten ikasleek parte hartzeko gastuak. Kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa.

5.– Gastutzat hartu ahal izango da irakasleentzako prestakuntza-jarduerak ematea, baldin eta prestakuntza-jarduera horiek ezinbestekoak badira proiektua garatzeko, eta, betiere, proiektuan inplikatutako irakasleek prestakuntza hori Hezkuntza Sailak aurreikusitako beste bide batzuetatik jaso ezin badute (Prest Gara, Berritzeguneko ikastaroak edo arlo horretako Hezkuntzarako Laguntza Zentroa...). Nolanahi ere, kontzeptu horri egotz dakiokeen gehieneko zenbatekoa aurkeztutako proiektua garatzeko aurrekontuaren % 50 izango da, betiere aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa; kasu horretan, kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan 1.500 eurotik gorakoa. 100 euroko muga ere ezarriko da eskola-ordu bakoitzeko. Atal honetan sartu ahal izango dira bai prestakuntza-jardueraren kostua (prestakuntza emango duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera), bai eskola-emailearen joan-etorriak, ostatuak edo mantenuak eragindako dietak, pertsona hori prestakuntza-erakundetik kanpokoa bada, betiere prestakuntza-saio horiek aurrez aurrekoak badira eta berrikuntza-proiektua garatzeko ezinbestekoak direla justifikatuta badago. Hizlariaren joan-etorriak, ostatuak edo mantenuak eragindako gastuei dagokienez, hemen ezarritako irizpide ekonomikoak hartuko dira kontuan: 121/2006 Dekretua, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarren aldiz aldatzeko dena. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen joan-etorrietarako edo jan-edanetarako gastuak.

7. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ helbidean, eta, horretarako hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ikastetxe bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako azkenekoa soilik hartuko da kontuan, eta gainerakoak ez dira onartuko.

2.– Eskabide-eredua (II. eranskina) egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115602

3.– Ikastetxe eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten moduan. Prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/ web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak, bai eta justifikazio-izapidea ere.

4.– Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi hau zehazten duten baldintzak.

6.– Gainera, ikastetxeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) ereduko hezkuntzarako berrikuntza-proiektua aurkeztea, agindu honetako 5.2 artikuluan adierazitako puntuak azalduta.

b) Proiektuaren jarraipena egiteko koordinatzaile bat izendatzea.

c) Irakasleentzako prestakuntza-jarduerak ematea gastu gisa egotziz gero, proiektua egiteko behar diren irakasleen berariazko konpromisoa izan beharko da eta bertan adierazi beharko dute dirulaguntzaren xede den eta ikastetxeak antolatu duen prestakuntzan parte hartuko dutela.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxe interesdunen titularrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta izapide guztiak, eta helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak; ebazpen horren bidez, E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa -Platea- onartu zen.

3.– Eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak agindu honen eranskinetan daude jasota.

4.– Eskaera izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak biltzen dituen administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxa, zeinaren bitartez lor baitaiteke eskaera egiteko inprimakia, helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115602

5.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, honako helbide honetako Nire Karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Halaber, eskabidea ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

9. artikulua.– Proiektua garatzeko laguntzak.

1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak zaindu behar du STEAM berrikuntza-proiektua martxan jartzen dela; eta ikasketa-burutzak koordinatu behar du garapen guztia, nahiz pertsonalki nahiz irakasle bat jarrita koordinatzaile moduan. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketa-burutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.

2.– Ikastetxeak, bere burua antolatzeko autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-orduak egokitu ahal izango ditu, hala kopuruari nola banaketari dagokienez, proiektuan duten funtzioarekin bateragarri egiteko; betiere, kasuan kasuko ikasketen ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia beteta eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.

3.– Ikastetxeek, deialdi honi lotuta proiekturen bat onartzen zaienean, eremu horretan eskumena duen Berritzegunearen edo Hezkuntzarako Laguntza Zentroaren laguntza eta aholkularitza izango dute, onartutako proiektuaren prestakuntza-jarduerak, jarraipena eta ebaluazioa egiteko, ikastetxean proiektuaren koordinatzaile izendatutako pertsonari lagunduz zereginotan.

10. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak kudeatuko du deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura.

11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

Aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko oreka mantendu beharko da. Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

Presidentea: Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko Zerbitzuko arduraduna: Sebastián Martín Moreno.

Kideak: Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko Zerbitzuko bi teknikari; bietako batek idazkari-lanak egingo ditu: Paula María Saenz De Ugarte Balza, Celia Luengo Ugidos.

Eskumena duen Berritzegune Nagusiko edo Hezkuntzarako Laguntza Zentroko bi aholkulari, hezkuntza teknologikoaren eta zientifikoaren alorrekoak: Karlos Sukunza Pagola, Elvira González Aguado.

Ingurugelako aholkulari bat: Beatriz Antón Garramiola.

12. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Proiektuen hautaketa I. eranskinean ezarritako balorazio-baremoaren arabera egingo da. Kanpoan geratuko dira I. eranskineko baremazioko lehen atalean (proiektuaren edukiari eta planifikazioari buruzkoan) gutxienez 12 puntu lortzen ez dituzten proiektuak, eta baremazio guztiaren batura gutxienez 16 puntu ez dutenak.

2.– Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.

3.– Lurralde bakoitzari egingo zaio diruz lagun daitezkeen proiektuei dagokien adjudikazio-prozedura, zeinean lehiaketa-prozeduraren bitartez emango diren dirulaguntzak. Aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, lehentasunak finkatzeko, eta, horretarako, I. eranskineko balorazio-baremoa hartuko da kontuan. Honako hauek soilik lagunduko dira diruz, betiere, agindu honek ezartzen duen gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta: 12.1 artikuluak ezartzen duen gutxieneko puntu kopurua lortzen dutenen artean puntu gehien eskuratzen dituztenak. Balorazio-fasean lortutako puntuazioari jarraituko zaio, goitik beherako ordenan, dagokion prozedurari esleitutako diru kopurua agortu arte. Berdinketa egonez gero, atal bakoitzean lortutako puntuazioak izango dira kontuan, I. eranskineko balorazio-irizpideetan ageri den ordenari jarraituz. Berdinketarekin jarraituz gero, azpiataletan lortutako puntuazioak izango dira kontuan, aipatutako eranskin horretan ageri den ordenaren arabera. Hala ere berdinketak jarraituz gero, batzordea bilduko da puntuazio berdineko proiektuak baloratu eta berdinketa erabakitzeko.

4.– Ebaluazio-batzordeak egingo ditu ebazpen-proposamenak, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariari helaraziko dizkio. Proposamen horietan honako hauek ere jasoko dira: onartuak izan daitezen proposatzen diren proiektuen zerrenda eta haietako bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren proposamena. Gainera, kanpoan utzitako eskabideen zerrenda sartuko da, kanpoan uzteko arrazoiak aipatuta.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak egingo du behin-behineko ebazpena, ebaluazio-batzordearen proposamena oinarritzat hartuta. Ebazpen horretan, beren-beregi adieraziko da ikastetxe onuradun bakoitzari emandako zenbatekoa, baita, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak ere. Behin-behineko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei. Eskatzaileek hamar egun izango dituzte, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

2.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berdinak jasoko ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie ikastetxeei behin-behineko ebazpena argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean.

3.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.

5.– Behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da deialdia argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, emandako dirulaguntzen publizitatea egiteko. Epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

6.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

14. artikulua.– Ziurtatzea.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko ditu, ofizioz, hautatutako berrikuntza-proiektuak garatuko dituzten ikastetxeetako irakasleentzat. Horretarako, irakasle bakoitzak proiektura xedaturiko ordu kopuruak ikastetxe bakoitzean egindako lanorduen % 80tik gorakoa izan behar du. Hala ere, ikastetxe batek ikasturte berean proiektu-deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, inoiz ez zaio irakasle berari emango 90 ordu baino gehiagoren ziurtagiririk Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.

15. artikulua.– Dirulaguntzen bateraezintasuna.

Dirulaguntza hauek ezin dira bateratu helburu bererako beste ezein laguntzarekin, iturri publikoetakoak nahiz pribatuetakoak izan.

16. artikulua.– Aukeratutako ikastetxeen berariazko betebeharrak.

Deialdi honetako dirulaguntzen ikastetxe onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak adierazitako betebeharrak, bai eta finantzaketaren izaera publikoak dakarren publikotasun egokirako neurriak hartzeko betebeharra ere, lege beraren 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, hamar eguneko epean –deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera– ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Emandako helbururako erabiltzea dirulaguntza hori, hau da, STEAM ereduko hezkuntzarako berrikuntza-proiekturako eta haietan jasotako jarduerak egiteko.

c) Aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta proiektuarekin zerikusia duten kudeaketa-lanetan lankidetzan aritzea eremu horretan eskumena duen Berritzegunearekin edo Hezkuntzarako Laguntza Zentroarekin, Hezkuntzako Ikuskaritzarekin eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin.

d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako diru-zuzkidura dela eta.

e) Proiektua gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea. Aplikazio informatikoan jarraipena egiteko ezarritako inprimaki guztiak (Excel formatuan) beteko dira.

f) Ikastetxean berriztatzeko prestakuntza-proiektua egiteko dirulaguntza jaso duten ikastetxeek hitza ematen dute hurrengo ikasturteko ikastetxearen urteko planean jasoko dutela deialdi honetan onartutako proiektuaren inplementazioa.

17. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Proiektuari lotutako diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko dira diruz, eta gehienez ere 3.000 euro emango zaizkie, aurrez ezarritako baldintzak errespetatzen badira.

2.– Dirulaguntzarako gastuak 2022ko irailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartekoak izango dira.

18. artikulua.– Azpikontratazioaren ehunekoa.

Azpikontratazioaren gehieneko ehunekoa % 50 izango da. Azpikontratazio horrek bete egin beharko du oinarrizko araudi gisa bi hauek xedatutakoa: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulua eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 68. artikulua.

19. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehendabizikoan, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 80; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, esanbidez uko egin ezean.

b) Bigarren igorpena 2023an egingo da, hurrengo atalean aurreikusitako baldintzen arabera emandako dirulaguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– 2023ko ekainaren 15a baino lehen, proiektuaren garapenari, betearazpenari eta proposatutako helburuen lorpen-mailari, egindako jarduerei eta proiektuaren ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazioko kontu erraztua aurkeztu beharko dute ikastetxe onuradunek https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ webgunean. Honako hauetan xedatuaren arabera justifikatuko dira laguntzak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 75. artikulua.

2.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, ikastetxeentzako dagoen atari honetatik: https://www.euskadi.eus/informazioa/deialdiak-esperientziak-proiektuak-programak-hezkuntza-zientifikoa/web01-a3htreba/eu/ eta aplikazio horretako inprimakiak beteko dira (III. eranskina).

3.– Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.

4.– Justifikazioko kontuan, jarduerak eragindako gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, adieraziko da zer desbideratze egon den aurrekontu hori oinarritzat hartuta, bai eta dirulaguntzako jarduera finantzatu duten bestelako sarreren xehetasunak ere, zenbat eta nondik etorri diren adierazita.

5.– Hezkuntza Sailak justifikazioko kontuan aipatutako gastuen jatorrizko fakturak bidaltzeko eskatuko die STEAM berrikuntzarako prestakuntza-proiektu bat aurkeztu duten zortzi ikastetxe onuraduni (Arabako bi lehenengoak, Bizkaiko hiru lehenengoak eta Gipuzkoako hiru lehenengoak eskabidearen sarrera-ordenaren arabera), dirulaguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik eginez gero, jakinarazi egin beharko da eta, ondorioz, gerta daiteke dirulaguntzak eman dituen ebazpena aldatzea, betiere onuradun izateko dirulaguntza-arauan ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatuta. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gainditzen, zuzkidura hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

22. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion Berritzeguneko edo eremu horretan eskumena duen Hezkuntzarako Laguntza Zentroko batzorde pedagogikoak txosten bat egingo du hautatutako STEAM ereduko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuen garapenaren gainean. Txosten hori Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzuari eta Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde Burutzari igorriko zaie, eta ikastetxe bakoitzaren eskura egongo dira bertan.

2.– Ikasturtean zehar gorabehera esanguratsurik gertatuz gero proiektuaren garapenean, eremu horretan eskumena duen Berritzegunearen edo Hezkuntzarako Laguntza Zentroaren zuzendaritzak Lurralde Burutzari eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari emango die horren berri, bigarren zuzendaritza horrek neurri egokiak har ditzan deialdi hau behar bezala bete dadin.

3.– Hezkuntzako Ikuskaritzak, ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan, diruz lagundutako proiektua zenbateraino betetzen den kontrolatuko du –proiektua ikastetxeko urteko planean jasota egon behar da–. Ez-betetzea ikusiz gero, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari jakinaraziko dio.

23. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Dirulaguntzen entitate onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesak barne direla):

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik.

b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.

c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.

d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

e) Oro har ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betekizunak.

2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta kudeaketa horretan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ere ezartzen dira. Aipatutako kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Proiektua egin eta ikastetxeak justifikatutako hari egotzitako gastuak esleitutako zuzkidura adinakoak edo gehiagokoak ez badira, bigarren ordainketan esleitutako zuzkiduraren eta proiektuan egindako gastuaren arteko aldea ordainduko da. Aldea negatiboa izanez gero, kopuru hori itzultzeko prozesua hasiko da.

24. artikulua.– Datuen babesa, oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: «Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak».

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrialdean kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari beste organismo publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Agindu honetan araututako laguntzek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. 1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala