Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2022ko irailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3813

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 10ekoa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez Arratzua-Ubarrundiako (Araba) Zadorra-Uribarri 13,2 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen eta transformazio-zentroaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita.

AURREKARIAK

2022ko apirilaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Arratzua-Ubarrundiako (Araba) Zadorra-Uribarri 13,2 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen eta transformazio-zentroaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2022ko maiatzaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko 3. epigrafean xedatutakoari jarraikiz, –ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar dute proiektu hauek: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Txosten honen xede den proiektua ez dago jasota abenduaren 9ko 10/2021 Legearen ez II.D eranskinean, ezta II.E eranskinean ere. Hala ere, proiektuaren eremua Natura 2000 Sarearen barruko Zadorra Sistemako Urtegiak (ES2110011) eta Zadorra Ibaia (ES2110010) Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) babes-eremuaren periferian dago.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Arratzua-Ubarrundiako (Araba) Zadorra-Uribarri 13,2 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen eta transformazio-zentroaren proiekturako, baldintza hauekin:

A) Proiektuaren xedea «4656 L01 Landa» linea elektrikoko instalazioak handitzea eta egokitzea da, lurrazaleko transformazio-zentro berri bat eraikiz, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea betetzeko.

B) Arratzua-Ubarrundiako (Araba) Zadorra-Uribarri 13,2 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen eta transformazio-zentroaren proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Gaur egun, «4656 Landa» linea elektrikoaren 1063. euskarriak aire zabaleko transformazio-zentro bat du, «Zadorra C. Ullibarri» izenekoa (170022940), eta horren ordez «Zadorra P. Ullibarri» (901322940) izeneko lurrazaleko transformazio-zentro prefabrikatu berri bat jartzeko asmoa dago. Transformazio-zentro berriaren hargunea egiteko, lurpeko linea-tarte bat jarri beharko da 1063. euskarritik.

Jarraian, proiektatutako jarduketak laburbilduko ditugu:

– 1063. euskarrian autobalbulen eta aluminio-eroalearen instalazioa.

– «4656 L01 Landa» 13,2 kV-ko erdi-tentsioko linea berria, 1063. euskarritik «Zadorra P. Ullibarri» transformazio-zentro berriraino (901322940). Linea hori 7 metro luze izango da guztira, eta lurpetik joango da; horietatik 4 metro, lehendik dagoen kanalizazio batetik.

– «Zadorra P. Ullibarri» transformazio-zentro berria eraikitzea (901322940).

– «Zadorra C. Ullibarri» aire zabaleko transformazio-zentroa desmuntatzea (170022940).

Transformazio-zentroa eta kanalizazioak zimendatzeko lanetan 20,8 m3 lur inguru mugitzea aurreikusten da. Obrak 50 m2 inguru hartzen ditu lan-plataformarako.

Bi aukera aurkeztu dira: 0. aukera, linea elektrikoaren egungo egoerari eustearena, eta 1. aukera, proiektuak garatzen duena.

0 aukera baztertu da, erabiltzaileei zerbitzu elektrikoaren kalitatea eta jarraitutasuna ziurtatu nahi zaielako, bai eta hegazti-fauna babesteko araudia bete ere.

1. aukera hartzea justifikatzen da, proposatutako eremuaren eta jarduketaren kokapenak planteatutako proposamen posibleak mugatzen dituelako. Ildo horretan, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, transformazio-zentro berria Zadorra ibaiaren ibilgutik ahalik eta urrunen proiektatzen da, erraz iristeko moduko leku batean, eta lehendik dagoen kanalizazio batez baliatzen da. Era berean, fauna babesteko neurri egokiak ezartzen dira.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren eremua Uribarri Ganboako kontzejuan dago, Arratzua-Ubarrundia udalerrian, Araban. Zehazki, linea elektrikoaren euskarria eta haren ondoan proiektatutako transformazio-zentro berria Uribarri-Ganboa urtegiko presaren oinarriaren zabalgunean daude, Zadorra ibaiaren eskuineko ertzean.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Proiektuaren eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan kokatuta dago, Ebroko Mugape Hidrografikoan. Zehazki, Zadorra ibaiaren arroan dago, Zadorra ibaiaren masa gisa identifikatuta, Uribarri Ganboako presatik Alegria ibairaino.

– EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak IV. maila ematen dio Zadorra ibaiari (200 eta 400 km2 bitarteko isuri-arroa), eta ibaiertzak landa-eremukotzat eta ingurumenaren aldetik lehengoratu beharrekotzat jotzen ditu. Proiektatutako transformazio-zentroa 50 metrora edo egongo da ibilgu horretatik.

– Nekazaritza eta Basogintzaren Lurralde Plan Sektorialaren arabera, transformazio elektrikoko zentroa Basoa-Mendi mehatza kategorian sartutako lurzoruetan finkatuko da.

– Lurpeko urei dagokienez, eremua Kuartango-Agurain masari dagokio.

– Hala dagoen euskarria, nola proiektatutako transformazio-zentro berria landare erruderalak, belarkarak eta zuhaixkak dituen lursail eraldatu batean daude. Aipatzekoa da hegoaldean «Quercus faginea eta Quercus canariensis espezietako harizti iberikoak» (9240 kodea) Batasunaren intereseko habitataren (BIH) baso-masa bat dagoela.

– Eremu babestuei dagokienez, eremutik kanpo, iparraldean, Zadorra Sistemako Urtegiak (ES2110011) KBEa dago, eta ekialdean, berriz, Zadorra Ibaia KBEa (ES2110010). Urtegia EAEko intereseko naturguneen katalogo irekian eta hezeguneen inbentarioan (3. taldea) dago, gainera. Aipatutako espazioak EAEko azpiegitura berdean daude, «biodibertsitate-erreserba» gisa, eta Zadorra ibaia, berriz, «Bilbe urdin» gisa ere identifikatzen da. Aztergai dugun eremuaren ingurunea Urkiola-Gorbeia korridore ekologikoari dagokio.

– Deskribatutako eremu babestuetan, babestutako fauna-espezie batzuk daude, zeinek kontserbatzeko kudeaketa-plana baitute, hala nola uhalde-enara (Riparia riparia) –22/2000 Foru Dekretua, martxoaren 7ko Diputatuen Kontseiluarena, «Uhalde Enara (Riparia riparia)» hegaztia Kudeatzeko Plana onesten duena, arriskuan dagoen espeziea delako eta bere babesak berariazko neurriak eskatzen dituelako–, igaraba arrunta (Lutra lutra) –880/2004 Foru Agindua, urriaren 27koa. Honen bidez, Lutra lutra Igarabaren (Linnaeus, 1758) Kudeaketa Plana onartzen da, Arabako Lurralde Historikoan–, europar bisoia (Mustela lutreola) –322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa. Honen bidez, Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarra Kudeatzeko Plana onartzen da–.

– Eremua abifauna linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko babes-eremuko «Zadorra-Aldaia urtegiak» sektorean dago. Agindu honen bidez deklaratu ziren eremu horiek: Agindua, 2016ko maiatzaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen. Zehazki, 1063. euskarriaren aurretik zegoen «4656 L01 Landa» lineako baoak ez ditu hegazti-fauna babesteko baldintza teknikoak betetzen. Aipatu eremuetan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuari jarraikiz (hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak ezartzen dituena).

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik edo higadura-arriskurik, eta ez dago, halaber, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lekuen inbentarioan sartutako lurzati bakar baten gainean kokatua. Oinarrian dituen akuiferoek kutsadurarekiko kalteberatasun oso handia dute.

– Eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, proiektuaren eremuan ez da identifikatu katalogatutako kultura-ondarearen elementurik.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramatearen ondoriozko jarduketak egiteko, 20,8 m3 inguru lur mugituko dira, eta 50 m2 inguruko lan-plataforma lortu beharko da 1063. euskarriaren inguruan, eta bertan dagoen landaredia deuseztatu, eta lurzorua trinkotu egingo da makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz.

Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakinetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahal izango dira lurra mugitzean sortutako istripuzko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sortu ahal izango dira instalazioak eraistearen ondorioz.

Proposatutako jarduketen garrantzi mugatua, ingurune eraldatua izatea eta obrek dirauten bitartean aldi baterako ukitutako lurrak leheneratzeko aukera kontuan hartuta, sortutako inpaktuak tamaina txikikoak izango dira, eta Natura 2000 Sareko intereseko balio natural mugakideek ez dute eraginik jasoko.

Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak abifaunarengan izango dira, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik. Dena den, positiboki baloratzen da linea elektrikoaren tarte berria goi-tentsioko linea elektrikoetan abifauna talkatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak xedatzen dituen erabakietara egokitzea.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Arratzua-Ubarrundian (Araba) Zadorra-Uribarri 13,2 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen eta transformazio-zentroaren proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Proiektuak bete egin beharko ditu martxoaren 17ko 35/2015 Dekretuan (EHAA, 2015eko maiatzaren 5ekoa) eta ekainaren 30eko 120/2015 Dekretuan (EHAA, 2015eko uztailaren 20koa) datozen erabakiak. Lehenengo dekretuaren bidez, Arabako Lurralde Historikoko bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dira; bigarrenak, berriz, Zadorraren sistemako urtegiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen ditu.

– Obrak, bai eta lurzorua erabili beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta balio estrategiko handiko lurzoruari eragitea saihestuko da (9240 Batasunaren Intereseko Habitata).

– Eremu osagarri horiek ezin izango dira inola ere kokatu Zadorra Sistemako Urtegiak KBEan (ES2110011) eta Zadorra Ibaia KBEan (ES2110010) jasotako lurretan, ez eta instalazioak eragingo ez dien intereseko landare-formazioak (9240 BIH) dituzten eremu kalteberetan ere.

– Hori ziurtatzeko, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

– Jarduketen eragina paira dezaketen eremu kalteberetan eta natura-balio handieneko eremuetan (9240 BIH Batasunaren Intereseko Habitatak), ahal bada inausketak egingo dira, eta behar-beharrezkoa denean soilik moztuko dira zuhaitzak, eta, bakar-bakarrik, haien gehieneko garapenera iristen direnean linea elektrikoaren segurtasuna bermatuta ez dagoela ikusten denean. Dena dela, lehendik dagoen zuhaixka-geruza osoa mantendu beharko da.

– Bertakoak ez diren zuhaitzak osorik moztu daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko espezieak edo hazkuntza motelekoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

– Zein zuhaitz ebaki edo lepatuko den erabakitzeko, Arabako Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira irizpideak.

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak ipurditik moztea beti era zuzenduan egingo da, gainerako landaredia autoktonoari kalterik ez eragiteko. Inausketa ahalik eta gutxien egingo da, proiektatutako jarduketen luzera osoan zehar zuhaitz-zerrenda mantentzeko baino ez.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Trazadura berriko sarbideak eta lehendik dauden sarbideak egokitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua murriztuz eta lehen aipatutako eremu kalteberen gaineko eragina saihestuz egingo dira.

– Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, zehaztutako neurriak hartuko dira, hegaztiek elektrokutatzeko edo talka egiteko dituzten arriskuak minimizatzeko. Era berean, kontuan hartuta 1063. euskarriaren ondoko «4656 L01 Landa» linea elektrikoko bi baoak abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren preskripzio teknikoak betetzen ez dituen tarte gisa identifikatzen direla, proiektatutako jarduketen esparruan, tarte horretan elektrokuzioaren eta talkaren aurkako neurri egokiak hartzeko aukera bultzatuko da.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuzko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketa-eremuetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako partida bat jasoko da.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dauden legeetan ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira desagerrarazi: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– 9240 Batasunaren Intereseko Habitatean eta Natura 2000 Sareko Zadorra Sistemako Urtegiak KBEan (ES2110011) eta Zadorra Ibaia KBEan (ES2110010) izandako eragina kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu behar dituen erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk Arratzua-Ubarrundian (Araba) sustatzen duen Zadorra-Uribarri 13,2 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linearen eta transformazio-zentroaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 10a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala