Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

159. zk., 2022ko abuztuaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3639

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 29koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa onartzen duena.

2022ko ekainaren 27ko bileran Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Batzarrak ikastegiko Kalitate Batzordearen arautegia aldatzea onartu zuen, bertako kideen artean ikastegiari atxikitako master ofizialen ordezkariak sartzeko. Artikulu batzuei eragiten dieten beste aldaketa txiki batzuk ere egin dira. Horregatik guztiagatik, arautegiaren testu berri osoa argitaratzea erabaki da.

Arautegia aldatzeko proposamen horrek Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du, errespetatu egiten baitu Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen Esparru Araudian jasotakoa batzordeen osaerari dagokionez.

UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio, Gobernu Kontseiluak eskuordetuta, Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Arautegiaren 2.2 artikuluaren arabera, Ikastetxeen Kalitate Arautegiak onartzea, baldin eta bertako kideren batek edo ikastetxeko Batzordeko kideen % 15ek ez badu berariaz eskatzen Gobernu Kontseiluari bidaltzeko.

Adierazitakoagatik guztiagatik, ondokoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa, eranskienean jasota bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Aldaketa hau EHAAn argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2022ko uztailaren 29a.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ERANSKINA
GASTEIZKO INGENIARITZA ESKOLAKO KALITATE BATZORDEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Arautegiaren helburua.

1.– Arautegi honen helburua da Gasteizko Ingeniaritza Eskolako (aurrerantzean GIE) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.

2.– Aipatutako organoa GIE-ko Kalitate Batzordea.

3.– Kalitate Batzordea Eskolako Batzarrak izendatutako batzordea da, Eskolako Arautegian eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean UPV/EHU) Ikastegien Kalitate Batzordearen Esparru Arautegiko jarraibideetan ezarritakoarekin bat eginda.

4.– Eskolako Batzarrak, GIEren ordezkaritzako eta gobernu arrunteko kide anitzeko organoa den aldetik, eskolaren kalitate politika eta helburuak onartzeko erantzukizuna eta eskumena du, bai eta arautegi honetan zehazten diren Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzekoa ere.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Eskolako Batzarrak prestatu eta onartutako Arautegi honek arautuko du Kalitate Batzordea, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren behin betiko onespenarekin.

2.– Arautegi honetan aurreikusita ez dagoen guztian, UPV/EHUko Ikastegien Kalitate Batzordearen Estatutuetan eta Esparru Arautegian, GIEren Arautegian eta aplikatzekoa den gainerako arau multzoan ezarritakoa aplikatuko da.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Kalitate Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) KBBSren diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.

b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.

c) Kalitate Batzordean erabakitako proposamenak Zuzendaritza Taldeari helaraztea, bere eskumenen esparruan.

d) Eskolako zuzendaritzaren urteko helburuak jaso eta, hala dagokionean, hauen formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.

e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta, haietatik abiatuta, hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.

f) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea, ikastegian irakatsitako titulazioetarako ezarritako helburuak betetzeko.

g) Ikastegian irakasten diren titulazioen akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea. Horretarako, Eskolako kide guztien parte hartze aktiboa sustatzea.

h) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.

i) Ikastegia irakasten diren titulazioetako curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.

j) Ikastegiko irakasleek tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea, ikastegian irakatsitako titulazioen curriculuma hobeto garatzeko.

k) Eskolako kideek eta interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.

l) Aholku ematea eskolako zuzendaritzari KBBSrekin zerikusia duten gaietan.

m) Eskolako Batzarrak, erabili beharreko irizpideei buruz aldez aurretik, irakasleak ebaluatzeko txostenak egitea, Eskolatik kanpoko edozein instantziak eskatuta.

2.– Ikastegiko Batzarrak, zuzendaritza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio berari dagozkion eta kalitatearekin zerikusia duten eginkizunak.

4. artikulua.– Egitura eta osaera.

1.– Honako hauek izango dira Kalitate Batzordearen osakideak:

a) Zuzendaria edo berori ordezka dezakeen pertsona.

b) Ikastegiko kalitate arduradun den zuzendariordea.

c) Ikastegiko Akademia Antolakuntzarako zuzendariorde arduraduna.

d) Ikastegiari atxikitako gradu, gradu bikoitz eta master titulu bakoitzeko koordinatzaileak.

e) Ikastegiari atxikitako eta, ahal bada, zuzendaritza taldetik kanpoko irakasle eta ikertzaileen bost ordezkari (IRI). Ordezkari hauek sailetako atalek egindako proposamenen artetik aukeratuko ditu zuzendaritza taldeak.

f) Administrazio eta zerbitzuetako pertsonaleko (AZP) kide bat, zuzendaritza taldeak aukeratua, kalitate arloan erantzukizuneko zereginak betetzen dituztenen artean.

g) Ikasleen bi ordezkari, fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatuta.

2.– Ahal den neurrian, ahaleginak egingo dira bi sexuen ordezkaritza orekatua izan dadin.

3.– Eskolako zuzendaria edo bere ordez ari daitekeen pertsona izango da batzordeko burua.

4.– Kalitate Batzordeko kideak Eskolako Batzarrak izendatuko ditu, zuzendaritza taldearen proposamenez. Izendapena lau urtetarako izango da. Ikasleen ordezkariak, berriz, bi urtetarako izendatuko dira.

5.– GIEko Kalitate Batzordearen irizpideek eta jardunak jarraipena izan dezaten, irakasle eta ikertzaileen, ikasleen eta AZPkoen ordezkarien erdiak baino ez dira aldatuko batzordea berritzen den bakoitzean, eta hori bi urterik behin izango da.

6.– IRI, AZP eta ikasleen ordezkaritza kideen izendapenak ordezko bat izan beharko du barne.

7.– Ordezkaritza kideak gehienez ere zortzi urtez jarraian edo hamabi urtez txandaka aritu ahal izango dira.

5. artikulua.– Laguntza batzordeak.

1.– Kalitate Batzordeak egoki leritzokeen laguntza batzordeak sortu ahal izango ditu, aholkularitza helburu. Batzordeok Kalitate Batzordekoak ez diren pertsonek osatu ahal izango dituzte. Kalitate Batzordeak batzorde bakoitzerako zehaztuko ditu osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, bere funtzionamenduaren berezitasunak.

2.– GIEk koordinatutako titulazio bakoitzeko laguntza batzorde bat sortuko da, industria eremuko graduetan izan ezik, non batzorde bakar batean bilduko baitira. Titulazio Batzorde deituko zaie eta titulazioen curriculumaren garapenaren arduradunak izango dira. Ikastaro batzordeak ere osatuko dira. Industria arloko graduen kasuan, lehenengo, bigarren eta laugarren mailako batzordeak komunak izango dira ikastegian eremu horretan irakasten diren titulazioetarako. Gainerako ikastaro batzordeak ikastegiko titulazio bakoitzeko sortuko dira ikasturteka, gradu bikoitzetan izan ezik, horiek beren arautegiaren arabera arautuko baitira.

3.– Titulazio batzordeetan unibertsitate sektore guztiak egongo dira ordezkatuta. Dagokion titulazioko koordinatzailea izango da buru. Industria arloko Graduen Batzordearen kasuan, Batzordeak berak erabakiko du nor izango den presidentea, ikastegiko industria esparruko ingeniaritza graduetako koordinatzaileen artean.

4.– Titulazio Batzordeetako kide izango dira Ikastaro eta Titulazio koordinatzaileak, Zuzendaritza Taldeak proposatu eta Eskolako Batzarrak izendatuak, Ikastegiko Kalitate zuzendariorde arduradunak, AZPko ordezkari batek, bere kolektiboak proposatuta, eta ikasleen ordezkari batek, Ikastegiko Ikasle Kontseiluak proposatuta.

5.– Ikastaroko batzordeetako kide izango dira zein bere ikastaroko koordinatzailea, batzordeburu izango dena, eta ikastaro horretako irakasgai bakoitzeko koordinatzaileak.

6.– Hauek dira ikastaro batzordearen eginkizunak:

– Titulazioaren irakaskuntza koordinatzea, ikasketa planean ezarritako metodologiak eta edukiak betetzen direla zainduz.

– Ikastaro ezberdinetako ikasgaietan edukien gainjartzeak eta gabeziak zaintzea eta zuzentzea.

– Ebaluazio bateratuak edo bestelako neurriak aztertzea eta proposatzea, titulazioaren gaitasun orokorrak eta zeharkakoak lortzen direla egiaztatzeko.

– Emaitza akademikoak aztertzea eta horien berri ematea, bere eskumenen esparruan.

– Kalitate Batzordeak aginduko liokeen beste edozein.

– Bere eskumenen esparruan, ikastaro batzordeen proposamenak jaso eta koordinatzea.

– Bere eskumenen esparruan, antolamendu akademikorako hobekuntzak sustatzea.

– Kalitate Batzordeak aginduko liokeen beste edozein.

7.– Hauek dira ikastaro batzordearen eginkizunak:

– Ikastaroko irakaskuntza koordinatzea, ikasketa planean ikastaroko irakasgaietarako ezarritako metodologiak eta edukiak betetzen direla zainduz.

– Ikastaroko ikasgaietan edukien gainjartzeak eta gabeziak zaintzea eta zuzentzea.

– Kalitate Batzordeak aginduko liokeen beste edozein.

– Ebaluazio bateratuak edo bestelako neurriak aztertzea eta proposatzea, ikastaroko gaitasun orokorrak eta zeharkakoak lortzen direla egiaztatzeko.

– Emaitza akademikoak aztertzea eta horien berri ematea, bere eskumenen esparruan.

– Bere eskumenen esparruan, antolamendu akademikorako hobekuntzak sustatzea.

– Kalitate Batzordeak aginduko liokeen beste edozein.

8.– Era berean, kalitate batzordeak batzorde bat sortu ahal izango du Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako informazio iturria izan dadin. Batzorde hori osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore desberdinek Kalitate Batzordean parte hartzeko ezarrita dauden irizpideak, eta, edozelan ere, ezinbestekoa izango da ikastegiari atxikitako sailen edo sail atalen ordezkariak batzordeko kide izatea.

6. artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.

1.– Kalitate Batzordearen, Titulazio Batzordeen eta Ikastaroko Batzordeen deialdietarako Eskolaren Arautegian xedatutakoa aplikatuko da.

2.– Batzordearen ohiko bileretarako deialdiak batzordeko buruak egingo ditu, bilera baino 48 lehenago gutxienez. Kide bakoitzari bidaliko dio deialdia, eta bertan zehaztuko ditu lekua, eguna, ordua eta aztergaien zerrenda.

3.– Arautegi honetan xedatzen ez denerako, Kalitate Batzorderako zein edozein laguntza batzorderako, Eskolaren Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira erabakiak hartzea, horien publizitatea eta bileren aktak.

4.– Batzordeak ohiko bilera bat egingo du gutxienez seihileko bakoitzean.

5.– Ezohiko bilerak egingo dira aztergaiak berak hala eskatzen duenean edo aplikatu beharreko arauek hala ezarrita dutenean. Deialdia modu berean egingo da, baina bilera baino 24 ordu lehenago gutxienez. Deialdia batzordeko buruak egingo du, bere kabuz, edo batzordeko kideen herenak hala eskatzen badio.

6.– Kalitate Batzordea balio osoz eratzeko, gutxienez ordezkaritza kide guztien erdia bertaratu beharko da. Edozein erabaki hartzeko, gutxienez, ordezkaritza kideen erdiak egon beharko dira bertan, eta Batzordeko kideen erdiak aldeko botoa eman beharko du. Batzordeburuak kalitatezko botoa izango du. Batzordearen erabakiek ez dute betearazteko ahalmenik izango. Zuzendaritza taldeari bidaliko zaizkio beharrezko neurriak har ditzan.

7.– Kalitate Batzordeko buruak batzordekide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bere bileretara, egoki irizten dionean, beren jarduera eremuari buruzko iritzi edo informazio interesgarria eman dezaten. Bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da aktan eta ez dute, inola ere, botorik emateko eskubiderik izango.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Kalitate batzordeko kideek konfidentzialtasun betebeharra izango dute, batez ere datu pertsonalei dagokienez. Era berean, datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia bete beharko dute batzordeek datu pertsonalen fitxategiak sortu eta erabiltzean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da, Eskolako Batzarrak 2010eko uztailaren 9an onartu eta 2011ko martxoaren 11ko (ostirala) 49. zenbakiko EHAAn argitaratutako Kalitate Batzordearen Arautegia.

XEDAPEN IRAGANKORRA

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak Arautegi hau behin betiko onartzen duen bitartean, Kalitate Batzordea 2022ko martxoaren 31n dituen kide berberekin mantenduko da behin-behinean. Arautegi hau behin betiko onartu ondoren, Eskolako Batzarrerako deia egingo da bi hilabeteren epean, aldatu beharreko Kalitate Batzordeko kideak izenda ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala