Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2022ko abuztuaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3587

66/2022 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea ekainaren 7ko 428/2022 Errege Dekretuan jasotako laguntzak eman eta ukatzeko erabakia (errege-dekretu horrek Ukrainako gatazka belikoaren ondorioz zenbait nekazaritza-sektoretan izandako ekonomia-zailtasunak konpentsatzeko egokitzapen-laguntza berezia zuzenean emateko oinarri izango diren arauak ezartzen ditu).

Gobernu Kontseiluak, 2022ko uztailaren 26ko bilkuran, ekainaren 7ko 428/2022 Errege Dekretuan jasotako laguntzak eman eta ukatzeko erabakia onartu du (errege-dekretu horrek Ukrainako gatazka belikoaren ondorioz zenbait nekazaritza-sektoretan izandako ekonomia-zailtasunak konpentsatzeko egokitzapen-laguntza berezia zuzenean emateko oinarri izango diren arauak ezartzen ditu). Horrenbestez, erabaki horri eman behar zaion publizitatea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ekainaren 7ko 428/2022 Errege Dekretuan jasotako laguntzak eman eta ukatzeko erabakiaren testua, zeina ebazpen honen eranskinean azaltzen baita (errege-dekretu horrek Ukrainako gatazka belikoaren ondorioz zenbait nekazaritza-sektoretan izandako ekonomia-zailtasunak konpentsatzeko egokitzapen-laguntza berezia zuzenean emateko oinarri izango diren arauak ezartzen ditu).

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

Jon Iñaki Urbina García de Vicuña

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN uztailaREN 27KO 66/2022 EBAZPENARENA.
ERABAKIA, EKAINAREN 7KO 428/2022 ERREGE DEKRETUAN JASOTAKO LAGUNTZAK EMAN ETA UKATZEN DITUENA (ERREGE-DEKRETU HORREK UKRAINAKO GATAZKA BELIKOAREN ONDORIOZ ZENBAIT NEKAZARITZA SEKTORETAN IZANDAKO EKONOMIA-ZAILTASUNAK KONPENTSATZEKO EGOKITZAPEN-LAGUNTZA BEREZIA ZUZENEAN EMATEKO OINARRI IZANGO DIREN ARAUAK EZARTZEN DITU).

2022ko martxoaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofizialean (76. zk.), martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretua argitaratu zen, zeinaz Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzen baitira (aurrerantzean, ELD esango diogu). Arauaren izenburuak berak dionez, askotariko laguntzen multzo bat xedatzen da bertan, Errusiak Ukraina inbaditu izanak eremu guztietan sortu dituen ondorio garrantzitsuak arintzeko.

Errege lege-dekretu horren 33. artikuluan jasotzen dira, besteak beste, Batzordearen 2022ko martxoaren 23ko (EB) 2022/467 Erregelamendu Delegatuan adierazitako nekazaritza-sektoreetarako laguntzak (erregelamendu horren bidez, egokitzapen-laguntza berezia ezartzen da nekazaritza-sektoreetako ekoizleentzat). Arau horrek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari agintzen dio martxan jar ditzala errege-dekretu bidez zehaztuko diren sektoreetako nekazaritza-ustiategien titularrentzako laguntzak; errege-dekretu horretan bertan ezarriko dira, orobat, hautagarritasun-baldintzak eta zenbateko unitarioak. Eskabideak autonomia-erkidegoetako organo eskudunetan aurkeztuko dira, errege-dekretuan adierazitako epeen barruan. Autonomia-erkidegoetako organo eskudunek 2022ko irailaren 30a baino lehen egingo dizkiete ordainketak onuradunei, hala xedatzen baitu 2022/467 Erregelamenduaren 1. artikuluko 5. apartatuak.

Mandatu hori betetzeko eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.b) artikuluaren babesean, zuzenean eman ahal izango dira honelako laguntzak: «b) Administrazioak nahitaez eman behar dituen laguntzak, lege-mailako arau baten bidez horiek ematera edo zenbateko jakin bat esleitzera behartuta dagoelako; araudi propioaren arabera aplikatu behar den emakida-prozedurari jarraituko diote laguntza horiek»; horren arabera argitaratu da ekainaren 7ko 428/2022 Errege Dekretua, Ukrainako gatazka belikoaren ondorioz zenbait nekazaritza-sektoretan izandako ekonomia-zailtasunak konpentsatzeko egokitzapen-laguntza berezia zuzenean emateko oinarri izango diren arauak ezartzen dituena.

Europar Batasunari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokie laguntzak finantzatzea; EAEko Administrazio Orokorrak finantzaketa osagarria jarriko du, Batzordearen 2022ko martxoaren 23ko 2022/467 Erregelamendu Delegatuaren 2. artikuluak emandako ahala erabiliz.

Laguntzen finantzaketa osagarria erreskate ekonomikorako funtsean jasota dago, zuzeneko laguntza moduan, eta 142,9 milioi euroko zuzkidura du –Gobernu Kontseiluaren 2022ko apirilaren 12ko bilkuran onartu zen–.

Laguntza bereziak direnez, Gobernu Kontseiluak eman behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.7 artikuluak xedatzen duena betetzeko (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori). Honela dio artikulu horrek: «Laguntzak edo dirulaguntzak zuzenean emateko eskumena Jaurlaritzarena izango da, interesa duen saileko titularrak proposatuta. Zuzenean emateko dirulaguntza horiei ez zaie aplikatuko aurreko lerroaldeetan xedatutakoa, eta salbuespen-izaera izango dute. Justifikazio arrazoituz eta memoria dokumentalez egiaztatu beharko dira dirulaguntza justifikatzen duten interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak, bai eta deialdia xedapen orokor baten bidez egiterik ez dagoela ere. Dirulaguntza horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira eta bertan adieraziko dira haien zenbatekoa, xedea eta onuradunak, eta Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari jakinaraziko zaizkio sei hilabetean behin».

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza arduratuko da laguntzak kudeatzeaz, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 7. artikulua betetzeko (68/2021 Dekretua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).

Ekainaren 7ko 428/2022 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren arabera ukoak eta erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko 10 eguneko epea igarota, eta onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatuta, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren zerbitzu teknikoek kalkulatu dute zenbateko laguntza esleitu behar zaion onuradun bakoitzari, kontuan hartuta eskabide bakarrean jasotako informazioa eta, hala badagokio, Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean (REGA) dagoena, eta ebazpen-proposamenak egin dituzte, onuradun taldeen eta espezieen arabera bereiziak, 9. artikuluak agindutakoari jarraituz.

Zenbateko unitario hauek erabili ditu Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak:

– Haragitarako behi, ardi eta ahuntzen ekoizleak:

• 53,28 euro, behi ume-hazle bakoitzeko.

• 10,11 euro, txahal bakoitzeko.

• 4,99 euro, ardi eta ahuntz bakoitzeko.

– Haragitarako hegaztien ekoizleak:

• 600,00 euro, 251 eta 1.000 plaza bitarteko ustiategi bakoitzeko.

• 810,00 euro, 1.001 eta 5.000 plaza bitarteko ustiategi bakoitzeko.

• 1.200,00 euro, 5.001 eta 10.000 plaza bitarteko ustiategi bakoitzeko.

• 1.800,00 euro, 10.001 eta 20.000 plaza bitarteko ustiategi bakoitzeko.

• 2.400,00 euro, 20.001 eta 30.000 plaza bitarteko ustiategi bakoitzeko.

• 3.000,00 euro, 30.001 eta 40.000 plaza bitarteko ustiategi bakoitzeko.

• 3.600,00 euro, 40.001 eta 50.000 plaza bitarteko ustiategi bakoitzeko.

• 4.800,00 euro, 50.001 plaza baino gehiagoko ustiategi bakoitzeko.

– Untxien sektoreko ekoizleak:

• 1.470,00 euro, 50 eta 500 plaza bitarteko ustiategi bakoitzeko.

• 2.205,00 euro, 501 eta 1.000 plaza bitarteko ustiategi bakoitzeko.

• 2.940,00 euro, 1.001 plaza baino gehiagoko ustiategi bakoitzeko.

Zenbateko unitario horiek Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako aurrekontu-zuzkidura ez gainditzeko kalkulatu dira, errege-dekretuaren 6. artikuluan adierazitako gehieneko zenbateko unitarioen murrizketa lineala aplikatuta.

Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak laguntza bereziak emateko eta ukatzeko eskumena duenez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– I. eranskinean zerrendatutako haragitarako behi, ardi eta ahuntzen ekoizleei ekainaren 7ko 428/2022 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluan araututako laguntzak ematea eta ukatzea; esteka honetara ere jo daiteke zerrenda kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/contenidos/anuncio_otro/ayudas_ganaderia_ucrania_resol/es_def/adjuntos/resolucion_vacuno_ovino_caprino.pdf (428/2022 Errege Dekretuak Ukrainako gatazka belikoaren ondorioz zenbait nekazaritza-sektoretan izandako ekonomia-zailtasunak konpentsatzeko egokitzapen-laguntza berezia zuzenean emateko oinarri izango diren arauak ezartzen ditu). Onuradun bakoitzari emandako zenbateko osoa xehatuta agertzen da; hau da, zehaztuta dago zenbat datorren Europar Batasunaren funtsetik eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen konturako finantzaketa osagarritik.

Bigarrena.– II. eranskinean zerrendatutako haragitarako gaitasuneko oilaskoen ekoizleei ekainaren 7ko 428/2022 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan araututako laguntzak ematea eta ukatzea; esteka honetara ere jo daiteke zerrenda kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/contenidos/anuncio_otro/ayudas_ganaderia_ucrania_resol/es_def/adjuntos/resolucion_pollos.pdf (428/2022 Errege Dekretuak Ukrainako gatazka belikoaren ondorioz zenbait nekazaritza-sektoretan izandako ekonomia-zailtasunak konpentsatzeko egokitzapen-laguntza berezia zuzenean emateko oinarri izango diren arauak ezartzen ditu). Onuradun bakoitzari emandako zenbateko osoa xehatuta agertzen da; hau da, zehaztuta dago zenbat datorren Europar Batasunaren funtsetik eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen konturako finantzaketa osagarritik.

Hirugarrena.– III. eranskinean zerrendatutako untxien sektoreko ekoizleei ekainaren 7ko 428/2022 Errege Dekretuaren 3.3 artikuluan araututako laguntzak ematea eta ukatzea; esteka honetara ere jo daiteke zerrenda kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/contenidos/anuncio_otro/ayudas_ganaderia_ucrania_resol/es_def/adjuntos/resolucion_conejos.pdf (428/2022 Errege Dekretuak Ukrainako gatazka belikoaren ondorioz zenbait nekazaritza-sektoretan izandako ekonomia-zailtasunak konpentsatzeko egokitzapen-laguntza berezia zuzenean emateko oinarri izango diren arauak ezartzen ditu). Onuradun bakoitzari emandako zenbateko osoa xehatuta agertzen da; hau da, zehaztuta dago zenbat datorren Europar Batasunaren funtsetik eta zenbat Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen konturako finantzaketa osagarritik.

Laugarrena.– Laguntza, guztira, bi milioi zazpiehun eta hemezortzi mila ehun eta hirurogeita hamabost euro eta hogeita hamabost zentimokoa da (2.718.175,35 €); horietatik, bederatziehun eta sei mila eta berrogeita hemezortzi euro eta berrogeita bat zentimo (906.058,41 €) Europar Batasunaren funtsetatik datoz, eta milioi bat zortziehun eta hamabi mila ehun eta hamasei euro eta laurogeita hamalau zentimo (1.812.116,94 €) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen konturako finantzaketa osagarritik.

Bosgarrena.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntzen ondoriozko espedienteak, harik eta horiek amaitu arte. Laguntzak beranduenez 2022ko irailaren 30ean ordaindu beharko dira.

Seigarrena.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari delegatzea itzulketa-prozedurak hasteko, instruitzeko eta ebazteko zeregina. Administrazio-ebazpenak delegazioz ematen direnean, espresuki adierazi behar da hala eman direla, eta organo delegatzaileak emandakotzat joko dira. Horregatik, itzulketa-prozeduren ebazpen horien aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluan.

Zazpigarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau argitaratuko du, jakinarazpen-ondorioak izan ditzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45,1. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Zortzigarrena.– Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera; bestela, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da gobernu-kontseilu honetan, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala