
148. zk., 2022ko abuztuaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (143 KB - 2 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3495
91/2022 DEKRETUA, uztailaren 19koa, zeinaren bidez premiazko deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Oñatin, GI-2630 errepideko 18,250 KP-an, Goribarko biribilgunea egiteko proiektua (1-I-25/2021) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, «Oñatin, GI-2630 errepideko 18,250 KP-an, Goribarko biribilgunea egiteko proiektua (1-I-25/2021)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
Bide Azpiegituretako Departamentuko foru diputatuak 2021eko irailaren 14an emandako Foru Aginduaren bidez, honako hau ebatzi zuen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hilabeteko epean, prentsan eta 2021eko irailaren 23ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (183. zk.). Geroago, 2021eko azaroaren 30ean egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Premiaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
Oñati eta Elorregi/San Prudentzio arteko GI-2630 errepidearen tartea da Oñati eta edukiera handiko errepide-sarea lotzen dituen bide nagusia. Aldi berean, bere inguruan industriagune ugari dago, eta, hori dela-eta, zirkulazio-intentsitate handia jasaten du. Gainera, 18,900 eta 19,700 KP-en arteko tartea istripuen kontzentrazio-tarte gisa katalogatu zen 2017an.
18,250 KP-ko elkargunea mugimendu guztiak jasotzen dituen «T» motako bidegurutzea da, eta itxaroteko erdiko erreia du Bergara/Arrasatetik datozen ibilgailuek ezkerretara biratu ahal izan dezaten, puntu horretatik Oñatira sartu nahi izanez gero.
Gaur egun, auto-ilarak sortzen dira GI-2630 errepidearen enborrean, batez ere enpresetarako sarrerako eta irteerako puntako orduetan; izan ere, itxaroteko erdiko errei hori ez da gai Oñatira sartu nahi duten ibilgailuei erantzuna emateko; halaber, ez du ahalbidetzen Oñatitik irteten direnak GI-2630 errepidera segurtasunez sartu daitezen. Arazo hori murrizteko, trafikoa lasaitu nahi da «T» motako bidegurutze hau kenduz eta biribilgune bihurtuz.
Bide-segurtasuna hobetzeko, errepidean hainbat jarduketa egin dira azken urteotan, eta ingurunearen hobekuntzarako eskema orokorrak bi biribilgune egitea eskatzen du. Lehenengo biribilgunea (Garibai) 2021eko abenduan jarri zen martxan, eta bigarrena (Goribar) proiektu honek jasotzen duena da.
Proiektuak barne hartzen du espaloi bat egitea, oinezkoak segurtasunez heldu ahal izan daitezen hirigunetik elkargunearen iparraldean dagoen industria-eremuraino. Barne hartzen du, era berean, bi eremu prestatzea autobus geralekurako, oinezkoentzako ibilbideen ondoan.
Egungo egoera (bi biribilguneetatik bakarra funtzionamenduan) ez da irtenbide egokia. Horrek lehenbailehen osatzea eskatzen du, bigarrena eginez. Horrela lortuko da industriagune eta hiriguneetarako irisgarritasuna antolatzea, eta arazoak sortzen dituzten mugimenduak desagerraraztea. Lanak atzeratzen badira, egungo arrisku-egoerak bere horretan jarraituko du errepidearen eta garraio publikoaren erabiltzaileentzat, bai eta oinezkoentzat ere orokorrean (ibilgailuen biraketak ezkerretara «T» biribilgunean, aurrez aurreko istripuak izateko arriskuarekin; oinezkoak bazterbidean hirigunearen eta industriagunearen artean, iblilgailuek harrapatzeko arriskuarekin; gehiegizko abiadura eragozteko muga fisikorik ez egotea istripuetarako arriskua duen eremu batean –azelerazioak, desazelerazioak, alboko sarrerak...–).
Helburua da biztanle eta industria askori eragiten dioten eskualde mailako arazoei irtenbidea ematea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak premiaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2022ko uztailaren 19ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Oñatin, GI-2630 errepideko 18,250 KP-an, Goribarko biribilgunea egiteko proiektua (1-I-25/2021)» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak premiaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko uztailaren 19an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
RSS