Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2022ko abuztuaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
3479

87/2022 DEKRETUA, uztailaren 12koa, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretua aldatzekoa.

Europako kohesio-politika eta Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsen plangintza eta analisia daude lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak Ekonomia eta Ogasun Sailari esleitutako jardun-arloen artean –18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena–. Esleipen horien garrantzia zela eta, hain zuzen ere, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuak honako hauek gehitu zizkion sail horren egiturari: Ekonomiako eta Europako Funtsetako Sailburuordetza eta Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza. Azken horri, 69/2011 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, honako egiteko hauek dagozkio, besteak beste:

«a) Euskal Autonomia Erkidegoak Batasuneko Kohesio Politika aplikatzeko izan behar duen esparru estrategikorako proposamena egitea, suspertze- eta erresilientzia-mekanismotik sortutako jarduketak barnean hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegorako Estatu Laguntzen Maparako proposamena egitea, aplikatu behar den Batasuneko araudiarekin bat etorriz.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan Europar Batasunaren esku-hartze programak eta ekimenak lantzea, horien jarraipena egitea eta kontrolatzea, Europako kohesioaren eta eskualde-politikaren arloan, alde batera utzita nekazaritza, arrantza eta elikaduraren arloetan eskumena duten sailek lantzen dituzten programak eta ekimenak»;

«e) Europar Batasunak ezarritako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kudeatutako egitura-funtsek, Kohesio Funtsak eta beste finantza-tresna batzuek, eta bereziki Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsek, batera finantzatutako jarduerak programatu, jarraitu eta ebaluatzea, gaiaren arabera eskumena duten sailekin koordinatuta.»

f) Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsen kontura finantzatutako jarduera eta proiektuak gauzatzearekin lotutako gastu-baimenei buruzko txostena egitea –aurretiazko eta nahitaezko txostena–, dagokion araudi erregulatzailean ezarritakoaren arabera, ekimen horietan aurreikusitako helburuak betetzeko eskaintzen duten laguntza-mailari buruz».

Bestalde, Lan eta Enplegu Saileko Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzari dagokio «Europako Gizarte Funtsetik eta enpleguarekin eta gizarte-kohesioarekin lotura duten Europako beste funts batzuetatik datozen laguntzak planifikatzea, kudeatzea, kontrolatzea eta ebaluatzea», Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 13.m) artikuluaren arabera.

18/2020 Dekretutik eratorritako gobernu-egiturak lehenengo urtea bete ondoren, efizientzia- eta eraginkortasun-arrazoiak direla-eta, egiaztatu da Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza berriak bere gain hartu behar dituela Europako Gizarte Funtsetik (EGIF) eta enpleguarekin eta gizarte-kohesioarekin lotutako Europako beste funts batzuetatik datozen laguntzei dagozkien egitekoak. Egiteko horiek, orain arte, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzaren esku egon dira.

Inplikatutako bi sailak, hau da, Ekonomia eta Ogasun Saila eta Lan eta Enplegu Saila, ados daude aipatutakoarekin, eta, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak egiteko horiek bere gain hartu ahal izateko, beharrezkoa da bi sailei dagozkien egitura-dekretuetan esleitutakoak aldatzea.

Bereziki, Ekonomia eta Ogasun Sailari dagokionez, aldaketa horrek ekarriko du egiteko hau berariaz gehitzea 11. artikuluari: Europako Gizarte Funtsetik eta enpleguarekin eta gizarte-kohesioarekin lotura duten Europako beste funts batzuetatik datozen laguntzak planifikatzea, kudeatzea, kontrolatzea eta ebaluatzea.

Era berean, zuzendaritza horri dagozkion egitekoen zerrenda egokitu egin behar da Euskal Autonomia Erkidegoko 2022rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legearen V. kapituluaren edukira. Kapitulu horretako 31.2 artikuluak kendu egiten du aurreko ekitaldiko aurrekontuen legearen 30.2 artikuluak eskatzen zuen hautagarritasun-txostenaren derrigortasuna. Txosten hori egitea Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzari esleitzen zaio indarrean dagoen egitura organikoari buruzko dekretuaren 11.f) artikuluan, eta, beraz, egiteko hori kendu egin behar da.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2022ko uztailaren 12ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatu egiten da Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuaren 11. artikuluaren f) apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«f) Europako Gizarte Funtsetik eta enpleguarekin eta gizarte-kohesioarekin lotura duten Europako beste funts batzuetatik datozen laguntzak planifikatzea, kudeatzea, kontrolatzea eta ebaluatzea.»

AZKEN XEDAPENA.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko uztailaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala