Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2022ko uztailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKO LEGEBILTZARRA
3397

IRAGARKIA, Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak argitaratzeari buruzkoa.

Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 20. artikuluan ezartzen duenez –lege-mailako araua da estatutu hori–, Eusko Legebiltzarrak deialdi publikoz eta oposizio, oposizio-lehiaketa edo oposizio libre bidez aukeratuko ditu bere langileak, funtzionario zein lan-itunpekoak izan; horietan, publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpideak bermatuko dira.

Aurreikusten da, halaber, karrerako funtzionarioak eta langile finkoak oposizio bidez aukeratuko direla, edo oposizio-lehiaketa bidez, bete beharreko funtzioen nolakoa dela-eta merezimenduak edo esperientzia baloratzea egoki gertatzen bada.

Era berean, ezartzen da, betiere salbuespenez, aukeraketa lehiaketaz egin ahal izango dela baldin eta, ezaugarri bereziak dituen lanpostua izanik, jakineko merezimenduak edo berariazko esperientzia-maila duten pertsonek bete behar badute, edota eskakizunei dagozkien ezagupenak proba objektiboen bidez egiaztatzerik ez dagoenean.

Oinarri orokor hauen xedea da Eusko Legebiltzarreko funtzionario-kidegoetan sartzeko prozesuei aplikatu beharreko arau komunak ematea; hain zuzen ere, oposizioaren edo oposizio-lehiaketaren araudi orokorrean oinarritutako prozesuei aplikatu beharrekoak. Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak, berriz, oinarri espezifikoetan arautuko dira.

Oinarri orokor hauek ordeztu egiten dituzte Mahaiak 2015eko martxoaren 17an onetsi zituenak, hau da, gaur arte antolatu diren hautaketa-prozesu guztiak arautu dituztenak.

Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 22.1 artikuluan ezartzen duenez, hautaketa-probetako oinarrietan ezin da inola ere agertu sexu, arraza, erlijio, iritzi, jaioterri, auzotasun edo bestelako gorabehera pertsonal edo sozialen bati lotutako bereizketarik dakarren eskakizunik.

Beraz, artikulu hori, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legea eta Eusko Legebiltzarraren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Plana aintzat harturik, oinarri hauen zutabeak honako hauek dira: genero-ikuspegia, hautaketa ez-diskriminatzailea, lanbide-profilaren definizio ez-diskriminatzailea, tratu- eta aukera-berdintasuna, ekintza positiboa eta hizkuntza-koofizialtasuna. Ekintza positiboak edo irizpide bereziak txertatu dira emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko eta desgaitasuna duten pertsonak integratzeko.

Bestalde, Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren seigarren xedapen gehigarriaren 4. eta 5. paragrafoetan aurreikusten da ezen, enplegu publikorako ohiko eskaintzetan Eusko Legebiltzarrak oposizio-lehiaketa bidez deitzen dituen hautaketa-prozesuetan, lehiaketa-aldian baloratu ahal izango dela, gehienbat, deialdiaren xede diren lanpostuetan edo Legebiltzarreko Administrazioko beste lanpostu batzuetan izandako esperientzia, besteak beste, prozesu horiek arautzen dituzten oinarrietan ezartzen denari jarraikiz; eta oinarriek exijitu eta, hala badagokio, egokitu ahal izango dutela bete daitezela hartu diren funtzioekin eta bete behar diren zereginekin lotura objektibo eta proportzionala duten berariazko betekizunak, modu abstraktuan zein orokorrean ezarriak.

Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 22.1 artikulu horrek ezartzen du hautaketa-probetako oinarriak legelari nagusiak proposatu eta Legebiltzarreko Mahaiak onetsiko dituela.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2022ko ekainaren 28ko erabakia betez, agintzen dut:

Lehenengoa.– Argitaratu daitezela Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian oinarri orokorrak, Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesuenak, Mahaiak 2022ko ekainaren 28an onetsiak, zeinak erabaki honen eranskinean jaso baitira.

Bigarrena.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2022ko ekainaren 28ko erabakiaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Oinarri orokor hauek ondorioak sortuko dituzte Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Enplegua finkatzeko prozesu berezien eta apartekoen baitan Eusko Legebiltzarreko lanpostuak aldi baterako betetzen ari diren langileak egonkortzeko 2022ko maiatzaren 31n onetsi zen enplegu publikoaren eskaintzako hautaketa-prozesuen deialdiak beren oinarri orokor eta espezifiko propioek arautuko dituzte.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Erabaki hau indarrean jartzen denean abian diren hautaketa-prozesuak, bukatu arte, lehen garatzen ari ziren bezala garatuko dira; hau da, Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario gisa sartzeko 2015eko martxoaren 17an onetsi ziren hautaketa-prozesuen oinarri orokorretan eta dagozkien oinarri espezifikoetan xedatutakoa betez.

AZKEN XEDAPENA

Indargabetu egiten dira 2015eko martxoaren 17ko oinarri orokorrak, Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesuenak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 4a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

ERANSKINA
OINARRI OROKORRAK, EUSKO LEGEBILTZARREAN KARRERAKO FUNTZIONARIO GISA SARTZEKO HAUTAKETA-PROZESUENAK, 2022KO EKAINAREN 28KOAK

1.– Xedea.

1.1.– Oinarri hauen xedea da Eusko Legebiltzarrak eskaintzen dituen lanpostuak hornitzeko hautaketa-prozesuen arau orokorrak ezartzea.

Oinarri orokor hauek aplikatzen zaizkien hautaketa-sistemak izan daitezke oposizioa eta oposizio-lehiaketa, hau da, hautaprobak ez ezik merezimenduen balorazioa ere barnean hartzen duena.

1.2.– Hautaketa-prozesu bakoitzaren berezitasunak kasuan kasuko deialdien oinarri espezifikoetan arautuko dira, oinarri orokor hauei jarraikiz, eta Langileen Batzordearekin negoziatu ondoren.

1.3.– Lehiaketa bidez sartzeko salbuespenezko kasuak dagokion deialdian ezartzen diren oinarri propioen arabera garatuko dira.

2.– Tratu-berdintasunaren printzipioa.

Hautaketa-prozesuek tratu-berdintasunaren printzipioa bete behar dute, eta ezin izango da inolako diskriminaziorik egin jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta. Salbuespen izango dira pertsonen eta kolektiboen berdintasunerako eta integraziorako ekintza positiboak edo irizpide bereziak, baldin eta lege-mailako arauren batek babesten badu haiek desberdin tratatzea, kasu arrazoitu, arrazoizko, neurrizko eta egokietan.

3.– Argitalpenak.

Hautaketa-prozesuen deialdiak, Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez ezik, Eusko Legebiltzarraren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektronikoetan ere argitaratuko dira, edo, hala badagokio, oinarri espezifikoetan jasotzen diren helbide elektronikoetan.

Halaber, jakinarazpenetarako, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak eta epaimahaiek oinarri orokor hauen eta dagozkion oinarri espezifikoen babesean egindako deialdiei buruz hartzen dituzten erabakiak, bai eta agertzen diren komunikazioak, emaitzak eta kalifikazioak ere, aurreko paragrafoan aipatutako helbide elektronikoetan argitaratuko dira, ezartzen den sarbide pertsonaleko sistemaren bidez, eta hargatik eragotzi gabe epaimahaiek informazioa publiko egiteko egokitzat jotzen duten beste edozein modu.

Orobat, telefono mugikorraren zenbaki bat edo posta elektronikoaren helbide bat eman duten parte-hartzaileei abisu bat bidaliko zaie, dela SMS bidez, dela posta elektronikoz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

4.– Plazen deskribapena.

Prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan, honako hauek adieraziko dira: lanpostuaren izena, atxikipena, lanpostu hutsen kopurua, horiek betetzeko sistema, eskatutako titulua, euskararen hizkuntza-eskakizuna, plazaren eginkizun nagusiak eta hartan jarduteko baldintza psikofisikoak.

Plazak lortzeko txanda ere zehaztuko da: irekia edo barne-promoziokoa.

Txanda irekian eta, kasua bada, barne-promozioko txandan eskainitako plaza guztietatik, gorde ahal izango da lanpostu hutsen kupo bat desgaitasuna duten pertsonek bete ditzaten. Oinarri espezifikoetan adieraziko da zenbat plazatarako deia egiten den txanda eta modalitate bakoitzean.

Desgaitasuna duten pertsonak integratze aldera, ahalegina egingo da plazaren bat eskaintzeko % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila duten pertsonen sarbiderako gordetako modalitatean, baldin eta prozesu berean eta kategoria berean nahikoa plaza kopuru badago eta plaza horietan baldintza psikofisikoak bete behar badira.

Hala denean, kupo horretan, gorde ahal izango dira adimen-urritasuna egiaztatzen duten pertsonek betetzeko plazak inguruabar horrekin bateragarriak diren eginkizunak dituzten kidegoetan, eta deialdi bereiz batean sartuko dira, haren oinarri espezifikoei jarraikiz.

Oinarri espezifikoetan, jaso eta arautu ahal izango dira, halaber, plazak gordetzeko legez ezartzen den beste edozein kupotan parte hartzeko eta sartzeko baldintzak.

5.– Parte hartzeko baldintzak.

5.1.– Baldintza orokorrak.

Deitutako hautaprobetan onartua izateko, baldintza orokor hauek bete behar dira:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa edukitzea, edo Europar Batasunak egin eta Espainiak izenpetutako nazioarteko itunen arabera langileen zirkulazio askea aplikagarri zaion estatu bateko nazionalitatea edukitzea, Europar Batasunaren Itunean zehaztu den baldintzetan.

Halaber, Europar Batasuneko estatuetako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta zuzenbidearen arabera banatuta ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta ezkontideen ondorengoek ere, baldin eta zuzenbidearen arabera banatuta ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, menpekoak badira.

b) 16 urte beteak izatea, eta 65 urteko adinera heldu gabe egotea.

c) Oinarri espezifikoetan eskatzen den titulazioa izatea, izaera ofizialekoa eta organo eskudunak igorria, edo hura eskuratzeko eskubideak ordainduta edukitzea. Atzerrian lortutako titulu akademikoei dagokienez, haien homologazioa egiaztatuko duen egiaztagiria eduki beharko da.

d) Dagozkion eginkizunetan jarduteko behar diren baldintza psikofisikoak betetzea.

e) Diziplina-espediente batez edozein administrazio publikoren zerbitzutik bereizita edo kaleratuta ez egotea, eta enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza absolutua edo berezia ez izatea. Beste estatu bateko nazionala izanez gero, ez edukitzea desgaikuntzarik edo egoera baliokiderik, eta ez jaso izana diziplina-zehapenik edo zigor-kondenarik, jatorriko herrialdean funtzio publikora iristea eragozten duenik.

f) Administrazio publikoetako langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen legedian aurreikusitako inolako ezgaitasun edo bateraezintasunik ez izatea. Hala ere, dagoeneko kargu publikoren bat edo jarduera pribatu bateraezinen bat dutenak lege-arau horietan aipatzen den aukeratzeko eskubideaz baliatu ahal izango dira.

g) Zer kidegotan sartzeko lehiatuko den, kidego horri dagozkion azterketa-eskubideak ordaintzea. Azterketa-eskubide horien zenbatekoa dagozkion oinarri espezifikoetan zehaztuko da, deialdian hala eskatzen bada.

h) Oinarri espezifikoetan eskatzen den beste edozein baldintza.

5.2.– Baldintzak betetzeko datak.

Lehiatzaileek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete beharko dituzte oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritako baldintzak, 15.2 oinarrian edo, hala badagokio, oinarri espezifikoetan jasotako salbuespenak izan ezik, eta baldintza horiek betetzen jarraitu behar dute esleitzen zaien plaza –esleitzen bazaie– hartzen duten arte.

5.3.– Baldintzak egiaztatzeko garaia eta modua.

Baldintzak behin betiko egiaztatzeko garaia eta modua 15.2 oinarrian eta oinarri espezifikoetan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

5.4.– Parte hartzeko baldintzak.

Hautaketa-prozesuan parte hartzea borondatezkoa da, eta parte hartzeak berekin dakar oniritzia ematea proba psikoteknikoak eta nortasunari buruzkoak egiteko, oinarri espezifikoetan hala jasotzen denean; gainera, onartzen da proba horien emaitzak balorazio-faktore bat gehiago bezala erabiltzea.

6.– Desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea.

Desgaitasunen bat duten pertsonak gainerako lehiatzaileen baldintza beretan onartuko dira hautaketa-prozesuan, betiere lanpostuaren eginkizunetan jarduteko behar den gaitasun psikofisikoa –aurreko 5.1.d oinarrian aipatua– badute. Gaitasun psikofisiko hori dagozkion oinarri espezifikoen eranskinean zehaztuko da.

Desgaitasuna duten langileentzat gordetako plazetarako lehiatzeko, betiere 5. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen badira, desgaitasuna aitortuta eduki behar da, zeinak % 33koa edo handiagoa izan behar baitu, eta administrazio-organo eskudunak igorritako ziurtagiri bidez egiaztatu behar da.

7.– Barne-promozioko txandan parte hartzeko baldintza espezifikoak

Barne-promozioko txandatik aurkezten direnek, 5. oinarrian aipatzen diren parte hartzeko baldintzak betetzeaz gain, baldintza espezifiko hauek ere bete behar dituzte:

a) Deialdia argitaratzen den egunean, Eusko Legebiltzarrean jarduneko zerbitzuan edo pareko egoeran izatea, edo zerbitzu berezietan, edo eszedentzian lanpostua gordeta, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian.

b) Legebiltzarrean beheragoko hurrengo funtzionario-kidegokoa izatea, edo, deialdiko plazei dagokien kidego berekoa izanez gero, beheragoko kategoriako lanpostu batean aritzea.

c) Bi urteko zerbitzaldi jarraikia buruturik izatea karrerako funtzionario gisa aurreko kidegoan edo postuan. Epe hori ez zaie aplikatuko genero-indarkeriaren biktimei, edo sexu-jazarpenarenei, edo sexuagatiko edo sexu-orientazioagatiko jazarpenarenei, edo lan-jazarpenarenei, baldin eta lan-mugikortasuneko neurriak ezarri bazaizkie haiek babesteko edo gizarte-laguntza integralerako eskubidea egikaritzeko.

Txanda honetatik parte hartzeko baldintzak bete ezean, eskabidea txanda irekitik aurkeztu dela joko da ofizioz.

Sarbide irekiko sistema orokorrarekiko prozesu komunetan parte hartzen badute, oinarri espezifikoek aske utzi ahal izango dute oposizio-aldiko probak egitetik edo oposizio-aldia gainditzeko eskakizuna den informatikako edo ofimatikako ezagupenen batetik.

Nolanahi ere, tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzearren, ziurtatuko da Eusko Legebiltzarreko funtzionario guztiek, edozein dela ere haien administrazio-egoera, dagozkion komunikazio eta jakinarazpen guztiak jasotzen dituztela hornikuntza-prozedurei dagokienez, bereziki aldi baterako ezintasun-aldietan edo baimen-aldietan (amatasuna/aitatasuna, eta abar).

8.– Eskabideak.

8.1.– Eskabidea.

Deitzen diren hautaketa-prozesuetako batean parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten prozedura bakoitzeko, kasuan kasuko oinarri espezifikoei jarraikiz.

Onartua izateko eta, hala bada, dagozkion hautaprobetan parte hartzeko, zera egin behar da:

a) Eskabidearen atal guztiak bete.

b) Eskabidea epe barruan aurkeztu.

c) Ezarritako azterketa-eskubideak ordaindu, oinarri espezifikoetan hala eskatzen denean, eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Halaber, adierazi beharko da betetzen direla, eskabideak aurkezteko adierazitako epea amaitzen den egunean, eskatzen diren baldintza guzti-guztiak, baita oinarri espezifikoetan ezartzen den beharrezko gaitasun psikofisikoa ere –gaitasun psikofisiko horren profilak erakunde espezializatu baten oniritzia izan behar du–. Eskakizun horretatik salbuetsita dago baldintza espezifikoak eta euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea, zeinak 12., 15.6 eta 15.7 oinarrietan eta oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera egiaztatuko baitira.

Deialdi batean txanda irekiko eta barne-promozioko txandako plazak baldin badaude, txanda bietako batean bakarrik hartu ahal izango da parte. Horrek ez du eragozten, ordea, desgaitasun-modalitatea erabili ahal izatea, horretarako ezarritako baldintzak betetzen badira.

8.2.– Eskabideak aurkezteko eta azterketa-eskubideak ordaintzeko epea.

Hautaketa-prozesuetan parte hartzeko eskabideak oinarri espezifikoetan ezarritako epean aurkeztu beharko dira. Hor agertuko da zein den epe horren azken eguna eta ordua. Gutxienez, 20 egun naturalekoa izan behar du, kasuan kasuko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

8.3.– Eskabideak aurkezteko modua.

Hautaketa-prozesuetan parte hartu nahi dutenek bide elektronikoz aurkeztu beharko dute, lehentasunez, eskabidea, 3. oinarriaren lehenengo paragrafoan adierazten diren helbide elektronikoetan ematen den eredua betez.

Eskabidea bide elektronikoz egiteko, KZgunea zentro publikoetan ere egin daiteke, edo oinarri espezifikoetan aurreikusten diren lekuetan.

8.4.– Eskabidearen edukia.

Eskabidearen atal hauek bete behar dira:

a) Eskatzen diren datu pertsonalak, prozesua behar bezala kudeatzeko.

b) Harremanetarako datuak: posta-helbidea, telefono mugikorra eta posta elektronikoaren helbidea.

c) Zein hizkuntza ofizialetan, euskaraz edo gaztelaniaz, egin nahi diren oposizio-aldiko hautaprobak.

d) Hala badagokio, zein txandatatik hartu nahi den parte (txanda irekia edo barne-promoziokoa).

Ez bada espresuki adierazten zer aukera hautatzen den, edo behar bezala formulatutako aukera bat baino gehiago egiten bada kidego bakoitzerako, txanda irekia hautatzen dela joko da.

e) Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako modalitatearen bidez parte hartzeko aukera, kasua bada.

f) Hautaprobak egiteko beharrezkotzat jotzen diren denbora- eta bitarteko-egokitzapenak egiteko eskaera, kasua bada.

g) Titulazio akademikoa.

h) Egiaztatzen den euskararen hizkuntza-eskakizuna, edo, hala badagokio, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketa egiteko eskaera.

8.5.– Azterketa-eskubideak ordaintzeko modua.

8.1.c oinarrian ezartzen den baldintza betetzeko, ordainketa modu hauetara egin daiteke, oinarri espezifikoetan ezartzen denaren arabera:

Eskabidea bide elektronikoz egiten bada, ordainketa bide hori bera erabiliz egiteko aukera emango da, banku-sukurtsalera joan beharrik gabe. Modalitate hori eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri.

Ordainketa edozein Visa edo Mastercard txartelekin egin ahal izango da, edo oinarri espezifikoetan adierazitako entitateen banka elektronikoaren zerbitzuaren bidez.

Ordainketa aurrez aurre ere egin ahal izango da, oinarri espezifikoetan adierazitako entitateen sukurtsaletan. Horretarako, joan ahal izango da 8.3 oinarrian agertzen den eskabideak izapidetzeko sistemak emango duen ordainketa-gutuna inprimatuta, eta irakurgailu optikoa duten edo datuak eskuz sar daitezkeen kutxazain automatikoetan ere ordaindu ahal izango da.

8.6.– Azterketa-eskubideak ez ordaintzearen ondorioak.

Azterketa-eskubideak ez badira ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barruan, betiere oinarri espezifikoetan nahitaezkotzat jotzen bada azterketa-eskubideak ordaintzea, prozesutik kanpo geratzea eragingo du. Hala eta guztiz ere, okerreko zenbatekoa ordaindu bada, errekerimendu bat egingo da, okerra 10 egun balioduneko epean zuzendu dadin.

Azterketa-eskubideak aurkeztu eta ordaintzea ez da inola ere eskabidea garaiz eta behar bezala aurkeztearen ordezko izango, 8.1 eta 8.2 oinarrietan adierazitakoaren arabera.

9.– Lehiatzaileen onarpena.

9.1.– Prozesuan onartu direnen zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta 3. oinarriaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera argitaratuko da. Zerrenda horretan, adieraziko da bazterturiko izangai bakoitza, halakorik bada, zergatik utzi den kanpoan. Aipatutako helbide elektronikoetan argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, deitutako plazetarako lehiatzaileek 10 eguneko epea izango dute bazterketa eragin duen okerra edo hutsa zuzentzeko edo zerrendaren aurkako erreklamazioak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Erreklamaziorik ez badago, behin-behineko zerrendak behin betikotzat joko dira. Aurkezten diren erreklamazioak onartu edo baztertuko dira onartutako eta baztertutako lehiatzaileen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen erabakian, eta erabaki hori aurreko paragrafoan aipatutako helbide elektronikoetan argitaratuko da.

9.2.– Egitatezko okerren zuzenketa.

Egitatezko okerrak prozeduraren edozein unetan zuzendu ahal izango dira, ofizioz edo interesdunak eskatuta.

10.– Kalifikazio-epaimahaia.

10.1.– Izendapena eta osaera.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu kalifikazio-epaimahaiko kideak. Betiere, kide kopuru bakoitia izango du kalifikazio-epaimahaiak: gutxienez, hiru, eta, gehienez, zazpi.

Kalifikazio-epaimahaiaren lehendakaria Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide bat izango da, eta idazkaria, berriz, Ganberako Legelarien Kidegoko pertsona bat edo Goi Mailako Teknikarien Kidegoko bat.

Epaimahaian, deitutako plazari dagokion kidegoko pertsona bat egongo da. Pertsona hori langileen ordezkaritzarako organoak izendatuko du, kidego horretako langileen artetik.

Epaimahaia osatzean, kontuan hartuko da eskaintzen diren plazak kokatzen diren esparru profesionalean ezagutza zabala duten eta epaimahaiaren parte izateak eskatzen dituen zereginak egiteko prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izatea.

Onartutako eta baztertutako lehiatzaileen zerrendarekin batera argitaratuko da nor izendatu dituen Eusko Legebiltzarreko Mahaiak epaimahaiko titular eta, hala badagokio, ordezko izateko.

Nolanahi ere, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak noiznahi izendatu ahal izango ditu titularren ordezko epaimahaikideak, titularrek modu arrazoituan uko egiten badiote edo ezinezkoa bazaie zeregin horretan jardutea.

Epaimahaiak, hautaprobetako edozeinetarako, beharrezko iruditzen zaizkion aholkulariak eskatu ahal izango ditu, zeinak kasuan kasuko espezialitatean laguntza teknikoa ematera mugatuko baitira.

10.2.– Epaimahaikideak izendatzeko baldintzak aldatzea.

Epaimahaikideak izendatzeko ezarri diren baldintzak aldatu arren, aldaketa hori izendapena egin ondoren etorri bada, izendapenak baliozkoa izaten jarraituko du. Hala ere, inguruabarrak kontuan hartuta epaimahaikide izaten jarraitzeak kalte egin badiezaioke epaimahaiaren funtzionamendu egokiari, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak ezeztatu ahal izango du dagozkion epaimahaikideen izendapena, eta, ondoren, haiek ordeztu. Ezeztapen eta ordezkapen horiek Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

10.3.– Abstentzioa eta errekusazioa.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen bada, epaimahaikideek ezingo dute esku hartu, eta hala jakinarazi beharko diote Eusko Legebiltzarreko Mahaiari. Deitutako plazetarako lehiatzaileek, berriz, errekusatu ahal izango dituzte haiek.

10.4.– Epaimahaiaren jarduteko arauak eta ahalmenak.

Epaimahaia Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.– 18. artikuluetan xedatutakoaren arabera jardungo da. Nolanahi ere, epaimahaia bildu egingo da, lehendakariaren aginduari jarraituz eta idazkariak aldez aurretik deituta, hautaproben hasiera baino lehen, aurrerapen nahikoarekin; eta, bilera behar bezala eratuta egoteko, beharrezkoa izango da bertan izatea lehendakaria eta idazkaria eta epaimahaikideen gehiengoa.

Epaimahaikideek hitza eta botoa izango dituzte. Epaimahaiaren erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiaren lehendakariaren botoak ebatziko du.

Lehendakari titularraren eta ordezkoaren postua hutsik badago, bietako inor ez badago, gaixo badaude edo bestelako lege-arrazoiren bat badago, lehendakaria kide batek ordeztuko du, hierarkia, antzinatasun eta adin handiena duenetik hasitako hurrenkeran.

Idazkariaren postua hutsik badago, hura ez badago, gaixo badago edo bestelako lege-arrazoiren bat badago, edozein epaimahaikidek egingo ditu idazkari-lanak, epaimahaiaren gehiengoak hala erabakita.

Epaimahaiak, oinarri orokorretan eta espezifikoetan aurreikusi gabeko gaietan, hautaketa-prozesua burutu ahal izateko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu, bai eta oinarrien interpretazioari eta aplikazioari dagokienez sortzen diren gorabehera guztiak ebatzi ere.

Epaimahaiaren erabakiak, oinarri hauetan aurreikusi gabeko gaietan, 3. oinarriaren bigarren paragrafoan ezarritakoari jarraikiz argitaratuko dira.

Epaimahaiak ezin izango du hautatu deitutako plaza kopurua baino pertsona kopuru handiagoa. Erabat deusezak izango dira muga hori urratzen duten proposamenak.

Epaimahaiaren ebazpenak lotesleak izango dira izendapenak egiteko eskumena duen organoarentzat, baina organo horrek berrikusi ahal izango ditu izendapenak administrazio-prozedura arautzen duten arauen arabera.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Eusko Legebiltzarrean izango du egoitza.

10.5.– Zerbitzuagatiko ordainak.

Epaimahaikideek eta haiei aholkua ematen dietenek, epaimahaiak eskatuta, jaso ahal izango dituzte zerbitzuagatiko dagozkion ordainak, baita bertaratzeenak ere, horri buruz indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

Era berean, probetan zaintze- eta kontrol-lanetan aritzen direnek ere indarrean dagoen araudiaren arabera dagokien ordaina jaso ahal izango dute.

11.– Hautaketa-prozesua.

11.1.– Hautaketa-prozesua.

Prozesua oposizioa edo oposizio-lehiaketa izan daiteke, dagozkion txandetan: irekia eta barne-promoziokoa, eta, hala badagokio, desgaitasuna duten pertsonentzako kupoak edo bestelako kupoak izan ditzake, deialdiaren oinarri espezifikoetan ezartzen duenaren arabera.

Hautaketa-prozesuetan, ezarri ahal izango da praktikaldi bat edo prestakuntza-ikastaro bat, deialdiaren oinarri espezifikoetan ezartzen duenaren arabera, eta indarrean dagoen araudian adierazitako iraupenarekin.

Eusko Legebiltzarrean deitzen diren hautaketa-prozesuetan aldi berean egin ezin den probarik badago, lehiatzaileek proba zer hurrenkeratan egingo duten zehazteko, legelari nagusiak zozketa publiko bat egingo du, eta zozketan ateratzen den hizkiak ezarriko du hurrenkera. Zozketaren emaitza Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Legebiltzarraren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektronikoetan argitaratuko da.

Desgaitasuna duten pertsonek denbora- edo bitarteko-egokitzapenak behar badituzte oposizio-aldiko ariketaren bat egiteko, eskabidean jakinarazi beharko dute, zer neurri zehatz behar dituzten adierazita.

Epaimahaiak ahalmena izango du eskatu diren denbora- eta bitarteko-egokitzapenak egiteko.

Halaber, hautaketa-probak garatu bitartean aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko, kalifikazio-epaimahaiak egokitu ahal izango ditu probak egiteko denbora- edo leku-baldintzak eta -inguruabarrak lehiatzaileak ezin badu proba egingo den lekura joan haurdunaldi, erditze, edoskitze, eriondo edo epaimahaiak askatasunez balioetsitako beste osasun-eragozpen larri batzuengatik. Inguruabar hori kalifikazio-epaimahaiari jakinarazi beharko zaio, proba egin baino lehenago, eta ziurtagiri mediko baten bitartez egiaztatu beharko da. Aldaketa-eskabideak kontuan hartzean, beharrezkotzat eta egokitzat jotako antolamendu-neurriak hartuko dira hautagai guztien lehia-berdintasunaren printzipioa bermatzeko.

11.2.– Oposizio-aldia.

Oposizio-aldia deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan adierazten diren hautaprobez osatuta egongo da. Nolanahi ere, hautaproba horien helburua izango da eskaintzen diren plazari dagozkion eginkizun eta zereginetan jarduteko behar diren ezagutzak eta trebetasunak ebaluatzea.

Nahitaez sartu beharko dira genero-berdintasunari buruzko gaiak, bai eta indarrean dagoen legediaren arabera nahitaezkotzat jotzen diren beste gai batzuk ere.

Hautaprobak nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira. Hala ere, oinarri espezifikoek ezar dezakete baztertzailea ez den hautaprobaren bat, eskaintzen den plazaren ezaugarrien arabera.

11.3.– Baldintza espezifikoak.

Langileen estatutuarekin eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoarekin bat etorriz, sartu ahal izango da oinarrietan ezen, oposizio-aldia gainditzeko, baldintza espezifiko batzuk egiaztatu beharko direla; hain zuzen ere, zerikusi objektiboa eta neurrizkoa dutenak eskaintzen diren plazetan egin beharreko eginkizun eta zereginekin, eta beharrezkotzat jotzen direnak lehiatzaileek eginkizun eta zeregin horietan jarduteko behar dituzten ezagutzak eta trebetasunak ebaluatzeko. Baldintza horiek informatika eta ofimatikari, hizkuntzei eta beste gai batzuei buruzkoak izan daitezke.

Halako baldintzarik badago, oinarri espezifikoetan zehaztuko da baldintza espezifiko horiek egiaztatzeko epea.

11.4.– Lehiaketa-aldia.

Lehiaketa-aldian, oposizio-aldia gainditu dutenek alegatu eta egiaztatu dituzten merezimenduak baloratuko dira.

Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da zer merezimendu baloratuko diren, eta zer baremoren arabera. Besteak beste, merezimendu hauek baloratu ahal izango dira: esperientzia eta antzinatasuna, titulazioak, hizkuntzak, informatika- eta ofimatika-ezagutzak, argitalpenak eta jasotako eta emandako prestakuntza, genero-berdintasunari buruzkoa barne.

Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren arabera, emandako zerbitzuengatiko esperientziaren barruan, baloratu ahal izango da, gehienbat, deialdiaren xede diren Eusko Legebiltzarreko lanpostuetan edo Legebiltzarreko Administrazioko beste lanpostu batzuetan izandakoa, eta esperientzia hori orokorra eta espezifikoa izan daiteke.

Lanbide-esperientzia eta antzinatasuna baloratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: lehenik, zenbat denbora egon den lehiatzailea eszedentzia-egoeran, senideak zaintzeagatik edo genero-indarkeriagatik; bigarrenik, zenbat denbora eman duen lehiatzaileak amatasuna eta aitatasuna babesteko edo bizitza pertsonala, familia eta lana erantzukidetasunez kontziliatzeko lanaldi-murrizketetan edo baimenetan; eta, hirugarrenik, emakumezko enplegatu publikoek zenbat denbora eman duten genero-indarkeriagatik baimenak baliatzen.

Euskara ez bada lanpostuan jarduteko betekizun, merezimendu gisa baloratuko da lehiaketa-aldian. Halaber, 4. hizkuntza-eskakizuna baino beheragokoa duten eta nahitaezkotasun-data igarota daukaten lanpostuetarako, oinarri espezifikoetan aurreikusi ahal izango da merezimendu gisa baloratzea lanpostuan eskatzen dena baino goragoko hizkuntza-eskakizunak edukitzea.

Organismo ofizialek edo homologatuek igorritako titulazioak eta ziurtagiriak baino ez dira baloratuko.

Nolanahi ere, merezimenduen balorazioaren pisua neurrizkoa izango da, eta ez da baztertzailea izango.

Epaimahaiak oinarri espezifikoetan ezartzen den baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak.

12.– Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

12.1.– Egiaztatze-erregimen orokorra.

Euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua (ETZEB) kontsultatu beharko da. Egiaztatutzat joko dira aipatutako erregistroan inskribatuta dauden eta deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoetan ondorio horietarako ezartzen dena baino lehenagoko egiaztatze-data duten hizkuntza-eskakizunak.

Aipatutako erregistroan jasota ez dauden euskararen jakite-mailari buruzko ziurtagiriak edo tituluak dituztenek horiek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ezartzen den eguna baino lehen.

Administrazio parlamentarioaren hizkuntza-eskakizunen ziurtagiri eta titulu baliokideak bi dekretu hauen arabera zehaztuko dira: 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, eta 47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

12.2.– Euskara-probak.

Euskara-probak deialdiko lanpostuei dagozkien hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egingo dira, hautaketa-prozesuko edozein unetan; hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa bidezkoa denean, merezimenduak baloratu aurretik egingo dira.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak denboran gertuen egindako deialdi bateratuetan egingo dira probak, zeinak garaiz iragarriko baitzaizkie dagokion proba egiteko asmoa eskabidean agertu duten lehiatzaileei.

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proba espezifikoak, bestalde, euskal administrazio publikoetako hizkuntza-eskakizunak arautzen dituen legeria orokorraren arabera egingo dira. Hala eta guztiz, epaimahaiak, lehiatzaile kopurua kontuan hartuta, edo aipatutako deialdi bateratuetan egitea posible ez denean, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari proposatu ahal izango dio proba egitea oposizio-aldia gainditu dutenei.

13.– Oposizio-aldia.

13.1.– Hasiera.

Oposizio-aldia osatzen duten ariketak ezin izango dira hasi harik eta hiru hilabete igaro arte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdia argitaratzen denetik.

13.2.– Argitaratzea.

Lehenengo ariketa egiteko data, ordua eta tokia 3. oinarriaren lehenengo paragrafoan ezarritako helbide elektronikoetan argitaratuko dira, ariketa-eguna baino bost egun lehenago gutxienez ere. Argitaratu ordez, lehiatzaileei zuzenean eta modu frogagarrian jakinarazi ahal izango zaizkie datuok, aurreko epe berean. Hurrengo ariketak lehen aipatu diren helbide elektronikoetan iragarriko dira, gutxienez 48 ordu lehenagotik bakoitza.

13.3.– Deialdia.

Deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonei dei bakarra egingo zaie ariketa bakoitzerako. Ariketara ez agertzea prozesutik kanpora uzteko arrazoi nahikoa izango da, non eta ezinbesteko arrazoiren bat izaten ez den; arrazoi hori behar bezala egiaztatuko da, eta epaimahaiak askatasunez erabakiko du aintzat hartu ala ez.

Prozesuan onartutakoek egin ditzakete hautaketa-probak, eta baztertu gisa azaldu arren gora jotzeko errekurtsoa jarri dutenek ere bai, proba egiteko unean oraindik ebazpenik jaso ez dutela egiaztatzen badute. Hautagai bakoitzak, nork bere burua identifikatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko du probetara.

13.4.– Berdintasuna eta hizkuntza aukeratzeko askatasuna.

Hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenen berdintasuna eta hizkuntza aukeratzeko askatasuna bermatze aldera, Eusko Legebiltzarreko zerbitzuek ariketen hizkuntza-bertsioen baliokidetasuna eta idazketaren kalitatea bermatuko dituzte.

Era berean, nahitaezkotasun-data igarota daukaten hizkuntza-eskakizunak dagozkien lanpostuetarako, euskaraz ulertu eta egin beharko diren ariketa batzuk edo ariketen zati batzuk ipini ahal izango dira, esleitutako hizkuntza-eskakizunaren mailan, betiere.

13.5.– Ariketen arteko tartea.

Arau orokor gisa, ariketa bat amaitzen denetik hurrengoa hasi arte 72 ordu igaro beharko dira, gutxienez; alabaina, oinarri espezifikoetan, edo epaimahaiak egoki irizten badio, ezarri ahal izango da ekitaldi berean ariketa bat baino gehiago egitea. Neurri hori epaimahaiak hartzen badu, kasu horretan ere 72 ordu lehenago eman beharko du horren berri.

13.6.– Anonimotasuna.

Probak zuzentzean, ahal denean, deialdiko plazak lortu nahi dituzten pertsonen anonimotasuna bermatzeko behar diren neurriak hartuko ditu epaimahaiak; gauza bera egingo du merezimenduak baloratzean, hala dagokionean.

14.– Oposizio-aldiko puntuazioen zerrenda.

Oposizio-aldiko proba bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak lehenbailehen argitaratuko ditu behin-behineko emaitzak, eta gehienez ere 10 egun balioduneko epea ezarriko du erreklamazioak egiteko, epaimahaiaren ebazpena argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Epe hori bukatu eta, erreklamaziorik egon bada, horiek ebatzi ondoren, gainditu dutenen puntuazioen behin betiko zerrenda argitaratzeko aginduko du epaimahaiak, betiere kontuan hartuta txanda (irekia edo barne-promoziokoa) eta parte hartzeko modalitatea (orokorra edo desgaitasuna dutenentzat gordetakoa).

15.– Merezimenduak eta eskakizunak alegatu eta egiaztatzea oposizio-lehiaketaren prozeduraren barruan.

15.1.– Epea eta modua.

Oposizio-fasea gainditu dutenen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea ezarriko da merezimenduak eta, hala badagokio, eskakizunak alegatu eta egiaztatzeko.

Oinarri espezifikoetan ezarriko da zer merezimendu baloratuko dituen epaimahaiak deialdi bakoitzean, eta zer baremoren arabera.

Merezimenduak egiaztatzeko, oinarri espezifikoetan aurreikusitako helbide elektronikoetan gainditu dutenen eskura egongo den inprimakia bete beharko da. Horrekin batera, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agirien kopiak bidali behar dira, oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritakoari jarraituz.

Merezimenduak baloratzeko fasean, ezein kasutan ez da baloratuko hautaketa-prozesu bakoitzaren oinarrietan aurreikusitako eskakizun espezifikoak betetzen dituela egiaztatu ez duen inor.

15.2.– Merezimenduen jabe izateko eta eskakizunak betetzeko erreferentziazko datak.

Alegatzen diren merezimenduen jabe izateko eta eskakizunak betetzeko erreferentzia-data, oro har, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da, salbu oinarri espezifikoetan euskara, informatika eta ofimatika, hizkuntza eta beste gai batzuetarako espresuki ezartzen diren kasuetan.

15.3.– Esperientzia.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuengatiko esperientzia honela egiaztatuko da:

a) Eusko Legebiltzarrean emandako zerbitzuak alegatu egin behar dira, eta Administrazioak ofizioz zenbatuko ditu.

b) Gainerako administrazio publikoetan emandako zerbitzuak alegatu eta egiaztatu egin behar dira. Administrazio bakoitzak erabakiko du zer eredu erabili, baina ziurtagiriak jatorrizkoa izan beharko du, eta lan egindako aldiak, kidegoa, aukera, eskala, klasea edo kategoria, lanpostuaren izena eta lan-aldi bakoitzean betetako eginkizunak zehaztu beharko ditu.

c) Oinarri espezifikoek ezarri ahal izango dute % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila duten pertsonen kasuan esperientzia gisa baloratzea praktikak, bekak eta antzeko tresna juridikoen bidez administrazio publikoetan lan egindako aldiak.

15.4.– Titulu akademikoak edo lanbide-titulu baliokideak.

Parte hartzeko baldintza gisa ezarritako titulazio akademikoak eskaera egiteko unean alegatu behar dira.

Oinarri espezifikoen arabera merezimendu gisa baloratuko diren titulazio akademikoak merezimenduak aurkezteko ezarritako 10 eguneko epean alegatu beharko dira (15.1 oinarria). Epe horretan, titulazioaren edo titulua eskuratzeko tasak ordaindu izanaren fotokopia soila aurkeztu beharko da.

Ez dira baloratuko lehiatzaileari jada baloratu zaion goragoko maila bateko titulazio bat lortzeko beharrezkoak diren titulazioak.

Eusko Legebiltzarreko langileen erregistroan titulazio akademikoak erregistratuta dauzkatenek horren berri eman beharko dute merezimenduak aurkezteko epean, baina ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Titulazioak erregistratuta egon arren ez badira epe barruan alegatu, epaimahaiak ez ditu baloratuko.

Tituluen homologazioa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua badago, tituluak baliokidetzat joko dira.

15.5.– Euskara.

Hizkuntza-eskakizuna merezimendutzat hartzen bada, 12. oinarriaren arabera egiaztatuko da.

15.6.– Hizkuntzak.

Oinarri espezifikoen arabera oposizio-aldia gainditzeko betekizun diren hizkuntza-titulazioak oinarri espezifikoetan adierazitako eguna baino lehen egiaztatu beharko dira.

Oinarri espezifikoen arabera merezimendu gisa baloratuko diren hizkuntza-titulazioak merezimenduak aurkezteko ezarritako 10 eguneko epean alegatu beharko dira (15.1 oinarria). Epe horretan, titulazioaren edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren fotokopia soila aurkeztu beharko da. Hizkuntza baten goragoko maila bateko ezagutzen egiaztapenak maila baxuagokoak barne hartzen ditu automatikoki; beraz, ez da beharrezkoa azken horiek egiaztatzea.

Eusko Legebiltzarreko langileen erregistroan titulazio akademikoak erregistratuak dituztenek horren berri eman beharko dute merezimenduak aurkezteko 10 eguneko epean (15.1 oinarria), baina ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Titulua erregistratuta eduki arren ez bada merezimenduak aurkezteko epearen barruan alegatzen, titulua ez da baloratuko.

Deialdietan kontuan hartuko diren hizkuntzen ziurtagiriak eta titulu baliokideak 3. oinarriko bigarren paragrafoan aurreikusitakoaren arabera daude zehaztuta.

15.7.– Informatika eta ofimatika.

Informatika- eta ofimatika-ezagupenak IT Txartelaren egiaztatze-sistemaren bidez egiaztatuko dira, salbu eta hautaketa-prozesuetako oinarri espezifikoek kontrakoa ezartzen dutenean edo IT Txartelaren egiaztatze-sistema horretan sartu gabeko informatikako eta ofimatikako ezagupenak eta programak direnean; kasu horietan, oinarri espezifikoetan ezarritako moduan egiaztatuko dira.

Informatikako eta ofimatikako goragoko maila bateko ezagutzen egiaztapenak maila baxuagokoak barne hartzen ditu automatikoki; beraz, ez da beharrezkoa azken horiek egiaztatzea, eta ez du esan nahi maila baxuagoko ezagutzak bi aldiz baloratzen direnik.

Oposizio-aldia gainditzeko betekizun gisa ezarritako informatika- eta ofimatika-ezagupenak oinarri espezifikoetan adierazitako data baino lehen egiaztatu beharko dira.

Deialdi espezifiko bakoitzean merezimendutzat jotako informatika- eta ofimatika-ezagupenak merezimenduak aurkezteko epean alegatu eta egiaztatu beharko dira (15.1 oinarria).

Oinarri espezifikoetan jasoko da IT Txartelak lortzeko prozedura, bai eta, hala badagokio, Eusko Legebiltzarrari jo beharreko erregistroetara jotzeko baimena ematea ere.

Probak egin eta kalifikatzeko, ziurtagiria ematen duen organoak ezarritako arau orokorrei jarraituko zaie.

15.8.– Prestakuntza, hobekuntza eta irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera.

Oinarri espezifikoetan aurreikusitako moduan, baloratu ahal izango da Eusko Legebiltzarrak, Arartekoak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, beste administrazio publiko batzuek eta unibertsitateek antolatu edo homologatutako prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak gainditzea ikastaro horiek darabiltzaten gaiek zuzeneko lotura badute lortu nahi diren lanpostuen berezko eginkizun eta lanekin edo lanpostu horietan jarduteko beharrezko trebetasunekin.

Era berean, baloratu ahal izango da irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera, aurreko apartatuko modu berean. Jarduera horretan sartzen dira ikastaroak ematea; komunikazioak edo ponentziak aurkeztea kongresu, mintegi eta jardunaldietan; ikerketa-proiektuetan parte hartzea, eta argitalpenak.

Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroetako parte-hartzea edo irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera egiaztatzeko, irakasteari, asistentziari edo argitalpenari buruzko diploma edo ziurtagiria beharko da, dagokion erakundeak fotokopia soilean emana, eta bertan adierazi beharko da, nahitaez, ikastaro edo prestakuntza-jardueren iraupena eta zer egunetan egin diren. Ez da fotokopia konpultsaturik aurkeztu behar 15.1 oinarriko dokumentazioa aurkezteko fasera iritsi arte.

16.– Lehiaketa-aldiko puntuazioen zerrenda.

Alegatu eta egiaztatutako merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak kalifikazioen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu, kontuan hartuta txanda (irekia edo barne-promoziokoa), parte hartzeko modalitatea (orokorra edo desgaitasuna dutenentzat gordetakoa) eta deialdiko plazen hizkuntza-eskakizuna.

Dokumentazioa zuzendu behar duten lehiatzaileen zerrenda ere argitaratuko da, zehazki aipatuta zer merezimendu egiaztatu behar den ondo.

Zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epea izango dute interesdunek okerrak zuzentzeko eta egin nahi dituzten erreklamazioak egiteko.

17.– Azken kalifikazioa.

Lehiatzaile bakoitzaren azken emaitza zehazteko, oposizio-aldian lortutako puntuak batuko dira (oposizioko ariketa bakoitzean lortutakoen batura izango da); oposizio-lehiaketa denean, merezimenduen balorazioa gehituko da.

Emaitza eta kalifikazio guztiak 3. oinarrian adierazitako helbide elektronikoetan emango dira argitara.

18.– Hautatuen zerrenda.

18.1.– Azken kalifikazioen behin betiko zerrenda eta sailkapena.

Erreklamazioak aurkezteko epea eta merezimenduen zuzenketa egiteko epea bukatu eta, erreklamaziorik egon bada, horiek ebatzi ondoren, epaimahaiak sailkapen-ordena erabakiko du kasu bakoitzean, lorturiko puntuazioaren arabera. Sailkapen-ordena horrek hautaketa-prozesuan lehiatu diren eta probak gainditu eta eskakizun espezifikoak egiaztatu dituzten guztiak bilduko ditu.

Puntuazio-berdinketarik izanez gero, oinarri espezifikoetan berdinketa hausteko ezarritako irizpideen arabera ebatziko da.

Euskal administrazio publikoetan aplikatzekoa den legeria orokorrean emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz xedatutakoaren arabera, gaitasun-berdintasuna badago, emakumeei emango zaie lehentasuna emakumeak % 40 baino gutxiago diren Administrazioaren kidego, eskala, maila eta kategorietan, salbu eta lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu –betiere ezaugarriok sexua dela-eta diskriminatzaileak ez badira–, hala nola laneratzeko edo lanbide-sustapenerako zailtasunak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

Horretarako, lehiatzaileek gaitasun bera dutela joko da berdinketa ateratzen bada hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, behin proba guztiak egin eta baloratu eta dagozkion merezimenduak batu ondoren.

18.2.– Eskainitako plazen kopurua handitzea.

Deialdi bakoitzaren bidez egiten den eskaintzan jasotako plaza kopurua handitu ahal izango da promozio, erretiro, heriotza edo titularraren lanpostu-erreserba gabeko eszedentziagatik edo lanpostu-zerrendan lanpostu berriak, deialdikoen berdinak, finkatzearen ondorioz berritik sortuak izateagatik hutsik dauden plazekin.

Bai epaimahaiaren eskariz, bai bere ekimenez, Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak hutsik dauden lanpostuei buruzko txostena egin ahal izango du, zeinaren bidez handituko baita hautaketa-prozesuan esleituko diren plazen kopurua, eta zehaztuko zein txandari eta modalitateri atxikitzen zaizkien, hala badagokio.

18.3.– Lanpostuak esleitzea.

Bete beharreko eskakizun batzuk dituzten lanpostuak ez dira beteko, inola ere, eskakizun horiek bete dituztela frogatu ez dutenekin.

Barne-promozioko txandaren bidez sartzen direnek lehentasuna izango dute lanpostua aukeratzeko. Txanda bakoitzaren barruan, desgaitasuna dutenentzat gordetako modalitatearen bidez sartzen denak izango du lehentasuna lanpostua aukeratzeko, betiere aukeratu nahi duen lanpostu zehatzaren eginkizun espezifikoak betetzeko gaitasun psikofisiko nahikoa badu eta horretan jardutea eragozten dion desgaitasunik ez badu.

Gainera, epaimahaiak ezingo du proposatu bete beharreko plaza kopurua baino pertsona kopuru handiagoaren izendapena, salbu kasu hauetan:

a) Hautatuek, izendatuak izan baino lehen edo lanpostua hartu baino lehen, lanpostuari uko egiten badiote.

b) Lanpostua hartzeko unean lanpostu-erreserbarako eskubiderik gabeko eszedentzia eskatzen badute.

Kasu horietan, esleitu egingo dira hutsik gelditutako plazak, dagokien txandan eta, behar bada, dagokien modalitatean ere bai; eta, horretarako, epaimahaiak probak gainditu dituzten baina plazarik eskuratu ez duten lehiatzaileen zerrenda ordenatuarekin egindako zerrendaren lehentasuna erabiliko da.

18.4.– Euskararen nahitaezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuei dagozkien plazak.

Lehentasuna izango du nahitaezko hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuei dagozkien plazak betetzeak; beraz, kalifikazio onenak lortu dituztelako karrerako funtzionario izendatzeko proposatzen diren eta eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatua duten lehiatzaileen artean beteko dira.

Hizkuntza-eskakizun desberdineko plazak baleude, HE handiena dutenak esleituko lirateke lehenengo.

18.5.– Bete gabeko plazak.

Desgaitasuna dutenentzat gordetako plazaren bat edo batzuk bete gabe geratuz gero, gehitu egingo lituzkete, hizkuntza-eskakizun berekin, deialdi bereko txanda irekian bete beharreko plazak. Era berean, barne-promoziorako gordetakoetatik bete gabe geratutakoek gehitu egingo lukete txanda librea deialdi berean.

18.6.– Hautatutako lehiatzaileen zerrenda argitaratzea.

Behin betiko sailkapen-ordena eta hautatutako lehiatzaileen zerrenda argitaratuko dira 3. oinarriaren lehenengo paragrafoan adierazitako helbide elektronikoetan.

Desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasuna lortzeko asmoan aurrera egiteko helburuz, baldin eta haientzat gordetako modalitatetik aurkeztutako desgaitasundun lehiatzaileren batek dagozkion ariketak gainditzen baditu baina plazarik lortzen ez badu, eta, halaber, sarbide-sistema orokorreko beste lehiatzaile batzuek baino puntuazio handiagoa ateratzen badu, sarbide-sistema orokorrean sartuko da puntuazio-ordenaren arabera.

19.– Dokumentuak aurkeztea.

19.1.– Dokumentuen zerrenda.

Hautatutako pertsonen behin betiko zerrenda argitara eman ondoren, argitaratu eta hurrengo egunetik gehienez ere 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dituzte Antolaketa eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskatzen dizkien dokumentuak. Prozeduran zehar modu frogagarrian egiaztatu ez den dokumentazioa baino ez da aurkeztu beharko, edo eskatzaileek prozedura osoan zehar bete beharreko baldintza pertsonalei buruzkoa.

Aurkeztu beharreko dokumentuek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bestela, lokalizatzailea edo sinadura elektronikoa duten dokumentuak, hau da, dokumentu aldaezinak.

19.2.– Osasun-azterketa.

Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak osasun-azterketa egingo dio lehiatzaile bakoitzari, egiaztatzeko ezen dagozkion eginkizunak normal betetzea eragotziko duen eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela eta lanerako gai dela.

Desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako modalitatetik sartuz gero, Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak osasun-azterketa egingo dio lehiatzaileari, zehazteko ea lanpostuaren eta desgaitasunaren arabera gai den edo ez den. Behin betiko erabakia eman ahal izateko, Eusko Legebiltzarreko Prebentzio Zerbitzuak eskatu ahal izango du lehiatzaileari probaldia dakion lanpostua jabetzan hartu aurretik.

19.3.– Funtzionario publikoen egiaztatzea.

Lehendik funtzionarioak direnak salbuetsita egongo dira aurreko izendapena lortzeko egiaztaturiko baldintzak eta eskakizunak justifikatzetik. Aski izango dute aurkeztea dagokien Administrazioak emaniko ziurtagiria, beren egoera eta espediente pertsonalean adierazten diren gainerako inguruabarrak egiaztatzen dituena.

19.4.– Dokumentuak ez aurkeztearen ondorioak.

Ezingo dira izendatu aipatutako dokumentuak aurkeztu beharreko epearen barruan aurkezten ez dituztenak, ezinbesteko arrazoiren bat izan ez bada behintzat, ezta aurkeztutako dokumentuek erakusten dutenaren arabera oinarri orokor eta espezifikoetako eskakizunen bat betetzen ez dutenak ere. Horrenbestez, lehiatzaile horiei dagokienez, jarduketa guztiak baliogabetuta eta eraginik gabe geldituko dira, eta izendapenerako zituzketen eskubide guztiak galduta. Halakoetan, dagokion sailkapen-ordenan ezarritako lehentasunari jarraituz, eta deialdian parte hartzeko exijitzen diren eskakizunak egiaztatu ondoren, aurreko baliogabetze horren ondorioz, deialdiko lanpostu kopuruaren barruan sartzerik duen lehiatzaileak jasoko du izendapena.

20.– Izendatzea.

Dokumentuak aurkezteko epea bukatuta, epaimahaiak praktiketako funtzionario izendatzeko proposamena egingo dio Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Legebiltzarreko Mahaiaren erabakiaren bidez, hautatuak praktiketako funtzionario izendatuko dira karrerako funtzionario bihurtu aurretik. Erabaki hori Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

21.– Lanpostuaz jabetzea.

20. oinarriaren arabera izendatua denak izendatze-argitalpenean adierazitako egunean jabetu beharko du lanpostuaz, edo, argitalpen horretan zehaztu ez baldin bada, gehienez 15 egun naturaleko epean, izendapena Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egunetik kontatzen hasita. Epe hori beste 10 egun natural luzatu ahal izango da, izendatua izan denak eskatuta eta betiere arrazoi justifikaturik baldin badago.

Argitalpenean adierazitako datan edo, halakorik ez badago, ezarritako epearen barruan lanpostuaz jabetzen ez direnek beren eskubidea galduko dute besterik gabe. Halakoetan, 19.4 oinarrian adierazi bezala jokatuko da.

22.– Lan-poltsak.

Gainditu bai baina plazarik lortu ez dutenek deialdiko kategoriari dagokion lan-poltsa osatuko dute. Hala badagokio, antolaketa horretan sartu ahal izango dira lehenagotik dauden lan-poltsetan dauden pertsonak.

23.– Datuen babesa eta kudeaketa.

Eskabideetan emandako datu pertsonalak datu horiek emateak dituen helburuetarako bakarrik erabiliko dira: hautaketa-prozesua kudeatzea eta langileak aldi baterako kontratatzeko eta bitarteko funtzionarioak izendatzeko eratzen diren lan-poltsak kudeatzea. Datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da honako arauek ezarritakoarekin: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio gehiago aurki daiteke honako helbide elektronikoan: https://www.legebiltzarra.eus/portal/eu/web/eusko-legebiltzarra/datuen-babesa/aurkezpena

Joko da deialdiko plazak lortu ahal izateko eskabidea egiten dutenek baimena ematen dutela segurtasun-neurriak behar dituzten eta hautaketa-prozesurako beharrezkoak diren datuak tratatzeko. Bestalde, baimena berariaz eman beharko da hautaketa-prozesuan sortutako poltsetan dauden datuak beste administrazio publiko batzuei lagatzeko, azken horien prozesuetarako bitarteko langileak hautatzeko.

Hautaketa-prozesuetan parte hartzen dutenen informazio-eskubideak bermatzeko, prozesuko zerrenden kontsulta Interneten bidez egin ahal izango da, 3. oinarrian adierazitako helbide elektronikoetan.

Eskabidean agertzen diren helbidea, telefono-zenbakiak eta posta elektronikoa baliozkotzat joko dira. Idatziz jartzean egindako akatsak eta edozein aldaketa epaimahaiari jakinaraztea eskabidea egiten duenaren erantzukizuna izango dira.

Egin beharko liratekeen jakinarazpenetarako, eskabide-orrian adierazten dena hartuko da helbidetzat, salbu eta geroago espresuki eta modu frogagarrian besteren bat adierazten bazaio deialdia egin duen agintaritzari. Alabaina, Eusko Legebiltzarreko langileen kasuan, ez badute eragozpenik, lantokia hartu ahal izango da helbidetzat.

24.– Azken arauak.

24.1.– Hautaketa-prozesuei aplikatzeko araubide juridikoa.

Oinarri orokorretan eta espezifikoetan aurreikusi gabekoetarako, hautaprobak honako arau hauek betez egingo dira: Langileen estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa, eta hura garatzeko arauak; osagarririk behar izanez gero, euskal funtzio publikoari buruzko legeria eta araudi osagarria, eta, halakorik ezean, enplegatu publikoei buruzko legeria orokorra, Legebiltzarreko funtzio publikoarekin bateraezina ez den neurrian.

24.2.– Aurkaratze eta errekurtsoen araubidea.

Deialdia, haren oinarriak nahiz horietatik eta epaimahaiaren jardunetik sortzen diren administrazio-egintzak eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabakiak aurkaratu ahal izango dira honako lege hauetan aurreikusitako kasuetan eta eran: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena.


Azterketa dokumentala