Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2022ko uztailaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3324

EBAZPENA, 2022ko uztailaren 18koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako administrari laguntzaileen eskalan enplegua finkatzeko prozesu berezian parte hartzeko onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrendak.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko maiatzaren 18an emandako Aginduaren bidez, oinarri orokorrak onartu ziren arautzeko nola bideratuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta haren organismo autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko maiatzaren 23an.

Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak 2022ko maiatzaren 18an emandako beste agindu baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako administrari laguntzaileen eskalako prozesu bereziko deialdia egin zen, eta prozesu horretako oinarri espezifikoak onartu ziren. Agindu hori ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2022ko maiatzaren 23an.

Hautaketa-prozesuari aplikatuko zaion 10. oinarri orokorrak ezartzen du ezen, hautaketa-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenden kontrako erreklamazioak egiteko epea igarota eta erreklamaziook ebatzita, IVAPeko Zuzendaritzak ebazpen bat emango duela, eta, hor, agindua emango dela argitara emateko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak. Zerrenda horietan, adieraziko da zein den hautagaiak baztertzeko arrazoia, hala dagokionean, bai eta hautagaiak zer modalitatetakoak diren, eta, finkatzeko prozesu berezien kasuan, zer txandatakoak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako administrari laguntzaileen eskalan enplegua finkatzeko prozesu berezian parte hartzeko onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda.

2. artikulua.– Agintzea onartutako zerrendak argitara eman daitezela hautaketa-prozesuko web-orriko Eskaerak eta hautaketa-prozesuen jarraipena atalean eta 7. oinarri orokorrean adierazten diren tokietan, hautaketa-prozesuan interesa dutenek zerrendok kontsulta ditzaten.

3. artikulua.– Identifikazio elektronikoko bitartekorik ez duten pertsona guztiei gogorarazten zaie BakQ txartela emateko gaitutako zentroetara jo dezaketela, baldin eta hautaketa-prozesurako eman zitzaien aldi baterako erabiltzailea baino ez badute. Izan ere, aldi baterako erabiltzaile hori erabilita, identifikazio elektronikoko bitarteko bat lortu ahal izango dute, hasiera-hasieratik egiteko hautaketa-prozesuko jarraipen elektronikoa.

Hala eta guztiz ere, prozesuko proba egin, eta norbere burua identifikatzen duten guztiek aukera izango dute identifikazio elektronikoko bitarteko bat lortzeko hautaketa-prozesuko jarraipena egiteko. Bitarteko hori lortzeko, instantzia aurkeztutakoan lortutako aldi baterako erabiltzailea erabili beharko dute.

4. artikulua.– Hautaketa-prozesuko proba Bilbao Exhibition Centren egingo da, Barakaldon, 2022ko irailaren 18ko 10:00etan.

Proba egitera joaten diren pertsonek nork bere burua aurkeztu beharko dute dokumentazio nahikoarekin (NANa, pasaportea, gidabaimena).

5. artikulua.– Gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, ez baitu agortzen administrazio-bidea; betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Errekurtsoa, bestalde, ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke, edo Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, ezetsitzat hartu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 18a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.


Azterketa dokumentala