Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2022ko uztailaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
3292

83/2022 DEKRETUA, uztailaren 5ekoa, zeinaren bidez enpresa txiki eta ertainei, banakako enpresaburuei eta profesional autonomoei finantza-laguntza emateko 2022ko programa garatzen baita, energiaren eta lehengaien prezioen igoerak eragin duen inpaktu ekonomikoari aurre egiteko.

2020an eta 2021ean, pandemiaren inpaktu ekonomikoari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzak ezohiko neurriak abian jarri zituen, krisi sanitarioak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarean aurreikusitakoaren arabera eragingo zituen kalteak arintzeko.

Hala, 2020an, honako hau onetsi zuen: 50/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2020ko programa garatzen duena, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko, zeina maiatzaren 19ko 67/2020 Dekretuak aldatu zuen.

Era berean, 2021ean, hauxe onetsi zuen: 106/2021 Dekretua, martxoaren 9koa, zeinaren bidez enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2021eko programa garatzen baita, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko.

Aipatutako dekretuen bidez gauzatutako finantza-laguntzako programek, finantza-erakundeekin formalizatutako lankidetza-hitzarmenekin batera, aukera eman zuten enpresa txiki eta ertainen, banakako enpresaburuen eta profesional autonomoen finantzaketa-eskaerari erantzuteko, likidezia-premiei eta zirkulatzailearen finantzaketa-premiei erantzun ahal izan ziezaieten.

Programa horien babesean 8.614 mailegu formalizatu ziren guztira (754 milioi euroko finantzaketa-bolumena). Hasieran maileguen epea 5 urtekoa zen, aukerako gabealdiko urte 1 barne, baina 2021ean aukera eman zen, enpresa onuradunek eskatuta, finantzaketaren epea 3 urtez luzatzeko, beste urtebeteko aukerako gabealdia barne. Horrela, formalizatutako guztietatik 4.398 mailegutan (478 milioi euro) finantza-baldintzak eta finantzaketaren epea aldatuta berritu ziren.

Aipatutako dekretuen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak maileguen finantza-kostua diruz lagundu zuen, eta ordainketa-interesen % 100 eta finantzaketaren abal-komisioaren % 50 ordaintzeko konpromisoa hartu zuen, eragiketak amaitu arte, betiere enpresek aldez aurretik ordainketa-betebeharrak betez gero.

Finantza-laguntzako programa horiek, administrazioak hartutako beste neurri batzuekin batera, 2020an eta 2021ean COVID-19aren inpaktu ekonomikoa arintzea ahalbidetu badute ere –eta enpresek pandemiaren aurreko jarduera-mailak neurri batean berreskura zitzaten lagundu–, 2022aren hasieran gertaera berriak izan dira, eta baliteke horiek dagoeneko hasitako susperraldi ekonomikoa baldintzatzea: hots, Errusiak Ukraina inbaditu izana ondorio nabarmenak izaten ari da enpresen eremuan, batez ere energiaren eta lehengaien prezioaren gorakadagatik, horren ondorioz gerta bailiteke diru-sarreren sorrera murriztea eta emandako finantzaketa behar den denboran eta moduan itzul dezaten baldintzatua egotea.

Eusko Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainei, banakako enpresaburuei eta profesional autonomoei laguntzen jarraitu nahi die, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarean garrantzi handia baitute.

Ildo horretan, Gobernu Kontseiluak, 2022ko apirilaren 12an egindako bilkuran, honako hau hartu zuen: «erabakia, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei buruzko aurrekontu-neurriak hartzeko». Erabaki horren neurri sortaren barruan, honako hau dago:

«Ekonomia eta Ogasun Sailak eskatuko du egin daitezela egin beharreko aldaketak arauetan, urtebetez handitu ahal izan dadin aipatu bi dekretu horien babesean formalizatutako eragiketen gabealdia (martxoaren 31ko 50/2020 Dekretua eta martxoaren 9ko 106/2021 Dekretua: dekretu horiek garatzen dute enpresa txiki eta ertainei, banako enpresaburuei eta profesional autonomoei finantza-laguntza emateko programa, hurrenez hurren 2020rako eta 2021erako, hartara COVID-19aren eragin ekonomikoari erantzutearren)».

Erabaki horren arabera, 2022ko finantza-laguntzako programaren helburua da, beraz, aipatutako dekretuen esparruan maileguak formalizatu zituzten eta 2022ko amortizazio-kuotak dituzten enpresa txiki eta ertainek, banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek jasotako finantzaketaren itzulketa urtebetez atzeratu ahal izatea, eragiketen hasierako epea aldatu gabe.

Finantza-laguntzaren neurri horri esker, enpresek eta enpresaburuek beren negozioetan sortutako cash-flowera egokitu ahal izango dute emandako finantzaketaren itzulketa.

Finantza-laguntzako programa berriak 2020an eta 2021ean adierazitako dekretuen esparruan formalizatutako indarreko maileguen zorroari baino ez dio eragingo, baina eragiketen epea, zenbatekoa eta finantza-baldintzak aldatzea ekarri gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak finantzaketa-kostuaren murrizketa diruz lagunduko du, ordainketak maileguen amortizazio-egutegi berrira egokituta.

Nobazio aldarazlea jasotzen duten finantzaketa-eragiketa guztiak Elkargi EBSk bermatuta daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak birfinkatzeko sistema bat ezarri die sozietate horrek abalatutako finantzaketa-eragiketei, baina nobazioak ez ditu hasierako baldintzak aldatuko.

Azaldutakoaren arabera, arau honek programan sartzeko baldintzak, enpresa eta pertsona onuradunak eta maileguen nobazio aldarazlea zuzenduko duten baldintzak arautzen ditu. Nobazio-eskaerak Elkargi EBSn eta finantza-erakunde laguntzaileetan izapidetzeko prozedura ere barne hartzen du.

Azkenik, Finantzen Euskal Institutuak, esleituta dauzkan egitekoak baliatuta, maileguen nobazio aldarazlea onartzeko aukera izango du, finantza-erakunde laguntzailea den aldetik.

Programa gauzatzeko, deialdi bakarra egingo da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren aginduz, eta bertan eskabideak aurkezteko epea eta modua adieraziko dira.

Horiek horrela, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak eztabaidatu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen bidez, 2022ko finantza-laguntzako programan sartzeko baldintzak eta prozedura ezartzen dira. Programa horren helburua da enpresa txiki eta ertainek, banako enpresaburuek eta profesional autonomoek 2020an eta 2021ean formalizatu zituzten maileguen nobazio aldarazlerako aukera izatea, honako dekretu hauen esparruan:

– 50/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2020ko programa garatzen duena, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko, zeina maiatzaren 19ko 67/2020 Dekretuak aldatu zuen.

– 106/2021 Dekretua, martxoaren 9koa, zeinaren bidez enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2021eko programa garatzen baita, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiteko.

Maileguen nobazio aldarazlearen bidez urtebete luzatuko da formalizatutako eragiketen amortizazio-gabealdia, betiere amortizazio-egutegiaren arabera enpresari edo onuradunari badagokio 2022an amortizazio-kuotak ordaintzea.

2. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunak.

1.– Dekretu honetan jasotako maileguen nobazio aldarazlerako aukera izango dute enpresa txiki eta ertainek, banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek, baldin eta, martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren eta martxoaren 9ko 106/2021 Dekretuaren esparruan formalizatutako maileguak indarrean izanik, 2022an amortizazio-kuotak ordaindu behar badituzte eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten ETEak, banakako enpresaburuak eta profesional autonomoak izatea, halakotzat honako baldintza hauek betetzen dituztenak harturik:

ETE-ei dagokienez:

– Jarduera ekonomikoren bat egitea.

– 250 langile baino gutxiago izatea.

– Urteko negozio-bolumena gehienez 50 milioi euro izatea, edo, bestela, urteko balantze orokorra gehienez 43 milioi euro izatea.

– Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin ez edukitzea % 25eko edo hortik gorako partaidetza, zuzenean zein zeharka.

Banakako enpresaburuei eta profesional autonomoei dagokienez:

– Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezian alta emanda egotea.

– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionaletatik datozen etekinak lortzea.

Aurretik adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, hemen ezarritakoa hartuko da kontuan: Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean (EBAO L 187/1, 2014/06/26) edo hura ordezkatu edo aldatzen dituzten xedapenetan eskatzen diren baldintzak, mikroenpresen, ETE-enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoak (erregelamendu horren arabera, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait laguntza-kategoria, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

b) Martxoaren 31ko 50/2020 Dekretuaren edo martxoaren 9ko 106/2021 Dekretuaren esparruan abalatutako eragiketa berandutze-egoeran ez egotea (90 egun baino gehiago ordaindu gabe).

c) Pertsona edo enpresa eskatzailea ez agertzea berankor gisa Espainiako Bankuaren Arriskuen Informaziorako Zentralaren fitxategietan.

d) Entitate abal-emaileak ez jasotzea finantza-erakundearen komunikaziorik jakinarazteko pertsona edo enpresa eskatzaileak eragiketa abalaturen bat ordaindu gabe duela nobazio aldarazlea formalizatu den egunean.

e) Pertsona edo enpresa eskatzailea ez dagoela kaudimengabezia kolektiboko prozedura batean eta ez dituela betetzen hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozedura baten pean egoteko betekizunak konkurtso-arauen arabera.

f) Abalatutako eragiketa dekretu hau argitaratu aurretik formalizatuta egotea.

2.– Enpresa eta pertsona onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 39. artikuluko 2. eta 4. apartatuetan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte.

3.– Halaber, maileguen onuradun diren enpresa zein pertsonek eta finantza-erakunde laguntzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta dirulaguntzen enpresa edo pertsona onuraduna izateko edo dirulaguntza-programak kudeatze aldera entitate laguntzaile izateko eskatutako gainerako betekizunak ere. Betebeharrei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoak ere.

II. KAPITULUA
MAILEGUEN ETA ABALEN NOBAZIO ALDARAZLEAREN EZAUGARRIAK

3. artikulua.– Finantza-erakunde laguntzaileekin hitzarmenak egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta programako finantza-erakunde laguntzaileek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte, enpresa eta pertsona onuradunen aldeko mailegu eta abalen nobazio aldarazlerako eragiketak formalizatzeko.

Finantza-erakunde laguntzaileen zerrenda deialdi-aginduaren bidez emango da argitara (dekretu honen 6. artikuluan aipatzen da agindu hori).

4. artikulua.– Abalaren nobazio aldarazlearen ezaugarriak.

1.– Elkargi EBSk emandako finantza-abalek enpresa eta pertsona onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, finantza-erakunde laguntzaileen aurrean; dekretu honetako 1. artikuluan zehaztutako maileguen nobazio aldarazletik eratorritako arriskuak, hain zuzen.

2.– Indarrean dauden abalen nobazio aldarazleak ez ditu horien finantza-baldintzak aldatuko; hori horrela, abalaren epemuga, hitzartutako abal-komisioa eta likidazioaren aldizkakotasuna bere horretan geldituko dira.

3.– EAEko administrazio orokorrak % 50eko dirulaguntza emango dio Elkargi EBSk enpresa edo pertsona onuradunari igorritako abal-komisioaren kostuari. Abalaren kostua diruz laguntzeko zenbatekoa Elkargi EBSri emango zaio, eta hark kudeatuko du dirulaguntza enpresa edo pertsona onuradunei ordain dakien. Ordainketa-prozeduraren xehetasunak Elkargi EBSrekin sinatuko den lankidetza-hitzarmenean jasoko dira.

4.– Indarrean dauden abalen nobazio aldarazlea formalizatzeko komisioa berritu beharreko zenbatekoaren % 0,25 izango da. Elkargi EBSk behin jasoko du hori enpresa eta pertsona onuradunen aldetik, nobazio aldarazlea formalizatzen den unean.

5.– Elkargi EBSk ez du komisiorik edo gastu gehigarririk aplikatuko.

5. artikulua.– Maileguen nobazio aldarazlearen ezaugarriak.

1.– Nobazio aldarazlearen xede diren maileguek printzipala amortizatzeko urtebeteko gabealdia izango dute, enpresa eta pertsona onuradunek aldez aurretik hala eskatuta.

2.– Indarrean dauden maileguen nobazio aldarazleak ez ditu horien baldintza finantzarioak aldatuko; hori horrela, eragiketen epemuga, maileguen polizan aurrez jasotako interes-tasa, likidazioaren aldizkakotasuna eta interes-tasaren seihileko berrikuspena bere horretan geldituko dira.

3.– EAEko Administrazio Orokorrak diruz lagunduko ditu dekretu honen babesean formalizatutako maileguen ordainketa-interesak, finantzaketaren finantza-kostua % 0 izan dadin enpresa eta pertsona onuradunentzat. Dirulaguntza finantza-erakunde laguntzaileei emango zaie, haietako bakoitzarekin sinatzen den lankidetza-hitzarmenean ezartzen den prozeduraren arabera, horretarako baldintzak betetzen dituzten enpresa eta pertsona onuradunei haren ordainketa kudea dezaten, betiere EAEko Administrazio Orokorrak egiaztatu ondoren.

4.– Indarrean dauden maileguen nobazio aldarazlea formalizatzeko komisioa berritu beharreko zenbatekoaren % 0,25 izango da. Finantza-erakundeek behin jasoko dute hori enpresa eta pertsona onuradunen aldetik, nobazio aldarazlea formalizatzen den unean.

5.– Maileguen nobazio aldarazleak ez du bestelako komisio edo gastu gehigarririk izango. Enpresa edo pertsona mailegu-hartzaileak aurretiaz kitatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

6. artikulua.– Deialdia eta emateko prozedura.

1.– Dekretu honek ezarritako finantzaketa-lerroa eskuratzeko, deialdia egingo da, eta deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz.

2.– Deialdia Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindu bidez egingo da, eta eskabideak aurkezteko epea eta modua eta gainerako prozedura-alderdiak zehaztuko ditu. Finantza-erakunde laguntzaileak ere jasoko ditu.

3.– Ondoz ondoko emakida-prozedura bati jarraituko zaio. Prozedura horretan, eskabideen arteko konparazio-ebaluaziorik egin gabe, eskabideak modu ordenatuan ebatziko dira –programan laguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen dituzten baino ez da begiratuko–, funtsak agortu arte.

4.– Deialdiak enpresa eta pertsona onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aurrekontu-baliabideen barruan egindako eskaerei erantzungo die.

7. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, eranskineko F1P inprimakian jasotako ereduaren arabera.

b) Erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2P inprimakia), eskabidean jasotako alderdien egiazkotasunari buruzkoa, bai eta 38/2003 Legearen 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzeari buruzkoa ere.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

d) 2020ari dagokion sozietateen gaineko zerga.

e) 2021eko balantzea eta galera-irabazien behin-behineko kontua.

f) 2022rako aurreikusitako galera-irabazien kontua.

g) Amortizazio-egutegia aldatzeko beharrak deskribatzen dituen memoria (eranskineko F3 inprimakia).

h) Hala uneko zerga-ekitaldian nola aurreko bietatik aurrera gaur egun arte jasotako laguntza publikoen aitorpena.

2.– Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, eranskineko F1A inprimakian jasotako ereduaren arabera.

b) Erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2A inprimakia), eskabidean jasotako alderdien egiazkotasunari buruzkoa, bai eta 38/2003 Legearen 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzeari buruzkoa ere.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen ziurtagiria.

d) 2020ari dagokion PFEZaren aitorpena, 2021eko PFEZaren aitorpenaren zirriborroarekin batera.

e) 2022rako aurreikusitako galera-irabazien kontua.

f) Amortizazio-egutegia aldatzeko beharrak deskribatzen dituen memoria (eranskineko F3 inprimakia).

g) Hala uneko zerga-ekitaldian nola aurreko bietatik aurrera gaur egun arte jasotako laguntza publikoen aitorpena.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak aurretik aipatutako aitorpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zehapen-araubidea –bai administratiboa eta bai penala– ezarriko zaio.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta organo kudeatzailea.

1.– Finantza Politikako Zuzendaritza da organo kudeatzailea, baina maileguen nobazio aldarazlerako eskabideak Elkargi EBSri bidaliko zaizkio, telematikoki, dekretu honi erantsitako F1P eta F1A ereduen arabera.

2.– Pertsona interesdunek atari honetan eskuratu ahal izango dute nobazio-eskabideak aurkeztearekin zerikusia duen informazio guztia: www.euskadi.eus.

9. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta maileguaren eta abalaren nobazio aldarazlea baimentzeko agiria formalizatzea.

1.– Elkargi EBSren ardura izango da aurkezten dituzten eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abalaren nobazio aldarazlea onartu aurretik. Eskabidea noiz aurkeztu den, sarrera-hurrenkera horri jarraituko zaio ebaluazioa egiteko garaian.

2.– Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 7. artikuluan zehaztutako agiri guztiak ez bazaizkio erantsi, Elkargi EBSk errekerimendua egingo dio enpresa edo pertsona eskatzaile interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, agindutakoa bete ezean eskabidean atzera egin duela ondorioztatuko dela ohartaraziko zaio.

3.– Elkargi EBSk Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinaraziko dio onartu ez diren eskabideen zerrenda, eskabidea ez onartzeko arrazoia adierazita. Hori ez da eragozpen izango Ekonomia eta Ogasun Sailak elkar bermatzeko sozietateari eska diezaion egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria.

4.– Elkargi EBSk autonomia izango du jaso dituen eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abal-jardueran eskuarki erabiltzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

Nolanahi ere, Elkargi EBSk, bere irizpide bereziak aplikatzea alde batera utzi gabe, konpromisoa hartzen du eskabidea egiten duten pertsona edo enpresei objektibotasunaren, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatzeko.

5.– Elkargi EBSk F4-Nobazioak agirian emango du baimen-proposamena, eta finantza-erakunde laguntzaileari igorriko dio. Finantza-erakundeak bere barne-prozeduren arabera eta bere autonomiaren esparruan aztertuko du eragiketa, eta, ondoren, hala badagokio, nobazio aldarazle hori formalizatuko du enpresa edo pertsona eskatzailearekin. Sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Elkargi EBSk enpresa edo pertsona onuradunari nobazioa onartu zaion edo ez jakinarazteko betebeharra alde batera utzi gabe, eta programaren kudeaketa errazteko, Elkargi EBSk finantza-erakundeei aurretiazko jakinarazpena egiten dienean, dagokion aldian Elkargi EBSk onartutako eskabideak elkartu ahal izango ditu jakinarazpen horretan, betiere F4-Nobazioak agirian jasotako oinarrizko datuak adierazita.

6.– Elkargi EBSk nobazio-eskabideei buruzko erabakia jakinaraziko dio Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, eta, ondoren, sailburuordeak F4-Nobazioak Baimentzeko Agiria ematearen aldeko administrazio-ebazpena emango du, baliozkotutako eragiketaren ezaugarriak zehaztuta. Era berean, ukatutako eragiketei dagokienez, sailburuordeak ukatu izana arrazoietan oinarritzen duen ebazpena emango du. Ebazpenak Elkargi EBSri jakinaraziko zaizkio, eta hark, berriz, pertsona edo erakunde eskatzaileari jakinaraziko dizkio, dagozkion ondorioetarako.

7.– Elkargi EBSk bai formalizatutako bai ukatutako nobazio-eragiketak jakinaraziko dizkio Ekonomia eta Ogasun Sailari, hark eskatzen dion aldizkakotasunarekin, eta hark ezarritako betekizunak betez eta hark eskatzen dizkion ereduak erabiliz.

8.– Finantza-erakundeek berritutako mailegu formalizatuen ordainketa-interesen likidazioak jakinaraziko dizkiote Ekonomia eta Ogasun Sailari, lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasunarekin, bertan ezarritako betekizunak betez eta bertan eskatzen diren ereduak erabiliz.

10. artikulua.– Laguntzak formalizatzeko epea eta ebazpen-organoa.

1.– Dekretu honetan aurreikusita dauden laguntzak 2022ko abenduaren 31 baino lehen eman eta formalizatu beharko dira.

2.– Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetza arduratuko da laguntzei buruz ebazteaz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez, eta pertsona eta erakunde eskatzaileei eta erakunde laguntzaileei jakinaraziko zaie ebazpen hori.

3.– 1. apartatuan aurreikusitako epea amaitutakoan ez bazaie pertsona edo erakunde interesdunei ebazpenik jakinarazi, administrazioaren isiltasunez ezetsitzat joko da eskabidea.

11. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunen erreklamazioak.

Erakunde eta pertsona eskatzaileek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte Ekonomia eta Ogasun Sailean Elkargi EBSren edo finantza-erakundearen jarduera dela eta. Erreklamazio horiek Finantza eta Aurrekontuetako sailburuak ebatziko ditu, elkar bermatzeko sozietateari eta dagokion finantza-erakunde laguntzaileari entzun ondoren.

12. artikulua.– Egiaztatzea eta ikuskatzea.

1.– Finantza-laguntzaren programa honetako enpresa eta pertsona onuradunek eta entitate laguntzaileek onartu egin beharko dituzte Ekonomia eta Ogasun Sailak eragiketa formalizatu eta gero egiten dituen egiaztapen-, ikerketa- eta ikuskapen-jarduketak.

2.– Baldin eta, aipatutako administrazio-jardueren ondorioz, egiaztatzen bada enpresak edo onuradunak eskabidean aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenen edukia okerra edo faltsua dela, eta horrek gerora agerian uzten badu ez dituela onuradun izateko baldintzak betetzen, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuak administrazio-ebazpena emango du, interesdunari entzun ondoren. Ebazpen horretan aitorpena ez dela efikaza deklaratuko du, ez eta, ondorioz, abala baimentzeko agiria ematearen aldeko ebazpena ere. Finantza eta Aurrekontuetako sailburuak emandako ebazpena alderdi interesdun guztiei jakinaraziko zaie (onuradunak, Elkargi EBS eta finantza-erakundea).

3.– Ez-betetze horrek edo beste edozein ez-betetzek berekin ekarriko du enpresa edo pertsona onuradunak maileguaren zenbatekoa aldez aurretik itzuli beharra, eta, autonomia-erkidegoko Administrazio Orokorrari, dirulaguntza gordin baliokidea itzuli beharra ere, egokiak diren interesak barne. Betebehar hori bete ezean, Elkargi EBSren abala betearazteko eskumena izango du finantza-erakundeak.

4.– Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzak finantza-laguntzaren programaren jarraipena egingo du, bai eta programa horretan lortutako emaitzen ebaluazioa ere, ezarritako neurriek programaren helburua bete ote duten egiaztatzeko, esan nahi baita lehengaien eta energiaren kostuak handitzeak enpresetan izandako inpaktu ekonomikoa arintzea.

13. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Eragiketek, ala dagokionean, estatuko minimis erregulatzeko arauek ezarritakoa beteko dute; honako hauetan bildutakoa, hain zuzen ere: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013/12/24); Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza-sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352/9, 2013/12/24), eta Batzordearen 20014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak arrantza-sektorean minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 190/45, 2014/06/28).

Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo entitate publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada handiagoa kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino.

2.– Pertsona edo enpresa onuradunek helburu bererako beste dirulaguntza edo laguntzaren bat jaso duten jakinarazi beharko diote Elkargi EBSri; halaber, hala uneko zerga-ekitaldian nola aurreko bi ekitaldietatik aurrera gaur egun arte jaso dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantzen Euskal Institutua.

Finantzen Euskal Institutuak, esleituta dituen eginkizunak garatuz, maileguen nobazio aldarazlea formalizatu ahal izango du, finantza-erakunde laguntzaile gisa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko uztailaren 5ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala