Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2022ko uztailaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
3003

AGINDUA, 2022ko ekainaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez 2022-2023ko ikasturtean Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezioak finkatzen baitira, bai eta prezioetan salbuespenak eta murrizketak izateko baldintzak ezarri ere.

Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 95. eta 96. artikuluetan arautzen ditu zerbitzu akademikoen eta gainerako eskubideen truke ordaindu behar diren prezio publikoak, eta adierazten du prezio horiek prezio publikoak direla eta, beraz, tasa eta prezio publikoei buruzko lege-ordenamenduan ezarritakoaren arabera arautuko direla.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginak –irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 30. artikulutik 35.era bitartekoetan arautzen ditu prezio publiko horiek finkatzean kontuan hartu beharreko irizpide orokorrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituen uztailaren 30eko 397/2013 Dekretuak 2. artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko sailek eta horien erakunde autonomoek prezio publikoak kobratu ahal izango dituztela dekretu horren eranskinean zerrendatutako zerbitzuen truke; horrez gainera, 3. artikuluan ezartzen du Ogasunean eskumena duen sailak txosten loteslea egin ondoren finkatu edo aldatuko direla prezio publikoen zenbatekoak, dagokion saileko sailburuaren edo prezio publiko horiek jaso behar dituen erakunde autonomoari atxikita dagoen saileko sailburuaren agindu bidez.

Hain zuzen ere, uztailaren 30eko 397/2013 Dekretuaren eranskineko 5. atalean aipatuta daude, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak (gaur egun, Hezkuntza Saila) prezio publikoak kobra ditzakeen zerbitzu eta jardueren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoak, titulu ofizialak lortzera daramatenak.

Goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzeaz gainera, eta inor ere arrazoi ekonomikoengatik unibertsitate-ikasketetatik baztertuta gera ez dadin, Gobernuak eta autonomia-erkidegoek, bai eta unibertsitateek ere, ikasleentzako beka-, laguntza- eta kreditu-politika bat egituratuko dute, eta unibertsitate publikoen kasuan, halaber, modalitateak ezarriko dituzte zerbitzu akademikoen truke prezio publikoak ordaintzetik guztiz edo hein batean salbuesteko. Halaxe dago araututa Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 45.4 artikuluan (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege hori). Kasu guztietan, arreta berezia eskainiko zaie mendekotasun eta desgaitasunen bat dutenei, bermatu egin behar baitzaie unibertsitate-ikasketetara sartzea eta bertan ikasi ahal izatea.

Arau hori betetze aldera, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 39. artikuluan biltzen ditu unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuen truke ordaindu beharreko prezioen salbuespenak eta murrizketak, baita legez ezarritako gainerako eskubideak ere, araudi-aurreikuspenen esparruan Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek baliatuko dituztenak. Era berean, artikulu horretan arautzen da prezio publikoak onartzeko aginduak edo akordioak salbuespen-baldintzak zehaztu ahal izango dituela, baita bestelako salbuespen oso edo partzial batzuk finkatu ere, betiere, inolako bereizkeria arbitrariorik ez dakartenean.

Era berean, araua egiteko prozedura izapidetzean, Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluaren aldeko txostena jaso da.

Beste alde batetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna Lortzekoa eta Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxistarik Gabe BIzitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera, agindu hau gauzatzerakoan, genero-inpaktuaren ebaluazioa egin da, eta 19. artikulutik 22. artikulura aurrez ikusita dauden prozedurak eta izapideak bete dira.

Hori guztia dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Titulu ofizialak eta berezko tituluak.

1.– 2022-2023ko ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezioak (titulu ofizialak lortzeko) agindu honen eranskinetan jasota dauden tarifetan adierazitakoak dira.

2.– Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu Euskal Herriko Unibertsitateko berezko tituluak lortzera daramaten unibertsitate-ikasketen prezioak.

2. artikulua.– Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitutako irakaskuntzak.

1.– Unibertsitateko gradu- eta master-irakaskuntzak.

a) Ikasgaien prezioen zenbatekoa lortuko da kreditu bakoitzaren prezioa gaiaren kreditu-kopuruarekin biderkatuz. Kreditu bakoitzaren prezioa kalkulatzeko, kontuan izango da, batetik, esperimentaltasun-maila, eta, bestetik, dagokion ikasgaian lehen, bigarren edo hirugarren aldiz matrikulatzen den (I. eta II. eranskinak).

b) Prezio bereizia duten unibertsitate-masterren eta gaikuntza-masterren zein loturiko-masterren kasuan, III. eta IV. eranskinetan zerrendatutako tarifak aplikatuko dira, hurrenez hurren.

c) Unibertsitate-master batean matrikulatutako ikasleak prestakuntza osagarri moduan krediturik egiten badu, kreditu horiei aplikatuko zaizkien prezio publikoak unibertsitate-master horri dagozkionak izango dira.

d) Ikasleak matrikulatu ahal izango dira komenigarritzat jotzen dituzten ECTS kredituetan, baldin eta Euskal Herriko Unibertsitatearen iraunkortasun-arauek matrikula-modalitate bakoitzerako (dedikazio osoa edo partziala) eta ikasturte bakoitzerako ezartzen dituzten gehieneko eta gutxieneko mugen barruan baldin badaude.

2.– Doktorego-irakaskuntzak.

a) Urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak ezartzen duenez, egiaztatutako eta baimendutako doktorego-programa batean onartutako ikasleek urteko matrikula formalizatuko dute V. eranskinean ezarritako prestakuntza eta jarraipenerako tarifen arabera eta VI. eranskinean ezarritako urteko tutoretza-matrikularen zenbatekoaren arabera.

Tutoretza partekatua arautzen duen hitzarmen bati lotuta dauden ikasleei hitzarmenean bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.

b) Doktorego-programa batean matrikulatutako ikasleak prestakuntza osagarri moduan krediturik egiten badu, kreditu horiei aplikatuko zaizkien tarifak izango dira prestakuntza osagarri horri dagokion unibertsitate-masterrarenak.

3. artikulua.– Beste zerbitzu batzuk.

Ebaluazio, proba, azterketa, titulu, egiaztagiri eta idazkaritza-eskubideen truke ordaindu beharreko prezio publikoak VI. eranskinean zehaztutakoak dira.

4. artikulua.– Irakaskuntzarik gabeko irakasgaiak.

1.– Desagerrarazi beharreko planen barruan irakaskuntzarik ematen ez den irakasgaietan edo ikasturte horretan ematen ez diren irakasgaien kasuan ere, irakasgaiaren kreditu bakoitzari dagokion prezioaren % 25 ordaindu beharko da.

2.– Unibertsitateak, bere baliabideekin, beste ikasketa-sistemaren bat eskaintzen badio ikasleari, kreditu edo irakasgai bakoitzari dagokion zenbateko osoa ordaindu beharko da.

5. artikulua.– Matrikula-eskubideak.

1.– Matrikularen prezioa ordaintzeak bi azterketa-deialditarako eskubidea emango du matrikulan zehaztutako ikasgai bakoitzeko, betiere, ikasturte beraren barruan. Hori hala izango da, baldin eta irakasgaiaren ezaugarri bereziengatik eta ikastetxeak ezarritako planifikazioarengatik besterik erabakitzen ez bada.

2.– Ikasketa-planetatik eratorritako bateraezintasun akademikoek mugatuko dituzte matrikulan jasotako ikasgaietarako edo, hala badagokio, kredituetarako azterketa- eta ebaluazio-eskubideak.

3.– Xedapen honetan jasotako matrikula-eskubidea gauzatzeak ez du aldaraziko ikastetxe bakoitzean bertako ikasketa-planetako ikasketa-beharrizanen arabera zehaztutako ordutegi orokorren araubidea.

6. artikulua.– Ohorezko matrikula.

1.– Kredituka egituratutako irakaskuntzetan, ohorezko matrikulagatik egiten diren murrizketak ikasketa berberen hurrengo matrikulan aplikatuko dira (graduko zein masterreko ikasketetan). Gainera, master ofizialen kasuan, graduko azken urtean ohorezko matrikularen kalifikazioa lortzen duten irakasgaien kredituek masterreko matrikularengatik gutxiago ordaintzea ekarriko dute, graduko prezioan, baldin eta master hori gradua bukatu eta hurrengo ikasturtean egiten bada.

2.– Plan zaharra plan berrira egokitzen bada, ohorezko matrikulaz gainditutako ikasgaiari esleitutako kreditu-kopuruaren araberako murrizketa aplikatuko da.

3.– Murrizketa horiek Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen kolektiboari besterik ez zaizkio aplikatuko, ez beste unibertsitate publiko eta pribatu batzuetatik datozenei.

4.– Batxilergoko ikasgaietan lortutako ohorezko matrikulek ez dute murrizketa-eskubiderik emango. Soilik kalifikazio globala ohorezko matrikula bada izango dute matrikula ordaintzetik salbuesteko eskubidea, unibertsitatea hasten duten lehen aldian.

7. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Ezarritako prezioak epe bakarrean ordaindu ahal izango dira matrikula egiten den unean, edo zenbateko berdinekin bi epetan; lehenengoa ordainduko da matrikula egitean eta bigarrena abenduan.

2.– Lau hilabeteka egituratutako irakaskuntzetan, unibertsitateak baimena eman ahalko du bigarren lauhilekoari dagokion matrikula lauhileko horren hasieran egiteko. Kasu horretan ez dira aplikatuko aurreko atalean aipatutako ordainketa-epeak.

3.– Era berean, ez dira aplikatuko 1. apartatuan aurreikusitako ordainketa-epeak, baldin eta ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 350 eurotik beherakoa bada.

4.– Matrikula formalizatzean, beka orokor bat eskatzeagatik prezioak ordaindu ez dituzten ikasleek dagokion prezioa epe bakarrean ordaindu beharko dute baldin eta beka hori ukatu bazaie, hartara eragotzi gabe ukatze horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea.

5.– Matrikularen prezioa osorik edo partez ez ordaintzeak espedientea geldiaraztea ekarriko du. Matrikula ordaindu ez duelako espediente akademikoa geldiarazita duen ikasleak unibertsitatearen aldeko zorra sortuko du, ordaindu gabeko kopuruaren hainbestean, eta hori ebazpen bidez ezarriko da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Unibertsitatearekin zorrak dituenak ezingo du haren zerbitzuez baliatu eta, bereziki, ez zaio beste ikasketarik egiten utziko, ez zaio titulu-agiririk egingo, ez ziurtagiririk, ez bere ikasketa-espedienteari buruzko informazio-oharrik, ez eta beste matrikularik egiteko aukera emango ere.

6.– Aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, master-ikasketetako ikasle berriek espedientea irekitzeari dagokion tarifaren zenbatekoa ordainduko dute, hala badagokio, irakaskuntza horretako onarpena (plaza-erreserba) baieztatzen denean.

8. artikulua.– Atxikitako ikastetxeak.

Dagozkion atxikitze-hitzarmenetan adostutakoa ezertan eragotzi gabe, atxikitako unibertsitate-ikastetxe edo -institutuetan ikasten duten pertsonek unibertsitateari ordainduko diote I., II., III. eta IV. eranskinetako tarifetan –ikasketen arabera– ezarritako prezioen % 25. Gainerako prezioak aurreikusitako zenbatekoan eta osoki ordainduko dira.

9. artikulua.– Ikasketak homologatzea.

1.– Espainiako titulu eta graduetarako homologazioa eskatu, eta, horretarako, gaitasun-proba edo proba orokor bat egin behar dutenek VI. eranskinean jasotako tarifa ordainduko dute. Prestakuntza-baldintza osagarri gisa zaintzapeko ikastaroren batera joan behar badute, dagozkion prezioak ordaindu beharko dituzte, ikastaro horien esperimentaltasun-mailaren arabera.

2.– Atzerriko goi-mailako hezkuntza-tituluen eta doktore maila akademikoaren arteko baliokidetasun deklarazioa eskatzen dutenek VI. eranskinean jasotako tarifa ordaindu beharko dute.

10. artikulua.– Baliozkotzea, aitortzea eta moldatzea.

1.– Titulartasun pribatuko zentroetan edo atzerriko zentroetan egindako ikasketengatik ikasgaiak baliozkotzea edo aitortzea lortzen dutenek unibertsitateari ordaindu beharko diote dagozkien eranskinetan jasotako tarifetan ezarritako prezioen % 25.

2.– Unibertsitate publikoetan egindako ikasketa ofizialak baliozkotzeak edo aitortzeak ez du kosturik sorraraziko, non eta ez diren atzerriko unibertsitate publikoak.

3.– Desagertzen ari den plan bat ezartzen ari den plan berrira moldatzeak ez die inolako gasturik ekarriko ikasleei.

4.– Unibertsitateko gradu- edo master-ikasketetan kredituak aitortzea lortzen duten ikasleek I., II., III. eta IV. eranskinetan ezarritako prezioen % 25 ordaindu beharko dute.

11. artikulua.– Familia ugariak.

1.– Familia ugariko ikasleek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, baldin eta familia ugaritzat aitortuta badaude, Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean jasota dagoen bezala.

2.– Tratamendua:

a) Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena, kategoria bereziko familia ugarietakoak badira. Salbuespena I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

b) Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuen truke ordaindu beharreko prezio publikoen ehuneko 50eko murrizketa, kategoria orokorreko familia ugarietakoak badira. Murrizketa I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

3.– Aurkeztu beharreko agiriak: dagokion foru-aldundiak edo arlo honetan eskumena duen administrazioak emandako titulu ofiziala, indarrean dagoena, eta familia ugarikoa dela aitortzen duena (kategoria ere adierazi behar da bertan); horrez gain, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria.

12. artikulua.– Terrorismoaren biktimak eta haien senideak.

1.– Terrorismoaren biktimek eta haien senideek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, baldin eta Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren arabera halakotzat aitortuta badaude.

2.– Salbuespenetarako, biktimaren senidetzat joko dira senar edo emaztea, edo antzeko afektibitate-harreman baten bidez iraunkorki bizikidetzat izan duena, eta biktimaren seme-alabak, edo legez familia-harrerako egoeran daudenak.

3.– Soilik terrorismoaren biktima izateari lotutako inguruabarren zioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizitzera joan behar izan duten pertsonek ere jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako murrizketa eta salbuespenak.

4.– Tratamendua: salbuespena, aipatutako azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 26. artikuluan arautua. Salbuespena I., II., III., IV., V. eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

5.– Aurkeztu beharreko agiriak: Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza Programara atxikita daudela adierazten duen ebazpena, indarrean dagoena. Horrez gain, biktima bera bada eskatzailea, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibiduala; eskatzailea senidea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboa.

13. artikulua.– Desgaitasuna duen pertsonaren bat daukan familia.

1.– Desgaitasuna duen pertsonaren bat daukan familia batek agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izan dezan, honako bi egoera hauetakoren batean egon beharko da: edo unibertsitate-ikasleak berak % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila izatea, edo horren zuzeneko senideren batek % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-maila izatea. Honako hauek hartzen dira zuzeneko senidetzat: ezkontidea edo berarekin iraunkorki bizi den pertsona (antzeko afektibitate-loturarekin), aita, ama, seme-alabak, neba-arrebak eta –otsailaren 18ko 3/2005 Legearen esparruan– harrerakoak direnak, baldin eta helbide berean erroldatuta badaude (3/2005 Legea, Haurrak eta Nerabeak Zaintzekoa eta Babestekoa).

2.– Tratamendua: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan. Salbuespena I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

3.– Aurkeztu beharreko agiriak: dagokion foru-aldundiaren edo arlo honetan eskumena duen administrazioaren ebazpena, indarrean dagoena eta minusbaliotasun-maila zehazten duena. Horrez gain, desgaitasuna duen pertsona bera bada eskatzailea, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibiduala; eskatzailea senitartekoa bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboa.

14. artikulua.– Genero-indarkeriaren biktima.

1.– Genero-indarkeriaren biktimek (halakotzat hartuta Indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio-mekanismoei buruzko martxoaren 1eko 29/2011 Dekretuaren arabera) eta egoitza berean bizi diren haren kargurako 25 urtetik beherako seme-alabek agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izango dute.

2.– Tratamendua: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan. Salbuespena I., II., III., IV., IV eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

3.– Aurkeztu beharreko agiriak: biktima bera bada eskatzailea, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze indibiduala; eskatzailea senidea bada, administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze kolektiboa. Kasu batean zein bestean, genero-indarkeriaren egoera egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da. Oro har, 5 urteko indarraldia hartuko da kontuan, egiaztapenean beste indarraldi bat zehazten ez bada. Norbait genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzeko, bitarteko hauek erabil daitezke:

– Emakumea genero-indarkeriaren biktima dela edo izan dela deklaratzen duen ebazpen judiziala.

– Biktimaren aldeko babes-agindua eta indarraldia.

– Fiskaltzaren txostena, babesteko agindua eman bitartean interesduna genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena.

– 2021eko azaroaren 11ko Berdintasuneko Konferentzia Sektorialaren Akordioak, genero indarkeriako egoerak egiaztatzeari buruzkoa, bere II. eranskinean zerrendatutako gizarte-zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo harrera-zerbitzuen txostena.

15. artikulua.– Nazioarteko babesaren eskatzaileak zein onuradunak eta aberrigabeak.

1.– Nazioarteko babesaren eskatzaileek zein onuradunek eta aberrigabeek agindu honetan araututako prezio publikoak ordaintzetik salbuestea lortu ahal izango dute, baldin eta maila bereko unibertsitate-titulurik ez badute.

2.– Tratamendua: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespena. Salbuespena I., II., III., IV., V eta VI. eranskinetan ezarritako prezioen gainean aplikatuko da.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentuak: administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria, eta hauetako agiri bat:

– Nazioarteko babesa eskatu izanaren frogagiria eta, hala badagokio, luzapenaren justifikazio-agiria.

– Asilo-eskatzailearen agiria, egiaztatzen duena eskaera izapidetzeko onartu dela (txartel gorria).

– Aberrigabearen estatutuaren eskaera edo onarpen-agiria.

– Ukrainatik alde egin duten pertsonentzako aldi baterako babesa lortzeko eskabidea aurkeztu izanaren frogagiria, babesa ematen duen ebazpena edo egoiliar txartela.

– Nazioarteko babesaren onuradunaren ziurtagiria: errefuxiatua edo babes subsidiarioaren onuraduna izatearen justifikazioa edo arrazoi humanitarioen ziozko bizileku-baimena.

16. artikulua.– Agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak emateko baldintzak.

1.– Agindu honetan araututako unibertsitate-zerbitzu akademikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoen salbuespen eta murrizketen onuradun izateko, interesdunek egoera jakin horretan egon beharko dute ikasturtearen hasieran, eta kasu bakoitzean beharrezkoak diren agiriak aurkeztu beharko dituzte. Data horretan egoeraren aitorpena izapidetzen ari bada, aitorpen- edo berrikuspen-eskaeraren kopia konpultsatua emanez egiaztatuko da.

2.– Horretaz gainera, agindu honetan ezarritako kasuetan, interesdunek 2022ko urtarrilaren 1ean zeukaten administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Hala badagokio, errolda-ziurtagiriak, etxebizitza berean bizi diren pertsona guztien zerrenda jasoko du.

3.– Betiere, 2022ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte agiriak.

4.– Ezarritako epean agiri horiek eman ezean, automatikoki baliogabetuko dira emandako onurak, eta salbuespena edo murrizketa aplikatu zaien unibertsitate-zerbitzuen prezio publikoak ordaindu beharko dituzte.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
GRADUKO UNIBERTSITATE-IRAKASKUNTZEN ESPERIMENTALTASUN-MAILAK

1. esperimentaltasun-maila: Biologia gradua (S), Biokimika eta Biologia Molekularra gradua (S), Bioteknologia gradua (S), Elikagaien Zientzia eta Teknologia gradua (S), Ingurumen Zientziak gradua (S), Erizaintza gradua, Farmazia gradua, Fisioterapia gradua, Geologia gradua (S), Medikuntza gradua, Giza Nutrizioa eta Dietetika gradua, Odontologia gradua, Kimika gradua (S).

2. esperimentaltasun-maila: Artea gradua, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak gradua, Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzea gradua, Sorkuntza eta Diseinua gradua, Fisika gradua (S), Arkitektura Oinarriak gradua, Ingurumen Ingeniaritza gradua (S), Ingeniaritza Zibila gradua (S), Meatzeen eta Energiaren Teknologia Ingeniaritza gradua (S), Ingeniaritza Elektrikoa gradua (S), Ingeniaritza Elektronikoa gradua (S), Ingeniaritza Elektroniko Industriala eta Automatikoa gradua (S), Arkitektura Teknikoa gradua, Energia Berriztagarrien Ingeniaritza gradua (S), Prozesu eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritza gradua (S), Industria Antolakuntzaren Ingeniaritza gradua (S), Industria Teknologiaren Ingeniaritza gradua (S), Ingeniaritza Informatikoa gradua (S), Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Ingeniaritza gradua (S), Itsasketa gradua (S), Ingeniaritza Mekanikoa gradua (S), Nautika eta Itsas Garraioa gradua (S), Ingeniaritza Kimikoa gradua (S), Ingeniaritza Kimiko Industriala gradua (S), Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza gradua (S), Psikologia gradua, Itzulpengintza eta Interpretazioa gradua, Automobilgintzaren Ingeniaritza gradua (S), Adimen Artifiziala gradua (S).

3. esperimentaltasun-maila: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza gradua, Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua, Ekonomia gradua, Haur Hezkuntza gradua, Lehen Hezkuntza gradua, Gizarte Hezkuntza gradua, Zerga Sistemako eta Administrazio Publikoa gradua, Geografiako eta Lurralde Antolakuntza gradua, Negozioen Kudeaketa gradua, Enpresen Kudeaketa eta Marketina gradua, Marketina gradua, Matematika gradua (S), Pedagogia gradua, Publizitateko eta Harreman Publikoak gradua, Gizarte Langintza gradua.

4. esperimentaltasun-maila: Gizarte Antropologia gradua, Politika Zientziako eta Kudeaketa Publikoa gradua, Kriminologia gradua, Zuzenbidea gradua, Ingeles Ikasketak gradua, Euskal Ikasketak gradua, Filosofia gradua, Artearen Historia gradua, Historia gradua, Filologia gradua, Kazetaritza gradua, Lan Harreman eta Giza Baliabideak gradua, Soziologia gradua.

(Ikus .PDF)

Gradu ofizialetako programazio bateratuko ikasketetan, STEM (S) esperimentaltasunaren prezioa soilik aplikatuko da bi ikasketak STEM baldin badira: Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza eta, Ingeniaritza Mekanikoko eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradu Bikoitza.

II. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO MASTER-IRAKASKUNTZEN ESPERIMENTALTASUN-MAILA

1. esperimentaltasun-maila: Osasun Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

2. esperimentaltasun-maila: Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

3. esperimentaltasun-maila: Ingeniaritza eta Arkitekturaren jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

4. esperimentaltasun-maila: Lege- eta Gizarte-zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

5. esperimentaltasun-maila: Artearen eta Giza Zientzien jakintza-alorrari dagozkion titulazioak lortzeko irakaskuntzak.

III. ERANSKINA
PREZIO BEREIZITA DUTEN UNIBERTSITATE-MASTER OFIZIALAK
iv. eranskina
GAIKUNTZAKO UNIBERTSITATE-MASTERRAK EDO LOTURIKO UNIBERTSITATE-MASTERRAK
V. ERANSKINA
99/2011 ERREGE DEKRETUAK ARAUTUTAKO DOKTOREGO-PROGRAMAK
VI. ERANSKINA
BESTE ZERBITZU BATZUEN TRUKE ORDAINDU BEHARREKO PREZIO PUBLIKOAK


Azterketa dokumentala