Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2022ko ekainaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2964

AGINDUA, 2022ko ekainaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimentzen baita DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao SL izeneko zentroaren instalazioak Bilboko Zorrotzaurreko Erriberako 2an dagoen Beta 1 eraikinera eramatea.

Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak irakaskuntza-eskumena du, eskumenaren luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, eta modalitate eta espezialitate orotan, eta, betiere, arau hauekin bat: Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria eta Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa –apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua–.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak –apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatuak– 86. artikuluan, esaten du ezen Espainian, modalitatea edozein dela ere, unibertsitateko goi-mailako atzerriko tituluak lortzeko irakaskuntzak ematen dituzten zentroak ezartzeko, lurralde horretako autonomia-erkidego eskudunaren baimena beharko dela.

Ildo beretik, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 62.4 artikuluak esaten du unibertsitateen arloan eskumena duen sailari dagokiola atzerriko hezkuntza-sistemen araberako irakaskuntzak ematen dituzten zentroak baimentzea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko martxoaren 29ko Aginduaren bidez –Hezkuntzako sailburuaren 2022ko urtarrilaren 10eko Agindu bidez aldatu baitzen–, baimena eman zen DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao, SL izeneko zentroa ezartzeko eta martxan jartzeko.

2021eko ekainaren 8an, DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao, SL zentroak kokalekua Erribera kalera eramateko baimena eskatu zuen; zehazki esanda, Bilboko Zorrotzaurreko Erribera kaleko 2an dagoen Beta 1 eraikinera.

Egindako eskabideari honako hauek aplikatu behar zaizkio: 420/2015 Errege Dekretua, maiatzaren 29koa, unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu, aitortu, baimendu eta egiaztatzen dituena; 330/1999 Dekretua, irailaren 21ekoa, beste herrialde batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistemak oinarritzat hartuta, Espainiako estatuko tituluekin homologatu ezineko unibertsitate-mailako ikasketak ematen dituzten ikastegien eraketa eta jarduna baimentzeko prozedurak eta baldintzak arautzen dituena; eta Unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu, aitortu eta baimentzekoa eta unibertsitate-zentroei akreditazio instituzionala emateko uztailaren 27ko 640/2021 Errege Dekretu berriaren lehenengo xedapen iragankorraren 3. apartatua.

Zehazki irailaren 21eko 330/1999 Dekretuaren 3.4.f) artikuluak honela dio:

Beste instalazio batzuetara aldatuz gero, Hezkuntza Sailak leku-aldaketa hori baimendu beharko du, instalazio berriak ikastegiak burutu beharreko jardueretarako egokiak direla ziurtatu ondoren, ikastegia eratzeko baimendutako baldintzetan betiere.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta Unibasq-en txostena eskuratu ondoren, ondorioztatu da behar bezala betetzen dela aurreko paragrafoan aipatutako artikuluan ezarritakoa, eta instalazio berriak ikastegiak burutu beharreko jardueretarako egokiak direla ziurtatzen dela, ikastegia eratzeko baimendutako baldintzetan.

Horiek horrela, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzaren txosten arrazoitua kontuan izanik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baimena ematea atzerriko hezkuntza-sistemen araberako irakaskuntzak ematen dituen DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao SL izeneko zentroaren instalazioak Bilboko Zorrotzaurreko Erriberako 2an dagoen Beta 1 eraikinera eramateko.

Bigarrena.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Baimen hau baldintza jakin batzuk beteta eman da; baldintza horiek aldatzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren baimena beharko da. Horretarako, baimena emateko kontuan izandako edozein zirkunstantzia aldatuz gero, Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari edo organo eskudunari jakinarazi beharko dio zentroaren titular den erakundeak. Aurrekoa betetzen ez bada edo baimena emateko kontuan izandako baldintza orokorrak aldatuz gero, baimena errebokatu egingo da.

2.– Zentroaren titular den erakundeak bere borondatez utzi ahal izango du jarduera, baina matrikulatuta daudenek, aprobetxamendu akademiko normal batekin arituta, ikasketak bukatzeko aukera izan dezaten behar beste denbora martxan izateko konpromisoarekin.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Laugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Horretaz gain, ongi iritzitako beste edozein errekurtso ere aurkez dezake.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 21a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala