Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2022ko ekainaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2961

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 15ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez bi dirulaguntza emateko deialdia egiten baita, 2022-2023ko aldian, administrazio publikoaren, zuzenbide publikoaren edo administrazio-zientziaren inguruko azterketak eta ikerketak egiteko.

Administrazio publikoa, zuzenbide publikoa eta administrazio-zientzia aztertu eta ikertzea ezinbesteko eta etengabeko eginkizun legez agertzen zaigu administrazio-jardunbideak definitzeko, horien plangintza egiteko eta ebaluatzeko.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea sortzeko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak organismo horri, besteak beste, xede hauek aitortzen dizkio: EAEko administrazio publikoek lege, finantzaketa eta estatistika arloetan dituzten berezitasunak ikertu, irakatsi eta zabaltzea; eta administrazio-zientzia ikertu, irakatsi eta zabaltzea, EAEko administrazioetan ezartzearekin batera.

Deialdi hau Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan gauzatzen den dirulaguntza-lerro bat da.

Oinarritzat hartuta bai aurreko deialdietako esperientzia, bai gizarte-zientzien inguruko ikerketan gaur egun dagoen errealitatea, pentsa dezakegu taldekako ikerketa gero eta garrantzitsuagoa dela eta hortik oso emaitza aberasgarriak lor daitezkeela. Batez ere, kontuan hartzen badugu orotariko pertsonen ekarpenez hornitzen dela, pertsona horiek ikuspuntu ezberdinak dauzkatela eta, bide horretan, aukera sortzen dela proiektu berean ikertze-ikuspegi ezberdinak aintzat hartzeko.

Hortaz, deialdi honetan bi dirulaguntza aurreikusten dira administrazio publikoaren, zuzenbide publikoaren edo administrazio-zientziaren inguruan azterketak eta ikerketak egiteko. Dirulaguntzok ikerketa-taldeei zuzenduta daude, bai dagoeneko sendotutako taldeei, bai ad hoc eratutako taldeei.

Hori horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Bi dirulaguntza emateko deialdia egitea, 2022-2023ko aldian, administrazio publikoaren, zuzenbide publikoaren edo administrazio-zientziaren inguruko azterketak eta ikerketak egiteko, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarri-arauen arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtso hori ebazpen hau eman duen organoari aurkez dakioke edo, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igarota erantzunik ematen ez bazaio, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertu beharko da, eta administrazioarekiko auzietako bidera joateko aukera irekita egongo da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 15a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

ERANSKINA
ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN, ZUZENBIDE PUBLIKOAREN EDO ADMINISTRAZIO ZIENTZIAREN INGURUAN, 2022-2023KO ALDIAN, AZTERKETAK ETA IKERKETAK EGITEKO BI DIRULAGUNTZA EMATEKO DEIALDIA EGITEN DUEN EBAZPENARENA
OINARRI-ARAUAK

Lehenengoa.– Helburua.

Deialdi honen helburua Administrazio Publikoaren, Zuzenbide Publikoaren edo Administrazio Zientziaren inguruko ikerketa sustatzea da, 2022-2023ko aldian honako hauei buruzko azterketak eta ikerketak egiteko bi dirulaguntza emanez:

a) Euskal erakunde eta administrazio publikoen eskumen-, erakunde- edo arau-esparrua.

b) Euskal erakunde eta administrazio publikoen antolakuntza, egitura edo funtzionamendua.

c) Euskal erakunde eta administrazio publikoen erakundeekiko eta gobernuekiko harremanak.

d) Kudeaketa publikoa edo/eta zerbitzu publikoa gure lurralde-eremuan.

e) Gure lurralde-eremuko edo beste lurralde-eremu ezberdin batzuetako ereduak, proposamenak eta esperientziak ekartzea, baldin eta horiek eragina izan badezakete gure erakundeak eta administrazioak hobetzeko; bereziki, oinarri honetan adierazitako gaietan.

Dirulaguntzak ikerketa-taldeei zuzenduta daude, eta esleipena egingo da norgehiagoka-prozeduraren araubidez, merezimenduen lehiaketa baten bidez, ebazpen honetako oinarrien eta aplikagarri diren arauen arabera.

Bigarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ikerketa sustatzeko bi dirulaguntzatarako deialdia egiten da eta horietako bakoitzak hogei mila (20.000) euroko ordainsaria izango du.

Betiere, dirulaguntzen zenbatekoa kobratzeko eskubidea baldintzatuta dago bukatutako ikerlanek jasoko duten baloraziora, hamabigarren oinarri-arauaren arabera.

Dirulaguntza horien esleipena eta jarraipenaren kudeaketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak egingo du.

Hirugarrena.– Parte-hartzaileen betekizunak.

Dirulaguntzak eskatu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ikerketa-taldea gutxienez bi ikertzailez osaturik egongo da. Taldea honelakoa izan daiteke: finkatua, edo deialdi honetan parte hartzeko aurkeztuko duen proiektuari ekiteko ad hoc eratua. Eskaeran espresuki adierazi beharko da taldearen kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa.

b) Ikerketa-taldearen partaide batek, gutxienez, administrazio-auzotartasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea 2021eko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik.

c) Ikerketa-taldearen partaide guztiek unibertsitate-titulu ofiziala izatea. Atzerrian eskuratutako tituluei dagokienez, dagokion homologazioa aurkeztu beharko da, eta, homologazio horren ezean, unibertsitateak edo agintari-akademiko eskudun batek emandako ziurtagiria aurkeztu behar du, alegatutako titulua eman zen estatuan unibertsitate-titulu ofiziala dela egiaztatzeko.

d) Ikerketa-taldearen partaide guztiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izango dituzte.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak automatikoki egiaztatuko ditu organo kudeatzaileak, dirulaguntza esleitu zein ordainketak egin aurretik. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, izaera hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

Laugarrena.– Baztertzeko arrazoiak.

Deialdi honetako dirulaguntzak eskatzetik kanpo geratuko dira honako hauek:

a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat, administrazio-zehapen edo penalen bat izan duten pertsona fisikoak. Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.

b) Dirulaguntza hauek edo Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikerketa sustatzearren deitutako bestelako dirulaguntzak hartu dituztenak, azken hiru urteetan. Epe hau dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da. Era berean, dirulaguntza hauek ezin izango dira bateratu proiektu bera egiteko beste edozein laguntza edo dirulaguntza publiko nahiz pribaturekin, doktore-tesiak egitera zuzendutako bekak eta dirulaguntzak barne.

c) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako beste kasuren batean dauden pertsonak.

Dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta organismo autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen prozedura. Era berean, dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da jasotako dirulaguntza itzultzea, baldin eta itzulketa-prozedura bat amaitzen denean horretarako ebazpena ematen bada.

Oinarri-arau honetan jasotzen diren baztertzeko arrazoiak taldeko eskatzaileren bati badagozkio, akatsak zuzentzeko epearen barruan, ikerketa-proiektua eta ikerketa-taldea egokitzeko aukera emango zaie, deialdian ezarritako betekizunetara egokitzeko. Zuzendu ezean, baztertzeko arrazoi horiek ikerketa-taldeko kide guztiei eragiten dietela ulertuko da.

Bosgarrena.– Eskabideak: aurkezteko epea eta modua.

1.– Aurkezteko modua.

Dirulaguntza hauek eskuratzeko eskabideak, ahal dela, izapidetze elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, arau hauekin bat etorriz: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua.

Izapidetza egiteko helbide elektronikoan eskainitako eskabidea egiteko inprimakiak nahitaez erabili beharko dira, eta erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dituzte: laugarren oinarri-arauan zehazten diren inguruabarrak –deialdian parte hartzea eragozten duten inguruabar gisa– aldi berean gertatzen ez direla adierazten dutenak, bai eta administrazioak eskakizunak eta merezimenduak egiaztatzeko emandako baimenak ere.

Helbide elektroniko honetan izapidetuko dira eskabideak elektronikoki: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0030309

2.– Aurkezpena egiteko baldintzak.

Eskabideak izapidetzeko, identifikazio eta sinadura elektronikorako Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoan onartutako edozein bitarteko erabili ahal izango da. Bitartekok helbide honetan kontsultatu ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Deialdian ezarritako parte-hartzaileen betekizunak eta baloratzen diren merezimenduen alegazioa eta egiaztapena:

3.a) Deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla justifikatzeari buruzko nahitaezko agiriak.

3.a.1.– Eskabideekin batera, ikerketa-taldeak honako nahitaezko agiri hauek aurkeztu beharko ditu beti:

3.a.1.1.– Currículum vitaea.

Apartatu hauek izango ditu:

– Datu pertsonalak.

– Prestakuntza akademikoa.

– Ikerketa-lanarekin zerikusi zuzena duten argitalpen zientifikoak.

– Hizkuntzak.

Ikerketa-taldea osatzen duen pertsona bakoitzaren curriculuma aurkeztu beharko da. Eredu normalizatuan aurkeztu daiteke, besteak beste, eskabideak egiteko helbide elektronikoan dagoen eredu normalizatuan.

3.a.1.2.– Ikerketa-proiektuaren memoria.

Hau nahitaez eredu normalizatuan aurkeztu beharko da. Eredu hori interesdunek eskuragarri izango dute eskabideak egiteko dagoen helbide elektronikoan. Agiri horrek ezin izango ditu 10 orrialde baino gehiago izan.

Memoria honetan, berariaz adierazi beharko dira hauek:

– Izenburua.

– Proiektuaren identifikazioa (laburpena).

– Ikerketa-taldearen partaideak: identifikazioa, pertsona bakoitzak egingo duen lana eta jasoko duen dirulaguntzaren ehunekoa.

– Proiektua egitearen justifikazioa: zergatik eta zertarako.

– Proiektuaren helburuak.

– Proiektuak aztergaiari egiten dizkion ekarpenak.

– Ikerketaren faseak: horietako bakoitzaren helburuak eta zereginak.

– Metodologia: ikerketaren metodologia/k, ikerketarako aukeratutako aztergaia edo lagina, ikerketaren iturriak eta, hala badagokio, datu pertsonalak babesteko estrategia.

– Ikerketa-taldeak dituen baliabideak.

– Kronograma.

3.a.1.3.– Ikerketa-taldearen ordezkari bat izendatzea, ikerketa-taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina botere duena. Ordezkaritza egiaztatzeko, hala dela sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada. Ondorio horietarako, ordezkaritza egiaztaturik geldituko da apud acta ahalordetzearen bitartez egin bada, agerraldi pertsonala eginez edo Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Egoitza Elektronikoan agerraldi elektronikoa eginez, edo egoitza elektroniko horren ordezkarien erregistro elektronikoan (https://euskadi.eus/ordezkariak) inskribatu izana egiaztatuz.

3.a.1.4.– Unibertsitate-titulua, ikerketa-taldea osatzen duten pertsona bakoitzarena, titulu hori estatu honetatik at eskuratu baldin bada, ikerketa-taldeak aurkeztu beharko du homologazioa egiaztatzen duen agiria, edo dagokion unibertsitatearen edo aginte akademikoaren ziurtagiria, alegatutako titulua eman zen estatuan unibertsitate-titulu ofiziala dela jasotzen duena.

3.a.2.– IVAPek elektronikoki kontsultatuko edo eskuratuko dituen nahitaezko agiriak, bi salbuespenekin: alde batetik, ezinezkoa izatea IVAPek datua lortzea edo egiaztatzea –kasu horretan, ezintasuna egiaztatu ondoren, interesdunei eskatuko zaie aurkezteko–; bestetik, interesdunek berariaz aurka egiten badute, bosgarren oinarri honen 6. apartatuan adierazitako terminoen eta baldintzen arabera –kasu horretan, oinarri horretan adierazitako ondorioak aplikatuko dira–:

3.a.2.1.– Unibertsitate-titulua, ikerketa-taldea osatzen duten pertsona bakoitzarena, baldin eta estatu honetan eskuratu bada.

3.a.2.2.– Ikerketa-taldearen partaide batek, gutxienez, 2021eko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-auzotartasuna duela adierazten duen edo duten erroldatze-ziurtagiria edo ziurtagiriak.

Horretarako, eskabidean adierazi beharko da zein den baldintza hori beteko den taldeko pertsona.

3.b) Deialdi honen xede diren dirulaguntzak esleitzeko prozesuan baloratu daitezkeen merezimenduei buruzko dokumentazioa.

3.b.1.– Merezimenduen inguruko agiriei dagokienez, ikerketa-taldeak, eskabideekin batera, alegatu eta dagokien agiriak aurkeztu beharko ditu, gai hauei buruzko merezimendu direnean:

3.b.1.1.– Bosgarren oinarri-arau honetako 3.b.2.1 apartatuaren lehenengo paragrafoaren barruan gelditzen ez diren euskararen titulu eta ziurtagiriak.

3.b.1.2.– Autonomia erkidego honetan ofizialak ez diren hizkuntzak.

3.b.1.3.– Argitalpenak.

Bosgarren oinarri-arauko 3.b.1 apartatu honetan aipatutako merezimenduak, aintzat hartu ahal izateko, behar bezala egiaztatu beharko dira. Horrela egiten ez bada edo eskabideak aurkezteko epez kanpo aurkezten badira, merezimenduen egiaztagiriek ez dute baliorik edukiko.

3.b.2.– Ikerketa-taldeak alegatu behar ditu merezimenduen inguruko agiriak, eskabidearekin batera. IVAPek agiri horiek elektronikoki kontsultatuko edo eskuratuko ditu, bi salbuespen hauekin: alde batetik, ezinezkoa izatea IVAPek datua lortzea edo egiaztatzea –kasu horretan, ezintasuna egiaztatu ondoren, interesdunei eskatuko zaie aurkezteko–; bestetik, interesdunek berariaz aurka egiten badute, bosgarren oinarri honen 6. apartatuan adierazitako terminoen eta baldintzen arabera – kasu horretan, oinarri horretan adierazitako baldintza eta ondorioak aplikatuko dira–:

3.b.2.1.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Erakundeak emandako euskararen titulu eta ziurtagiriak.

Aurreko paragrafoaren barruan gelditzen ez diren euskararen titulu eta ziurtagiriak alegatu eta egiaztatuko dira, bosgarren oinarri-arau honetako 3.b.1.1 apartatuan adierazitakoaren arabera.

3.b.2.2.– Doktoregoa.

4.– Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluen arabera, eskabideak edo ikerketa-taldeak aurkeztu behar dituen nahitaezko agiriek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo horien edukia nahikoa ez bada, eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun baliodun dituela nahitaezko dokumentazioa osatzeko edo akatsa zuzentzeko; eta, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako administrazioak dagokion erabakia hartu eta jakinaraziko duela.

IVAPek eskuratu edo kontsultatu beharko dituen agiriak –bai nahitaezko agiriak izanda, bai ikerketa-taldeak alegatutako merezimenduen inguruko agiriak izanda–, IVAPek ezin baditu eskuratu edo kontsultatu, salbuespenez, interesdunari agiri horiek aurkeztea eskatu ahal izango zaio.

6.– IVAPek agiriak eskuratzeko edo kontsultatzeko, interesdunak aurka egitea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera, eta indarrean dagoen datu babesaren inguruko araudiaren arabera, IVAPek agiriak elektronikoki eskuratu edo kontsultatu behar dituen kasuetan interesdunak aurka egiteko espresuki adierazi beharko du. Kasu horretan, IVAPek dagokion agiria eskuratzearen edo kontsultatzearen aurka egiteko eskabidean dagoen laukitxoa markatu beharko du interesdunak.

Interesdunak adierazten badu deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzen alegazioari eta egiaztapenari buruzko dokumenturen bat edo batzuk IVAPek elektronikoki kontsultatzearen edo eskuratzearen aurka dagoela, pertsona horrek dokumentu horiek aurkeztu beharko ditu. Bestela, pertsona hori ezin izango da onartu deialdi honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko prozesuan.

Aitzitik, interesduna prozesuan baloratu daitezkeen merezimenduei buruzko dokumentuak IVAPek kontsultatzearen edo eskuratzearen aurka badago, merezimendu horiek ezin izango dira prozesu horretan baloratu, salbu eta interesdunak eskabideak aurkezteko aldian dagokion dokumentazioa aurkezten badu.

7.– Gainerako izapideak.

Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» apartatu berezira jo behar da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Seigarrena.– Eskabideen balorazioa: balorazio-baremoa.

Aurkeztutako eskabideak xede horretarako eratuko den balorazio-batzorde batek baloratuko ditu.

Esleitzeko baremoa hau izango da:

1.– Ikertzailearen curriculuma: gehienez ere, 20 puntu.

Ikerketa-taldea osatzen duten pertsonen ikerketa-kalitatea egiaztatzeko balioko du.

Curriculumaren balorazio-irizpideak hauek izango dira:

1.a) Doktoregoa: gehienez ere, 5 puntu. Pertsona bakoitzaren doktorego-tituluak batuko dira, aipatutako mugaraino, zehaztutako honen arabera:

– 2,5 puntu: doktorego bakoitzeko.

1.b) Ikerketaren helburuarekin zuzenki lotutako argitalpenak: gehienez ere, 8 puntu. Puntuazioa modalitate hauek baloratzetik lortuko da:

– Monografiak.

– Liburuen kapituluak.

– Aldizkarien artikuluak.

– Bestelako argitalpenak.

1.c) Euskara: gehienez ere, 5 puntu.

1.d) Bestelako hizkuntzak: gehienez ere, 2 puntu. Hizkuntza bakoitzeko puntu bat.

Hizkuntzak dokumentu bidez egiaztatu beharko dira, balorazioan kontuan hartzeko. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren arabera, ezagutza-maila C1 edo handiagoa izan beharko da.

2.– Ikerketa-proiektua: gehienez ere, 80 puntu.

2.a) Ikerketa-proposamenaren interesa: gehienez ere, 15 puntu.

Irizpide honetan baloratuko dira: proposatzen den ikerketaren beharra; horren izaera berritzailea eta ikerketak aztergaiari egiten dion ekarpena; eta lortutako emaitzen erabilgarritasuna edo/eta eragina, erakunde eta administrazio publikoetarako eta gizarterako.

2.b) Ikerketa-proposamenaren kalitatea: gehenez ere, 30 puntu.

Honako hauek baloratuko dira: proposatutako helburuek eta haien azalpenek dauzkaten interesa eta garrantzia; ikerketaren galderek eta, hala badagokio, proposatutako hipotesiek daukaten interesa.

2.c) Ikerketa-proposamenaren bideragarritasuna eta metodologia: gehienez ere, 30 puntu.

Honako hauek baloratuko dira: proiektua, lan-plangintza eta bere aldiak proiektuaren helburuei, ikerketa-galderei (eta, hala badagokio, hasierako hipotesiei) egokitzea; proposatutako planteamendu metodologikoak proiektuaren helburuei eta ikerketaren galderei egokitzea (eta, hala badagokio, hasierako hipotesiei); Plangintzak eta kronograma ikerketaren aldiei eta horien azalpenari egokitzea.

2.d) Ikerketa-proposamenaren argitasuna, zuzentasuna, ordena eta egitura: gehienez ere, 5 puntu.

Honako hauek baloratuko dira: proiektuaren garapena azaltzeko ideien argitasuna; proiektuaren azalpenak zuzentasunez eta argi idatzita egotea; ordena eta egitura egokia.

Balorazio-baremoko 2. apartatuan gutxienez 50 puntu lortu ez duten eskabideei ezin izango zaie inolako dirulaguntzarik esleitu.

Merezimenduak hobeki balioesteko egokitzat jotzen bada, elkarrizketa egin ahal izango zaie ikerketa-taldeak osatzen dituzten pertsonei.

Zazpigarrena.– Balorazio-batzordea.

1.– Eginkizunak.

Deialdi honen esparruan, balorazio-batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu:

– Aurkeztutako eskabideak baloratzea, dirulaguntzen esleipen-proposamena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzara helarazteko xedearekin.

– Esleipendunek egindako ikerlanen kalifikazioa, ikerketa-taldeari esleitu behar zaien diru-kopurua eta argitalpenaren inguruan esleipen-proposamena emateko helburuarekin, deialdiaren hamabigarren oinarri-arauan ezarritakoarekin bat etorrita.

2.– Osaera.

Honako hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:

Batzordeburua:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo hark izendatutako ordezkoa.

Batzordekideak:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpenen arduraduna edo hark izendatutako ordezkoa.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo hark izendatutako ordezkoa.

– Deialdian adierazten diren gaietako aditu bi, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuak.

Idazkaria:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo hark izendatutako ordezkoa. Idazkariak hitza eta botoa ditu.

Balorazio-batzordea osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadin. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da baldin eta sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

Edozein sexuri dagokionez, aurrean adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasun edo zailtasun hori arrazoituko da balorazio-batzordea osatzen duten aditu biak izendatzen dituen ebazpenean.

Halaber, balorazio-batzordeak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak edukiko ditu kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik elkarlanean arituko baitira balorazio-batzordearekin.

3.– Funtzionamendua.

Balorazio-batzordeak botoen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak. Kide anitzeko organoa den heinean, oinarri-arau hauetan berariaz jasotzen ez denerako, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 15-24 artikuluetan jasotakoa izango da araubidea.

Batzordeburua eta/edo idazkaria, edo izendatutako ordezkoa, balorazio-batzordearen bileraren batera agertu ezean, eta quorum nahikoa betetzen bada, bilerara azaldutako kideen gehiengoaz erabakiko da haien artean nork beteko dituen batzordeburuaren eta/edo idazkariaren eginkizunak.

Zortzigarrena.– Dirulaguntzak esleitzea eta onartzea.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak, ebazpen baten bidez, dirulaguntzaren esleipena egingo du, edo dirulaguntza horien esleipena erabat edo partzialki hutsik geratu dela adierazi.

1.– Esleipena.

Dirulaguntzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez esleituko dira. Ebazpenak honako hau jasoko du:

– Dirulaguntzen esleipendun gisa aukeratutako ikerketa-proiektuak, eta, hala badagokio, hutsik gelditu diren dirulaguntzak.

– Hala badagokio, ordezkoak izango diren ikerketa-proiektuen zerrenda.

Dirulaguntzak esleitzen dituen ebazpena, edo deialdia hutsik uzten duena, egun berean argitaratuko da bai deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, argitalpena egin den eta hurrengo egunetik aurrera sei hilabeteko epea igaro baino lehenago.

2.– Onarpena.

Dirulaguntza bakoitzaren onarpena esleipendun diren ikerketa-taldeen aldetik, egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) telematikoki aurkeztutako idatzi baten bidez jakinarazi beharko da, hamar egun balioduneko epean. Epe hori esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da. Argitalpen horiek egun berean egingo dira.

Lehenago aipatutako dirulaguntzaren onarpen-idatzian zehaztu beharko da taldekide bakoitzak zein ehunekotan parte hartzen duen ikerketa-proiektuan, dagozkion ordainketak egite aldera.

Balorazio-batzordeak esleipendunei egin ahal izango dizkie egoki iritzitako oharrak, ikerketa-proiektuaren memoria garatuko duen egin beharreko ikerlanari dagokionez.

Esleipendun diren ikerketa-taldeek dirulaguntza bakoitza onartzeak deialdi honetako oinarri-arauetan ezartzen diren baldintzak onartu beharra dakar; eta baita, ikerlanaren jarraipenari begira, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzak eman ditzakeen ebazpenak onartu beharra ere.

Bederatzigarrena.– Dirulaguntzen onuradunen betebeharrak.

Deitutako dirulaguntzak jasotzen dituztenen ikerketa-taldeen partaide guztik dirulaguntzen onuradun izango dira, eta, horregatik, betebehar hauek dituzte:

a) Deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituen ikerlana garatu, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean aurkeztu beharko dute; ikerlanak monografia bat izan behar du, eta dirulaguntzaren esleipena jaso zuen ikerketa-proiektuaren memorian proposatutako gaia garatu beharko du, memorian bertan azaldutakoaren arabera. Halaber, ikerketa-taldeko kide bakoitzak egingo duen lana ikerketa-proiektuaren memorian adierazitako moduan gauzatu beharko du.

b) Ikerlanaren justifikaziorako amaierako txosten bat egitea eta aurkeztea. Alde batetik, txostenak labur azaldu beharko du ikerketa-proiektuaren memorian ezarritako helburu orokorraren betetze-maila, bai eta, hala badagokio, helburu espezifikoena ere. Beste aldetik, erabilitako metodologia labur azaldu beharko du. Era berean, txosten horretan, ikerketa-taldeak azal ditzake komenigarritzat jotzen dituen zehaztasunak, bai emandako monografiari buruz, bai horrek ikerketa-proiektuaren memoriarekiko daukan egokitasunari buruz.

c) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin bildu beharko dira, hala eskatzen bazaie.

Era berean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arabera, dirulaguntza hauen jasotzaileen betebeharrak hauek ere izango dira:

a) Dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzea.

b) Dirulaguntza ematen duen erakundeari frogatu behar dio eskatzen diren beharkizunak eta baldintzak bete direla eta dirulaguntza emateko helburua den jarduera egin dela.

c) Erakunde emaileak beharrezko ikusten dituen egiaztatze-jarduketak onartu behar ditu jasotzaileak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren laguntza eta dirulaguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen kontrol-jarduketen esanetara egon behar du, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoenetara ere.

d) Erakunde emaileari jakinarazi behar dio bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu dituela helburu bererako, edozein dela ere administrazio edo erakunde emailea (publiko zein pribatu).

e) Dirulaguntza emateko kontuan hartu zen inguruabar objektibo zein subjektiboren bat aldatzen bada, erakunde emaileari jakinarazi behar dio.

Hamargarrena.– Dirulaguntza esleitu ondoren eskabidearen edota aurkeztutako proiektuaren aldaketak.

Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzetako edozein aldaketa izanez gero eta, nolanahi ere, helburu berarentzat beste administrazio edo ente publiko edo pribatuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak aldi berean jasoz gero, idatziz jakinarazi behar zaio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari; eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea honela:

1.– Emandako dirulaguntza galtzea dakarten dirulaguntzaren baldintzen aldaketak honako hauek izango dira:

1.a) Deialdi honetako oinarri-arauak osotasunean edo zati batean ez betetzea.

1.b) Datuak ezkutatzea, aldatzea, edo eskabidean edozein manipulazio egitea.

1.c) Ikerketa-proiektu berean beste erakunde publiko edo pribatuetatik datorren finantzaketa metatzea.

1.d) Ikerketa-proiektuaren edo ikerketa-taldearen osaeraren aldatzea, deialdian parte hartzeko nahitaezko baldintzak galtzea badakarte.

1.e) Esleipendunek ez mantentzea dirulaguntzak esleitzeko prozesuan puntuazioak emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk; galera hori prozesuaren hasieran gertatzen bada, dirulaguntza esleitzeko ezintasuna ekarriko du.

2.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aztertuko ditu ikerketa-proiektuaren aldaketa esanguratsuak eta ikerketa-taldearen osaerak izandako aldaketak, aldaketa horiek ezarritako baldintzak ez mantentzea edo esleipena egiteko behar den puntuazioa ez mantentzea ez badakarte; eta, horren ondorioz, erabakiko du emandako dirulaguntza –guztiz edo zatika– itzultzi behar den.

Hamaikagarrena.– Deialdiaren esparruan burututako ikerlanak aurkeztea.

Ikerlana orrialde zenbakiak jarrita aurkeztuko da, eta aurkibide bat izango du, edukien hasierako orrialde-zenbakia aipatzen duena. Ikerlana aurkeztuko da deialdi honen bederatzigarren b) oinarrian eskatzen den ikerlanaren justifikaziorako amaierako txostenarekin batera. Hori dena egoitza elektronikoko «Nire karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) aurkeztuko da.

Burututako ikerlanak eta horien inguruko justifikaziorako amaierako txostenak aurkezteko epea 2023ko urriaren 6an amaituko da.

Hamabigarrena.– Dirulaguntzak ordaintzea. Zenbatekoa zehazteko sistema.

1.– Ordainketak.

Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

1.a) Lehenengo ordainketa, bost mila (5.000) eurokoa, dirulaguntza onartzearekin batera. Zenbateko horrek ikerketa-jarduera garatu ahal izatea du xede, eta konturako ekarpenaren izaera du. Beraz, lehenengo ordainketa horretan jasotakoa baldintza suntsiarazlearen mendean dago; izan ere, azkenean aurkezten den lanak ez badu lortzen argitaratuta izateko edo liburutegian gordeta gelditzeko kalifikazio nahikorik, hurrengo lerroaldian adierazitakoaren arabera, lehenengo ordainketako diru-kopurua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari itzuli beharko dio ikerketa-taldeak.

1.b) Bigarren ordainketa, hamabost mila (15.000) eurokoa.

2.– Ikerlanen kalifikazioa eta dirulaguntzen bigarren ordainketa.

Bigarren ordainketaren zenbateko zehatza aurkeztu diren ikerketa-monografiek lortutako kalifikazioaren araberakoa izango da. Balorazio-batzordeak, monografien analisiaren ondoren, irizpide hauen arabera egingo du bere kalifikazioa, 10 puntu gehienez emanda:

2.a) Dirulaguntza lortzeko aurkeztutako proiektua betetzea: gehienez ere, 5 puntu. Irizpide honetan gutxienez 4 puntu lortu beharko dira, 2.b) irizpidean puntuazioa lortu ahal izateko.

Beraz, Balorazio-batzordeak 2.a) irizpide honetan 4 puntu baino gutxiago ematen baditu, monografiari dagokion kalifikazioa ez-gai izango da, eta, ondorioz, oinarri honetako 3.c) apartatuan ezartzen den bezala, ez du bigarren ordainketarik jasoko eta lehenengo ordainketan jasotakoa –konturako ekarpenaren izaera zeukana– itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

Irizpide honen barruan baloratuko dira:

2.a.1.– Monografiaren egokitzapena, aurkeztutako proiektuari dagokionez; bereziki, proposatutako helburuen garapenari dagokionez, helburu bakoitzaren garrantzia haztatuta, hala badagokio.

2.a.2.– Ikerketa-taldeko kide bakoitzak eta guztiak ikerketa-proiektuaren memorian bere gain hartutako konpromisoa betetzea.

2.b) Ikerlanaren kalitatea: gehienez ere, 5 puntu. Irizpide honen barruan baloratuko dira:

2.b.1.– Ikerketaren kalitate zientifikoa; planteamendu metodologikoen egokitzapena eta zuzentasuna.

2.b.2.– Ideien argitasuna, zuzentasuna eta monografiaren azalpenen zehaztasuna.

2.b.3.– Monografiak ikertutako alorrean proposatu dituen berrikuntzak.

2.b.4.– Lortutako emaitzen erabilgarritasuna nahiz eragina, erakunde- eta administrazio-teorian nahiz praktikan.

Balorazio-batzordeak ikerlanen kalifikazioaren proposamena igorriko du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaritzari. Proposamen horretan oinarrituta, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bidez, lanen kalifikazioa erabakiko da eta ondorioak ezarriko dira, oinarri honetako 3. apartatuan ezarritako aurreikuspenen arabera.

3.– Esleitutako dirulaguntza bakoitzak jasotako kalifikazioa eta bigarren ordainketaren zenbatekoa elkarloturik daude, honen arabera:

3.a) 8,5 edo hortik gorako puntuazioa jaso duten monografiek:

Hamabost mila (15.000) euro.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lan horiek argitaratuko ditu, deialdi honetako hamaseigarren oinarri-arauan ezarritakoarekin bat etorrita.

3.b) 5 eta 8,4 bitarteko puntuazioa (biak barne) jaso duten monografiek:

Aurkeztutako ikerlanari kalifikazio hau emateak ekarriko du lehenengo ordainketa –konturako ekarpenaren izaera zeukana– mantentzeko eskubidea aitortzea onuradunei, eta ez zaio egokiko bigarren ordainketaren diru-kopururik.

Halaber, lan hauek Eusko Jaurlaritzako liburutegian gordeko dira, deialdi honetako hamabosgarren oinarri-arauan ezarritakoarekin bat etorrita. Egindako ikerlana liburutegiko katalogoan sartuko da, irakurleentzat eta etorkizuneko ikertzaileentzat ekarpen baliagarriak dauzkan lan legez.

3.c) Ez-gai kalifikazioa (5etik beherako puntuazioa) jaso duten monografiek:

Ez dute bigarren ordainketarik jasoko eta lehenengo ordainketan jasotakoa –konturako ekarpenaren izaera zeukana– itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

Emandako dirulaguntza itzultzea, hala badagokio, honako arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikulua; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Hamahirugarrena.– Dirulaguntzei uko egitea.

Dirulaguntzari ikerketa-talde osoak uko egitea, egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, eta esleipenari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak galtzea ekarriko du. Ukoa beste izapiderik gabe onartuko da. Kasu horietan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariak erabakiko du, uko egitearen data kontuan hartuta, puntuazioaren hurrenkeraren araberako hurrengo talde ordezkoari dirulaguntza emango zaion.

Ikerketa-talde bateko kide baten edo batzuen aldetik ikerketa-proiektuari zati baten uko egitea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» apartatuan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko zaio, eta eskabidearen aldaketatzat joko da. Hortaz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ebaluatu beharko du, deialdiaren hamargarren oinarri-arauan jasotakoaren arabera, emandako dirulaguntza guztiz edo zati baten baliogabetu behar den zehazteko, baita jasotako zenbatekoen itzulketa gauzatzeko ere.

Hamalaugarrena.– Ikerlanak jabetza intelektualaren erregistroan inskribatzea.

Ikerketa-taldearen ordezkari gisa izendatutako pertsonak esleitutako ikerlana jabetza intelektualaren erregistroan jaso beharko du, ikerlana Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean jaso eta hurrengo egunetik aurrera urtebeteko epean, gehienez ere. Esandako epean inskripzioa egitea ezinezkoa bada, eta betiere epe hori igaro aurretik, jasotzaileak, arrazoiturik, agerian jarriko du ezintasuna. Lehen aipatutako urtebeteko epean inskribatzeko ezintasuna guztiz egiaztatzen den kasuetan, inskripzioa egiteko beste epe bat ireki ahal izango da.

Hamabosgarrena.– Eusko Jaurlaritzako liburutegian gordetako ikerlanak.

12.3.– oinarri-arauaren arabera, Eusko Jaurlaritzako liburutegian gordeko diren egindako ikerlanak, jabetza intelektualerako eskubideari buruzko arauei loturik baino ezin izango dira erabili.

Ikerlan horietako baten bat beste argitaratzaile edo argitaletxe batek argitaratzen badu, egileak argitalpen horren berri eman beharko dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eta bi ale bidaliko dizkio. Argitalpenaren berri eta bi aleak jaso eta gero, aldez aurretik liburutegian gordetako ikerlana kenduko da.

Hamaseigarrena.– Deialdi honen barruan egindako ikerlanak argitaratzeko eskubideak.

Dirulaguntza onartzeak berekin dakar Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari egile-eskubideak dohainik lagatzea, hamar urteko eperako eta edozein hizkuntzatarako, balorazio-batzordeak ikerlanari argitaratzeko kalifikazio nahikoa emanez gero. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak urtebeteko epean ikerlanaren argitalpena aurrera eramateko konpromisoa hartzen du; epe hori zenbatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak edo erakunde horren argitalpen zerbitzuen esleipendunak diren enpresek bete behar dituzten izapideak eta ez egileen ardura diren betebeharrak betetzeko denborak.

Egindako ikerlana beste lan zabalago baten atala bada, IVAPek eta lanaren egileek testua oso-osorik argitaratzea adostu dezakete; hori dela eta, egileek IVAPi lan osoa ustiatzeko eskubideak lagako dizkiote.

Edozein modutan ere, deialdi honetatik sortutako ikerlanen edizio guztietan, bai lan osokoa izanda bai zati batekoa, egileek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundetiko dirulaguntza eskuratu dutela adierazi behar dute.

Hamazazpigarrena.– Lan-kontratupeko lotura eza Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin.

Aipaturiko dirulaguntzak ez dakar inolako kontratu-loturarik Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta jasotzaileen artean.

Hamazortzigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiak eragina izan duen egunetik sei hilabete igarota, deialdiaren Interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez badago esleipena egiteko erabakirik argitaratuta, interesdunek ezezkotzat hartu beharko dute beren eskaera. Hori dena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluaren arabera.

Hemeretzigarrena.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: «Ikerketen sustapena».

– Arduraduna: IVAP.

– Helburua: deialdi hau kudeatzea eta ebaztea.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: ogasun publikoa eta zerga administrazioa. Esleipendunen datuak argitalpenetan agertu dira. IVAPeko zabalkunde-jardueretan agertu ahal izan dira aldizkari ofiziala.

– Eskubideak: interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/060200-capa2-eu.shtml

– Araudia: Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.


Azterketa dokumentala