
122. zk., 2022ko ekainaren 24a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (183 KB - 13 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKO LEGEBILTZARRA
2869
IRAGARKIA, Eusko Legebiltzarraren kontratazio-arauak argitaratzeari buruzkoa.
Mahaiak, 2022ko apirilaren 26ko bileran, erabaki du Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara daitezela kontratazio-arauak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 7a.
Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,
BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.
EUSKO LEGEBILTZARRAREN KONTRATAZIO-ARAUAK
Arau hauen xede nagusia da, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarraren kontratazio-araubidearen esparru orokorra ezartzea, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen berrogeita laugarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.
Erregulazio honek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 27.1 artikuluaren babesean ematen da, artikulu horrek ezartzen baitu Eusko Legebiltzarrak erabateko autonomia duela aurrekontu- eta administrazio-arloan. Nahiz eta Eusko Legebiltzarrak, manu horrek aitortzen dion autonomiaren babesean, legitimazioa duen bere kontratazioaren araubide juridikoa ezartzeko, Autonomia Estatutuaren beraren aplikaziotik eratortzen diren mugak baino ez baititu izango horretarako, arau hauek ez dute gai hori zehatz-mehatz arautu nahi, baizik eta erabaki dela araugintza-tratamendu espezifiko bat eskatzen duten alderdiak soilik jorratzea, betiere Eusko Legebiltzarraren antolamendu-berezitasunen eta berezko ezaugarrien arabera.
Ondorioz, honako erregulazio honetan aurreikusten ez den guztirako, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legea edo lege horren ordezko araudia aplikatuko da, salbu eta, Eusko Legebiltzarraren izaera berezia dela-eta, erakunde horren araubide instituzionalaren aurkakoa den.
Ideia horretatik abiatuta, kontratazio-arloan eskumena duten organoak, haien eginkizunak eta eskumenak eta beraien egintzen aurka egiteko araubidea zehazten dira. Kontratazio-espedientearen eta kontratuak adjudikatzeko prozeduraren alderdi batzuk ere jasotzen dira, Eusko Legebiltzarraren antolamendu-berezitasunei egokitutako tratamendu espezifikoa behar dutenak hain zuzen ere, bai eta beharrezkotzat jo direnak arlo horretako segurtasun juridikoa hobetzeko eta kontratazioaren kudeaketan esku hartzen dutenen jarduna errazteko ere. Era berean, kontratuen publizitatea eta formalizazioa ere arautzen dira, eta prozedura jakin batzuetarako xedapen espezifiko batzuk onartzen dira, bai eta prozedura horien izapidetzean finkatutako administrazio-jardunbide batzuk ere, dagoeneko jasota daudenak Eusko Legebiltzarraren aurrekontuaren kontura egiten diren erosketak arautzeko erregelamenduan, 2010eko urtarrilaren 19ko Mahaiak onartutakoan.
Aipamen berezia merezi du, Ganberaren autonomiaren erakusgarri gisa, Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Administrazio Auzitegia sortzeak; hain zuzen ere, kontratazio-prozeduraren berrikuspen-arloan espezializatutako kide anitzeko organo gisa eratuko auzitegi hori, eta haren osaeran kontuan hartu dira beren eginkizunak betetzeko kideek jarraitu beharreko independentzia- eta espezializazio-printzipioak.
Azkenik, arauen amaierako zatitik, hauek nabarmendu behar dira: irakaskuntza- jardueretarako kontratazio-araubideari buruzko xedapen espezifiko batzuk, lankidetza-hitzarmenak egiteko prozeduraren erregulazioa, eta, horrela, erregulazio horren bidez, arlo horretako segurtasun juridikoa hobetu nahi da, edo Eusko Legebiltzarrak Arartekoarekin batera izapidetzen dituen kontratazio-espedienteen berezitasunak. Era berean, Arartekoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Administrazio Auzitegiari atxikitzeko aukera eskatzea ere aurreikusten da honako arau hauetan.
I. KAPITULUA
KONTRATAZIOA KUDEATZEKO ARAUBIDE JURIDIKOA ETA ADMINISTRAZIO-ANTOLAMENDUA
1. artikulua.– Xedea eta aplikatu beharreko araudia.
1.– Arau hauen xedea da Eusko Legebiltzarraren kontratazio-araubidearen esparru orokorra ezartzea.
2.– Eusko Legebiltzarraren kontratazioa arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, eta, halakorik ezean, sektore publikoko kontratuen arloan indarrean dagoen legerian administrazio publikoentzat oro har ezarritako arauen arabera, betiere haren berezitasunek eta berezko ezaugarriek eskatzen dituzten egokitzapenak eginda.
2. artikulua.– Kontratazio-organoa.
1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaia da Legebiltzarreko kontratazio-organoa.
2.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, dena dela, kontratazio-organo gisa dagozkion ahalmen guztiak edo batzuk eskuordetu ahal izango dizkie Eusko Legebiltzarreko lehendakariari, legelari nagusiari edo Administrazio parlamentarioko zuzendariei.
3. artikulua.– Kontratazio-mahaia.
1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatutako kontratazio-mahaia iraunkorra izango da, eta honako osaera hau izango du:
a) Mahaiburua. Legelari nagusia izango da mahaiburu.
b) Mahaikideak:
1.– Zerbitzu Juridikoetako legelari bat, legelari nagusiak izendatua.
2.– Kontu-hartzailea.
3.– Kontratuaren xede den gaiaren arabera eskuduna den zerbitzuaren titularra, kontratua zein gairi dagokion kontuan hartuta.
c) Idazkaritza. Aurrekontu eta Kontratazio Zerbitzuko funtzionario bat izango da idazkari, legelari nagusiak izendatua, eta hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe jardungo du.
2.– Kargu hutsen, absentzien edo gaixotasunen kasuan, eta, oro har, justifikatutako arrazoiren bat dagoenean, honako ordezkapen-erregimen hau ezartzen da:
a) Zerbitzu Juridikoetako legelari bat izango da mahaiko lehendakari, eta legelari nagusiak izendatuko du kontratazio-mahaiaren mahaikide titular gisa.
b) Zerbitzu Juridikoetako legelaria, berriz, legelari nagusiak ordezko izendatutako legelari batek ordezkatuko du.
c) Kontratuaren xede den gaiaren arabera eskuduna den zerbitzuaren titularra, kontratua zein gairi dagokion kontuan hartuta, legelari nagusiak izendatutakoak ordezkatuko du.
3.– Kontratazio-mahaiaren bileretara bildu ahal izango dira, kontratazio-mahaiko lehendakariaren erabakiz, aztertu beharreko gaien izaeraren arabera beharrezkoak diren funtzionario eta aholkulari espezializatuak, eta haiek hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe jardungo dute.
4.– Kontratuaren ezaugarri eta inguruabar bereziek hala eskatzen dutenean, kontratazio-organoak, arrazoitutako akordio baten bidez, beste kide batzuk ere kontratazio-mahaian sartzea erabaki ahal izango du, edo kontratu horretarako berariazko kontratazio-mahai bat izendatu ahal izango du.
4. artikulua.– Aholkularitza teknikoko organoak.
1.– Prozedura ireki eta mugatuetan, balio-judizio baten mende dagoen kuantifikazioa duten irizpideen balorazioak automatikoki ebaluatu daitezkeen irizpideei dagokien haztapen bera edo txikiagoa duenean, bai eta prozedura ireki sinplifikatuetan ere, kontratazio-mahaiak eskatzen dituen txosten teknikoak kontratua proposatzen duen zerbitzuari ere agindu ahal izango zaizkio, edo Eusko Legebiltzarreko beste zerbitzu batzuetako funtzionarioei ere agindu ahal izango zaizkie, arrazoi teknikoengatik kontratu hori gauzatu badezakete, legelari nagusiak izendatuta.
2.– Prozedura ireki eta mugatuetan, baldin eta, salbuespen gisa, balio-judizioen mende dauden irizpideen balorazioak modu automatikoan ebaluatzen diren irizpideei buruzkoa baino haztapen handiagoa badu, balorazio hori kualifikazio egokia duten adituez osatutako batzorde bati egokituko zaio, zeinak, hain zuzen ere, gutxienez hiru kide izango baititu, eta kontratazio-organoak izendatuko ditu, legelari nagusiak proposatuta, kontratuak proposatzen duen arloaz edo unitateaz bestelako bati atxikitako funtzionarioen artean, edo, bestela, Eusko Legebiltzarraren berezko antolamendu-eremutik kanpoko kualifikazio egokia duten aditu batzuek osatutako batzorde bati.
3.– Kontratuaren ezaugarri eta inguruabar bereziek hala eskatzen dutenean, kontratazio-organoak, arrazoitutako akordio baten bidez, Eusko Legebiltzarretik kanpoko beste kide batzuk ere aholkularitza teknikoko organoetara sartzea erabaki ahal izango du, edo kontratu horretarako berariazko kontratazio-mahai bat izendatu ahal izango du.
5. artikulua.– Kontratazio-organoaren prerrogatibak administrazio-kontratuetan.
1.– Sektore publikoko kontratuen legerian administrazio publikoentzat ezarritako mugen barruan eta ondorioekin, kontratazio-organoak eskumena du Eusko Legebiltzarrak egiten dituen administrazio-kontratuak interpretatzeko, kontratu horiek betetzeak sortzen dituen zalantzak ebazteko, interes publikoko arrazoiengatik kontratuak aldatzeko, kontratua egikaritzearen ondorioz kontratistari egotz dakiokeen erantzukizuna deklaratzeko, kontratua egikaritzea eteteko, kontratua suntsiaraztea erabakitzeko eta suntsiarazpen horren ondorioak zehazteko.
Era berean, kontratazio-organoak kontratistek kontratua egikaritu bitartean garatzen dituzten jarduerak ikuskatzeko ahalmena du, sektore publikoko kontratuen legerian kontratu-mota bakoitzerako administrazio publikoentzat ezarrita dauden baldintzetan eta mugekin. Ikuskapen-ahalmen horiek ez dute inola ere ekarriko kontratazio-organoaren eskubide orokorrik, kontratistak bere jarduerak garatzen dituen instalazioak, bulegoak eta gainerako kokalekuak ikuskatzeko, non eta kokapen horiek eta beraien baldintza teknikoak ez diren kontratuaren xede diren prestazioak garatzeko erabakigarriak. Kasu horretan, kontratazio-organoak berariaz eta xehetasunez justifikatu beharko du hori administrazio-espedientean.
2.– Aurreko apartatuan aipatzen diren erabakiak, betiere, Zerbitzu Juridikoek irizpena eman ondoren hartu beharko dira. Erabaki horiek hartzeko izapidetzen den prozeduran, entzunaldia eman beharko zaie kontratistari eta abal-emaileari, hala dagokionean.
II. KAPITULUA
KONTRATATZAILEAREN PROFILA
6. artikulua.– Kontratatzailearen profila.
Eusko Legebiltzarrak bere kontratatzailearen profilean zabalduko ditu bere web orri instituzionalaren bidez eta, hala badagokio, atxikitzen zaion kontratazio-plataforman, lizitazio irekiak edo abian daudenak, lizitazio horiei buruzko dokumentazioa, kontratazio-mahaiaren aktak, kontratazio-organoaren erabakiak, eskaintzak baloratzeko txosten teknikoak, bai eta kontratazio-organoarekin harremantzeko erabil daitezkeen kontakturako puntuak eta komunikabideak ere, hori guztia gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzeko bidearen printzipioa Eusko Legebiltzarrean aplikatzeari buruzko 2016ko otsailaren 9ko Eusko Legebiltzarreko Lehendakaritzaren Ebazpen Orokorra betetze aldera.
III. KAPITULUA
KONTRATAZIO-PROZEDURA ETA KONTRATUAK FORMALIZATZEA
7. artikulua.– Kontratazio-espedientea: hasiera, edukia eta onespena.
1.– Kontratazio-espedientea kontratazio-organoaren erabaki arrazoitu baten bidez hasiko da, eta erabaki horretan kontratuaren beharra justifikatuko da.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, kontratazio-espedientea hasi aurretik, egin beharreko gastuaren zenbatekoaren kalkulu arrazoitua egingo du gaiaren arabera eskumena duen zerbitzuak, eta zehatz-mehatz zehaztuko du zein diren proiektatutako kontratuarekin bete nahi diren beharrizanak, bai eta premia horiek betetzeko xedea eta edukia egokiak direla ere. Hori guztia jasota utziko da kontratuari hasiera emateko erabakia prestatzeko dokumentazioan, eta hura legelari nagusiari helaraziko zaio, hala badagokio kontratazio-organoari aurkez diezaion dokumentazio hori, dagokion erabaki-proposamenarekin batera.
3.– Kontratazio-espedienteari, administrazio-klausula partikularren agiri bat gehituko zaio, kontratuaren alderdiek beren gain hartuko dituzten eskubideak eta betebeharrak zehazten dituzten itunak eta baldintzak jasoko dituena, bai eta preskripzio teknikoen agiria ere. Era berean, kontratazio-prozeduraren hautaketa justifikatuko da, sektore publikoko kontratuei buruzko legerian aurreikusitakoen artetik hautatua, bai eta adjudikazioaren oinarri izango diren irizpideak ere.
4.– Halaber, kreditua badagoela egiaztatzen duen ziurtagiria edo hura legez ordezten duen agiria aurkeztu beharko da, eta, hala badagokio, Kontu-hartzailetzaren aldez aurreko fiskalizazioa.
Kontratua egikaritzen hasi aurreko ekitaldian formalizatzen bada kontratu bat, administrazio-klausula partikularren agiriak adjudikazioa eteteko baldintzaren mende jarri beharko du kontratua, hau da, dagokion ekitaldian kontratua egikaritzearen ondorio diren betebeharrak finantzatzeko kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean.
5.– Administrazio-klausula partikularren agiriak onesteko, Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoen txostena beharko da aldez aurretik.
6.– Kontratazio-espedientea osatzen delarik, legelari nagusiak kontratazio-organoari helaraziko dio espediente hori, eta organo horrek, hala badagokio, ebazpen arrazoitu bat emango du, hura onetsiz eta adjudikazio-prozedura irekitzea xedatuz. Ebazpen horretan, dagokion gastua ere onetsi beharko da, non eta eskumen hori ez dagokion beste organo bati, beste erakunde batzuekin batera egindako kontratazioa delako; kasu horretan, organo eskudunaren onespena ere eskatu beharko da. Aurrekontua ezin izan bada aldez aurretik ezarri eta lizitatzaileek aurkeztu behar badute, beste organo horrek onetsi beharko du gastua.
8. artikulua.– Kontratuen adjudikazioa.
1.– Eusko Legebiltzarraren kontratuak, betiere, sektore publikoko kontratuei buruzko legerian administrazio publikoentzat ezarritako prozeduren bidez adjudikatuko dira.
2.– Kontratazio-mahaiak laguntza ematen dio kontratazio-organoari prozedura ireki eta mugatuetan kontratuak adjudikatzeko, bai eta prozedura negoziatuetan ere, prozedura horietan mahaia eratzea komenigarritzat jotzen denean.
3.– Aplikatzekoa den legerian ezarritakoaren arabera legokiozkeen beste eginkizun batzuk alde batera utzi gabe, adjudikazio-prozedurak izapidetzean, kontratazio-mahaiari egokituko zaio, kasu guztietan, lizitatzaileen gaitasuna eta kaudimena egiaztatzea, aurkeztutako proposamen teknikoak eta ekonomikoak aztertzea eta ebaluatzea, administrazio-klausula partikularren agirian ezarrita dauden balorazio-irizpideak aplikatuz, eta kontratazio-organoari eskaintzak sailkatzeko proposamena eta kontratua adjudikatzeko proposamena aurkeztea. Proposamen hori ez da loteslea izango kontratazio-organoarentzat, eta arrazoitutako ebazpen baten bidez aldendu ahal izango da hartatik.
4.– Lizitatzaileek aurkezten dituzten proposamenak irekitzeko ekitaldi publikoak kontratazio-mahaiko hiru kideren presentziarekin egin ahal izango dira, eta kide horien artean, legelari bat, kontu-hartzailea eta idazkaria egongo dira.
5.– Kontratazio-mahaiak, eskaintzen ebaluazioa egiteko eta txostenak eta proposamenak prestatzeko, beharrezkotzat jotzen dituen eta kontratuaren xedearekin zerikusia duten txosten tekniko guztiak eskatu ahal izango ditu.
9. artikulua.– Kontratuaren formalizazioa.
1.– Kontratuak administrazio-dokumentu batean formalizatuko dira. Nolanahi ere, kontratua eskritura publiko bihurtzeko eska dezakete enpresa kontratistek, eta, orduan, haien kontura izango dira eskritura publikoak egiteak sortutako gastuak. Kontratu txikietan 11. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
2.– Kontratuaren parte dira administrazio-klausula partikularren agiria eta preskripzio teknikoen agiria.
3.– Eusko Legebiltzarreko lehendakariari egokituko zaio kontratuak sinatzea.
IV. KAPITULUA
KONTRATUEN LUZAPENA
10. artikulua.– Kontratuen luzapena.
1.– Kontratuak luzatzeko, beharrezkoa izango da kontratazio-organoak berariaz hala erabakitzea, eta kontratua ezin izango da luzatu alderdien isilbidezko adostasunez; idatziz formalizatu beharko da.
2.– Kontratua luzatzeko izapidetzen den espedienteari, nolanahi ere, gaiaren arabera eskumena duen zerbitzuaren memoria erantsiko zaio. Memoria horretan, luzapenaren arrazoiak, zenbatekoa eta iraupen-epea zehaztuko dira, eta, hala badagokio, kontratuaren egikaritzea baloratuko da. Kreditua badagoela egiaztatzen duen ziurtagiria edo hura legez ordezten duen agiria ere erantsiko da, eta, hala dagokionean, kontratistaren berariazko adostasuna jasotzen duen agiria ere bai.
V. KAPITULUA
KONTRATU JAKIN BATZUEI APLIKA DAKIZKIEKEEN BEREZITASUNAK
11. artikulua.– Kontratu txikiak.
1.– Kontratu txikiek ezin izango dute urtebete baino gehiago iraun, eta ezin izango dira luzatu kontratu horiek, ezta prezioak berrikusi ere.
2.– Kontratu txikien gastu-proposamenekin batera, proposamena egin duen zuzendaritzaren edo zerbitzuaren txostena ere aurkeztu behar da, gastu hori egiteko beharra edo komenigarritasuna adieraziz. Halaber, proposamenak gastuaren zenbatekoa eta adjudikaziodun gisa proposatzen den hirugarrena adieraziko ditu.
Ahal dela, gastu-proposamenarekin batera, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztuko dira. Hiru eskaintza aurkeztea ezinezkoa bada, edo obra, hornidura edo zerbitzua hornitzaile jakin batek egitea komeni bada, arrazoiak proposamenari erantsiko zaion txosten batean adierazi beharko dira.
Gastu-proposamen guztietan, Kontu-hartzailetzaren aldeko txostena jaso beharko da, eta bertan, aurrekontu-izendapen nahikoa dagoela ere adierazi beharko da. Kontu-hartzaileak edo legelari nagusiak proposamenari eragozpenen bat jartzen badio, idatziz jasoko da eragozpen hori, eta proposamena egin duen pertsonari bidaliko zaio, hark azter dezan. Aurkeztutako eragozpenarekin ados ez badago pertsona hori, desadostasuna adieraziko du txosten arrazoitu batean. Hala eta guztiz ere, eragozpenari eusten bazaio, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak behin betiko ebazpena emango du.
3.– Gastu-proposamenaren onespena zuzendariei egokituko zaie, 2.000 eurotik beherako kopuruetarako; legelari nagusiari, kopuru hori 2.000 eurotik gorakoa eta 15.000 eurotik beherakoa bada; Legebiltzarreko Lehendakaritzari, 15.000 eurotik 24.000 eurora bitarteko kopuruetarako bada, eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiari, gainerako kasu guztietan.
4.– Aurreko apartatuetan adierazitako zenbatekoak BEZik gabe ulertuko dira.
5.– Gastu bat baimentzeko eskumena duen organoa izango da, halaber, gastu horrekin lotutako administrazio-egintzak onartzeko eskumena izango duena, hala nola administrazio-kontratuak ituntzea edo antzeko izaera duten beste batzuk.
12. artikulua.– Datu-baseetarako atzipena eta argitalpenetarako harpidetza kontratatzeko arau bereziak.
1.– Aldizkarietarako eta bestelako argitalpenetarako harpidetza, haien euskarria edozein dela ere, eta datu-base espezializatuetako informaziora atzipena izateko kontratazioa, haien zenbatekoa edozein dela ere eta erregulazio harmonizatuari atxikitako kontratuak ez badira, kontratu txikietarako ezarritako prozeduraren bidez egin ahal izango da, hornitzaileek aplikatzen dituzten baldintza orokorrei lotuta, ordainketa-formulak barnean direla.
2.– Kasu horietan, kontratu horiek arautzen dituzten baldintzetan aurreikusitako moduan ordainduko da prezioa. Eta posible izango da entrega egin edo prestazioa gauzatu aurretik ordaintzea, betiere hori baldin bada merkatuko ohitura.
3.– Arau honetan aipatzen diren kontratuak bitarteko elektronikoak, informatikoak edo telematikoak erabiliz egiten direnean, Eusko Legebiltzarra kontsumitzailetzat joko dira, informazioaren gizarteko zerbitzuei eta merkataritza elektronikoaren arloko zerbitzuei buruzko legerian aurreikusitako ondorioetarako.
13. artikulua.– Merkataritza elektronikorako arau bereziak.
1.– Banaketa- eta salmenta-bide bakarra merkataritza elektronikoa duten hornidura edo zerbitzu jakin batzuk eskuratzeko, eta 2.000 eurotik beherako zenbatekoan (BEZa salbuetsita) badira, hornitzaileek aplikatzen dituzten baldintza orokorrei lotuta egin ahal izango da eskuratze hori, ordainketa-formulak barnean direla. Eta posible izango da entrega egin edo prestazioa gauzatu aurretik ordaintzea, betiere hori baldin bada merkatuko ohitura.
2.– Arau honetan aipatzen diren kontratuetan, proposamena egin duen zuzendaritzak edo zerbitzuak merkataritza elektronikoaren bidez eskuratzeko beharra justifikatu beharko du kontratazio-espedientean.
VI. KAPITULUA
KONTRATAZIO-ARLOAN EMANDAKO EGINTZAK BERRIKUSTEKO ARAUBIDEA
14. artikulua.– Kontratazio-mahaiak eta Eusko Legebiltzarreko kontratazio-organoak emandako egintzak aurkaratzeko araubidea.
1.– Kontratazio-organoen ebazpenen aurka errekurtsoa jarri ahal izango da:
a) Legelari nagusiak emandakoen aurka, Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean, eta ondorio horietarako, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
b) Eusko Legebiltzarreko lehendakariak edo Mahaiak emandakoen aurka, aukeran, organo horren beraren aurrean edo zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren arabera.
2.– Kontratazio-prozedurako egintzei kontratazio-arloko errekurtso berezia jarri ahal izango zaie, baldin eta errekurtso hori bidezkoa bada sektore publikoko kontratuen legerian aurreikusitako baldintzetan.
15. artikulua.– Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Administrazio Auzitegia.
1.– Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Administrazio Auzitegia kontratazio-prozeduraren berrikuspen-arloan espezializatutako kide anitzeko organoa da, eta independentzia funtzional osoz jarduten du bere eginkizunetan.
2.– Auzitegi horrek bere eginkizuna beteko du Eusko Legebiltzarreko Mahaitik aterata errekurtsoa jar dakiekeen egintzei dagokienez.
3.– Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Auzitegia da organo eskuduna:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretik kontratazio-arloko errekurtso berezia aztertzeko eta ebazteko.
b) Kontratazio-arloko errekurtso berezia jarri aurretik, errekurtso hori jartzeko legitimatuta daudenek eskatzen dituzten kautelazko neurrien eskaerak aztertzeko eta ebazteko.
4.– Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Auzitegia honako kide hauek osatuko dute, hitza eta botoa izango dutenak: lehendakari batek eta bi kidek; haietako batek idazkari-lanak beteko ditu, eta guztiek zuzenbideko lizentziatura edo gradua izango dute.
Osaera hau izango du:
a) Euskal unibertsitateetako Zuzenbide Publikoko saileko titular den unibertsitate-irakasle bat, eta ordezko beste bat, gutxienez 10 urteko esperientzia duena administrazio-zuzenbideko edo kontratazio publikoko gaietan.
b) Eusko Legebiltzarreko bi legelari, legelari nagusiak proposatuta. Ordezkoa izendatu behar izanez gero, gorabehera hori gertatzen denean egingo da, betiere kontratazio-prozeduran parte hartu ez duten Legebiltzarreko legelarien artean.
c) Auzitegiko kideek hautatuko dute auzitegiko lehendakaria Eusko Legebiltzarreko legelari ez diren kideen artetik, hautatzen den horrek beteko baititu idazkari-lanak, eta hitza eta botoa izango ditu.
Legebiltzarreko Mahaiak, legegintzaldi bakoitzaren hasieran, Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Auzitegiko kideak izendatuko ditu, bai eta kargu hutsen, absentzien edo gaixotasunen kasuan, edo justifikatutako edo legez ezarritako arrazoiren batengatik, jardun behar duten ordezko kideak ere.
Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Auzitegiko kideen eta ordezkoen agintaldiaren iraupena kide eta ordezko horiek izendatzen diren legegintzaldia izango da, balizko berrautatzeari kalterik egin gabe eta izendatuak izan diren harreman juridikoa, kargua edo mandatua mantentzen badute. Aurrekoa gorabehera, beren agintaldia amaitzen duten auzitegiko kideek jardunean jarraituko dute, beste izendapen bat egiten den arte.
Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Auzitegiko kideen kargurako izendapena aldi berean bete ahal izango da izendatutako kidea atxikita dagoen lanpostuarekin.
Eusko Legebiltzarreko legelari bat Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Auzitegiko kide izateak ez du ordainsari-izaerarik. Eusko Legebiltzarrekoak ez diren kideak auzitegiaren bilkuretara joateagatiko kalte-ordainen araubidea Legebiltzarreko Mahaiak zehaztuko du.
Auzitegi horretako kideak independenteak eta mugiezinak izango dira, eta ezingo dira bota postutik, kausa hauetako batengatik ez bada:
a) Agintaldia iraungitzea.
b) Uko egitea eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak uko hori onartzea.
c) Betebeharrak modu larrian bete gabe uztea.
d) Askatasunaz gabetzen duen kondena bat jasotzea, edo enplegu edo kargu publikoa betetzeko erabateko desgaikuntza edo desgaikuntza berezia ezartzen duena, delitu bat dela medio.
e) Eginkizunak betetzeko ezgaitasuna sortzea gerora.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiari dagokio c) eta e) letretan aurreikusitako arrazoiengatik kargugabetzea, aldez aurretik espedientea ireki eta interesdunari entzun ondoren.
Auzitegiko kideak abstenitzeko eta, hala badagokio, errefusatzeko arrazoia da:
a) Epaitzen den kontratazio-prozeduraren kontratazio-agiriei buruzko txostena egin izana edo agiri horiei buruz zuzenean edo zeharka aholku eman izana.
b) Epaitzen den kontratazio-prozedurari dagokionez kontratazio-mahai bateko kide izan izana.
c) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako gainerako arrazoiak.
5.– Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Auzitegiak kontratazio publikoari buruzko araudian eta hura garatzeko arauetan horretarako ezarrita dagoen prozedurara egokituko du bere jarduna, egokitzat jotzen dituen zehaztapenekin.
6.– Auzitegia balio osoz eratutzat joko da lehendakaria eta idazkari-kidea edo lehendakaria eta idazkari-kidea ordezten dituztenak bertaratzen badira bilerara.
7.– Errekurtso berezia jarri aurreko iragarkia eta 14. artikuluko 1. apartatuko a) eta b) letretan aipatzen diren kontratazio-arloko erreklamazioak Eusko Legebiltzarreko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira.
8.– Auzitegiaren eta kontratazio-organoen edo erakunde kontratatzaileen arteko komunikazioak, ahal den guztietan, bitarteko informatiko, elektroniko edo telematikoen bidez egingo dira. Erabakiak auzitegiko kideen gehiengoak hartuko ditu, edo haiek ordezkatzen dituztenek.
9.– Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Auzitegiaren ebazpenek arrazoituak eta zuzenbidean oinarrituak izan beharko dute beti, eta administrazio-bidea amaituko dute. Ebazpen horien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino ezin izango da aurkeztu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.k) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
VII. KAPITULUA
KONTRATAZIO ZENTRALIZATUKO ETA BATERAKO KONTRATAZIOKO SISTEMEI ATXIKITZEA
16. artikulua.– Administrazio publikoen kontratazio zentralizatuko sistemei atxikitzea.
1.– Eusko Legebiltzarra kontratazio-sistema zentralizatuei atxiki ahal izango zaie, administrazio publikoek sistema horietan sartzen diren obra, zerbitzu edo hornidura guztietarako ezarritakoetara edo kategoria jakin batzuetarako ezarritakoetara, betiere dagokion hitzarmena sinatuz.
2.– Hitzarmen hori sinatzeko, Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren erabakia beharko da.
3.– Kontratazio zentralizatuko kanpoko sistemetara atxikitzen den kasuetan, Eusko Legebiltzarrak bere kontratazio-ahalmen guztiak mantenduko ditu, eta dagokion hitzarmenaren aplikazio-eremuan sartzen diren obra, zerbitzu edo hornidurak kontratatzeko, eskuratze-sistema zentralizatua erabiltzea edo indarrean dagoen legerian ezarrita dagoen beste edozein prozedura erabiltzea aukeratu ahal izango du.
Nolanahi ere, atxikitze-hitzarmena sinatu ondoren, hitzarmen horren aplikazio-eremuan sartzen diren obra, zerbitzu edo hornidurak beste prozedura baten bidez kontratatzeko, kontratazio-organoaren erabaki arrazoitua beharko da.
17. artikulua.– Noizean behin administrazio publikoekin batera kontratatzea.
1.– Eusko Legebiltzarrak beste erakunde publiko batzuekin kontratazio espezifiko batzuk haiekin batera egitea erabaki ahal izango du, betiere dagokion hitzarmena sinatuz.
2.– Kontratazio-prozedura bat osorik, elkarrekin batera, hainbat erakunderen izenean eta kontura garatzen denean, erakunde horiek guztiek izango dute beren betebeharrak betetzeko baterako erantzukizuna. Erakunde bakar batek prozedura norberaren kontura eta gainerako erakunde interesdunen kontura administratzen duenean ere aplikatuko da hori. Kontratazio-prozedura bat ez bada osorik garatzen erakunde interesdunen izenean eta haien kontura, erakunde horiek batera gauzatu diren alderdietako baterako erantzukizuna baino ez dute izango. Erakunde bakoitza izango da bere izenean eta bere kontura egiten dituen alderdiekiko betebeharrak betetzearen erantzule bakarra.
3.– Prozeduraren izapidetze bateratuak prestaketa- eta adjudikazio-egintza guztiak hartuko ditu bere baitan; kontratuen formalizazioa, ordea, banakakoa izango da erakunde bakoitzarentzat. Xede horrekin, inguruabar hori ere jasoko da lizitazio-dokumentazioan.
4.– Lizitazio-prozesua amaitutakoan, eta adjudikazio-erabakia eman ondoren, erakunde bakoitzeko kontratazio-organo eskudunak kontratua formalizatzeko beharrezko diren izapideak egingo ditu, zeinek bere aldetik, eta kontratu bakoitzaren indarraldian sor daitezkeen gorabeherak ebazteaz arduratuko da erakunde hori.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Irakaskuntza-jardueretarako kontratazio-araubidea.
Arau hauetan jasotzen diren xedapenak ez dira aplikatzekoak izango Eusko Legebiltzarraren zerbitzupeko langileen prestakuntza- edo hobekuntza-ikastaro gisa irakaskuntza-jarduerak egitea helburu duten kontratuak prestatzeko eta adjudikatzeko, ez eta mintegiak, solasaldiak, mahai-inguruak, hitzaldiak, kolaborazioak edo antzeko beste edozein jarduera egiteko ere.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lankidetza-hitzarmenak.
1.– Eusko Legebiltzarrak egiten dituen lankidetza-hitzarmenek Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren berariazko onespena beharko dute.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta kasu horretan aplikatzekoak diren xedapen espezifikoetan ezarritakoari kalterik egin gabe, aldez aurretik espediente bat izapidetuko da. Espediente horri, hitzarmenaren testuaren zirriborroarekin batera, memoria bat erantsiko zaio, zeinean behar bezala zehaztuko eta justifikatuko baitira hitzarmen horrekin bete nahi diren helburuak eta premiak, bai eta hitzarmen horren xedearen eta edukiaren egokitasuna ere helburu eta premia horiek betetzeko.
Hitzarmena sinatzeak Eusko Legebiltzarrari gastuak eragiten dizkionean, kreditua badagoela egiaztatzen duen ziurtagiria eta egin beharreko gastuaren zenbatekoaren kalkulu arrazoitua erantsiko zaizkio espedienteari. Hitzarmenaren finantzaketa jatorri desberdineko ekarpenekin egin behar bada, ekarpen horiek erabat eskuragarri daudela egiaztatzen duen dokumentazioa ere erantsiko dira.
3.– Legelari Nagusiaren Idazkaritzak hitzarmenen erregistro bat izango du, eta erregistro horretan Eusko Legebiltzarrak egindako guztien oinarrizko datuak inskribatuko dira. Web orri instituzionalean indarrean dauden hitzarmenen berri emango da.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Administrazio Auzitegiko kideak izendatzea.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak araudi hau onesten duenetik 3 hilabeteko epean, Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Administrazio Auzitegiko kideak izendatzea erabakiko da.
Eusko Legebiltzarrak Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Administrazio Auzitegiaren esku jarriko ditu bere eginkizunak behar bezala betetzeko behar dituen giza baliabideak eta baliabide materialak.
LAUGARRENA XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arartekoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egintzen aurka eremu honetan sortzen diren errekurtsoak, erreklamazioak eta deuseztasun-auziak.
Arartekoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Administrazio Auzitegiari atxikitzeko eskatu ahal izango dute, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari zuzendutako idazki baten bidez. Eusko Legebiltzarraren Kontratu Errekurtsoen Administrazio Auzitegia arduratuko da Arartekoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egintzen aurka aurkezten diren errekurtsoez, erreklamazioez eta deuseztasun-auziez, 15. artikuluan aipatutakoez, horretarako sinatzen eta egituratzen den hitzarmenean ezarritakoaren arabera. Hitzarmen hori Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arartekoarekin batera kontratatzeko espedienteak.
Eusko Legebiltzarrak eta Arartekoak hitzarmen batzuk izenpetu ahal izango dituzte, bi erakundeentzako baterako kontratazioak egiteko.
Arartekoarekin batera izapidetzen diren Eusko Legebiltzarreko kontratazio-espedienteetan, kasu bakoitzean Arartekoak izendatutako pertsona sartuko da kontratazio-mahaian, mahaikide gisa, hitzarekin eta botoarekin.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudi honetan aurreikusitako zenbatekoak eguneratzea.
Arau honetan aurreikusitako zenbatekoak eguneratu egingo dira legedi orokorrean aldatzen direnean edo Kontu-hartzailetzaren proposamenez eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onetsi ondoren. Onesten diren zenbatekoak Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Legeria osagarria.
Osagarri gisa, arau honen xede diren gaietan administrazio publikoei dagokien erregulazioa aplikatuko da, Ganberari dagozkion berezko antolamenduak eta funtzionamenduak eskatzen dituen egokitzapenekin.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Arau hauek indarrean jarri aurretik hasitako kontratazio-espedienteak.
Arau hauek indarrean jarri aurretik hasitako kontratazio-espedienteak aurreko araudiaren arabera arautuko dira espediente horiek amaitu arte. Ondorio horietarako, kontratazio-espedienteak jada hasiak direla ulertuko da baldin eta adjudikazio-prozeduraren kasuan kasuko deialdia argitaratua bada dagoeneko. Kontratu txikiak edo publizitaterik gabeko prozedura negoziatuak badira, kontratazio-espedienteak jada hasiak direla ulertuko da baldin eta kasuan kasuko eskaintzak eskatuak badira dagoeneko.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izapidetzen ari diren errekurtsoak eta deuseztasun-auziak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebatziko ditu 11. artikuluan aipatutako errekurtsoak eta deuseztasun-auziak, baldin eta haiek ebazteke badaude kontratuen inguruko errekurtsoak ebazteko organoaren funtzionamendua hasten den egunean.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Egikaritzen ari diren prestazioei arau hauek ez aplikatzea.
Arau hauek ez zaizkie aplikatuko egikaritzen ari diren prestazioei edo luzatutako prestazioei, baldin eta prestazio horiek arau hauen aurreko xedapenen arabera hitzartuak badira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA.
Indargabetuta geratzen da 2010eko urtarrilaren 19an Mahaiak onartutako Eusko Legebiltzarraren aurrekontuaren kontura egiten diren erosketak arautzeko erregelamendua, bai eta arau hauetan xedatutakoaren aurka dauden jarraibide guztiak ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Argitaratzea.
Arau hau Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean, Gardentasunaren Atarian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Arau hau indarrean jartzen denean, ondoriorik gabe geratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuaren hirugarren paragrafoan xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko dira indarrean honako arau hauek.
RSS