Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2022ko ekainaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2828

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 10ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita dirulaguntzen 2022ko deialdia, lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako laneratze eta gizarteratze proiektu berezien garapenerako.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2022ko ekainaren 9ko bileran hartutako Erabakiaren bidez, 2022. urterako dirulaguntzen deialdi bat onartu du lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratze eta gizarteratze proiektu berezien garapenerako. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitaratzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2022ko ekainaren 9ko bileran hartu zuen Erabakia. Erabaki horren bidez, dirulaguntzen 2022ko deialdia onartu da, lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratze eta gizarteratze proiektu berezien garapenerako.

Bigarrena.– Jakinarazten da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 10a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

MARÍA GLORIA MÚGICA CONDE.

ERANSKINA
2022AN LANA DUTEN LANGILEEI ETA LANA LORTZEKO EDO HARI EUSTEKO ZAILTASUNAK DITUZTEN LANGABEEI ZUZENDUTAKO LANERATZE ETA GIZARTERATZE PROIEKTU BEREZIEN GARAPENERAKO LAGUNTZEN DEIALDIA

Urriaren 13ko 3/2011 Legeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren izaera, helburuak eta eginkizunak arautzen dituenak, honako hau ezartzen du 2. artikuluan: helburua da enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen garapen osoari laguntzea, eta langileen enplegagarritasuna bermatzen lagunduko duen lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea ere, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz eta lan-arloko legeria egikarituz.

Era berean, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituenak, ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuaren bidez aldatutakoak, 15. artikuluan ezartzen du Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari dagokiola sostengua ematea, enplegurako prestakuntza planifikatzea eta diseinatzea, eta babesa, laguntza eta prestakuntzarako ekintza osagarriak ematea, baita enpleguaren eta prestakuntzaren arteko jarduera mistoak egitea ere.

Zehazki, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak, 26. artikuluaren 2. apartatuan adierazten du, programa espezifikoei eta lanean eta gizartean txertatzeko proiektuei dagokienez –deialdi honetan proiektu berezi izendatu ditugu–, prestakuntza-helburuak dituen arreta osoko proiektu baten bitartez, zenbait motatako esku-hartzeak beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin biltzen edo koordinatzen dituen proiektu baten bitartez pertsona langileak gizartean eta lanean txertatzera zuzendutako ekimenak direla, parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzea lortzeko asmoz.

Bestalde, arestian aipatutako 82/2012 Dekretuaren 14. artikuluari erreparatuz, Lana Aktibatzeko Zuzendaritzari dagokio enplegua, laneratzea, lan-merkatuko bitartekaritza eta orientazioa sustatzeko prozesuak planifikatzea eta diseinatzea. Modu berean, Enpleguaren Legearen testu bateginean –urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartua– (horixe baita enpleguaren oinarrizko araudia), enplegurako politika aktiboen printzipioetako bat da langabezian daudenei, beren enplegagarritasuna hobetzeko, tratamendu indibidualizatua eta espezializatua eman behar zaiela, eta lanean ari direnei, berriz, enpleguaren kalitateari eusteko. Gainera, enpresek giza kapital, enplegu eta prestakuntzan dituzten beharrei erantzutea bermatu behar da.

Ondorioz, kontuan hartuz 82/2012 Dekretuaren 3. artikuluko b) letran aipatutakoa, non, besteak beste, esaten baita Lanbidek honako funtzio hau duela: «Enplegu-programak, enplegurako prestakuntza-programak eta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programak kudeatzea, dagozkion deialdi diruz lagungarrien onarpena eta izapidea barne. Enplegua sortzeko jarduera eta izaera ekintzailea sustatzeko helburua duten programak kudeatzea». Eta hori k) letrarekin lotuz, hau da, «laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei zuzendutako enplegu-programa bereziak egitea», dirulaguntza hauek sortu dira, eta, ondorioz, Lanbideren hainbat zerbitzu deialdi bakar batean koordinatuko eta bateratuko dira, parte-hartzaileak lan-merkatuan sartzeko jarduera integral bat ziurtatze aldera.

Enplegurako lanbide-heziketa eta lana aktibatzea enplegu-zerbitzu publikoek beren zerbitzuen barruan langileei eskaintzen dieten bi tresna dira, erabakigarriak inondik ere, haiei lan-merkatuan sartzen laguntzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Ekintza horien bidez, hartzaileak bere gaitasun profesionalak eta pertsonalak bereganatzea, hobetzea edo eguneratzea lortzen du, baita enplegagarritasuna hobetzea eta lan-merkatuan sartzea ere.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen) Lan eta Enplegu Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, horrek dauzkan erantzukizunei dagokienez, eta Lanbide Heziketaren eremuan oro har zuzendaritza, antolamendu eta plangintzan Hezkuntza Sailak dituen eginkizunak ezertan eragotzi gabe.

Hortaz, deialdi honen bidez diruz lagundutako jardueren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei prestakuntza jasotzeko aukera ematen zaie, lana aktibatzeko ekintzekin batera, lan-merkatuan sartzea bermatzeko.

Lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako laneratze eta gizarteratze proiektu bereziak finantzatzeko laguntzak aurreikusita daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plan hori, 2022ko ekainaren 9ko bileran hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Erabaki hori Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus orrian argitaratu zen, «Laguntzak eta dirulaguntzak» apartatuan.

Beraz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariaren proposamenari jarraikiz, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2022ko ekainaren 9an, lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langabeei zuzendutako laneratze eta gizarteratze proiektu berezien garapenerako 2022ko ekitaldirako deialdia onartu zuen, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, zeinaren bidez Euskadiko Enplegurako Lanbide Heziketa honako baldintza hauen arabera arautzen baita:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da proiektu bereziak finantzatzera bideratutako 2022. urterako laguntzak arautzea, gizarteratzeko eta laneratzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko jarduera integralak diren aldetik, betiere langileei zuzenduta.

Proiektu bereziak erakunde publiko edo pribatu batek edo gehiagok bultzatutakoak dira, eta prestakuntzako, orientazioko, enpleguko edo bestelako esku-hartze motak, proiektu berritzaileak eta/edo esperimentaziokoak koordinatzen dituzte, parte-hartzaileen enplegagarritasuna eta konpetentzia pertsonalak eta profesionalak indartzeko. Aurkeztutako ekimenak ez dira aintzat hartuko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren beste deialdi batzuetan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 5.000.000 eurokoak dira, horietatik 2.500.000 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2022ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 2.500.000 euro 2023ko konpromiso-kreditukoak.

2.– Baliabideak bi finantzaketa-lerrotan banatuko dira:

a) Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak: 4.000.000 euro; horietatik, 2.000.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2.000.000 euro, 2023ko konpromiso-kredituari.

b) Jarduera-tasa handieneko enpleguei edota lan-merkatuaren beharrei lotutako berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak: 1.000.000 euro; horietatik, 500.000 euro 2022ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 500.000 euro, 2023ko konpromiso-kredituari.

Aurkeztutako eskaera guztiak ebatzi ondoren lerroetako batean esleitutako kredituaren soberakina geratuz gero, beste lerroko eskaerak finantzatzeko erabili ahal izango da.

3.– Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako diru-kopurua edo hori igotzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriarekin bat eginez aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala bada, testuinguru hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da argitara EHAAn.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu ahalko da proiektu berezien betearazpena. Proiektu bereziak izango dira prestakuntza-, orientazio- edo enplegu-ekintzak edo proiektu horietan parte hartzen dutenen enplegagarritasuna nabarmen hobetuko duen beste edozer neurri bateratuko dituzten proiektuak:

a) Aurrez aurreko modalitatean prestakuntza ematea, bai Kualifikazio Profesionalen Sistema Nazionalaren berezko gaitasun profesionalak, bai Profesionaltasun Ziurtagiriak eskuratzeko oinarrizko gaitasunak, edo Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan erregistratutako premiazko prestakuntzak edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako beste prestakuntzak garatzeko. Lanpostuan bertan egiteko prestakuntza-ekintzak ere izan daitezke, prestakuntza eta lana txandakatzekoak.

b) Aurrez aurreko orientazio profesionaleko eta laneratzeko jarduerak, laneratze-ibilbide pertsonalizatu bat egitea sustatze aldera, parte hartzen duten pertsonen jarraipen pertsonala eta emaitzen ebaluazioa egiteko.

c) Enplegu-aukerak aztertzea, agente kontratatzaileak izan daitezkeenekin harremanetan jartzeko eta tartean sartzeko, lan-merkatuko beharrak identifikatuz eta proiektu berezian parte hartzen duten pertsonen kontratazioa bultzatuz.

d) Hartzaileen enplegagarritasuna hobetzea helburu duen beste edozein jarduketa, aurretik deskribatutako hiru jarduketez bestelakoa.

2.– Berrikuntza- eta/edo esperimentazio-proiektu berezien kasuan, 1. puntuan aipatutako jarduerez gain, berrikuntzak (edo lehendik ezagunak diren elementuen konbinazio berritzaileak) dauzkaten eta gure ingurune hurbilean existitzen diren aukerek baino balio handiagoa ekartzen lagun dezaketen ekimenak diruz lagundu ahalko dira. Berrikuntza bai edukietan, bai egiteko moduetan egon daiteke, proiektuaren edozein fasetan, eta proiektuak jarduera-tasa handieneko enpleguetan aktibatzea eta laneratzea edota lan-merkatuaren beharrei erantzutea helburu izan beharko du.

3.– Aintzat hartuko da dirulaguntza eskatzen den proiektu bereziak dirulaguntzak ezarritako aldian burutu beharreko proiektu osoaren gutxienez % 10eko finantzaketa ekonomikoa lortu izana, beste Administrazio Publiko baten eskutik edo erakunde eskatzailearekin zerikusirik ez duten irabazteko asmorik gabeko erakunde pribatuen eskutik, eskaera aurkeztu aurretik. Proiektu berezia bultzatzeko finantzaketa ekonomikoa dirulaguntza eskatu den proiektua osatzen duten jarduketetako batean esku hartzen duen erakunde batetik badator, finantzaketa ekonomiko horrek ez du balio izango.

4.– Jarduerak garatu eta iraunarazteko adina aurrekontu-zuzkidura izan beharko da.

5.– Proiektu berezia 2022. ekitaldian hasi beharko da.

6.– Proiektu berezia 2023ko irailaren 30a baino lehen amaitu beharko da, lantokietako prestakuntza praktikoaren edo lanekoak ez diren praktiken modulua barne, hala badagokio.

7.– Proiektu bereziek emaitza objektiboetan oinarritutako ikuspuntua izan beharko dute. Kolektibo kalteberei zuzendutako proiektu berezien kasuan, baldintza hori aurkeztutako enplegu- eta kualifikazio-helburuen arabera baloratuko da; eta, berrikuntza- eta esperimentazio-proiektuetan, aldiz, emaitzen arabera.

8.– Eskaeran behar bezala azaldutako eta justifikatutako salbuespen kasuetan izan ezik, proiektu berezi bakoitzak pertsona talde berari zuzendutako prestakuntza-ekintza batek edo gehiagok osatutako prestakuntza-ibilbide bat bakarrik jaso ahal izango du. Hau da, prestakuntza-ekintzak eta proiektu berezi batean jasotako gainerako jarduketak pertsona talde berarentzat izango dira.

9.– 5. artikuluan aipatutako erakundeetako bakoitzak ezingo du parte hartu lau proiektu berezitan baino gehiagotan, aldi baterako enpresa-elkarte batek aurkeztutako proiektu bereziak barne.

4. artikulua.– Hartzaileak.

Proiektu berezien ekintzak laneratzeko zailtasun espezifikoak dituztenei zuzenduta egongo dira:

1.– Langabeak; zehazki, kolektibo hauek:

a) Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren onuradun diren pertsonak, Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen esparruan.

b) Enplegua erregulatzeko espediente baten eraginpean dauden langileak, baita Aukeraberri programan (krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzeko) parte hartzen dutenak ere; programa 2021eko uztailaren 13ko bileran onartu zuen Lanbideko Administrazio Kontseiluak.

c) Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileek; horiek langabetzat joko dira ondorio horietarako.

d) Laneratzeko behar espezifikoak dituzten gazteak. Deialdi honen ondorioetarako, 16 eta 30 urte bitarteko pertsonak hartzen dira gaztetzat.

e) Emakumeak.

f) Luzaroko langabeak.

g) 45 urtetik gorakoak.

h) Adingabeak eta/edo mendeko pertsonak ardurapean dituzten pertsonak, baita gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak ere.

i) Desgaitasuna duten pertsonak.

j) Etorkinak.

k) Atzerrian bizi eta Euskadira lanera itzultzeko asmoa duten pertsonak, lanean ari direnak zein langabeak, eta «Itzultzeko borondatea duten pertsonen fitxategia»-n izena emanda daudenak.

2.– Lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren landunak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–. Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektuetan, oro har, lana duten langileek parte hartu ahal izango dute.

3.– Eskabidean markatutako kolektiboetako pertsonek soilik parte hartu ahal izango dute proiektuan, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo beste enplegu-zerbitzu publiko batean enplegu-eskatzaile gisa eta/edo enplegu-hobekuntzaren eskatzaile gisa inskribatuta badaude.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honen esparruan, honako erakunde hauek izan ahalko dira kofinantzaketaren onuradunak, horretarako eskaera egin ondoren:

a) Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak:

– Foru-aldundiak eta foru-sektore publikoa.

– EAEko udalak eta tokiko sektore publikoko entitateak.

– EAEko sektore publikoko entitateak.

– EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako elkarteak.

– Prestakuntza-erakunde pribatu akreditatuak, irabazteko asmorik gabekoak, eta/edo dagokion Prestakuntza Erakundeen Erregistroan agertzen direnak.

– Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko prestakuntza-erakundeak.

– Diruz lagundutako jarduera EAEn egiteko bitarteko egokiak dituzten erakundeak, baldin eta merkataritza-jarduera xede sozial baten mende badago, lehentasunez, eta azken hamar urteetan gutxienez irabazien % 70 erakundearen xede soziala lortzeko berrinbertitu badute. Baldintza hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da, baldin eta Lanbiden ez bada lehendik aurkeztu.

Zuzendaritza kudeatzaileak hori egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen agiriak eskatu ahalko ditu, hala nola: ikuskapen-ziurtagiriak, emaitzen kontuak, irabaziak xede sozialetan aplikatu izanaren egiaztagiriak, etab.

b) Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak:

Aurreko puntuan aipatutako erakunde guztiak, baita prestakuntza-erakunde pribatu akreditatuak, irabazteko asmorik gabekoak, eta/edo dagokion Prestakuntza Erakundeen Erregistroan agertzen direnak ere.

2.– Noizean behin eta proiektu berezi bat zuzen garatzeko beharrezko baliabideak eta bitartekoak arrazionalizatzeko helburuarekin, lankidetza ahalbidetuko da a) apartatuan dauden erakundeen artean, kolektibo kalteberentzako proiektu berezien kasuan, eta b) apartatuan dauden erakundeen artean, berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu berezien kasuan.

Eskaera formalizatzeko, proiektu berezi horretan parte hartzeko interesa duten erakundeek, bere eskaera onartuz gero, legez eratzeko konpromisoa hartu beharko dute honako modu hauetako batean:

A) Aldi baterako enpresa-elkarte bat. Kasu horretan, erakundeetako bat aukeratu behar da elkartea ordezkatzeko eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, edo

B) Zuzenbide publikoko partzuergo bat, hainbat Administrazio Publikoren edo sektore publiko instituzionala osatzen duten erakundeen artean, edo erakunde pribatuen parte-hartzearekin.

3.– Erakunde onuradunek proiektu berezia bermearekin garatzeko behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak egiaztatu beharko dituzte.

4.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, eskakizun hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Deialdi honen barruan diruz lagundutako jarduerak egiteko, proiektuaren kostua baino zenbateko handiagoko dirulaguntzarik ez jasotzea.

c) Eskatzaileak dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dion zigorrik edo administrazio-zehapenik ez izatea, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:

– sexu-bazterkeriagatik zigorren bat jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera, edo

– abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onetsiriko Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo bidez.

d) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

f) Berdintasun-plan bat indarrean izatea, horretara behartuta baldinbadago martxoaren 3ko 1/2022 Legearen arabera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duena (martxoaren 17ko EHAA, 55. zk.). Lege horrek aldatu egin du EONALTBren 50. artikuluaren 5. paragrafoa (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina).

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 4. apartatu honetan xedatutako eskakizunen bat egiaztatzen ez badu, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

5.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, erakundeek irakatsi nahi dituzten prestakuntza-espezialitateetan akreditatuta eta/edo inskribatuta egon behar dute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-entitateen erregistroan, enplegurako prestakuntza-entitateen beste erregistro autonomiko batean edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan.

6.– Enplegu-aukerak aztertzeko ekintzak (lan-eskaintzak hautematea, erregistratzea eta kudeatzea) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin bitartekotza-zerbitzua emateko lankidetzan diharduten erakundeek egin ahalko dituzte, Lanbideko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 23ko Ebazpenean aurreikusitako prozedurari jarraikiz (2015-02-02ko EHAA, 21. zk.).

7.– Orientazioko ekintzak pertsona fisikoek edo juridikoek, publikoek edo pribatuek egin ahal izango dituzte, orientazioko jarduketa egitean hauek dituztenak:

a) Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.

b) Tableta grafikoko periferiko bat, sinadura digitala jasotzeko euskarri modura. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio-sistemara konektaturik egon behar du, eta, horrez gain, STU 430 modeloari edo baliokideari dagokion WACOM gailuarekin bateragarria izan beharko du, eta haren zehaztapen teknikoak bete behar ditu.

Orientazioko ekintzak egiten dituzten langileak teknikari gisa kontratatuko dira, eta unibertsitate-ikasketak amaituta izango dituzte.

6. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazio osagarria aurkeztea.

1.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean kontatzen hasita, 2022ko irailaren 30era arte aurkeztu beharko dira eskaerak.

2.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F), eta erakundearen legezko ordezkaria den pertsonaren sinadura izan beharko dute.

Aplikazio horretara sarbiderik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (izapidetze elektronikorako jarraibideak ematen dituena) helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/10502005

Eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bitartez. Horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Dirulaguntzaren eskabidea Lan-F prestakuntza-aplikazio informatikoan beteko da. Jarraian azaltzen diren eremuak bete beharko dira finantzaketa-lerro bakoitzeko:

A) Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak, 2.2.a) artikuluan aipatutako finantzaketa-lerroaren arabera.

1) Proiektuaren izena. Proiektu bereziaren datu orokorrak.

2) Helburu orokorra.

3) Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona(k) eta bere(n) datuak.

4) Horrelakorik egonez gero, proiektuaren erakunde kofinantzatzailea, zenbatekoa, eta erakunde kofinantzatzailearen harremanetarako pertsona.

5) Jatorria eta justifikazioa.

6) Hartzaileak.

7) Parte-hartzaileak hautatzeko prozesua.

8) Lan-metodologia.

9) Prestakuntza-ekintzak.

1) Burutzeko aldia.

2) Ekintzak burutuko dituen erakundea.

10 Orientazio-ekintzak.

1) Burutzeko aldia.

2) Ekintzak burutuko dituen erakundea.

11) Enplegu-aukeren prospekzio-ekintzak.

1) Burutzeko aldia.

2) Ekintzak burutuko dituen erakundea.

12) Enplegagarritasuna hobetzeko beste ekintza batzuk.

1) Burutzeko aldia.

2) Ekintzak burutuko dituen erakundea.

13) Helburu operatiboak eta emaitzakoak proiektuaren hartzaile diren pertsonen enplegagarritasunean lortutako hobekuntza neurtzeko. Adierazleak.

14) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.

B) Jarduera-tasa handieneko enpleguei edota lan-merkatuaren beharrei lotutako berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak, 2.2.b) artikuluan aipatutako finantzaketa-lerroaren arabera:

1) Proiektuaren izena. Proiektu bereziaren datu orokorrak.

2) Helburu orokorra.

3) Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona(k) eta bere(n) datuak.

4) Horrelakorik egonez gero, proiektuaren erakunde kofinantzatzailea, zenbatekoa, eta erakunde kofinantzatzailearen harremanetarako pertsona.

5) Proiektuaren sorrera eta premia.

6) Hartzaileen deskribapen zehatza eta parte-hartzaileak hautatzeko prozesua.

7) Lan-metodologia.

1) Irakaskuntza-metodologia eta/edo enplegagarritasuna hobetzeko metodologia.

2) Erabilitako baliabideak eta/edo tresnak. Enplegu-politika aktiboak ezartzean erabilitako teknika eta tresna esperimentalak.

3) Berrikuntzako/esperimentazioko elementu bereizleak lehendik dauden eredu normalizatuekin konparatuta.

8) Egingo diren jarduerak.

1) Jardueren deskribapen zehatza.

2) Jarduerak burutzeko moduaren deskribapen zehatza.

3) Jarduerak zehazki noiz egingo diren adieraztea.

4) Deskribapen zehatza, nork burutuko dituen eta zer-nolako esperientzia duen azaltzeko.

9) Proiektuaren ezarpena.

10) Ebaluazio-sistema.

1) Kronograma.

2) Proiektua amaitu eta gero kuantifika daitezkeen eta proiektuaren eraginkortasuna eta efizientzia neurtzeko balio dezaketen adierazleei lotutako helburua, aurreko 2. puntuan aipatutako helburu orokorrari loturik.

11) Proiektua diseinatu, gauzatu eta garatzen laguntzen duten enpresak edo enpresen arteko lankidetzan aritzeko sareak sustatzen dituztenak.

12) Proiektuaren hartzaile direnek azkenik lortu duten okupazioak, zeregin berritzaileak edo jarduera-tasa altukoak diren adierazita (informazioaren iturriak identifikatu behar dira).

13) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.

4.– Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Proiektu kofinantzatua izanez gero, 3.3 artikuluan adierazitako moduan, kofinantzaketa egiaztatzeko dokumentazioa.

b) 5.2 artikuluan aurreikusitako kasuan, legez ABEE edo zuzenbide publikoko partzuergoa eratzeko konpromisoa.

5.– Eskabide bat aurkeztuko da dirulaguntza eskatzen den proiektu berezi bakoitzeko, eta eskaera bakoitza administrazio-espediente bat izango da. Proiektu bat ezin izango da dirulaguntza-lerro bietarako aurkeztu; horrela egiten bada, eskaera lerro bietan ukatuko da.

6.– Proiektu berezi guztiek helburu batzuk ezarri beharko dituzte: kualifikazioa eta enplegua lortzea, kolektibo kalteberentzako proiektuen kasuan, eta proiektua amaitu eta gero kuantifika daitezkeen adierazleei lotutako helburuak, berrikuntza- eta/edo esperimentazio-proiektuetan.

7.– Eskabideak ez baditu eskatzen diren baldintza guztiak betetzen, Lan-F aplikazioaren bidez jakinaraziko zaio erakunde interesdunari hamar egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik, akatsa edo gabezia zuzentzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak bidaltzeko. Hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, hala xedatzen duen ebazpena egin ondoren.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Prozedura kudeatu, izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria izango da.

2.– Emakidarako prozedura segidako konkurrentziaren araberakoa izango da. Eskabideek deialdi honetako betekizunak betetzen dituztela egiaztatuta,

kolektibo kalteberentzako proiektu berezien kasuan, 8.2.A artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu behar da;

berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu berezien kasuan, 8.2.B artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu behar da.

Dirulaguntzak ordenan emango dira, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte, 2.2 artikuluan aipatutako finantzaketa-lerroen arabera.

Dirulaguntzak emateko eskaerak ukatu egingo dira, dagokien aurrekontuan kreditu egoki eta nahikorik ez badago, eta horren berri emango da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpena argitaratuta.

1) Eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko helburuarekin, izaera teknikoko ebaluazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori honako lanpostu hauek osatuko dute, eta, horiek ez badaude, haien ordezkoek:

– Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendaria.

– Lan Aktibazioko zuzendaria.

– Prestazioen eta Gizarteratzearen zuzendaria.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikari-profila duten bost pertsona, berariaz izendatuak; horietako batek idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza adierazteko zein botoa emateko eskubidea izango du.

2) Ebaluazio-batzorde horretako kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) eta EHAAn argitaratuko da.

3) Balioespen Batzordeak ezaguera arlo jakin batzuetako adituen aholkularitza eskatu ahalko du eskabideak aztertzeko orduan, ebaluatu beharreko irizpidearen edo azpi-irizpidearen izaerarengatik gomendagarria denean.

4) Eskabideak aztertzean, Balioespen Batzordeak agiri gehiago aurkezteko eskatu ahalko diete eskatzaileei aurkeztutako proposamena hobeto ulertzeko beharrezkoa bada.

5) Eskabideak deialdi honen 8. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera balioetsi ondoren, Balioespen Batzordeak aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpen-proposamena egin eta helaraziko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariari.

6) Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, Balioespen Batzordea kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arauei lotuko zaie, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak atariko tituluaren II. kapituluaren hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.

3.– Balioespen Batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusirik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak emate-erabakia edo laguntza ukatzea aginduko du proiektu bereziak egiteko, eta agindu hori banaka jakinaraziko da.

4.– Ebazpena LAN-F aplikazio informatikoaren bidez jakinaraziko da eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian argitaratuko da; 10 egun balioduneko epea emango da, emate-erabakiaren jakinarazpenetik zenbatzen hasita, erakunde onuradunek dirulaguntza onar dezaten. Epe hori igaro ondoren dirulaguntza onartu ez bada, uko egin zaiola ulertuko da.

Gainera, 5.2 artikuluan aipatutako erakunde onuradunak ABEE edo zuzenbide publikoko partzuergo eratu beharko dira legez 15 egun balioduneko epe barruan, emate-erabakia jakinarazten den egunetik aurrera zenbatzen hasita hori ere. Epe hori igaro ondoren legez eratu ez bada, dirulaguntzari uko egin zaiola ulertuko da. Erakunde onuradunek agiri bidez egiaztatu beharko dute betebehar hori betetzen dutela, Lan-F aplikazioaren bidez.

5.– Eskaera onartzen ez bada, ebazpenak horren arrazoi zehatzak adieraziko ditu, ezarritako eskakizun eta balioespen-irizpideetan oinarrituta.

Emateko ebazpenak honako eduki hauek izango ditu, gutxienez:

– Erakunde onuradunaren izena.

– Proiektu bereziaren helburua.

– Proiektuaren hartzaileak.

– Onartutako jarduketak.

– Helburu operatiboak eta emaitzakoak edo ebaluazio-sistema; dagozkion jardun-ildoaren arabera.

– Lortutako puntuazioa.

– Laguntzaren zenbateko osoa eta diruz lagundutako jarduketa bakoitzaren zenbatekoa.

– Justifikazio- eta ordainketa-sistema.

– Ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-sistema.

6.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzaren eskaera ezetsi dela ulertuko da.

7.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpenek ez dute amaitzen administrazio-bidea, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

8.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da jakitera zer entitatek jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

9.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.

10.– Dirulaguntza ukatzeko arrazoi izango dira:

– 4. artikuluan aipatutako hartzaileekin zerikusirik ez duten eskaerak.

– 2018, 2019 edo 2020ko deialdietan, helburuak ez lortzeagatik edo diruz lagundutako jarduerak osorik ez gauzatzeagatik, dirulaguntzaren % 40 edo gehiago itzuli behar izan zuten erakundeen proiektu bereziak; edo aipatutako deialdi bakoitzean onartutako zenbatekoen % 25 baino gehiago betearazteari uko egin zioten erakundeenak.

Aldi baterako enpresa-elkarteen eta partzuergoen kasuan, ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, aldi baterako enpresa-elkarteak edo partzuergoak ez ezik, ezta haiek osatzen dituzten erakundeek ere, zeinen kudeaketak dirulaguntza itzuli beharra ekarri baitu.

Proiektuen betearazpen-ehunekoa kalkulatzeko, emandako zenbatekoa eta azkenean proiektuaren justifikazioan likidatutakoa hartzen dira kontuan. Deialdi berean proiektu berezi bat baino gehiago dituzten erakundeen kasuan, proiektuen urteko batezbestekoa kalkulatuko da.

8. artikulua.– Eskaerak baloratzeko irizpideak.

A) Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak:

1.– Proiektu bereziak garatzeko dirulaguntzak amaierako puntuazio baten arabera emango dira. Puntuazio hori ondoren zehazten diren ebaluazio-irizpideen balioespenean eskuratutako puntuen batuketaren emaitza izango da:

a) Proiektuaren kalitatearen eta koherentziaren berariazko balorazioa, eskaeran oinarritzen dena. 1etik 30erako puntuazioa.

(Ikus .PDF)

b) Erakunde eskatzaileak 2018an eta 2019an eginiko proiektu berezien enplegagarritasun-indizea. 1etik 10era arteko puntuazioa.

Enplegagarritasun-indizea tasa hauek osatzen dute:

Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzaren arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzaren tasa x p3),

Non:

– Prestakuntzaren arrakasta-tasa: prestakuntza-ekintzak emaitza positiboz amaitzen dituzten pertsonen kopurua, proiektu bereziko guztizko parte-hartzaile kopuruaren gainean.

– Besteren konturako laneratzearen tasa: prestakuntza-jarduera amaitu eta sei hilabeteren barruan besteren konturako kontratu bat lortu duten pertsonen kopurua.

– Parte-hartze anitzeko tasa: prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, proiektua amaitu ondorengo sei hilabeteetan enplegurako lehen prestakuntza-ekintza bigarren batekin lotzen duten pertsonen kopurua.

– p1, p2 eta p3, tasa bakoitzari emandako pisuak dira, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik.

Tasak haztatu egiten dira espezialitate motaren eta horien kualifikazio mailaren arabera. Hartara, zenbat eta handiagoa izan espezialitatearen kualifikazio maila, orduan eta pisu handiagoa du laneratzearen tasak, behar beste konpetentzia ematen baitituzte lanpostuak betetzeko, eta, horrenbestez, baita lan-merkatuan sartzeko ere. Gako-konpetentzien edo zeharkako edo gizarteratzeko eta laneratzeko konpetentzien espezialitateen kasuan, parte-hartze anitzaren tasak pisu handiagoa hartzen du, kualifikazioa ematen duen prestakuntzaren aurreko prestakuntzatzat hartzen baita, prestakuntza-ibilbide luzeago baten esparruan; edo, bestela, zeharkako espezialitateen kasuan, prestakuntza arautuaren, hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza osagarri gisa.

Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa, besteren konturako laneratzearen tasa eta parte-hartze anitzeko tasa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren datu-baseetatik ateratzen dira ofizioz. Erakunde eskatzaileak 2018ko eta 2019ko deialdietan gauzatutako proiektu berezien gaineko datuak soilik aintzat hartuko dira.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Proiektu bereziak aurretik aipatutako urteetako batean bakarrik garatu badituzte, urte horri dagokion enplegagarritasun-tasa bakarrik kontuan hartuta puntuatuko da.

Enplegagarritasun-tasaren puntuazioa kalkulatzeko, taula hau hartu beharko da kontuan:

Erakunde eskatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko proiektu bereziak gauzatu ez badituzte aurreko bi deialdien babesean, 6 puntu emango zaizkie, proiektua egokia dela frogatzeko aukera izan dezaten.

Aldi baterako enpresa-elkarteen kasuan, kideak 2018ko eta 2019ko deialdietako berberak direnean bakarrik neurtuko da irizpide hori. Osterantzean, puntuazioa aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriko da.

c) Proiektuaren hartzaile taldearen enplegagarritasuna hobetzean izandako inpaktua. Lortutako eta gainditutako prestakuntza-ibilbideen %-a, zein erakundeak agindutako kateatutako prestakuntzetan egindako sartzeen edo izen-emateen %-a, eskaeraren 6.3.13 puntuan aipatutako helburu operatiboen arabera baloratuko dira.

Lau aldagai oinarritzat hartuta neurtuko dira:

– Proiektuak lortutako prestakuntza-ibilbideen ehunekoa. 1etik 15erako puntuazioa. Prestakuntza-ibilbide osoa osatzen eta amaitzen duten pertsonen kopurua kontuan hartuta neurtuko da.

– Proiektuko prestakuntza-ibilbidea gainditzen duten pertsonen ehunekoa. 1etik 10erako puntuazioa. Prestakuntza-ibilbidea gainditzen duten pertsonen kopurua kontuan hartuta neurtuko da.

– Proiektuaren kateatutako prestakuntzetan emandako izen-emateen ehunekoa. 1etik 10erako puntuazioa.

Prestakuntza kateatutzat hartzen da prestakuntza-ekintza bati lotutakoa, non parte-hartzaileak parte hartuko baitu proiektua amaitu ondoren; horri esker, konpetentzia profesionalak hobetuko ditu, eta gutxienez 30 orduko iraupena izango du. Pertsonak ekintza hasiko duela frogatzen duen baliozko egiaztagiriarekin frogatzeko modukoa izan behar du. Egiaztagiria proiektuaren justifikazioa bidaltzean aurkeztu behar da.

– Proiektuak ekarri dituen kontratazioen ehunekoa. 1etik 15erako puntuazioa. Irizpide horren arabera, lor daitekeen gehieneko puntuazioa, kontratuen iraupena kontuan harturik, 15 puntukoa izango da.

Puntu horiek jardunaldi osoko kontratuenak izango dira, eta lanegunaren iraupenaren arabera murriztuko dira proportzionalki. Parte-hartzaileen lanegunak ez dira metagarriak izango eta ez dute puntuatuko % 50 baino gutxiago badira.

d) Proiektu berezia zuzendu zaion talde hartzailearen balorazioa. Ardazturiko eta xehetasunez identifikaturiko kolektiboa. 5 puntu.

e) Kofinantzaketa egotea, egiaztatzeko dokumentazioarekin, 5 puntu.

2.– Erakunde eskatzaileak 50 puntu lortu beharko ditu guztira eta 18 puntu gutxienez artikulu honen A.1) puntuko a) irizpidean, dirulaguntza eskuratu ahal izateko. Puntuazio hori lortzen ez duten proiektu berezien eskaerak ez dira onartuko.

B) Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak.

1.– Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu berezietan, jarduera-tasa handieneko enpleguei edo lan-merkatuko beharrei loturikoetan, dirulaguntza amaierako puntuazioa oinarri hartuta emango da; puntuazio hori ondoren zehazten diren ebaluazio-irizpideen balorazioan eskuratutako puntuen batura izango da.

2.– Erakunde eskatzaileak guztira 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez, eta 40 puntu gutxienez lehenago azaldutako 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. apartatuetan. Puntuazio hori lortzen ez duten proiektu berezien eskaerak ez dira onartuko.

9. artikulua.– Parte-hartzaileen hautaketa.

1.– Proiektu berezi bakoitzeko parte-hartzaileen aurrehautaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du, Lanbiden edo beste enplegu-zerbitzu publiko batean izena emanda dauden enplegu-eskatzaileen artean; parte-hartzaile horiek 4. artikuluan deskribatutako talderen batekoak izan beharko dute, eta eskaeraren sarrera-profilean deskribatutako ezaugarriak izan beharko dituzte.

2.– Proiektu berezietan parte hartzeko ikasleen azken hautaketa erakunde onuradunak egingo du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bidalitako hautagaiak kontuan hartuta. Ondorio horietarako, erakunde emailea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Prestakuntza Kudeaketaren (Lan-F) aplikazioan sartu ahalko da izena eman duten hautagai guztien informazioa eskuratzeko, eta hautaketa-prozesua programatutako ekintzen hasiera baino nahiko lehenago eta behar besteko bermearekin egingo du.

3.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan ezarritako sarbide-baldintzak bete beharko dira.

Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi dutenek katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte.

Behar den guztietan eta proiektuak arrakasta duela bermatzeko, hautaketa-proba bat egin ahal izango da, Lanbideko teknikariekin aurretiaz adostu ondoren, ekintzak ondo aprobetxatzen direla eta taldea maila akademikoan homogeneoa dela ziurtatzeko. Proba hori Lan-F aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da.

4.– Proiektu berezia 4. artikuluan zehaztutako taldeetako bateko baino gehiagotako parte-hartzaileei zuzenduta badago, proiektu berezian sartzeko betekizunak betetzen dituzten pertsonen artetik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da:

1.a 4.1.a), b) eta c) artikuluan aipatutako kolektiboak.

2.a 4.1.f) eta g) artikuluan aipatutako kolektiboak.

3.a 4.1.d), e), h), i), j) eta k) artikuluan aipatutako kolektiboak.

4.a 4.2 artikuluan aipatutako kolektiboak.

5.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituen beste norbaiten eskaera jaso bada.

6.– Hautaketa amaitu ondoren, erakunde onuradunek hautaketa horren emaitza jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, Lan-F aplikazioaren bidez.

7.– Erakunde onuradunak edo prestakuntza-zentroak, hala badagokio, proiektu berezian parte hartzeko hautatuak izan direnen eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago, gutxienez, erakutsi beharko ditu bere instalazioetan eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean, proiektu berezia non, noiz eta zer ordutan egingo den adierazita.

10. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbateko maximoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako proiektu bakoitza osatzen duten ekintzen prezio maximoaren eta kofinantzaketaren arteko aldea.

2.– Ekintza mota bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa honako hauek aintzat hartuta kalkulatuko da:

A) Prestakuntza-ekintzen kostua ezin izango da izan 116,6 euro/orduko/taldeko baino handiagoa, baldin eta parte-hartzaileak 14 edo gehiago badira.

Parte-hartzaile kopurua 14 baino txikiagoa bada, modulu ekonomikoa ezarriko da; hau da, 8,48 euro parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko. Profesionaltasun Ziurtagirietan izan ezik, horietan 694/2017 Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TSM/368/2019 Aginduan ezarritako maximoak errespetatzen jarraitu behar delako.

Prestakuntza-ekintzak gehienez 20 eta gutxienez 10 parte-hartzaile dituzten taldeentzat onartuko dira. Prestakuntza-ekintzak ezin izango dira hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiago badago.

Salbuespenez, eta prestakuntzaren kalitatea bermatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ondoren, prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenen kopurua 8ra arte murriztu ahalko da, gehienez ere, proiektua egingo duen taldea desgaitasunen bat duten pertsonekin osatuta badago.

Dirulaguntzaren zenbatekoa Lanbidek baimendutako jardueren zuzeneko eta zeharkako gastuak ordaintzera bideratuko da. Zuzeneko gastuen artean, funtzionamendu-gastuak sartzen dira, baita zeharkakoetan sartzen ez diren langileen gastuak ere. Hauek dira zeharkako gastuak: pertsonal-gastuak (zuzendaria), administrazio-langileen gastuak, berokuntza, argia, garbiketa, instalazioen asegurua, su-itzalgailuak, alarmak, kanpoarekiko komunikazioak, bilerak, hitzaldiak, ikastaroak eta beste batzuk, lokomozioa eta enpresekin egin beharreko gestioak, fotokopiak (administrazio-arloa), bulego-materiala eta material informatikoa, ura, farmazia-produktuak, aholkularitza- eta gestoria-zerbitzuak, telefonoa eta Internet, administrazio-sailerako softwarea, langileentzako mutualitateak, kalitate-sistemak, eta igogailuen konponketak. Zeharkako gastuek ezin izango dute gainditu dirulaguntza osoaren % 10.

B) Lan-aktibazioarekin eta enplegu-aukerak aztertzearekin lotutako ekintzetan, ezin dira zenbateko hauek gainditu:

– Enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, eta laguntzeko prozesuak garatzeko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa orduko 34 eurokoa izango da, jarduera horri lotutako zuzeneko eta zeharkako gastu arruntetara zuzenduko direnak. Edozein kasutan, langileen gastu zuzenen % 140 izango da diruz lagun daitekeen gehieneko kopurua.

Hauek hartuko dira zuzeneko langile-gastutzat: diruz lagundutako orientazio-ekintzetan diharduten pertsonen soldata-kostuak, honako muga honekin: lanaldi osorako kontratatutako pertsona bat, kontuan hartuta lan-hitzarmenean ezarritako ordu-kopurua.

– Enplegu-aukerak aztertzeko ekintzen zenbatekoa 140 eurokoa izango da, lortutako kontratua 3 hilabetekoa denean eta % 50eko lanaldia duenean. Ordaindu beharreko zenbatekoa handitu egingo da honako taula honetan definitutako arrazoiak gertatzen direnean:

Finantzatu daitezkeen prospekzio-ekintzatzat hartuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekotza-aplikazioan eskaintza bildu, erregistratu eta kudeatzeko jarduerak, baldin eta proiektuan parte hartzen duten pertsonen lan-kontratua badakarte.

C) Enplegagarritasuna hobetzea ziurtatzen duten gainerako ekintzei dagokienez, gehieneko kostua 36,04 euro orduko izango da.

3.– Kolektibo kalteberei zuzenduta dauden eta 8.A.2 artikuluan aipatutako puntuazioa gainditzen duten proiektu bereziek Lanbideri eskatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa jasoko dute.

4.– Jarduera-tasa handieneko enpleguei edota lan-merkatuaren beharrei lotutako berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziek, 8.B.2 artikuluko baldintzak betetzen badituzte, Lanbideri eskatutako dirulaguntzaren zenbateko osoa jasoko dute.

5.– 5. artikuluan aipatutako erakunde bakoitzak ezingo du jaso guztira deialdi honen 2. artikuluaren 2. puntuan adierazitako baliabide ekonomikoen % 10 baino gehiagoko dirulaguntza, parte hartzen duen proiektu berezien kopurua alde batera utzita.

6.– Proiektu bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko proiektuaren kostu osotik kofinantzaketa kendu ondoren geratzen den kopurua.

11. artikulua.– Diruz lagunduko ekintzak gauzatzea.

1.– Erakunde onuradunek diruz lagundutako ekintzen zati bat edo ekintza guztiak azpikontratatu ahalko dituzte.

Kontratatzen baditu, onuradunak, gutxienez ere, hiru eskaintza eskatu beharko ditu kontratuen zenbatekoak munta txikiko kontratuen zenbatekoa, azpikontratazioaren unea indarrean dagoen kontratu-araudian aurreikusitakoa, gainditzen duenean, ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duen nahikoa erakunde ez badago. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.

Era berean, erakunde onuradunak aurrez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eskatu beharko du hirugarrenekin azpikontratatutako prestakuntza-jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo erakundeekin sinatuko denean. Azken kasu horretan, gainera, kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin behar da. Horretarako, baimen-eskaerarekin batera, sinatu nahi den kontratuaren kopia aurkeztuko da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak ebatziko du. Baimena eman dela ulertuko da, eskaera aurkeztu eta 20 egun balioduneko epearen barruan esanbidez ebatzi ez bada.

Dena den, apartatu honetan aurreikusi ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da zuzenean.

2.– Prestakuntza-ekintzen arabera, dirulaguntzaren prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek eta ezingo dute hirugarrenekin kontratatu.

Diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea soilik dela ulertzen da.

3.– Gainera, prestakuntza-jardueretan, kontuan izan beharko dira honako hauek:

a) Bi ikasle gehiago bertaratu ahal izango dira prestakuntza-ekintzara, hasieran onartutakoez gain, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa jasotzeko eskubiderik gabe, baldin eta prestakuntza-zentroek hala eskatzen badute hasierako komunikazioan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzako berdintasun-baldintzak bermatzen badira. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipoak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

b) Langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, astean ez dira egingo 40 ordu baino gehiago. Muga horien barruan sartuta egongo dira, egin behar direnean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak, edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak.

c) Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez burutuko da, eta prestakuntza-zentroak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

d) Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, bere lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik.

e) Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko lehen bi hilabeteetan hasi beharko dira.

Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta dagoenean, praktikaren iraupena eta edukiak lan-zentroko prestakuntza praktikoko moduluaren araberakoak izango dira (Profesionaltasun Ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoak). Enpresak irizten badio iraupena eta eduki horiek nahikoak ez direla, praktikaldia luzatu ahal izango du, lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez; hala ere, praktika biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez harago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du.

Jarduketa-plan bat ezarriko da, deialdian ezarritako baldintzak betetzen diren eta proiektu bereziak erregulartasunez garatzen diren egiaztatzeko eta, hala badagokio, dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduketa horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean eta/edo amaitu ondoren, dokumentuen bidez eta frogagiri fisikoen bidez.

g) Ikastaroaren hasieran, prestakuntza-zentroek gutxienez honako material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan,

– ikastaroa zuzen gauzatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta

– behar diren babes-elementuak.

Zentroek berariaz jakinarazi beharko dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa izan dutela.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, baita kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

4.– Orientazio-ekintzak gauzatzeari dagokionez, kontuan izan behar dira jarraian ezartzen diren mugak:

Banakako ekintzak: gehieneko arreta-denbora pertsonako eta eguneko

1,5 ordu

Taldeko ekintzak: gehieneko iraupena eguneko

4 ordu

Pertsona bati ematen zaion arreta osoaren gehieneko denbora (banakako ekintza eta taldeko ekintza)

20 ordu

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako jarduketak doan egingo dituzte parte-hartzaileek.

6.– Diruz lagundutako jarduerak izaera desberdinekoak badira, ezin izango dira aldi berean egin. Salbuespen gisa ez bada, eta Lanbidek aldez aurretik baimena eman ez badu, parte-hartzaileei ezin zaizkie eskaini zerbitzu desberdinak aldi berean.

12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko kausak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabe hilabetean hirutan baino gehiagotan ez agertzea.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gorako huts egitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua edo justifikatu gabea.

c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia argitara emango du. Erabakian, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkez daitekeen.

Asteren batean ikasleren baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilabetean, eta ikasleak ekintzara joaten jarraitzen badu, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako huts egiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez joateak orduen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

13. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa erakunde onuradunari emandako kopuru osoaren % 50 izango da, onuradunak proiektua egiteko dirulaguntza emango zaiolako ebazpena onartu ondoren eta proiektu bereziari lotutako jardueretako bat hasi ondoren.

b) Bigarren ordainketa gainerako kopurua izango da, proiektua osatzen duten ekintzak egin direla eta helburu operatiboak lortu direla justifikatu ondoren.

Ordainketa aurreratuaren zenbatekoa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan zenbateko aurreratua estaltzeko bermea eratu izanaren frogagiria aurkeztu beharko du Lanbiden, dagokion ordainketa egin aurretik.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan egon behar du.

Erakundea erregistroan ez badago edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan agertzen diren banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Proiektu bakoitza amaitzen denean, erakunde onuradunek jarduera-memoria bat aurkeztu beharko dute, honako hau jasoko duena:

a) Proiektuaren betearazpenaren deskribapen-txostena, proiektuan aurkeztutako helburu orokorren, espezifikoen eta operatiboen betetze maila zehaztuta.

b) Kofinantzaketa egonez gero, agiri bidez justifikatuko dira administrazio publikotik edo erakunde pribatutik jasotako finantzaketaren zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez emandako dirulaguntzaren aurretik eskuratu bada, 3.3 artikuluan aipatzen denari jarraikiz.

c) Erakundearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek zehaztuta: urteko soldata gordina, lan-hitzarmeneko ordu-kopurua, proiektu bereziari egotzitako orientazio-orduen kopurua eta orientatzaileen lanaldiaren ehunekoa. Onartutako orientazio-jarduketak dituzten proiektu berezien kasuan.

2.– Kolektibo kalteberentzako proiektu bereziak: likidazioa proiektuan diruz lagun daitekeen ekintza bakoitza oinarri hartuta egingo da, benetan egikaritu diren ekintzei dagokienez, eta lortutako helburu operatiboen araberako proportzionaltasunean. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

a) Prestakuntza-ekintzak egiteagatik eskuratutako laguntzen likidazioa bukatu duten ikasleen eta prestakuntza-ekintzen emaitzen arabera egingo da; emaitza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F prestakuntza-aplikazioko kalifikazioen eta datuen bidez neurtuko dira.

Ikasleek ikastaroa amaitu dutela joko da, baldin eta ekintzaren iraupenaren % 75era gutxienez joan badira. Ondorio horietarako, enplegua aurkitzeagatik prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeek eta egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik ikastaroan baja hartu duten parte-hartzaileek ere ikastaroa amaitu dutela joko da, baldin eta azken bi kasu horietan prestakuntza-jardueraren gutxienez % 25 egin badute. Ekintza bukatu ez duten ikasleen kasuan, prestakuntza-ekintzan benetan parte hartu duten ordu kopurua aintzat hartuko da. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onetsi da, eta muga horiek errespetatuz egingo da kalkulua.

Ez dira finantzatuko ekintza benetan amaitu duten ikasleak, hau da, gutxienez ekintzaren iraupenaren % 75era bertaratu direnak, baldin eta ez badute bete 15.1.f) artikuluan adierazitako kalitatea ebaluatzeko galdetegia.

b) Orientazio-ekintzak egiteagatik jasotako laguntzen likidazioa egiteko, artatutako pertsona-kopurua eta eskainitako eta horretarako prestatzen den aplikazioan justifikatutako ordu-kopurua hartuko dira kontuan.

c) Prospekzio-ekintzak, hau da, dakion eskaintza atzeman, erregistratu eta kudeatzearen ondoriozko laguntzen likidazioa egiteko, kontratu batean amaitzen diren laguntzak hartuko dira kontuan, baita kontratatutako pertsona proiektu bereziaren parte-hartzailea izan ote den ere, betiere laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lan-bitartekaritzaren aplikazioan kudeatu badira.

d) Enplegagarritasuna hobetzeko jardueren ondoriozko laguntzen likidazioa benetan gauzatutako orduen arabera egingo da; hori egiaztatzeko, beharrezko frogagiriak aurkeztuko dira.

3.– Berrikuntza- eta esperimentazio-proiektu bereziak: eskaeraren 6.3.B.10 artikuluaren arabera ezarritako emaitzen adierazleak bete izana oinarri hartuta egingo da likidazioa.

4.– Proiektu bereziaren eta proiektu horren jarduera guztien justifikazioa bi hilabeteko epean aurkeztu beharko da proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita, eta epemuga 2023ko urriaren 31 izango da.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan adierazitakoez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.

b) Solaskide moduan jardutea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean.

c) Hautaketa Lanbiden izena emandako pertsonen artean egitea.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baterako finantzaketa aipatzea laguntza horien berri emateko material eta ekintza guztietan.

e) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lan eta Enplegu Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea. Honekin lotuta, lokal eta instalazioetarako sarbidea, bai eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekiko eta elkarrizketatzea beharrezkotzat jotzen diren gainerako pertsonekiko harremana ere, erraztu behar dute.

Era berean, dirulaguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jarduketen artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztagarria ez den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

Galdetegiak telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen erakundearen erantzukizuna da ziurtatzea kalitateari buruzko galdetegia ekintza amaitu duten ikasleek betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Baldin eta betetako galdetegien kopurua parte-hartzaileen % 67 baino txikiagoa bada, 14.2.a) artikuluan aurreikusitako moduan egingo da dirulaguntzaren likidazioa.

g) Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko enpresak erabiliko duen dokumentazio, publizitate, irudi edo material orotan, hizkera ez sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna, eta rolen eta genero-identitateen pluraltasuna.

h) Dirulaguntza jaso duen erakundeak proiektu berezietako ekintza guztiak gauzatzeaz eta kudeatzeaz arduratu behar du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoa erabiliz.

i) Erakunde onuradunek proiektu berezietako ekintzetan parte hartuko duten pertsonei helarazi beharko diete 19. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

2.– Erakunde onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko dute, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamendu-eragile diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

3.– Erakunde onuradunek irakasleei eta prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei helarazi beharko diete 19. artikuluan aipatzen den datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

16. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, hala nola benetan gauzatutako ekintza-kopurua, laguntza betearazteko gauzatutako benetako ordu-kopurua edo bete gabeko eta agindutako helburu operatiboen ehunekoa, emandako dirulaguntza alda daiteke, dirulaguntzen onuraduna izateko deialdi honen 5. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak beteta. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

17. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzeko prozedura.

1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzeko eta, hala badagokio, jasotako kopuru osoa edo horien zati bat itzuli beharko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera ezar daitezkeen berandutze-interesak eskatuta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan ere, aurreikusten diren kasuetan. Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen- eta kontrol-jardunei uko egitea edo oztopoak jartzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Dirulaguntza justifikatzeko, errealitatearekin bat ez datozen datuak edo dokumentazioa aurkeztea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste betebehar, baldintza edo betekizunak ez betetzea.

2.– Kolektibo kalteberei zuzendutako proiektu berezien kasuan, justifikatutako arrazoirik ez dagoenean, balizko ez betetzeak honako irizpide hauen arabera neurtuko dira:

Emaitzak neurtzeko, kontuan hartuko dira kualifikazioan eta enpleguan lortutako helburuen ehunekoak, dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoekin alderatuta.

Ez da ez-betetzetzat hartuko onartutako kualifikazio- eta enplegu-helburuen % 70 gutxienez lortzen denean.

Kualifikazio-helburuak egiaztatzeko, Lan-F prestakuntza-aplikazio informatikoaren bidez kudeatzen diren prestakuntza-ekintzen emaitzei erreparatuko zaie.

Enpleguaren alorreko helburuak egiaztatzeko, Lan-F prestakuntza-aplikazio informatikoan parte-hartzaile bakoitzaren kontratuei buruzko datuak baliatuko dira.

3.– Berrikuntza- eta/edo esperimentazio-proiektu berezien kasuan, justifikatutako arrazoirik ez dagoenean, balizko ez betetzeak honako irizpide hauen arabera neurtuko dira:

Emaitzak neurtzeko, kontuan hartuko da kualifikazioan eta enpleguan lortutako helburuen ehunekoaren batezbestekoa, 6.3.B.10 artikuluari jarraikiz kuantifika daitezkeen adierazleen arabera.

Ez da ez-betetzetzat hartuko adierazle horien batez beste % 70 gutxienez lortzen denean.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta laguntza jaso duen erakundeari jakinaraziko dio, ez-betetzea eragin duen/duten gertaeraren/gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio hamabost egun balioduneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

5.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

6.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaizkio. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

18. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekin bateratzea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta ondorioz gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da dirulaguntza.

Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuen babespean kontzeptu beragatik edo helburu bererako emandako beste edozein motatako dirulaguntzekin edo laguntzekin edo diru-sarrerekin.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Jasotako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, baita iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Jasotako datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten Administrazio Publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Gure web-orrialdean kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

20. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

1.– Dirulaguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

2.– Deialdi honetan xedatu ez den guztian, irailaren 9ko 30/2015 Legea, enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena lan arloan, aplikatuko da. 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, lan-arloan enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena, eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzekoa.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, arau hauek aplikatuko zaizkie: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena, eta urriaren 10eko ESS/1897/2013 Agindua, errege-dekretua arautzen duena, deialdi honetan ezarritako alderdi guztiei dagokienez, araudi horietan baldintza partikularrak ezartzen baitira.


Azterketa dokumentala