Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2022ko ekainaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
2827

AGINDUA, 2022ko ekainaren 3koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez deklaratzen baita Adaka S. Coop. deritzon eta gizarte-ekimenekoa den sozietate kooperatiboa onura publikokoa dela.

EGITATEAK

Lehenengoa.– 2021eko abenduaren 28an, onura publikoko deklarazioaren eskabidea sartu zen Lan eta Enplegu Sailean, artezkaritza-kontseiluaren 2021eko urriaren 21eko erabakiaren ondorioz. Dokumentuen artean, 2018ko, 2019ko eta 2020ko jardueren memoriak ez ezik, ekitaldi horietako urteko kontuak eta langileei buruzko datuak ere entregatu ziren.

Bigarrena.– 2022ko urtarrilaren 25eko EHAAn, iragarki bat argitaratu zen otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuaren 9. artikuluko hirugarren paragrafoa betetzeko xedez, zeinaren bitartez onartu baitzen onura publikoko sozietate kooperatiboei dagozkien prozedura eta betekizunen erregelamendua onartu.

Hirugarrena.– 2022ko otsailaren 8an, sail horretan bertan horretarako eskatu ziren bi txostenak sartu ziren, bata Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak egina eta bestea Zerbitzu Zuzendaritzarena, biak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarenak.

Laugarrena.– 2022ko apirilaren 13an, 26an eta 29an, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundiei eskatutako txosten osagarriak ere jaso ziren.

Egitate horiei oinarri hauek aplikatu behar zaizkie:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 11/2019 Legeak 156.2 artikuluarekin bat etorrita, beren egitekoetan Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorra sustatzen laguntzen duten sozietate kooperatiboei onura publikokoak direla aitortuko die Eusko Jaurlaritzak, erregelamenduz ezarritako prozedura, araubide eta betekizunen arabera.

Bigarrena.– Aipatutako erregelamenduzko arau hori hau da: 64/1999 Dekretua, otsailaren 2koa, herri-onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartzeko dena.

Hirugarrena.– Espedientean jasotako dokumentazioa oinarritzat hartuta, 64/1999 Dekretuaren 7. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedura-izapideak bete dira onura publikokoa dela deklaratzeko, bai eta erregelamenduzko arau horren 5. artikuluan ezarritako betekizunak ere onura publikoko deklarazioa lortzeko.

Laugarrena.– Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren eskumena da sozietate kooperatiboak onura publikokoak direla deklaratzea, hala xedatuta baitago urtarrilaren 9ko 64/1999 Dekretuaren 11. artikuluan, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuaren 3.2.l) artikuluari lotuta.

Hori guztia dela eta, aipatutako legegintza-manu horiek eta orokorrean ezartzekoak diren gainerakoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deklaratzea «ADAKA, S. COOP.» deritzon eta gizarte-ekimenekoa den sozietate kooperatiboa onura publikokoa dela.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek egintza hau gauzatzen duen organoari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira. Epe biak egintza jakinarazi eta hurrengo egunean hasiko dira, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46,1 artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 3a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala