Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2022ko ekainaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2541

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 24koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022. urtean Kultura-sorkuntza artistikoa babesten eta sustatzen duten kultura-gune independenteentzako dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena (Sorgune).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien sustapen eta zabalkundearen gaineko eskumenak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat abiarazi behar da, hain zuzen ere kultura-edukiak ekoizteko egiturak eta erak sustatzeko, betiere oinarri hartuta sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplina-arteko elkarrekintzaren sustapena. Baina halaber da xedea beren helburua artistei arreta ematea, lagun egitea eta arte- zein kudeaketa-kontuetan sortzen eta berritzen laguntzea duten ekipamenduei laguntzea, betiere talentu eta sormen-jardun berriak sustatzearren, eta horiek, hartara, kultura-edukiak sortzeko sistemak berritzeko, eta artea egiteko era bereizgarri berriak azaleratzeko aukera ematearren, eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko arte-sarea aberastu eta sendotu egingo da. Labur esanda, dirulaguntzak emateko deialdi honen xedea da arte-sorkuntzan espezializatutako zentroak sustatzea eta berrikuntza, diziplinartekotasuna eta alde anitzeko elkarrizketa oinarri dituen sormen- eta ekoizpen-eremu bat bultzatzea, honako hauek abiaburu hartuta: norbanakoaren eta/edo kolektiboaren sormena; trebetasunak eta talentua; ideia eta potentzialtasunen transmisioa berrikuntza-inguruetan.

Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusia da (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2021eko otsailaren 18an onartua eta 2022ko otsailaren 15eko Aginduaren bidez berritua, eta sailaren beraren webgunean argitaratua), eta baita Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2022. urteko Dirulaguntzen Planean ere (2022ko otsailaren 16an onartua).

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da kultura-sorkuntza artistikoa sustatzen eta babesten duten titulartasun pribatuko kultura-gune independenteak kudeatzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko pribatuei laguntzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzea eta horien deialdia egitea.

Espazio horiek zuzkidura, azpiegitura eta egitura egokiak izan behar dituzte proiektu espezifikoak antolatzeko, sortzaileek beren sorkuntza eta ekoizpen artistikorako prozesuak garatu ahal izateko espazioak, baliabideak eta laguntza erraztuko dituztenak. Gainera, berrikuntzarako orientazioa, talentua hautemateko eta babesteko lanak, kudeaketa parte-hartzailea eta tokiko ingurunearekiko harremana eskaini beharko dituzte.

2. artikulua.– Proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuak kultura-sektore hauetako bati edo batzuei lotuak izan beharko dute: ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika eta bertsolaritza.

2.– Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu beharko dira, 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean. Proiektuek 2022an hasitakoak izan beharra dute.

3.– Proiektuek onartutako aurrekontuaren % 20ko autofinantzaketa izan beharko dute gutxienez, halakotzat hartuta jatorri publikoetatik ez datorren diru-sarreren frakzioa eta onartutako aurrekontutzat 6. artikuluaren arabera araztutako aurrekontua, hala dagokionean.

4.– Proiektuek dirulaguntzak jaso ditzaten, kultura-guneek 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte:

3. artikulua.– Sorkuntzarako kultura-guneen bete beharreko baldintzak.

Sorkuntzarako kultura-gune independentetzat hartzen dira sorkuntza eta sormena sustatzea helburu duten titulartasun pribatuko espazioak, bai eta ikerketa, berrikuntza eta esperimentazioa ere. Hori guztia beste gune batzuekiko sare lan testuinguru batean kokatu beharko da, sortzaileak ingurunearekin duen harremanean eta hazkunde artistikoan lagunduko duena.

Guneok ezaugarri hauek guztiak izan beharko dituzte:

– Euskal Autonomia Erkidegoko higiezinak izatea.

– Sormen, ikerketa eta esperimentazio kultural artistikoko proiektuak egiteko gaitasuna eta egokitasuna egiaztatzea; beraz, gutxienez guneak izan beharko dituzte, eta baita proiektu horiek gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak ere.

– Higiezina sorkuntzarako-gune moduan kudeatzeko eta ustiatzeko eskubidea eskatzailearena izatea.

Oinarri hauen xedetik kanpo geratzen dira:

– Plataforma digitalak, nahiz eta haien eskura eduki jarduerak egiteko moduko guneak.

– Nagusiki prestakuntzara bideratutako eskola edo guneak.

– Helburu nagusia turismoa edo merkataritza duten guneak.

– Gizarteratzera bideratutako guneak, non alde artistikoa osagarria edo instrumentala den.

– Kultura-artekaritza helburu duten guneak.

4. artikulua.– Diru-baliabideak eta dirulaguntza hauen mugak.

1.– Dirulaguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 560.000 eurokoa da.

2.– Proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza gehienez 120.000 eurokoa izango da, proiektuaren aurrekontu onartuaren % 70 ez badu gainditzen, betiere.

5. artikulua.– Onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1.– Deialdi honetan dirulaguntza jaso ahal izateko, pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa edukita eta edozein dela ere haien eraketa juridikoa, honako baldintza hauek bete behar dituzte agindu hau argitaratzen denetik proiektua amaitu bitartean:

a) Agindu honen 3. artikuluan ezarritakoa betetzen duten sorkuntzarako kultura-guneak kudeatzeko edo ustiatzeko titulartasuna izatea. Horretarako, honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatu behar dute agiri bidez:

– Higiezinaren jabetza-titulua izatea.

– Higiezinaren errentaria izatea, horretarako formalizatutako errentamendu-kontratuaren arabera. Kontratu horrek proiektua osorik gauzatzearekin bateragarria den iraupena aurreikusi beharko du.

– Edozein tituluren bidez, higiezinaren kudeaketa edo ustiapena bere alde lagata izatea. Lagapen horrek proiektua osorik egikaritzearekin bateragarria den iraupena aurreikusi beharko du.

b) Gunea kultura-sorkuntzarako, -ikerketarako eta -esperimentaziorako erabiltzea.

2.– Eskabidea aurkezteko unean bertan eta proiektua amaitu bitartean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea, sormen-gunean egin beharreko jarduera nagusien epigrafean.

3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izan behar dira.

Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun-izaerari eusteko, eta, beraz, dirulaguntza esleitzen denean eta ordainketak egiten direnean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.

4.– Ezingo dituzte agindu honetako dirulaguntzak jaso:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duen eskatzailea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean izan behar duten enpresek, halakorik ez badute, ezta sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurre hartzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

b) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena administrazio publiko edo instituzional batena edo sektore publikoko entitate batena edo finantza- edo kreditu-entitate batena duten entitate pribatuen eskabideak.

c) Titulartasun publikoa duen sorkuntzarako kultura-gune bateko zerbitzu-kontratu edo zerbitzu publikoen kudeaketa kontratu baten esleipendun moduan eskatzen dutenek.

d) Berreskuratzeko agindu baten menpe diren enpresak, Europar Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

e) Krisi egoeran dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (DO,C 249, 31-07-2014). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoan dago zehaztua.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta. 3 apartatuetan jasotako beste ezein egoeratan diren pertsonak.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua aplikatuz, honako gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Zuzeneko gastuak: kudeaketa, zuzendaritza, teknikari, administrazio, garbiketa, mantentze edo antzekoen pertsonal gastuak.

b) Zeharkako gastuak.

– Espazio ez-propioak alokatzeak, barruko eta/edo kanpoko espazioak erabiltzeak eta ekipamenduak, makinak eta altzariak alokatzeak eragindako gastuak, betiere eskatzailearen ohiko jarduerarako ez badira.

– Kultura-gunea mantentzeko gastuak, betiere kontzeptu horiengatik onartutako aurrekontu osoaren % 10 gainditzen ez bada eta, nolanahi ere, proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direla justifikatzen bada.

– Kontsumoak: argia, ura, telefonoa, gasa eta Internet.

– Material eta ondasun suntsikorrak.

– Gainerako zeharkako gastuak.

c) Jarduera gastuak:

– Sorkuntzarako kultura-gunearen jarduera gastuak (egoitzak, ostatuak).

– Prestakuntzarako, ezagutza transmititzeko, ikerketa/esperimentaziorako gastuak.

– Lankidetza-proiektuen, lurralde-proiektuen, erkidego-proiektuen edo sareko proiektuen gastuak.

2.– Agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, aurkeztutako proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo izan daitezkeen aldaketetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ezin izango da inola ere merkatu-balioa baino handiagoa izan. Gainera, agindu honen esparruan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz xedatutakoa ere aplikatuko da.

3.– Onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, jardueraren zenbatekoaren % 80ra arte, azpikontratu guztien prezioak batuz. Nolanahi ere, muga % 60koa izango da exekuzio hori diruz lagundutako jarduerari buruzko epigrafean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dauden pertsona fisiko edo juridikoekin azpikontratatzen bada.

Kanpoan geratzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuak.

4.– Nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.3 artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.

5.– Ezingo da diruz lagundu daitekeen gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuradunak zerga horren aitorpena egin behar badu. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa frogagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.

6.– Sorkuntzarako gunean ostatatutako proiektuen ekoizpenari dagozkion kostuak eta inbertsio-gastuak ez dira diruz lagunduko.

7. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen kargura emango diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, dirulaguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, interesdunek prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte bitarteko elektronikoak eta aurrez-aurrekoa erabiliz, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta daudenak izan ezik. Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen bide hori erabiltzera prozeduraren hurrengo izapideetan, eta edozein unetan alda daiteke.

Pertsona juridikoek, aldiz, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte administrazio-prozeduraren izapideak egiteko.

3.– Hala nahi duten pertsona fisikoek aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak Zuzenean Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta soilik. Horretarako, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean edo EAEko erregistro laguntzaileetan sartu ahal izango dira (EAEko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 1. artikuluan jasotakoak). Eskabide-eredua EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1031712

4.– Halaber, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1031712

Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak barne, honako helbide honetan egingo dira: «Nire karpeta», EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean.

EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, elektronikoki edo paperean. Horretarako, ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, https://www.euskadi.eus/ordezkariak helbidean. Nolanahi ere, izapideak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen interesdun bat ordezkatzen dutenean.

6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki izapidetzeko jarraibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren aurreko puntuan adierazitako helbideetan dira eskuragarri.

7.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

9. artikulua.– Eskatutako baldintzak egiaztatzea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

a) Pertsona fisikoak izanez gero: eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoa izanez gero.

b.1.– Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharrik izango.

b.2.– Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:

– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.

– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.

c) Pertsona fisikoak nahiz juridikoak:

– Kultura-sorkuntzarako gunea kudeatzeko edo ustiatzeko titulartasuna egiaztatzen duen agiria, 5.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonek Ogasunarekiko zein Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Hala ere, eskatzailea pertsona fisikoa denean bakarrik, baimen hori berariaz uka lezake, baina, kasu honetan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku diren edo beste edozein administraziok egindako dokumentuak ez aurkezteko. Agiri horien bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak berariaz aurka egin ezean.

2.– Sorkuntzarako-guneari eta proiektuari dagokien dokumentazioa.

– Sorkuntzarako kultura-guneak dituen baliabide eta azpiegiturak 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 14.1.A), B) eta C) artikuluan zehaztutako irizpideak baloratu ahal izateko beharrezkoa den informazioa.

– Kultura-sorkuntzarako gunearen ibilbidea azaltzen duen memoria, inprimaki-eredua erabilita.

– Proiektuaren azalpen-memoria, inprimaki-eredua erabilita.

– Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu guztiak jasotzen dituena, bai eta 14.A.c) artikuluan ezarritako irizpideak behar bezala baloratzeko diru-sarreren aurreikuspena ere, horretarako inprimaki-eredua erabilita.

– Hala badagokio, azalpen-memorian alegatutako alderdien egiaztagiriak aurkeztu ahal izango dira, 14. artikuluko balorazio-irizpideak baloratzeko beharrezkotzat jotzen direnak.

3.– Erabilitako kanalaren, presentzialaren edo elektronikoaren arabera, aurkeztu beharreko dokumentuek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Eredu espezifikoak egin diren inprimakiak nahitaez erabili beharko dira, eta eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza elektronikoan eta erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan.

b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

10. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 51.1 bis artikuluan xedatzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira hasiera batean betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharra egunean izatea.

– Halaber, eskatzaileak adieraziko du betetzen dituela dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

11. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

1.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak direla, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak direla, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

2.– Pertsona juridikoek eskabidea aurrez aurre egiten badute aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaie eta ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen datatzat.

13. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta, bera falta denean, batzordekide adinekoenak ordezkatuko du.

– Bokalak: agindu honen gaian adituak diren 3, 4 edo 5 bokal, Kulturako sailburuordeak izendatuta.

2.– Batzordeko idazkari-lanak, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua.

Era berean, gai zehatzak aztertzeko balorazio-batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartutako eta jorratu beharreko gaiari buruz jantziak diren pertsonak, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

3.– Balorazio-batzorderako izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

4.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

5.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabili ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

6.– Balorazio-batzordeari dagokio arestiko artikuluetan eskabideak onartzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea, bai eta aurkeztutako eskabideak ebaluatzea ere, 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera euren arteko hurrenkera antolatzeko.

Hala, batzorde horrek adostuko ditu onartzeko/ez onartzeko proposamenak, eta, esleipen-irizpideetan oinarrituta, dirulaguntza emateko/ukatzeko proposamenak, Kulturako sailburuordeari helaraziko dizkionak.

7.– Balorazio-batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egoki ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.

14. artikulua.– Hautatzeko eta dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

1.– Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak.

A) Lehenengo fasea: gunearen kalitatea eta interes publikoa, eta aurrekontuaren egokitzapena. Gehienez 70 puntu. Baloratuko da:

a) Sorkuntzako kultura-gunearen eta proiektuen kalitatea. Gehienez 30 puntu emango dira. Hauek hartuko dira kontuan:

a.1.– Sorkuntzarako kultura-gunearen azpiegiturak, baliabide teknikoak, giza baliabideak eta materialak, eta eskaintzen dituen zerbitzuak (0-10 puntu).

a.2.– Bertan ostatatutako sormen-proiektuen kalitatea, interesa eta haien diziplinartekotasuna (0-10 puntu).

a.3.– Ibilbidea eta EAEko kultura-sorkuntzako sareen barnean duen berezitasun maila, beste inork artatzen ez dituen beharrei erantzuteagatik (0-10 puntu).

b) Gunearen interes publikoa. Gehienez 25 puntu emango da. Hauek hartuko dira kontuan:

b.1.– Kontuan hartuko dira guneak sortzaileentzat sarbiderako, erabilerarako eta parte hartzeko ezarritako baldintzak (deialdi irekia, gonbidapena, e.a.), bai eta onuradunen dibertsitatea eta kopurua. Sarbidea zenbat eta irekiago izan, zenbat eta erabiltzaile kopurua handiagoa eta dibertsitate handiagokoa izan orduan eta hobeto baloratua izango du (0-15 puntu).

b.2.– Inguru hurbilarekiko uztardura. Sorkuntzarako kultura-guneak bere inguru hurbilarekin duen harremana, eskaintzen dituen zerbitzuak, publikoak sortzeko garatzen dituen politikak eta sortzen duen itzulkin soziala (kohesioa, formazioa, jakintzaren transmisioa, parte-hartzea) balioetsiko dira (0-10 puntu).

c) Aurrekontuaren egokitasuna. Gehienez 15 puntu emango dira. Hauek hartuko dira kontuan:

c.1.– Jarritako enpresa-baliabideak (0-5 puntu).

c.2.– Proiektuak duen kalitate-prezio erlazio egokitasuna (0-5 puntu).

c.3.– Bestelako finantzaketa erakartzeko gaitasuna (0-5 puntu).

Lehenengo fase honen balorazioan gutxienez 45 puntu lortzen ez dituzten eskabideak deialditik kanpo utziko dira, eta ez dira bigarren fasean baloratuko.

B) Bigarren fasea: nazioartekotzeari egindako ekarpena, euskararen erabilera, genero-politikak. Gehienez 30 puntu. Hauek baloratuko da:

a) Sortzaileak nazioartekotzeko, sare eta harremanetan integratzeko, nazioarteko proiektuetan parte hartzeko eta nazioarteko adituekiko lankidetzan jarduteko egiten duten ekarpena (0-10 puntu).

b) Euskararen erabilera. Gehienez 10 puntu emango dira.

b.1.– Guneak bere erabiltzaileei eskaintzen dizkien zerbitzuak (0-5 puntu). Euskaraz eskaintzen diren zerbitzuen ehunekoarekiko proportzionala izango da puntuazioa.

b.2.– Ostatatutako proiektuetan euskararen erabilera (0-5 puntu). Baremo hau aplikatuko da:

– < % 15: 0 puntu; % 15 eta < % 30 artean: puntu 1; % 30 eta < % 45 artean: 2 puntu; % 45 eta < % 60 artean: 3 puntu; % 60 eta < % 80 artean: 4 puntu eta = % 80:5 puntu.

c) Sortzaileen baitan gizon eta emakumeen arteko genero-desberdintasunei heltzeko berariazko politikak gauzatzea. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

c.1.– Gizonezko eta emakumezko sortzaileen artean genero-desberdintasunak ezabatzeko diseinatutako prestakuntza-, mentoring, ahalduntze- eta abarretarako egitasmoak (0-5 puntu).

c.2.– Ostatatutako sormen-proiektuetako genero-paritatea (0-5 puntu).

– 5 puntu esleituko zaizkie proiektuei, baldin eta ostatatzen dituzten proiektuetako parte-hartzaileen sex-ratioa, 0,4 eta 0,6 bitartekoa bada.

– 0 puntu esleituko zaizkie proiektuei, baldin eta ostatu duten proiektuetako parte-hartzaileen sex-ratioa, paritatetik aldenduagoa bada.

Aurreko bi faseetan ezarritako baremoaren guztizko puntuaziotik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira aintzat hartu proposamena egiteko orduan.

C) Azkenik, 65 puntu nahiz gehiago lortu duten proiektuak baloratuko dira berrikuntza mailaren arabera, gehienez 20 puntu. Sorkuntzarako gunearen beraren barne-kudeaketako prozesuetarako proposatzen den berrikuntza (gehienez 10 puntu) nahiz guneak denbora-tarte horretan aurreikusitako eduki eta proiektuetarako proposatutako berrikuntza (gehienez 10 puntu) baloratuko da.

a) Kudeaketako barne-prozesuak. Gehienez 10 puntu.

a.1.– Badute berrikuntza kudeatzeko sistema ziurtatua: UNE 166.002, edo horren fede ematen duen beste edozein kanpo-ziurtagiri. 10 puntu.

a.2.– Ziurtagiririk gabe bada era, froga dezakete berrikuntza sistematizatuta daukatela beren kudeaketan, ikuspegi estrategiko zein operatibotik aztertuta: 7 puntu.

a.3.– Berrikuntza ez sistematizatuta ez ziurtatuta izanagatik ere erakundearen funtsezko faktorea da. (5 puntu). Gutxienez hiru betekizun hauetatik bi bete behar ditu:

– Barne-taldea: badira bertan doktoreak edo I+G+b proiektuetan jardundako graduondoak (beste erakunde batzuetan izanagatik ere).

– Sarritan hartu du parte (ez tarteka) berrikuntza sustatzeko programa publikoetan, dela europar proiektuetan (Creative Europe), estatu mailakoetan, Eusko Jaurlaritzarenetan (KSI Berritzaile, Hazitek eta abar), dela aldundi zein udalenetan.

– Berrikuntza beren jarduera-ardatz duten nazioarteko / Europa mailako sareetan parte hartzea.

a.4.– Azken hiru urteotan unean-unean ekin zaio berrikuntzari, horretarako aukera izan denean. 3 puntu.

a.5.– Ez da berrikuntzarik aurreikusten. 0 puntu.

b) Aurreikusitako eduki eta proiektuak. 10 puntu. Proiektua berritzailetzat hartzeko honako hiru bloke hauetan guztietan jaso behar dituzte puntuak:

b.1.– Dagoeneko existitzen denaren aldean berritasun edo hobekuntza nabarmena izatea (4 puntu):

– Berritasun disruptiboa: proiektua ez da beste inon gauzatu, edo Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat zeharo berria izatea (4 puntu).

– Berritasun nabarmena: gunean lehenago gauzatu izan diren proiektuen aldean berritasun edo hobekuntza nabarmena dakarren proiektua (2 puntu).

– Berritasun ez-esanguratsua: proiektuak ez dakar ez berritasunik, ez hobekuntza esanguratsurik gunean lehenago gauzatu izan direnen aldean (0 puntu). 0 puntu baino gehiago biltzen ez duen eskabideak ez du aukerarik izango hurrengo irizpideak ez zaizkio baloratuko.

b.2.– Dagoeneko ezarrita eta erabilgarri izatea, edo horretarako egitasmoa aurreikusita izatea (2 puntu):

– Ezartzeko behar diren baliabideak argi asko definituta eta aurreikusita daude eta bat datoz proiektuaren beharrekin (pertsonak, baliabide teknikoak, finantzaketa, epeak, espero den balio-ekarpena) (2 puntu).

– Ezartzeko behar diren baliabideak aurreikusita daude, baina hobeto definitu beharra dago (puntu 1).

– Ez da aurreikusi zer baliabide behar diren ezartzeko (0 puntu).

b.3.– Balio ekonomikoa, soziala nahiz ingurumenarekikoa dakartenak (4 puntu):

– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmena, gutxienez hiru alorretako bitan (4 puntu).

– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmena, hiru alorretako batean (2 puntu).

– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmenik gabea hiru alorretan (0 puntu).

2.– 4. puntuko berrikuntza-kontzeptuen balorazioa 2. eta 3. puntukoei gehituko zaie.

3.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan 6. artikuluaren arabera diruz lagundu ezin diren gastuak sartzen badira, gastu horiek araztu egingo dira, onartutako aurrekontu osoa zehazteko. Aurrekontu hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria.

4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 3.1 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, eta laguntzaren kopurua ez da inoiz izango eskatutakoa baino gehiago, ezta 3.2 artikuluan adierazi diren mugak baino gehiago ere; gainera, diruz lagundutako proiektu-kopuruak eta horiei emandako diru-zenbatekoek beti bete beharko dute 6. artikuluan xedatutakoa.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan dirulaguntzei buruzko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, balorazio-batzordearen proposamen motibatua ikusi ondoren.

2.– Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, gehienez sei hilabeteko epean, agindu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera. Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera, lehenik egin den jakinarazpen-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

Ebazpena bide elektronikoz jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Pertsona batek izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, prozedura hori amaitu egin beharko da, eta, itzulketa-prozedura amaitu ondoren, pertsona horrek itzultzeko betebeharra badu, obligaziodunak zorra borondatezko epean artatzen badu, edo zorra atzeratu eta bermatzen badu edo dagokion itzultze-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada soilik eman ahal izango da. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo erakundeak pertsona edo erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren ildotik.

4.– Adierazitako epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte beren asmoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

5.– Ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

6.– Eskabideak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau argitaratu zen egunetik aurrera. Ebazteko epea amaituta, inolako jakinarazpenik egin gabe, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

16. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Nolanahi ere, proiektu bat berari esleitutako dirulaguntza publiko guztien batura ezin izango da izan diru-sarrera guztien % 80 baino gehiago izan, aurrekontu onartuaren gutxieneko % 20ko autofinantzaketa maila beteko bada. Deialdi honen ondorioetarako, autofinantzaketatzat hartuko da iturri publikoetatik ez datozen diru-sarreren frakzioa, eta, hala badagokio, aurrekontu araztua onartutako guztizko aurrekontutzat, 6. artikuluan oinarrituta. Gainfinantzaketarik badago, edo ezarritako gutxieneko autofinantzaketara ez bada iristen, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Dirulaguntzak, berriz, izendunak, edota musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak, liburugintza, literatura eta Bitartez alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.

17. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

e) Dirulaguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate, sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan obrak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

g) Agindu honetan dirulaguntza modalitate bakoitzerako ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta dirulaguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak ere. Era berean, pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (elektronikoki izapidetu beharra duten pertsonak halaxe egin beharko dute), dagokion zerbitzuaren bidez, baita Egoitza elektronikoan ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Agindu honen kargura emandako dirulaguntzak ondoren zehazten den moduan ordainduko dira.

a) Lehenengo ordainketa. Dirulaguntzaren % 50 esleipen-ebazpena eman ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Bigarren ordainketa. Dirulaguntzaren % 30, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere 2023ko martxoaren 31 baino lehen justifikatu ondoren. Proiektua gauzatu izanaren justifikazioa eta 2022ko aurrekontu onartuari dagozkion gastuak honela egingo dira:

– 2022. urtean lagundutako jarduerari buruzko memoria zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena, bereziki kudeaketaren berrikuntzan izandako aurrerapenak aipatuta.

– 2022. urtean ostatatutako proiektuen zerrenda, haiek berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta gizarte itzulkinaren arloan izandako lorpenak azalduta.

– 2022. urtean diruz lagundutako jardueraren aurrekontu exekutatua (gastuak eta diru-sarrerak), ereduaren arabera.

– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak 2022an sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, ereduaren arabera.

– 2022rako onartutako aurrekontua zuritzeko adinako gastuak, behintzat, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Ez da onartuko tiketekin justifikatzea.

c) Azken ordainketa. Gainerako % 20a dirulaguntza hurrengo artikuluan zehaztutako eran justifikatu ostean.

3.– Pertsona edo erakundeak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, ordainketa prozedura horren amaieraren baldintzapean geratuko da, eta, itzulketa-prozedura amaituta, pertsona edo erakundeak itzultzeko betebeharra badu, ordainketa egin ahal izango da soilik baldin eta obligaziodun pertsonak edo erakundeak zorra borondatezko aldian artatzen badu, edo atzeratzen badu eta bermatzen badu, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo erakundeak pertsona edo erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren ildotik.

19. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

Dirulaguntza jasotzen duten pertsonek, lagundutako jarduera bukatu eta bi hilabeteko epean eta, betiere, 2023ko abenduaren 30a baino lehen, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

– Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena, bereziki kudeaketaren berrikuntzan izandako aurrerapenak aipatuta.

– 2022-2023an ostatatutako proiektuen zerrenda, haiek berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta gizarte itzulkinean izandako lorpenak azalduta.

– Euskararen eta generoaren arloetan egindako ekintzen zerrenda eta haien balorazioa.

– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko aurrekontu-exekutatua (gastuak eta diru-sarrerak), eskabidearekin onartutako aurrekontuaren bat datorrena eta ereduaren arabera.

– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatu den epealdi osoan sorturiko gastuak justifikatzeko dokumentu guztien zerrenda, ereduaren arabera.

– Onartutako aurrekontu osoa justifikatzen duten egiaztagiri eta fakturak. Ez dira tiketak onartuko.

– Ezer azpikontratatzen bada, hornitzaileen eskaintzak, eta, ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintzaren bat hautatu bada, erabaki hori berariaz justifikatzen duen memoria.

– Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinu bidezkoaren hizkuntza bertsio guztietako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita.

– Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek egindako ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena, xede eta helburu berarekin, 2022rako eta 2023rako, ereduaren arabera. Onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarenaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez badu, eredu hori ere erantsi beharko da.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko a), b), c), d) e), f), g), h) eta i) apartatuetan jasotako edozein ez-betetze.

2.– Kasu horietakoren bat gertatzen dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Autonomia Erkidegoaren dirulaguntzei buruzko araubide orokorra eta bermeen araubide orokorra arautzen dituena) aurreikusitakoa betez.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.

1.– Onartutako dirulaguntza benetan garatutako dimentsionamendura egokitzeko eta behin betiko likidazioa egiteko, hasieran aurkeztutako gastu-aurrekontua baino gastu gehiago justifikatzeak ez du eskubiderik emango hasieran aitortutako dirulaguntzan gehikuntzarik izateko.

2.– Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, eta behar bezala justifikatuta dagoela ulertuta, ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordainduko da.

3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, –betiere, dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada–, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta benetako kostuak aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoak izan badira, edo beste erakunde publiko edo pribatu batek aldi berean beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera bat eman badu ezarritako mugak gainditzeko.

Nolanahi ere, deialdian eskatzen den autofinantzaketaren gutxieneko ehunekoa errespetatu beharko da, hau da, % 20.

4.– Jarduera partzialki betetzea onartu ahal izango da, baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko eta jardueraren betetze-maila, gutxienez, eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 85era iristen dela. Kasu horretan, emakida-ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan murriztuko da aurrekontu osoarekiko.

Nolanahi ere, deialdian eskatzen den autofinantzaketaren gutxieneko ehunekoa errespetatu beharko da, hau da, % 20.

Salbuespen gisa, proiektua aurretik ezarritako ehunekora iristen ez bada, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak partzialki bete direla balioetsi ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren erakunde onuradunak egindako lanek berezitasun eta espezifikotasun objektiboak badituzte eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta xedeari balio erantsia ematen badiote.

5.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, halaber, dirulaguntza erabat deuseztatu behar denean eta agindu honen 20. eta 21. artikuluetan aurreikusitako kasuetan.

6.– Kultura Sailburuordetzako titularrak emango du emandako dirulaguntzaren zenbatekoak aldatu edo doitzeko likidazio-ebazpena, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.

7.– Jasotako guztia edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar bazaio, likidazio-ebazpenean bi hilabeteko epea emango da, hura jasotzen denetik zenbatzen hasita, dagokion itzulketa egiteko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituena) xedatutako prozedurarekin bat, onuradunari itzulketa-prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinarazi ondoren; 15 eguneko epea emango zaio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan, baldin eta itzulketa justifikazio-betebeharra ez betetzeagatik egin bada.

22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Kultura eta sormen eremura bideratutako laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: kultura- eta sormen-sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioak.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 24a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala