Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2022ko ekainaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2427

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, Leioako (Bizkaia) CPEIPS «Claret Askartza» HLBHIP Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatuari Hezkuntza Bereziko unitateak gehitzeko baimena emateko dena.

Hezkuntza Bereziko gela ireki bat gehitzeko baimena eskatuz Leioako (Bizkaia) «Claret Askartza» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren erakunde titularraren ordezkariak hasarazi duen espedientea aztertu da.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek izan dira kontuan: 332/1992 Errege Dekretua, apirilaren 3koa, ikastetxe pribatuetan unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzkoa (apirilaren 9ko BOE); 1998ko uztailaren 30eko Agindua, beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko irizpideak ezartzeko, eta ikasle horiek behar dituzten baliabideak hezkuntza-sistemako maila guztietara helarazteko dena (abuztuaren 31ko EHAA), eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ondoren zehazten den ikastetxeari baimena ematen zaio Hezkuntza Bereziko gela ireki bat gehitzeko 2022-2023 ikasturtetik aurrera:

Kode-zenbakiak: 014766 eta 48005731

Izen generikoa: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatua

Izen espezifikoa: «Claret Askartza»

Titularra: «Misioneros Claretianos Hijos del Corazón de María»

Helbidea: Sarriena auzoa, 173

Udalerria: Leioa

Lurralde Historikoa: Bizkaia

Baimena: Hezkuntza Bereziko gela ireki bat gehitzea.

Ikastetxearen osaera:

– Haur Hezkuntza, lehen zikloa: 7 unitate.

• Bi unitate 1-2 urte bitarteko ikasleentzat; 13 ikaspostuko edukierakoa bakoitza.

• Bost unitate 2-3 urte bitarteko ikasleentzat; 18 ikaspostuko edukierakoa bakoitza.

– Haur Hezkuntza, bigarren zikloa: 18 unitate, 450 ikaspostu.

– Lehen Hezkuntza: 36 unitate, 900 ikaspostu.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 26 unitate, 780 ikaspostu.

– Batxilergoa: «Zientziak», «Giza eta Gizarte Zientziak» eta «Teknikoa» modalitateak: 12 unitate, 420 ikaspostuko edukierakoa.

– Hezkuntza Berezia: 4 gela ireki eta gela egonkor bat.

2. artikulua.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako unitateetako irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek betetzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen edo dirulaguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala