Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2022ko maiatzaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2291

54/2022 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak egonkortzera bideratutako enplegu publikoaren eskaintza onartzeko Erabakia.

Gobernu Kontseiluak, 2022ko maiatzaren 24an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak egonkortzera bideratutako enplegu publikoaren eskaintza onartzeko Erabakia hartu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak egonkortzera bideratutako enplegu publikoaren eskaintza onartzeko Erabakiaren testua (eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 24a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 24KO 54/2022 EBAZPENARENA
ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ESTATURAKO GAIKUNTZA DUTEN TOKI-ADMINISTRAZIOKO FUNTZIONARIOAK EGONKORTZERA BIDERATUTAKO ENPLEGU PUBLIKOAREN ESKAINTZA ONARTZEKO DENA

Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen helburuetako bat da administrazio publikoetako aldibaterakotasun-tasa ehuneko zortzitik beherakoa izatea egiturazko lanpostuetan.

Helburu hori lortzeko, hirugarren egonkortze-prozesu bat baimentzen du 2. artikuluan, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19.Bat.6 artikuluan eta 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.Bat.9 artikuluan araututako egonkortze-prozesuez gain. Hirugarren prozesu horretan, barne hartuko dira egiturazko lanpostuak, administrazio publikoen lanpostuen zerrendetakoak, plantilletakoak edo giza baliabideen edozein antolakundeetakoak izan zein ez, baldin eta aurrekontu-zuzkidura badute eta 2020ko abenduaren 31tik atzera gutxienez hiru urtez aldi baterako eta etengabe beteta egon badira. Era berean, seigarren xedapen gehigarrian, iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdi bat aurreikusten da, aurretik aipatutako baldintzak beteta, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etengabe beteta egon diren lanpostuak betetzeko, izaera horretako eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko harremana duten langileek aldi baterako okupatutako egiturazko lanpostu hutsak barne (zortzigarren xedapen gehigarria).

Horrela, aldibaterakotasuna murrizteko betebehar horrek Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei ere eragiten die; beraz, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren zazpigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokio eskaintza publikoa onartzea, bai eta hautaketa-prozesuen deialdia egitea ere. Ondorioz, halaber, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzako erreserbatutako lanpostuen egonkortze-prozesuak egiteko ardura dagokio.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 70.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, «Giza baliabideen beharrizanak daudenean, eta, horretarako aurrekontuko diru-izendapena egonda, langile berriak sartzea beharrezko denean, enplegu publikoaren eskaintza egin behar da, edo langile-beharrizanak betetzeko antzeko beste kudeaketa-tresnaren bat erabili behar da; horretarako, beharrezkoa izango da sortutako plaza horiek betetzeko hautaketa-prozesuetarako deialdia egitea».

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, «Administrazio Publiko bakoitzeko langileekin bete ezin diren giza baliabideetako premiak, hots, aurrekontu-izendapena dutenak, enplegu publikorako eskaintzaz beteko dira».

Aipatutako manuak eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren zazpigarren apartatuan ezarritakoa betez (2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legearen azken xedapenetako lehenengoak emandako idazkeran), erabaki honen bidez onartu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu publikoaren eskaintza, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak egonkortzekoa, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoarekin bat. Lanpostu horiek abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritako baldintzak betetzen dituzte, hots, hirugarren egonkortze-prozesuan sartzekoak, eta horiek betetzea ezin da gerorako utzi, atxikita dauden zerbitzu publikoen funtzionamendua ona izango bada eta, batik bat, aldibaterakotasun-tasa ehuneko zortzitik beherakoa izango bada egiturazko lanpostuetan.

Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko eskalan, 55 plaza eskaini dira guztira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Eskainitako plaza guztietatik, plaza hutsen % 7 gordeko da desgaitasuna duten pertsonentzat (halakotzat joko dira Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 4. artikuluko 2. apartatuan zehaztutakoak; testu bategin hori azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen); halako pertsonek, betiere, hautaketa-prozesuak gainditu behar dituzte eta egiaztatu desgaitasunen bat dutela lanpostuaren zereginetan aritzeko bateragarria dena. Hartara, pixkana-pixkana lortu nahi da Administrazio Publiko bakoitzean, guztira, % 2 izatea langile horiek. Desgaitasuna dutenentzat gordetako plazen banaketa, bai eta horien kopurua ere, hautaketa-prozesuen deialdietan zehaztuko da.

Enplegu publikoaren eskaintza eta dagozkion deialdiak abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritako epean gauzatuko dira; hau da, lan-eskaintza 2022ko ekainaren 1a baino lehen onartu eta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta dagozkien deialdiak 2022ko abenduaren 31 baino lehen. Egonkortze-prozesua 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko da.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18.l) artikulua betez, erabaki hau hartu du Gobernu Kontseiluak:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak egonkortzeko enplegu publikoaren eskaintza onartzea, erabaki honen I. eranskinean zerrendatutako lanpostu huts guztiak barne.

Bigarrena.– Kasuan kasuko deialdietan zehaztuko dira eskainitako plazak lortzeko prozedurak eta baldintzak, bai eta desgaitasuna dutenentzat gordetako plazen banaketa ere.

Hirugarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala