Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2022ko maiatzaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
2267

24/2022 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko Lehendakariarena, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko karrerako funtzionarioentzat gordetako 28 mailako DO duten hiru auditore lanpostu betetzeko lehiaketarako deia egiten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegian (HKEE) hutsik daude 28 mailako Destino Osagarria duten hiru auditore lanpostu (542101 kodea). Lanpostuak betetzeko sistema lehiaketa da, eta zerbitzu-beharrak aintzat hartuta, HKEEko karrerako funtzionarioekin bete behar dira, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46. artikuluak eta hurrengoek, eta euskal administrazio publikoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen urriaren 13ko 190/2004 Dekretuak ebatzitakoa betez.

Lehendakaritzak, HKEEren otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 19.3.f) artikuluak aitortzen dizkion eskumenen indarrez, ebazpen honen 1. eranskinean zerrendatzen diren 28 mailako DO duten auditoreen lanpostu hutsak betetzeko merezimendu-lehiaketarako deialdia egitea erabaki du. Lehiaketa honako oinarri hauen arabera gauzatuko da:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Merezimendu-lehiaketa honen xedea da deialdi honetako 1. eranskinean jaso diren lanpostuak behin betiko betetzea.

Deitutako lanpostuak behin betiko bete ondoren, karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden 28 mailako DO duten auditore-lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bidez beteko dira berehala, postu horiek okupatzailerik gabe geratu baitira behin betiko hornikuntzaren ondorioz. Zerbitzu-eginkizunen bidezko esleipenak lehiaketa honetan eskuratutako behin betiko sailkapen-hurrenkeraren arabera egingo dira.

Bigarrena.– Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute HKEEko karrerako funtzionarioek, baldin eta talde berekoak badira eta deialdi honen bidez bete beharreko lanpostuak betetzeko eskatzen den titulazio bera badute.

Hirugarrena.– Deialdiko lanpostuak eskuratu ahal izateko, eskuratu nahi den lanpostuari dagokion sailkapen-taldekoa izan beharko du langileak, eta HKEEko karrerako funtzionario gisa eskuratu nahi den lanposturako eskatzen den titulazio bera duen lanpostu bat bete beharko du.

Laugarrena.– Lehiaketa hau, 1. oinarrian aurreikusitakoa betez, fase bakarreko prozesu baten bidez antolatuko da, eta 1. eranskinean jasotzen diren lanpostu hutsak eta dagozkien dotazioak behin betiko esleituko dira.

Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak inprimaki normalizatuaren bidez formalizatuko dira eta HKEEko lehendakari andre txit gorenari zuzenduko zaizkio; inprimakiak 2. eranskin modura atxiki dira (HKEEren intranetean eskuragarri).

2.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen direnetik aurrera kontatuta.

Eskabidearekin batera, baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, bai eta 2. eranskinean adierazitako merezimenduak ere. HKEEk ofizioz egiaztatuko ditu egindako zerbitzuak, antzinatasuna, gradua eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

Onartzeko epea amaitu ondoren, HKEEren Lehendakaritzaren ebazpen bidez, onartuen behin-behineko zerrenda onartuko da, eta HKEEren iragarki-taula digitalean (Intranet) argitaratuko da. Interesdunei 5 eguneko epea emango zaie erreklamazioak aurkezteko. Onartuen behin-behineko zerrenda hori behin betiko bihurtuko da automatikoki, aurreikusitako epean haren aurkako erreklamaziorik aurkezten ez bada.

Bosgarrena.– 1.– Lehiakideek, lehentasun-hurrenkeraren arabera, oinarri hauek argitaratzen diren egunean lanpostu bakoitzerako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, 1. eranskinean jasotzen diren lanpostu hutsak eskatu ahal izango dituzte, lanpostu bakoitzaren izena, kodea, maila eta, hala badagokio, dotazio-zenbakia adierazita.

Aurreko paragrafoan adierazitako moduan identifikatuta ez dauden lanpostuak eskatu gabekotzat hartuko dira.

2.– Eskabidean egindako eskabideak lotesleak izango dira lehiakideentzat, eta ezin izango dute haien edukia aldatu.

Seigarrena.– Ez dira baloratuko eskabidean aipatu ez diren merezimenduak, ez eta, eskabidean agertu arren, eskabideak aurkezteko epean behar bezala egiaztatu ez diren haiek ere.

Nolanahi ere, oinarri hauek argitaratu ondoren eskuratutako merezimenduak ez dira baloratuko.

Lanpostuak esleitzeko merezimenduen balorazioa honako baremo honen arabera egingo da:

Merezimenduak guztira: 59 puntu arte.

A) Esperientzia, antzinatasuna eta gradua: gehienez 44 puntu arte.

A.1.– Esperientzia: egindako lanaren balorazioa: gehienez 30 puntu.

HKEEn, kanpo kontrolerako beste erakunde batzuetan edo zeinahi administrazio publikotako kontabilitate, kontu-hartzailetza edo auditoretza zerbitzuetan betetako lanpostu mailaren arabera, honako banaketa honen arabera egingo da balorazioa:

– Eskuratu nahi den lanpostuaren maila bereko edo altuagoko postua betetzeagatik, urteko puntu 1, urteaz azpiko aldiak modu proportzionalean balioztatuz.

– Eskuratu nahi den lanpostuaz azpiko postua betetzeagatik titulazio bereko taldean, urteko 0,50 puntu, urteaz azpiko aldiak modu proportzionalean balioztatuz.

– Eskuratu nahi den lanpostuaz azpiko taldeko postua betetzeagatik, urteko 0,25 puntu, urteaz azpiko aldiak modu proportzionalean balioztatuz.

– Enpresa pribatuetan auditoretza-lanak egiteagatik, 0,25 puntu urteko, urteaz azpiko aldiak modu proportzionalean balioztatuz.

A.2.– Antzinatasuna: gehienez 9 puntu.

Administrazio publikoan zerbitzu urte bakoitzeko, 0,30 puntu, urteaz azpiko aldiak modu proportzionalean balioztatuz.

A.3.– Gradu pertsonala: 5 puntu:

– 5 puntu, eskuratu nahi den lanpostuak duen gradu bera edo altuagoa egiaztatua izateagatik.

– 4 puntu, eskuratu nahi den lanpostuak duena baino gradu bat txikiagoa egiaztatua izateagatik.

– 2 puntu, eskuratu nahi den lanpostuak duena baino bi gradu txikiagora arte egiaztatua izateagatik.

– 1 puntu, eskuratu nahi den lanpostuak duen gradua baino bi txikiagorekiko gradu bat txikiagoa egiaztatua izateagatik.

B) Prestakuntzako merezimenduak. Euskararen hizkuntza-eskakizun egiaztatua, prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, EBko beste hizkuntza ofizial batzuk jakitea eta beste titulazio batzuk: 15 puntu.

B.1.– Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak: gehienez 2 puntu arte eskuratu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten gaiei buruzko prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak gainditu edo emateagatik, honako balorazioaren arabera:

– 0,05 puntu eskuratu nahi den lanpostuarekin lotutako gaietan prestakuntza-ordu bakoitzeko.

B.2.– EBko beste hizkuntza ofizial batzuen ezagutza egiaztatua: gehienez 2 puntu.

Egiaztatzeko, ezagutza egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri ofizialen bat aurkeztu beharko da, honako maila hauetan eta honako puntu-banaketa honekin:

– A1 edo baliokidea: 0,25 puntu.

– A2 edo baliokidea: 0,50 puntu.

– B1 edo baliokidea: 1 puntu.

– B2 edo baliokidea: 1,50 puntu.

– C1 edo baliokidea: 1,80 puntu.

– C2 edo baliokidea: 2 puntu.

B.3.– Beste titulazio batzuk: gehienez 2 puntu.

– Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktoretza, 1 puntu.

– Ekonomia zientziekin edo zientzia juridikoekin lotutako beste unibertsitate karrera batzuetan lizentziatura izatea, 1 puntu.

B.4.– Euskararen balorazioa: 9 puntu.

Euskararen ezagutza merezimendu modura balioztatuko da, nola eta hizkuntza-eskakizuna betetzea derrigorrezkoa ez den deialdi honetako hainbat lanpostutan; orduan, beharrezkoa izango da hori egiaztatzea.

Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea eskatzen den lanpostuetan, merezimendutzat hartuko da eskatutakoa baino hizkuntza-eskakizun altuagoa egiaztatzea, eta puntu bat emango zaio.

Hizkuntza-eskakizuna betetzea eskagarria ez den lanpostuetan, euskararen ezagutza merezimendu modura balioztatuko da honako banaketa honen arabera:

– 9 puntu 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen bada.

– 7 puntu 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen bada.

– 5 puntu 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen bada.

– 3 puntu 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen bada.

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, hizkuntza-eskakizun jakin bati dagokion certificado acreditativo del IVAP aurkeztu beharko da, edo, bestela, titulu edo ziurtagiri baliokideren bat duela egiaztatzen duen dokumentazioa.

C) Baloraziorako arau tenikoak.

1.– Inola ere ez dira balioztatuko lanpostua betetzeko edo funtzionarioak beteko duen plazan sartzeko eskagarriak diren titulazioak.

2.– Egindako lana eta antzinatasuna egiaztatzeko, funtzionarioak destinoa duen tokian langileen arloan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, oinarri hauek argitaratzen diren egunean.

Edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, oinarri hauek argitaratzen diren egunean berariaz aitortuta badaude.

Ez dira kontatuko alegatutako beste zerbitzu batzuekin batera betetako haiek.

Egindako lanaren balorazioari dagokionez, zerbitzu-eginkizunetan betetako zerbitzuak zerbitzu-eginkizun hori bete den lanpostuarekiko balioztatuko da.

3.– Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, baremoan ezarritako hurrenkeraren arabera alegatutako merezimenduetan emandakora joko da ebazteko, eta, berdinketak jarraituko balu, lehiatzen den plazan funtzionario gisa sartu zen eguna hartuko da aintzat. Oraindik ere berdinketa badago, Epaitegi honetako funtzionario izateko hautaketa-prozesuan puntuaziorik handiena eskuratu duenaren alde ebatziko da.

4.– Lanpostuak esleitzeko gutxienez 25 puntuko puntuazioa eskatuko da.

Zazpigarrena.– Merezimenduak balorazio-batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde horrek autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Osaeran, espezialitate-printzipioa betetzen dela zainduko da. Kideen erdiek, gutxienez, sartzeko eskatzen den jakintza-arlo bereko titulazioa izan beharko dute, eta guztiek maila akademiko berekoa edo handiagokoa. Ez dela egokia behar bezala justifikatu ezean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen osaerak orekatua izan behar du.

Batzordearen osaera honako hau izango da:

Batzordeburu: Karrerako funtzionario bat.

Bokal: HKEEren zerbitzuko karrerako funtzionario bat, auditore-lanpostuan diharduena.

IVAPeko ordezkari bat.

Langile Batzordeak izendatutako HKEEren zerbitzuko karrerako funtzionario bat, auditore-lanpostuan diharduena.

Idazkari: HKEEko funtzionario bat.

Batzordeko kide guztiek izango dute hitza eta botoa, idazkariak izan ezik, ez baitu botorik izango.

Nolanahi ere, Batzordeak egokitzat jotzen dituen aholkularitza eta laguntza materialak jaso ahal izango ditu.

Batzordeko kideek deitutako lanpostuetarako eskatzen den titulazio bera edo goragokoa izan beharko dute, eta, gutxienez erdiek 26. mailako auditore atxikitu lanak egin behar izan dituzte.

Batzordeko kideak, bai titularrak bai ordezkoak, HKEEko lehendakari txit gorenaren ebazpen bidez izendatuko dira eta EHAAn argitaratuko da.

Zortzigarrena.– Lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera honako hauen arabera lortutako guztizko puntuazioak emango du: merezimenduen baremoa, eskatutako baldintzak betetzea eta izangaiek adierazitako lehentasunak.

Batzorde Teknikoak, prozesua amaitutakoan, dagokion proposamena aurkeztuko dio HKEEko lehendakariari.

Bederatzigarrena.– 1.– Lehiaketa hau HKEEko lehendakariaren ebazpen bidez ebatziko da, eta EHAAn argitaratuko da. Ebazpen horretan, honako hauek jasoko dira: funtzionarioen datu pertsonalak eta esleitutako lanpostua, deitutako lanpostuetarako lehiakide guztien zerrenda, bakoitzaren puntuazioarekin edo lehiatzaile horiek baztertzeko arrazoiak, eta hutsik geratu diren lanpostuak, bete gabe uzteko arrazoiak adierazita.

2.– Lehiaketa honen bidez lanpostu bat lortzen duten funtzionarioek ezin izango dute beste lehiaketa batean parte hartu lanpostuaz jabetzen direnetik bi urte igaro arte, nola eta ez den Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 50. artikuluko 3. paragrafoan eta 4. paragrafoko a) idatz-zatian aurreikusitako kasua gertatzen.

3.– Esleitutako lanpostuei ezin izango zaie uko egin, eta lehiaketaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean utziko da aurreko lanpostua.

4.– Esleitutako lanpostu berrian hasi eta lanpostuaz jabetzea lanpostua utzi eta hurrengo egunean egin beharko da, edo, funtzionarioa zerbitzu aktiboan ez badago, lehiaketaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean.

5.– Lehiaketa honetan lanpostua lortu duten eta baimen edo lizentziaren bat baliatzen ari diren funtzionarioak baimen hori bukatutakoan laneratuko dira, salbu eta Idazkaritza Nagusiak justifikatutako arrazoiak direla-eta, berehala lanean hastea eskatzen badu; kasu horretan, hori adieraziaz egindako jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean hasiko da lanean.

6.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz egin beharreko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira.

Hamargarrena.– Batzordeak baimena izango du sortzen diren zalantzak argitzeko eta lehiaketa behar bezala antolatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko, oinarri hauetan eta euskal administrazio publikoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 190/2004 Dekretuan – aplikagarria dena – aurreikusten ez den guztian.

Lehiaketaren behin betiko ebazpena, deialdia, oinarriak eta horien ondoriozko egintza guztiak aurkaratu ahal izango dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean eta HKEEren 1/1988 Legean aurreikusitako epeetan eta moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 3a.

HKEEren lehendakaria,

ANA HELGUERA LÍBANO,

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala