
95. zk., 2022ko maiatzaren 18a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (423 KB - 21 orri.)
- EPUB (260 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2095
ERABAKIA, 2022ko martxoaren 31koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, berrestekoa UPV/EHUko irakasle-ikertzaileen negoziazio mahaiaren akordioa, UPV/EHUko irakasleen ordezkoen zerrendak osatzeko eta gestionatzeko arautegia egokitzeari buruzkoa.
UPV/EHUko irakasleak ordezkatzeko hautagaien zerrenda gestionatzeko lehenengo arautegia 2008ko maiatzaren 8an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta azken moldaketa 2011ko martxoaren 25ean argitaratu zen. Igaro den denbora kontuan hartuta eta Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordetzara sailetatik, hautagaiengandik eta zerrendak kudeatzen dituzten langileengandik berez eta etengabe heltzen ziren iruzkinak ikusita, oso egokitzat jo dugu zenbait kudeaketa-prozedura eta araudia bera egokitzea, bai sailen egoerara bai eta izangaien gaur egungo ezaugarrietara ere.
Horretarako, lehenengo fasean, 2020-2021 ikasturtearen bigarren lauhilekoan, Sailen, sindikatuetako ordezkarien eta Irakasle-ikertzaileen arloko zerbitzuko langileen ekarpenak jaso ziren eta 2021-2022ko lehenengo lauhilekoan kontsulta publikoa egin zen iritzien bilketa osatzeko. Hortik abiatuz, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordetzan araudi proposamen bat diseinatu zen eta, azken hilotan, sindikatuetako ordezkariekin negoziazio-mahaian sakonean landu da, eta gaur onartzeko aurkezten den araudia sindikatuekin adostera iritsi da.
Hori guztia kontuan hartuta, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearen proposamenez, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Onartzea irakasle-ikertzaileen negoziazio mahaiak adosturiko akordioa (honi erantsia), UPV/EHUko irakasleen ordezkoen zerrendak osatzeko eta gestionatzeko Arautegia egokitzeari buruzkoa.
Leioa, 2022ko martxoaren 31.
Errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ARAUTEGIA, UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO IRAKASLEEN ORDEZKOEN ZERRENDAK OSATZEKO ETA GESTIONATZEKO
1. artikulua.– Ezarpen eremua.
1.– Arautegi honen bidez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen ordezkotzak egiteko zerrendak osatu eta gestionatzeko irizpideak ezarriko dira.
2.– Ordezkotzak egiteko zerrenden helburua lan kontratudun bitarteko irakasleak kontratatzea da, betiere, sailak ez badauka, kasuan kasuko jakintza arloan, ahalmenik aldi baterako irakaskuntza beren gain hartzeko eta egoera honakoetako bat bada:
a) Irakasleak, bere eskubideei jarraituz, lanpostua uzten duenean lanpostua gordeta izateko eskubidea izanda (gaixotasun baja edo lizentzia, amatasuna edo aitatasun baja edo lizentzia, zerbitzu betekizunak, zerbitzu bereziak, lizentzia sabatikoak, eszedentziak, lanaldi murrizketak, sindikatuan lan egiteko liberazioa eta abar) edo irakats betebeharrak murriztuta izatea edo betebehar horietatik salbuetsita egotea dakarten kargu akademikoak betetzen egotea. Hori horrela izango da edozein izanda ere irakasleak unibertsitatearekin daukan lotura profesionala, funtzionarioak barne.
b) Ezustean hutsik geratutako plazen irakaskuntza bete behar denean, unean uneko ikasturtea amaitu arte. Ikasturtea bukatuta, plaza berriz hutsik geratuko da, eta orduan, oro har, plaza eraldatu edo lehiaketarako deia egingo da.
c) Aparteko kasuetan, eta, betiere, Irakasle-ikertzaileen Plan Zuzendariaren babesean hartutako akordioei jarraituz, irakasle funtzionarioaren edo lan kontratudun irakasle plaza sortu berria hutsik egonik aurrekontuz hornituta dagoenean. Mota horretako plazak aldi baterako beteko dira arauei jarraituz behin betiko bete arte. Horrelakoetan, kontratuaren iraupenari dagokionez, 20/2021 Legea bete beharko da.
3.– Bigarren atalean adierazitako premiaren bat dagoenean ez badago kasuan kasuko sail eta jakintza arlorako ordezkoen zerrendarik, edo zerrendan ez badago inor ordezkotza egiteko moduan, lehiaketa publikorako deia egingo ahalko da zerrenda eratzeko edo zabaltzeko. Jakintza arloko lan poltsa agortuta egonez gero, kideko arlokoetako poltsak erabili ahal izango dira.
4.– Ordezkotzak egiteko zerrenden helburua izango da horien indarraldian (kasuan kasuko deialdian zehaztua) sor daitezkeen premiak betetzea.
2. artikulua.– Zerrendan sartzeko baldintza orokorrak.
1.– Honako hauek dira zerrendetara sartzeko baldintza orokorrak:
1.1.– Titulu akademikoa: oro har, DOKTORE TITULUA izan beharko da kasuan kasuko jakintza arloan edo kideko arloan. Horretarako, sailak, behar bezala arrazoituta, Unesco kodeak proposatuko ditu zerrenda zabaltzeko eskaria egitean. Kontuan izanda zein zabala den kasuistika eta araudiak ez duela murriztailea izan nahi, doktorego titulua ez badago hasiera batean proposatutako kodeen zerrendan eta eskaria ez onartzeagatik errekurtsoa jarri badu izangairen batek, sailari txostena eskatuko zaio errekurtsoa ebazteko behin betiko zerrendak argitaratu aurretik, betiere, kontuan izanda, bereziki, zeharkako ibilbideak.
Horrez gain, deialdi berean, lan poltsa osagarria osatuko da jakintza arloan edo kidekoan doktore izan gabe lizentziatu, arkitekto, ingeniari, gradudun edo pareko titulua daukatenekin, betiere titulu horrek aukera ematen badu lan poltsan sartzeko. Horretarako, lan poltsa zabaltzeko eskaria egitean, sailak lan poltsa osagarrian sartzeko aukera ematen duten tituluen zerrenda emango du. Kontuan izanda zein zabala den kasuistika, curriculum ibilbideek gero eta zeharkako izaera handiago dutela eta araudiak ez duela murriztailea izan nahi, titulua ez badago hasiera batean proposatutako kodeen zerrendan eta eskaria ez onartzeagatik errekurtsoa jarri badu izangairen batek, sailari txostena eskatuko zaio errekurtsoa ebazteko behin betiko zerrendak argitaratu aurretik, eta, batez ere, masterren arloko prestakuntza izan beharko da kontuan.
Horrez gain, lehenengo xedapen iragankorrari jarraikiz, ondorengo jakintza arloetan, unibertsitateko diplomadunak, arkitekto teknikoak, ingeniari teknikoak edo pareko titulua dutenak sartu ahal izango dira aldi baterako: 0187 Gorputz Adierazpidearen Didaktika; 0189 Musika Adierazpidearen Didaktika; 0193 Plastika Adierazpidearen Didaktika; 0255 Erizaintza; 0413 Fisioterapia; 0813 Gizarte Langintza eta Gizarte Zerbitzuak.
1.2.– Homologazioak: titulua atzerrian lortutakoa bada, homologatuta edo baliokidetuta egon beharko da: ez da nahikoa izango homologazioa eskatu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztea.
Atzerrian lortutako doktorego tituluen baliokidetasuna UPV/EHUn bertan eskatu ahal izango da, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
Titulua gradukoa, lizentziatura, arkitektura, ingeniaritza, unibertsitateko diplomatura, arkitekto teknikoa edo ingeniari teknikoa bada, homologazioa egiaztatzeko Titulu, Baliozkotze eta Homologazioen Zuzendariordetza Nagusiaren kredentziala beharko da, eta ez da nahikoa izango homologazioa eskatu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztea (abenduaren 3ko ECD/2654/2015 Agindua, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretua garatzeko eta ezartzeko arauak zehazten dituena).
1.3.– Hizkuntza ofizialak egiaztatzea:
Plaza elebidunetarako (gaztelania-euskara), euskaraz irakasteko gaitasun agiria izan beharko da, Euskarako errektoreordeak 2002ko ekainaren 5ean emandako erabakiari jarraituz (uztailaren 11ko EHAA) edo Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko C1 mailaren pareko titulua (2010eko azaroaren 9ko EHAA). Plazak gaztelania badauka bere profilean, gaztelania hizkuntza ofizialtzat ez daukaten herrialdeetako izangaiek gaztelaniako C1 maila egiaztatu beharko dute.
1.4.– Hizkuntza ez-ofizialen tituluak:
Filologietako arloren bateko poltsan sartzeko, irakaskuntza hizkuntza ez-ofizialean emateko denean, kasuan kasuko hizkuntzako C1 maila izan beharko da egiaztatuta Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, 2010eko ekainaren 24an, onartutako erabakiari jarraituz, horren bidez ofizialak ez diren hizkuntzetan irakaskuntza eskaintzeko egiaztagiria eskuratzeari buruzko araudia onartu baitzen. (2010-12-02ko EHAA); erabaki hori eguneratu egin zen Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak 2017-05-22an emandako erabakiaren bidez.
Mota honetako kontratuetarako, izangaiek ofizialak ez diren hizkuntzetan irakasteko gaitasun agiria aurkeztu beharko dute.
Atzerritarrek ez dute egiaztatu beharko beren herrialdeko hizkuntza ofizialaren ezagutza (baremazioan, C1-n pareko).
1.5.– Behar bezala egiaztatutako kasuetan, eta sailaren eskariz, baldintza bereziak zehaztu ahal izango dira, betiere, bat etorrita irakaskuntza horrekin lotura daukan LZko plazak dituen ezaugarriekin. Horrela, Osasun Zientzien lan poltsetan esperientzia kliniko egiaztatua eskatu ahal izango da edo medikuntzako espezialitate jakin bat; filologiakoetan hizkuntzaren gutxieneko ezagutza (C1) eskatua ahal izango da; merkataritza itsasontzien arloko gradu eta master profesionaletako zenbait irakasgai emateko kasuan kasuko ziurtagiriak eskatu ahal izango dira; eta abar.
1.6.– Diziplina espedientearen bidez administrazio publikoetatik aldendua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaituta ez egotea, kontuan izanda, betiere, zehapenen iraungitze data. Zinpeko aitormena aurkeztuta egiaztatuko da.
2.– Ordezkotzak egiteko zerrendan sartu ahal izateko, eskariak egiteko epearen barruan izan behar dira beteta aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak; bestalde, behin zerrendan egonda ere, baldintza guztiak bete behar dira.
Dena dela, eskariak aurkezteko epea amaitu ondoren izangairen batek egiaztatuko balu euskaraz edo hizkuntza ez-ofizialeren batean irakasteko gaitasuna duela eta, aipaturiko betebeharra betetzen duelako agiria, kasuan kasukoa, Deialdi eta Lehiaketen Atalean aurkezten badu, plaza elebidunen edo hizkuntza ez-ofizialetako plazen ordezkotzak eskaini ahal izango zaizkio une horretatik aurrera. Arestiko honek ez du aldatuko, inolaz ere, merezimenduak baloratzean emandako puntuazioa.
Era berean, arlo jakin bateko zerrenda osagarrian dagoen izangairen batek doktore titulua lortzen badu eskariak aurkezteko epea behin bukatuta, titulua aurkeztu ahal izango du eta zerrenda nagusian sartu. Horrelakoetan, izangai hori jatorriz zerrenda nagusian zeuden doktore tituludunen atzean egongo da, eta ez da puntuaziorik berrikusiko zerrenda eguneratu arte.
3. artikulua.– Baremaziorako irizpideak eta egiaztagiriak.
1.– Baremaziorako irizpide orokorrak eta bakoitzari dagokion puntuazioa:
(Ikus .PDF)
Gainontzeko 9 puntuak batzordearen irizpideen arabera banatuko dira laneko esperientzia, ikerkuntzaren arloko merezimendu, irakaskuntzako merezimendu eta gestio akademiko edo merezimendu akademikoen arloen artean. Epaimahaiak aktan jaso beharko du 9 puntuen esleipenaren justifikazioa.
Horrez gain, epaimahaiak, espedienteak ikusi aurretik, zehaztu eta argitara eman beharko ditu baldintza bereziak; baldintzok izango dira, inolaz ere, irekita geratu ebaluazio prozesuan zehazteko.
Izangairen batek habilitazioa edo akreditazioa badauka unibertsitateko irakasleen kidegoetako (katedraduna edo irakasle titularra) edo lan kontratudun irakasle iraunkorren (irakasle osoa edo agregatua, ikertzaile doktore iraunkorra edo parekoa) lehiaketetan parte hartzeko, % 25 gehituko da bere puntuazioa, baldin eta habilitazioa edo akreditazioa kasuan kasuko arlokoa bada. Bestalde, habilitazioa edo akreditazioa irakasle atxikien edo doktore laguntzaileen kidegoetako lehiaketetan parte hartzeko bada, puntuazioa % 15 gehituko da, baldin eta kasuan kasuko arlokoa bada. Kasu batean zein bestean, akreditazioaren data kontuan hartuta, ontzat hartuko da nahiz eta jakintza arlokoa ez izan.
Puntuazioaren gehikuntza hori merezimendu guztiei ezarriko zaie, euskarari izan ezik, baina ezin izango da, inolaz ere, puntuazio orokorra gainditu, hau da: ezin izango da 100 puntu baino gehiago lortu. Ebaluazio positibo edo txosten positibo bat baino gehiago izanez gero, ez da metatuko, inolaz ere, puntuazio gehikuntza.
Aipatu berri den gehikuntza puntuazio osoari ezarriko zaio, eta ez baremaziorako atal bakoitzean lortutakoari. Gehikuntza horren ondorioz izangairen batek gainditu egiten badu gehienez lortu daitekeen puntuazioa (hau da, 100 puntu), izangai horri 100 puntu emango zaizkio.
2.– Ohar orokorrak.
– Ezin izango da baloratu gabe utzi baremazioko irizpideetan zehaztutako atal bat bera ere.
– Merezimendu bat atal batean baino gehiagotan har badaiteke kontuan, izangaiari puntuaziorik handiena emango dion atalean baloratuko da.
– Azpiatal bakoitzean, laneko esperientziaren azpiataletan izan ezik, gehienez bost (5) merezimendu hartuko dira kontuan, akreditazio agentziek egiten dutenaren pare.
– Lan poltsa irekitzeko eskaria egitean, sailak gutxieneko nota ezar dezake izangaiak zerrendan sartzeko. Gutxieneko nota deialdian ageri beharko da zehaztuta eta ezin izango da izan 30 puntu baino gutxiago.
– Irakaskuntzako merezimenduen atalean eta euskararen atalean izan ezin, gainontzekoetan, azken 10 urteak hartuko dira kontuan. Hamar urte horiei gehitu zaie senideak zaintzeko eszedentziak, baimenak haurra izateagatik edo haurra zaintzeagatik, adopzioagatik eta adopziorako zaintzagatik eta aldi baterako edo behin betiko harreragatik, eta 6 hilabetetatik gorako gaixotasun baimenak, baldin eta egoera horiek egiaztatu badira.
– Haztapenak:
• Atal bakoitzeko puntuazioa haztatu ahal izango da, 1/0,8/0,5/0,1 koefizienteak erabilita, merezimenduak jakintza arloaren ezaugarrietara egokitu ahal izateko. Dena dela, epaimahaiak zero puntu eman ahal izango die poltsaren ezaugarriekin zerikusirik ez daukaten merezimenduei. Edonola ere, merezimenduen baremazioa zehaztean argi eta garbi adieraziko da zein prozedura erabiliko den aipatutako koefizienteak aplikatzerakoan. Prozedura horretan beren-beregi azalduko da haztapen faktoreak zeintzuk ataletan aplikatuko diren eta nola. Gainera, zehazki adieraziko da zer den espezifikoa eta zer den kidekoa. Horretarako, UPV/EHUk, bigaren xedapen iragankorraren babesean, erabili ahalko diren kideko arloen zerrenda osatuko du.
• Izangairen batek gainditu egiten badu atal baterako zehaztutako gehienezko puntuazioa, izangai horri gehienezko puntuazioa emango zaio, baina gainontzekoei ez zaie puntuazioa haztatuko.
3.– Baremaziorako irizpide espezifikoak.
3.1.– Laneko esperientzia:
– Arduraldi partzialean egindako zerbitzuak direnean haztatu egingo dira, urteko 24 kredituko edo asteko 8 irakastorduko unitatea erreferentziatzat hartuta unibertsitateko irakaskuntzarako. Bestelako kontratuak ere antzera haztatuko dira.
– Euskal Herriko Unibertsitatean egindako irakaskuntzako zerbitzuak direnean, ez da beharrezkoa izango horiek egiaztatzea, administrazio honek ofizioz erantsiko baititu. Dena dela, emandako irakasgaiak jasotzen dituen ziurtagiria aurkeztu ahal izango dute izangaiek.
– Irakaskuntza publikoan egindako zerbitzuak zerbitzu orriaren bidez eta emandako irakasgaiak eta arduraldia jasotzen dituen ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira.
– Irakaskuntza pribatuan egindako zerbitzuak egiaztatzeko lan kontratua eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria (ikastetxearen –enpresaren– izena eta alta aldia jasoko dituena) aurkeztuko dira. Emandako gaiak zehazten dituen egiaztagiria ere aurkeztu beharko da.
– Ikertzaile moduan betetako zerbitzuak doktorego ondoko ikerketaren atalean baloratuko dira, baldin eta izangaiak egiaztatzen badu badaukala kontrataziorako eskatzen den doktore titulua. Bestelakoetan, izangaiak titulua izan arren, doktorego aurreko ikerketaren atalean baloratuko dira.
– Doktorego aurreko eta ondoko bekak, HZMko, Eusko Jaurlaritzako eta UPV/EHUko deialdi ofizialetakoak, zientzia, teknologia eta berrikuntza sisteman sartzeko doktorego aurreko eta ondorengo ikertzaile kontratuen pare baloratuko dira.
– Irakaskuntzako esperientzia, oro har, honela egiaztatuko da:
• Beste batzuen konturako lan esperientzia izanez gero, lan kontratuaren kopia eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria. Enpresaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, betetako lanpostuak eta zereginak zehaztuta.
• Norbere konturako lan esperientzia izanez gero, egindako jardueren zinpeko aitorpenaren bidez eta dagokion Ogasun Sailak emandako ziurtagiriaren bitartez (jarduera ekonomikoen gaineko zergan izandako alta aldiak jasotzen dituena). Aurrekoaz gain, egindako lanak egiaztatzeko, agiriak aurkeztu beharko dira (BEZ aitorpenak, adibidez).
• Bekak egiaztatzeko, berriz, beka deialdia egin zuen organoaren ziurtagiria aurkeztu behar da. Ziurtagiri horretan beren-beregi adierazita ageri beharko da noiztik noiz arte izan zuen beka izangaiak, eta denboraldi horretan etenaldirik egon zen ala ez.
– Aldi batera egindako lan eta beka aldiak gehien dela 4 puntu/urte baloratuko dira.
3.2.– Ikerketako merezimenduak:
3.3.– Irakaskuntzako eta gestio akademikoko merezimenduak:
– UPV/EHUko master ofizialetan egindako irakaskuntza lana egiaztatzeko, GAUR aplikazioaren bidez lortutako irakaskuntza egiaztagiria aurkeztu beharko da.
– Izartxoaz markaturiko ataletan euskaraz egindako merezimenduak 1,5ekin biderkatuko dira.
3.4.– Merezimendu akademikoak:
Batez besteko nota: espedientearen batez besteko nota jasota daukaten ziurtagiri akademikoetan, nota hori hartuko da kontuan.
Espedientearen batez besteko nota jasota ez badago, kalkulatu egingo da, irakasgaien kalifikazioak zenbaki bidez adierazita badaude.
Irakasgaien kalifikazioak hitzez agertzen badira, berriz, ondorengo baliokidetasunak ezarriko dira:
– Ohorezko matrikula: 10.
– Bikain: 9.
– Oso ongi: 7,5.
– Nahikoa, gainditua, baliozkotua, gai: 5,5.
Batez besteko nota ateratzeko ez dira inolaz ere kontuan hartuko aukera askeko irakasgaiak.
Ikaslearen ziurtagiri akademikoa erantsi ezean, izangaiaren batez besteko nota «nahikoa» dela ulertuko da. Besterik adierazi ezean, ezarritako puntuazioak unitateko izango dira.
3.5.– Euskararen jakitea maila.
3.5.1.– Irakaskuntza emateko eskatzen den euskara maila baino beherako mailak (gorengo maila baino ez da hartuko kontuan, eta, gehienez, 8,80 puntu):
Oharrak:
• Ezagutza maila egiaztatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan deialdia egiten den unean indarrean dagoen araudiari jarraituko zaio.
• C1 mailaren baliokide da UPV/EHUk antolatutako EIGA (Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria) gainditu izana.
3.5.2.– Euskararen ezagutzarekin lotura daukaten merezimenduak edo ikastaro bereziak (gehienez, 2,20 puntu) (C1 mailatik gorakoak)
Oharrak:
• C2 maila egiaztatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan deialdia egiten den unean indarrean dagoen araudiari jarraituko zaio.
• Prestakuntza bereziaren arloan bakarrik izango dira kontuan UPV/EHUko Euskara Zerbitzuak antolatutako ikastaro eta programak.
4.– Berdinketak ebazteko irizpideak.
Puntuazio osoan berdinketa dagoenean, ondoko irizpideak hartuko dira kontuan, hurrenkera honetan hartu ere:
– Habilitazioa edo akreditazioa kasuan kasuko jakintza arloan irakasle iraunkorren plazetan, atxikien plazetan edo laguntzaile doktoreen plazetan sartzeko lehiaketetan parte hartzeko (lehenengo, kategoriaren arabera; ondoren, habilitazioa edo akreditazioa eskuratutako dataren arabera).
– Laneko esperientziaren eta beken arloko puntuazioa.
– Irakaskuntzako gestio akademikoko merezimenduen arloko puntuazioa.
– Ikerketako merezimenduen arloko puntuazioa.
– Espediente akademikoaren arloko puntuazioa.
Berdinketak jarraituz gero, jakintza arlo horretan genero bereko pertsona gutxien dituen generoaren alde ebatziko da. Azkenik, zozketa egingo du unibertsitateak berak.
4. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Epaimahaietako kide izango dira, beti, Euskal Herriko Unibertsitateko langile izanik aktiboan dauden irakasle eta ikertzaile iraunkorrak. Gorde egin beharko da emakume eta gizonen arteko oreka, ez bada behar bezala oinarritutako eta egiaztatutako arrazoi objektiboren bat dagoela.
2.– Epaimahaikideak jakintza arlokoak izan behar dira, edo kideko jakintza arlokoak. Jakintza arloan ez badago irakasle nahikorik arautegi honetako 4. artikuluko baldintzak betetzen dituenik, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak epaimahaia osatu ahal izango du kideko jakintza arlo bateko irakasleekin, edo jakintza arlo berekoak izanik unibertsitate honetakoak ez direnekin.
3.– Saileko Kontseiluak izendatu ditu epaimahaiko burua, idazkaria eta epaimahaikide bat, eta horien ordezkariak. Hitza eta botoa izango dute. Ezin izango dute epaimahaiko kideak izendatzeko prozesuan parte hartu irakasle plaza arauz betetzen ez duten kontseiluko kideek.
Hala ere, errektoreak Unibertsitateko Irakasleen Batzordeko kide bat izendatu ahal izango du epaimahaiaren behatzaile izateko. Kide horrek hitza izango du, baina ez botorik. Epaimahaia balioz eratzeko, eta erabakiak balioz hartu ahal izateko, ezinbestekoa da hiru kideak egotea bertan.
4.– Epaimahaiko kideren bat Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa) 23. eta 24. artikuluan adierazitako egoeraren batean badago, ezin izango du parte hartu, eta errektoreari jakinarazi beharko dio. Organo eskudunaren iritziz arrazoirik badago abstentziorako, ordezkoak hartuko du haren lekua. Hortaz, aipatutako egoeretan izan ezik edo errektoreak errefusatzea onartu ezean, epaimahaiko kideek nahitaez parte hartu beharko dute prozeduran.
5.– Epaimahaiak gehiengoz hartutako erabakiarekin ados ez dauden kideek berariaz agertu beharko dute beren iritzia. Boto partikularra eman ahal izango dute 48 orduko epean, eta hartutako erabakiari erantsiko zaio.
5. artikulua.– Zerrendaren ezaugarriak eta zerrendan sartzeko baldintzak.
1.– Zerrendaren ezaugarri orokorrak.
Deialdia egin duen sail bakoitzeko eta jakintza arlo bakoitzeko zerrenda bat osatuko da doktore titulua daukaten izangaiekin. Hortaz gain, sail eta jakintza arlo bakoitzerako zerrenda osagarri bat osatuko da doktore titulua ez daukaten izangaiekin. Dena dela, jakintza arloa baino zehaztasun maila handiagoko lan poltsak deitu ahal izango dira, baldin eta sailak behar bezala oinarritutakoak badira, baina horrelakoetan errektoreak erabaki beharko du.
Izangai bakoitzari puntuazioa emango zaio, 3. artikuluan zehaztutako baremazioa kontuan hartuta. Puntuazioa aurkezten den zerrenda bakoitzerako zehaztuko da.
Izangaiak puntuazioaren arabera ordenatuko dira, puntuazio handienetik txikienera.
2.– Zerrendako kideen datuak eta aukerak.
Zerrendak osatzeko ondorengo datuak beharko dira (zerrenda argitaratzerakoan, betiere, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, bete beharko da edo lege horren ordezkoa):
– Abizenak eta izena.
– Helbidea.
– Harremanetarako telefono mugikorra.
– Harremanetarako helbide elektronikoa.
– Egiaztatutako titulazioak.
– Egiaztatutako hizkuntza eskakizunak.
– Puntuazioa.
Zerrendan kide bakoitzak egindako aukerak ere jasoko dira, hain zuzen ere honakoak:
a) Lanaldi osoko edo partzialeko ordezkotzak campus bakoitzerako.
Campus bat edo gehiago aukeratu ahal izango ditu, eta lanaldirako aukerak ondokoak izango dira:
– Arduraldi osoa baino ez.
– Arduraldi partziala baino ez.
– Arduraldi osoa zein partziala.
Izangaiek nahiago duten arduraldia eskatu ahal izango dute, baina arduraldi bera izan beharko da campus guztietarako. Izangaiak arduraldi partziala nahi duela berariaz adierazi ezean, lehenesten duen arduraldia arduraldi osoa dela ulertuko da.
b) Hizkuntzak.
Izangaiak, ondoko aukera hauetariko bat, batzuk edo guztiak hautatu ahal izango ditu ordezkotzak egiteko:
– Elebiduna (euskara/gaztelania).
– Ez-elebiduna (gaztelania).
– Ingelesa daukan profila.
– Frantsesa daukan profila.
Izangairen batek eskariak aurkeztu ondoren egiaztatzen badu hizkuntzaren jakite maila, hizkuntza horretako hizkuntza eskakizuna daukaten plazetan ordezkotzak egin ahal izango ditu une horretatik aurrera.
6. artikulua.– Prozedurak.
1.– Zerrendak irekitzeko prozedura.
Oro har, doktore titulua daukaten izangaiez osatutako zerrendak, baieta ez-doktoreez osatutakoak ere, bi urterik behin irekiko dira.
Aparteko kasuetan, ordezkoen zerrenda irekitzeko deialdia egin ahal izango da sailen batean 1.2 artikuluan adierazitako premiaren bat dagoenean; betiere, sailak ez badauka kasuan kasuko jakintza arloan ordezkotzak egiteko zerrendarik edo nahiz eta zerrenda izan, zerrenda agortuta badago, eta ez badago kideko jakintza arloren bateko zerrendarik.
Edozelan ere, sailaren eskariari jarraituz, errektoreak ordezkotzak egiteko zerrenda osatzeko deia egin ahal izango du, nahiz eta sailak ordezkoen premiarik ez izan une horretan.
Zerrendak irekitzeko deialdia UPV/EHUren web gunean eta Lehiaketa Ataleko eta campusetako errektoreordetzetako iragarki oholetan argitaratuko da.
Eskaria aurkeztu duten lehiakideen merezimenduak 3.3 artikuluan zehaztutako irizpide orokorren arabera eta kasuan kasuko jakintza arloko epaimahaiak, behar bezala arrazoituta, zehaztutako irizpide berezien arabera baloratuko dira.
Zerrendak irekitzeko deia egiten duen erabakiaren kontra interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote errektoreari hilabeteko epean, erabakia unibertsitateko web orrian argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean, bi hilabeteko epean.
Eskariak aurkezteko epea amaiturik, unibertsitateko errektoreak onartu eta ez onartuen behin-behineko zerrenda argitaratuko du, eta horixe izango da interesatuei horren berri emateko modua. Hamar eguneko epea irekiko da, zerrenda hori argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, errakuntzak zuzentzeko, bai eta zerrenda horren kontrako erreklamazioak aurkezteko ere, eta behin epea bukatuta, zerrenda behin betikoa izango da eta haren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari hilabeteko epean, argitaratzen denetik kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean, bi hilabeteko epean, argitaratzen denetik kontatzen hasita.
Merezimenduak arautegi honetako 4. artikuluan zehaztutako epaimahaiak baloratuko ditu. Merezimenduak baloratzeko bi hilabeteko epean egongo da, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik hasita. Epe orokorrak zehazterakoan kontuan izan beharko da zerrendak erabilgarri egon behar direla hurrengo ikasturtea hasi aurretik. Merezimenduak ez badira barematzen epe horren barruan, eta errektoreak onartu behar duen arrazoirik ematen ez bada, beste epaimahai bat izendatuko ahal izango du errektoreordeak.
Epaimahaiaren proposamenak web gunean argitaratuko dira, eta posta elektronikoz jakinaraziko zaizkie izangaiei. Epaimahaiek egindako proposamenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio unibertsitate honetako errektoreari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, proposamen horiek argitaratzen diren egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Dena dela, horrek ez du eragotziko beste edozein motatako errekurtsorik jartzea. Errekurtsorik badago, web gunean argitaratuko da.
2.– Ikasturtean zehar ordezkotzak egiteko zerrendan kide gehiago sartzeko prozedura.
Zerrendan sartu ahal izateko hasiera batean ezarritako gutxieneko puntu kopurua jaistea erabaki dezake epaimahaiak, bilera egin ondoren, baldin eta sailen batean 1.2 artikuluan adierazitako premiaren bat badago eta kasuan kasuko jakintza arloko zerrendan ez badago kiderik ordezkotzarik egiteko moduan.
Aparteko kasuetan, ordezkoen zerrenda irekitzeko deialdia egin ahal izango da sailen batean 1.2 artikuluan adierazitako premiaren bat dagoenean; betiere, sailak ez badauka kasuan kasuko jakintza arloan ordezkotzak egiteko zerrendarik edo nahiz eta zerrenda izan, zerrenda agortuta badago. Zerrendan kide gehiago sartzeko deialdia egin ondoren, eta eskariak aurkezteko epearen barruan, izangaiek aldatu egin ahal izango dituzte aukerak, campusari, arduraldiari eta hizkuntzari dagokionez. Baina ez dute aurkeztu beharko berriro eskaririk zerrenden prozeduran parte hartzeko.
Horrelakoetan, eskaria aurkeztu duten lehiakideen merezimenduak 3. artikuluan zehaztutako irizpide orokorren arabera eta kasuan kasuko jakintza arloko epaimahaiak zehaztutako irizpide berezien arabera barematuko dira.
Ordezkoen zerrendak zabaltzeko deia egin ondoren, epaimahaiak ezin izango du, inolaz ere, zerrenda horiek irekitzerakoan zerrendan sartu ahal izateko ezarritako gutxieneko puntuazioa baino puntuazio txikiagorik ezarri.
3.– Lan poltsak eguneratzea.
Lan poltsako kideek ikasturteko edozein unetan eguneratu ahal izango dituzte datu hauek: eskolak euskaraz emateko akreditazioa, eskolak hizkuntza ez-ofizialean emateko akreditazioa eta doktore titulua.
Horrez gain, ikasturte bakoitzean aukera egongo da campus, arduraldi eta hizkuntza aukerak aldatzeko.
4.– Eskaerak.
Zerrendak irekitzeko prozeduretan, zein kide gehiago sartzekoetan, eskaria bide telematikotik aurkeztu beharko da; izangaiek eskari bat bete beharko dute jakintza arlo eta sail bakoitzeko bertan honakoak adierazita:
a) Datu pertsonalak, helbidea eta harremanetarako telefonoa eta posta elektronikoa.
b) Zein lurralde historikotan egin nahi duen lan.
c) Lurralde historiko bakoitzean zein arduralditan egin nahi duen lan (arduraldi osoa edo partziala) Ezer adierazi ezean, ulertuko da arduraldi osoan egin nahi duela lan.
d) Zein hizkuntzatan eman nahi dituen eskolak.
e) Baremaziorako aurkezten dituen merezimenduak.
Eskariarekin batera egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, baldintza guztiak eta merezimenduak egiaztatzeko. Deialdian jaso ahal izango da beste zerrenda batzuetara aurkeztu izandako dokumentazioa sartu ahal izango dela, baldin eta zerrenda horiek agortuta badaude, eta, betiere, horien kontrako administrazio errekurtsorik edo judizialik aurkeztu ez bada.
7. artikulua.– Ordezkotzak egiteko zerrenden funtzionamendua.
1.– Funtzionamendu orokorra.
Ordezkoa behar denean, kasuan kasuko sail eta jakintza arlorako dagoen izangai doktoreen zerrenda hartuko da, eta zehaztutako profila (hizkuntza eta titulua), aukerak eta zerrendako hurrenkera kontuan izanda, mezua bidaliko zaie (bigarren xedapen gehigarrian adierazitako bideak erabilita) ordezkotza egiteko moduan dauden izangaiei. Mezuan ordezkotzaren ezaugarri nagusiak zehaztuko dira, hau da: ordezkotza mota (aldi baterako ezintasuna, kargua edo plaza hutsa), hizkuntza, arduraldia, ikastegia, irakaskuntza mota, gaiak, ezaugarri bereziak, ordutegia, ustezko iraupena, saileko zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko bideak eta interesagarri izan daitekeen gainontzeko informazioa.
Mezu hori izangai ez-doktoreez osatutako zerrenda osagarriko kideei ere bidaliko zaie, jakintza arlokoei, zein kideko jakintza arlokoei.
Zerrendako kideek bi eguneko epea izango dute, jakinarazpena hartzen dutenetik kontatzen hasita, bitarteko telematikoen bidez adierazteko ordezkotza egiteko interesik duten edo uko egin nahi dioten eskaintzari. Salbuespenezko inguruabarrak direla medio, aurreko paragrafoan aipatutako epea luzatu ahal izango da, zehaztutako bi egunetan salbuespen egoera egiaztatu eta Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak aztertu beharko duena.
Ordezkotza eskainiko zaio doktoreen zerrendan interesa erakutsi eta libre daudenen artetik hurrenkeraren arabera lehenengo dagoen izangaiari. Inork ez badu interesik erakutsi edo ez badago inor libre, ordezkotza esleituko zaio, irizpide berei jarraituz, ez-doktoreen zerrendan lehenengo dagoenari.
Ordezkotzaren esleipendunak 2 egun balioduneko epea izango du (esleipena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita) kontratua sinatzeko. Epe horretan ez bada kontratua sinatzera agertu, ordezko irakasle izateari uko egin diola ulertuko da eta, ondorioz, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
Oso kasu berezietan, batez ere lana eta familia bateratzearekin zerikusia daukatenetan, eta errektoreak hala erabakiko balu, luzatu egin ahal izango da aurreko atalean adierazitako epea.
Eskainiko den kontratuak urte batetik gorako iraupena badu, eta izangaia baimena hartuta badago ama edo aita izan delako edo kontziliazioarekin lotutako beste baimenen bat hartuta daukalako, aukera izango du beranduago hasteko lanean, baimena amaitu ondoren hain zuen ere. Halakoetan zerrendako hurrengo kideari eskainiko zaio ordezkotza, aurrekoaren baimena bukatu artean bete ditzan zerbitzuak.
Sailek, ahal den heinean, laguntza emango diote ordezkoari eskolak ematen hasteko, batez ere, eskaintza hartu eta aste bat pasa aurretik hasten bada lanean.
2..– Funtzionamendu orokorraren salbuespenak:
a) Zerrendako kide bat zerbitzuak betetzen aritu arren arduraldi osoko beste bat betetzeko premia sortzen bada eta urtebete baino gehiagorako izango dela aurreikusten bada, kide horri eskainiko zaio baldin eta: premia berri baten ondorioz norbait bitarteko legez kontratatu behar bada lanpostua behin betiko bete arte; sindikatutik liberatuta dagoen irakasle baten ordezkotza egin behar bada; edo zerbitzu betekizunetan, zerbitzu berezietan edo kargu akademikoa dela-eta irakaslanetik salbuetsia dagoen irakasle baten ordezkotza egin behar bada. Ez zaio irizpide horri jarraituko baldin eta ordezkoa urtebete baino gutxiagorako izango dela aurreikusten bada. Edozelan ere, sailekin koordinazio lana eginda, ahalegina egingo da ordezko irakasleak egiten duen irakats lanari ahalik eta kalterik gutxien eragiteko.
b) Zerrendako kide batek ordezkotza bat egin badu eta 10 egun naturaleko epean irakasle berari ordezkoa jarri beharra sortzen bada, kide berak egingo du ordezkotza, betiere lan egiteko moduan badago.
c) Zerrendako kidea arduraldi osoko ordezkotza bat egiten ari bada eta lanpostuaren titularra lanera itzultzen bada lanaldi murriztuarekin, kide horrek jarraitu ahal izango du ordezkotza hori egiten lanaldi partzialean. Eta gauza bera alderantziz, hau da: izangai bat arduraldi murriztuan ari bada ordezkotza egiten, eta, a) atalean zehaztutako arrazoiren bat bide ez dela ordezkotza arduraldi osokoa izatera igaro bada, ordezkotza hori arduraldi murriztuan ari den ordezkoak egingo du interesik badauka; horrelakoetan, berdin dio zerrendan arduraldi osorako puntuazio hobea daukan izangairik egotea.
d) Izangairen bat arduraldi partzialeko ordezkotza egiten ari bada eta sail berean jakintza arlo eta hizkuntz profil eta irakasgune bererako plaza baterako arduraldi partzialeko beste premia bat sortu bada, unibertsitateak arduraldi partzialean egonik puntuazio handien daukan izangaiari kontratua aldatu eta arduraldi handiagoko bat (arduraldi partzialekoa) eskainiko dio, betiere, lan poltsako hurrenkerari jarraituz.
e) Sail batean, jakintza arlo berean, bi ordezko badaude arduraldi partzialean, eta plantillako irakasleen ordezkotza egin beharra suertatzen bada arduraldi partzialean, arduraldi osoko kontratua egingo da. Horrelakoetan, arduraldi osoko kontraturako deia egiterakoan, lan poltsaren hurrenkerari jarraituko zaio. Edozelan ere, aipatutako bi ordezkoak izanik beste bi ordezkotza egiteko premia sortzen bada, ez da handituko arduraldia, eta zuzenean eskainiko da arduraldi osoko kontratua.
f) Zerrendan sartzeko unibertsitateko diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, gradua edo baliokidea izatea eskatu bazen eta masterrean edo doktoregoan eskolak emateko lan kontratua eskaintzeko premia sortzen bada, maila horretan eskolak emateko titulu egokia dutenei soilik eskainiko zaie kontratu hori.
8. artikulua.– Eskaintzari uko egiteko arrazoiak.
1.– Ondorengo arrazoiak onartuko dira ordezkotza egiteko eskaintzari uko egin arren kasuan kasuko jakintza arlo eta saileko zerrendatik ez baztertzeko:
a) Aldi baterako ezintasuna, gaixotasunak edo lanekoa ez den istripuak eragindakoa.
b) Aldi baterako ezintasuna, laneko istripuak edo lanbide gaixotasunak eragindakoa.
c) Baimenak seme-alabak zaintzeagatik, adopzioagatik eta adopziorako zaintzagatik edo aldi baterako edo behin betiko harreragatik.
d) Eskaria egitea aldi baterako ordezkotzak egitetik salbuesteko 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko. Behin bakarrik eskatu ahal izango da baimena bukatzean, nahiz eta, nahi izanez gero, lehenago bukatu ahal izango duen etenaldia. Izangaiak ez badu beren-beregi adierazten lanerako prest dagoela, zerrendatik kanpo geratuko da.
e) Askatasunez gabeturik egotea, kondena epaia eman bitartean.
f) Hezkuntza sistemarekin lotura zuzena daukan ikasketa beka, laguntza edo bestelako bekaren bat izatea.
g) Unibertsitateko ikasketak egiten egotea. Ikasketak egiten arituz gero, ukoa ikasturte osorako izango da eta matrikularekin egiaztatu beharko da.
h) Aldi baterako kontratua edo enplegatu publiko legez izendapena izatea. Egoera hori egiaztatzeko, izendapena, lan kontratua edo funtzio publikoko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.
i) Atzerrian egotea GKE batean lanean.
j) Arduraldi partzialeko plazen kasuan, izangaiak bateraezintasuna izatea arlo publikoan zein pribatuan daukan beste lanpostu batekin.
k) Zerrendako kideak uko egitea haren ustez ez delako gai eskaini zaion kontratua behar bezala betetzeko. Egoera horretan uko eginez gero, kide horri ez zaio berriro deituko ezaugarri bereko ordezkotza egiteko.
l) Zerrendako kideak uko egitea eskainitako lanpostuaren zereginak betetzea eragozten dion minusbaliotasun fisikoren bat izateagatik.
2.– Zerrendako kideak uko egiteko arrazoiren bat adieraziz gero, egoera egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu Deialdi eta Lehiaketa Atalean, bai uko egiten duen unean, bai uko egiteko arrazoia bukatu egin dela adierazten duen unean. Uko egin duen kideak berak adierazi beharko du, azaldu dituen arrazoiak kontuan hartuta, noiz arte egon nahi duen baztertuta, eta bitarte horretan ez zaio ordezkapenik eskainiko.
9. artikulua.– Zerrendatik kanpo geratzea.
1.– Izangaia zerrenda orotatik guztiz eta behin betiko kanpo geratzeko arrazoi izango dira:
a) Sinatutako kontratuari uko egitea, arrazoia edozein izanda ere, baina kalterik egiteke horregatik 7.2 artikuluan aipatutakoari. Hala ere, arduraldi partzialeko kontratu bati uko eginez gero bat-batean sortutako bateraezintasunagatik, izangaia ez da geratuko zerrendetatik kanpo.
b) Eskaintzari uko egitea 8. artikuluan adierazitako arrazoiren bat oinarri ez dela.
c) Lehenetsitako ezaugarriak (modalitatea, lurraldea, etab.) dituen plaza bateko ordezkotza esleituta, esleipenduna ez agertzea ezarritako epean uko egiteko arrazoiren bat egiaztatzeko agiririk aurkezteke.
d) Zigortua izatea diziplina espediente bidez arau hauste larri edo oso larriagatik, kontuan izanda zehapenaren iraungitze epea.
2.– Uko eginez gero arrazoirik aurkeztu gabe, organo eskudunak erabakia bidaliko dio izangaiari zehaztuta ordezkotza egiteko eskaintzaren konfirmazioa, ukoarena eta zerrendatik kanpo geratuko dela. Erabaki horren kontra eskubidez hala dagokion errekurtsoa jarri ahal izango du: erabakian bertan zehaztuko dira errekurtsorako aukerak, epeak eta errekurtsoa ebazteko organo eskuduna (APEL 40. art.).
10. artikulua.– Bitarteko irakasleak plaza horietan aritzeko egokiak diren zehazteko protokoloa.
1.– Kontratu bat eskaintzerakoan, izangaiari informazio zehatza emango zaio, bai kontratuaren ezaugarri bereziei buruzkoa (ordutegia, gaiak, eta abar), bai sail eta ikastegiari buruzkoa. Zerrendako kideak eskaini zaion kontratuari uko egin ahal izango dio zerbitzuak behar bezala emateko gai ez dela uste badu; horrelakoetan ez da ordezkotzak egiteko zerrendatik kenduko.
2.– Behin zerbitzu harremana hasita, sailaren ustez izangaiak ez badauka gaitasun nahikoa eskolak behar bezala emateko, prozedura hau beteko da:
a) Saileko zuzendariak eskaria egingo dio errektoreordeari izangaiak irakaskuntza horretarako gaitasunik duela egiaztatzeko. Eskari horrekin batera, txosten zehatza aurkeztu beharko du, bai eta egoera egiaztatzeko agiriak ere.
b) Kasuan kasuko ikastegiari txostena eskatuko zaio.
c) Edozelan ere, interesdunari entzunaldia emango zaio eta sindikatuei alegazioak egiteko aukera.
Kasuan kasuko sailaren eta ikastegiaren txostena kontuan izanda eta interesdunak eta langileen ordezkariek egindako alegazioak aintzat hartuta, errektoreak kide hori zerrendatik kentzen duen ala ez erabakiko du, ahalik eta lasterren erabaki ere.
3.– Ikasleek ordezko irakaslearen irakaskuntza gaitasunaren inguruko kexarik badute, ikastegiko ikasleen kontseiluari aurkeztuko dizkiote eta honek kasuan kasuko sailari. Saileko kontseiluak erabaki beharko du aurkeztutako kexek oinarri nahikorik duten eta, ondorioz, aurreko atalean deskribaturiko prozedurari ekin beharko zaion; edo, oinarri nahikorik ez dutela iritziz gero, izapidea artxibatu eta ikasleen kontseiluari azaldu beharko dizkio hartutako erabaki horren arrazoiak.
4.– Kontratua sinatu eta lanean hasi ondoren izangaiak uko egin ahal izango dio kontratuari zerbitzuak behar bezala emateko gai ez dela uste badu; horrelakoetan ez da ordezkotzak egiteko zerrendatik kenduko.
5.– Errektoreak kide bat zerrendatik kentzea erabaki badu, kide horri ez zaio berriro deituko ezaugarri bereko kontratu baterako; hala ere, beste ezaugarri batzuk dituzten ordezkotzetarako deitu ahal izango zaio.
11. artikulua.– Informazioa ematea sindikatuetako ordezkariei.
1.– Deialdi eta Lehiaketen Atalak ondoren aipatzen diren dokumentuen kopiak bidaliko dizkie sindikatuei:
a) Zerrendak irekitzeko deialdiak, zerrendetan kide gehiago sartzeko deialdiak, eta merezimenduak eguneratzeko deialdiak.
b) Epaimahaia eratu eta merezimenduak barematzeko irizpide orokorrak onartzeko egindako bileretako aktak, bai eta izangai bakoitzari emandako puntuenak ere.
2.– Lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen arloko sindikatuek edozein unetan ikusi ahal izango dituzte zerrenden bitartez egindako kontratazioak, bai eta arautegi honetako 9. artikuluan jasota dagoen moduan baztertuak izan direnen berri ere.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Kontratua Medikuntza eta Odontologia Fakultateko irakasguneetarako denean, hau da, asistentzia zerbitzua bete behar denean ospitale jakin batean eta espezialitate jakin batean, ez zaie deituko jakintza arlo horretako zerrendan dauden izangaiei. Horrelakoetan, ordezkoen zerrendak eratuko dira irakasgune, sail eta, egoki izanez gero, ospitaleko zerbitzu bakoitzerako. Zerrenda horiek osatzeko epaimahaiak eta baremazioa kasuan kasuko irakasle elkartuen plazetarako erabilitako berak izango dira.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Oro har, ordezkotzak egiteko eskaintzak eskura dauden bitarteko telematikoen bidez egingo dira (SMS, posta elektronikoa, jakinarazpen elektronikoa edo unean-unean horretarako aukera ematen duten baliabide teknologiakok), eta erantzuna bide beretik bidaliko da. Bitarteko horiek aldatu ahal izango dira hoberako baldin badira eta, betiere, gardentasuna bermatuta badago.
Edozelan ere, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 40. artikuluan zehaztutakoaren ondorioetarako, deialdietatik eratorritako egintzak jakinarazteko lege horretako 14. artikuluan (Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko eskubidea eta betebeharra) zehaztutako bitartekoak erabili ahal izango dira, eta, beraz, eskaria egitean, nahitaez adierazi behar da posta elektronikoko helbidea.
Hala eta guztiz ere, pertsona interesatuek informazio osagarria eskuratu ahal izango dute Irakasle-ikertzaileen Zerbitzuko Deialdi eta Lehiaketen Atalean.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bitarteko irakasleak kontratatzeko eskariak.
Kontraturako eskaria saileko zuzendariak egingo du kasuan kasurako modeloa beteta, eta horren berri eman beharko da Saileko Kontseiluak egiten duten hurrengo bileran eta atxikipenez dagokion ikastegiko dekanoari.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskararen arloko merezimenduak baloratzeko araudi honetan zehaztutako irizpideak aldi baterako irakasle-ikertzaileak kontratatzeko prozeduretan ere ezarriko da, eta prozeduran hala jasota ageriko da.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
UPV/EHUk kideko arloen eta kidetasun mailaren katalogoa zehaztuko du, eta arautegi hau argitaratu eta sei hilabeteko epean ekingo zaio lan horri. Zeregin horri arautegia argitaratu eta hiru hilabeteko epean ekingo zaio.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Unibertsitateko diplomatu, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko edo titulu baliokidea izanik ez-doktoreen zerrenda osagarrietan sartzeko aukera ondoren jakintza arloetara mugatzen da: 0187 Gorputz Adierazpidearen Didaktika; 0189 Musika Adierazpidearen Didaktika; 0193 Plastika Adierazpidearen Didaktika; 0255 Erizaintza; 0413 Fisioterapia; 0813 Gizarte Langintza eta Gizarte Zerbitzuak. Aukera hau aldi baterako baino ez da izango, hain zuzen ere arautegi hau argitaratu eta hurrengo sei urteetarako.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Unibertsitateak xedapen gehigarrietatik bosgarrenean zehaztutako katalogoa (kideko arloena) egin bitartean kideko arloak zehazteko premiarik sortuz gero, deialdi honetako kasuan kasuko prozeduraren, erabakia ematearen edo gestioaren ardura daukan organo edo batzorde eskudunak egingo du lan hori.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Arautegi honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Indargabeturik geratu dira arautegi honetan ezarritakoaren kontra doazen xedapen guztiak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Erabaki honek administrazio bidea agortzen du. Horren aurka aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango da hilabeteko epean, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian hilabete biko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Guztia bat etorrita 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 114. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutakoarekin.
RSS