Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2022ko maiatzaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2080

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 10ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, merkataritza-establezimenduak eta merkataritzarekin lotutako zenbait zerbitzu modernizatzeko 2022ko ekitaldirako laguntza-programarako arauak ezartzen dituena eta horren deialdia egiten duena (MEC).

Merkataritza-sektoreak egitura-aldaketa sakonei egin behar die aurre, eta erronka nagusia kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriei erantzuteko eraldatzea da. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta banaketa-bide berrien agerpen indartsua direla eta, beharrezkoa da estrategia berriak eta negozio-eredu berriak hartzea, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eraldaketa digitalean eta jasangarritasunean oinarrituta.

Horregatik, XII. Legegintzaldiko «Euskadi martxan 2020-2024» Gobernu Programan, «Oparotasuna» izeneko I. Ardatzean, konpromiso eta ekintza batzuk finkatu dira merkataritza-sektorea suspertzeko, lehiakortasuna hobetuz, berrikuntza sustatuz, kudeaketa publikoa eta sektore pribatua bultzatuz, kudeaketa-estrategia berriak garatuz, EAEko merkataritzako azpisektoreak sustatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainetan lagunduz eta sinergiak sortuz. Horretarako, merkataritza-banaketaren arloko erakunde guztiek elkarrekin lan egin behar dute berraktibazio ekonomikoa lehenbailehen lortzeko. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du.

Konpromiso eta ekintza horiek guztiak 2030erako EAEko Merkataritzaren Estrategian eta 2021-2025 Merkataritza Planean garatuko dira. Izan ere, sektorearen eraldaketari, modernizazioari eta gaztetzeari erantzutea du helburu.

COVID-19aren krisi sanitarioak merkataritzaren sektoreari egin zion kalte bereziki. Eustatek argitaratutako datuen arabera, merkataritza-azpisektoreen arabera inpaktua desberdina izan arren, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 4,9ko beherakada metatua izan zuen 2020an, aurreko urtearen aldean, lan-egutegia homogeneoa eta prezio konstanteak aplikatuta. 2021eko balantzean, txikizkako merkataritzaren salmentak % 3,6 igo dira aurreko urtearekin alderatuta, eta, beraz, suspertze moduko bat izan da, baina, hala ere, merkataritza-sektoreak babesa eta bultzada behar ditu jarduera berreskuratzeko eta merkataritza-sektorea indarberritzeko.

Aurretik azaldutakoaren ondorioz, komenigarria da merkataritza-establezimenduen eta merkataritzarekin lotutako zenbait zerbitzu-establezimenduren modernizazioa laguntzea, agindu honen barruan sartzen den programaren bitartez.

Laguntza-programa honek ondorengo helburua du: baliabideen xedearen efizientzia areagotzea, gure auzo, herri eta hirietako hurbileko merkataritza lehenetsiz, eta EAEko merkataritza-establezimenduen eta merkataritzarekin lotutako zerbitzuen modernizazioa sustatzea, berrikuntzaren bidez eta kudeaketa-tresnak, azpiegiturak eta merkataritza-ekipamendua hobetuz (hala nola TicketBAI sistema berrira egokitzea), kalitate eta lehiakortasun handiagoa lortzeko bide gisa.

Hori guztia Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin bat etorriz, eta Sailak eta Jaurlaritzak agenda horrekin duten konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako ondorengo Helburuei dagokienez: GJH5: genero-berdintasuna; GJH8: hazkunde inklusibo eta jasangarria sustatzea, baita guztientzako enplegua eta lan duina ere; GJH9: industria, berrikuntza eta azpiegitura; GJH11: hiri eta komunitate jasangarriak; GJH12: kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak; GJH13: klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularraren sustapena; eta GJH17: helburuak lortzeko aliantzak.

Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barne dago. Plan hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2022ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean ezarritako aurrekontu-kreditu nahikoa dauka.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Merkataritza-establezimenduak eta merkataritzarekin lotutako zenbait zerbitzu modernizatzeko laguntza-programaren 2022ko ekitaldiko deialdiaren oinarri arautzaileak onartzea, eranskinetan jasotzen den legez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 10a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.– Laguntza-deialdiaren xedea.

1.– Oinarri hauen xedea da laguntzak xedatu eta emateko araudia ezartzea, 2022ko ekitaldian, EAEko merkataritza-establezimenduak eta zenbait zerbitzu modernizatzea sustatzeko, berrikuntzaren bitartez eta kudeaketa-tresnak eta merkataritza-azpiegiturak eta -ekipamenduak hobetuz, kalitate- eta lehiakortasun-maila handiagoa lortzeko.

2.– Helburu horrekin bat, merkataritza-establezimenduak eta merkataritzarekin lotutako zerbitzu-establezimenduak modernizatzeko inbertsioak sustatuko dira, ekipamenduak, obra zibila, altzariak eta ekipamendu informatikoa eta digitala finantzatuz. Hori guztia, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin bat, batez ere ondorengo garapen-helburuei dagokienez: GJH5, GJH8, GJH9, GJH11, GJH12, GJH13 eta GJH17.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko oinarrian adierazitako helbururako, 3.350.000,00 euroko ekonomia-baliabideak bideratuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.

3. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte norberaren konturako langileek edo autonomoek, sozietate zibilek eta legez eratutako ondasun-erkidegoek, eta mikroenpresek eta enpresa txikiek, baldin eta haien jarduera nagusia merkataritzakoa edo zerbitzuetakoa bada eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako merkataritza-establezimenduetan edo merkataritzarekin lotutako zerbitzu-establezimenduetan jarduten badute eta agindu honen 5. oinarrian zerrendatutakoen artean badaude.

2.– Deialdi honetan ezarritakoari dagokionez, merkataritza-jardueratzat hartuko da merkatuaren esku jartzea xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, beren horretan eta eraldaketa-prozesu handirik gabe, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek azken kontsumorako ondasunak zuzenean saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira. Baita zerbitzuak ematea ere, horiek azkenean merkatuari eskaintzen zaizkionean.

3.– Ondaun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa entitateari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

4.– Era berean, ezingo dira laguntzen onuradun izan armak ekoiztera, merkaturatzera edo finantzatzera dedikatzen direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.

4. oinarria.– Pertsona eta erakunde eskatzaileen betekizunak.

Pertsona eta entitate eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Norberaren konturako langile edo autonomo, sozietate zibil, ondasun-erkidego, mikroenpresa edo enpresa txiki izaera izatea mikro enpresa eta enpresa ertain eta txikien definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin edo gomendio hori ordezten edo aldatzen duten xedapenekin bat. Hau da:

– Mikroenpresa: hamar langile baino gutxiago, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra bi milioi eurotik gorakoa ez izatea.

– Enpresa txikia: 50 langile baino gutxiago, eta negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra hamar milioi eurotik gorakoa ez izatea.

b) Laguntza-eskaeraren xede den merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduaren jarduera ekonomikoak eta haren egoitza sozial eta fiskalak EAEn egon beharko dute.

c) Agindu honen 5. oinarrian jasotako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe edo multzoren batean kokatutako jarduera batean aritzea eta alta emanda egotea eskabide-egunean.

d) Egunean eduki beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten enpresen inbertsioak ez dira diruz lagunduko.

e) Egunean izan behar dute dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.

f) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik (sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, 4/2005 Legea bigarren aldiz aldatu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 3ko 1/2022 Legeari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz).

g) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. puntuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, ezta EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluaren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

5. oinarria.– Ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeak, diruz lagun daitezkeenak.

3. oinarrian aipatutako pertsonek edo entitateek jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak, baldin eta horien jarduera nagusia ekonomia-jardueren gaineko zergaren hurrengo epigrafeetan kokatuta badago:

Txikizkako merkataritza:

641. Fruituen, barazkien, ortuarien eta tuberkuluen txikizkako merkataritza.

642. Honako hauen txikizkako merkataritza: haragia eta hondakinak, haragi-gai eta haragiki landuak, arrautzak, hegaztiak, abeletxeko untxiak, ehizakiak, eta horien ekoizkin eratorriak.

643. Arrainen eta arrantzako eta akuikulturako bestelako ekoizkinen eta barraskiloen txikizkako merkataritza.

644. Ogi, gozoki, konfite eta antzekoen, eta esne eta esnekien txikizkako merkataritza.

645. Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.

646.1. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako salmenta, Saltoki Orokorretan, Berezietan eta Barnekoetan egiten denean.

646.2. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako salmenta, Saltoki Orokorren aldi baterako saltokian egiten denean.

646.3. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako salmenta, Izaera Osagarriko Saltokietan egiten denean.

646.4. Tabako-laboreen txikizkako salmenta, errekargodun salmenta-baimena duten merkataritza-establezimenduetan egiten denean.

646.6. Era eta forma guztietako tabakoen txikizkako salmenta, salmentarako estankorik ez dagoen udalerrietan.

646.7. Baimen bereziak dituzten minusbaliatu fisikoek egindako tabako-laboreen txikizkako salmenta.

646.8. Erretzaileentzako artikuluen txikizkako salmenta.

647.1. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako salmenta, saltzailedun establezimenduetan.

647.2. Mota orotako jangaien eta edarien txikizkako salmenta, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan, establezimenduek saltzeko gelaren azalera 120 m2 baino gutxiagokoa dutenean.

647.3. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako salmenta, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan superzerbitzuetan, hala hartuta saltzeko gela 120 eta 399 m2 artekoa denean.

651. Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, zapaten, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako salmenta.

652.2. Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako salmenta.

652.3. Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta norbere higienerako eta garbiketarako gaien txikizkako salmenta.

652.4. Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako salmenta.

653. Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako salmenta.

654.2. Lurreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako salmenta.

654.5. Mota guztietako makineriaren txikizkako salmenta (etxeko aparatuak, bulegokoak, medikuenak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak izan ezik).

654.6. Mota guztietako ibilgailuetarako pneumatikoen, banden edo aire-ganberen txikizkako salmenta.

656. Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasun erabilien txikizkako salmenta.

657. Musika-tresnen eta horien osagarrien txikizkako salmenta.

659. Bestelako txikizkako salmenta.

662. Txikizkako salmenta mistoa edo integratua.

691.1. Etxeko tresna elektrikoen konponketa.

691.9. BISGko kontsumo-ondasun zenbaiten konponketa.

Merkataritza-jarduerari lotutako beste zerbitzu batzuk:

971. Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.

972. Ile apaindegiak eta apaindegiak.

973.1. Argazkigintza-zerbitzuak.

973.3. Makina fotokopiagailuen bitartez agiriak kopiatzeko zerbitzuak.

975. Markogintza-zerbitzuak.

6. oinarria.– Diruz lagun daitekeen denbora-tartea.

2021eko ekainaren 29tik 2022ko irailaren 30era bitartean, biak barne, egiten diren inbertsioek jaso ahal izango dute dirulaguntza, edo, hala badagokio, erabilitako kreditua agortu arte.

7. oinarria.– Diruz lagun daitekeen inbertsioa.

1.– Honako eskakizun hauek betetzen dituztenak hartuko dira laguntza jasotzeko moduko inbertsiotzat eta aktibotzat:

a) Laguntzaren xede diren inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako txikizkako merkataritza-establezimenduetan edo merkataritzarekin lotutako zerbitzuetan egin beharko dira.

b) Inbertsioa enpresaren aktiboan lehen aldiz sartzea eta dirulaguntzaren xede den merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduan bertan egotea (hau da, salmenta gauzatzen den establezimenduan edo haren eranskinetan egotea).

Eranskinek merkataritza-establezimenduarekin elkartuta edo haren ondoan egon eta merkataritza jarduerarekin zerikusia izan beharko dute.

Diruz lagundutako inbertsioak gutxienez bi urtez egon beharko du (dagokion fakturaren datatik aurrera) laguntza eskatu den merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduan. Tarte horretan ezingo zaie hirugarren pertsona fisiko nahiz juridikoei laga.

c) Inbertsioa diruz lagun daitezkeen 8. oinarriko puntuetan jasota egotea.

d) Zorrozki beharrezkoak diren inbertsioak eta dirulaguntzaren xede den establezimenduan garatutako jarduerarekin zuzenean lotura dutenak.

e) Inbertsioa 6. oinarrian aipatutako diruz lagun daitekeen denbora-aldian benetan egin eta ordaindu izana.

Eskabidean ordainagiriak aurkezten ez badira, gehienez bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; betiere, aurkezteko gehieneko epea errespetatuta: 2022ko azaroaren 30a.

2.– Diruz lagundu ahal izateko, egindako inbertsioek onartutako gutxieneko inbertsio-zenbateko hau eduki beharko dute merkataritza-establezimenduko:

– 3.000 euro (BEZik gabe), 8. oinarriko 1. puntuan jasotako inbertsioetarako.

– 750 euro (BEZik gabe), 8. oinarriko 2. puntuan jasotako inbertsioetarako.

Diruz lagun daitekeen puntu batean baino gehiagotan inbertsioak egiten diren kasuetan, puntu bakoitzean onartutako gutxieneko inbertsio-zenbatekoa betetzen dutenak bakarrik lagundu ahalko dira diruz.

8. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen inbertsioak.

Honako inbertsio hauek lagundu ahalko dira diruz:

1.– Merkataritza-establezimenduko azpiegitura eta ekipamendua berritzea: merkataritza- edo zerbitzu-establezimendua eraberritzeko eta modernizatzeko inbertsioak, obrak eginez, eta inbertsioak altzarietan eta merkataritza-jarduera gauzatzeko behar diren ekipamenduetan, gehi kanpoko zein barneko elementuetan, zuzen funtzionatzeko beharrezkoak badira.

a) Merkataritza-establezimenduaren barrualdea edo kanpoaldea moldatzeko, berritzeko edo handitzeko instalazioak eta obrak, eragina baldin badute establezimenduaren egokitzapenean, merkataritza-azaleraren banaketan edo irudia hobetzean.

b) Energia aurrezteko edo energia-efizientziako neurriak ezartzeko obrak eta instalazioak.

c) Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko egindako eraberritzeak, mugikortasun murriztua duten pertsonen irisgarritasuna hobetzen badute.

d) Errotuluak erosi eta merkataritza-establezimenduaren kanpoaldean instalatzea, izen komertziala, marka, logotipoa edo antzekoak identifikatzeko, baita toldoak erosi eta instalatzea ere.

e) Jarduera nagusia betetzeari lotutako makineria eta altzariak erosi, instalatu eta muntatzea.

f) Produktuak erakusteko ekipamendua eta altzariak erostea: erakusleihoak, mahaiak, panelak, apalak, beira-arasak eta erakusketa-euskarriak (hoztutakoak barne), tarimak, kakotegiak eta parekoak.

g) Produktuak biltegiratzeko altzariak (hotz-ganberak barne).

Hotz-ganberak, betiere energia-efizientzia altuko ziurtagiri energetikoa badute. (A, B, C).

h) Alarmak eta segurtasun-sistemak. Diruz lagun daitekeen inbertsioaren gehieneko zenbatekoa ezingo da 6.000 euro baino gehiago izan, BEZik gabe.

i) Lokala girotzeko ekipamenduak, betiere energia-efizientzia altuko ziurtagiri energetikoa badute (A, B, C).

j) Besteak beste, merkataritza-alorreko enpresa txikiek hiriko merkataritza-gune batean partekatutako espazio eta elementu komunak berrantolatzeko eta modernizatzeko inbertsioak, merkataritza-jarduerarekin zuzenean lotutakoak, hala nola korridoreak, instalazio teknikoak, estalkiak, kanpoko etxe-aurreak, zerbitzuak eta sarbideak, betiere espazio eta elementu horiek merkataritza-establezimenduen titularrek berek jabekide-erkidegoko araubidean kudeatuak badira.

Zentroan bildutako merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduen jabe bakoitzak, jabekide-erkidegoaren partaide denak, esandako espazio komunean egiten diren inbertsioetatik, bere partaidetzari dagokion gastuen zatiagatik eskatu ahal izango du laguntza.

k) Lurruneztagailuak, airea purifikatzeko eta aireztapeneko sistemak, gorputzaren tenperatura neurtzeko kamerak, esterilizagailuak, alfonbra deskutsatzaileak, CO2 neurgailuak eta pareko ezaugarriak dituzten ekipamenduak.

Puntu honetan sartzen dira proiektua idazteak, obra zuzentzeak edo arkitekto, ingeniari edo instalatzaile baimenduek egindako proiektuek eragindako gastuak, betiere obrak eta instalazioak egiteko beharrezkoak badira.

2.– Teknologia berriak eta berrikuntza txertatzea: ekipamendu eta aplikazio informatikoak, enpresa-kudeaketa hobetzeko, zerga-araudira egokitzeko eta produktuak webguneen bidez merkaturatzea sustatzeko.

a) Ekipamendu informatikoak, aplikazio informatikoak eta kudeaketa-softwarea, merkataritza-establezimendua kudeatzea hobetzera zuzendutakoak, betiere merkaturatze-prozesuetan integratuta edo enpresa-kudeaketara bideratuta badaude. Kasu horretan, funtzio nagusien deskribapena eta garatutako jarduerarekiko duen lotura aurkeztu behar da.

Ekipamendu informatiko bat eta periferiko mota bakoitzeko unitate bat baizik ez dira diruz lagunduko inbertsioa gauzatzen den establezimenduko.

b) Merkaturatze-sistemak sortu, garatu, ezarri, hobetu edo martxan jartzeko lanak (webgunea garatzea, online saltzea, ecommerce, scommerce, mcommerce eta parekoak) edo merkataritza-establezimendua kudeatzekoak (bezeroak, hornitzaileak eta abar).

c) Salmenta-puntuen terminalak eta produktuen irakurgailu optiko eta kodeketa-sistemak.

d) Salgaien balantza elektronikoak.

e) Kutxa-erregistratzaileak.

f) TicketBAI (TBAI) sistemarako fakturazio-softwarea ezartzea.

9. oinarria.– Diruz lagun ezin daitezkeen inbertsioak.

Ondorengo inbertsioek ezin izango dute inola ere dirulaguntza jaso:

a) Lokalak erostea eta eskualdatzeko eskubideak.

b) Garraio-elementuak, telebistak edo telefono-terminalak erostea.

c) Ekipamendua leasing edo renting bidez erostea.

d) Administrazio-baimen edo lizentzien ondoriozko tasak, aseguruak, garraio-kostuak.

e) Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) eta, oro har, mota guztietako zergak, tasak edo kontribuzioak.

f) Erakusteko eta probatzeko artikuluak, baita ondoren salgai jar daitezkeenak ere.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala