Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2022ko maiatzaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2079

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 10ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko saltoki txikia suspertzeko eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko.

XII. Legegintzaldiko «Euskadi Martxan» 2020-2024 gobernu-programa lau ardatzetan dago egituratuta. Ardatz horien artean lehena Oparotasuna izenekoa da, eta ardatz horren inguruan artikulatzen dira enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko jarduketa-arloak. Programan jasota dagoenez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementuetako bat, tokiko hazkunde ekonomikoan eragiten baitu.

Ardatz horrek dituen bederatzi jarduera-arloetako bat merkataritzari eta ostalaritzari dagokio, non merkataritza suspertzeko jarduera-konpromisoa nabarmentzen baita. Proposatzen diren ekimenen artean, tokiko erakundeekin lankidetzan, tokiko kontsumoa sustatzea xede duen erakundearteko kanpaina bat garatuko da, bonuen bidez saltoki txikietako kontsumoari bultzada bat emateko, eta, hala, balioa emango zaio hurbileko merkataritzari eta horrek ekonomian eta enpleguan duen garrantziari.

Horrela, tokiko eta auzoko merkataritza sostengatzen da, eta hiri-inguruneak dinamizatzen eta gizarte-ehuna kohesionatzen, merkataritza-jardueraren bidez.

Europako egungo gerra-egoerak ondorio ekonomiko larriak ekarri ditu, hala nola erregaien eta lehengaien garestitzea. Garestitze horiek denboran zehar iraunkorrak izango direla aurreikusten da. Horrek guztiak ondasunen prezioaren igoera ekarri du, eta, ondorioz, kontsumoa jaitsi egin da.

Eusko Jaurlaritzak neurri berriak ezartzea erabaki du, egungo egoera ekonomikoa arintzeko eta hazkunde ekonomikoa eta enplegua bermatzeko. Neurriak honela banatuko dira: gizarte erreskaterako funts bat eta erreskate ekonomikoko funts bat, guztira 200 milioi euroko zuzkidurarekin.

«Gizarte erreskaterako funtsak» 15 milioi euroko zuzkidura izango du, eta pertsona kalteberentzako gizarte-laguntzetara zuzenduko da, gizarte-larrialdietarako laguntzetara, pobrezia energetikoa arintzeko edo etxerik gabeko pertsonak gizarteratzeko laguntzetara, bai eta Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko laguntzetara ere.

«Erreskate ekonomikoko funtsari» dagokionez, 143 milioi euroko zuzkidura izango du, eta enpresei eta mikroETEei zuzendutako laguntza-programak 63 milioi eurorekin handitzea aurreikusten du. Era berean, lehen sektoreko enpresentzako laguntza osagarriak eta likidezia-neurri osagarriak 60 milioi handitzea proposatzen da, 40 milioiko zuzkidura gehigarriarekin.

Merkataritza-sektorerako (bereziki kontsumoaren jaitsierak eragindako sektorea) laguntza osagarriei dagokienez, 20 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa esleitu da tokiko merkataritza dinamizatzeko laguntzak emateko, batez ere autonomoek, mikroenpresek eta txikizkako merkataritza-sektoreko eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuetako enpresa txikiek garatutakoa.

Horiek horrela, beren borondatez programarekin bat egiten duten tokiko erakundeekin batera, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» deritzan programa hau ezarri du, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza establezimenduetan eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuetan kontsumoa sustatzeko asmoz. Pizgarri- eta estimulu-sistema bat da Euskal Autonomia Erkidego osorako, herritarrek beren lurralde-eremuko saltokietan eskuragarri dituzten deskontu-bonuen bitartez.

Merkataritza-sektorea sustatzea xede duen programa honek barnean hartzen ditu bai Eusko Jaurlaritzak finantzatutako deskontu-bonuak –banaketa-irizpidea lurralde historiko bakoitzeko merkataritza-establezimenduen kopuruarekiko proportzionala izango da–, bai gainerako erakunde parte-hartzaileek finantzatutakoak ere –dagokien lurralde-eremuan banatuko dira–.

Programa honen denbora-garapena sektoreak planteatutako aurreikuspenei erantzunez diseinatu da. Horretarako, egutegi bat prestatu da, sektorea behar bezala berraktibatzen eta urtarokotasuna gainditzen laguntzeko, bai eta programa lurraldean ahalik eta gehien hedatzeko ere.

Apirilaren 12ko Gobernu Kontseiluan onartu zen laguntza-programa hau finantzatzeko funts ekonomikoa. Programa hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen 2022ko apirilaren 26ko Plan Estrategikoaren aldaketan jasota dago.

Azaldutako guztiagatik, bat etorriz Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programaren oinarriak onartzea. Programa horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburu autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek txikizkako merkataritza-establezimenduetan ondasunak kontsumitzea eta zerbitzuak ematea sustatzeko eta hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten zerbitzuak ematea sustatzen da.

2. artikulua.– Kanpainaren helburuak.

1.– Hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritzako eta zerbitzuen sektoreko enpresaburu autonomoei eta mikroenpresa eta enpresa txikiei indartzen eta sendotzen laguntzea.

2.– Eskaria estimulatuta, herritarrei eta enpresa-sareari laguntzea, horiengan oinarritzen baitira merkataritza-sektorea eta hiriko merkataritza-jarduera.

3.– Hiriko merkataritza-jarduera dinamizatzea, hark udalerrian eta eskualdean duen eragina sustatuta.

4.– Hiriko merkataritza-jarduerarekin zuzeneko lotura duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduen maniobra-funtsa hobetzea.

5.– Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoa arintzea, ekonomian eragina izan baitu eta prezioak igotzeko eta kontsumoa moteltzeko testuingurua sortu baitu.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Merkataritza Zuzendaritzaren bitartez, 5.000.000 euroko zuzkidura ekonomikoa emango du programa hau garatzeko.

4. artikulua.– Laguntzen izaera.

Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeaz arduratzen den organoa.

1.– Merkataritza Zuzendaritza izango da laguntzak kudeatzeko organo arduraduna, eta hari dagokio programa behar bezala gauzatzen dela ikuskatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egitea.

2.– Programa honen kudeaketa-lanak eta dirulaguntzen funtsen banaketa Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberarekin, Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberarekin eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberarekin (aurrerantzean, EAEko ganberak) elkarlanean egingo dira.

3.– Programa honi esleitutako funts publikoak honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira:

a) Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bazterkeriarik eza.

b) Administrazio laguntza-emaileak finkatutako helburuak efikaziaz betetzea.

c) Baliabide publikoen esleipen eta erabilera efizientea.

6. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– EAEko ganberekin lankidetzan banatuko dira «Euskadi Bono-Comercio – Euskadi Bono-Denda» trukatzearen bidez lortzen diren eta diruz lagun daitezkeen funtsak, eta egiaztatuko dira salmenta-eragiketa bakoitzaren baldintzak eta eskakizunak, erakunde laguntzaileak baitira ganberok.

2.– Programa garatu ahal izateko, erakundeen elkarlana lankidetza-hitzarmen bidez gauzatuko da; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra izango ditu ardatz, eta lege horietan eta dirulaguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaileentzako garapen-xedapenetan aurreikusitako araubide juridikoa aplikatuko zaio erakundeari.

7. artikulua.– Onuradunak.

Laguntza hauen onuraduntzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren hamasei urtetik gorako pertsona fisikoak, baldin eta hiru lurralde historikoetan banatutako «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» direlakoak eskuratzen badituzte, agindu honetan ezarritako bitarteko eta bideen arabera.

8. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezakeen jarduera.

1.– Kanpainara atxikitako hiriko merkataritza-jarduerarekin erlazioa duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduetako kontsumoa lagunduko da diruz, horietan eskuragarri egongo den mota bakarreko deskontu-bonu baten bidez.

2. «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» horietako bakoitza hamar euroko deskontu-bonu bat izango da, eta atxikitako establezimenduetan egiten den 30 euro edo gehiagoko erosketan aplikatu ahal izango da.

3.– Deskontu-bonuak trukatzeko erabiliko den sistema hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduetan trukatuko den bonua izango da, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa zorrotz betez, betiere.

Deskontu-bonuak trukatzeko ezarritako epean, establezimenduek aktiboki eskainiko dituzte bonuak, eta erosketaren unean trukatuko dituzte.

Deskontu-bonuen aplikazioa establezimenduek beraiek egingo dute; ondasunak eskuratzen edo zerbitzuak hartzen dituen onuraduna EAEn bizi dela egiaztatu eta identifikatuta.

Betebehar horiek beteko ez balira, berehala emango zaio baja programan, eta establezimenduari dagozkion bonuak kanpainan sartuko dira, eta 11. artikuluan horretarako ezarritako epean birbanatuko.

4.– Horretarako, erakunde laguntzaileak behar diren mekanismoak eduki beharko ditu aurreko apartatuan adierazitakoa bermatzeko eta egiaztatzeko, eta, halaber, behar dituen tresnak izan beharko ditu erosketa-tiketetan identifikatutako pertsona bakoitzeko bost deskontu-bonuen muga kontrolatzeko. Era berean, atxikitze-aldia amaitzean eta programaren baldintzak bete direla egiaztatzean, bonuak programara atxikitako establezimenduen artean banatuko dira.

5.– Pertsona bakoitzak, gehienez, bost deskontu-bonu batu ahal izango ditu, berrogeita hamar euroko balioarekin. Onuradunek establezimendu bakar batean edo batean baino gehiagotan erabili ahal izango dituzte deskontu-bonuak. Halaber, deskontu-bonuak erosketa bakarrean edo hainbat erosketatan erabili ahal izango ditu onuradun bakoitzak.

6.– Establezimenduek modu aktiboan eskainiko dizkiete bonuak bezero guztiei, harik eta establezimenduko bonuak agortzen diren arte. Establezimenduek ezin izango dute bonurik gorde, ez atxiki, ezta artikulu jakin batzuen salmentarako erabili ere. Betebehar horiek beteko ez balira, berehala emango zaio baja programan, eta establezimenduari dagozkion bonuak birbanatu egingo dira 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.– Bi epe edo aldi ezarri dira deskontu-bonuak trukatzeko. Lehenengoa, programa indarrean jartzeko finkatutako egunean hasi eta 2022ko uztailaren 3an amaituko da, eta bigarrena, aldiz, 2022ko urriaren 1ean hasi eta 2022ko abenduaren 4an amaituko da.

Bonuak trukatzeko lehen aldia amaitu ondoren, programak establezimendu batzuetan eta besteetan izan duen efizientzia aztertuko da, eta berriro bonuak banatzeari ekingo zaio, bigarren truke-aldiari begira, 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Establezimenduek bete beharreko baldintzak programara atxikitzeko.

1. «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxiki ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotura duten merkataritza- edo zerbitzu-establezimenduak, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Agindu honen I. eranskinean jasotako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafe eta/edo multzoren batean kokatutako jarduera batean aritzea eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea.

b) Enpresaburu autonomo, mikroenpresa edo enpresa txiki izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskineko 2.2 eta 2.3 artikuluetan adierazitakoaren arabera. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk barne-merkatuarekin bateragarri direla deklaratzen du, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

– ETEen kategorian, enpresa txikitzat hartzen dira, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.

– ETEen kategorian, mikroenpresatzat hartzen dira, 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.

c) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eta, hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

d) Programari atxikitzeko beharrezkoa den erantzukizunpeko adierazpenean ezarritako baldintzak.

2.– Ildo horretan, bestelako betebeharrak alde batera utzita, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak edozein unetan eskatu ahal izango ditu gutxieneko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak.

Horiek betetzen ez dituzten erakundeek aurkeztutako eskabideak ez dira aintzat hartuko, ez onartuko.

10. artikulua.– Programara atxikitzeko prozedura.

1.– Programa honetara atxiki nahi duten hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduek II. eranskinean jasotako atxikitze-inprimakia formalizatu beharko dute. Honako helbide hauetan egongo da eskuragarri inprimaki hori:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa:

www.euskadi.eus/servicios/1107903

– EAEko ganberetako bakoitzaren web-orriak, lurraldean lurraldekoa.

https://www.euskadibonodenda.eus/

2.– Artikulu honen 1. apartatuan jasotako atxikimendu-inprimakiak erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, honako alderdi hauekin:

a) Eskatzailea erakundearen ordezkaria dela eta ordezkaritza horretarako behar adinako aginpidea baduela.

b) Ezagutzen eta onartzen dituela «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» dirulaguntza-programa kudeatzeko ezarritako oinarriak eta prozedura.

c) Betetzen dituela laguntza-programa arautzen duen aginduaren 9. artikuluan ezarritako atxikitze-baldintzak.

d) Programara atxikitzen dela eta bertan ezarritako konpromisoak beteko dituen hitza ematen duela.

e) Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Ordainduta dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, hala badagokio.

g) Pertsona edo erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak onuradun izateko 13. artikuluan ezartzen dituen debeku-egoeretan.

h) Ez duela dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko debekurik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 3ko 1/2022 Legearen 25.2 artikuluaren arabera, ezta azken xedapenetako laugarrenaren 1. puntuan xedatutakoaren arabera ere.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena ematen diola egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ditzan.

Erantzukizunpeko adierazpenean interesdunak adierazitako funtsezko datu edo informazioren bat zehatza ez bada, faltsua gertatzen bada edo eman ez bada, edo deklaratutakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten, ezinezkoa izango da egikaritu nahi den eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitzea, egitate horiek jakiten diren momentutik aurrera. Gainera, itzuli egin beharko dira deialdiaren baldintzak betetzen ez zirela bonuak trukatzeagatik jasotako zenbatekoak. Era berean, erator litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ekar litzake (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

Ildo horretan, bestelako betebeharrak alde batera utzita, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak edozein unetan eskatu ahal izango ditu gutxieneko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak.

Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

3.– Eskatzaileek, atxikimendu-inprimakia eta aginduko baldintza guztiak konplitzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena betetzeaz gainera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Identifikazio fiskaleko zenbakia (NAN, autonomoen kasuan, eta IFK, pertsona juridikoak direnean).

– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako alta eta baja egoeren ziurtagiri historikoa, edo, hala badagokio, laguntza jasoko duen establezimenduarena.

– Establezimenduaren argazkia.

– Bankuko kontuaren ziurtagiria.

4.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egutegiko hamar egungo epea izango dute saltokiek «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzeko eskaera egiteko.

5.– Programara atxikitzeko eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, bat etorriz Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du programara atxikitzea eskatzen duten establezimenduek berariaz eta formalki onartzen dituztela deialdi honen oinarrietan zehaztutako eskakizunak.

7.– Programarekin bat egiteko aldia amaituta, EAEko ganberek gehienez bost egun balioduneko epea izango dute egiaztatzeko «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzea eskatzen duten establezimenduek 9. artikuluan jasotako eskakizunak betetzen dituztela.

Aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, Merkataritza Zuzendaritzako titularrari jakinaraziko diote programan sartzeko eskaera egin duten establezimenduak onartzeko edo baztertzeko proposamena. Merkataritza Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du atxikitzeko prozesuan onartutako eta baztertutako establezimenduen behin betiko zerrendarekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Erakunde kudeatzaileak establezimendu eskatzaile guztiei jakinaraziko die ebazpen hori, baita esleitutako deskontu-bonuen kopurua ere.

8.– Atxikitako establezimenduei beharrezko den dokumentazioa eta programa sustatzeko materiala emango zaie. Material hori nabarmen eta herritar guztiek ikusteko moduan egongo da establezimenduan programak dirauen bitartean.

Programaren sustapen-materialak honako dokumentazio hau izan beharko du gutxienez:

– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duela egiaztatzen duen kartela (gutxienez bi kartel edo establezimendu bakoitzean behar diren guztiak).

– 3/2018 Lege Organikoari buruzko informazioa (abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa).

– Deskontu-bonuak agortu izanaren kartela. Establezimenduko deskontu-bonuak agortu bezain laster, bezeroei egoera horren berri emateko, establezimenduan eskuragarri zeuden bonuak agortu direla aditzera ematen duen kartela ipiniko da, «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan parte hartzen duela adierazten duten kartelen ondoan.

– Kanpainaren arduradunen iritziz, programak behar bezala funtzionatzeko, merkataritza-establezimenduei eman beharreko beste dokumentazio oro.

11. artikulua.– Deskontu-bonuen banaketa.

1.– Deskontu-bonuen guztizkoa lurralde historiko bakoitzean programara atxiki diren establezimenduen artean banatuko da, lurralde bakoitzaren pisu demografikoaren arabera.

2.– Lurralde historiko bakoitzaren barruan, merkataritza-establezimendu bakoitzari dagozkion bonuen kopurua lineala izango da, eta jaulkitako bonuen kopuruaren eta programarekin bat egin duten establezimenduen kopuruaren arteko erlazioaren araberakoa.

3.– Deskontu-bonuak erakunde laguntzaileak banatuko ditu hiru lurralde historikoetan, aurreko irizpideei jarraituz eta ehuneko hauekin:

Araban: % 15, 75.000 bonu.

Bizkaian: % 52, 260.000 bonu.

Gipuzkoan: % 33, 165.000 bonu.

Eskura egongo diren bonuak, guztira: 500.000 bonu.

4.– Eusko Jaurlaritzak ez du bere gain hartuko 500.000 bonu baino gehiagotara iristeko aukera.

5.– Hala ere, eskariaren egoerak hala aholkatzen badu, eta, betiere, erakunde kudeatzailearekin egindako lankidetza-hitzarmenean ezarritako jarraipen-batzordeak onartzen badu, banaketa horri doikuntzak egin ahal izango zaizkio lurraldeen artean, onuradunen artean ahalik eta bonu gehien banatu ahal izateko. Horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez.

6.– Lehenengo aldia amaitzean, programaren gauzatzea ebaluatuko da, eta programan baja emango zaie aldi horretan trukerik egin ez duten establezimenduei.

Ezarritako lehen truke-aldian bonu guztiak agortzen badira, kanpaina ez da egingo urritik abendura bitartean, salbu eta Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez programaren aurrekontua handitzeko ahalmena ematen bada. Kasu horretan, EHAAn argitaratuko da Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren dagokion agindua.

Bestela, trukatu gabeko bonu guztiak lurralde historiko bakoitzari esleituko zaizkio, artikulu honen 3. puntuan ezarritako ehunekoen arabera, eta beste banaketa bat egingo da programan jarraitzen duten establezimendu guztien artean.

Establezimenduen arteko truke-maila desberdinagatik bonuak birbanatu behar direla ikusiz gero, honela jokatuko da:

Birbanaketa 2022ko azaroaren 4an egingo da. Egun horretan bigarren aldiaren hasieran eskuragarri dauden bonuen % 75 baino gutxiago trukatu duten establezimenduek trukatu gabeko bonuen % 25 eskuratuko lukete. Itzulitako bonuak ekitatiboki birbanatuko dira kanpainan esleitutako bonu guztien % 75 edo gehiago trukatu duten establezimenduen artean. Establezimendu bakoitzari esleitu beharreko bonuen gutxieneko kopuru nahikoa ziurtatzeko, birbanatutako bonuen kopurua ez da inoiz hamar bonu baino txikiagoa izango. Birbanaketa horren lehentasun-ordenak kontuan hartuko du, lehenik eta behin, establezimenduak esleitutako bonuak agortu dituen data, eta, bigarrenik, trukatutako bonuen ehunekorik handiena.

7.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa gauzatzeko EAEko Administrazio Orokorraren eta EAEko ganberen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu eta hurrengo hilabetearen barruan, kudeatu beharreko laguntza-funtsen zenbatekoaren % 70 sartu beharko da dagokion hitzarmena sinatu duten EAEko ganberek adierazitako banku-kontuan. Une horretatik aurrera, ganberak izango dira funtsen gordailuzain, eta gordailuzainak gordailu zibilean dituen zaintza-betebeharrak hartuko dituzte beren gain (Kode Zibilaren 1.758 artikuluan eta hurrengoetan daude araututa).

Gainerako % 30a programa garatzen den bitartean eta amaitu aurretik sartuko da, deskontua duten salmenta-eragiketen arabera.

8.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa honi atxikitako establezimenduen zerrenda publikoa izango da, eta programara bideratutako https://www.euskadibonodenda.eus web-orrian eguneratuko da.

12. artikulua.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» trukatzeko funtzionamendu- eta kudeaketa-sistema.

1.– Dirulaguntza-programa kudeatzeko, plataforma teknologiko espezifiko bat ez ezik, deskontu-bonuak abian jartzeko eta funtzionamendu-operatiboa efikaziaz gauzatzeko egokienak diren aplikazio informatikoak ere erabiliko dira.

2.– Plataforma horren bidez egingo dira dirulaguntza-programara atxikitzearekin lotutako izapide guztiak, bai eta deskontu-bonuak jaulki, lortu, aplikatu, trukatu eta konpentsatzeko eragiketa guztiak formalizatu ere, agindu honetan zehaztutako baldintzetan.

3.– Kanpainara atxikitako saltokiek erabiltzaile-izena eta pasahitz pertsonalizatuak izango dituzte plataforman sartu ahal izateko, eta bertan izango dituzte eskura esleitu zaizkien deskontu-bonuak.

4.– Deskontu-bonu bakoitzak dagokion zenbaki espezifikoa izango du, bakarra bihurtuko duena eta atxikitako saltoki zehatzari lotuta egongo dena.

5.– Atxikitako saltokiak aktiboki eskainiko dizkie bezeroei deskontu-bonuak, betiere arau honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

6.– Programara atxikitako saltokiak erabili diren eta oraindik erabiltzeko dauden bonuei buruzko informazioa izan ahalko du kanpaina indarrean dagoen bitartean.

7.– Programara atxikitako saltokiek aplikatutako deskontu-bonuak betearazi eta kobratu ahalko dituzte astero.

8.– Saltokiak plataforman formalizatuko ditu salmenta egiteko edo zerbitzuak emateko momentuan erabilitako bonu guztiak, eta, justifikazio-agiri gisa, erosketa-tiketa erantsi beharko du, non eroslearen NANa jasota egongo den.

Saltokiak tiketaren kopia bat gordetzera behartuta daude, erosketa horretan trukatutako deskontu-bonuaren identifikazio zenbakiarekin eta eroslearen NANarekin batera.

9.– Eskatutako baldintzak betetzen direla behin egiaztatu ondoren, dagokien zenbatekoa likidatu eta ordainduko zaie programara atxikitako saltokiei, xede horretarako eman beharko duten banku-kontuan.

10.– Programa honetara atxikitako saltokiek plataforman jarraitu ahal izango dute dagokien lurralde-eremuan parte hartzen duten erakundeek etorkizunean egin ditzaketen ekintzetarako, baldin eta, atxikitzeko unean, hori esplizituki adierazten badute, Datuak Babesteko Legea aplikatuz.

13. artikulua.– Programara atxikita dauden saltokien betebeharrak.

«Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitako saltokiek, atxikitze-eskaera sinatu ondoren, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Establezimenduko kokapen nabarmen eta ageri batean programan parte hartzen duela aditzera ematea, dagozkion publizitate-materialak jaso eta ipintzearen bitartez.

Saltokiei banatzen zaien materiala erraz ikusteko moduko lekuan jarri beharko da, eta, betiere, gutxienez, kanpoaldean, sarbide bakoitzetik hurbil eta kutxa-mahaietatik gertu.

b) Establezimenduek aktiboki eskainiko dizkiete deskontu-bonuak bezeroei, eta salmenta egiteko edo zerbitzuak emateko unean trukatuko dituzte. Saltokiek bezero guztiei eskainiko dizkiete bonuak, harik eta bonuak agortzen zaizkien arte.

c) Erabat debekatuta dago deskontu-bonuen erabiltzaileekiko diskriminazio edo tratu desberdin oro.

d) Erosleei ez zaie, ezein kasutan, eskudirurik itzuliko. Itzulketak egin behar diren kasuan, erosketa eta NAN horrekin lotura duten bonuak askatuko dira. Itzulketen kasuan, erosketa horri eta NANari lotutako bonuak liberatuko dira; horrela, ezarritako truke-epearen barruan egindako beste erosketa batean trukatuko dira.

e) Bezeroek ikusteko moduko leku batean kanpainaren balorazioari buruzko galdetegi labur bat eskaintzea, nahi duenak bete dezan. Galdetegiak bete ondoren, horretarako ematen den helbidera bidaliko dira.

f) Harremanetan jartzeko aukera ematea, programak ongi funtzionatzen duela egiaztatzeko eta prozesuari eta kanpainari buruz zer iritzi duten jakiteko.

g) Saltokiek nahitaez gorde beharko dute erosketa-tiketaren edo jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duen fakturaren kopia bat, erosketan trukatutako deskontu-bonuaren identifikazio-zenbakiarekin eta eroslearen NANarekin batera. Dokumentu horiek gorde egin beharko dira, harik eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailera bidaltzen diren momentura arte, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dokumentuak egiaztatu eta kontrolatu ahal ditzan.

h) Plataformara sartzeko kodeak arduraz zaintzea, inork oker erabili ez ditzan; horretarako, kode horiek inori ez jakitera emateko konpromisoa hartuko da.

i) Kanpainaren amaieran inkesta bat betetzea, azken balorazioa eginez, establezimenduaren ikuspegitik.

j) Eskaeran adierazitako datuek egiazkoak izan behar dute, eta izapideen edozein unetan egiaztatu ahal izango dira.

Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua balitz, dagokion zehapena izango du administrazio- zein zigor-araubidearen arabera.

k) Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betetzen ari direla, eskatzen zaien informazio guztia eman beharko diete programara atxikitako saltokiek.

14. artikulua.– Erakunde laguntzailearen betebeharrak.

1.– Lankidetza-hitzarmena sinatzen duen erakunde laguntzaileak honako ekintza hauek garatzeko konpromisoa hartzen du:

a) Kanpainaren kudeaketan laguntzea eta parte hartzen duten saltokiekin harremanak izateko bidea izatea, haien atxikimendua artikulatzeko eta haren arabera hartutako konpromisoak behar bezala betetzen diren kontrolatzeko.

b) Programari zabalkundea ematea bere webgunearen eta hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduei informazioa emateko beste bitarteko propio batzuen bidez; hedapen hori sareko lankidetza-eskema baten bidez egin ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritzako Bulego Teknikoen, Merkataritza Federazioen eta beste merkatari-elkarte batzuen bitartez.

c) Programari buruzko interesa duten establezimenduekiko elkarrekintza:

– Informazioa ematea.

– Laguntza ematea saltoki interesdunei, kanpainarekin formalki bat egin dezaten.

d) EAEko ganberek, behin «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzeko ezarritako epea edo aldia amaitzen denean, gehienez bost egun balioduneko epea izango dute programarekin bat egitea eskatu duten establezimenduek agindu honen 9. artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten edo ez egiaztatzeko.

e) Aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, programara atxikitzeko eskaera egin duten saltokiei jakinaraziko zaie programan onartu dituzten edo ez, bai eta, hala badagokio, zenbat deskontu-bonu esleitu zaizkien ere.

f) Atxikitako establezimenduei 10. artikuluko 8. puntuan jasotako programaren sustapen-materiala emango zaie.

g) Atxikitako saltokiekiko interakzioa:

– Mezu elektronikoa kanpaina-aldiaren hasieran eta amaieran.

– Birbanaketari buruzko mezu elektronikoa, behar den orotan.

– Mezu elektronikoa programaren kudeaketari buruzko ohiko galderekin eta kontsultak egiteko kontaktuarekin.

– Programaren amaierako balorazioari buruzko inkesta.

– Programaren arduradunek prozesuan zehar egoki ikusten duten beste edozein interakzio-premia.

h) Funtsen gordailuzain eta banatzaile izatea, pertsona fisiko onuradunei bonuak banatzeko eragiketak koordinatzea eta hobaria jaso duten salerosketa-eragiketetan erabilitako bonuak trukatzea.

i) Programara atxikitako enpresaburu autonomoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei deskontu-bonuei dagozkien zenbatekoak ordaintzea, 12. artikuluko 7. puntuan adierazitako epearen barruan.

j) Kontuan programarako jarritako funtsak behar bezala erabiltzen direla kudeatzea, kontrolatzea eta gainbegiratzea, sinatutako hitzarmenarekin bat etorririk eta, hala dagokion kasuan, Eusko Jaurlaritzak erakundeari emandako berariazko jarraibideen arabera.

k) Kudeatutako guztiaren berri ematea, sinatutako lankidetza-hitzarmenean adierazitako txostenen eta programaren arduradunak beharrezkoak jotzen dituen beste guztien bidez.

2.– Aurreko klausuletan adierazitako konpromiso eta betebeharrak ez ezik, EAEko ganberek betebehar hauek hartzen dituzte beren gain:

a) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 15. artikuluan adierazitako betebehar guztiak; halaber, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako egiaztapen guztiak onartuko dituzte, jarduketak gauzatzeari eta garatzeari dagokienez.

b) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko martxoaren 3ko 1/2022 Legearen 2.4 artikuluak xedatutakoa betetzea, eta, bereziki, 3. artikuluan jasotakoa, berdintasunaren arloko printzipio orokorrei buruzkoa; 16. artikulua, estatistikei eta azterlanei buruzkoa; 18.4 artikulua, hizkuntza eta irudi ez-sexistak edozein euskarritan erabiltzeari buruzkoa.

c) Finantzaketa publikoa dela eta finantzaketa Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kargura dagoela zabaltzea, irudi korporatiboaren anagramak eta logotipoak, programaren berariazko irudiak eta Eusko Jaurlaritzaren claim-a erabilita, formatu bakoitzerako modurik egokienean (jarraipen-batzordeak baliozkotuko du). Programaren berri eman beharko dute, dagokion atariaren edo webgunearen bidez.

d) «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitako saltokiei zuzendutako argitalpen, iragarki, publizitate eta komunikazio guztietan bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira, eta gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie erabiltzaileei eta kontsumitzaileei entitate onuradunekin dituzten harremanetan.

3.– Jarduketa hauek gauzatzean, konfidentzialtasun- eta isiltasun-betebeharrak bete beharko dira, negozioen eta pertsonen datuei dagokienez. Egiaztatze-jarduketak egin eta gero, dokumentazio guztia Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari helarazi beharko zaio.

4.– Erabat debekatuta dago hiriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduak diskriminatzea edo tratu desberdina ematea.

15. artikulua.– Programaren indarraldia.

1.– «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programa agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta 2022ko abenduaren 4an amaituko da, honako epe hauen arabera:

1.1.– Programa indarrean jarri eta hurrengo hamar egun naturaletan gauzatuko da establezimenduen atxikimendua.

1.2.– EAEko ganberek, atxikitzeko epea edo aldia amaitu ondoren, gehienez bost egun balioduneko epea izango dute «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programara atxikitzeko eskatzen duten establezimenduek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko eta bonuak banatzeko.

1.3.– Erabiltzaileek establezimenduan bertan lortu ahal izango dituzte deskontu-bonuak. Erosketa hobaridunak, 8.7 artikuluaren arabera, diruz laguntzen diren bi alditan egindakoak izango dira. Lehenengoa, bonoak trukatzeko epea indarrean jartzen den egunetik 2022ko uztailaren 3ra artekoa izango da, eta bigarrena, 2022ko urriaren 1ean hasi eta 2022ko abenduaren 4an amaituko da.

2.– Programa amaitzen den dataren ostean, deskontu-bonuek galdu egingo dute zuten balioa.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako data baino lehen, esku artean dugun programa honekin lotutako funts publikoak agortzen badira, Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailak horren berri eman beharko du.

4.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Turismo eta Merkataritzako sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bitartez, programaren indarraldiaren egunak aldatu ahal izango ditu, egoerak edo antolakuntzari dagozkion bestelako arrazoiek hala aholkatuz gero, eta horren berri emango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Programa honen ez-betetzetzat joko dira jarraian zerrendatzen diren kasu hauek:

a) Agindu honetan ezarritako obligazioak ez betetzea, hala erakunde laguntzailearentzat 14. artikuluan jasotakoak, nola merkataritza-establezimenduentzat 13. artikuluan xedatzen direnak.

b) Establezimendu batek 13. artikuluan adierazitako edozein obligazio beteko ez balu, baja emango zaio berehala programa honetatik, eta saltokiari dagozkion bonuak birbanatu egingo dira.

2.– Aurreko apartatuan jasotzen diren ez-betetzeez gainera, programara atxikitako establezimenduek ez-betetzeren bat egingo balute, saltoki horiek «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programarekin duten atxikipena bertan behera utzi ahal izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eta horren berri emango lioke erakunde laguntzaileari, horien deskontu-bonurik trukatu ez dezan.

17. artikulua.– Ikuskapena.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, programaren arduradun den heinean, egokitzat jotzen dituen egiaztapenak, ikuskapenak eta gainerako kontrol guztiak egin ahal izango ditu, ziurtatzeko baliabide publikoak ongi erabiltzen direla eta programa hau modu egokian garatu eta aplikatuko dela.

Establezimendu atxikiek ez-betetzeren bat eginez gero, saltoki horiek «Euskadi Bono-Comercio / Euskadi Bono-Denda» programan duten atxikipena bertan behera utzi ahal izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, eta horren berri eman erakunde laguntzaileari, deskontu-bonurik trukatu ez dezan.

18. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen babesean lortutako dirulaguntza bateragarria izango da beste administrazio publiko batzuetatik edo erakunde pribatuetatik eta eskualdeko, estatuko, edo nazioarteko erakundeetatik jasotako beste dirulaguntza, sostengu, diru-sarrera edo baliabide ororekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, eta, horren ondorioz, bonuaren balioa galtzen bada erosketaren kostua gainditzen duen zenbatekoan, galera horrek inolako itzulketarik eragin gabe.

19. artikulua.– Datuen babesa.

Datuen babesari dagokionez, atxikitako establezimenduak behartuta daude honako hauek betetzera: (EB) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoen babesari buruzkoa (95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, hau da, datuak babesteko erregelamendu orokorra); eta 3/2018 Lege Organikoa, Datuen Babesari buruzkoa, abenduaren 5ekoa.

Dirulaguntzen programa honetan, Eusko Ganberak-Cámaras Vascas izango dira tratamenduaren erantzuleak, aipatutako araudian ezarritako baldintzetan eta araudian ezarritako betebehar eta baldintzekin.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena, eta, prozedurari dagokionez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENetaKO lehenengoa

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 10a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
KANPAINARA ATXIKI DAITEZKEEN JARDUERA-SEKTOREAK, JARDUERA EKONOMIKOEN GAINEKO ZERGAREN EPIGRAFEAREN ARABERA (JEZ)

– 644.3 Gozogintzako, opilgintzako eta konfitegintzako ekoizkinen txikizkako merkataritza.

– 644.4 Izozkien txikizkako merkataritza.

– 644.5 Bonboien eta karameluen txikizkako merkataritza.

– 645 Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.

– 651 Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, oinetakoen, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.

– 652.2 Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.

– 652.3 Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta norbere higienerako eta garbiketarako gaien txikizkako merkataritza.

– 652.4 Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako merkataritza.

– 653 Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.

– 654-2 Lehorreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.

– 654.5 Mota guztietako makineriaren txikizkako merkataritza (etxeko aparatuak, bulegokoak, medikuntzakoak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak izan ezik).

– 654.6 Mota orotako ibilgailuetarako pneumatikoen, banden edo aire-ganberen txikizkako merkataritza.

– 656 Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasunen txikizkako merkataritza.

– 657 Musika-tresnen eta haien osagarrien txikizkako merkataritza.

– 659. Txikizkako bestelako merkataritza.

– 662. Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.

– 971 Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.

– 972 Ile-apaindegiak eta edertasun-apaindegiak.

– 973.1 Argazkigintza-zerbitzuak.

– 975 Markogintza-zerbitzuak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala