Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2022ko maiatzaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
2067

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 25ekoa, Segurtasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez egiten baita Ertzaintzaren karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzako Intendente, Komisario eta Komisariondoko kategorietako lanpostuak izendapen askearen bidez behin betiko betetzeko prozeduraren (C226) eta Ertzaintzako Intendente, Komisario eta Komisariondoko kategorietako lanpostuen zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozeduraren (C227) deialdia.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2021eko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onartutako Ertzaintzako lanpostuen zerrenda (EHAA, 239. zk., abenduaren 1ekoa) ikusita, eta eskala goren eta betearazpen eskalako aginte-funtzioei dagozkien lanpostuak direla-eta, zeinak izendapen askez betetzen baitira, beharrezkoa da hutsik dauden lanpostuak behin betiko betetzea.

Kontuan hartu behar da orain arte ez dagoela lanpostuen zerrendan eskatzen den kategoria-betekizuna betetzen duen langile nahikorik; horrela, bada, lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura bukatu ondoren, segurtasun publikoaren zerbitzuak Ertzaintzaren erabateko operatibitatea eskatzen duenez, beharrezkoa izango da goragoko kategoriako funtzioak esleitzea, kategoria-betekizuna bete ez arren, eskala bereko edo beheragoko hurrengoan dauden langileei, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpideekin bat etorriz eta prozedura publiko baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 105. artikuluko 1. eta 5. zenbakietan ezarritakoaren arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudiaren 25. eta 26. artikuluen arabera.

Lanpostuak legez ezarritako sistemaren bidez ahalik eta lasterren betetzeko beharrizana kontuan hartuta, zerbitzu publikoari behar bezalako arreta eskaintzeko, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan ezarritako elkarlan eta efizientzia printzipioak kontuan hartuta, komenigarria da lanpostuak behin betiko betetzeko hautaketa-prozeduraren eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozeduraren deialdia aldi berean egitea, erakundearen barruan eskatutako kategoria duten karrerako funtzionario nahikorik ez egoteagatik hutsik dauden lanpostuei dagokienez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 192/222 epaian, besteak beste, onartu bezala.

Indarrean dagoen lanpostuen zerrendan, deialdi honetako lanpostuetarako, aintzat hartuta zuzendaritzakoak eta erantzukizun berezikoak direla, izendapen askez betetzeko direla ezarri da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 96. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, zeinen araubide juridikoa Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 17.etik 22.era bitarteko artikuluetan aurreikusten baita; beraz, lanpostuak behin betiko esleitzeko, aldez aurretik egokitasun-txostena behar da, proposamena arrazoitzeko, merezimendu- eta gaitasun-printzipioek eskatuta eta Espainiako Konstituzioaren 9.3, 23. eta 103.3 artikuluetan agindutakoak eskatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 535/2014 eta 89/2016 epaien arabera, besteak beste.

Prozeduran aurkeztuko den hautagai-kopurua eta eskainitako lanpostuak kontuak izanda, komenigarritzat jotzen da ahalik eta gehien luzatzea egokitasun-txostenak emateko epeak eta hura bukatzeko ebazpena ematea, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 19. eta 20. artikuluekin bat etorriz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluarekin lotuta.

Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 76/2021 Dekretuaren 14.2.d) artikuluak Segurtasuneko sailburuordeari ematen dizkion eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea eta argitaratzea, Ertzaintzaren egituraren barruan, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako zenbait lanpostu, izendapen askearen sistemaren bidez, behin betiko betetzeko deialdia, baita ondorengo zerbitzu-eginkizunen esleipena ere, 1. eranskinean jasota dauden oinarriak aintzat hartuta.

Bigarrena.– 1.– Deialdi honen bidez behin betiko beteko diren lanpostuak 2. eranskinean jasota daude.

2.– Deialdiaren xede izango dira, halaber, 2. eranskinean zerrendatutako lanpostuei dagozkien esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak, bai eta eranskin horretan izartxoarekin identifikatzen diren kodeetan hutsik geratzen direnak ere (*).

3.– Ebazpen honen 2. eranskinean azaltzen da behin betiko bete beharreko dotazio-kopurua, aurreko 1. eta 2. zenbakietan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

4.– Eman beharreko esleipen iragankorren kopurua behin betiko betetzen ez diren lanpostu hutsen edo bete gabe geratzen diren dotazioen araberakoa izango da, lanpostuen zerrendan aurreikusitako zuzkiduren kopurua osatu arte.

Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari kalterik eragin gabe.

2.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuko da, behin betiko atxikipenen eta zerbitzu-eginkizunen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den aditzera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den balizko aurkaratzeak edo errekurtsoak jartzeko epearen hasiera.

Laugarrena.– 1.– Hautaketa-prozedura honetako izangaiak zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira.

2.– Datu pertsonalen tratamenduek honako hauen eskakizunak bete beharko dituzte: datu pertsonalen babesari buruzko egungo araudia; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

3.– Ezarritako segurtasun-neurriak Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak onartutako II. eranskinean (Segurtasun-neurriak) aurreikusitakoak dira.

Bosgarrena.– Aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, horren aurka eta eranskinen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 25a.

Segurtasuneko sailburuordea,

RODRIGO GARTZIA AZURMENDI.

1. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Zenbait lanpostu behin betiko betetzeko prozeduran parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskatutako baldintza orokorrak eta, 2. eranskinean eskainitako lanpostuetan aritze aldera, lanpostuen zerrendan ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek. Horrez gain, hauetako egoeraren batean egon beharko dute: zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 86. artikuluan aurreikusitako eszedentzian. Halaber, parte hartu ahal izango dute testu bategin horren 92. artikuluan aurreikusitako eran zerbitzu aktibora itzultzen diren funtzionarioek.

2.– Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako prozeduraren bitartez zerbitzu aktibora itzuliz hauek ere parte ahal izango dute: nahitaezko eszedentzia egoeran daudenek edo beste herri-administrazio batzuetan zerbitzuan ari direnek, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoaren arabera birgaitutakoek, sei hilabetetik gorako etendura-egoeran daudenek eta gainerako borondatezko eszedentziadunek, baldin eta egoera horietarako ezarritako iraute-denbora bete badute.

3.– Ebazpen hau ematen den egunean lanpostu batean behin betiko atxikita ez dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, deialdiko lanpostuei dagozkien kategorietakoak badira, prozedura honetan parte hartu beharko dute, eta izendapen askearen bidez betetzeko diren lanpostu huts guztiak eskatu, dagokien kategoriaren arabera bete ahal badituzte. Hori egin ezean, derrigorrez atxikiko dira horietako edozein lanpostutara.

4.– Hauek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan:

a) Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik eginkizunen etendura irmoaren administrazio-egoeran daudenek, betiere egoera horretan iraun bitartean.

b) Lekualdatzeko zehapena izan dutenek, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 140.2.b) artikuluan jasotakoari jarraituz.

c) Interes partikularrengatiko borondatezko eszedentzia egoeran daudenek, baldin eta egoera horretan indarreko araudian eskatzen den gutxieneko denbora eman ez badute.

Bigarrena.– Zerbitzu-eginkizunetarako prozeduran parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute zerbitzu aktiboan dauden eta Ertzaintzako betearazpen eskalako edo ikuskapen eskalako kategorietakoak diren Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, baldin eta eskainitako lanpostuak betetzeko lanpostuen zerrendan ezarritako gainerako betekizunak eta baldintza orokorrak betetzen badituzte.

2.– Ezingo dute parte hartu prozedura honetan deialdi honetan eskatutako lanposturako exijitzen den espezialitateaz bestelako espezialitate jakin batekoak direla-eta lanpostuan gutxieneko aldi batez egon beharra duten eta aldi hori lanpostuan egin ez duten Ertzaintzako funtzionarioek. Nolanahi ere, salbuespena izango da organo eskudunak uko egitea onartu izana.

Lanpostuan gutxienez egin beharreko aldi hori betetze-ondorioetarako, dagokion espezialitatearen betekizuna duten lanpostuetan zeinahi atxikipen-araubidetan lanean eman diren aldiak hartuko dira kontuan, betiere, funtzionarioak espezialitate hori egiaztatu duenetik aurrera, Ertzaintzaren lanpostuen zerrenda onartzen duen Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko Aginduaren 6. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Hautaketa-prozedura hauetan parte hartu nahi dutenek hamabost eguneko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Deialdi honetan parte hartzea eskatzeko, 3. eranskin gisa honekin batera doan eskabide-orri normalizatuaren eredua erabiliko da. Bertan behin betiko izaeraz eta/edo zerbitzu-eginkizunetan hornitzekoak diren lanpostuak zehaztuko dira eta; bi kasuetarako, lanpostu bat baino gehiago eskatuz gero, baita lanpostu horien lehentasun-hurrenkera ere.

3.– Eskaerak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaerak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

4.– Parte hartzeko betekizunak betetzen diren eta, hala badagokio, deialdiko beste zehaztapen batzuen balorazioa, ofizioz egiaztatuko dira eskabideak aurkezteko epearen azken eguna kontuan hartuta, Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen duen langileen datu-baseetako datuak baliatuta.

Laugarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura.

1.– Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudiaren 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, norbait izendatzeko, hornituko den lanpostua atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo -organoaren titularrak aldez aurretik txostena eman beharko du. Txostenean, prozeduran onartutakoetatik egokiena dena proposatuko da, edo bestela deialdia hutsik geratu dela adieraziko da. Hautagairik egokiena proposatzeko, deialdi honetan aipatzen diren lanpostuen kategorietako gaitasun profesionalak aintzat hartuko dira. Horiek Gurenet atarian argitaratuko dira.

2.– Egokitasun-txostena ematerakoan honako alderdi hauek gutxienez kontuan hartuko dira: hautagaiak prozeduran parte hartzeko betekizunak betetzea, lortu nahi den lanpostuko betekizunak betetzea, kategoria-igoeren eta lanpostuetako jardueren historiala, izandako azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.

3.– Egokitasun-txostenak emateko ezarri den epea (Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 19. artikuluan zehaztu dira txosten horiek) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritako eran luzatuko da.

Bosgarrena.– Zenbait lanpostu behin betiko betetzeko prozedura ebaztea.

1.– Behin betiko atxikipenaz izendapen askeko sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuak Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez adjudikatuko dira, eta adjudikaziodunei banaka jakinaraziko zaie. Ebazpen hori prozedura honetan ezarritakoarekin bat etorriz argitaratuko da.

2.– Izendapena egiteko ebazpena arrazoituko da, hautatutako izangaiak deialdian eskatutako baldintzak eta gainerako zehaztapenak betetzen dituen eta izendapena egiteko eskumena aipatuz. Nolanahi ere, emandako ebazpenaren funtsa izango da beharrezko prozedura betetzea.

3.– Behin betiko atxikipenek Segurtasuneko sailburuordearen bidez zehaztutako egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

4.– Behin betiko adjudikazioak borondatezkoak dira eta ez dute lantokia aldatzearen ondoriozko kalte-ordainik sorraraziko.

Seigarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko betetako lanpostua uztea.

1.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko atxikipenaz lanpostu baten adjudikaziodun diren funtzionarioak nahi denean lanpostutik kendu ahalko dira, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 103.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Izendapen askeko lanpostutik kendutako langilea, behin-behinean, lanpostutik kendu eta hurrengo egunetik aurrerako ondorioekin, dagokion eskalako eta kategoriako beste lanpostu huts batera atxikiko da, udalerri berean. Holakorik ezean, atxikipena kategoria horretan Ertzaintzan dagoen lanpostu hutsen batean egingo da, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 24. artikuluaren 5. zenbakian ezarritakoaren kalterik gabe.

Zazpigarrena.– Zerbitzu-eginkizunen esleipena.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 105. artikuluaren 1. eta 5. ataletan xedatutakoarekin bat etorriz, zerbitzu-eginkizunak eman daitezke funtzionarioak berea ez duen kategoria bateko lanpostuetan edo funtzioetan jardun dezan, baina betiere eskala berean edo gaineko hurrengoan aritu beharko du.

2.– Otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuaren xedapen gehigarria aplikatuz, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen Dekretua aldatzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuaren hamargarren artikuluak emandako idazketaren arabera, zerbitzu-eginkizunak eman ahal izango zaizkie eskatutako hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea egiaztatuta izan ez arren gainerako betekizunak betetzen dituzten funtzionarioei.

3.– Deialdi honen xede diren lanpostuen behin betiko hornikuntza Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez ebatzi ondoren, zerbitzu-eginkizunak esleituko dira aurkeztutako eskabideak kontuan izanik; baina, horretarako, nahitaezkoa izango da lanpostu hori atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo -organoaren titularraren aldez aurreko txostena. Txostenean, prozeduran onartutakoetatik egokiena dena proposatuko da, edo bestela deialdia hutsik geratu dela adieraziko da. Hautagairik egokiena proposatzeko, deialdi honetan aipatzen diren lanpostuen kategorietako gaitasun profesionalak aintzat hartuko dira. Horiek Gurenet atarian argitaratuko dira.

4.– Aurreko puntuan adierazitako txostenak deialdia egiten duen organoak eskatuta emango dira, eta hark agindutako epean, betiere deialdi hau ebazteko epe orokorraren barruan.

5.– Egokitasun-txostena ematerakoan honako alderdi hauek gutxienez kontuan hartuko dira: hautagaiak prozeduran parte hartzeko baldintzak betetzea, kategoria-igoeren eta lanpostuetako jardueren historiala, izandako azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.

6.– Zerbitzu-eginkizunaren adjudikaziodun suertatzen den funtzionarioari behin betiko atxikipenaz duen lanpostua gordeko zaio.

7.– Zerbitzu-eginkizunaren adjudikaziodunak bere kategoriako ordainsariak jasoko ditu, baita betetzen duen lanpostuari dagozkion osagarriak ere.

8.– Zerbitzu-eginkizun hauek borondatezkoak dira eta esleipenak ez du zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainik sorraraziko, lanpostuz aldatzeagatik.

9.– Zerbitzu-eginkizunak nahierara ezeztatu ahal izango ditu horiek ematen dituen organoak berak edozein unetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 105.6 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Esleipendunek zerbitzu-eginkizunetan gutxienez urtebetez egoteko konpromisoa hartzen dute, indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 105.6 artikuluan xedatutakoaren arabera ezeztapena gertatzen bada.

Zortzigarrena.– Deialdia ebazteko epea.

Deialdi hau ebazteko epea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz luzatuko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bederatzigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

Deialdi honen bidez behin betiko eta zerbitzu-eginkizunetan hornituko diren destinoez jabetzea deialdia ebatziko duen ebazpen bidez arautuko da, eta ez du ez baimenik ez lizentziarik sorraraziko.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala