Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

86. zk., 2022ko maiatzaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1920

AGINDUA, 2022ko apirilaren 20koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetan partaide diren sindikatuei, bai eta dekretu horretan araututako Ikuskaritza Erregimenean parte hartzen dutenei ere, 2022. urteko dirulaguntzak emateko prozedurari.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian, sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei dirulaguntzak emateko prozedurak zehaztu ziren.

Halaber, aipatutako dekretuaren 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horrez gain, aipatutako dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta, horren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztia, dirulaguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Abenduaren 23ko 11/2021 Legeak, 2022ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartzen dituenak, 3112 Programan 737.331,00 euroko sindikatuentzako dirulaguntza bat ezartzen du, Sindikatu Hauteskundeen Batzorde Zentralean eta Lurralde Batzordeetan parte hartzeagatik.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak xedatutakoari jarraikiz, hasiera ematen zaio Sindikatu Hauteskundeetako Batzordean eta Lurralde Batzordeetan parte hartzen duten sindikatuei, bai eta dekretu horretan araututako Ikuskaritza Erregimenean parte hartzen duten sindikatuei ere, dagokien dirulaguntza emateko prozedurari.

Hori guztia dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Hasiera ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak arautzen dituen Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako partaide diren sindikatuei, bai eta dekretu horretan araututako Ikuskaritza Erregimenean parte hartzen dutenei ere, 2022. urteko dirulaguntzak emateko prozedurari.

2. artikulua.– Aurrekontu dotazioa.

2022. urterako aurrekontu dotazioa 737.331,00 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusi kargura.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2022ko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan aipatzen den adostasunera heltzeko. Aipatutako epea igarota administrazioak egiaztatuko balu ez dela inolako adostasunik lortu, bigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan ezarritakoa aplikatuko litzateke.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea.

b) Ez izatea zigor- edo administrazio-mailako zehapenik, laguntza publikoak edo dirulaguntzak eskuratzeko aukera galarazten dienik, eta, halaber, ez egotea horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren batean, ezta sexu-diskriminazioaren zioz sortu direnetan ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera.

c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeretan.

2.– Artikulu honetan onuradun izateko ezartzen diren baldintzak betetzen direla justifikatzeko, bestalde, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahalko da. Salbuespen bakarra zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean direla ziurtatzeko agiria izango da.

3.– Laguntza hauek jasoko dituzten erakunde sindikalek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak behar beste aldiz, eta horretarako ez du erakundeen baimena beharko.

Hala ere, erakunde sindikal horiek modu arrazoituan egin ahal izango dute aurka; kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko dituzte, erregelamendu bidez aurreikusitako moduan.

4.– Nolanahi ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 50.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzeke dituztenak ezingo dira onuradun izan.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Nolanahi ere, laguntza hauen onuradun suertatzen diren erakunde sindikalek bete egin beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. 18. eta 46. artikuluetan ezarritakoa, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 50. artikuluan ezarritako betebeharrak ere: eta, zehazki, honako hau:

a) Dirulaguntza eman ahal izateko moduko egoera batean egotea.

b) Jasotako finantzaketaren izaera publikoa agerraraztea.

c) Dirulaguntza jasotzeko jarduera egin izana nahiz gainerako baldintzak justifikatu behar dira.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beharrezko informazio oro ematea, jasotako laguntzen xedea fiskalizatzeko eta jatorrizko helburuak betetzen direla egiaztatzeko funtzioak betez.

e) Idatziz jakinaraztea Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari xede bererako beste dirulaguntzarik edo laguntzarik jaso den, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batetik.

f) Idatziz jakinaraztea Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari aldatu den egoera objektibo edo subjektibo oro, baldin eta egoera hori dirulaguntza emateko orduan erabakigarria bada, bai eta Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea ere, datuak egiaztatu, jarraipena egin eta kontrolatzeko prozeduretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu hau azkena da administrazio bidean. Haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 20a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala