
83. zk., 2022ko maiatzaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (586 KB - 39 orri.)
- EPUB (1369 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1858
AGINDUA, 2022ko apirilaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2022rako deialdia egiten baita.
Bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan, ezagutzaren edozein eremutan bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako ikaskuntza-ekintzak sustatzeko laguntzak arautu dira.
Era berean, Bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako xedeak betetzen lagunduko dute agindu honetako laguntzek.
Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean izango dituen aurrekontu orokorrak zehaztuta daudenean, programei dirulaguntzak eman edo ez erabakitzeko arauak eguneratu, berrikusi edo, hala badagokio, ezarri beharko dira. Zehaztu gabeko indarraldia eman zitzaien dirulaguntzen kasuan, dagokion deialdia egin beharko da, halaxe xedatu baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan.
Kontuan izanik diruz lagun daitezkeen jardueretatik indarraldi zehaztugabea nahiz aldi baterako indarraldia izango dutenak arautu direla uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan, eta dekretu horretako 10.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, hots, publizitatearen printzipioa betetze aldera, egoki den deialdia egingo du Hezkuntza Sailak. Hortaz, agindu hau eman eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharra dago.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzak 2022rako deitzea.
2. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Diruz laguntzekoak diren jarduerak hasi beharko dira eskabidea aurkeztu den urte naturalean, eta garatu ahal izango dira hurrengo ekitaldiko uztailaren 31ra arte.
3. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.
1.– Erakunde eskatzaileak behartuta daude laguntza-deialdi honek eskatzen dituen izapide guztiak telematikoki egitera eta eskatutako dokumentazioa aurkeztera, horretarako eskuragarri dituzten txantiloiak erabiliz.
Eskabide-inprimakira sartzeko erabiltzen den administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (hor daude eskuragarri izapidetzea egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan eskura daiteke:
www.euskadi.eus/servicios/0051210
2.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera eta horri atxikitako dokumentazioa. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza erabili ahal izango da prozedura osoan, euskararen erabilera arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
Eskabideak aurkeztuz gero, esan nahi du deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla.
4. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
118/2019 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutako irizpideak betez ebaluatuko dira eskaerak, II., III. eta IV. eranskinetako eskemak oinarri hartuta.
Horretarako, uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuaren 11. artikuluan xedatzen den bezala, dirulaguntzaren eskabidearekin batera, besteak beste, proiektuan egin beharreko ekintza guztiak deskribatzen dituen memoria aurkeztu beharko da. Memoria horrek V., VI. eta VII. eranskinetan jarduera-mota bakoitzerako definitutako formulario normalizatuan finkatutako eskemari jarraitu beharko dio. Formulario horiek euskadi.eus egoitza elektronikotik jaitsi daitezke, pdf formatu betegarrian.
5. artikulua.– Finantzaketa.
1.– 930.000,00 euro erabiliko dira deialdi hau finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.
2.– Hauek izango dira jarduera-mota bakoitzaren gehieneko zenbateko erabilgarriak:
a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: 235.000,00 euro.
b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 595.000,00 euro.
c) Esperimentazio-proiektuak: 100.000,00 euro.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
Deialdi honen funtsen kargura honako gastu hauek finantzatu ahal izango dira: proiektuan zuzenean parte hartzen duten eta diruz lagundutako jarduera garatzeko ezinbestekoak diren langileen gastuak; eta diruz lagundutako jarduera garatzearen ondorioz zuzenean sortutako funtzionamendu-gastuak.
Funtzionamendu arrunteko gastuak (besteak beste, proiektuaren Zuzendaritza-, koordinazio-, kudeaketa- eta administrazio-gastuak; komunikazio-gastuak; ura; argia; eta lokalen alokairua edo amortizazioa) finantza daitezkeen gastu guztien % 10 izan daitezke, gehienez ere.
7. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.
Hau izango da jarduera-mota bakoitzaren laguntzaren gehieneko zenbatekoa:
a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: plaza eta prestakuntza-ordu bakoitzeko, 7 euro gehienez; eta 18.000 euro gehienez, jarduera bakoitzeko.
b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: gehienez ere 35.000 euro, 12 hileko zerbitzuko eta bitartekaritza-zerbitzuari egozten zaion eta lanaldi osoz arituko den bitartekari bakoitzeko. Bitartekaritza-zerbitzua gutxienez 100.000 biztanleko udalerri batean edo gutxienez 60.000 biztanleko eskualde batean ematen bada, lanaldi osoz arituko den bitartekari bat egotziko da. Bitartekaritza-zerbitzua 12 hileko epean baino denbora gutxiagoan egiten bada, gehieneko zenbatekoa hainbanatu egingo da.
c) Esperimentazio-proiektuak: 20.000 euro gehienez, jarduera bakoitzeko.
8. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.
1.– 118/2019 Dekretuaren 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, aurreikusitako jarduerak egiteko emandako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:
Lehenengo ordainketa, erakunde onuradunak dirulaguntza onartzen duenean, emandako dirulaguntza osoaren % 45.
Bigarren ordainketa, gainerako % 55ekoa, 118/2019 Dekretuaren 18.1.b) artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso ondoren. Dokumentazio horrek VIII., IX. eta X. eranskinetan jarduera-mota bakoitzerako zehaztutako formulario normalizatuan (azken memoria) eta XI. eranskinean (memoria ekonomikoa) finkatutako eskemari jarraitu beharko dio. Inprimaki horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/servicios/0051210
Dokumentazioa aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa da, ebazpenean jasotako ekintza guztiak amaitzen diren egunetik aurrera.
Konturako ordainketa egin ahal izango da, bigarren ordainketaren % 50ekoa, 118/2019 Dekretuaren 18.2 artikuluan ezarritako baldintzen arabera.
2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du.
Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
9. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak tratatu egingo dira eta «Entitate laguntzaileei eta lanbide heziketako ikastetxeei emandako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Xedea: dirulaguntzetarako eskabideak tramitatzea, parte-hartzaileak edota interesdunak identifikatuz. Entitate laguntzaileei emandako dirulaguntzak.
Legitimazioa:
a) Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
b) 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
c) 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
Hartzaileak:
a) Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
b) Ekonomia eta Ogasun Saila.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean.
Araudia:
a) Datuak Babesteko Araudi Orokorra.
b) 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baitute Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baitute Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluek.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 12a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS