
81. zk., 2022ko apirilaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (165 KB - 5 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1795
ERABAKIA, 2022ko martxoaren 31koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUk kanpoko finantzazioa duten ikertzaileak kontratatzeko arautegia onartzeko dena.
Langileen Estatutuaren 15. artikuluak, Diputatuen Kongresuaren 2022ko otsailaren 3ko Erabakiaren bidez baliozkotutako abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuak emandako idazketan, ezartzen du lan kontratua mugagabetzat joko dela.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeak, hogeita hirugarren xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoan, dio ezen: «aurreko paragrafoaren azken lerrokadan aipatzen diren erakundeek, irabazi asmorik ez badute, kontratu mugagabeak egin ahal izango dituzte, berdintasun, merezimendu, gaitasun, publizitate eta lehia printzipioen arabera, ikerkuntza zientifiko eta tekniko zein berrikuntzarako plan eta programa publikoak burutzeko, aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 lege orokorrak aurreikusitakoarekin bat etorrita, kasuan kasuko plan eta programen iraupenari loturiko kanpoko diru sarrera finalisten bidez, urteroko aurrekontuetan ezarritako izendapenek finantzaturik.»
Langileen Estatutuaren bosgarren xedapen gehigarriak salbuespen gisa ezartzen du iraupen jakineko kontratuak hitzartu ahal izango direla, baldin eta kontratu horiek Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren exekuzioari zorrotz lotuta badaude edo aldi baterako kontratuak gauzatzeko badira, eta kontratu horien finantzaketa Europar Batasuneko funtsetatik badator.
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2008ko uztailaren 16ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez (2008-11-26ko EHAA), aldi baterako ikertzaileak kontratatzeko arautegia onartu zen.
Hala ere, lehen aipatutako aldaketak indarrean sartu direnez, komenigarria da aipatutako erregelamendua aldatzea, edukia esparru juridiko berrira egokitzeko.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 10.2 artikuluak (EHAA, 2004ko martxoaren 12koa) unibertsitateko gobernu organoek emandako aplikazio orokorreko arauak argitaratzeko unibertsitatearen betebeharra ezartzen du, eta, horrela, arau horiek ez dira indarrean sartuko, harik eta beren testuak osorik argitaratzen diren arte.
Hori guztia kontuan hartuta, irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
UPV/EHUk kanpo finantziazioa duten ikertzaileak kontratatzeko arautegia onartzea, honetara idatzita dagoelarik:
KANPOKO FINANTZIAZIOAREN BIDEZ UPV/EHUK IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO ARAUTEGIA
1. artikulua.– Helburua.
Deialdi honen helburua da arautzea, Euskal Herriko Unibertsitatean, kanpoko finantziazioaren bidez ikertzaileak hautatu eta kontratatzeko administrazio prozedurak.
I. KAPITULUA
KONTRATAZIO MOTAK
2. artikulua.– Kontratazio mugagabea, 14/2011 Legeko hogeita hirugarren xedapen gehigarriko 2. atalaren babesean egina.
1.– UPV/EHUk ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu, izaera mugagabez, ikerketa zientifiko eta teknikoko nahiz berrikuntzako plan eta programa publikoak egiteko. Plan eta programa horiek finantzatuko dira kanpoko diru sarrera finalisten ondorioz urteko aurrekontuan egongo diren izendapenen bidez, Aurrekontuei buruzko azaroaren 47/2003 Lege Orokorrean adierazitakoaren arabera. Kontratuak lotuta egongo dira plan eta programen iraupenari.
2.– Kontratua mugagabea izango da, eta iraupena lotuta egingo da kasuan kasuko planen eta programen iraupenari. Edonola ere, bete egingo dira aurrekontu orokorrei buruzko legeetan kontratazioaren inguruan jasoko diren neurriak, bai eta aplika lekizkiekeen gainerako arauak ere.
3.– Kontratua arduraldi osokoa izango da lehentasunez, arduraldi partzialekoa ere izan daitekeelarik. Honelakoetan, arduraldia ezin izango da % 50etik beherakoa.
4.– Artikulu honetan aipatzen diren arduraldi osoko langileei irakasle kontratua egin ahal izango zaie, arduraldi partzialean, lau eskola ordu emateko astean eta beste horrenbeste ordu tutoretza lanetan; % 75eko arduraldi partziala edo txikiagoa dutenek, berriz, sei eskola ordu emango dituzte astean eta beste horrenbeste ordu tutoretza lanetan.
5.– Ikertzaileak lehiaketa publikoaren bidez hautatuko dira, errespetatuta berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak, II. kapituluan adierazitako moduan.
3. artikulua.– Iraupen jakineko kontratazioa, 32/2021 Errege Lege Dekretuko bosgarren xedapen gehigarriaren babesean egina.
1.– UPV/EHUk ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu aldi baterako, iraupen jakineko kontratuaren bidez, abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuko bosgarren xedapen gehigarrian zehaztutakoaren babesean (Lan erreformarako, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan merkatua eraldatzeko premiazko neurriei buruzko dekretua, Diputatuen Kongresuak baliozkotua 2022ko otsailaren 3ko Akordioaren bidez), Europar Batasunaren funtsen bidez finantzatuko diren aldi baterako programak eramateko aurrera.
2.– Kontratu horiek izango dira hertsiki betetzeko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari edo Europar Batasunaren funtsen bidez finantzatuko diren aldi baterako programetarako, proiektu horiek aurrera eramateko beharrezkoa izango den denborarako.
3.– Artikulu honetan aipatzen diren kontratuetan argi adierazi beharko da zein den Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana edo Europar Batasunaren funtsen bidez finantzatuko den aldi baterako programa.
4.– Kontratua arduraldi osokoa edo partzialekoa izan ahalko da, baina arduraldia ezingo da izan inolaz ere % 50 baino txikiagoa, ez eta aurreikusitako hasierako iraupena hiru hilabete baino gutxiagokoa ere.
5.– Artikulu honetan aipatzen diren arduraldi osoko langileei irakasle kontratua egin ahal izango zaie, arduraldi partzialean, lau eskola ordu emateko astean eta beste horrenbeste ordu tutoretza lanetan; % 75eko arduraldi partziala edo txikiagoa dutenek, berriz, sei eskola ordu emango dituzte astean eta beste horrenbeste ordu tutoretza lanetan.
6.– Ikerketa proiektu zientifiko edo tekniko zehatzak egingo dituzten aldi baterako ikertzaileak lehiaketa publikoaren bidez hautatuko dira, errespetatuta berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak, II. kapituluan adierazitako moduan.
II. KAPITULUA
IKERTZAILEAK HAUTATZEKO PROZEDURA
4. artikulua.– Ekimena.
1.– Kontratazioaren ekimena izango du ikertzailea kontratatzeko interesa duen sail, institutu edo UPV/EHUk sortutako nortasun juridikorik gabeko egitura edo erakundeak. Horretarako, eskaera egingo dio irakasleen arloan eskumena daukan errektoreordeari.
2.– Sail, institutu edo egituraren akordioan honako hauek adierazi beharko dira:
a) Kontratazio mota.
b) Bigarren artikuluan aipatutako kontratu mugagabeen kasuan, adierazi beharko dira:
• Kontratu mugagabearen helburu izango diren ikerketa zientifiko eta teknikoko nahiz berrikuntzako plan eta programa publikoak, kanpoko diru sarrera finalisten ondorioz urteko aurrekontuan egongo diren izendapenen bidez finantzatuko direnak, eta plan edo programa horien iraupena.
• Arduraldia.
c) Hirugarren artikuluan aipatutako iraupen jakineko kontratuen kasuan, adierazi beharko dira:
• Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana edo Europar Batasunaren funtsen bidez finantzatuko den aldi baterako programa, iraupen jakineko kontratuaren helburu izango dena.
• Kontratuaren iraupena eta arduraldia.
d) Zereginak, eginkizunak eta ikertzaileek bete beharreko ezaugarriak.
e) Langile horiek kontratatzeko zenbateko gordina. Kopuru horrek, langileen soldataz eta osagarriez gain, estaliko ditu ugazaben kuota, patronalak Itzarriri egin beharreko ekarpena, etorkizunean kargua uzteagatik ordaindu beharreko kalte-ordaina eta, oro har, unean une indarrean dagoen irakasle eta ikertzaileen hitzarmen kolektiboan jasotako ordainsarien alderdi guztiak, kontratuak irauten duen bitartean.
f) Interesatuek, bai eta eskatutako titulazio ofiziala ere, bete beharreko baldintzak eta merezimenduen lehiaketa ebazteko irizpide objektiboak. Euskara jakitea betekizuna ez den kasuetan, merezimendu gisa baloratuko da, % 11n, eta ehuneko horren barruan aplikatuko da aldi baterako irakasleak eta ikertzaileak (irakasle ondokoak eta ordezkapen-poltsak) kontratatzeko hautaketa prozesuetan erabilitako haztapena.
g) Ingelesa edo bestelako hizkuntza ez ofizialik jakiteko betebeharra ezarri ahal izango da, edo/eta ikerketa jarduera egiteko komenigarria izan daitekeen beste edozein hizkuntza. Halakoetan bi hizkuntza ofizialetako baten jakite maila egiaztatu beharko da eta, kasu guztietan oro, euskara jakitea merezimendu moduan baloratuko da aurreko atalean zehaztu diren baldintzekin bat etorrita.
h) Laguntza publikoen edo finantziazio pribatuaren onuradun direla egiaztatzen duen dokumentazioa (iraupen jakineko kontratuen kasuan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana edo Europar Batasunaren funtsen bidez finantzatuko den aldi baterako programa). Laguntza edo finantziazioa izan beharko da ikertzaileak, zientzialariak edo teknikariak kontratatzeko kostu guztiak ordaintzeko adinakoa.
i) Merezimenduen lehiaketako epaimahaia osatuko duten kideen proposamena. Batzorde horrek kide hauek izango ditu, guztiak UPV/EHUko plantillakoak: epaimahaiko burua, ikerketa proiektuko ikertzaile nagusia izango dena; idazkaria; eta ikertaldeko kide bat. Guztiek izango dituzte boza eta botoa. Proposamenean adierazi beharko da, era berean, ordezko batzordea. Ordezkoek jardungo dute titularrak kanpoan edo gaixorik daudenean, eta titularrak prozeduran parte hartzetik abstenitzen direnean edo errefusatu egiten dituztenean. Ahaleginak egingo dira batzordea parekide izan dadila, generoaren ikuspuntutik.
3.– Ikerketaren arloan eskumena duen errektoreordeak, aldez aurretik, eskaera horren aldeko txostena egin beharko du, eta berariaz adieraziko du proposatutako kontratazio mota egokia den eta dirulaguntza nahikoa den kontratazio kostu guztiak ordaintzeko.
5. artikulua.– Deialdia.
1.– Errektorearen erabaki bidez onartuko da eta Unibertsitatearen webgunean argitaratuko da, UPV/EHUk publizitaterako dituen bitarteko elektronikoak erabiliz (iragarki taula elektronikoa, Ehutaula edo horren ordezko beste baliokide bat).
2.– Deialdian zehaztu beharko dira deitutako kontratu bakoitzaren kopurua, modalitatea eta ezaugarriak (mota eta, iraupen mugatuko kontratuen kasuan, iraupena), Saila edo, hala badagokio, Ikerketarako Unibertsitate Institutua edo erakunde juridikorik gabeko beste egitura batzuk, arduraldia, bete beharreko eginkizunak, hautagaiek bete beharreko baldintzak, epaimahaien osaera eta merezimenduen baremoa, zeinaren arabera ebatziko baita lehiaketa.
3.– Hautaketa prozesuan parte hartu nahi dutenek eskaera aurkeztu beharko dute behar bezala beteta, kasuan kasuko deialdian ezarritako epean eta adierazitako bitartekoa erabilita. Eskaerarekin batera nahitaez aurkeztu beharko da deialdian aipatutako dokumentazioa.
4.– Eskaerak aurkezteko epea amaituta, onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda argitaratuko da unibertsitatearen webgunean, eta hori izango da interesatuak jakinaren gainean jartzeko era. Hiru eguneko epea irekiko da, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, akatsak zuzentzeko eta haren aurkako erreklamazioak aurkezteko. Epe hori igarota, zerrenda behin betiko bihurtuko da. Zerrenda horren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari hilabeteko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.
6. artikulua.– Kontratazioa.
1.– Epaimahaiek, bertako hiru kide bertan direla, balioz eratu ondoren, interesatuen merezimenduak ebaluatuko dituzte onartutako irizpideen haztapenarekin bat, eta proposamen bat egingo dute. Bertan, ikertzaileen kontratuak egiteko proposatutako pertsonak adieraziko dituzte, puntuazioaren arabera, eta ezingo dute eskainitako plazak baino pertsona gehiago proposatu. Ordezkoak ere proposatu ahal izango dira, hasieran proposatutako pertsonek kontratuari uko egiten dioten kasuetarako edo kontratua amaitu baino lehen kontratua deuseztatzen duten kasuetarako.
2.– Kontratazio proposamena unibertsitatearen webgunean argitaratuko da, eta proposatutako pertsonari jakinaraziko zaio. Pertsona horrek hiru egunen epea izango du, jakinarazpena egiten denetik, dagokion kontratua formalizatzeko. Salbuespenezko inguruabarrak direla medio, aurreko paragrafoan aipatutako epea luzatu ahal izango da, zehaztutako hiru egunetan salbuespen egoera egiaztatu eta Irakasle eta Ikertzaileen arloko Errektoreordetzak aztertu beharko duena. Ikertzaileak kontratatzeko epaimahaiak egingo dituen proposamenen kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari hilabeteko epean, proposamena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.
3.– Ikertzaile gisa kontratatutako langileei aplikatuko zaie Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen hitzarmen kolektiboa, unean une indarrean dagoena.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Leioa, 2022ko martxoaren 31.
Errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
RSS