Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2022ko apirilaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1650

AGINDUA, 2022ko martxoaren 17koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.

2022ko otsailaren 15ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko erregistro telematikoan Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza izeneko fundazioaren estatutuak aldatzeko eskritura publikoa sartu zen, zeina 2022ko urtarrilaren 28an egiletsi baitzen Guadalupe Maria Inmaculada Adanez Garcia Donostiako notario andrearen aurrean (protokolo-zenbakia: 135).

Eskritura publiko horretan sartu zen Fundazioaren patronatuko idazkariak, presidentearen oniritziarekin, 2021eko abenduaren 15ean egindako ziurtagiria, patronatuak 2021eko uztailaren 8an egindako bilerarena. Bilera hartan, aho batez erabaki zen estatutuen 8.2 artikulua aldatzea, patronatuaren osaerari buruzkoa.

Fundazioen Erregistroak, 2022ko otsailaren 18ko idazki baten bidez, igorritako dokumentazioan atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zion Fundazioari; hain zuzen ere, aldaketaren ondoriozko estatutuen testu bategina eskatu zion, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Gorago aipatutako eskaeran atzemandako akatsak zuzentzeko, espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zuen Fundazioak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, 2022ko otsailaren 23an.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketa bat dator aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza izeneko fundazioaren estatutuen 8.2 artikuluaren aldaketa, patronatuaren osaerari buruzkoa –Fundazioaren patronatuak erabaki zuen aldaketa egitea, 2021eko uztailaren 8an–. Inskripzioa, betiere, 2022ko urtarrilaren 28an Guadalupe María Inmaculada Adanez García Donostiako notario andrearen aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz egingo da (protokolo-zenbakia: 135).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 17a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala