Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2022ko apirilaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1549

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 14koa, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, instalazio termikoak inskribatzeko irizpideak ezartzen dituena, instalazio horien sorgailua gasezko galdara mistoa bada eta ur bero sanitarioaren zerbitzua bakarrik ematen badute.

Estatuko Aldizkari Ofizialean, 2007ko abuztuaren 29an, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua onartzen duen ekainaren 20ko 1027/2017 Errege Dekretua argitaratu zen.

Erregelamenduaren 15.1-c) artikuluak ezartzen du ez dela beharrezkoa berehalako berogailuen, berogailu metagailuen eta termo elektrikoen bidez ur bero sanitarioa produzitzeko instalazioek, instalazio bakoitzaren potentzia termiko nominala bereizita edo batuta 70 kW edo gutxiago bada, erregelamendua betetzen dutela egiaztatzea autonomia-erkidegoko organo eskudunaren aurrean.

Hala ere, instalazioak egiten ari dira merkatuan gasezko galdara misto gisa jarritako sorgailuekin, eta, horiek zerbitzuan jartzean, ur bero sanitarioa ekoizteko instalazioaren zatia baino ez da exekutatzen.

Horrela exekutatutako instalazioak erraz handitu daitezke berokuntza-zerbitzua emateko; gaituta ez dauden agenteek egin dezakete hori, eta, orduan, titularrek ez dute instalazio horiek erregistratzeko betebeharra betetzen, eta instalazioak ez dauka arauzko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentaziorik. Horrela, praktikan ezinezkoa da Administrazioak edo energia primarioaren banatzaileak erregelamendu bidez kontrolatzea instalazioak behar bezala gaitutako enpresek egiten dituztela.

Gainera, sorgailu horiek gasezko aparatuei buruzko EB/2016/426 Europako Erregelamenduaren arabera merkaturatuta daude, galdara gisa; energia-etiketatzea, berriz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/30/EB Zuzentaraua osatzen duen otsailaren 18ko 811/2013 Erregelamendu Delegatuaren arabera ezarri da, honako hauen energia-etiketatzeari dagokionez: berokuntza-aparatuak, berogailu konbinatuak, berokuntza-aparatuaren ekipo konbinatuak, tenperatura-kontrola eta eguzki-gailua eta berogailu konbinatuko ekipo konbinatuak; horrela, berogailu konbinatu gisa kalifikatzen ditu haien ohiko energia-etiketatzeari dagokionez.

Itxurazko kontraesan horrek interpretazio desberdinak sortzen ditu instalazio horiek instalazio termikoen erregistroan inskribatzeko beharrari buruz; horregatik, beharrezkoa da irizpide homogeneo bat ezartzea instalazio horiek erkidego honetan tratatzeko.

Beraz, zuzendaritza honetako hiru lurralde-ordezkaritzen jarduteko irizpide uniformea ezartzeko eta instalazio horietan jarduten duten agenteei, titularrei eta teknikariei jakinarazteko, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ur bero sanitarioko zerbitzua soilik ematen duten gasezko galdara mistoak instalatzea ez da ur bero sanitarioa ekoizteko gasezko berehalako berogailu bat instalatzea.

Bigarrena.– Gasezko galdara mistoak baldintza horietan instalatzea ez dago sartuta 15.1.c) artikuluan jasotako instalazioen kasuetan. Artikulu horretan jasotako instalazioek ez dute egiaztatu behar Administrazioaren aurrean eraikinetako instalazio termikoen erregelamendua onartzen duen 1027/2007 Errege Dekretuaren baldintzak betetzen direla.

Hirugarrena.– Ur bero sanitarioko zerbitzua soilik ematen duten gasezko galdara mistoen instalazioak instalazio termikoen erregistroan inskriba daitezen agintzea, eta bertan zerbitzu hori soilik emango dutela adieraztea. Titularrak Administrazioaren esku izan behar duen dokumentazioa ur bero sanitarioari buruzko dokumentaziora mugatuko da, eta ez da kontuan hartuko ondoren egin daitekeen berokuntza-instalazioa.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Ebazpen honen bidez onartutako irizpidea Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Ebazpen hau sinatu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 14a.

Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

ZIGOR URQUIAGA URQUIZA.


Azterketa dokumentala