
69. zk., 2022ko apirilaren 6a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (153 KB - 6 orri.)
- EPUB (147 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
ARARTEKOA
1531
EBAZPENA, 2022ko martxoaren 29koa, Arartekoarena. Honen bitartez, aldi baterako teknikari bat hautatzeko prozedura iragartzen da.
Arartekoaren zerbitzuko langileen atxikipena arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera (Arartekoa sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legearen 38.etik 40.era bitarteko artikuluak, Ararteko erakundearen antolaketa eta funtzionamendurako araudiaren 30. artikulua eta ezarri beharreko gainerako arauak), Arartekoak aske izendatzen ditu bere zereginak betetzeko beharrezkoak diren aholkulariak eta konfiantzako langileak, merezimendu eta gaitasun irizpideei jarraiki. Langile horiek aldi baterakoak dira.
Horrela, aipatutako araudia betez, Arartekoak prozedura bat iragartzen du hautagaien egokitasuna ebaluatzeko. Ondoren, Arartekoak deialdiaren xede diren gaietako teknikaria izendatuko du.
Hona hemen deialdiaren oinarriak:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Iragarritako lanpostua.
Deialdi honen bidez, teknikari bat hautatu nahi da, funtsean, espetxeratuei buruzko Ararteko erakundeko politika guztiak kudeatzen laguntzeko eta elkarlanean aritzeko.
Eginkizun hori, zehazki, espetxeratuen arloko teknikari arduradunari laguntzea izango da, honako zeregin hauetan:
– Batez ere Euskadin espetxe-erregimena duten pertsonen egoerarekin lotutako kexez eta kontsultez arduratzea, eta beharrezkoa den gaietan, txostenak eta gomendioak prestatzen elkarlanetan aritzea eta beharrezko laguntza ematea.
– Espetxeen inguruko elkarte, erakunde eta gizarte-plataformekin lankidetzan aritzea.
– Espetxeratuen oinarrizko eskubideen kultura zabaltzen lankidetzan aritzea, Europako eta nazioarteko parametroekin.
– Espetxeen eta espetxeratuen gizarteratzearen arloko txostenak eta azterlanak egiten lankidetzan aritzea.
Era berean, deialdi honetan aipatzen den arloko teknikariaren zereginen artean sartuko da kexei eta kontsultei erantzuten lankidetzan aritzea eta beharrezko laguntza ematea, baita ere, beharrezkoa denean, Ararteko erakundeko beste gai-arlo batzuetan txostenak eta gomendioak prestatzea.
Deialdi honek eskatzen duen espezializazio maila kontuan hartuta, aukeratutako pertsonak, esperientzia egiaztagarria izan beharko du Espetxe arloko Zuzenbidean eta oso ondo ezagutu beharko du arlo horretako legeria juridikoa eta administratiboa.
Kategoria horretarako ezarrita dagoen ordainsaria, erakundearen aurrekontuan zehaztuta dago. Arartekoaren webean kontsulta daiteke: www.ararteko.eus.
Bigarrena.– Betekizunak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako, interesdunek lizentziaturako edo graduko unibertsitate-titulua izan beharko dute Zuzenbidean edo Kriminologian, edo Psikologian (azken kasu horretan, Espetxe arloko Zuzenbideko ezagupenak egiaztatzen badituzte). Era berean, gutxienez bi urteko eskarmentua egiaztatu beharko dute presoak gizarteratzen edo presoak zuzeneko harremanaren bidez tratatzen.
Hirugarrena.– Merezimenduak.
Merezimenduak frogen bitartez egiaztatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Oro har, merezimendu hauek hartuko dira kontuan:
1.– Titulu akademikoak.
2.– Administrazioan egindako ibilbidea: zer lanpostu bete dituzten administrazio publikoetan.
3.– Lanbide-jarduera.
4.– Prestakuntza-ikastaroak.
5.– Euskararen ezagutza.
6.– Ingelesaren eta frantsesaren ezagutza.
Balorazio Batzordeak ezarriko ditu merezimendu horiek baloratzeko irizpideak. Merezimendu guztiek, hizkuntzek izan ezik, zerikusia izan beharko dute espetxeratuen eskubideen arloan burutu beharreko zereginekin.
Euskararen eta gainontzeko hizkuntza ofizialen ezagutza egiaztatzeko eta ondoren baloratzeko, Batzordeak dekretu hauetan baliokidetzat hartutako titulu eta ziurtagiriak soilik hartuko ditu kontuan: uztailaren 4ko 187/2017 Dekretua (horren bidez, aldatu egiten da Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliozkotzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren mailekin parekatzeko Dekretua) eta ekainaren 30eko 117/2015 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetako hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasunari buruzkoa).
Laugarrena.– Eskabideak.
Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak, ebazpen honekin batera erantsitako ereduaren arabera, Arartekoaren erregistroan aurkeztuko dira edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluan xedatutako moduan, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Parte hartzeko eskaerari honako hauek erantsiko zaizkio:
1.– NANaren fotokopia edo, bestela, atzerritarraren identifikazio zenbakiarena, pasaportearena edo agiri baliokidearena.
2.– Prozesuan parte hartzeko aukera ematen duen unibertsitate-tituluaren fotokopia.
3.– Lan-eskarmentua egiaztatzeko agiriak.
4.– Curriculum-memoria; bertan idatziz jasoko dira egokitzat jotzen diren inguruabar eta kontu guztiak, bereziki adierazitako merezimenduak eta burututako zereginak.
Bosgarrena.– Balorazio Batzordea.
Arartekoak izendatuko du hautapen-prozesuko Balorazio Batzordea, eta honako kide hauek izango ditu:
Batzordeburua:
– Arartekoaren ondokoa.
Batzordekideak:
– Idazkari nagusia.
– Espetxeratuen arloko teknikari arduraduna.
– Kriminologiaren Euskal Institutuko (IVAC-KREI) ordezkari bat.
– EHUko Zuzenbide Penalaren Saileko ordezkari bat.
Batzordeak idazkari-lanak egingo dituen kide bat izendatuko du batzordekideen artean.
Arartekoak, hala badagokio, ordezko batzordekideak izendatuko ditu, eta horiek titularrak ordezkatuko dituzte, baldin eta haiek arrazoi bidez zeregin horri uko egiten badiote, edo eginkizun hori betetzerik ez badaukate.
Seigarrena.– Hautapen-prozedura.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileak hautapen-prozedurarako onartu ala baztertuko dituen.
Arartekoaren webgunean (www.ararteko.eus) argitaratuko da onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko erabakia, baita prozedura honi buruz ondoren egiten diren komunikazio guztiak ere.
Batzordekide gehienak bertan ez badaude, ezingo da batzordea osatu, ezta jardun ere. Berdinketarik badago, batzordeburuak izango du kalitateko botoa.
Argitaratzen diren jakinarazpen orotan, nortasun agiri nazionalaren, atzerritarraren identifikazio zenbakiaren, pasaportearen edo agiri baliokidearen zenbakia bakarrik erabiliko da interesdunak identifikatzeko.
Hasieran baztertutako eskatzaileek hamar egun baliodun izango dituzte balizko zuzenketak edo alegazioak egiteko.
Ondoren, Balorazio Batzordeak erabakiko du eskatzaileak behin betiko onartu ala baztertu, eta lehen hautaketa egingo du, hautagai bakoitzak egiaztatutako merezimenduak baloratuz.
Balorazio Batzordeak hautagai guztiei edo haietako batzuei deitu ahal izango die banakako elkarrizketak egiteko, eta, hala, hautagaien ezagupenetatik eta lan-eskarmentutik, lanpostuko eginkizunak betetzeko zer gaitasun dituzten ondorioztatu ahal izateko. Elkarrizketa horietan, beharrezkotzat jotzen bada, berariazko proba idatzi bat egin dadin eskatu ahal izango da, lanposturako behar diren ezagupen juridikoak egiaztatzeko.
Merezimenduak baloratu eta, hala badagokio, banakako elkarrizketak eta probak egin ondoren, Balorazio Batzordeak iragarri den lanpostua betetzeko egokientzat jotzen dituen pertsonak proposatuko dizkio Arartekoari.
Baldintza egokiak betetzen dituen hautagairik ez dagoela irizten bazaio, lanpostua bete gabetzat jo dadin proposatu ahal izango du Balorazio Batzordeak.
Zazpigarrena.– Izendapena.
Balorazio Batzordeak proposatutako pertsonetatik, Arartekoak libreki izendatuko du hautatutako pertsona.
Hilabeteko epean hasi beharko du lanean iragarritako lanpostuan, deialdi hau ebatziko duen Arartekoaren erabakia jakinarazten zaion egunetik aurrera.
Izendatutako pertsona behin-behineko langilea izango da, eta Langileen Estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan Eusko Legebiltzarreko behin-behineko langileentzat ezarritako araubidea ezarriko zaio.
Berehala lanpostua utzi beharko du Eusko Legebiltzarrak izendatutako Ararteko berriak kargua hartzen duenean.
Arartekoaren zerbitzura funtzionario bat lanean hasten bada, zerbitzu bereziko egoeran geratuko da bere jatorrizko administrazioari dagokionez.
Zortzigarrena.– Datu pertsonalak.
Parte-hartzaileek ematen dituzten datu pertsonalak beraien hautagaitza iragarritako hautapen-prozeduran sartzeko bakarrik erabiliko dira.
Datuak helburu jakin baterako biltzen dira; horregatik, helburu hori betetzeko behar den denboran gordeko dira, baita xede horren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor litezkeen erantzukizunak argitzeko ere. Gainera, artxibategiei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritako epeetan gordeko dira.
Interesdunek informazio gehigarria eskatu ahal izango dute, eta, kasuaren arabera, beren eskubideak baliatu ahal izango dituzte datuetara irispidea izateko, haiek zuzendu edo ezerezteko, edo datuak tratatzeari aurka egiteko, tratamendua mugatzeko edo datuak eramateko. Horretarako, idazki bat bidal diezaiokete Datuak Babesteko ordezkariari, lopd@ararteko.eus. posta elektronikora.
Orobat, Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo ahal izango dute, beraien datuak babes ditzaten eskatu nahi badute.
Eranskineko ereduko parte-hartze eskaera sinatuz, parte-hartzaileek Arartekoari berariaz eta argiro baimena ematen diote curriculumari buruzko beraien datu pertsonalak tratatzeko, lehen adierazitako helburua lortzeko.
Bederatzigarrena.– Inpugnazioak.
Balorazio Batzordearen ebazpenei Ararteko erakundean aurka egin ahal izango zaie, hamar egun balioduneko epean, horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 29a.
Arartekoa,
MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.
RSS