Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2022ko martxoaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1331

250/2022 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen den Plangintzako eta Kudeaketako Zuzendariordetzako Plangintzako eta Antolaketako Zerbitzuko Atal Korporatiboko Buruaren lanpostua Zuzendaritza Nagusian izendapen askez betetzeko deialdia.

Zuzendaritza Nagusiko Plangintzako eta Kudeaketako Zuzendariordetzako Plangintzako eta Antolaketako Zerbitzuko Atal Korporatiboko Buruaren lanpostua hutsik dago. Horren ondorioz, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori lehiaketa bitartez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Giza Baliabideen Zuzendaritza honek, honako oinarrien arabera

OINARRIAK

1.– Lanpostuaren atxikipena.

Atxikipena: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia. Giza Baliabideen Zuzendaritza. Plangintzako eta Kudeaketako Zuzendariordetza. Lanaldi zatitua. Vitoria-Gasteiz.

3. hizkuntza-eskakizuna (Derrigortasun-data: 2013-12-03).

2.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratudun finkoa izatea eta plaza jabetzan edukitzea A1/A2 lanbide-taldean.

b) Lau urteko lan-esperientzia izatea, gutxienez, A1/A2 lanbide-taldean.

c) Titulazio akademikoa: Lizentzia edo Graduko edozein titulazio.

d) 3. hizkuntza-eskakizuna. (Derrigortasun-data iraungita: 2013-12-03).

e). Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

3.– Lanpostuaren eginkizunak.

– Zerbitzu Burutzagitzarekin lankidetzan aritzea giza baliabideen plangintzaren eta antolaketaren eremuko proiektu estrategikoak definitu eta hedatzeko.

– Zerbitzu Buruzagitzarekin lankidetzan aritzea plantilla kudeatzeko kudeaketa-sistema korporatiboak eta automatizatuak definitu eta ezartzeko.

– Plantilla-beharren egoera-azterketa.

– Giza baliabideen beharren aurreikuspen-azterketa.

– Plantillaren operatiboa kudeatu izana; Osakidetzako GGBBen esparruko adierazleen jarraipena eta ebaluazioa egin izana.

– Enplegatuaren Atarian funtzionaltasun berriak definitzea, martxan jartzea eta hedatzea Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan.

– Giza Baliabideen esparruarekin lotutako Zerbitzu Buruzagitzarekin eta lantaldeekin koordinatzea eta horietan parte hartzea.

– Memoriak, txostenak, planak eta abar koordinatu eta egitea.

4.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

Honako arlo hauetako eskarmentua eta ezagutzak baloratuko dira:

– Giza baliabideen plangintzarekin, antolamenduarekin eta dimentsionamenduarekin lotutako proiektuak garatzea.

– Zerbitzu-erakundeen giza baliabideen esparruan profesionalarekin komunikatzeko tresna berriak definitzea eta hedatzea.

– Prozesuak automatizatzeko tresnak definitzea eta hedatzea.

– SAP -Gizabide- plantillaren informazio-sistema erabiltzeko trebetasuna.

– Kudeaketa-tresnak. Esperientzia ISO prozesuen ikuskaritzetan eta egiaztatze-ereduetan, kudeaketa aurreratuko ereduan...

– Plantilla korporatiboaren kudeaketa. Plantilla funtzionalaren/estrukturalaren azterketa eta jarraipena, lanpostu hutsak betetzea, langileen analisia eta emaitzen ebaluazioa.

– Giza baliabideak planifikatzeko adierazleen azterketa eta jarraipena Aginte Taula Korporatiboan.

– Giza Baliabideen esparruarekin lotutako lantaldeekin koordinatzea eta horietan parte hartzea.

5.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

6.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den moduan ere aurkeztu ahalko dira.

Interesdunek eskabidea Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dute datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako Curriculum Vitaearekin.

Dokumentazioa honelakoa izan behar da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, hautagaiak horren berri eman behar du eskaeran.

7.– Balorazio-batzordea.

Balorazio batzordea osatuko da, batzordeburu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo hark eskuordetzen duena izanik, eta hauexek izango dira bertako partaideak: Plangintzako eta Kudeaketako zuzendariordea, Giza Baliabideen Plangintzako Zerbitzu Korporatiboko burua eta Giza Baliabideen Hautaketako eta Horniketako teknikaria (idazkari izango dena, ahots eta botoarekin).

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.

8.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

9.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.

Hemen abiatzen den prozedura amaitzeko (lanposturako esleitzea edo lanpostua hutsik uztea), ebazpena eman behar du Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak. Hori Intranetean eta Osakidetzako webgune korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik, bertan besterik xedatu ezean behintzat.

10.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 8a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria,

LUISA LARRAURI EREÑOZAGA.


Azterketa dokumentala