Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2022ko martxoaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1317

34/2022 DEKRETUA, martxoaren 8koa, Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu bat sortzea xedatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da, bere luze-zabalean, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, betiere bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, artikulu hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenak, eta hori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritza ere.

Autonomia Estatutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoak sortzea, eraldatzea, zabaltzea, bat egitea, sailkatzea eta kentzea.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 5. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoei dagokie irakaskuntzaren programazio orokorra egitea eta Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeak sortu, aldatu eta kentzea, kalitatezko irakaskuntza ematea bermatuko duen plangintza demokratiko eta parte-hartzaile baten esparruan.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8.2 artikuluak ezartzen duenez, hezkuntza- edo enplegu-arloko sailen menpeko lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoak sortu, eraldatu eta kendu ahal izango dira, bi sail horietako edozeinen ekimenez.

Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 17.h). artikuluan adierazten denez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari dagokio, lanbide-heziketaren arloan, irakaskuntza-unitate eta -ikastetxe pribatuak baimentzeko, eraldatzeko eta kentzeko proposamena egitea, bai eta unitate eta ikastetxe publikoak sortzeko, eraldatzeko eta kentzeko proposamena egitea ere.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 12.1 b) eta 15.artikuluan xedatutakoaren arabera esleituta dituen eginkizunen baitan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketarako zuzendariak, abenduaren 16ko dataz, baimena ematen du Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu bat sortzeko, Hezkuntza sailaren titulartasuneko beste ikastetxe bat eraldatuta.

Nekazaritza lanbide-arloari beste ikuspegi bat emate aldera, komenigarritzat jotzen da arlo horri dagozkion irakaskuntzei helduko dien ikastetxe espezifiko berri bat sortzea.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua jakitun jarrita, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko matxoaren 8an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– IES Murgia BHIko irakaskuntzak (01001796 kodea eta 010157 kodea) bitan banatzen dira, lanbide-heziketako irakaskuntzak bereizita. Ikastetxe horrek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak emango ditu. Irakaskuntza bereiziak Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu berrian integratzen dira.

2. artikulua.– IES Murgia BHI ikastetxea bitan banatuz, Murgia Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua (kodea 01007828 eta 010745 kodea) sortu da. Helbidea: Domingo de Sautu kalea 69, 01130 Zuia. Zentro horrek honako lanbide-heziketako ziklo hauek eskainiko ditu: Baso-aprobetxamenduetako oinarrizko lanbide-heziketa, Natura-ingurunea ustiatzeko eta kontserbatzeko teknikaria, eta Baso- eta natura-inguruneko goi-mailako teknikaria.

3. artikulua.– Titulartasun publikoko ikastetxe integratuen sarean sartzea.

Titulartasun publikoko lanbide-heziketako ikastetxe integratuen sarearen barnean sartzen da aipatutako ikastetxea.

4. artikulua.– Prestakuntza-eskaintza eta beste zerbitzuak.

1.– Lanbide-heziketako ikastetxe integratu eraldatuak irakaskuntza hauek eskainiko ditu prestakuntza-jardueren barruan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak eta etengabeko prestakuntzari dagozkionak, lanean dabiltzan langileentzat direnak. Irakaskuntza horiek finkatzerakoan, ekoizpen-ingurunearen eskaerak hartuko dira aintzat, eta sail edo erakunde eskudunak baimendu beharko ditu.

2.– Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz, lanbide-heziketako ikastetxe bateratuek, baimenduta dituzten lanbide-familia edo -arloei dagozkien prestakuntza-eskaintzaz gain, lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, berariazko araudian zehazten denaren arabera, baita beste ikaskuntza ez formal batzuen bidez edo lan-eskarmentuaren bidez –kualifikazioen eta lanbide-heziketaren sistema nazionalaren esparruan– lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitatezko prestakuntza, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen duten beste zerbitzu batzuk ere.

5. artikulua.– Ikastetxeko langileak.

1.– Behin betiko irakasle funtzionarioen berratxikitzeari ekingo zaio 86/2002 Dekretua bigarrenez aldatzen duen uztailaren 29ko 148/2008 Dekretuak ezartzen duen bezala. Dekretuak irizpideak ezartzen ditu zehazteko zer irakasleari eragiten dion, ikasturte bakoitzean, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako berariazko Institutuetako Lanpostu Zerrendak, eta arautzen du irakasleak beren Ikastetxeetan atxikitzeko prozesua. Banandutako ikastetxeetan behin betiko destinoa duten pertsonak ikastetxe berrietan atxikiko dira, espezialitate, hizkuntza-eskakizun eta derrigortasun-data bereko lanpostuetan.

2.– Hezkuntza Sailak urtero argitaratzen du, dagokion dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako lan-kontratuko irakasleentzat eta funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrenda, maisu-maistren kidegokoa izan ezik. Dekretu horretan, 2. artikuluan eraldatutako irakasleen plantilla sartuko da.

3.– Zentro honetako Administrazio Orokorreko langileen atxikipena administrazio publikoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudian araututako atxikipen-prozesuetan oinarritzen da (urriaren 13ko 190/2004 Dekretua).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Sortutako ikastetxeko zuzendaria izendatzea.

Zuzendaria Lanbide Heziketako sailburuordeak izendatuko du, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kontseilu Soziala eratzea.

Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxeko zuzendaritzaren ekimenez Kontseilu Soziala eratzeko jarduerak gauzatu beharko dira. Horretarako, gehienez urtebeteko epea egongo da, ikastetxe integratua jardunean hasten denetik aurrera. Lanbide Heziketako sailburuordeak behar diren jarraibideak emango ditu ikastetxeetako hauteskunde-prozesuak burutu daitezen. Kontseilu Soziala bi urtetik behin berrituko da, eta, horretarako, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeetarako oro har aurreikusitako prozedurak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek 2022ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko martxoaren 8a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala