Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2022ko martxoaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1315

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 10ekoa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez Urnietako Udalaren Diruzaintzako lanpostua sailkatzen baita; lanpostu hori Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago.

Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordetzako Erakunde Politikarako eta Toki Administraziorako zuzendariaren 2003ko martxoaren 24ko Ebazpenaren bidez, Urnietako Udalaren Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza bigarren mailako sailkatu ziren.

Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (TAOL, aurrerantzean) 92 bis artikuluaren lehenengo apartatuak xedatutakoaren arabera, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL, aurrerantzean) emandako idazkeran, toki-korporazio guztietan beharrezkoak diren zenbait eginkizun publiko daude, eta horien gaineko erantzukizun administratiboa Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago; eginkizun horien artean kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa daude.

Hori dela eta, TAAIL indarrean jarri zenetik, bigarren motako idazkaritza duten toki-korporazioek, nahitaez, Diruzaintzako lanpostua eduki behar dute, eta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioak dira lanpostu hori bete behar izango dutenak.

Halaber, aipatutako TAOLen 92 bis artikuluaren laugarren apartatuan xedatzen denez, Gobernuak errege-dekretu baten bidez arautuko ditu Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko espezialitateak.

Horren ondorioz, 2018ko martxoaren 16an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman zen 128/2018 Errege Dekretua, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duena (128/2018 Errege Dekretua, aurrerantzean).

128/2018 Errege Dekretuaren 14.1 artikulua kontuan hartuz, Idazkaritza bigarren motakotzat sailkatuta duten toki-korporazioetan Diruzaintza izeneko lanpostu bat egon behar da, eta lanpostu horrek diruzaintzari eta diru-bilketari lotutako eginkizunen administrazio-erantzukizuna izango du. Lanpostu hori, halaber, toki-administrazioko funtzionario batek bete behar izango du, Kontu-hartzailetza Diruzaintza Azpieskalan sailkatutakoa, eta Estaturako gaikuntza izango duena.

Era berean, 128/2018 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorreko bigarren apartatuan ezartzen da ezen, Idazkaritza bigarren motakotzat sailkatuta duten toki-korporazioetan, errege-dekretu hori indarrean jartzen denean Diruzaintzako lanpostua ez badago gordeta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen eskalakoentzat, dagokion autonomia-erkidegoari eskatu beharko zaiola lanpostu hori Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzea Kontu-hartzailetza Diruzaintza Azpieskalan.

2022ko urtarrilaren 25ean egindako ohiko batzarrean, Urnietako Udaleko Osoko Bilkurak onartu zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea udal horren Diruzaintzako lanpostua Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzeko.

Gauzak horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Urnietako Udalaren eskaeraren gainean; eskaera horren ondorioz, Foru Aldundiak txostena helarazi du; hain zuzen ere, Urnietako Udalaren Diruzaintzako lanpostuaren sailkapena Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetzeari buruzko aldeko txostena.

Horregatik guztiagatik, udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLen 92 bis artikuluarekin eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrarekin bat etorriz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Urnietako Udalaren Diruzaintzako lanpostua Kontu-hartzailetza Diruzaintza Azpieskalako Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa sailkatzea.

Bigarrena.– Lanpostu hori betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

Hirugarrena.– Urnietako Udalak bere lanpostu-zerrendan gehitu beharko du lanpostu hori, bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango dute Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien epaitegietan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 10a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.


Azterketa dokumentala