Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2022ko martxoaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1275

ERABAKIA, 2022ko otsailaren 3koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateren Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan Ingeniaritza Zibileko eta Arkitektura Teknikoko Gradu Bikoitza ezartzekoa.

Ingeniaritza Zibileko eta Arkitektura Teknikoko Gradu Bikoitza egiteko plangintza bat prestatze aldera Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, errektoreordetza honek behar diren akordioak sustatu ditu gradu hau 2022-2023 ikasturtetik aurrera abian jartzeko.

Hori dela eta, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordearen proposamenez, eta unibertsitateko Graduko Batzordeak 2022ko urtarrilaren 19an aldeko txostena egin eta gero, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea, eranskinean jasota dagoen bezala, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan Ingeniaritza Zibileko eta Arkitektura Teknikoko Gradu Bikoitza lortzeko arautegia.

Bigarrena.– Argitara ematea Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Leioa, 2022ko otsailaren 3a.

Errektorea,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Idazkari nagusia,

AITOR ZURIMENDI ISLA.

ARAUTEGIA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO INGENIARITZA ZIBILEKO ETA ARKITEKTURA TEKNIKOKO GRADU BIKOITZA ESKURATZEARI BURUZKOA

1. artikulua.– Xedea.

1.1.– Arautegi honen helburua da programazio bat zehaztea ikasleek Ingeniaritza Zibileko Graduaren ikasketa planeko irakasgaiak eta Arkitektura Teknikoko Graduaren ikasketa planeko irakasgaiak egin ahal izateko, hartara graduko titulu biak eskura ditzaten. Programazio horren kudeaketa Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolari dagokio, horrek traba egin barik arautegi honetako 4. artikuluan aurreikusten den Batzorde Akademikoaren eskumenei.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

2.1.– Arautegi hau aplikatuko zaie Ingeniaritza Zibileko eta Arkitektura Teknikoko Gradu Bikoitzean (aurrerantzean «gradu bikoitzean») UPV/EHUk emango dituen ikasketei.

2.2.– Gradu bikoitzean matrikulatuta dauden eta haren programazioko ikasketak gainditzen dituzten ikasleek bi titulu ofizialak eskuratuko dituzte aldi berean: Ingeniaritza Zibileko Gradua eta Arkitektura Teknikoko Gradua, eta bi tituluek balioa izango dute estatu osoan.

2.3.– Erregimen akademikoa, gaien irakaskuntza, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, gradu bikoitzaren programazio espezifikoaren alderdi akademiko guztiak arautegi honen bitartez arautuko dira, eta hemen jasotzen ez den guztirako, UPV/EHUko arautegi orokorrari jarraituko zaio.

3. artikulua.– Zuzendaritza akademiko eta exekutiboa.

3.1.– Gradu bikoitzaren Zuzendaritza akademikoa gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoari dagokio. Bertan ordezkatuta daude Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Zuzendaritza eta bi graduetako batzorde akademikoak: Ingeniaritza Zibileko Gradukoa eta Arkitektura Teknikoko Gradukoa.

3.2.– Gradu bikoitzaren koordinatzaile gisa jardungo du, Ingeniaritza Zibileko eta Arkitektura Teknikoko graduetako bi koordinatzaileetako bat.

4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.

4.1.– Batzorde Akademikoak honako kide hauek izango ditu:

• Ingeniaritza Zibileko Graduko koordinatzailea eta Arkitektura Teknikoko Graduko koordinatzailea.

• Mailako koordinatzaileak, bai Ingeniaritza Zibileko Gradukoak eta bai Arkitektura Teknikoko Gradukoak.

• Gradu bikoitzeko ikasleen ordezkari bat.

• Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Zuzendaritzaren ordezkari bat, bertako zuzendariak proposatua.

4.2.– Batzorde Akademikoko idazkari gisa jardungo du bi titulazioetako ikasturteko koordinatzaileetako batek.

4.3.– Batzorde Akademikoko burua izango da Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Zuzendaritzaren ordezkaria.

5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.

5.1.– Gradu bikoitzaren Zuzendaritza akademikoa gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoaren ardura izango da. Zehazki, eginkizun hauek izango ditu:

• Gradu bikoitzaren antolaketa akademikoa.

• Onespena ematea eskolako irakasleek eta enpresek gradu amaierako lanetarako egindako proposamenei.

• Gradu bikoitzaren irakaskuntzaren kalitatea bermatzea eta zaintzea, ikastegiko Kalitate Batzordearekin koordinazioan.

5.2.– Batzorde Akademikoa gutxienez sei hilean behin bilduko da, batzordeko buruak deituta. Era berean, Batzorde Akademikoko hiru kidek gutxienez hala eskatzen dutenean ere bilera egin ahal izango da.

5.3.– Batzorde Akademikoak ahalegina egingo du erabakiak aho batez hartzeko, eta, ezinezkoa denean, ikastegiko zuzendariak hartuko du erabakia.

6. artikulua.– Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak.

6.1.– Honako hauek izango dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:

• Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak betetzea.

• Gradu bikoitzaren ordezkaria izatea.

• Beste zeregin batzuk, Batzorde Akademikoak emandakoak edo UPV/EHUko arautegiek titulazioko koordinatzaileari esleitzen dizkiotenak.

7. artikulua.– Graduan sartzeko baldintzak eta irizpideak.

7.1.– Ikasleak gradu bikoitzean onartzeko aplikatuko dira UPV/EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrak.

7.2.– Gradu bikoitzerako sarrera nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da bi graduetarako onarpen notarik onena, hau da, Ingeniaritza Zibileko Gradurako sarrera notaren edo Arkitektura Teknikoko Gradurako sarrera notaren artetik onena.

8. artikulua.– Matrikula egitea eta titulua eskuratzea.

8.1.– Kontu administratiboei dagokienez, gradu bikoitz honen kudeaketa Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak egingo du.

8.2.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak bertan matrikulatutako dira UPV/EHUko gainontzeko ikasleen baldintza berberetan.

8.3.– Graduan onartutako ikasleek ordaindu beharko dituzte ikasketen prezioei buruzko arauetan zehaztutako prezio publikoak, eta, baldintzak betetzen dituztenean, aplikatuko zaizkie arau horietan edo beste lege batzuetan jasotako salbuespenak.

8.4.– Gradu bikoitz honetako programazioa gainditu ondoren, titulua eskatzen duten ikasleek bi tituluen tasak ordaindu beharko dituzte: Ingeniaritza Zibileko Graduko tituluarena eta Arkitektura Teknikoko Graduko tituluarena.

9. artikulua.– Ebaluazioa.

9.1.– Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ebaluazioa egingo da gainontzeko titulazio ofizialetako ohiko prozedurari jarraituz, eta graduko titulu ofizialetarako Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiaren arabera.

10. artikulua.– Gradu bikoitzaren arautegi akademikoa.

10.1.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak beren programazioko irakasgaietan baino ez dira matrikulatuko maila bakoitzean. Ikasketen programazioa arautegi honen eranskinean dago jasota.

10.2.– Lehenengo mailan, maila horretako kreditu guztietan matrikulatu beharko dira. Hurrengo maila bakoitzean ikasleak gutxienez 60 kreditutan matrikulatu beharko dira, gradu bikoitzeko programa osoa amaitzeko 60 kreditu baino gutxiago falta zaizkienean izan ezik.

10.3.– Hirugarren mailatik aurrera, n mailako irakasgaietan matrikulatzeko ezinbestekoa izango da n-2 mailako irakasgai gutxienez gaindituta izatea.

10.4.– Ikasturte bakoitzean ikasleek gainditu beharko dute ikasturte horretako kreditu guztien % 65 gutxienez. Edozelan ere, gehienez ere zazpi ikasturtean amaitu beharko dute programa.

10.5.– Aurreko puntuko (10.4) baldintzaren bat betetzen ez duten ikasleek utzi egin beharko dute gradu bikoitza. Hori gertatzen zaienek jarraitu ahal izango dute Ingeniaritza Zibileko Graduan edo Arkitektura Teknikoko Graduan, mahi bezala. Horretarako, eskaria aurkeztu beharko dute ikastegiko idazkaritzan. Ikasle horiek eskolak ezarritako epeetan eta irizpideen arabera egin beharko dute matrikula.

Era berean, ikasle batek erabakitzen badu gradu bikoitza bere borondatez uztea, aurreko paragrafoan azaldutako prozedura aplikatuko zaio pasatu ahal izan dadin Ingeniaritza Zibileko Gradura edo Arkitektura Teknikoko Gradura.

10.6.– Ingeniaritza Zibileko Graduko titulua eta Arkitektura Teknikoko Graduko titulua lortzeko kredituen aitorpena egingo da ikasleak gaindituta dituenean gradu bikoitzeko ikasketa programako irakasgai guztiak, bi titulazioetako gradu amaierako lanak barne.

11. artikulua.– Arautegiaren onarpena.

11.1.– Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleek arautegi honi jarraitu beharko diote, eta hemen jasota ez dagoenerako, UPV/EHUko arautegi orokorrari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Graduko Batzordeari behar izanez gero arautegi hau moldatzeko.

Bigarrena.– Gaian eskumena duen errektoreordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau aplikatzean sor daitezkeen auziak interpretatu eta ebazteko.

Hirugarrena.– Arautegi hau 2022-2023 ikasturtean sartuko da indarrean.

ERANSKINA
INGENIARITZA ZIBILEKO ETA ARKITEKTURA TEKNIKOKO GRADU BIKOITZAREN PROGRAMAZIOA
1. MAILA (66 ECTS)
(Ikus .PDF)

2. MAILA (76,5 ECTS)
(Ikus .PDF)

3. MAILA (72 ECTS)
(Ikus .PDF)

4. MAILA (72 ECTS)
(Ikus .PDF)

5. MAILA (69 ECTS)
(Ikus .PDF)
MAILA BAKOITZEKO ECTS KREDITU KOPURUA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala